177. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

156E/2023 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Aratzuri-Orkoien Industria Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, 7. eta 11. eraikin-sailei eragiten diena. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 29ko 54E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaien aldaketa hori egiteko espedientearen izapideei. Ebazpen hori 2023ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 27an. Espedientea jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, eragindako udalei entzunaldia eman zitzaien.

2023ko ekainaren 19an eta uztailaren 3an, enpresa sustatzaileak alegazioen txostena eta dokumentazio tekniko berria aurkeztu zuen, hasierako onespenaren ebazpenean jasotako kontsiderazioak kontuan hartuta.

Horrela, aurkeztutako dokumentu teknikoa aldatu da jendaurrean jarri zenaren aldean, aipatutako ebazpenaren zehaztapenekin bat:

–Gehitu dira honako antolamendu plano hauek, eta horien erreferentzia erantsi da memoriako aurkibidean: O.01.1 (7. lurzatiko lerrokadurak eta garaierak); O.01.2 (11.1 lurzatiko lerrokadurak eta garaierak); eta O.01.3 (11.2 lurzatiko lerrokadurak eta garaierak).

–8. eta 9. eraikin-sailetako atzeraemanguneetako distantziak eta sekzioak kendu egin dira I-2.1 eta I-2.2 planoetan.

Gainera, proposatutako fitxak zuzenduz, "solairuarteko eta goiko solairuetako gehieneko azalera eraikia" terminoa erabili da erabilera anitzeko eraikin-sailetarako eta "solairuarteko erabilerarako gehieneko azalera eraikia" terminoa erabili da industria erabilerako eraikin-sailetarako, indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita.

Espedientean jaso dira honako hauek eman dituzten aldeko txostenak: Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuarena, Iruñerriko Mankomunitatearena eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiarena. Lehen txostenean bildu dira behin betiko onespena jasotzeko aurkeztu den dokumentuan aintzat hartu diren gogoetak, Iruñeko aireportuari dagozkion zortasun aeronautikoen ondoriozko mugei buruzko planoarekin eta araudiarekin batera.

Gainera, Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du proposamena ez dagoela ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan, eta Industria Lurzoruaren Atalak ez du iritzirik eman.

Horretarako ezarritako hilabeteko epean, apirilaren 25ean eta maiatzaren 2an, eragindako bi udalek, hau da, Oltza Zendeako Udalak eta Orkoiengo Udalak, alegazioei buruzko idazkiak aurkeztu dituzte. Segidan laburbilduko ditugu eta erantzunen diegu.

1. Oltza Zendeako Udalak aurkeztutako alegazio idazkia.

1. alegazioa, erabileraren aldaketari buruzkoa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioa egin duen udalak, argudioak eman ondoren, hau ondorioztatu du: "Ez duela justifikatutzat jotzen 11.1 lurzatiaren erabilera aldatu beharra, Udalez gaindiko Plan Sektorialean bertan bulego erabilera aurreikusten baita industria erabileraren barruan, eta, horretarako, solairuarteko erabilera gordetzen baita". Izan ere, aprobetxamendua kalkulatzeko, ez da bereizten bulego erabilera industria erabileratik; beraz, ekipamendu pribatuari dagokion koefizientea bulegoetarako aplikatzeak ez dirudi egokia. 7. eraikin-sailaren eta 11.1 lurzatiaren arteko erabilera trukearen ondorioz, ekipamendu pribaturako aprobetxamendua estali behar da, eta, irtenbide gisa, solairu kopurua B+5era handitu da, gehieneko muga B+2 den inguru batean.

Alegazioen txostenean beste argudio batzuk jaso dira, goian adierazitakoa garatzen dutenez gain. Hala, adierazten da bulegoak ez daudela jasota erabilera anitzeko ekipamenduen zerrendan; beraz, ez litzatekeela egokia izanen erabilera hori 11.1 lurzatiari esleitzea.

