177. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZOZKO KONTZEJUA

Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza. Behin betiko onespena

Azozko Kontzejuko Batzarrak, 2023ko maiatzaren 16an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena Azozko Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak.

Informazio publikorako iragarkia argitaratu zen 2022ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua.

Azotzen, 2023ko abuztuaren 11n.–Kontzejuburua, Pablo Garde Azpiroz.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA AZOZKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Azozko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (foru lege hori abereen osasunari buruzkoa da); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe ezarrita dagoena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Azozko Kontzejuari dagokio ahalmena herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Azozko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Egin nahi bada lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Azozko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Azozko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Jarraikiko zaio Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Azozko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta behar diren ekintza guztiak egin beharko ditu haiek defendatzeko.

8. artikulua. Azozko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza; horretarako, aurretik beharko da Aholkularitza Juridikoko idazkariaren txostena edo, hala bada, legelariaren txostena, eta entzunaldia eman beharko zaio interesdunari. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko. Herri-ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, berariaz adierazi behar da herri-ondasun direla.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Azozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Azozko Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du komunikazio horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Herri-lurren gaineko jabariari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demanda judizialetan, Azozko Kontzejuak ezin du etsi, ezta haiei amore eman ere, non ez duen Korporazioak osoko bilkuran hala erabakitzen, kideen legezko kopuruaren gehiengo osoz. Gainera, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da aitzinetik.

11. artikulua. Azozko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du, beti, suntsitzeko baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta baliatuko da ahalmen hertsatzaileez. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da. Betiere, jarraitu beharko zaie maizterrak administrazio bidetik utzarazteko prozeduraren gaineko arauei, toki araubidearen indarreko legedian ezarri bezala.

12. artikulua. Azozko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala jarriko dira indarrean, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Azozko Kontzejuak ez dituenean sustatzen bidezko diren akzioak herri-lurretako ondasunak defendatzeko, zilegi izanen dira auzotarren akzioak, zehazki Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren 26. artikuluak ezarritako moduan. Azozko Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA.–Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Azozko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen.

16. artikulua.

1. Orokorrean, Azozko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Azotzen egiazki bizitzea, edo herrian atxikimendua eta errotzea edukitzea, ekonomiaren, familiaren edo ekoizpenaren aldetik; agiri bidez frogatu beharko da.

d) Egunean izatea Azozko Kontzejuarekiko eta Ezkabarteko Udalarekiko betebeharrak.

2. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Azozko Kontzejuak argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua.

1. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da izanen azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa.

2. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere.

3. Hala ere, laborantzako herri-lurren edo herri-larreen aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, aski izanen da toki-erakundearen iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

II. KAPITULUA.–Herri-larreen aprobetxamendua

18. artikulua. Azozko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

d) Azozko Kontzejuak berak ustiatzea herri-lurrak.

19. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki beharko dituzte abeltzaintza arloko eskumenak dituen departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Udalaren baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

Kontzejuak noiznahi eskatzen ahalko du aurrekoa frogatzeko agiriak aurkeztu eta arrazoitu ditzala.

20. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.

21. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

22. artikulua. Aurreko urtean ordainduko da urteko kanonaren zenbatekoa. Kontzejuak erabakiko du zer kanon ezarri, deialdi bakoitzean, agiri arautzaileak onetsiz horretarako, eta urtero berrikusiko da kanona, bizitzaren garestitzera egokitzeko. Hala, erreferentzia izanen da Nafarroako urtetik urterako kontsumoko prezioen indizea (KPIa), arlo horretan eskumena duen agintariak urtero argitaratzen duena.

23. artikulua. Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean, jarri beharko du adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %2, fidantzatako.

24. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak beharko du osasun ziurtagiria, frogatzeko betetzen direla behar diren baldintzak, ezarrita daudenak herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan, eta bete beharko ditu, halaber, egoki den foru legean eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak.

Kontzejuak noiznahi eskatzen ahalko du aurrekoa frogatzeko agiriak aurkeztu eta justifikatu ditzala.

25. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari eta abeltzainentzako kalteak eragozteko, Azozko Kontzejuak honako baldintza hauek ezartzen ditu:

1.–Adjudikazio-hartzaileak belaia garbi eduki behar du belar txar, sasi, iratze eta abarretatik.

2.–Adjudikazio-hartzaileak ezarritako denboran eta moduan ongarritu beharko du belardia.

3.–Debeku da herri-lurrean paratzea atakak, barne itxiturak eta askak.

4.–Abeltzain bakoitza arduratuko da bere azienda kontrolatzeaz eta zaintzeaz.

5.–Orokorrean, adjudikazio-hartzaileak behar diren ekintza guztiak egin beharko ditu belaiaren emankortasuna mantentzeko; adjudikazioaren hasierako egoera berean egon beharko du.

6.–Azienda ezin da libre bazkatu herri-lurraren perimetroaren eremutik kanpora.

