178. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

761E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena Erroibarko udalerrian I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatutako "Loizu-Ardaitz" 20 kV-ko lurpeko linea elektriko berriaren proiekturako.

2023ko martxoaren 21ean, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.b) multzoan.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Ibai Ingurunearen Atalari kontsulta egin zaio, eta erantzuna ezarritako epearen barruan jaso da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz, hartan ezarritako baldintzen arabera.

Proiektuaren deskribapena.

Lurpeko linea berriak 4.605 metroko luzera izanen du, eta Loizu, Larraingoa eta Ardaitzeko herrietako transformazio-zentro (TZ) berriak, euskarri gainekoak, konektatuko ditu. TZ horiek aire zabaleko inguratzaileak izanen dira. Horrela, "Zubiri-Luzaide" eta "Uharte-Egues" aireko lineak elkarrekin konektatuko dira.

Lurpeko linearen trazadura Loizu eta Larraingoa lotzen dituen pistatik igaroko da, eskuinaldetik eta Loizuko erreka-zuloarekin paraleloan, pinu gorriaren eta ezpelen eta erkametzen baso-eremuetan barrena. Lineak bi erreka kanalizatu gurutzatuko ditu, eta erabaki da haien azpitik zulatzea, hormigoizko kutxatila sinple prefabrikatuak jarriz erreken ertz bakoitzean.

Larraingoaren iparraldetik 200 bat metrora, lineak Limozpe erreka gurutzatuko du. Horren ondoren, linea "Larraingoa" TZraino iritsiko da. Aire zabaleko egungo TZ desmuntatuko da, eta lur gaineko transformazio-zentro prefabrikatu bat eraikiko da, barneko maniobrakoa.

Larraingoaren hegoaldean, dagoen pistatik jarraitzen duen lineak erreka-zulo bat zeharkatuko du; bertan desnibeleko hormigoizko oinarri bat dago egokituta, uraren fluxua errazteko. Ondoren, lineak Oiarbeta erreka-zuloa zeharkatuko du. Parterik hegoaldeenean, linea igaroko da bide-zoru jarraiturik ez duen eremu batetik eta horrek Ardaitz inguruko larre eremu zenbait ukituko ditu. Larre eremu hori zeharkatu ondoren, lineak Ardaitzeko hirigunera iritsi eta NA-2331 tokiko errepidea gurutzatuko du. Bertan birkokatuko da "Ardaitz" TZ, inguratzaile prefabrikatu batekin. TZ berriaren ondoan euskarri berri bat jarriko da, 603. zenbakikoa.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan, erabaki da linea hori lurpetik eramatea, eta ez airetik, eragin txikiagoa sortzen duelako abifaunan, landaredian eta habitatetan eta paisaian.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hautatutako alternatibarekin lau erreka gurutzatuko dira, koordenatu hauetan:

PUNTUA

UR-IBILGUA

AURREIKUSITAKO GURUTZAKETA

X KOORD.

Y KOORD.

1

Oiarbeta erreka

Hodiaren azpitik zulatzea

625417

4750656

2

Limozpe erreka

Hodi bidezko kanalizazioa ohearen gainean

625280

4752049

3

Izenik gabeko erreka

Hodiaren azpitik zulatzea

626787

4752481

4

Izenik gabeko erreka

Hodiaren azpitik zulatzea

627003

4752531

Tokiko bide-sareak hodien bidez gainditzen ditu ur-ibilguak 1., 3. eta 4. puntuetan. Kokapen horietan, proiektatu da haien azpian zulatzea eta linea PE Ø160 mm-ko 4 hoditan sartzea (hormigoizko prismarekin). Bestalde, Limozpe errekako pasabidea (2. puntua) ibai-ohearen gainean egin gogo da, PE Ø160 mm-ko bi hodi erabiliz.

Ibai Ingurunearen Atalak txostena egin du gurutzagune horien gainean, eta ur-ibilgu horiei lotutako landaredia eta fauna babesteko baldintzak ezartzen ditu. Besteak beste, gogorarazi du Limozpe errekan karramarro europarraren (Austropotamobius pallipes) populazioak zeudela zenbait urte lehenago. Hala, ezartzen du gurutzaketa hori ez dela ibai-ohearen gainean eginen, eta bi aukera jotzen ditu bideragarritzat: zubi-taulari atxikitako kanalizazio bat haren uretan beherako aldean, edo lurpeko kanalizazio bat ibilguaren ohearen azpian. Horretaz gain, gurutzaketa guztietan bete beharreko baldintza orokorrak ezartzen ditu, eta hala, datak mugatzen ditu intereseko hainbat espezieren ugalketa-aldietan ez eragiteko.

