1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
4/2023 FORU AGINDUA, abuztuaren 18koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez Osasuneko kontseilariaren esku uzten baita gora jotzeko errekurtsoen ebazpena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen arloan.
Funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariari dagokio gora jotzeko errekurtsoak ebaztea, kontseilaria baino maila baxuagoko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edozein organok arlo horren gainean emandako egintzei dagokienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121.1 artikuluari buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat. Esleipen bera egiten du otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren g) apartatuak (dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehaztu ziren), bai eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 110. artikuluak ere (dekretu horren bidez, erakunde autonomo horren estatutuak onetsi ziren).
Hala ere, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretu horren 9.h) artikuluaren arabera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokio, erakunde autonomo horri atxikiriko langileei dagokienez, langileria arloan jarritako gora jotzeko errekurtsoak tramitatzea.
Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Lege horren 6.2.j) artikuluan xedaturikoaren arabera, administrazio prozeduren arrazionalizazioak eta arintasunak gidatuko dituzte Foru Administrazio Publikoaren jarduketa eta funtzionamendua. Eskuratutako esperientziaren arabera, artikulu hori betetzeko, lagungarria da Osasuneko kontseilariaren esku uztea gora jotzeko errekurtsoen eta beste edozein erreklamazioren ebazpena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen arloan; izan ere, erakunde autonomo hori Osasun Departamentuari atxikita dago (irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 2. artikulua), eta Osasuneko kontseilariak esleiturik du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari lotutako gora jotzeko errekurtso guztien ebazpena (martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 artikulua eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuarren 110.1 artikulua).
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak xedatzen du kontseilariek beren eskudantzien erabilera beste baten esku uzten ahal dutela. Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.1 artikuluak ezartzen du organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahal direla. Errekurtsoak ebazteko eskudantziari dagokionez, artikulu horren 2. apartatuko f) letraren arabera, errekurritutako egintzen aurkako errekurtsoen ebazpena ezin da utzi egintzak eman zituzten organoen esku.
Azkenik, aipatu behar da eskuordetze honek ez duela galarazten Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik egin behar duen aginduzko txostena, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 4.o) artikuluan aurreikusia; izan ere, eskuordetze honen bidez ematen diren foru aginduak, ondorio guztietarako, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.6 artikuluari jarraikiz. Hori dela eta, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak txostena egin beharko du gora jotzeko errekurtso horien gainean, Osasuneko kontseilariari foru aginduaren proposamena igorri baino lehen.
Horrenbestez, aipatu araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Osasuneko kontseilariaren esku uztea indarreko araudiak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari esleitzen dizkion eskumenak gora jotzeko errekurtsoak eta beste edozein erreklamazio ebazteko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen arloan.
2. Eskuordetze honen bidez ematen diren foru aginduetan berariaz aipatuko da inguruabar hori, eta ondorio guztietarako, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira.
3. Foru agindu hau igortzea Osasuneko kontseilariari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.
4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 18an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.
Iragarkiaren kodea: F2312075