176. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

758E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena N-121 A errepidea, 10+500 KPtik 22+500 KPra bitarte (Burutaingo saihesbidea), 2+1 motako bide bihurtzeko proiekturako. Sustatzailea Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia da (Azterlan eta Proiektuen Zerbitzua).

Proiektua, bere ezaugarriak direla eta, sailkatuta dago 7.i) taldean (Herriguneetako saihesbideak eta errepide arruntak eraikitzea, sartuta ez daudenak I. eranskinean), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinekoan. Beraz, arau horretan xedatutakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.

2023ko martxoaren 6an, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskatu zuen, proiektu honetarako: "N-121 A errepidea 2+1 motako bide bihurtzea, 10+500 KPtik 22+500 KPra bitarte (Burutaingo saihesbidea)".

Aurkeztutako dokumentazioan, proiektu teknikoaz gain, ingurumen-dokumentua ere badago, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehaztutako edukiarekin bat datorrena.

2023ko maiatzaren 10eko 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat etorrita, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Izapide horretan 10 kontsulta egin dira eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren eta Ehiza Atalaren erantzunak jaso dira. Izapide horren emaitza ingurumen txosten honen II. eranskinean ageri da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz, hartan ezarritako baldintzen arabera.

–Aurrekariak.

2019an, ingurumen arloko administrazio honetan, "N-121 A errepidea, 10+500 KPtik (Olabeko zeharbidea) 22+500 KPra, 2+1 motako errepidea bihurtzeko eraikuntza proiektua" izapidetu zen 0001-0015-2019-000012 espediente-zenbakiarekin, Burutaingo saihesbidea barne hartuta. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuarekin bat, ingurumen-ukipenetarako baimena behar duen proiektuak ingurumen-ukipenen aldeko txostena du, 2019ko abenduaren 20koa, zenbait baldintzarekin.

2021eko otsailean, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak kontsulta egin zuen N-121 A errepidean zenbait herritako saihesbidea egiteko proposatutako alternatibei buruz (horien artean, Burutaingo saihesbidea). Ingurumen Eraginaren Atalak txosten bat eman du, non adierazten baitu kontsultako proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaiela, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin bat. Burutaingo saihesbidearen kasu zehatzerako, gainera, zenbait inpakturen berri ematen du: zaratak herrian handitu daitezke, habitatak zatikatu, basafauna harrapatzeko arriskua handitu eta errepidearen ezkerraldean dagoen hegaleko ameztia ukitu. Bide berriak ingurumen gainean dituen ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen, txostenak soluzio zenbait zehazten ditu: besteak beste, faunarentzako pasabideak sortzea eta bide osoan hesiak jartzea, fauna gurutzatzeko pasabide seguruetara bideratzeko.

Burutaingo saihesbidearen eraikuntza proiektua idaztean (15+100 KPtik 16+700 KPra arteko azpitartea), egiaztatu da hasieran hartutako soluzioak ez duela behar bezala konpontzen zarataren arazoa, trazadura Burutaingo hirigunetik oso hurbil dagoelako. Zarataren azterketa espezifikoak erakusten du hiriguneko gutxienez 5 etxebizitzatan gainditu direla gaueko aldirako legez ezarritako helburuak. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du irizpide anitzeko azterketa bat egitea zenbait trazadura-alternatibaren inguruan. Azkenean, 3. alternatiba hautatu da, zarataren arazoa behar bezala konpontzen duela eta bidearen pantailatzea hobetzen duela iritzita, Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenean zehaztutako baldintzak kontuan hartzeaz gain.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Gaingiroki azalduta, planteatzen da N-121 A errepidearen zatiaren trazadura aldatzea Burutainen, egungo bidea metro batzuk mendebalderantz mugituz eta hirigunetik urrunduz.

Diseinatu den errepideak bide bikoitza du noranzko bakoitzean, baita bi lotune ere, bata goian eta bestea behean, Burutainen, Iruñearen eta Irunen arteko mugimenduak ahalbidetzeko. Bide berriak 1626 metroko luzera izanen du, eta erabat hesituta egonen da. Errepide berria eraikitzeaz gain, proiektuan linea elektriko bat birjartzea aurreikusten da.

Proiektuak barne hartzen du, gainera, egungo errepidea eraistea, Burutaingo bidegurutzetik hegoalderantz. Ingurumen-inpaktuaren txosten honen I. eranskinean proiektuaren laburpena jaso da.