Landaredi naturalaren gaineko ukipenei dagokienez, trazaduraren zatirik handiena lehendik dauden pistetatik joanen da. Nolanahi ere, lurzoru urbanizaezinean egin beharreko zangek landaredia ukituko dute, guztira 1.106 metro luze egiten dituzten bost zatitan, honako koordenatu hauetan:

PUNTUA

UKITUTAKO LANDAREDIA

GUTXI GORABEHERAKO AZALERA

X KOORD.

Y KOORD.

1

Baso-landaredia (ezpela, erkametza eta pinu gorria)

32 m²

627003

4752530

2

Baso-landaredia (ezpela, erkametza eta pinu gorria)

32 m²

626774

4752466

3

Ibaiertzeko landaredia (91E0* lehentasunezko habitata)

60 m²

625274

4752031

4

Zuhaixka-landaredia (lahardia, zuhandorra eta astigar txikiak)

105 m²

625241

4751864

5

Belardiak eta zuhaixken eta zuhaitzen heskaiak

6.000 m²

Hasiera

625222

4751864

Amaiera

625795

4750443

Zuhaitzen gaineko ukipena puntuala izanen da, 1., 2. eta 3. puntuetan. 5. tartean, azalera handienekoan, lehenik eta behin, oraingo "Uharte-Egues" aireko linearen trazadurari jarraituz eginen da zanga, zortasun-eremua baliatuz, eta, ondoren, zoru naturala duten bideetatik. Makinen joan-etorriekin ukituko da inguruneko landaredia. Malda handiko eremua denez, beharrezko neurriak hartu beharko dira higaduraren arriskua minimizatzeko.

Bukatzeko, 603. euskarri berria babes eremu batean kokatuko da, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazioaren ondorioetarako (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Beraz, arau horretan ezarritako neurri guztiak bete beharko dira.

Kontsulten emaitzaren ondorioz eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, aldeko txostena ematen dio "Loizu-Ardaitz" 20 kV-eko lurpeko linea elektrikoaren proiektuari (I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatu du Erroibarko udalerrian), txosten honetan jasotako baldintzekin, eta adierazten da ez dela beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. "Loizu-Ardaitz" 20 kV-eko lurpeko linea elektrikoaren proiektuak –I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak Erroibarko udalerrian sustatuak– ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:

–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik. Landaredi naturalaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izanen da.

–Ahal dela, bideak ez dira erabiliko putzuz beterik badaude, ezta euriteen ondoren ere. Beharrezko neurriak hartuko dira malda handiko eremuetan higadura ahalik eta gehien gutxitzeko.

–Errekak gurutzatzean, bete beharko dira Ibai Ingurunearen Atalaren txostenean ezarritako baldintzak (txosten hori ebazpen honi erantsi zaio).

–Abifaunaren elektrokuzio-arriskua minimizatzeko, 603. euskarri berrian abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako neurri guztiak bete beharko dira. Euskarriaren gurutzetatik eroaleetara gutxienez 1 m-ko tartea utzi beharko da, eta eroaleen artean, berriz, 1,5 m-koa. Distantziak egiturazko neurriak aplikatuz lortuko dira, hau da, isolatzaile-kateak gutxienez metro batekoak izanen dira eta hegaztiak bertan pausatzea eragotziko dute. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira, ebakigailu, autobalbula eta lotura-botilak ere. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi-tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Debeku da silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hastean, landare lurrezko geruza kenduko da, eta hondeaketaren gainerako materialetatik bereizita bilduko da, bukaeran lehengoratzeko erabiltze aldera. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatuko da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte, alderdi fisiografikoari dagokionez. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira. Landareztatze egokia bermatzeko beharrezkoa bada, espezie autoktonoak ereinen dira, eremuko baldintza klimatiko eta edafikoetara egokitutako landareenak.

–Lanak hasi baino 48 ordu lehenago, Aezkoa-Kintoa barrutiko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari gaztigatuko zaio (gmaaezkoa@navarra.es), obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu.

–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa abisatu beharko da (seguimiento.ambiental@navarra.es), espediente kodea aipatuz.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Aezkoa-Kintoako barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2312047