186. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

822E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzaren deialdi hau onesten duena: "Toki erakundeentzako laguntzak, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legea garatzeko". DDBN identifikazioa: 714593.

Nafarroako Parlamentuak, 2019ko irailaren 23an, eta Nafarroako Gobernuak, 2019ko irailaren 24an, adierazpen instituzional bana egin zuten larrialdi klimatikoaren aurrean. Nafarroako Gobernuak bere adierazpenean esaten zuen badakiela ezinbestekoa dela Nafarroan ingurumenaren arloko estrategia integral eta zeharkakoa ezartzea klima-aldaketaren erronka handiari toki erakundeen eremutik heltzeko, eta toki erakundeak oso garrantzitsuak direla klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak bultzatu du Nafarroako udalak Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren munduko ekimenari atxikitzea LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren esparruan, eta dagoeneko 207 udal engaiatu dira, zeinek Nafarroako biztanleriaren %86 baino gehiago osatzen baitute. Klima eta energiaren arloko udalen konpromisoa honetan datza: lehenik, udalerriko berotegi-efektuko gasen isuriak gutxienez %40 murriztea hemendik 2030era bitartean, 2005eko isuria erreferente hartuta, batez ere efizientzia energetikoa hobetuz eta energia-iturri berriztagarriak gehiago erabiliz; bigarrenik, erresilientzia hobetzea klima-aldaketaren ondorioetara egokituz.

Konpromiso hori bete ahal izateko, Nafarroako udal askok dagoeneko osoko bilkuran onetsi dituzte Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planak (KEJEP), jarduketa-ildoetan bildutako zenbait neurri jasotzen dituztenak. Orain arte 151 udal dira, Nafarroako %55 baino gehiago, eta biztanleriaren %77 baino gehiago osatzen dute.

Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak seigarren xedapen gehigarrian jasotzen duenez, Nafarroako Gobernuak aholkularitza-zerbitzu bat jarriko du toki erakundeen eta herritarren esku, bai eta baliabide ekonomiko nahikoak ere foru lege horretan aurreikusitako helburuak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

Foru lege horretan aurreikusitako helburuak behar bezala betetzen direla bermatzeko toki erakundeen eskura dauden baliabide ekonomikoei dagokienez, 2023ko gastuen aurrekontuan partida hau ageri da, 150.000 eurokoa:

740001 74100 4609 456207 Toki erakundeentzako laguntzak, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legea garatzeko.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, beharrezkoa da toki erakundeei laguntzak emateko deialdia egitea Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legea garatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea toki erakundeei laguntzak emateko deialdia Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legea garatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. Deialdi honi dagokion gastua 150.000 eurokoa izanen da gehienez, eta 2023ko Gastuen Aurrekontuko 740001 74100 4609 456207 partidaren kontura izanen da (Toki erakundeentzako laguntzak, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legea garatzeko).

4. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

5. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea garatzeko laguntzak arautzea, toki erakundeei emateko.

2. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzaren xedekoak izateko, txostenak eta proiektuak idatzi eta jarduketak eginen dira honako hauetan aurreikusitako alorretan: Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 64. eta 73. artikuluetan eta Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planen (KEJEP) 4., 5., 6. eta 7. jarduketa-ildo estrategikoetan:

–Naturan oinarritutako konponbideak aplikatzea, klima-aldaketari lotutako euri-uholdeen arriskuak prebenitzeko hiri-espazioetan eta hiri-inguruetan, drainatze jasangarriko hiri-sistemen bidez.

–Karbono-hustulekuak bultzatzea, honako hauen bidez:

  • Hiri-espazioa birnaturalizatzeko neurriak, hiriguneen eta hiri-inguruen barruan berdeguneen azalera handituz eta konektibitate ekologikoa bermatuz eremu horien eta gainerako azpiegitura berdearen artean.
  • Klima-babeslekuak ezartzea, biodibertsitatea egokitzeko eta migratzeko eta/edo ekintzak abian jartzea dauden hezeguneak babesteko eta hondatutakoak berreskuratzeko.

3. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Dirulaguntza jasotzen duten jarduketen proiektuak eta horiei buruzko txostenak idazteko gastuak.

3. Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak egiteko gastuak.

