18. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 2koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zentro teknologikoei "EvolTECH" gaikuntza jarduerak egiteko laguntzak emateko 2023ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 668607.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak bere hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+b izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ezartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Era berean, 21. artikuluak foru lege horren xedea eta helburuak betetzeko aurreikusitako neurriak zehazten ditu, besteak beste bikaintasuna sustatzen dutenak, laguntza berariazkoak emanez Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileei, bikaintasunaren adierazleen hobekuntza baloratuz, esaterako, argitalpenak, patenteak, transferentzia, nazioartekotzea eta industriarekin egindako kontratuak (21.1.g) artikulua).

15/2018 Foru Legeak Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak exekuzioko eragileen akreditaziorako eta erregistro publikoan inskribatzeko prozedura ezartzen du. Foru agindu horrek SINAIn akreditatutako entitate batzuek 2025. urterako bete behar dituzten bikaintasun, transferentzia eta gardentasun adierazleak biltzen ditu eranskinean, Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 9.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Helburu horrekin abiatu zen 2021ean zentro teknologikoei «EvolTECH» gaikuntza jardueretarako laguntzak emateko lehen deialdia, Nafarroako zentro teknologikoen gaikuntza, sendotzea eta bikaintasuna bultzatzeko, emaitzak haien adierazleen hobekuntzara bideratuta. Deialdi horren emaitzaz balorazio positiboa egin dute bai parte hartu duten zentroek bai I+G+b Zerbitzuak, zentro teknologikoentzat laguntza tresna egokia bihurtu baita, jarduna bidera dezaten, helburu zientifiko-teknologikoetara ez ezik, beren bikaintasunera ere.

Gainera, Nafarroako 2021-2025 aldirako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriak, Nafarroako Parlamentuak 2022ko ekainean onetsi zuenak, neurrien artean ezartzen du "SINAI eragileentzako finantzaketa sistema oinarrizko bat ezartzea". Neurri horretan proposatzen da emaitzetara bideratutako finantzaketa eskema finko-aldakor bat definitzea, zeinetan entitate onuradun bakoitzarekin adostuko baitira emaitzen-helburuen adierazleak, haren abiapuntuko egoera kontuan hartuta hainbat gairi dagokionez: argitalpenak, patenteak, estatuko eta Europako funtsak biltzea, enpresekiko kontratuak, ikertzaileen transferentziak, spin-offak eta abar. Finantzaketa sistema oinarrizko horrek doikuntza eta ikasketa prozesu bat bete beharko du, etorkizunean gainerako SINAI eragileetara ere zabaltzen joateko.

Bidezkoa da, beraz, EvolTECH deialdi hau moldatzen jarraitzea, proposatutako helburuak erdiesteko.

Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez baimena eman zaio Berrikuntzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko, 5.000.000 eurokoa, 2023ko EvolTECH deialdia onesteko, eta entitate onuradunei milioi bat eurotik gorako dirulaguntza emateko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Zentro teknologikoei "EvolTECH" gaikuntza jarduerak egiteko laguntzak emateko 2023ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 5.000.000 euroko kreditua baimentzea 2023ko eta 2024ko aurrekontuetan gaitzen diren eta 2022ko aurrekontuko partida honen baliokide direnen kargura: "zentro teknologikoen gaikuntzarako laguntzak" izeneko G20001 G2100 4819 467310 partida. Baldintza etengarria izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea. Hau da banaketa:

EKITALDIA

ZENBATEKOA

(euroak)

2023

2.200.000

2024

2.800.000

Guztira

5.000.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 2an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauek helburu dute Nafarroako zentro teknologikoen gaikuntza, sendotzea eta bikaintasuna sustatzea, emaitzak beren adierazleak mantendu eta hobetzera bideratuta, Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 21.1.g artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako I+G+b Sistemaren Erregistroan (SINAI) akreditatutako Nafarroako zentro teknologikoak.

2. Ezin dira onuradun izan:

a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

1. Diruz lagunduko dira zentroek aurkeztutako jarduketa planetan jasotako jarduerak, baldin eta helburu badute 2025erako erdiestea bikaintasunaren, transferentziaren eta talentuaren arloetako adierazleak, 2E/2020 Foru Aginduaren eranskinean finkatutakoak.

2. Jarduketa planari erantsi behar zaio zentroak aipatutako adierazleei dagokienez dituen ahulguneen azterketa bat, bai eta zentro bakoitzak helburu gisa hautatzen dituen adierazleak hobetzeko jardueren proposamen bat ere. Zentro bakoitzak hobetu nahi dituen adierazleen hazkunde kuantifikagarria proposatuko du, eta jarduerak gauzatzeko aldia amaitzean ebaluatuko dira.