7.–Ez da baimenduko zuzenean igarotzea finka pribatuetatik herri-lurretara, salbu lurzati partikularren jabeek emandako baimena baldin bada, eta aziendak bide publikoetatik eta herri-lurretako ataketatik sartu beharko du.

8.–Adjudikazio-hartzaileak erantzukizuneko aseguru bat kontratatu beharko du, haren bidez estaltzeko abeltzaintzan aritzean lurzatian eragindako kalteak.

Bestalde, aldi hauek ezarri dira, gutxi gorabeherakoak, espezie bakoitzak herri-lurraren aprobetxamendua egin dezan.

–Behi azienda: apirilaren 1etik urriaren 30a arte.

–Ardi azienda: urte guztian.

–Behor azienda: urriaren 1etik martxoaren 31 arte.

26. artikulua. Prozedura. Azozko Kontzejuak aurretik erabakia hartuta, 20 egun balioduneko epea hasiko da, larreen adjudikazio zuzena eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, aitzinetik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki-erakundearen iragarki-taulan.

27. artikulua. Azozko Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako baldintza hauek kontuan harturik:

a) Guztira irabazpide urrienak dituzten familia-unitateek izanen dute lehentasuna.

b) Har dezaketen abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira bazkatokiak, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkatoki bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, baldin guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen abelburu karga baino handiagoa. Halakoetan, kanona abelburuko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, baldin behar adina azienda badu eta bete badira herriko gainerako abeltzainen eskaerak.

28. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 egun balioduneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

29. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, 8 urterako, jarraikiz indarreko arauei eta ordenantza honetan xedatutakoari, aplikatzekoa den horretan.

Kontzejuak finkatuko du larre bakoitzaren hasierako prezioa; prezio hori izanen da inguruan ezaugarri berdintsuak dituzten lurrak errentan hartzeko prezioaren parekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

III. KAPITULUA.–Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

30. artikulua. Herri-basoetako aprobetxamenduak eginen dira jarraikiz basoen arloko foru araudiak ezarritako baldintzei eta baimenei. Administrazioen arteko lankidetzaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan basoen arloan eskumena duen departamentuak txosten bat eginen du, toki-erakundeak eskatuta, aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoari buruz. Balorazioa orientabide modura eginen da, eta ez da loteslea izanen.

Herritarrek etxerako eta materialetarako egurraren aprobetxamendua egiten dutenetan, toki-erakundeak finkatuko ditu zenbatekoa, epeak eta gainerako baldintzak, eta ez da inola ere onartuko saltzea.

31. artikulua. Azozko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Azozko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

32. artikulua. Epaitzak zuzenean aprobetxatuko dira.

33. artikulua. Toki-erakundeak, Foru Komunitateko Administrazioak baimendu ondoren, epaitzen aprobetxamenduak ematen ahal ditu, bertako usadio eta ohituren arabera. Ordenantza honen 16. artikuluan aipatutako baldintzez gain, honako hauek ere eskatuko dira:

a) Onuradun izateko, beharrezkoa izanen da familia-unitatearen kide bakoitzeko edukitzea lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik behera, edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak egotea aipatutako soldata gehi erdiaren azpitik.

Familia-unitatean baldin badago ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera, kide bakoitzeko.

b) Oinarrizko lotearen bolumena izanen da zortzi metro kubiko etxe bakoitzeko.

Onuradunei eman beharreko loteak kalkulatuko dira ereduzko loteari honako koefiziente hauek aplikatuz:

–Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

–Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 1,5 koefizientea.

–Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

–Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 2,5 koefizientea.

–Lote guztiek ez dute inola ere gaindituko mendiaren urteko errentaren edo ahalmenaren %25.

c) Toki-erakundeak, kontuan hartuta bere herri-ondasunen ezaugarriak eta herriko baldintza sozialak, proportzionalki eta justifikatuta apaltzen ahal ditu a) eta b) letretan ezarritako faktoreak, baina ez goratu.

d) Basoko produktuen lote horiek ezin izanen dira bakarka ustiatu: toki-erakundeek batera ustiatu beharko dituzte. Besterendu eginen dituzte eta onuradunei salmentaren zenbatekoa emanen diete, markatzearen eta enkantearen gastuak kendu ondoan.

34. artikulua.

1. Oro har, enkante publikoaren sistema erabiliko da, jarraikiz 17. artikuluari eta tokiko kontratazioaren arloan ezarritakoari, azpiatal honetan ezarritako berezitasunen arabera.

2. Enkantea hutsik geldituz gero, eta zur eta egurretako aprobetxamenduen ondorioetarako soilik, egin ahal izanen dira bigarren enkante bat eta, beharrezkoa bada, hirugarren bat ere bai; tasazioaren hasierako prezioa %10 merkatuko da bigarren enkantean, eta %30era bitarte, berriz, hirugarrenean.

3. Ez baldin bada aplikatzen aurreko paragrafoan xedatutakoa, edo azkeneko enkantea izan ondoren hutsik gelditzen bada eta, hala ere, Azozko Kontzejuak beste eskaintza bat jasotzen badu, orduan haren balio ekonomikoari buruzko txostena eskatuko dio basoen arloko administrazioari. Halakoetan, toki-erakundeak zur eta egurretako aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu jarraikiz ordenantza honen 39. artikuluari.