4. Udalerri bakoitzak eskaera bat aurkezten ahalko du gehienez.

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa onartzen diren gastuen %70 izanen da, gehienez 30.000 euro.

6. Dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, puntuazioen hurrenkeraren arabera, ezarritako funts guztiak agortu arte.

7. Eskatutako zenbateko osoa ematen ahal da, aipatutako gehieneko mugarekin, edo, bestela, eskatutako zenbatekoaren zati bat bakarrik, baldin eta udalerria puntuazioaren arabera dirulaguntza jasotzen duen azkena bada eta deialdirako ezarritako aurrekontuko zuzkidurarekin zenbateko osoa ematerik ez badago.

4. oinarria. Erakunde onuradunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak izanen dira onuradunak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte onuradunek. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

5. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaera alkateak edo toki erakundeko buruak sinatu beharko du, eta hogei egun naturaleko epean aurkeztuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-orria (I. eranskina).

b) Dirulaguntza aplikatu nahi den proiektuaren memoria teknikoa; bertan honako informazio hau agertu behar da gutxienez:

I. Sarrera orokorra, proiektuaren justifikazioa, eta jarduketa klima-aldaketara egokitzeko zer eremutan eginen den (bigarren oinarrian azaltzen direnetako bat izan behar da).

  • a) Klima-aldaketaren kontrako borrokan jarduketarekin lortu nahi diren helburuak.
  • b) Egin nahi diren jarduketen deskribapena.
  • c) Gauzatzeko kronograma.
  • d) Aurrekontu xehakatua, atal hauek izanen dituena: neurketak, prezioen taulak (1. eta 2. prezio taulak), aurrekontu partzialak, aurrekontu orokorra eta administrazioari jakinarazi beharreko aurrekontua. Jarduketen prezioak bat etorriko dira merkatuko prezioekin.

II. Hala badagokio, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari atxikitzeko dokumentua edo Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planari (KEJEP) atxikitzekoa, edo haren onespena jasotzen duen osoko bilkuraren erabakia.

c) Jarduketak deialdiaren xedearekin duen lotura modu eskematikoan laburbiltzen duten dokumentuak (deialdiaren 8. oinarria eta II. eranskina), balorazio-irizpideetan oinarrituta.

I. Txostenaren, proiektuaren edo jarduketaren kalitate teknikoari buruzko dokumentu eskematikoa.

II. Dokumentu eskematikoa, biltzen duena zer sinergia duen txostenak, proiektuak edo jarduketak klima-aldaketaren aurkako borrokarekin, klima-aldaketaren ondoriozko kalteberatasunen eta arriskuen murrizketarekin, eta zer lotura dagoen udalerriaren Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planarekin (KEJEP).

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, erakunde interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran (eskaera orokorra), adieraziz zer dokumentu den eta zer administrazio espedientetan dagoen, eta datu babesturik bada Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari haietan sartzeko.

6. oinarria. Instrukzio organoa.

Prozeduraren instrukzioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren bitartez.

7. oinarria. Deialdiaren instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera hartu ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak oinarri hauetan eskatzen diren dokumentu guztiak erantsi ote diren egiaztatuko du. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezala errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar egun naturaleko epean, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak txosten arrazoitua eginen du proiektuei emandako puntuazioez, eta dirulaguntzak emateko proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira.

3. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu baten bidez emanen edo ukatuko dira dirulaguntzak. Laguntzak puntuazio-hurrenkeraren arabera emanen dira, handienetik txikienera, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Azken proiektu diruz lagungarrirako diru aski ez badago aurrekontuan, dagoen zenbateko erabilgarria emanen zaio aurrekontuko saldoa ahitu arte.

Aurrekontuan aski kreditu ez egoteagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten erakunde onuradunen zerrenda ere agertuko da ebazpenean.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hamabost egunekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak.

