176. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

563E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2023an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 712219.

Nafarroan enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen deialdi honen helburua da enpresa txiki eta ertainen (ETE) bilakaera teknologikoa edo eraldaketa digitala sustatzea, IKT soluzioak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) ezarriz eta teknologia gaitzaile digitalen bidez, ezarpen-proiektu mota hauekin:

• A mota. IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak.

• B mota. Eraldaketa digitalerako planean hautemandako eraldaketa digitaleko aukerak.

Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza hau ematea Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazio prozeduraren bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroan enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 1.000.000 euroko gastua baimentzea, G/810007/81200/7709/467900: "Dirulaguntzak. ETE-en digitalizazio proiektuak" izeneko partidaren kargura.

Guztizko gastu hori, era berean, honela banatuko da:

• 700.000 euro A motako proiektuetarako, hots: IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak.

• 300.000 euro B motako proiektuetarako, hots: eraldaketa digitalerako aukerak, Eraldaketa Digitalerako Planean atzematen direnak.

Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren proiektu mota baterako baimendutako gastuan soberakinik izanez gero, beste motarentzat baimendutako gastuari gehitzen ahalko zaio.

4. 1.000.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

5. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 8an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresen bilakaera teknologikoa edo eraldaketa digitala sustatzea, IKT soluzioak ezarriz (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) eta teknologia gaitzaile digitalen bidez.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza eskaera aurkezteko unean betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun (enpresaburu autonomoak, merkataritzako sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarte eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan edo ez):

a) ETE bat izatea, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren definizioaren arabera.

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea, eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ).

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidean ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta datu fiskalak kontsulta ditzan, bai eta eskatzailea alta emanda dagoen ekonomia-jardueren gaineko zergan ere, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egiten den unean.

2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate arloko araudiaren arabera, galera-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiri bidez, edo, pertsona juridikoa bada, administrazio-organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen baliokideak sinatutako ziurtagiri bidez, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila lortzen dutela adierazita. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran aurreikusitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate arloko araudiaren arabera, galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek, honako hauen bidez:

1. Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak auditatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adierazten baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskabidearekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, eskuratu ondoren, berehala aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.

Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

4. Enpresek laguntza-eskabidean jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dute oinarri honetako 1. ataleko baldintzak betetzen dituztela.

5. Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

a) Arrantza, akuikultura eta nekazaritza produktuen produkzio primarioko enpresak; izan ere, sektore horiek bazterturik daude Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikaziotik. Erregelamendu hori Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, "de minimis" laguntzei buruz.

b) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan jasota dauden sektore publikoko entitateak.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek ezartzeko proiektuak dira diruz lagungarriak:

a) IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak.

b) Eraldaketa digitalerako aukerak, Eraldaketa Digitalerako Planean atzematen direnak (aurrerantzean, EDP).

Adierazitako bi proiektu mota horietatik proiektu bana ezartzeko dirulaguntza emanen da.

2. Ezarpen proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. A mota. IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak:

Enpresan arazo bat konponduko duten edo negozio-aukera bat sortuko duten IKT soluzioak garatu eta ezartzeko proiektuak izanen dira, balio-kate horizontal eta bertikalaren harremanen esparrukoak. Orobat, enpresa-baliabideen kudeaketa eta barneko eta kanpoko logistika biltzen dituzten soluzioak, honako esparru hauetako batean kokatuak:

• Enpresaren prozesuen kudeaketa integratuko aplikazioak: ERP eta barneko eta kanpoko kudeaketa logistikoko aplikazioak (SCM, SGA, MRP eta CRM) edo produktuen urruneko euskarriko zerbitzuak eta produktuen eta zerbitzuen bizi-zikloa kudeatzeko aplikazioak (PLM, PDM, DFM).

• Business Intelligence tresnak eta prozesuak: datuen informazioa, bisualizazioa, tresnak eta azpiegitura aztertzera bideratutako sistemak eta enpresei datuetan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko gomendatutako jardunbideak.

• Big Data.

• Hodeiko zerbitzuak.

• Prozesu eta produktuen hobekuntza.

• Zibersegurtasuna.

• Hornitzailearen eta bezeroaren arteko harremanak.

• Erakundearen kudeaketa.

Proiektu horiek, gainera, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresaren eremuan berrikuntza ekarri beharko dute ikuspuntu teknologikotik edo produktuari, zerbitzuari edo antolaketari aplikatzearen ikuspuntutik.

b) Enpresak Nafarroan duen establezimendu batean ezarri beharko dira.

2.2. B mota: eraldaketa digitalerako aukerak, EDPan atzematen direnak.

Enpresak egindako EDPan aukera gisa atzematen diren soluzio teknologikoak garatu eta ezartzeko proiektuak izanen dira.