Halaber, gaineratzen da 68. eta 69. artikuluak aldatuta altuerak aldatzen ari direla eremu osorako, ez soilik erabilera anitzeko ekipamendurako.

Azkenik, adierazten da 7. lurzatiak lerrokaduretatik eta solairuartekoaren % 20tik abiatuta definitzen duela oinplanoko okupazioa, eta 1. lurzatitik.

Erantzuna:

Solairu kopurua handitzeari eta 68. eta 69. artikuluak aldatzeari buruz alegatutakoari dagokionez, aipatzekoa da, ekainaren 22ko 118E/2023 Ebazpenaren bidez, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak behin betiko onetsi zuela Aratzuri-Orkoien Industria Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, eta horrek erabilera anitzeko ekipamendurako eraikin-sailen zehaztapen xehatuei eragiten diela. Aldaketa horren xedea askotariko erabilera pribatuko lurzatiei tratamendu ezberdina ematea da, industria erabilerakoekin alderatuta, eta, besteak beste, eraikinaren solairu kopurua eta altuera aldatzea, orain alegatutako 3 solairuren gehikuntza hori ahalbidetuz ekipamendu lurzatietan. Espediente honek ez du barne hartzen solairu kopurua aldatzea edo 68. eta 69. artikuluak aldatzea, indarrean dagoen araudiari dagokionez. Alderdi horiei buruz aurkeztu diren alegazioak dagoeneko onetsi den espedientean alegatu edo errekurritu behar ziren.

Bulegoak erabilera anitzeko ekipamenduaren erabileren zerrendan jasota ez daudela argudiatzearen harira, adierazi behar da goian aipatutako udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketan 66. artikulua ere aldatzen dela, eta kontuan hartutako erabilerak handitu direla, "administrazioa eta bulegoak" erabilera jasoz, besteak beste.

Gainera, entitate alegatzaileak industria erabileraren barnean bulego erabilera aurreikusteari buruz egin duen adierazpenari dagokionez, sustatzaileak aurkeztutako alegazio txostenean hau aldarrikatzen da: "Ez da egia indarrean dagoen udalez gaindiko plan sektorialean bulego erabilera jada ebatzita dagoenik; izan ere, bulego erabilera badago baimenduta industria erabilera nagusiaren erabilera osagarri gisa, ez lurzatiko erabilera bakar gisa, eta hori da lortu nahi dena". Erabilera osagarriak, jakina, industria erabileratik bereizten ez den koefizientea justifikatzen du; eta erabilera espezifikoak, berriz, koefiziente espezifikoa.

Egia da, sustatzailearekin dioen bezala, lurzati baten erabilera espezifiko eta nagusiaren eta erabilera osagarriaren artean bereizi beharra dagoela bai lurzatien kalifikazioa ezartzean, bai homogeneizazio koefizienteak aplikatzean.

Erabilera aldaketaren justifikazioari dagokionez, aldaketaren memoriaren 7. atalean hori justifikatzen duten kokapen arrazoiak azaldu dira.

Bestalde, "7. eraikin-sailaren eta 11.1 lurzatiaren arteko erabilera trukearen ondorioz, ekipamendu pribaturako aprobetxamendua estali behar da" dioen adierazpenari dagokionez, aipatzekoa da indarrean dagoen hirigintzari buruzko legediak ez duela gutxieneko estandarrik ezartzen erabilera horretarako. Zehazki, hau ezartzen du 55. artikuluak: "Antolamendu xehatuak ezartzen duen plangintzak modu justifikatuan ezarriko du erabilera anitzeko ekipamendurako hartuko den azalera". Laburbilduz, indarrean dagoen erabilera anitzeko ekipamenduaren azalera murriztu daiteke, baldin eta justifikatzen bada. Justifikazio hori aldaketaren memoriaren 7.3 atalean jaso da.

Dena den, aurrekoa gorabehera, aipatzekoa da, erabilera anitzeko ekipamendurako hartuko den azalera 2.330,66 metro koadro murriztu arren (aldaketari buruzko dokumentuaren arabera, % 5,05 da), udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zenean aplikagarria zen % 4a baino handiagoa dela (Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 26D artikulua).

