186. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

165E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko (UGPS) AR-2 banaketa-areako UM-J unitate morfologikoaren gaineko xehetasun azterketa, Pamplona Distribución SAk sustatua.

A.–AURREKARIAK ETA AURKEZTUTAKO DOKUMENTAZIOA.

2023ko maiatzaren 4an, Pamplona Distribución SAk tramitatzeko aurkeztu zuen xehetasun azterketa bat, AR-2 banaketa-arearen berrantolaketari buruzko Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketako hirigintzako arauen 109. artikulua betetzeko xedea duena.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 107E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera batez onetsi zen Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko (UGPS) AR-2 banaketa-areako UM-J unitate morfologikoaren gaineko xehetasun azterketa, Pamplona Distribución SAk sustatua.

Ebazpen hori argitaratu zen 2023ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 27koan, bai eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan ere, 2023ko ekainaren 27koetan, eta batera egin ziren espedientea jendaurrean jartzeko tramitea eta ukitutako udalari entzunaldia ematekoa.

Ezarritako epean ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

2023ko abuztuaren 1ean, merkataritza-sozietate sustatzaileak dokumentazio tekniko berria aurkeztu zuen, behin betiko onesteko.

B.–TXOSTEN SEKTORIALAK.

B.1. Ingurumen Eraginaren Atala.

2023ko ekainaren 9an txostena egin zuen, zeinetan honako hau ondorioztatu baitzuen: "Haren edukiak ez du ezartzen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua eta, ondorioz, ez dago hari buruzko ingurumen ebaluazio estrategikoa egin beharrik".

B.2. Iruñerriko Mankomunitatea.

2023ko uztailaren 11n txostena egin zuen, zeinetan honako hau ondorioztatu baitzuen: "Hornidura eta saneamenduaren azpiegiturei dagokienez, txostena ALDEKOA dela uste dugu".

B.3. Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

2023ko maiatzaren 31n eskatu zen, baina ez da jaso oraindik.

2023ko abuztuaren 11n, sustatzaileak idazki bat aurkeztu zuen, zeinetan adierazi baitzuen eskatutako txostena ez dela nahitaezkoa, bere ustez; eta, dagozkion gogoetak egin ondoren, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eskatu zion "eman dezala, ahalik eta lasterren eman ere, Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 Plan Sektorialeko AR-2 banaketa-areako UM-J Unitate Morfologikoari buruzko xehetasun azterketa, Pamplona Distribución SAk sustatutakoa, behin betiko onesteko ebazpena".

2023ko abuztuaren 21ean aurkeztutako idazkiaren inguruabarrak eta edukia ikusita, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak balorazioa edo txosten juridikoa eskatu zion Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuari.

B.4. Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzua.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txosten-eskaerari erantzunez, Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuak txostena egin zuen 2023ko abuztuaren 21ean, zeinetan honako hau ondorioztatu baitzuen:

"Xehetasun azterketan ez da ikusialdatu direnik garatzen duen Erripagañako UGPSaren aldaketan jasotako zehaztapenak; ez da aldatu, zehazki, lehendik dauden zortasun aeronautikoetan eragina izan lezaketen elementuetako bakar bat ere (Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Orokorrak aldeko txostena egin zuen elementu horiei buruz). Horiek horrela, eta kontuan izanik ezen xehetasun azterketak, bere izaerarekin bat etorriz, ez duela aldatzen Erripagañako UGPSaren aldaketan jasotako oinarrizko zehaztapenetako bakar bat ere, ondoriozta daiteke, sustatzailearekin bat etorrita eta Auzitegi Gorenak ezarritako legezko doktrinari jarraituz, ezen organo horrek ez duela nahitaez beste txosten bat egin beharrik eta, azken batean, bidezkoa dela izapidetze bidean den xehetasun azterketa behin betiko onestea."

Horrenbestez, bat etorrita Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuak adierazitakoarekin, bidezkoa da izapidetzen jarraitzea.

B.5. Babes Zibilerako Zerbitzua.

