178. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

587E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken 2023-2024ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 712560.

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken deialdia Nafarroako Nazioarteko Planaren barnean kokatzen da; izan ere, plan horrek bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko dauden aukerak aprobetxatzeko. Gainera, Nafarroako Foru Komunitatea nazioartekotzen laguntzeko funtsezko tresna da, eta zuzenean bat egiten du Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4).

Beken xedea da Nafarroako tituludunek prestakuntza eta esperientzia profesionala lortzea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako entitateetan praktikak eginez, hori lagungarri izan dadin lan bizitzara sartzeko eta etorkizunean Nafarroako enpresak nazioarteratzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit 32. artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak,

EBAZTEN DUT:

1. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken 2023-2024ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak eta destinoko herrialdeei dagozkien beken zenbatekoak onestea, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.

3. 250.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastu-aurrekontu indarduneko "Nazioarteko praktikak" izeneko 810003 81400 4809 146100 partidaren baliokidea izateko asmoz 2024ko aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago ekitaldi horretan.

Halaber, 48.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko beketarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Zenbateko gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 13an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

1. ERANSKINA.–EUROPAR BATASUNETIK KANPOKO HERRIALDEETAN PRAKTIKAK EGITEKO BEKEN 2023-2024KO DEIALDIKO OINARRI  ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Beken helburua da tituludun berriek prestakuntza praktikak egitea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan dauden eta nortasun juridikoa duten entitateetan (enpresak, ikerketa zentroak, GKEak, enbaxadak, kontsuletxeak, Espainiako Turismo Institutuaren bulegoak, Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoak eta merkataritza ganberak), diziplina anitzeko nazioarteko taldeetan beren lanbide eta lan gaitasunak hobetzeko asmoz, hezkuntza sistematik lan bizitzara errazago pasa daitezen.

2. oinarria.–Beken kudeaketa.

Bekak entitate hauen laguntzarekin kudeatuko dira:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitatearen Career Services entitatea, unibertsitate-titulua duten pertsonen kasuan.

–Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketaren Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Atala, goi mailako Lanbide Heziketako titulua duten pertsonen kasuan.

Entitate horiek interesdun guztiei emanen diete zerbitzua, kontuan izan gabe ikasketak non egin dituzten.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Beka eskatzeko unean baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek jasotzen ahalko dute beka:

a) Nafarroarekin lotura izatea, Nafarroan jaioa izateagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatua egoteagatik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino urtebete lehenagotik, gutxienez, edo aurreko hamar urteetan bost urtez etenik gabe erroldaturik egoteagatik. Hori frogatzeko, erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Unibertsitateko titulu bat edo goi mailako Lanbide Heziketako titulu bat izatea.

c) Ikasketak bukatu ondoren, praktikak atzerrian egiteko beka bat jaso ez izana.

d) Deialdia argitaratzen den arte, 183 egun baino gehiago kotizatu ez izana Gizarte Segurantzako 1. eta 2. kotizazio taldeetan, unibertsitateko titulazioa dutenen kasuan, eta 183 egun baino gehiago kotizatu ez izana 3. kotizazio taldean, Lanbide Heziketako titulazioa dutenen kasuan. Konputu horretan ez dira kontuan hartuko praktika akademikoetan kotizatutako egunak.

e) Nafarroako Gobernuak aurreko deialdietan emandako nazioarteko praktiketarako beka bati uko egin ez izana, ezinbesteko arrazoiengatik izan ez bada.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten online prestakuntza planean aurrez izena eman izana, titulua non eskuratu den kontuan hartu gabe.

g) Europar Batasunetik kanpoko herrialde bateko nortasun juridikodun entitate batek bere egoitzan praktikak egiteko hautatu izana. Praktika horiek norberaren bitartekoen bidez edo beken kudeaketan laguntzeko entitateek egiten dituzten eskaintzen bidez lortzen ahalko dira.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea dirulaguntza ematen duen organoari, zuzenean eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, egiaztatzearren desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko, eta, orobat, kontsultatzearren eskatzailearen identitateari buruzko datuak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu kasuan kasuko egiaztagiriak.

