177. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

252E/2023 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Orkoiengo udal mugartean pentsuak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra De Heus Nutrición Animal SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 23ko 2362/2007 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 221E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2020ko urriaren 27an eta azaroaren 19an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, pikorrak egiteko lerro berri bat ezartzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko abenduaren 31n emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko abenduaren 31n emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, handitzeko proiektuak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2021eko uztailaren 26an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, proiektu hori gauzatu ahal izateko, hots, pikorrak egiteko lerro berri bat instalatzea, ekoizpena mantenduz pentsu pikortatuak %60 izatera igaro daitezen (gainerakoa, irinak).

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen II. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Orkoiengo udal mugartean pentsuak fabrikatzeko dagoen instalazio batean aldaketa nabarmen bat egiteko, aurrera eramatearren pikorrak egiteko lerro berri bat instalatzeko proiektua. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra De Heus Nutrición Animal SAU da.

Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea De Heus Nutrición Animal SAUra eta Orkoiengo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko uztailaren 31n.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2311818