2023ko ekainaren 19an, txostena egin zuen, eta honako ondorio hau ondorioztatu:

"Babes zibilaren esparruan, eginen den urbanizazioan drainatze jasangarriko hiri sistema ezartzea proposatzen da, euri erauntsien ingurumen inpaktua murrizteko, euri uren xurgatze naturala lagunduz eta ur horiek azalera beranduago itzuliz, ur goraldiak eta uholdeak murrizte aldera.

Sistema horiek erabiliz, mugatu egiten da zolatutako eremuen gainazaleko drainatzetik datorren eta saneamendu-sarera bidaltzen den ur-emari maximoa. Gisa horretan ziurtatzen da prezipitazioen fluxua geroratua eta progresiboa izatea, eta murrizten da ibaien ibilguetako gehieneko ur-goraldia.

Sistema horien oinarria gainazal iragazkorrak erabiltzea da. Gainazal horiek ura iragazteko aukera ematen dute prezipitazioak daudenean, baita geruza freatikoa berriz eratzeko eta, era berean, eremuan lurrunketa eta transpirazioa izateko ere. Horri esker, hezetasun handiagoa dago airean eta baldintza klimatikoak hobetzen dira.

Ikusita Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuan dauden arrisku ebaluazioak, aldeko txostena eman da aurkeztutako xehetasun azterketari buruz, ez baitu babes zibilaren arloko arrisku egoera handitzen, egungo egoerarekin alderatuta."

Espedientean eskatu diren txosten sektorialetan xedatutakoa, eta/edo kasuan kasuko gainerako baimenetan xedatzen dena bete beharko da.

C.–KONTSIDERAZIOAK.

2023ko abuztuaren 1ean, sustatzaileak dokumentu berri bat aurkeztu zuen, zeinak erantzuten baitie Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 107E/2023 Ebazpenean jasotako kontsiderazioei. Ebazpen horren bidez, hasierako onespena eman zitzaion xehetasun azterketari.

Horrela, jendaurrean jarri zen dokumentuarekin alderatuta, aurkeztutako dokumentu teknikoa aldatu egin da, bete daitezen aipatutako ebazpenean jasotako zehaztapenak:

–Memoriaren 1.5.2 apartatua osatu da (Aukeratutako soluzioaren deskripzioa eta justifikazioa). Unitatea hainbat eraikinetan banatzeko arrazoiak emate aldera, honako hau azaltzen da:

"Burlatako Udalak eskaera bat egin zuen UGPSaren aldaketa izapidetzeko prozesuan, merkataritza zuzkidura bat eraiki zedin auzoan, berehala eraiki ere. [...] Horren ondorioz, gutxienez 6.985,98 m² eraikiko merkataritzako eraikin bat egiteko lizentzia eskatzeko betebeharra dago, UGPSaren araudiaren 111. artikuluaren arabera [...] Beraz, Burlatako Udalak eskatutakoa ahalbidetzeko, UM-J unitatea hainbat eraikinetan garatzeko aukera ezarri da.

Horrela, aukera ematen da merkataritza eraikin baterako obra-lizentzia berehalako batean eskatzeko, ahalik eta lasterren erantzuteko, Burlatako Udalaren eskaerari."

Apartatu horretan azaldu da, era berean, zergatik eskatu den fatxadek osatzen duten aurrealdearen %90 gutxienez ere eraikia egoteko baldintza:

"Funtzionalitate arrazoiengatik ezarri da nahitaezkoak direla bulebarrera eta AR-2aren barruko plaza berrira ematen duten beheko solairuen lerrokadurak, eta horien fatxadek osatzen duten aurrealdearen %90ek gutxienez ere eraikia behar duela.

Eraikin berriaren aurrealdea eratzeko, bi espazio publiko horiekin lotuta, komeni da nahitaezko lerrokadura bat ezartzea, zeinak definituko baititu bi espazio horietara begira dauden eraikinaren fatxadak, eta argi eta garbi taxutuko duena plazaren eta bulebarraren arteko muga.