Burutaingo saihesbidea Anueko udalerrian kokatzen da, Nafarroako iparraldeko erdian, eta mendi-oina inguratzen du Luzuri inguruan, zeinak mendebaldetik mugatzen baitu Ultzama ibaiaren adarra den Eltzarrain ibaiaren ibarra.

Eraikuntza-fasean, proiektuak erliebearen aldaketa handia ekarriko du, lubakiak ireki eta dagozkien lur-erauzketa handiak eginen baitira, handiagoak izanen direnak errepidearen ezkerraldean (Iruña-Irun norabidean), baita mailen altueran 8 metrotik behin bermak dituzten ezpondak ere. Gainera, ezpondaren goialdean kale bat irekiko da linea elektriko bat birjartzeko. Lur-erauzketek 25 metrotik gorako altuera dute 0+280-0+920 eta 1+060-1+400 KPen artean. Bi tarte horien luzera, batera, 980 metrokoa da (bide berriak guztira 1.600 metro ditu). Erliebearen aldaketa horrek lur-mugimendu handiak eraginen ditu, hondeaketa-materialaren soberakina 330.056 m³ izanen baita. Material hori trazadura berriaren ondoan erabili gogo da, eskuineko ertzean, lubetak edo kabailoiak egiteko, zeinak V-1, V-2 eta V-3 hondartegiak izanen baitira.

Saihesbidearen trazadurak baso misto bat zeharkatzen du, ametz ilaundunez (Quercus pubescens) osatua eta ler gorri (Pinus sylvestris) ugari daukana. Hala ere, belardietan egiten da landarez estalitako eremuen okupazio iraunkorraren ukipen handiena. Ukitutako ameztia kontserbazio-egoera onean dago, eta barnean du ametz ilaundunaren (Quercus humilis) serie piriniar mendebaldekoak eta nafar-arabarrak (Roso arvensis-Querceto humilis sigmetum) berezko duen flora sail osoa: Cornus sanguinea, Ruscus aculeatus, Viburnum lantana, Crataegus monogyna, Acer campestre, Prunus spinosa, Lonicera xylosteum, etab.

Nabarmentzekoa da zenbait heskai ukitzen direla, lizarrak eta astigarrak dituztenak, bai eta belardiak dituzten katastroko lurzatietako muga diren edo horien erdian dauden zuhaixka ugari ere, hala nola Ziaurrizko bidea inguratzen duen landare-hesia (gehienbat Acer campestre espezieko aleez osatua dago), non tamaina handiko bi ametz ilaundun nabarmentzen baitira.

Proiektuak barne hartzen du egungo errepidearen mendebaldetik doan erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren tarte bat birjartzea (4673-2-ULZAMA-OSTIZ8 13,2KV linea), izapidetzen ari den proiektuan sartuta ez dagoena. Oro har, eta kontuan hartuta ardatzetik 12+12 m-ko segurtasun-kale bat, ardatzetik neurtuta, baita erdiko ardatzaren eta errepidearen adarren okupazioa ere, kalkulatzen da 2,21 ha-ko baso-azalera galduko dela.

Saihesbideak, lubakitan diseinatuta eta luzera osoan hesituta egonda, eta amezti sarri baten eta Eltzarrain ibaiaren ibar-hondoaren mugan kokatuta dagoenez, inpaktu oso nabarmena sortzen du konektibitatea galtzeagatik eta lurraldea zatikatzeagatik. Inpaktu hori minimizatzeko, Ingurumen Eraginaren Atalak 2021eko otsailean egindako txostenak adierazten zuen beharrezkoa zela funtzio anitzeko pasabide bat sortzea, faunaren mugimendu segurua ahalbidetuko zuena, eta neurri hori eraikuntza proiektuan sartu da.

Izapidetzen ari den proiektuak, eskaera horri erantzunez, sekzio angeluzuzeneko hormigoizko egitura bat proposatzen du, 7 metroko galibo horizontala eta 4 metroko bertikala dituena. Pasabide horretan, guztira 3,50 m-ko bide zolatu bat dago, fauna igarotzeko 2 m-ko bide bat, zoladurarik gabekoa, eta drainadurarako 1,50 m-ko areka trapezoidal bat (errekastoa pasatzeko). Pasabide hori non dagoen ikusita, ez dago argi baliagarria izanen den fauna igarotzeko; izan ere, baso-hegaletik doan irteera hurbil dago gasolindegi batetik eta Burutaingo herritik, eta argiak daude eta jende asko ibiltzen da bertan.