Interesdunak okertzat jotzen duen baieztapenari dagokionez, adierazi behar da ez dagoela dokumentuan. Horri buruz, aipatzekoa da, memorian hau jaso dela solairuartekoaren okupazioaren ehunekoari buruz: "Erabaki da udalez gaindiko plan sektorialean modu inplizituan dauden jatorrizko irizpideak goiko solairuetako gehieneko azalera eraikigarriari ere aplikatzea (egiaztatu daitekeen bezala), eta baimendu da industriako solairuarteetan edo goiko solairuetan oinplanoko gehieneko okupazioaren % 30 eraikitzea, baita erabilera anitzeko ekipamendukoetan oinplanoko gehieneko okupazioaren % 200 ere".

Bidezkoa da alegazioa ezestea.

2. alegazioa, lerrokaduren aldaketari buruzkoa.

Edukiaren laburpena:

Udal alegatzaileak adierazi du ez duela justifikaziorik ikusten eraikin-sail bietako lerrokadurak aldatzeko, hau argudiatuta: "7. lurzatiari dagokionez, lerrokadurak ere aldatu dira, eta 10 metroko atzeraemangunea ezarri da (udalez gaindiko plan sektorialean, ordea, 15 metro ezartzen dira), industria lurzati guztietarako ezarri den ereduarekin bat etortzeko. Hori ez da horrela, industria lurzatietan 15 metroko atzeraemangunea ezarrita baitago bide nagusietarantz; eta 10 metrokoa, bigarren mailakoetarantz. 7. eraikin-sailaren aurreko bidea nagusia da; beraz, atzeraemangune hori bete behar da, eta espazio horretan ezarri beharko lirateke aparkaleku egokiak. 11.1 lurzatian hego-mendebaldeko 5 metroko atzeraemangunea ezabatu da inolako justifikaziorik gabe".

Erantzuna:

Aldaketari buruzko dokumentuko memoriaren 7. atalean arrazoiak ematen dira proposatutako lerrokadurak azaltzeko.

Bestalde, interesdunak adierazi du industria lurzatietan 15 metroko atzeraemangunea ezarrita dagoela bide nagusietarantz eta 10 metrokoa bigarren mailakoetarantz, baina ez dugu bat egiten adierazpen horrekin. Udalez gaindiko plan sektorialean ez dira zehaztu bide nagusiak eta bigarren mailakoak, lerrokadurak ezartzeko; gainera, ezarritako lerrokadurak ez dira berdinak bide horien luzera osoan. Adibidez, C kalearen iparraldeko zatiaren aurreko industria lurzatiek 15 metroko atzeraemangunea dute, eta hegoaldean edo ekialdean daudenek 10 metroko atzeraemangunea dute.

Erabilera anitzeko ekipamendurako eraikin-sailei eta lurzatiei buruz, arestian aipatu dugun aldaketari buruzko dokumentuko memoriaren 7. atalean jaso bezala, ez dago irizpide homogeneorik, erabilera anitzeko ekipamendurako eraikin-sailen eta lurzatien lerrokadurak egiteko. Zehazki, balio hori duten 6. eta 10. eraikin-sailek atzeraemanguneak dituzte eremu publikoarekin (berdeguneekin eta bideekin) mugakide diren gune guztietan; eta 7. eta 10. eraikin-sailek, berriz, bidearen aurrean baino ez. Gainera, udalez gaindiko plan sektorialaren araudian, zehazki erabilera anitzeko ekipamendu pribatuari buruzko 66. artikuluan, ezartzen da lurzati horiek xehetasun azterketa bidez garatuko direla, eta, beraz, lerrokadura edo atzeraemangune horiek aldatzen edo ezabatzen ahalko direla, kasu bakoitzaren arabera.