Hala ere, baldin inolako ñabardurarik gabe exijitzen bada nahitaezko lerrokadura horren betebehar teorikoa, gerta daiteke ezin ezarri ahal izatea eten jakin batzuk, zeinak beharrezkoak izan baitaitezke oinezkoek sarbidea izan dezaten, beheko solairuan kokatutako oinezkoentzako sarbideen edo igarobideen bitartez, izan litezkeen merkataritza guneetara, edo etorkizunean izan daitezkeen merkataritzaren arloko, hirugarren sektoreko edo ekipamenduetarako eraikinen arteko oinezkoentzako sarbideetara, zeinak sarbidea izanen bailukete aipatu aurrealdeetako espazio publikoetatik.

Horrek justifikatzen du zertxobait arintzen ahal dela lerrokaduraren ehuneko handi bat derrigorrezkoa izateko eskakizuna, zeina ezarri baita bermatzeko espazio publikoetarako aurrealdeak homogeneoak izanen direla, baina bi aurrealdeak oso-osorik hartu gabe. Horrela dokumentu honetan proposatutako eskakizunak aukera emanen luke, plaza berriranzko aurrealdean, guztira 7,72 metroko zabalera izanen du(t)en etenaldi bat edo gehiago izan daitezen; eta bulebarreranzko aurrealdean, berriz, guztira 11,97 metroko zabalera izanen duten etenaldi bat edo gehiago.

Kontuan izan behar da ezen bulebarrera ematen duen UM-J unitate morfologikoko eraikinaren fatxadak ia 120 metroko aurrealdea duela; hori litzateke, konparazio batera, Iruñeko II. Zabalguneko etxadi eta erdiren aurrealdea adinakoa. Kontuan izan behar da, era berean, eraikinek eta jarduerek garapen bat izanen dutela denboran barrena eta, horregatik, aukera eman behar dela etorkizunean izan daitezkeen planteamenduei irtenbideak emateko. Baliteke, esaterako sarbideak egin behar izatea eremu komertzial, ekipamendutarako eremu edo hirugarren sektoreko eremu berrietarako, hainbat eraikinen arteko esparru komunetatik, edo baliteke solairukako irtenbideak eman behar izatea, hau da, goiko solairuetako jardueretarako sarbideak egitea, kanpoko aldean paratutako eskailerak erabilita, eta abar."

–Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuari jarraikiz, aurkeztutako dokumentazioan bereizi egin dira "Informatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa" eta "Dokumentazio arauemailea".

Idatzizko dokumentazioa bi ataletan banatu da: 1. Deskripzio- eta justifikazio-memoria eta 2. Proposamenaren zehaztapenak. Dokumentazio grafikoan, berriz, bereizi egin dira informazio-planoak eta antolamendu-planoak.

Gainera, dokumentazio idatziaren 2. atalean honako hau adierazi da, berariaz:

"Zehaztapenak, eremuari, lerrokadurei, sestrei, eraikuntzaren altuerari eta sarbideei buruzkoak, antolamendu-planoetan grafikoki irudikatzeaz gain, idatziz ere jaso dira apartatu honetan; horrela zehaztasun handiagoz zehazturik geratuko baitira garrantzi handiko zenbait zehaztapen eta ñabardura, grafikoki soilik irudikatuz gero ez bailirateke behar bezala zehaztuko[...].

Dokumentu honen amaieran jasotzen diren eranskinak eta dokumentu honen parte diren "Informazioa" serieko planoak ez dira lotesleak, informazioa ematekoak baizik."

–Hasierako onespena emateko ebazpenean xedatu zen ezen "ezabatu egin beharko direla xehetasun azterketan agertzen diren lurzatiaren barneko aparkaleku plazen aurreikuspenari buruzko aipamenak, ez baitagozkio tresna mota horri".

Alde horretatik, aldatu egin bada ere, memoriak badu "1.5.2.4.–Eremu publikotik kanpoko aparkalekuak" izeneko atala, zeinetan, besteak beste, honako hau adierazten baita:

"UM-J unitate morfologikorako UGPSaren Hirigintzako Arau Bereziaren fitxan ezarri da ezen gutxienez ere 2 aparkaleku-plaza izanen direla espazio publikotik kanpo, sestra gainean eraikitako eta hirugarren sektoreko erabileretara nahiz ekipamendu pribatuko erabilera bideratutako 100 m²-ko azalera bakoitzeko.

