176. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CASTEJÓN

Deialdia, bete daitezen, oposizio-lehiaketa bidez, administrari-ofizialen bi plaza, eta sor dadin izangaien zerrenda bat, aldi baterako kontrataziorako

Ikusirik hasitako espedientea, deialdi honetarako: deialdia, bete dadin, oposizio-lehiaketa bidez, administrari-ofizialen plaza bat, Castejongo Udalaren zerbitzukoa, eta sor dadin izangaien zerrenda bat, aldi baterako kontrataziorako.

Kontuan harturik beharrezkoa dela deialdi horretako plaza kopurua handitzea, bi izan daitezen, aurreikusirik laster izanen diren erretiroak.

Kontuan harturik ezen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduak ezartzen duela, 11. artikuluan, administrazioetan sartzeko hautaproben deialdietako plaza kopurua gero handitu daitekeela, plaza huts guztiak bete arte, hots, kalifikazio-epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda jendaurrean jartzen duen egunean dauden plaza huts guztiak bete arte (erregelamenduaren 31.2 artikuluan aipatzen den zerrenda).

Ikusirik ezen 271/1993 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen duela, 15. artikuluan, honako formula honen arabera erreserbatuko direla igoera-txandako plaza hutsak, hautapen prozesuetako deialdi bakoitzean: lehenbizikoa, txanda irekikoentzat; bigarrena, igoera -txandakoentzat; eta hirugarrenetik aurrera, bakoitiak igoera-txandakoentzat eta bikoitiak txanda irekikoentzat.

Kontuan harturik beharrezkoa dela deialdiaren oinarriak aldatzea, plaza hutsen kopurua handitzeko, bigarren plaza erreserbatu behar baita txanda murrizturako.

Honen bitartez, ebazten dut:

Lehenbizikoa.–Onestea honako deialdi honen oinarri arautzaileak: deialdia, bete dadin, oposizio-lehiaketa bidez, administrari-ofizialen plaza bat, Castejongo Udalaren zerbitzukoa, eta sor dadin izangaien zerrenda bat, aldi baterako kontrataziorako. Hala, bete beharreko plazen kopurua handitu eginen da, eta bi izanen dira: bata txanda irekikoa, eta bestea txanda murriztukoa.

Bigarrena.–Hautaketa-prozedurak segi dezala agintzea, horretarako oinarriak argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Halaber, udal zerbitzuei eskatzea lehentasuna eman diezaioten espediente honen kudeaketari, ezinbestekoa baita ahalik eta lasterren izapidetzea.

Hirugarrena.–Izena emateko epe bat irekitzea, txanda murrizturako erreserbatutako plaza nahi dutenentzat, eta orain arte izapidetutakoari eustea.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Idazkaritzari eta ordezkari sindikalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Castejonen, 2023ko uztailaren 28an.–Alkatea, Noelia Guerra Lafuente.

DEIALDIA, BETE DAITEZEN, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ, ADMINISTRARI-OFIZIALEN BI PLAZA, CASTEJONGO UDALAREN ZERBITZUKOA, ETA SOR DADIN IZANGAIEN ZERRENDA BAT, ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO. OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio-lehiaketa bidez, administrari-ofizialen bi plaza, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak, Castejongo Udalaren zerbitzukoak. Honako txanda hauetan banatuta daude, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

–Plaza bat (1) txanda irekian.

–Plaza bat (1) igoera-txandan, Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat.

1.2. Igoera-txandako plaza bete gabe geldituz gero, izangaiek ez dutelako lortu hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, txanda irekiko lanpostuari gehituko zaio.

1.3. Halaber, baldin igoera-txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere plaza eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekiko lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, behin baturik oposizio-lehiaketako probako puntuazioak.

1.4. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautapen prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin, 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.

1.5. Lanpostuetako ordainsariak izanen dira 251/93 Legegintzako Foru Dekretuaren testu bateginean C mailako lanpostuetarako ezarritakoak (Administrazio publikoko langileei buruzko Legegintzako Foru Dekretua), baita uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere (Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko Foru Dekretua), eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, baldin ezartzen badira aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta zehaztuta badaude Castejongo Udalaren plantilla organikoan.

1.6. Plazen titular izendatzen direnek beteko dituzte beren mailarako eta kategoriarako aurreikusitako zeregin orokor guztiak, honako hauek barne: jendeari arreta ematea, ordenagailuak erabiltzea, testuak tratatzea, kudeaketa programak erabiltzea eta, oro har, agintzen zaizkion guztiak. Gainera, kontuan hartuko da lana eginen dela Castejongo Udalak kategoria horrekin dituen lanpostuetako edozeinetan, eta kategoria horren zereginetarako, bai ekonomiaren edo administrazio orokorraren esparruan, bai kategoria profesional hauen beharra duten beste zerbitzu batzuen esparruan.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute. Lanpostu jakin batzuei eginkizunak hasieran adjudikatzeak ez dakar berekin funtzionarioak mugitu ezin direnik, administrazioak duen zuzendaritza-ahalmenaren arabera. Ahalmen hori baliatuz, funtzionarioek lanaldi berean zerbitzu batean baino gehiagotan egin dezakete lan, lanaldiaren ordutegia banatuz kasuan kasuko zerbitzuen beharren arabera.