Horrez gain, sustatzaileak hau aldarrikatu du: "7. eraikin-sailari dagokionez, atzeraemanguneak ez dira zehaztu eraikuntza lerroari jarraipena emateko helburuz, gehieneko lerrokadurak baitira, ezta bide publikoan eraikinak bereizteko espazioari edo itxurari buruzko helburu batez, baizik eta aparkalekuak eraiki ahal izateko. 7. eraikin-saila triangelu formakoa da. Beraz, aurrealdearen eta azaleraren arteko proportzioa askoz handiagoa da eraikin-sail laukizuzen batean baino, eta 10 metro aski dira helburua lortzeko. Gainera, ez da eraikin-sail horretako kontua bakarrik, 11. eta 12. eraikin-sailetan ere 10 metroko atzeraemangunea baitago. Bestalde, ez dago beste eraikin-sail batzuekiko mugarik ez lerrokadurarik. Eraikin-sail hurbilena 50 metrotik gorako distantziara dago, eta ez dago lerrokaturik, baizik eta ia 90 graduko angelua eratzen duela, eta zuzkidura-erabilera du. Lerrokadurak xehetasun azterketa bidez alda daitezke".

Sustatzaileak, gainera, planeamenduaren "ius variandi" delakoa aipatu du alegazioei buruzko txostenean. Hau adierazi du: "Gure ordenamendu juridikoak eta jurisprudentziak lurraldearen zein hirigintzaren planeamendua aldatzeko administrazio ahala (ius variandi) aintzatesten dute. Planeamendu horiek arau juridikoak dira, eta, arau guztiak bezala, ordenamendu juridikoa irauteko asmoarekin jasotzen dituzten arren, errealitatearen arabera molda daitezke, eta moldatu behar dira, unean uneko premia eta egoeren arabera. Izan ere, horrela egiten ez bada, gerta daiteke ordenamendu eta planeamendu horiek, denborarekin, egoera aldatu delako edo iritzi berriak sortu direlako, interes publikoarentzat eta ukitutako interes pribatuentzat kaltegarri bihurtzea.

Horiek horrela, plangintzarako administrazio ahalak barne hartzen du planeamendua aldatu ahal izatea, interes publikoaren inguruabar aldakorretara egokitzeko".

Bidezkoa da alegazioa ezestea.

2. Orkoiengo Udalak aurkeztutako alegazio idazkia.

1. alegazioa, Timac-Agro enpresaren jarduera legeztatzea.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazi du indarrean dagoen arauditik ondorioztatzen dela ezin dela bulego erabilera, hots, hirugarren sektoreko erabilera, ezarri erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako lurzati batean, eta irtenbide bakarra izanen litzatekeela erabilerak bateragarri egiteko mekanismoren bat ezartzea, eta horrek industrialde osoari eraginen liokeela. Alegatzailearen iritziz, araudiaren aldaketa hori oso garrantzitsua izanen litzateke eta, beraz, aurretik azterketa sakona egin beharko litzateke; bestela, industrialdearen gaur egungo izaera aldatzeko arriskua legoke, industria erabileraren kalterako, eta hirugarren sektoreko erabilerak baino gehiago babestu behar da erabilera hori.

Erantzuna:

Aldaketaren bidez ez da aldatu udalez gaindiko plan sektorialaren araudiaren 66. artikulua, zeinak arautzen baitu erabilera anitzeko ekipamendu pribatua. Aratzuri-Orkoien Industria Eremuaren udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketan ezarritako erabileren zerrenda jaso da, eta erabilera anitzeko ekipamendurako eraikin-sailen zehaztapen xehatuei eragiten die. Duela gutxi onetsi da, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 22ko 118E/2023 Ebazpenaren bidez, eta Oltza Zendeako Udalaren 1. alegazioari emandako erantzunean aipatu da. Aldaketa horrek, beste erabaki batzuen artean, 66. artikuluaren idazkera aldatzen du: erabilera anitzeko ekipamendutzat jotzen diren beste erabilera batzuk aldatzen ditu, eta, besteak beste, "administrazioa eta bulegoak" erabilera gehitzen du.