Nolanahi ere, Ingurumen Ministerioaren 2006ko faunarentzako pasabideak eta hesi perimetralak diseinatzeko preskripzio teknikoak kontuan hartuta (2015ean eguneratu ziren), non zehazten baita 3 km-tik behin gutxienez ezarri behar dela faunarentzako pasabide bat eremu humanizatuetan, irizten da gutxienekoak betetzen direla, zubiak daudelako Eltzarrain ibaiaren gainean: Ostizko saihesbidearen amaieran eta Etulaingo bidegurutzean. Edozein fauna taldek erabiltzeko moduko pasabideak dira, eta batetik bestera 2,5 kilometro daude. Bestalde, izapidetzen ari den proiektuaren amaieratik Olagueko saihesbidearen hasierarainoko obren tartea bukatuta, egiaztatu da heldu egin zaiola Biodibertsitatearen Zerbitzuak "N-121 A errepidea, 10+500 KPtik (Olabeko zeharbidea) 22+500 KPra, 2+1 motako errepidea bihurtzeko eraikuntza proiektua" proiekturako eginiko ingurumen-ukipenen txosteneko gomendioari, 16+800 KPan azpiko pasabide bat paratzeko aukera baliatu baita. Puntu hori betegarriaren gainean dago, ibarbidean, eta lehengo errepidean harri-lubetazko hormen gainean bermatzen zen bi ertzetan. Egun, leku funtzionala da tamaina txikiko eta ertaineko fauna hortik igaro dadin.

Faunari dagokionez, proiektuan proposatutako hesiaz gain, Etulaingo Kontzejuak N-121 errepideko (10+500 KP, Olabeko zeharbidea, 22+500 KP) tarteko obrak hasi ondoren eskatutako tartekoa ere sartu da txosten horren baldintzetan. Eskaera horren aldeko txosten partziala egin zuen 2022ko irailaren 28an Ingurumen Eraginaren Atalak, ontzat eman baitzuen obrako ehiza-itxitura luzatzea faunarentzat segurua den pasabide bakarraren inguruan (Eltzarrain ibaiaren gaineko zubia).

Proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurune hidrikoan, ez bada obrak egitean jariatze-urek Eltzarrain ibaira arrasta dezaketen solidoen karga, baldin eta euri asko egiten badu orduan.

Gaur egungo mailen aldean zarata handitzearen inpaktuari dagokionez, eta kontuan hartuta kalitate akustikoko helburuen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako mailak –Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarrita daude–, proiektuak aurreikusten du lur-kabailoi bat egitea, 180 m eta 160 m-ko bi tartetan banatuta, 20 m-tik gorako altuerarekin, eta pantaila akustiko bat paratzea, hura ere 40 eta 75 m-ko luzerako bi tartetan banatuta.

Errepiderako proposatutako trazadura berriak (ardatz nagusia eta loturako ardatzak) eta linea elektrikoaren saihesbideak bat egiten dute "Etxeberriko Bordaldea" 352 zenbakiko onura publikoko mendiarekin, eta baso-multzoa osatzen duten ametz batzuk moztu behar dira.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeari jarraikiz, proiektuak proposatzen du galdutako baso-azalera konpentsatzea lur-kabailoiak edo hondartegiak (V1, V2 eta V3) birlandatzearekin. Basoberritutako azalera ez da azpiegiturak hartzen duen azalera baino txikiagoa izanen, eta naturalizatu eta paisaian integratuko da. Ingurumen-dokumentuak honako espezie hauen 300 ale landatzea proposatzen du: Quercus pubescens, Crataegus monogyna eta Cornus sanguinea. Horretaz gain, proposatzen du Eltzarrain ibaiaren inguruan honako hauek landatzea: Alnus glutinosa, Rubus ulmifolius, Prunus espinosa, Cornus sanguínea eta Salix atrocinerea. Aurrekontu zenbatetsian jasota dago 300 Quercus robur, Acer campestre eta Acer monspessulanum landatzea.