Proiektuak edo ekintzak baloratzean, bakoitzari puntuazio orokor bat emanen zaio, jarraian zehazten diren irizpideen arabera (gehienez 100 puntu):

a) Txostenaren, proiektuaren edo jarduketaren kalitate teknikoa, deialdiaren helburuekiko koherentzia eta helburuen eta edukien zehaztapenaren argitasuna: hartutako neurria, lortu nahi den helburua eta espero diren onurak ingurumen, gizarte eta ekonomia arloetan. (0-50 puntu):

Honako kasu hauetan joko da jarduketa bat deialdiaren helburuekiko koherentetzat:

–Gutxienez lotura izatea klima-aldaketaren aurka borrokatzeko neurri batekin (deialdiaren 2. oinarrian sartuta daude)

–Deskribatu behar da zer helburu edo onura lortu nahi den klima-aldaketaren aurkako borrokan (tenperaturen inpaktua murriztea, euri-jasa bortitzek ingurune eraikian duten eragina murriztea, besteak beste), eta lotura izan behar du beste mota bateko ingurumen-onurekin (biodibertsitatea, konektibitatea, ziklo hidrologikoaren erregulazioa, uraren kalitatearen hobekuntza, lurzoruaren kalitatearen hobekuntza...), onura sozialekin (osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, topaketa-espazioen kopurua eta/edo kalitatea handitzea, eremu andeatuak berroneratzea, kultura-balioak hobetzea edo balioztatzea...) eta onura ekonomikoekin (energia-eskaria eta etekin ekonomikoa murriztea, lurzoruaren eta jabetzaren balioa handitzea, hornidura –elikagaiak, ura...– energia sortzea...).

Horrela, puntuazio hauek lortzen ahalko dira:

–Identifikatzen bada zer neurri hartu nahi den klima-aldaketaren aurkako borrokan (deialdiaren 2. oinarria), 10 puntu emanen dira. Identifikatzen ez bada, 0 puntu.

–Zehazten bada klima-aldaketari aurre egiteko lortu nahi den helburua edo onura (tenperaturen inpaktua murriztea, euri-jasa bortitzek ingurune eraikian duten eragina murriztea...), 25 puntu emanen dira. Identifikatzen ez bada, 0 puntu.

–Beste onura mota batzuk ere sartzen badira: ingurumenekoak (biodibertsitatea, konektibitatea, ziklo hidrologikoaren erregulazioa, uraren kalitatearen hobekuntza, lurzoruaren kalitatearen hobekuntza), sozialak (osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, topaketa-espazioen kantitatea eta/edo kalitatea handitzea, eremu andeatuak berroneratzea, kultura-balioak hobetzea eta/edo balioztatzea...) eta ekonomikoak (energia-eskaria eta etekin ekonomikoa murriztea, lurzoruaren eta jabetzaren balioa handitzea, hornidura –elikagaiak, ura–, energia sortzea), 5 puntu emanen dira beste onura bat gutxienez identifikatzeagatik, honela (gehienez ere 15 puntu eman daitezke): 5 puntu ingurumen arloko onura batengatik, 5 gizarte arloko onura batengatik eta 5 ekonomia arloko onura batengatik. Onura motaren bat identifikatzen ez bada, ez da punturik emanen onura mota horregatik, eta horietako bat ere identifikatzen ez bada, ez da punturik emanen atal honetan, eta emaitza 0 puntu izanen da.

b) Txostenaren, proiektuaren edo jarduketaren sinergiak: 0 puntutik 50 puntura.

I. Jarduketaren ekarpena klima-aldaketaren aurkako borrokan, klima-aldaketaren ondoriozko kalteberatasunak eta arriskuak murriztea. 0-35 puntu.

II. Eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduketa udalerriaren KEJEPean sartzea. 0-15 puntu.

Honako sinergia hauek baloratuko dira:

{B.1} Laguntzea klima-aldaketara egokitzen, klima-aldaketaren ondorioek eragindako kalteberatasunak eta arriskuak murrizten edo klima-aldaketa arintzen. 0-35 puntu.

Kontuan hartuko da klima-aldaketaren aurkako borrokan lagundu den, bai eta klima-aldaketaren ondorioek eragindako kalteberatasunak eta arriskuak murrizten ere, aztertu denean konponbideak zer gaitasun duen klima-aldaketaren aurkako borrokan, honako kontzeptu hauei dagokienez:

–Mehatxua (adibidez: tenperatura maximoa edo minimoa edo biak, bero-boladen maiztasuna eta intentsitatea, prezipitazio-patroien aldaketak (areagotzea, murriztea...)

–Esposizioa (jarduketaren arabera, adibidez: itzaleko guneak egotea edo ez egotea, berdeguneak egotea edo ez egotea, urpean gera daitezkeen eremuak egotea...)