Aldaketa horiek alegatu edo errekurritu behar ziren jada onetsi den espedienteen izapideak egin zirenean.

Ez da bidezkoa alegazio hori baietsi edo ezestea.

2. alegazioa, gehieneko altuerak aldatzea.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak uste du 11.1 lurzatirako proposatu diren gehieneko altuerak (B+5, 24 metro) ez daudela justifikaturik eta ez direla komenigarriak, hainbat arrazoi direla eta. Azkenik, esan du indarreko araudian daudenei eutsi behar zaiela.

Erantzuna:

Aldaketa honen helburua ez da gehieneko altuera aldatzea. Oltza Zendeako Udalaren 1. alegazioari emandako erantzuna berriro baliatuko dugu.

Bidezkoa da alegazioa ezestea.

3. alegazioa, udalez gaindiko plan sektorialaren arauak aldatzea.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak erabilera anitzeko ekipamenduari buruz gogoratu du araudiaren 66. artikuluan erabilera horretarako lurzatien azalera mugatzen dela. Horrez gain, aipatu du 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamenduak, 26-D artikuluan, ezartzen duela erabilera anitzeko ekipamenduaren azalerak gutxienez azaleraren % 4 izanen dela, nahiz eta industrialdeak estandar hori gainditzen duen, baita aldaketa hori kontuan hartuta ere. Uste du azalera horien aldaketa ez dela lurzatiz lurzati egin behar, lurzoruaren jabeen unean uneko beharren arabera, baizik eta industrialdea eta bertako ekipamenduak birplanteatuz.

Erantzuna:

Oltza Zendeako Udalaren 1. alegazioari buruzko idazkiari emandako erantzuna baliatuko dugu, zehazki, legez ezarritako gutxieneko moduluei dagokienez.

Bestalde, sustatzaileak azaldu duenez, "araudiaren 66. artikuluan ezarritako azalerak ez datoz bat indarrekoekin, 2001ean 4.1 lurzatia erabilera anitzekoa izatetik industriala izatera aldatu zenez geroztik, ez eta hemen egin nahi den aldaketarekin ere; beraz, beharrezkotzat jotzen da artikulu hori egokitzea. Inkoherentziarik ez izateko, 66. artikuluan erabilera anitzeko azalerei egiten zaizkien erreferentziak kenduko dira, udalez gaindiko plan sektorialaren beste atal batzuetan jada jasota baitaude.

Horrela, behin betiko onespena jasotzeko aurkeztu den dokumentuan 66. artikulu horren idazkera aldatu da, eta kendu egin da guztizko azalera ordenatuaren gaineko erabilera anitzeko ekipamenduaren ehunekoa.

Gainera, aldaketaren planteamendua, sustatzailearen iritziz, "lurzatiz lurzati egin daiteke baldin eta hirigintzako proposamena ez bada abaguneko arrazoi hutsen bidez justifikatzen, baizik eta hirigintzako arrazoien bidez eta interes orokorrarekin bateragarri den moduan".

Bidezkoa da alegazioa hein batean baiestea.

4. alegazioa, hirigintzako dispentsa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak uste du, industrialdeko ekipamenduak orokorrean birplanteatzen ez badira, edo erabilerak, altuerak eta lerrokadurak aldatzen badira lurzati gehienak jada eraikita daudelarik, hirigintzako dispentsan eror litekeela, zeina aurreikusten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 80. artikuluan.

Erantzuna:

Sustatzaileak hau argudiatu du: "Kontuan hartu behar da hirigintza bera eta hirigintzaren adierazpen nagusi diren eraikuntza egintzak ‘bizirik’ daudela, hau da, mugagabeko indarraldia dutela (hala esaten da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 46. artikuluan udalez gaindiko plan sektorial bati buruz). Hortaz, eraikuntzak aipatzen ditugunean, oinplano berrikoez gain –nahiz eta horiek ohikoenak izan– beste batzuk ere badaude: eraldatzeko, suntsitzeko, ordezteko, eraberritzeko edo handitzeko eraikuntzak, besteak beste. Azken horiei ere indarreko hirigintza araudia aplikatzen zaie, izan jatorrizko araudia nahiz ondorengo aldaketen ondoriozkoa.