Bide berriak Etsaingo ehiza-barrutia (NA-10.383) ukitzen du, eta, beraz, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Ehiza Atalari egin zaio kontsulta. Atal horrek txostena egin du zenbait baldintzarekin, eta haren gogoetak ingurumen-inpaktuaren txosten honen baldintzetan sartu dira.

Ondare Arkitektonikoaren Atalaren 2018ko otsailaren 9ko txostenak adierazten duenez, udal planeamenduan katalogatuta dago Anueko 8. poligonoko 1. lurzatiko eraikina (Burutain), eta, beraz, galtzada berriak ez du egungo distantzia murriztu behar, ezta haren gaineko sestra igo ere. Soluzio berrian jasotako urruntzeak eta lubakian eraikitzeak, baita errepidearen mugan herri horrekin eraikitzen den kabailoiak ere, kultura-balio horren kontserbazioa bermatzen dute.

Ingurumen-dokumentuak ingurumen-integrazioko neurrien kapitulu bat jasotzen du, landareztaketa ardatz duena; horretarako, ezponda guztiak eta obrek ukitutako gainerako azalerak erein eta hidroereinen dira, eremuko espezie autoktonoekin eta bertakoekin.

Bestalde, proiektuak aurreikusten du egungo N-121 A errepideak hartzen duen espazioa birnaturalizatzea. Errepide tarte hori zerbitzuz kanpo geldituta, kendu eginen da, eta haren zati bat V1 hondartegiak okupatuko du.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak zehaztu du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1.–N-121 A errepidea, 10+500 KPtik 22+500 KPra bitarte (Burutaingo saihesbidea), 2+1 motako bide bihurtzeko proiektuak, Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatu duenak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoari jarraituz, eta, beraz, ez zaio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik egin behar (21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluaren 1. atalean aurreikusita dago ebaluazio hori).

Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:

1. Bete beharko dira 2019ko abenduaren 20ko ingurumen-ukipenen txostenean jasotako baldintza orokor guztiak. Txosten hori proiektu honetarako egin zen: "N-121 A errepidea, 10+500 KPtik (Olabeko zeharbidea) 22+500 KPra, 2+1 motako errepidea bihurtzeko eraikuntza proiektua", ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatu honen xedeko Burutaingo saihesbidearen tartea horren zati baita.

2. Ahalik eta gutxien ukituko dira zuhaitzak, eta ezinbestekoak baino ez dira botako, baldin eta kendu behar badira lan-kalea sortzeko enbor nagusian, adarretan, makinak mugitzeko kale osagarrietan eta linea elektriko berriaren segurtasun-kalean. Saihestuko da tamaina handiko bi ametz moztea, Ziaurrizko bidearen ezkerraldean daudenak, birjarpenari dagokion tartearen azken muturrean.

3. Zuhaitz bereziren bat kontserbatu behar bada, banakako babesa emanen zaio oholen bidez.

4. Zuhaitzak moztu aurretik baimena eskatu beharko zaio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari, hain zuzen ere Iruñeko koordinazio unitateari, bat etorriz Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen) eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoarekin.

5. 10 metroko distantzia gorde beharko da gutxienez Eltzarrai ibaiaren ertzetik aldi baterako pilaketak Anueko 8. poligonoko 432., 435., 442 A, 526. eta 447 A lurzatietan uztean (ibai horren eskuinaldean daude), ibaiertzeko landarediari kalterik ez egiteko.

6. Solido esekiak Eltzarrain ibairaino irits ez daitezen lehen aipatutako eremutik (aldi baterako lur-pilaketak), solidoei eusteko drainatze osagarriak eraikiko dira azaleko uretarako, kokatuko direnak Eltzarrain ibaira hustu aurreko lekuetan.

7. Ahal den guztietan, sarbideak alorretatik edo lehendik dauden bideetatik eginen dira, landaredi naturala ukitu gabe.

8. Saihesbidearen enbor nagusiaren ardatz osoa hesituko da, ongi itxita Ziaurrizko bidean fauna igarotzeko kokatutako funtzio anitzeko pasabidearen egiturarekin eta "2+1" motara egokitu berri den N-121 A errepidearen aurreko eta atzeko tarteekin. Hesiaren ezaugarriak, altuerari eta lurrari eusteko eta finkatzeko sistemari dagokienez, 2019ko abenduko ukipen txostenean adierazitakoak izanen dira.