Horrenbestez, kontuan izanik sestra gainean eraikitako azalera 13.797,14 m² eraikikoa dela, gutxienez ere 276 aparkaleku-plaza dagozkio UM-J unitate morfologikoaren eremuari.

P-J lurzatiko eraikinen Jabetza Horizontalaren Araubidea ezartzean, ziurrenik, zehaztasun handiagoz zehaztuko dira eraikinaren elementu komunak; besteak beste, ibilgailuak lurzatira sartzeko bideak eta lurzati pribatuaren barruan kokatutako aparkalekuetarako sarbideak."

Beraz, nahiz eta aurkeztutako xehetasun azterketan, oraindik ere, lurzatiaren barruko aparkaleku-plazak aipatzen diren, ez du horri buruzko aurreikuspenik egiten; aitzitik, aipatzen du, bakar-bakarrik, aplikatu beharreko UGPSaren aldaketaren araudia aplikatzearen ondoriozko gutxieneko kopurua.

Eraikinen jabetza horizontalaren araubidea ezartzeari buruzko aipamena ofizioz ezabatu da, ez baita xehetasun azterketaren berezko edukitzat hartzen.

Gainera, ezabatu beharreko xedapenari dagokionez, gogora ekarri behar da ezen UGPSaren aldaketaren araudiak 177. artikuluan (horren zati bat jarraian kopiatuko da) jada arautzen duela eraikuntza-proiektuan jaso beharra dagoela aparkaleku-plazen kopuruari buruzko zehaztapenak betetzearen justifikazioa.

"Obra lizentzia lortzeko aurkezten den eraikuntza proiektu bakoitzak honako hauek justifikatu beharko ditu: aparkaleku kopuruari buruz aplikagarriak diren determinazioak betetzen direla, aurreikusitako erabilera zehatzen eta intentsitateen arabera; gehieneko azalera eraikigarria betetzen dela; eta kokatuta dagoen unitate morfologikoari esleitutako gehieneko hirigintza aprobetxamendua betetzen dela."

Horrez gain, aipatu ebazpenean exijitu zen ezen "justifikatu beharko dela aparkaleku plaza horiek kenduta ere betetzen dela AR-2 banaketa-arearako eskatzen den plazen gutxieneko modulua (bai erabilera publikoko eremurako bai pribaturako)".

Beraz, ulertzen da hasierako onespenaren ebazpenean eskatutakoa betetzen dela, plaza kopuruaren justifikazioa jasotzen baitu (aurrerago aztertuko dugu), kopuru zehatza ezartzea aurreragorako utzi bada ere.

–"Proposamenaren zehaztapenak" izeneko 2. apartatua berraztertu da (apartatu hori 6.a zen, jendaurrean jarritako dokumentuan), eta haren edukia egokitu da, xehetasun azterketa baten berezko edukia izan dezan (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 63.1 artikulua).

Zehazki, honako apartatu hauek ezabatu dira jendaurrean jarritako dokumentutik: 6.3.–"Gehieneko azalera eraikigarria guztira eta gehieneko aprobetxamendua guztira (L) eta eraikinez eraikin (O)"; 6.6–"Kalifikazioa, aurreikusitako erabilerak (L)", 6.10.–"Eremu publikotik kanpoko aparkalekuak (L)"; 6.13.–"Mantentze-lanak eta zaintza (L)".

Ezabatu dira, era berean, memorian dauden gisa bereko beste eduki batzuk, kalifikazioari eta mantentzeari nahiz kontserbatzeari buruzkoak.

Memoriak baditu ditu, oraindik ere, eremuaren azalera eraikigarriari eta guztizko aprobetxamendu maximoari buruzko erreferentziak. Nolanahi ere, eraikinez eraikineko desagregazioak ezabatu dira eta, horrenbestez, aplikatzekoa den UGPSaren aldaketaren arabera indarrean dauden zehaztapenak baizik ez ditu aipatzen memoriak.