2. oinarria.–Baldintzak.

Oposizioan onartuak izateko, izangaiek bete beharko dituzte honako betebehar hauek:

2.1. Txanda irekia.

–Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

–Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

–Atzerrian lortutako tituluak baldin badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

–Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez kaleratua ere.

–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

–Izangaia kondenatua egon ez izana 1/2004 Lege Organikoan edo 14/2015 Foru Legean jasotako inguruabarren bat dela-eta (1/2004 Lege Organikoa, Genero Indarkeriari buruzkoa, eta 14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko Indarkeriari buruzkoa).

2.2. Igoera-txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera-txandako izangaiek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Langile finkoa izatea Nafarroako edozein administrazio publikotan, frogatzea horietan bost urtez zerbitzuak egin izana, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte bai plaza betetzeko izendatutakoek bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen dutenek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Salbu aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak, edo Udalari baimena ematen ez diotenak horiek egiaztatzeko, ezin izanen dira funtzionario izendatu, plaza bete behar badute, edo kontratatu. Ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautaketa-prozesuak, izendapenak eta aldi baterako kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera aurkeztu behar dute bide telematikoz, mezu elektronikoa bidaliz Udalera; edo aurrez aurre, erregistro orokorrean; edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), jarraikiz I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari.

Behar izanez gero, desgaitasuna izateagatik probak egiteko denboretan eta baliabideetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean.

3.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Honako hauek erantsi behar zaizkio eskaerari:

–NANaren fotokopia edo horren baliokidea den agiriarena.

–Deialdi honen 2. oinarrian eskatutako titulazioaren fotokopia arrunta, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

–Alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien frogagiri jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, deialdiaren 6. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Horretarako, bi zerrenda eginen dira:

–Txanda irekiko izangaiak.

–Igoera-txandako izangaiak.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko (bi zerrendetarako), eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Noelia Guerra Lafuente, Castejongo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: alkateak eskuordetza ematen diona.

–Lehen epaimahaikidea: Belén Bellido Martín, Castejongo Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Montse Sesma Ayala, Castejongo Udaleko administrari-ofiziala.

–Bigarren epaimahaikidea: Ana Ramos Martín, Castejongo Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–Hirugarren epaimahaikidea: Idoya Gurucelain Izco, Castejongo Udaleko langileen legezko ordezkaria.

Ordezkoa: Adrián González Ortiz, Castejongo Udaleko langileen legezko ordezkaria.

–Laugarren mahaikidea: Cecilio Fernández Azcona, Castejongo Udaleko idazkari nagusia.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Castejongo Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Hautaketa-prozesua ondoz ondoko bi aldietan gauzatuko da: lehenbizikoa, oposizioaldia, eta, bigarrena, lehiaketaldia; bigarren hori eginen da oposizioaldia gainditu duten izangaiekin bakarrik. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahalko dira.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3.3 oinarrian ezarri bezala, eta, horretarako, erabiliko dituzte jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

Egindako zerbitzuen atalari dagokionez alegatutako merezimenduak frogatu beharko dira Administrazio Publikoaren ziurtagiriaren bidez eta/edo enpresa pribatuaren ziurtagiriaren bidez (kasu horretan, zehaztu beharko dira kontratazioaren hasiera eta amaiera, eta erantsi lan-bizitzaren agiria eta zerbitzu emateko kontratuen kopia). Bi kasuetan, ziurtagirietan nahitaez jaso beharko dira lan egindako denbora, lanbide-kategoria eta lanaldiaren iraupena.

6.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu kalifikazio-epaimahaiak.

6.1.3. Dokumentuek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeko eskatzen den informazio guztia, eta ez dira kontuan hartuko justifikatu gabeko merezimenduak edo baloratuak izateko baldintzak betetzen ez dituztenak.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal ditu lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

6.1.4. Lehiaketaldiak 25 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Honela banatuko dira puntuak:

a) Izangaiak administrari-ofizial gisa duen lanbide-esperientzia, gehienez 15 puntu:

–Nafarroako tokiko edo foru-erkidegoko administrazio publikoan izandako eskarmentua: gehienez ere 6 puntu (2 puntu urte bakoitzeko).

–Beste autonomia-erkidego batzuetako administrazio publikoan edo enpresa pribatuetan izandako eskarmentua: gehienez ere, 4 puntu (1 puntu urte bakoitzeko).

b) Izangaiaren eskarmentua administrari laguntzaile gisa (gehienez ere, 4 puntu):

–Nafarroako tokiko edo foru-erkidegoko administrazio publikoan izandako eskarmentua: gehienez ere, 3 puntu (1 puntu urte bakoitzeko).