9. Etulaingo Kontzejuaren eskaera hartuko da kontuan ehiza-itxiera luzatzeari dagokionez, bat etorriz Ingurumen Eraginaren Atalaren 2022ko irailaren 28ko txostenean ezarritako baldintzekin: hesia jartzea azken hormaren amaieratik (17+300 KP) Eltzarrain gaineko zubiko estribuko harri-lubetaren hasieraraino (17+500 KP), eskuineko ibaiertzean, eta abeltzaintzako itxituraren amaieratik (17+400 KP) obrako ehiza-itxituraren hasieraraino (17+540 KP), ezkerreko ibaiertzean.

10. Proiektuak adierazten duen bezala, baimendutako hondakin-kudeatzaile batek erretiratuko ditu proiektu berriarekin erabiliko ez den errepideko tarteko zoru-hondarrak, drainatze-obrak, seinaleztapena eta bestelako elementuak, bai eta obren ondoriozko beste edozein hondakin ere. Desegindako azalera garbitu, azpizolatu eta landareztatu eginen da ereintzak eginez eta zuhaixkak landatuz.

11. Obrak amaitu ondoren, kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira; horretarako, landare-lurra zabalduko da, eta lurzorua profilatu, harrotu eta landareztatzeko prestatuko da, 2019ko abenduko ingurumen-ukipenen txosteneko jarraibideak betez. Aldi baterako pilaketa-eremuak eta instalazio osagarrien eremuak sartzen dira, eta aurreko belardi erabilera emanen zaie berriz. Hidroereintza bikoitza eginen da lur-erauzketako ezpondetan, eta sinplea lubetetan eta obrako kabailoi eta hondartegietan, ingurumen-dokumentuan proposatutako hazien nahasketarekin.

12. Landaketatan, aurrekontu zenbatetsian adierazitako espezieak erabiliko dira (Quercus pubescens, Acer campestre eta Acer monspesulanum), bai eta Fraxinus excelsior eta esparru txikiagoko zuhaixka-espezie hauek ere: Crataegus monoguyna, Prunus spinosa, Viburnum lantana, Lonicera xylosteum edo Euonymus europaeus. Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea betez galdutako baso-azalera behar bezala konpentsatzen duten landaketak lur-kabailoien azaleran eginen dira; horrela, ingurumen aldetik integratuko dira eta paisaiaren gaineko eragina minimizatuko dute Burutaingo herritik, hiru lur-mendixka horiek paratuta.

13. Ziaurrizko bideko funtzio anitzeko pasabidearen azpiko errekastoa lehengoratzean, harria erabiliko da, ibai-ohean barne. Geometria zurrunak eta hormigoia saihestuko dira, harriak elkarren artean eta lurrera finkatzean izan ezik. Ez da zulorik sortuko drainatzearen irteeran eta sarreran, eta gaitasun hidrauliko bera bermatuko da.

14. Fauna irteteko arrapalak jarriko dira saihesbidearen hasierako eta amaierako muturretan, errepideak alboetan lur-erauzketarik ez duen lekuetan.

15. Eraikuntza proiektuak dokumentazio teknikoan deskribatutako bi pantaila akustikoak jasoko ditu.

16. Edozein aldaketa egiteko proposatutako proiektuan edo inpaktuak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurrietan, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalari jakinarazi beharko zaio, horien ingurumen-ebaluazio berria egin dezan.

17. Zerbaiten berri (obren hasiera, eta abar) eman behar pazaio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari, mezu elektronikoa bidaliko dio Iruñeko barrutiari (gmapamplona@navarra.es).

18. Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa abisatu beharko da (seguimiento.ambiental@navarra.es), espediente kodea aipatuz. Nolanahi ere, ingurumena zaintzeko planak proiektuarekin aurkeztutako ingurumen-dokumentuan xedatutakoari erantzunen dio, baita 2019ko abenduko ingurumen-ukipenen txostenaren baldintzei ere.

2.–Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4.–Ebazpen hau igortzea Anueko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA

Saihesbidearen ardatz nagusia 15+100 KPan hasten da, Eltzarrain ibaiaren gaineko egitura igaro ondoren (Ostizko saihesbidearen amaiera). Saihesbidearen luzera, guztira, 1.600 metrokoa da.