35. artikulua.

1. Azozko Kontzejuak eskatuta, zur eta egurretako baso aprobetxamenduak lote desberdinetan zatitu ahal izanen dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

2. Zenbait toki-erakunderen zur eta egurretako aprobetxamenduak lote bakarrean biltzen ahal dira, besterentzeko. Horretarako, eta zur eta egurretako produktuak saltzeari dagokionez, salmenta-zentralak erabili ahal izanen dira, jarraikiz kontratu publikoei buruzko foru legeei eta foru lege honek salmenta-zentraletarako xedatutakoari.

36. artikulua.

1. Azozko Kontzejuak esparru-akordioak egin ahal izanen ditu enpresa batekin edo gehiagorekin, zur eta egurretako produktuen aprobetxamendua egiteko. Esparru-akordioetan honako hauek zehaztu beharko dira gutxienez: indarraldia, baldintza tekniko eta administratibo orokorrak, ezaugarri bolumetrikoak eta aprobetxamenduen produktu-motak eta prezioak.

2. Esparru-akordio horiek onesteko prozedura erregelamendu bidez garatuko da.

Osagarri gisa, eta zur eta egurretako produktuak saltzeari dagokionez, jarraituko zaio kontratu publikoei buruzko foru legeetan xedatuari.

37. artikulua.

1. Azozko Kontzejuak zur eta egurretako aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu, enkantearen izapidea egin gabe, kasu hauetan:

a) Lote bakarraz osatuak daudenean eta kubikazioak erregelamenduz zehaztutakoak direnean.

b) Aprobetxamenduak egiten direnean herri-lanetarako, edo interes publikokoak diren obra pribatuetarako, urgentzia aitortua izanik.

c) Mendiko produktuak premiaz erauzi behar direnean, basoko suteengatik, izurriteengatik eta gaitzengatik edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak izateagatik.

d) Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 166.3 artikuluan edo ordenantza honen 72.3 artikuluan jasotzen diren kasuetan (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

2. Artikulu honetako 1. apartatuko b) eta c) letretan jasotzen diren kasuetan, txostena egin beharko du Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan basoen arloko eskumena duen departamentuak, eta loteslea izanen da.

38. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie mendi zaindariek edo Udaleko nahiz Kontzejuko mendizainek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

VI. KAPITULUA.–Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

39. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako ehiza barrutietako aprobetxamendua eginen da jarraikiz gai horri buruzko foru araudiari.

40. artikulua. Herri-lurrak okupatzeko, herri-lurretan harrobiak ustiatzeko eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendutarako edo hobekuntzatarako, jarraitu beharko zaie kasu bakoitzerako Azozko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-agiriei. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

41. artikulua. Azozko Kontzejuak, hemendik aurrera, ezin izanen die iratzeen aprobetxamendurik eman herritarrei. Lehenago espresuki nahiz isilbidez emandako iralekuak toki-erakundeari itzuliko zaizkio, baldin bi urtez segidan haien egiazko aprobetxamendurik egiten ez bada, deusetan ukatu gabe utzarazteko ahalmena, 6/1990 Foru Legeak aipatzen duen gisara.

V. KAPITULUA.–Hobekuntzak herri-ondasunetan

42. artikulua.

1. Azozko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Azozko Kontzejuaren osoko bilkuraren erabakia, onesten dituena dagokion proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautzeko erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta ondoren Azozko Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Foru Komunitateko Administrazioak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sortzen zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, baldin zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Azozko Kontzejuak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki ondotik eta aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

VI. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak

43. artikulua.

Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea bizilagunentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Kontzejuak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, larre utziak.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak etab.) Kontzejuaren baimenik gabe landatzea.

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen Erregelamendua.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Herri-lurrean paratzea atakak, barne itxiturak eta askak.

l) Herri-lurretako aprobetxamendurako aldiak ez errespetatzea.

m) Azienda kargaren mugak gainditzea.

n) Kontzejuaren eskutan ez uztea ordenantza honen 19. eta 26. artikuluek aipatzen dituzten agiriak, Kontzejuak zehazten dituen epeetan.

o) Animaliak behar bezala ez zaintzea edo kontrolatzea, edo herri-lurretatik kanpora bazkatzera uztea.

p) Norberaren nahiz besteren finka pribatuetatik edo horiek zeharkatuz zuzenean sartzea herri-lurrean.

q) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

44. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f), h), k), n), o) eta p) arau-hausteengatik, kontzesioa iraungiko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

g) eta l) arau-hausteengatik, kontzesioa iraungitzeaz landa, 5 urtez galduko da herri-lurren edo bertako larreen adjudikazio-hartzaile izateko eskubidea.

Arau-hauste guztiek, gainera, zehapena ekarriko dute, 60tik 12.000 euro bitarte.

Arestian xedatu denagatik ere, kalteak ordaindu beharko dira eta izan daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie.

Iragarkiaren kodea: L2311827