Aparkaleku-plazei dagokienez, aldatu egin dira dagozkion memoriako apartatuak, eta ezabatu dira aurrez adierazitakoak. Hala ere, dokumentuak, oraindik orain, zenbait justifikazio aipatzen ditu hizpide dugun gaiaren harira, hasierako ebazpenean exijitutako alderdiak betetze aldera.

Beraz, jotzen da bete egin dela orain 2. apartatua denetik eduki batzuk ezabatzeko errekerimendua, ezegokitzat jo baitzen xehetasun azterketa batean horrelakorik jasotzea.

–Era berean, memoriara eraman dira 6. apartatuan jasota zeuden deskribapen testuak edo justifikazio testuak, proposamenik egiten ez dutenak.

–Era berean, kendu egin da jendaurrean jarritako dokumentuan planteatzen zen zehaztapenen izaeraren bereizketa: izaera loteslea "(L)" eta izaera orientagarria "(O)".

–Eraikinetara sartzeko bidea egiteko, espazio publikoan 6 aparkaleku-plaza kentzearen harira, hasierako onespenaren ebazpenean exijitu zen ezen "justifikatu beharko dela aparkaleku plaza horiek kenduta ere betetzen dela AR-2 banaketa-arearako eskatzen den plazen gutxieneko modulua (bai erabilera publikoko eremurako bai pribaturako)". Horrela, bada, memoriaren 1.5.2.3 apartatuan honako justifikazio hau gehitu da, erabilera publikoko espazioko plazei buruz:

"UGPSaren aldaketaren, AR-2 banaketa arearen eremuari buruzkoaren, administrazio izapideak egitean, honako aparkaleku plaza hauek jartzea ezarri zen: 725 aparkaleku-plaza bizitegitarako lurzati pribatuetan eta 381 aparkaleku-plaza espazio publikoan (1.106 aparkaleku-plaza guztira); beste 36 aparkaleku-plaza Kopenhage kalean, Mendillorrirako norantzan, eta merkataritza-lurzatietakoak eta ekipamenduetarako lurzatietakoak, zeinek aparkatzeko beren beharrak aseko baitituzte beren lurzati pribatuen barruan.

Ezarritako guztizko plaza kopurua nahiko hurbil dago (%96) lurzoru urbanizagarrietarako exijitzen diren eta hiri-lurzoruetarako erreferentziazkoak diren 1.154 plazetatik, eta, are gertuago, baldin zenbatzen badira Kopenhage kalearen aurreko espaloian kokatutako 36 plazak (1.142/1.154 = %99).

Arestian aipatutako UGPSaren aldaketaren memorian bazen izen hau zuen apartatu bat "Motordun ibilgailuentzako aparkaleku-plazen kopurua betetzearen justifikazioa". Apartatu horretan ezarri zen ezen hasiera batean aparkaleku-plazetako batzuetarako erabiltzekoa zen eremua erabil zitekeela garajeetarako sarbideak egiteko, eta horrek ez zuela eragin nabarmenik izanen AR-2 eremuko plaza-horniduran:

‘Horri guztiari esker berma daiteke ezen dokumentuan ezarritako plazen guztizko kopuruaren bidez nahikoa aparkaleku-plaza izanen dituela jarduketa-eremuak, bai erabilera pribatiboko lurzati pribatuan, bai erabilera publikoko eremuan, baita oro har ere. Horrez gain, ezarritako plaza horiek aukera emanen dute marraztutako plaza batzuen eremua erabil dadin garajeetarako sarbidea emateko, nahiz eta hasiera batean ezarri den aparkalekuak mankomunatzea eta, beraz, ibilgailuentzako sarbide kopurua nabarmen murriztea, eta, horren eraginez, plaza gutxiago ukitzea’.