Trazaduraren zati handi bat lur-erauzketatik doa (lubakiko sekzioa). Zehazki, 0+280 eta 0+920 KPen artean eta 1+060 eta 1+400 KPen artean. Hau da, 980 metro inguru errepideko saihesbidearen 1.600 metroetatik.

Zeharkako sekzioari dagokionez, saihesbideak, irizpide orokor gisa, bi errei izanen ditu noranzko bakoitzeko (3,25 m aurreratzekoak eta 3,50 m eskuinekoak), 2 m-ko erdiko mediana, 1,50 m-ko bazterbideak eta 1 m-ko bermak.

Saihesbidearen enborraz gain, beste ardatz batzuk definitu dira gainerako adarretarako: norabide bakarreko adarrak, Burutain-Irun, Irun-Iruña eta Iruña-Burutain (4 m-ko erreiaz, 1 m-ko ezkerreko bazterbideaz eta 1,50 m-ko eskuineko bazterbideaz osatutako plataforma) eta bi noranzkoko adarra: lotura, saihesbidearen gainetik, 3,50 m-ko bi erreiko sekzioarekin eta 1 m-ko bazterbideekin.

Lur-erauzketako ezpondak lurraren kalitatearen arabera diseinatu dira; hala, ezponda lurzoru kolubialetan: 2V:3H eta ezponda harkaitz-substratuan: 2V:1H. 8 metrotik gorako altuera duten lur-erauzketetan, 3 metroko zabalerako bermak daude. Berma hori 8 metrotik behin errepikatzen da. Ezkerreko ibaiertzeko lur-erauzketan babes-areka bat eraikiko da, menditik datorren jariatze-ura jasotzeko eta oin-areketaraino eramateko. Betegarri gehienak harbetak edo zabor-legarrezkoak izanen dira. 3H:2V-ko ezponda batean diseinatzen dira.

Irizpide horiekin, 330.056 m³-ko lur-soberakina lortzen da (lurrak + arroka), eta lubetak edo kabailoiak egiteko erabiliko da trazadura berriaren ondoan pantaila natural gisa, errepide berria ezkutatzeko eta ikusmen- eta zarata-inpaktuak murrizteko. Proposatutako lubetek edo ildo-bizkarrek 363.381 m³-ko bolumena dute, eta V-1, V-2 eta V-3 hondartegiak izanen dira.

Instalazio osagarrien eremua Anueko 8. poligonoko 416. lurzatian dago, gasolindegitik hegoaldera. Obrak egin bitartean, materialak aldi baterako pilatzeko zenbait eremu erabiliko dira, guztiak ere Eltzarrain ibaiaren eskuineko ertzean dauden lurzatietan, Burutaingo herritik beherako uretan.

Egiturei dagokienez, bi proiektatu dira. Lehenengoa LOTURA ardatzerako saihesbidearen gaineko pasabidea da. 30 m inguruko argia duen egitura bat proposatzen da, hormigoizko habe prefabrikatuzko taula baten bidez egina, hormigoi armatuzko estribuen gainean bermatuta. Bigarrena Ziaurrizko bidearen eta haren ondoan doan errekaren azpiko pasabidea da. Hormigoi armatuzko egitura bat proposatzen da, sekzio angeluzuzenekoa, 7 m-ko galibo horizontala eta 4 m-ko bertikala dituena. Azpiko pasabide hori funtzio anitzeko pasabidea izanen da, eta, bide horrekiko lotura konpontzeaz gain, fauna igarotzeko eta zeharkako drainatzea egiteko funtzioa izanen du. Guztizko zabalera honela banatuko da: 3,50 m, zolatutako biderako; 2 m, faunaren zoladurarik gabeko pasabiderako; eta 1,50 m, drainadurarako areka trapezialerako (errekastoaren pasabidea).

Ehiza-sare bidezko hesia proiektatzen da saihesbide osoan zehar.

Proiektuak aurreikusten du egungo N-121 A errepideak hartzen duen espazioa birnaturalizatzea, errepidea zerbitzutik kanpo geldituko baita.

Proiektuak barne hartzen du egungo errepidearen mendebaldetik doan erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren tarte bat birjartzea (4673-2-ULZAMA-OSTIZ8 13,2KV linea). Proiektatutako obrek zuzenean ukitzen dituzte 7 euskarri (AP-2506 euskarritik AP-2514ra), 0+360 KPtik 1+350 KPra, gutxi gorabehera. Era berean, aldatu behar da Burutain aldera, baso berean zehar, gurutzatzen duen linea horren adar bat, 0+740 KParen parean.