Gure ordenamendu juridikoak eta jurisprudentziak lurralde eta hirigintza planeamendua aldatzeko administrazio ahala ("ius variandi") aintzatesten dute. Planeamendu hori erregelamenduzko arau juridikoa da, eta, arau guztiak bezala, ordenamendu juridikoa irauteko asmoarekin jasotzen duen arren, errealitatearen arabera molda daiteke, eta moldatu behar da, unean uneko premia eta egoeren arabera, alegia. Izan ere, horrela egiten ez bada, gerta daiteke ordenamendu eta planeamendu horiek, denborarekin, egoera aldatu delako edo iritzi berriak sortu direlako, interes publikoarentzat eta ukitutako interes pribatuentzat kaltegarri bihurtzea.

Horiek horrela, plangintzaren gaineko administrazio ahalak barne hartzen du planeamendua aldatu ahal izatea interes publikoaren inguruabar aldakorretara egokitzeko".

Ildo horretatik, dokumentuaren memorian aldaketa proposatuen arrazoiak jaso dira, eta, gainera, aldarrikatzen da aldaketek bat egiten dutela interes orokorrarekin. Hortaz, uste dugu hori ez dela dispentsa erreserba, baizik eta planeamendua aldatzeko ahalaren aplikazio arrazoitua.

Horri buruz, amaitzeko, sustatzaileak hau adierazi du: "Ez dugu nahastu behar ‘kasu zehatz baterako arau-salbuespena’ –legeak saihestu nahi duena, jakina– aldaketa honetan egindako proposamenarekin".

Bidezkoa da alegazioa ezestea.

5. alegazioa, 7. lurzatiko aprobetxamenduak 11.1 lurzatira aldatzea.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak uste du ez dela bidezkoa aprobetxamenduak aldatzea, eta erabileraren aldaketan 7. lurzatiari aplikatu behar zaizkiola udalez gaindiko plan sektorialean gainerako industria lurzatietarako ezarri diren antolamenduko irizpideak. Horren ondorioz, adierazi du ez dela bidezkoa lerrokadurak aldatzea azalera okupagarria handitzeko, ezta onartu ahal diren solairuarteko ehunekoak ere, eta ez dela bidezkoa ez hori ‘aprobetxamenduaren galeragatik’ justifikatzea, ez altueren % 240 handituz lortzea.

Gainera, uste du hiri lurzoru finkatuan eraikigarritasuna handitzen denean zuzkidura jarduketa batez ari garela.

Erantzuna:

Lehenik eta behin, 4. alegazioari emandako erantzuna errepikatuko dugu, zehazki, planeamendua aldatzeko administrazio ahala ("ius variandi") baliatzeari dagokionez.

Edonola ere, memorian adierazten den bezala, aldaketan erabaki da udalez gaindiko plan sektorialean hasieratik erabili ziren irizpideei jarraitzea. Irizpide horiek ondorioztatu egin dira, ez baitira esplizituak.

Horrela, memoriaren 7. atalean azaldu dira eraikigarritasunen eta okupazio azaleren esleipen berria justifikatzeko arrazoiak.

Hala, sustatzaileak aurkeztutako alegazio txostenean hau azaldu du:

"Egiazta daitekeen bezala, eta memorian bertan adierazten den bezala, industriarako 7. eraikin-sail berrian goiko solairuetako gehieneko azalera eraikigarria gehieneko okupazioaren % 30 da; eta erabilera anitzeko ekipamendurako 11.1 lurzati berrian % 200 da, udalez gaindiko plan sektorialeko gainerako lurzatietan bezala. Oinplanoko okupazioari dagokionez, eraikin-sail guztietan ez dago ehuneko bera, parametro hori ez baita homogeneoa. Egiazta daitekeen bezala, ordea, eraikin-sail aldatuetako oinplanoko okupazioa udalez gaindiko plan sektorialeko gaineko eraikin-sailetako okupazio-tarteen barruan dago".

