1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
295E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ofizioz aldatzen baita Tafallako udal mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Titularra Fagor Ederlan Tafalla Sociedad Cooperativa da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 2250/2007 Ebazpenaren bidez emana, eta, ondoren, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 9ko 462E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua. Baimen hori zenbait aldiz aldatu da, azkenekoz otsailaren 24ko 63E/2023 Ebazpenaren bidez.
2022ko urriaren 6an, titularrak industria-ibilgailuaren akabera-lerroa (0.0 gunea) martxan jarri izanaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen.
Adierazpen horiekin batera aurkeztutako agiri teknikoak berrikusirik, ikusi da badirela aldaketa batzuk azkenean gauzatu den instalazioan, eta, horrenbestez, instalazioaren aldaketa baimentzeko emandako ebazpenean ezarritako funtzionamendu baldintza batzuk aldatu behar dira, eta ingurumen baimen integratuan sartu.
Kasu honetan, iritzi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluaren d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, egoki da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Ofizioz aldatzea Tafallako udal mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehazten diren aldaketen arabera. Instalazioaren titularra Fagor Ederlan Tafalla Sociedad Cooperativa da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Fagor Ederlan Tafalla Socieda Cooperativari eta Tafallako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 25ean.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2312465