Planak gauzatu nahi diren jardueren planifikazioa izanen du, barne hartuta kronograma, aurrekontua eta gauzatzeko aldia amaitzean lortu nahi diren helburuak. Horrez gain, adieraziko da zenbat ikertzailek jarduten duten I+Gren alorrean, eskaera egiten den egunean.

3. Xede hauek izan ditzakete jarduerek:

a) Zentroak bere ezagutza-arloko funtsezko teknologietan duen gaikuntza hobetzea.

b) Zentro teknologikoaren posizionamendua hobetzea, bere ingurukoekin alderatuta (bai Espainia mailakoak, bai nazioartekoak).

c) Zentroaren ezagutza arloetako aurrerapen zientifiko berriak, orientazio teknologikoak eta joera berriak aurkitzea.

d) Espainiako eta Europako I+Gren arloko proiektuetan parte hartzea sustatzea.

e) Foroetan, plataforma teknologikoetan eta elkarteetan gehiago parte hartzea, bai Espainian bai nazioartean.

f) Hitzaldiak ematea edo posterrak aurkeztea biltzarretan, azoketan eta jardunaldi espezializatuetan.

g) Sinergiak bultzatzea Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) beste eragile batzuekin, Espainiako eta nazioarteko erreferentziazko zentroekin eta abarrekin.

h) Indexatutako aldizkarietan artikuluak argitaratzea.

i) Zentroko ikertzaileen prestakuntza hobetzea.

j) Ikertzaile berriak kontratatzea.

k) Langile gehiago transferitzea industriara.

l) Zentroak egokitzat jotzen dituen eta 2E/2020 Foru Aginduko adierazleak betetzera bideratuta dauden beste jarduera batzuk.

4. Aipatutako jarduerak zentro teknologikoak gauzatzen dituen jarduera ez-ekonomikoarekin daude lotuta. Jarduera ez-ekonomikoa honetan definitutakoa da: "Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatu laguntzen esparrua" (Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2022ko urriaren 28an).

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak dira honako gastu hauek, baldin eta zuzeneko lotura badute jarduketa planean jasotako jarduerekin:

a) Ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak, langile berriak kontratatzea barne hartuta.

b) Ikerketara bideratutako ekipamendua erostea; laguntzaren %20, gehienez ere.

c) Ikerketarako ekipamenduaren mantentze, konpontze eta egokitze lanak.

d) Software lizentziak erosi eta berritzea, salbu eta generikoak, Microsoft Office, adibidez.

e) Material suntsikorra eta bestelako hornigaiak.

f) Kanpoko lankidetzak, barne hartuta proiektuen gaineko aholkularitza, aholkularitza estrategikoa eta zaintza teknologikoa, bai eta laguntza tekniko eta legala ere.

g) Espainiako edo Europako azpiegitura zientifiko-teknologikoak erabiltzea, bai eta SIESS sistemakoak ere (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra).

h) Zentroak jarduerak gauzatu ahal izateko egin behar dituen beste gastu batzuk:

–Prestakuntza.

–Bidaiak, dietak eta egonaldiak.

–Artikulu zientifikoak itzultzea eta argitaratzea.

–Espainiako eta nazioarteko ikerketa sareetan parte hartzea.

–Ikerketen emaitzak babestea, jabetza industrialaren erregistroaren bitartez.

–Ekitaldiak antolatzeko gastuak.

–Antzeko beste gastu batzuk, justifikatzen bada beharrezkoak direla entitatearen jarduketa planean aurreikusitako jarduerak modu egokian betetzeko (adibidez, aldizkari, datu-base eta arauetarako sarrera edo harpidetza, elkarteen, plataformen eta clusterren kuotak, doktorego tasak, zabalkunderako ikus-entzunezko materiala, biltzarretako inskripzioak eta abar).

i) Auditoretza-txostenaren kostua ere diruz lagungarria izanen da; urtean 1.500 euro emanen dira, gehienez ere.

2. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ondasunen hornidurarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.

Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

5. oinarria.–Gauzatzeko aldia.

Jarduerak 23 hilabetez gauzatzen ahalko dira, gehienez, honela banatuta:

–1. urtea: 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era.

–2. urtea: 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa izan beharko duena:

a) Eskabide telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.

b) Jarduketa plana, 3.2 oinarrian adierazitako irismenarekin.

c) Eskaera-orria, aurrekontuaren aurreikuspenarekin, gastu bakoitzaren ardatza, adierazlea, jarduera eta kategoriak adierazita.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Horretarako, zentroek aurkeztutako jarduketa planak eta plan horietako jardueren eta gastu diruz lagungarrien aurrekontua berrikusi ondoren, hala badagokio, onetsi eginen dira aurrekontuak.