Horrez gain, lurpeko zuntz optikoaren eta telefoniako lurpeko linearen zerbitzu ukituak birjarriko dira.

II. ERANSKINA.–UKITURIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT ETA PERTSONA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN EMAITZA

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, 2023ko maiatzaren 10ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, kontsulta-tramitea hasi zuen ukitutako administrazio publikoentzat eta pertsona interesduntzat. Zehazki, honako hauei egin zaie kontsulta:

–Anueko Udala.

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

–Basoen eta Ehizaren Zerbitzua.

  • Basoak Kudeatzeko Atala.
  • Ehiza Atala.

–Lurralde eta Paisaia Zerbitzua. Lurralde Antolamenduaren Atalarena.

–Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción.

–Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa.

–Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

–ADECANA Nafarroako Ehiztarien Elkartea.

–Sustrai Erakuntza fundazioa.

Erantzun hauek jaso dira:

–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

Atal horrek, 2023ko maiatzaren 23an, izapidetzen ari den proiektuaren aldeko txostena eman zuen. Adierazi zuenez, proiektua zela eta, eta Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren apirilaren 4ko 68/2023 Ebazpenaren bidez, presako esku-hartze arkeologiko bat egiteko baimena eman zen. Jarduketa horren emaitzatik ondorioztatu zen proiektuak ukitutako eremuan ez dagoela proiektu zibilak dakartzan lur-mugimenduek a priori uki lezaketen aztarnategirik.

–Ehiza Atala.

Atal horrek 2023ko ekainaren 8an jakinarazi zuen saihesbide berriak Etsaingo ehiza-barrutia ukitzen duela (NA-10.383). Barruti horretan, batez ere, hegazti migratzaileak (usoa eta birigarroa usategitik eta oilagorra) eta ehiza larriko espezieak (basurdea, orkatza eta oreina) harrapatzen dira. Saihesbidearen trazadura, funtsean, basokoak ez diren espazio irekietatik joaten da, eta hor ez dago baimendutako usategirik; beraz, ez da inpaktu zuzenik espero lehen aipatutako espezieen ehiza-aprobetxamenduan.

Txostenak azpimarratzen du errepideak "hesi-efektua" duela faunarentzat, baina nahikotzat jotzen du funtzio anitzeko pasabide bat paratzea saihesbidearen bi aldeetan faunaren nolabaiteko fluxu bat egon dadin.

Atal horrek aztertu du errepide horretan zer istripu-tasa dagoen ehiza-faunarekin, eta jakinarazi du 2016ra arte gutxienez 24 istripu izan direla ehiza-faunarekin tarte horretako 15. eta 17. kilometro puntuen artean. 2017tik 2022ra bitartean, jakinarazi dute 3 istripu gertatu direla basurdeekin, eta istripu bat orkatzekin (Foru Poliziaren datuak). Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak jaso dituen bilketa- edo heriotza-datuen arabera, harrapaketa hauek izan dira: urtxintxa bat, bi azkonar, igaraba bat, lepahori bat, sagarroi bat, miru gorri bat eta sai arre bat.

Bide berriaren ardatz nagusiaren kokapena ikusita, uste dute ezen, saihesbidea baso-masatik hurbilago egonik, bidera hurbiltzen diren animaliek gutxitzen ahal zaiela lehenago ikusteko aukera, eta, ondorioz, istripu-arriskua areagotu daitekeela.

Ildo beretik, jakinarazi dute ondoko baso-masan ehiza larriko bi uxaleku daudela diseinatuta, eta "Etsain" kuadrilla ehizan aritzen dela bertan ehiza-garaian. Errepideraino zuhaitzik gabe dagoen zerrenda txikitu denez, handiagoa da jardueran uxatutako animaliak saihesbidean bat-batean sartzeko arriskua.

Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute hesi zinegetiko bat jartzea, istripuak saihesteko asmoz fauna funtzio anitzeko azpiko pasabidera eraman ahal izateko, bai eta ingurumen-inpaktuaren txosten honen baldintzetan sartu diren beste neurri batzuk ere.

Iragarkiaren kodea: F2311411