3. Oinarri honen 1. atalean eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatuko da 5. eta 6. oinarrietan adierazitako dokumentazioa aurkeztuz.

4. oinarria.–Beken baldintzak: zenbatekoa, iraupena eta lan harremanik eza.

1. Prestakuntza bekaren diru-zenbatekoa gastu hauek estaltzeko erabiliko da: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako nahitaezko aseguru bat. Beka bakoitzaren diru-zenbatekoa deialdiaren 2. eranskinean destinoko herrialdearen arabera adierazitakoa da.

Jasotzen den zenbatekoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZa) lotuta dago.

2. Praktiken iraupena 6 hilabetekoa izanen da gutxienez, eta bekek estaliko duten gehieneko aldia ere 6 hilabetekoa izanen da.

3. Beka jasotzeak ez du lan harremanik sortuko destinoko entitateekin, eta ez du inolako konpromisorik ekarriko aurrerantzean onuraduna plantillan sartzeko.

Prestakuntza atzerrian egiten denez, onuradunak ez dira sartu behar Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, Prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren arabera.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 29an bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak aurkeztu baino lehen, berrikusi beharko ditu bekak kudeatzeko entitate laguntzaileetako batek (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa, Nafarroako Unibertsitatearen Career Services entitatea edo Lanbide Heziketaren Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Atala), deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela bermatzearren.

3. Eskaera bakarra aurkezten ahalko da parte-hartzaile bakoitzeko.

4. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, beken fitxa).

5. Eskaera egiteko prozesuan, eskatzaileek eskaerako online inprimakia bete beharko dute. Bertan, eskatzailearen datuak eta onuradun izateko baldintzak, 3. oinarrikoak, betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena jasoko dira.

6. oinarria.–Bekak eskatzeko dokumentazioa.

1. Eskaera telematikoarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Foru Komunitatean jaio ez bada, Nafarroan erroldatua izatearen ziurtagiria edo foru izaera zibila izatearena.

b) Unibertsitateko titulua edo Goi Mailako Lanbide Heziketakoa.

c) Ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

d) Lan bizitzari buruzko txostena.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.

f) Prestakuntza praktikak eginen diren Europar Batasunetik kanpoko herrialdeko entitateak onartu izanaren egiaztagiria.

g) Egin beharreko praktikei buruzko txostena: entitatea, kokalekua, hasteko eta bukatzeko egunak, egin beharreko zereginen deskripzio zehatza, laguntza poltsa (hala badagokio), tutorea eta gainerako alderdi garrantzitsuak.

h) Baimenik ematen ez badu organo emaileak egiazta ditzan:

I. Nortasun agiri nazionalaren edo agiri baliokidearen fotokopia.

II. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Beken kudeaketan laguntzeko entitateek berrikusi ez dituzten eskaerak ezin izanen dira zuzendu.

7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Onuradunen bi zerrenda prestatuko dira, bata unibertsitateko titulazioa dutenentzat, eta bestea Lanbide Heziketakoentzat. Aurrekontu-zuzkidura 225.000 eurokoa eta 25.000 eurokoa da, hurrenez hurren.

Beken zenbatekoa honela kalkulatuko da: zerrenda bakoitzean baloraziorik handiena lortu duten eskaerei bekaren zenbatekoa aplikatuko zaie, 4. oinarrian ezarritakoaren arabera, horretarako dagoen aurrekontu kreditu erabilgarria agortu arte.

Zerrenda bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria baldin badago, beste zerrendako eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, lehentasunaren hurrenkeraren arabera.

2. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

a) Ikasketa-espedientea (gehienez ere 30 puntu, lortutako notarekiko proportzioan esleituak). Horren ondorioetarako, titulu bat baino gehiago izanez gero, praktikarekin zerikusia dutenen artetik batez besteko notarik handiena duena hartuko da aintzat.

b) Zer neurritan egokitzen zaizkion eginen diren praktikak eskatzailearen profil profesionalari (gehienez ere 60 puntu).

