18. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25361E/2022 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2023rako gastua baimentzen duena Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzak ordaintzeko eta aldatzen duena deialdiaren 3.1 oinarria. DDBN identifikazioa: 655738.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako 2023rako dirulaguntzetarako gastua baimentzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. Gero, ebazpen hori maiatzaren 8ko 1305E/2020 Ebazpenak aldatu zuen (2020ko 115. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 28koa). Dirulaguntzak urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuan jasota daude (2017ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 13koa).

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren xedea da, gizarte bazterketaren kontrako politika publikoen esparruan, laneratze eta gizarteratze enpresen araubide juridikoa arautzea, bai eta III. kapituluan xedatuta dagoen enpresa horientzako laguntzen araubide orokorra ere.

Dekretu horren 20.1 artikuluak xedatzen du laneratze eta gizarteratze enpresa bakoitzak izan beharreko teknikarien gutxieneko kopurua laneratze egoeran dauden langile kopuruaren araberakoa izanen dela, eta 25.2 artikuluan dagoen taula aipatzen du hori zehazteko. Halaber, zehazten du, betiere, esku hartzeko eta gizarteratzeko lanak eginen dituen teknikari bat izanen dela gutxienez enpresa bakoitzean; eta teknikari kopuru jakin batetik aurrera banaketa irizpide proportzional batzuk ezartzen ditu, esku hartzeko eta gizarteratzeko lan horietan arituko diren teknikari kopurua finkatzeko.

Hortaz, arau xedapen horiek deialdiaren oinarri arautzaileetara egokitzeko, 3.1 oinarria aldatu behar da.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gastua baimentzea, Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzak ordaintzeko. Gastua 750.000 eurokoa da eta 2023ko aurrekontuko partida honen kargura ordainduko da: "Zailtasun gehiago dituzten kolektiboen gizarteratze eta laneratze programetarako laguntzak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950001 96100 4819 241104 partida. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez (ondoren maiatzaren 9ko 1305E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua) arautu ziren dirulaguntza horiek eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean 655738 identifikazioa dute.

2. Aldatzea aipatutako deialdiaren 3.1 oinarri arautzailea. Honela idatzita geldituko da:

"3.1. Gizarteratze eta laneratze egoeran zenbat langile dauden, horren araberakoa izanen da gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzean gutxienez izan behar diren teknikarien kopurua, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 25.2 artikuluko taulan eta 5.3 oinarrian ezarri gisan, eta gutxienez teknikari bat arituko da esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko lanetan.

Kalkulu hori egiteko, hilabete bakoitzeko azken egunean enpresan laneratze egoeran dauden langileak hartuko dira kontuan.

Lau teknikari edo gehiago edukitzeko beharra badago, horietatik bi, gutxienez, esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko neurriak garatzen arituko dira; sei teknikari edo gehiago edukitzeko beharra badago, horietatik hiru arituko dira zeregin horietan. Hortik aurrera, teknikari kopuruaren araberako proportzio hori errespetatu beharko da, 94/2016 Foru Dekretuaren 20.1 artikuluak xedatzen duenaren arabera".

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2217512