Bestalde, aldaketa honen helburua ez da gehieneko altuera aldatzea. Oltza Zendeako Udalaren 1. alegazioari emandako erantzuna berriro baliatuko dugu.

Jarduketa motari dagokionez, kontuan hartuta aldaketaren xedea bi lurzatiren hirigintza erabilera aldatzea dela, zuzkidura jarduketa gisa egokia da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 90. artikuluarekin bat. Hala ere, antolamendu berriak ez dakar berekin bi eraikin-sailetako eraikigarritasuna handitzea, ezta bi eraikin-sailetako aprobetxamendua handitzea ere. Beraz, ez dago lurzoru emate gehiagoren beharrik aprobetxamendua handitzeagatik, ezta zuzkidura publikoetarako ere.

Bidezkoa da alegazioa ezestea.

6. alegazioa, lerrokadurak aldatzea.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazi du A eta B kaleetara begira dauden lurzati guztietan –3., 5. eta 6. lurzatiak dira– indarrean dagoen udalez gaindiko plan sektorialean eraikuntzaren 15 metroko atzeraemangunea ezarri dela aurrealde horretan, eta 7. lurzatiari aplikatu behar zaiola, poligonoaren antolamenduarekin bat etorrita.

Alegatu egin du, edonola ere, 7. lurzati horrek aurrealdean duen lerrokadura ez dagoela justifikaturik, ezta 11.1 lurzatiak albo batean duena ere, zeina, beraren ustez, mantendu behar baita.

Erantzuna:

Berriro aipatuko dugu 4. alegazioari emandako erantzuna, plangintzaren "ius variandi" kontzeptuari dagokionez, eta Oltza Zendeako Udalak idazkian jaso duen 2. alegazioari emandako erantzuna, lerrokadurei dagokienez.

Hala ere, lerrokadura berriak behar bezala justifikatu dira memorian.

Bidezkoa da alegazioa ezestea.

7. alegazioa, araudiari buruzko atal zehatzak.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak uste du dokumentua zuzendu behar dela indarreko araudiari eta araudi aldatuari buruzko atal bat gehituz.

Erantzuna:

Izapideei hasiera emateko dokumentuan ez zegoen araudiaren inongo artikulurik aldatuta. Edonola ere, dokumentuan eraikin-sail guztien fitxa xehatuak jaso dira, indarrean daudenak eta proposatzen direnak.

Gainera, 3. alegazioari eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostenari erantzunez, behin betiko onespena jasotzeko aurkeztu den dokumentuan 66. artikulua zuzendu da, eta zortasun aeronautikoei buruzko beste bat txertatu da.

Horren ondorioz, indarreko araudiari buruzko atal bat txertatu da (bertan jaso da 66. artikuluaren indarreko idazketa), baita araudi berriari buruzko beste bat ere.

Bidezkoa da alegazioa baiestea.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko uztailaren 20ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak) ezarritakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea Aratzuri-Orkoien Industria Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea. 7. eta 11. eraikin-sailei eragiten diena. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

3. Espedientearen izapideak egitean eman diren txosten sektorialetan xedatutakoa beteko da. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez edo obrak egitea baldintzatu ahal duten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

4. Ebazpen hau eta onetsitako araudia (eranskinean dago jasota) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Onetsitako dokumentua eskuragarri egonen da Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Eraginaren Atalari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari, Orkoiengo eta Oltza Zendeako udalei, sustatzaileari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. "Adieraztea ebazpen honek bukaera ematen diola administrazio bideari eta honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal dela, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurrez errekerimendua egin dezakete Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko uztailaren 31n.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2311287