Baloratuko da destinoko entitatean egin beharreko lanak, praktikei buruzko txostenean azaltzen direnak, bat etortzea eskatzailearen titulazioarekin. Gauzak horrela:

–0 puntu emanen dira praktika ez badator bat titulazioaren profil profesionalarekin (egin beharreko lanen %25 baino gutxiago).

–30 puntu, bat-etortzea nolabaitekoa bada (egin beharreko lanen %25 eta %75 artean).

–Eta 60 puntu, bat-etortzea handia bada (egin beharreko lanen %75 baino gehiago).

c) 10 puntu emanen dira praktikak egiteagatik Nafarroako enpresa batek Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean duen egoitza batean.

3. Berdinketa egonez gero, lehentasuna emanen zaio eskatzaile guztien artean ordezkaritza txikiena duen sexuko pertsonari. Berdinketak jarraitzen badu, hori zozketa bidez ebatziko da.

8. oinarria.–Bekak ematea.

1. Bekak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek bekak lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da prestakuntza beka ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, beka jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Era berean, honakoa jasoko da:

a) Onuradunaren datuak, destinoko herrialdea eta praktikak egiteko entitatea.

b) Bekaren diru-zenbatekoa.

3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen helbide elektroniko gaitu bakarraren bidez jakinaraziko da.

4. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

5. Beka eman zaiela jakinarazi ondoren, onuradunek hilabeteko epea izanen dute Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari jakinarazteko onartzen dutela, practicasinternacionales@navarra.es helbidean. Jakinarazi ezean, beka galduko da.

6. Beka eman ondoren, onuradunen batek bekari uko egiten badio eta, horregatik, kreditu nahikoa libratzen bada, kreditu hori erabiltzen ahalko da, ezarritako lehentasun-ordenari jarraikiz, aurrekontu aski ez izateagatik ezetsitako eskabideei beka emateko, eskatzaileak 11.1 c) oinarrian ezarritako epean praktikan hasteko garaiz badaude.

9. oinarria.–Beka aldatzea ekar dezaketen inguruabarrak.

Bekaduna hartuko duen entitatearen beharrak direla-eta praktika egiteko lekua aldatzea proposatzen bada, praktikaren edukia aldatu gabe, eta bekadunak aldaketa hori onartzen badu, beka emateko ebazpena aldatuko da destino berriari dagokion poltsaren zenbatekora egokitzeko, betiere aurrekontuan dirua badago.

Era berean, ohiz kanpoko egoeretan (bekaduna hartzen duen entitateak jarduera etetea, entitate horrek baldintzak ez betetzea edo Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baloratu beharreko ezinbesteko beste arrazoi batzuk), bekadunak zilegi izanen du antzeko ezaugarriak dituen beste praktikaldi bat eskatzea, baldin eta praktika alternatiboren bat baldin badago.

10. oinarria.–Justifikazioa eta bekaren ordainketa.

Beka honela ordainduko da:

1. Bekaren %30 praktikaldia hasi baino lehen ordainduko da, bidaiako eta destinoan ostatu hartzeko hasierako gastuak estaltzeko, ezer ere justifikatu beharrik gabe.

2. Praktikaldiko hasierako 5 hilabeteetako bakoitzaren bukaeran, bekaren %10 adinako ordainketak eginen dira, ezer ere justifikatu beharrik gabe.

3. Eta gainerako %20a bekaren xedeko praktikaldia bukatutakoan (6 hilabete) ordainduko da, honako frogagiri hauek aurkeztu eta gero:

a) Harrerako entitatean egindako lanei buruzko memoria.

b) Atzerrian online praktikak egiteko prestakuntza plana burutu eta ordaindu izanaren ziurtagiria.

c) Harrerako entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena prestakuntza praktikak ongi bete direla, hasierako eta bukaerako datak adierazita.

d) Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

Aipatutako dokumentazioa gehienez 10 egun balioduneko epean aurkeztu beharko da, praktika amaitzen denetik hasita, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez.