–Kalteberatasuna (adibidez: lurzoru iragazgaitzegia...)

–Zer inpaktu-kateri aurre egin diezaiokeen edo liezaiokeen (adibidez: tenperatura-igoera pertsonengan duen inpaktua, euri-jasa bortitzek ingurune eraikiaren gainean dutena, defizit hidrikoa hiriguneetan duena),

Horrela, puntuazio hauek lortzen ahalko dira:

Aurre egin nahi zaion mehatxu bat identifikatzen bada: 10 puntu.

Esposizioa identifikatzen bada: 5 puntu.

Kalteberatasuna identifikatzen bada: 5 puntu.

Aurre egin dakiokeen inpaktu-kate bat identifikatzen bada: 15 puntu.

{B.2} Txostena, proiektua edo jarduketa udalerriaren KEJEPean sartuta egotea, hala badagokio.

Ulertuko da udalerriaren Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planean integratuta dagoela zehazten denean KEJEPeko zer ekintza edo neurriri dagokion eta KEJEPeko zer ildo estrategikorekin lotzen den.

Horrela, puntuazio hauek lortzen ahalko dira:

KEJEPean sartuta ez badago: 0 puntu.

Zehazten bada zer lotura duen KEJEPeko neurriarekin eta ildo estrategikoarekin: 15 puntu.

Berdinketa gertatuz gero, a) atalean puntu gehien lortu dituen eskaeraren alde ebatziko da, eta berdinketak jarraitzen badu, hurrenez hurren, b1 eta b2 ataletan puntu gehien lortu dituenaren alde. Berdinketak baldin badirau, eskaeraren erregistroan sartu zen eguna eta ordua hartuko dira kontuan.

9. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatzea, gertatzen den unean, garapenean izandako edozein gorabehera, berekin dakarrena aldaketaren bat edukian edo kostuan. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, salbu berariaz bere gain hartzen badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Proiektuak edo ekintzak 2023ko azaroaren 10a baino lehen gauzatzea eta ordaintzea.

3. Dirulaguntza jasotzen duten txosten, proiektu edo jarduketen kontrataziorako prozedura tramitatzea, horren fase guztietan, bai eta proiektu edo jarduketa horiek zuzen eta osorik gauzatzeko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak egitea ere; hori guztia, lanen hasieratik haien behin betiko harrerara arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzule bakar-bakarra izanen da, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

Edonola ere, erakunde onuradunak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte kontrata dezake.

4. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea:

a) Onartzea organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek –Espainiakoek nahiz Europar Batasunekoek– egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

b) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

5. Proiektu edo ekintza guztiek, dirulaguntzen deialdi honen babesean egiten badira, genero ikuspegia hartu beharko dute kontuan, testuetan eta irudietan bazterkeria islatzen duen elementurik erabili gabe.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epealdia.

Dirulaguntzaren xede diren jarduketak 2022ko apirilaren 2tik aurrera hasiak izaten ahalko dira (Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak indarra hartu zuen eguna), eta haiek gauzatzeko epea 2023ko azaroaren 10ean amaituko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo ekintzak amaitu ondoren, eta 9. oinarriko 2. Atalean ezartzen diren datak baino lehen, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko diote Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari:

1. Memoria bat, honako hauek jasoko dituena: egindako txosten, proiektu eta/edo jarduketaren deskribapena, kokapena eta lortutako emaitzak adierazita.

2. Jarduketa frogatzen duten argazkiak: jarduketa hasi aurretik, jarduketa egin bitartean eta jarduketa amaitu ondoren. (gutxienez 3 argazki)

3. Herritarren parte-hartzearen inguruan egindako material grafikoa, egonez gero.

4. Egindako gastuen eta ordainketen zerrenda, udaleko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketa frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturetarako, eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada, zuzenbideak onartutako edozein bitartekoren bidez.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, zati proportzionalean gutxituko da dirulaguntza.

12. oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero ordainduko da dirulaguntza. Horretarako, dirulaguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, eta horrekin batera onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena ere bai.