Espaloi bat izanen da UM-J unitate morfologikoaren barruko aparkalekura sartzeko eta hortik ateratzeko. Bide sarearen puntu batean ibilgailuek eten eginen dute espaloi horretatik ibiltzen diren oinezkoen igarotzea. Beraz, ibilgailuak UM-J unitate morfologikora sartzeko bidea marraztean, lehen baino bide-segurtasun handiagoz hornitu da arestian aipatutako puntu hori. Horregatik, beharrezkotzat jo da lineako sei aparkaleku-plaza kentzea, ez baitu eragin handirik, oro har, AR-2 banaketa area guztia hartuta. Izan ere, sei plaza kendu arren, AR-2ak baditu nahikoa aparkaleku-plaza, erabilera publikoko zein pribatuko eremuetan."

Dokumentuan justifikatutakoaren ildotik, eta bat etorrita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.7 artikuluarekin, urbanizazioa berritzeko edo eraberritzeko jarduketak garatzea xede duten plangintza-tresnek –aztertzen ari garen xehetasun azterketak, esaterako– jarduketa eremura egokitu ahal izanen dituzte aipatu artikulu horretan ezarritako zehaztapena, baldin orokorrak eta nahitaez aipatzekoak badira.

Horrela, kontuan izanik ezen UM-J unitate morfologikorako sarbidea egiteko 6 aparkaleku-plaza kendu direla, AR-2 banaketa arearen eremuan ezarri diren aparkaleku-plazen guztizko kopurua oso gertu dago, oraindik ere, 55. artikulu horretan adierazitako erreferentziazko kopurutik (%95,3).

Azken batean, plaza horiek kentzeak eragin urria izanen du eremu osoan. Era berean, UGPSaren aldaketan jaso zen, jada, bazegoela aukera marraztutako zenbait plazaren eremua garajeetarako sarbideetarako erabiltzeko. Horregatik, onargarria da plaza batzuk kentzea UM-J unitate morfologikorako sarbidea egiteko.

Bestalde, memoriaren 1.5.2.4 apartatuan, azalpen hauek gehitu dira espazio publikotik kanpo dauden aparkaleku-plazei buruz:

"UM-J unitate morfologikorako UGPSaren Hirigintzako Araudi Partikularraren fitxan ezarri da ezen gutxienez ere 2 aparkaleku-plaza izanen direla espazio publikotik kanpo, sestra gainean eraikitako eta hirugarren sektoreko erabileretara nahiz ekipamendu pribatuko erabilera bideratutako 100 m²-ko azalera bakoitzeko.

Horrenbestez, kontuan izanik sestra gainean eraikitako azalera 13.797,14 m² eraikikoa dela, gutxienez ere 276 aparkaleku-plaza dagozkio UM-J unitate morfologikoaren eremuari.

P-J lurzatiko eraikinen Jabetza Horizontalaren Araubidea ezartzean, ziurrenik, zehaztasun handiagoz zehaztuko dira eraikinaren elementu komunak; besteak beste, ibilgailuak lurzatira sartzeko bideak eta lurzati pribatuaren barruan kokatutako aparkalekuetarako sarbideak.

Bestalde, mugikortasunaren azterketan, zeina dokumentu honi erantsi baitzaio eranskin gisa, bermatzen da nahikoak direla, batetik, ibilgailuak unitatearen barruko aparkalekuetara sartzeko bideak, bai edukieraren aldetik bai ezaugarriei dagokienez, eta, bestetik, hirugarren sektoreko lurzatietan eta horien inguruan ezarritako aparkaleku-plazak".

–O.1 planoa osatu da: antolamendu eremua grafikoki irudikatu da. Horren harira, hasierako onespenaren ebazpenean xedatu da ezen "planoetan antolamendu esparrua grafikoki irudikatu ondoren, ezabatu egin beharko direla apartatu hauek (grafikoki irudikatuko direlako): 6.1.–Xehetasun azterketaren esparrua (L) eta J-1, J-2 eta J-3 eraikinena (O), 6.4.–Eraikinen lerrokadurak (L), 6.5.–Sestrak (L), 6.7.–Eraikinen gehieneko solairu kopurua (L), 6.8.–Eraikinen altuera (L) eta 6.9.–Sarbideen eta zamalanetarako eremuen soluzioa (L). Justifikatu egin beharko da apartatu horiek ez ezabatzea".