Ezin bada justifikazioa egin laguntzen fitxaren bidez, practicasinternacionales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko da.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Prestakuntza beka hauen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Destinoko herrialdera joan baino lehen, istripuetarako, bidaiarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako aseguru bat izenpetzea.

b) Atzerrian praktikak egiteko online prestakuntza programa egitea, bi unibertsitateek ematen dutena.

c) Destinoko entitatean lanean hastea 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko apirilaren 30era bitartean, eta prestakuntza praktikak egitea sei hilabetez gutxienez.

d) Jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudiarekin bat babestu beharreko edozein emaitza jakinaraztea praktikak egiten diren entitateari.

e) Prestakuntza beka zein entitatetan egiten den, hango ordutegia, arauak eta diziplina betetzea.

f) 10.3 oinarrian bekaren azken zatia ordaintzeko adierazten diren frogagiriak aurkeztea 10 egun balioduneko epean, praktikaldia bukatzen denetik hasita.

g) Laguntzen fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatutakoan (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igarota.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, beka behar bezala aprobetxatu ezik edo praktikaldia egiten den entitateak kontrako txostena emanez gero, beka kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako bekaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Prestakuntza programa utziz gero Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren iritziz justifikatua dagoen arrazoi bategatik, bukatu gabe utzitako prestakuntzaldiari dagokion zenbatekoaren zati proportzionala itzuli beharko da eta/edo hori kobratzeko eskubidea galduko da.

12. oinarria.–Beken bateragarritasuna.

Deialdi honetako bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateragarriak dira harrerako entitateek praktikak egiteagatik ematen dituzten laguntzekin, halakorik bada.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-orrian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria.–Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Beken onuradunen zerrenda laguntzen fitxan ere argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-para-realizar-practicas-en-paises-extracomunitarios-2023-2024.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA-BEKEN ZENBATEKOA, EUROPAR BATASUNETIK KANPOKO DESTINOKO HERRIALDEAREN ARABERA

HERRIALDEA

BEKAREN ZENBATEKOA

Angola

15.260 euro

Saudi Arabia

14.735 euro

Aljeria

9.415 euro

Argentina

12.180 euro

Australia

14.875 euro

Bolivia

9.065 euro

Brasil

9.695 euro

Kanada

10.955 euro

Txile

10.045 euro

Txina

12.110 euro

Kolonbia

8.435 euro

Hego Korea

11.445 euro

Costa Rica

10.765 euro

Kuba

11.620 euro

Ekuador

9.765 euro

Estatu Batuak (ekialdeko kosta)

15.208 euro

Estatu Batuak (New York)

17.500 euro

Estatu Batuak (mendebaldeko kosta)

16.555 euro

Estatu Batuak (erdialdea)

15.540 euro

Egipto

10.150 euro

El Salvador

11.725 euro

Filipinak

8.785 euro

Ghana

13.055 euro

Guatemala

10.815 euro

India

9.713 euro

Indonesia

9.450 euro

Israel

13.965 euro

Japonia

15.505 euro

Jordania

10.745 euro

Kazakhstan

9.765 euro

Kenya

10.920 euro

Libano

11.515 euro

Malaysia

8.960 euro

Maroko

9.100 euro

Mexiko

10.815 euro

Nigeria

10.500 euro

Norvegia

13.405 euro

Zeelanda Berria

12.390 euro

Panama

11.480 euro

Paraguai

9.450 euro

Peru

8.855 euro

Erresuma Batua

14.385 euro

Dominikar Errepublika

10.395 euro

Senegal

9.030 euro

Serbia

7.770 euro

Singapur

14.000 euro

Hegoafrika

9.590 euro

Suitza

15.750 euro

Thailandia

8.995 euro

Taiwan

10.990 euro

Tunisia

8.610 euro

Turkia

8.435 euro

Uruguai

10.325 euro

Vietnam

9.555 euro

Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2311871