13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, erakunde onuradunak helburu bererako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren d) apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Era berean, erakunde onuradunak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eman beharko dio jasotzen dituen dirulaguntza ez bestelako diru sarrera eta finantzabide guztien berri, diruz lagundutako jarduketaren finantzaketa gehiegizkoa izan ez dadin.

14. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

15. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak Dirulaguntzen Datu-base Nazionalari (BDNS) emanen dio horretan aipatzen diren datu guztien berri, bertan ezartzen diren prozedura eta kautelak betez.

I. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA ESKAERA

Izen-deiturak

IFZ

Helbidea

Herria

PK

Probintzia

Telefonoa

Posta elektronikoa

Erakunde hau ordezkatuz

Erakundearen izena

IFZ

Egoitza soziala

Herria

PK

Telefonoa

Posta elektronikoa

1. Ziurtatzen dut.

Eskaera honekin batera doan txostena, proiektua edo jarduketa 2. oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien artean dagoela:

PROIEKTU MOTA

Naturan oinarritutako konponbideak aplikatzea, klima-aldaketari lotutako euri-uholdeen arriskuak prebenitzeko hiri-espazioetan eta hiri-inguruetan, drainatze jasangarriko hiri-sistemen bidez.

Karbono-hustulekuak bultzatzea, honako hauen bidez:

–Hiri-espazioa birnaturalizatzeko neurriak, hiriguneen eta hiri-inguruen barruan berdeguneen azalera handituz eta konektibitate ekologikoa bermatuz eremu horien eta gainerako azpiegitura berdearen artean.

–Klima-babeslekuak ezartzea, biodibertsitatea egokitzeko eta migratzeko eta ekintzak abian jartzea dauden hezeguneak babesteko eta hondatutakoak berreskuratzeko.

2. Nire erantzukizunpean aitortzen dut:

a) Ordezkatzen dudan udalerriak betetzen dituela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan erakunde onuradun edo erakunde laguntzaile izateko ezarritako baldintzak.

b) Proiektuak edo ekintzak administrazio publikoren baten baimenak behar baditu gauzatzeko, baimen horiek eskatu eta/edo lortu izanaren egiaztapena eransten dudala.

c) Eskatutako dirulaguntzaren xedeari buruz, zera aitortzen dut:

Ez dudala eskuratu Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren dirulaguntzarik

Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikularren dirulaguntza hauek eskuratu ditudala:

ERAKUNDEA

KONTZEPTUA

EMANDAKO KOPURUA

3. Baimena.

Baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dirulaguntzen ebazpen proposamena onartzen denean egiazta dezan zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuta dauzkadala.

.............................................(e)n, ...... (e)ko ...........................................aren .........(e)(a)n.

II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK

KONTZEPTUA

BALORAZIO IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

A. JARDUKETAREN KALITATE TEKNIKOA

Deskribapen eskematikoa, laburbilduko duena txostenak, proiektuak edo jarduketak deialdiaren helburuekin duen koherentzia (gehienez 3 orri, A4 tamainakoak, alde batetik idatziak, Arial 11 eta marjina normala)

50

Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko hartu nahi den neurria

Hartu nahi den neurriaren identifikazioa eta deskribapena

10

Klima-aldaketara egokitzeko lortu nahi den helburua

Helburuaren identifikazioa eta deskribapena

25

Ingurumen, gizarte eta ekonomia arloetan espero diren onurak

Lortu nahi diren beste onura batzuk identifikatzea

15

B.–JARDUKETAREN SINERGIAK

Deskribapen eskematikoa, laburbilduko duena txostenak, proiektuak edo jarduketak deialdiaren helburuekin duen sinergia (gehienez 3 orri, A4 tamainakoak, alde batetik idatziak, Arial 11 eta marjina normala)

Jarduketaren ekarpena klima-aldaketara egokitzeko eta hura murrizteko, klima-aldaketaren ondoriozko kalteberatasunen eta arriskuen murrizketa, modu eskematikoan

Atal horietako bakoitzerako gutxienez kontzeptu bat identifikatzea: mehatxua, esposizioa, kalteberatasuna, inpaktu-katea

35

Hala badagokio, jarduketa udalerriaren KEJEPean sartuta egotea

Txostena, proiektua edo jarduketa deskribatzea eta identifikatzea KEJEPeko neurriarekin eta ildo estrategikoarekin

15

Iragarkiaren kodea: F2312266