18. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

442E/2022 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita altzairu berezien galdategi bateko instalazioaren aldaketa nabarmena, Urdiaingo udal-mugartean. Jardueraren titularra Magotteaux Navarra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 668/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 217E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 10eko 259E/2022 Ebazpenaren bidez aldatua.

2022ko abuztuaren 30ean, titularrak jakinarazi zuen instalazioa aldatzeko proiektua, gatz bainuko tratamendu termikorako labe bat ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko irailaren 27an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2022ko irailaren 27an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2022ko urriaren 10ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuaren aldaketa, kasuko proiektua gauzatzeko, hau da, gatz bainuko tratamendu termikorako labe berri bat jartzea (iraoketa diferentziala), "mailuak" izeneko pieza espezifikoetarako, haien gogortasun ezaugarriengatik ezinezkoa baita egun dauden tratamenduak ematea.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Altzairu bereziak galdatzeko instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea, gatz bainuko tratamendu termikorako labe baten proiektua gauzatzeko, Urdiaingo udal mugartean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa ren titularra Magotteaux Navarra SA da.

Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak martxan jartzearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera martxan jartzeko epeak izanen dira ezarrita daudenak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan betetzen ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Magotteaux SAra eta Urdiaingo Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 12an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2216970