Soluzioak proiektu mota honetan kokatu ahal izateko, enpresak egindako eraldaketa digitalerako planak honako zehaztapen hauek hartu behar ditu erreferentzia gisa: UNE 0060:2018 zehaztapena eta UNE 0061:2019 zehaztapena (Industria 4.0. Digitalizaziorako kudeaketa sistemak). Gainera, arau horietan ezarritako irizpide eta dimentsioen arabera ebaluatu beharko du enpresaren egoera. Honako hauek dira dimentsioak: negozio-estrategia eta testuingurua, azpiegitura teknologikoa, antolaketa eta pertsonak, prozesuak eta produktuak eta zerbitzuak.

Aurreko paragrafoan adierazitako irismena duten EDPak baliozkoak izanen dira; besteak beste, deialdi hauen babesean egindakoak:

a) Industria Aktiboa 4.0 programako laguntzen deialdia, Industriaren eta ETE-en Idazkaritza Nagusiak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak sustatua.

b) "Eraldaketa digitalerako planak prestatzeko dirulaguntzak enpresentzat. 4.0 ibilbideak" izeneko deialdia, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak sustatua.

3. Ez dira diruz lagungarriak izanen Nafarroako enpresa digitala sustatzeko aurreko bi deialdietan diruz lagundutako proiektuak eguneratzeko edo mantentzeko proiektuak (Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak 2021. eta 2022. urteetan egindako deialdiak).

4. Dirulaguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten kargatzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.

5. Diruz lagungarriak diren proiektuetan garatzen diren jarduerek ez dute inolako kalte nabarmenik eraginen ingurumen-helburuetan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarri bezala. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Hautatutako soluzioa ezartzeagatik kanpoko enpresek laguntzaren onuradunari fakturatzen dizkioten gastuak izanen dira diruz lagungarriak:

a) Soluzioaren diagnostiko eta plangintza egiteko, definitzeko, garatzeko eta ezartzeko aholkularitza-gastuak eta baliokideak.

b) Software-lizentzia espezifikoen gastuak (on premise edo cloud), ezarri beharreko soluzio berritzailearekin lotura zuzena dutenak. Gastu horiek ez dira inolaz ere jarduera iraunkorrak edo aldizkakoak izanen, eta ez dira lotuta egonen enpresaren ustiapen gastu arruntekin.

c) Ekipo-ondasunak erosteko gastuak eta hardwarean, sentsoreetan, automatismoetan eta komunikazio-ekipoetan egindako inbertsioak, ezarri gogo den proiektuarekin zuzenean lotuak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, display-ak, tabletak, kontsolak eta antzekoak erosteko gastuak, salbu eta fabrikazio-prozesuetan datuak atzitzeko interfaze gisa baliatzen badira.

d) Hardwarean egindako gastuak eta inbertsioak, proiektuarekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere kostuen %30 hartuko dute.

Diruz lagungarria izateko, proiektuaren aurrekontuak gutxienez 5.000 eurokoa izan behar du (BEZik gabe).

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuak ez dauden gastuak.

b) Eskatzaileak berak edo hari lotutako edo elkartutako enpresek egindako gastuak. Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan definitutakoak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

c) Software lizentzien gastuak eta hardware gastuak, salbu aurreko atalean adierazitakoak.

d) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak eta, oro har, kontzeptu diruz lagungarrietan berariaz sartuak ez daudenak.

e) Enpresa onuradunaren produktu/zerbitzuen katalogoko produktuen edo zerbitzuen gastuak.

3. Gastu diruz lagungarriren bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoena.

Honako kasu hauetan, onuradunak ez daude behartuak hiru eskaintzak eskatzera, baina aipatutako inprimakian justifikatu beharko dira:

a) Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez dagoenean zerbitzu hori emateko edo hornidura egiteko entitate aski.

b) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

c) Lehendik egin denean hornitzaileen aukeraketa prozesu bat, bermatzen duena eskaintza tekniko-ekonomiko hoberena aukeratzea.

d) Gastua hautatutako hornitzailearekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

4. Gastu diruz lagungarriak ordaindu beharko dira sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoetan.

5. Gastu diruz lagungarriak egiteko epea 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartekoa da, egun hori barne.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu bada.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarrien gaineko laguntza-portzentajea %40koa izanen da, eta proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza, berriz, honako hau:

EZARTZEN DEN PROIEKTUA

GEHIENEKO LAGUNTZA

A. IKT soluzioak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak

30.000 euro

B. Eraldaketa digitalerako aukerak, Eraldaketa Digitalerako Planean atzematen direnak

40.000 euro

2. Onuradun bakoitzeko dirulaguntza gehienez ere 50.000 eurokoa izanen da.

Enpresa eskatzaileak adierazitako bi proiektu mota horietatik proiektu bana ezartzeko dirulaguntza emanen da. Enpresa bakoitzeko dirulaguntza gehienez ere 50.000 euro izanen da.