Horri dagokionez, honako hau ezarri da aurkeztutako xehetasun azterketako dokumentazio idatziaren 2. apartatuan:

"Zehaztapenak, eremuari, lerrokadurei, sestrei, eraikuntzaren altuerari eta sarbideei buruzkoak, antolamendu-planoetan grafikoki irudikatzeaz gain, idatziz ere jaso dira apartatu honetan; horrela zehaztasun handiagoz zehazturik geratuko baitira garrantzi handiko zenbait zehaztapen eta ñabardura, grafikoki soilik irudikatuz gero ez bailirateke behar bezala zehaztuko dokumentu honen planoetan. Are gehiago, hirigintzaren arlo honetan, zeinetan xehetasun azterketa hau onetsi duen administrazio publikokoak ez diren teknikariek interpretatuko baitute araudia, etorkizunean izanen diren obra-lizentziak emateko prozesuetan. Horregatik, argi eta garbi ezarri beharra dago zer dagoen baimenduta, zer ez dagoen baimenduta, zenbateko aldakortasuna izan daiteke exekuzio proiektuetako hautaketetan eta zer irizpide erabiliko diren horiek prestatzeko."

Justifikazio hori baliozkotzat jo daiteke honako apartatu hauetarako: 2.2.–"Eraikuntzen izaera unitarioa eta eraikinen araberako garapena", 2.3.–"Eraikuntzaren lerrokadurak", 2.7.–"Sarbideen eta zamalanetarako eremuen soluzioa", 2.8.–"Eraikuntzaren diseinu formala eta materiala" eta 2.9.–"Lurzatiaren itxierak, eraikinarekin bat ez datozenean"; izan ere, apartatu horiek barnean hartzen dituzte grafikoki adierazita ez dauden zehaztapen batzuk.

Apartatu batzuetan, nolanahi ere, indarreko araudia aipatu edo eduki grafikoa deskribatu besterik ez da egiten, eta desadostasunak sor litezke horregatik. Apartatu hauei buruz ari gara: 2.1.–"Xehetasun azterketaren eremua", 2.4.–"Sestrak", 2.5.–"Eraikinen gehieneko solairu-kopurua" eta 2.6.–"Eraikinen altuera". Beraz, ofizioz kendu dira, eta gainerako apartatuak zenbakitu dira dagokion hurrenkeran.

–Dokumentazio grafikoa berraztertu da, koloreak ezabatu dira eta dagozkion legendak osatu dira.

–Jendaurrean jarritako dokumentuan zegoen zehaztapen bat kendu da, honi buruzkoa: UM-J eta UM-L unitate morfologikoen artean kokatutako kale berriko galtzadaren eta espaloien sestrak.

Hala, aurkeztutako xehetasun azterketa bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren xedapenekin (testu hori uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), baita Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialean eta haren aldaketetan biltzen diren zehaztapenekin ere.

Ikusita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2023ko abuztuaren 22an egindako txostena; bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin; dauzkadan ahalmenak baliatuz, zeinak eman baitizkit Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, eta ikusita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Xehetasun azterketa behin betiko onestea, Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren AR-2 banaketa areako UM-J unitate morfologikoari buruzkoa eta Pamplona Distribución SAk sustatua.

2. Sustatzaileak bete beharko du espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa. Aurrekoa gorabehera, xehetasun azterketaren ondoriozko obren exekuzioak eragina izan badezake beste azpiegitura eta zortasun batzuetan edo horiek baldintzatzen ahal badute exekuzioa, interesdunak behar diren baimen guztiak lortu beharko ditu kasuan kasuko gaiaren arloko eskumena duten organoetan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea, Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuaren txostenarekin batera, Burlatako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko Zerbitzuari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ebazpen honek bukaera ematen diola administrazio bideari eta honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluei (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa).

Iruñean, 2023ko abuztuaren 22an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Xehetasun azterketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2312140