2. Zentro bakoitzari dagokion laguntza zehazteko, modulu unitarioa bider zentro bakoitzeko ikertzaileen kopurua egin behar da:

a) Modulu unitarioa honela kalkulatzen da deialdiko kreditu erabilgarriaren eta zentro guztietako ikertzaile guztien arteko zatidura. Modulu unitario hori zehaztuko da eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren.

b) I+Gn aritzen diren ikertzaileak adierazita daude Jarduketa Planetan eta lanaldi osoko ikertzaileen arabera neurtzen dira.

3. Eskaera guztiei erantzun ondoren gerakina egonez gero deialdiaren kredituan, gerakin hori proportzionalki banatuko da, aurrekontu onartua lehen itzulian banatutako laguntza baino handiagoa duten zentro eskatzaileetako ikertzaileen kopuruaren arabera. Prozesu hori errepikatuko da kreditua ahitu arte.

8. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, bertan adierazita entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena gehienez hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

9. oinarria.–Jarduketa planaren aldaketak.

1. Jarduketa Plana gauzatzen ari dela, zentro batek gehitu nahi baditu hasiera batean adierazle batean aurreikusi gabeko jarduerak, arau hauek bete beharko ditu:

a) Jarduera abian jartzen denetik, sei hilabete igaro behar dira, gutxienez; horrela, emaitzen ebaluazio goiztiarra egiten ahalko da.

b) Aldaketa aldez aurretik eskatu beharko zaio kudeaketa organoari eta berariaz baimendu beharko da.

2. Gainerako aldaketetarako ez da aldez aurreko eskaerarik egin beharko, baina modu egokian justifikatu beharko da 10.3.b) oinarrian adierazitako gauzatze txostenean.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduerak justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak:

a) 2023. urteko jarduketak:

–Gastuen aitorpena: 2023ko abenduaren 5era arte.

–Gastuak dokumentu bidez justifikatzea: 2023ko apirilaren 30era arte.

b) 2024. urteko jarduketak:

–Gastuen aitorpena: 2024ko abenduaren 5era arte.

–Gastuak dokumentu bidez justifikatzea: 2025eko apirilaren 30era arte.

2. Gastuen aitorpen bakoitzean aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

a) Jarduketa planean sartutako jardueren aurrerapenari buruzko txostena, zentroak aukeratutako adierazleetan izandako aurrerapena baloratuta.

b) Aldi bakoitzean egindako gastuen aitorpena, jardueren eta kontzeptuen arabera banakatuta.

3. "Agiri bidezko justifikazio" bakoitzean agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, auditore baten txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa).

b) Jarduketa planean sartutako jardueren gauzatze txostena. Horrekin batera, adierazleetan, abiapuntuko egoerarekin alderatuta, lortutako aurrerapenaren balorazioa ere jasoko du, eta, hala badagokio, aldez aurreko baimenik behar izan ez zuten egindako aldaketen arrazoiak.

4. Justifikazio agiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

5. Onuraduna behartuta dago dirulaguntzen kudeaketa organoak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Gastuen aitorpena aurkeztu ondoren, konturako ordainketa bat eginen da, aurreko oinarrian adierazitakoaren arabera.

2. Aurkeztutako gastu aitorpenari dagokion dokumentazioa aztertu ondoren, laguntzaren kudeaketa organoak konturako ordainketa egiteko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak.

3. Konturako ordainketak gehienez sei hilabeteko epean eginen dira, 10. oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

4. Urte bakoitzeko "Agiri bidezko justifikazioa" aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da, baliozkotutako zenbatekoa zehaztuko duena.

Bigarren urteko azterketa egiten denean egiaztatuko da jarduketa planean proposatutako adierazleen hobekuntza bete dela, 12. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako.

5. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek justifikatzen badute funtsak behar dituztela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 10. oinarrian dokumentu bidezko justifikazioetarako adierazitako moduan eginen da.

12. oinarria.–Adierazleen hobekuntza.

Jardueren gauzatze aldia amaitzean, zentro bakoitzak proposatutako adierazleen hobekuntza baloratuko da. Adierazle batean lortutako balioa jarduketa planean adierazle horretarako planteatutako helburuaren %90 baino apalagoa baldin bada, jaso behar duen laguntza %5 gutxituko da, eta horrek itzulketarako prozedura bat ekar lezake.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da onetsitako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Entitate onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, laguntzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Entitate onuradunen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.

e) Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

14. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuek edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

I+G+b Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2300085