3. %5eko laguntza gehigarria emanen zaie neurri hauetakoren bat hartzen duten enpresei, emakumeen eta gizonen arteko lan arloko edozein bereizkeria saihesteko:

1.–Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esaterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia zigilua" eta abar).

2.–Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

3.–50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

a) Emakumeen eta gizonen berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

b) Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; eta hori, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.

c) Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/fomento-de-la-empresa-digital-2023 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio-ereduak eskuragarri egonen dira laguntzen fitxan, eta dokumentu bereizietan aurkeztu beharko dira, beren izenarekin behar bezala identifikatuta:

a) "Proiektuaren memoria", behar bezala beteta.

b) "Enpresaren informazio ekonomikoa" izeneko dokumentua, datu ekonomikoak eta sozietatearen osaera jasotzen dituena.

c) Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioaren erantzukizunpeko adierazpena.

d) Aurrekontuaren kopia, egin beharreko lanen zenbatekoak zehaztuta.

e) B motako proiektuetarako laguntza eskatzen bada eta proiektu horien EDPa ez bada egin 3.2.2 oinarrian adierazitako deialdien babesean, eskatzailearen EDPa aurkeztu beharko da.

f) "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakia eta 4.3 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

g) Zein den kasua, 5.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeagatik laguntza gehigarria jaso dezakeela frogatzen duena.

h) 2.2 oinarrian ezartzen den bezala, aukerakoa izanen da eskaerarekin batera aurkeztea hornitzaileei egin beharreko ordainketak egunean daudela egiaztatzeko dokumentazioa, oinarri horretan adierazten dena.

i) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

4. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztuko du, laguntzaren xedeko proiektu guztiak jasoko dituena. Dena dela, 2. oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzeko proiektu bati bakarrik emanen zaio dirulaguntza.

Proiektu bakoitzerako, 6.3 oinarrian ezarritako dokumentazio espezifikoa aurkeztuko da.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betetzen ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Goiko 3. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

7. oinarria.–Banakako ebaluazio prozedura.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazio prozedurari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3.2 oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Deialdi honetarako 1.000.000 euroko gastua baimendu da, honela banatuta:

• 700.000 euro A motako proiektuetarako, hots: IKT soluzio, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak.

• 300.000 euro B motako proiektuetarako, hots: eraldaketa digitalerako aukerak, Eraldaketa Digitalerako Planean atzematen direnak.

Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren proiektu mota baterako baimendutako gastuan soberakinik izanez gero, beste motarentzat baimendutako gastuari gehitzen ahalko zaio.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Industria Sustatzeko Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaizkie ebazpenak eskatzaileei, gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute egindako proiektua, edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabetera. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) "Justifikazioaren inprimakia", laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Inprimaki horretan, egindako proiektua justifikatzeko memoria bat egonen da, ezarritako gidoiaren araberakoa.

b) Fakturak eta haien ordainagiriak, eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egon beharko dutenak (bankuko dokumentuak bakarrik onartuko dira). Ordainketa horiek 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarte eginak izan beharko dira.

c) Gauzatutako inbertsioen ebidentziak: enpresan proiekturako ezarritako soluzio guztiak (hardwarea, softwarea, instalatutako lizentziak, etab.) egin direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea 9. oinarrian ezarritako moduan.

c) Ezartzen diren soluzioak aktiboak izatea gutxienez ere bi urtez, ordaintzea ebazten denetik aurrera.

d) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, laguntzak eskatzean aurkeztu ez badute, 2.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzeko.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen zaio dirulaguntzak kudeatzen dituen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

f) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du Nafarroan enpresa digitala sustatzeko 2023ko deialdian".

g) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, gertaera hauek dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekar dezakete:

a) Dirulaguntza emateko ebazpenean jaso daitekeen aurrekontuaren %30etik gora ez gauzatzea.

b) Justifikazioan jaso daitekeen zenbatekoa 5.000 eurotik beherakoa izatea (BEZik gabe).

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira, gastu berberetarako, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren (nazionalak edo nazioartekoak) beste dirulaguntza batzuekin, baina bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Ondorio horietarako, eskatzaileek eskabidean adierazi beharko dute zer dirulaguntza lortu dituzten helburu bererako beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

13. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

14. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-orrian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2311775