–Beste autonomia-erkidego batzuetako administrazio publikoan edo enpresa pribatuetan: gehienez ere, 1 puntu (0,5 puntu urte bakoitzeko).

c) Bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duten bestelako titulazioak eta prestakuntza osagarriko ikastaroak: gehienez ere, 6 puntu.

–Unibertsitateko gradua edo lizentzia: Zuzenbidea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia, Ekonomia, Enpresa, Arkitektura: puntu bat bakoitzeko, eta gehienez ere, puntu bat.

–Informatikako, ofimatikako eta sare sozialetako ikastaroak (betiere ez badira 2018a baino lehenagokoak). Honela baloratuko dira:

  • 5 ordutik 20 ordura bitarteko ikastaroak: 0,25 puntu.
  • 20 ordu baino gehiagoko eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.
  • 50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,75 puntu.

Ikastaro guztien batura ez da izanen 2 puntu baino handiagoa.

–Ikastaroak kontabilitate publikoaz, ondarearen kudeaketaz, Nafarroako toki ogasunez, loturik daudenak kontabilitatearen kudeaketarekin, zergen kudeaketa eta likidazioarekin, ordenantza fiskalekin eta udal ondasunen inbentarioekin (betiere ez badira 2018a baino lehenagokoak). Honela baloratuko dira:

  • 5 ordutik 20 ordura bitarteko ikastaroak: 0,20 puntu.
  • 20 ordu baino gehiagoko eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.
  • 50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,75 puntu.

Ikastaro guztien batura ez da izanen 1,5 puntu baino handiagoa.

–Ikastaroak, loturik daudenak giza baliabideekin, datuen babesarekin, hirigintzarekin, artxiboekin, erroldarekin, tokiko kontratazioarekin, katastroarekin, edo bestelakoak, bete beharreko eginkizunekin lotuta daudenak eskatutako maila eta kualifikazioagatik (betiere ez badira 2018a baino lehenagokoak). Honela baloratuko dira:

  • 5 ordutik 20 ordura bitarteko ikastaroak: 0,20 puntu.
  • 20 ordu baino gehiagoko eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.
  • 50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,75 puntu.

Ikastaro guztien batura ez da izanen 1,5 puntu baino handiagoa.

6.1.5. Epaimahaiak bere erabakia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

6.1.6. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak argitara emanen dira udaletxeko iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, web-orrian (www.castejon.com).

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan adieraziko da oposizioa noiz hasiko den. Ebazpen horretan zehaztuko dira hautaprobak egiteko tokia, eguna eta ordua eta, epaimahaiaren erabakiaren arabera, ea egun berean edo egun desberdinetan eginen diren. Izangai guztiei emanen zaie horren berri behar bezala.

Behin bukatutakoan oposizioko proba bakoitzaren kalifikazioa, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Castejongo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, hau da, txanda irekiko eta igoera-txandako zerrendetako behin-behineko kalifikazioak.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2.2. Oposizioaldiko probak honako oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak, eta gai-zerrendako ordena berean eginen dira.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaiendako eginen dira posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

6.2.3. Oposizioan 75 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:

6.2.3.1. Lehen ariketa.

Proba teorikoa izanen da, eta hartan idatziz erantzun beharko zaie test motako 30 galderari, gehienez ere, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Hiru aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzari puntu bat emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko dira. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.

Kalifikazioa: ariketan gehienez ere 30 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituztenak.

6.2.3.2. Bigarren ariketa.

Bete beharreko lanpostuaren bi kasu praktiko garatuko dira: epaimahaiak proposatuko ditu II. eranskineko gaiekin lotutako arazo batzuk, eta horiek garatu eta ebatzi egin beharko dira.

Ariketa honetan gehienez ere 45 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira.

Lehen ariketa gainditzen ez dutenei (proba teorikoa) ez zaie bigarrena zuzenduko (kasu praktikoak).

Halaber, bazterturik geldituko dira bi kasu praktikoetako batean 0 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

6.3. Ariketa guztiak eginen dira plika sistemaren bidez.

6.4. Epaimahaiak ariketa hasterakoan adieraziko du izangaiek zenbat denbora izanen duten proba bakoitza egiteko.

6.5. Genero-indarkeriaren biktima izan direnek arriskurik izan ez dezaten, eta bete beharrez abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa (lege horrek hizpide ditu genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriak), bermatuko da biktimen datu pertsonalak babesten direla administrazioko egintzak argitaratzean eta jakinaraztean, eta, oro har, hautaketa-prozesu osoan.

6.6. Proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko hiru egun baliodun izanen dira, ariketa egin den egunaren biharamunetik, edo, test motako ariketaren kasuan, erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Test motako ariketari buruzko alegazioei dagokienez, epaimahaiak aztertu eginen ditu, eta ebatzitzat eta erantzuntzat joko dira aldatutako erantzunen txantiloia argitaratzearekin bat edo, hala badagokio, probaren kalifikaziotik ondorioztatzen den erabakiarekin.

6.7. Egindako azterketak berrikusteko eskabideak hiru egun balioduneko epean bakarrik aurkezten ahalko dira, ariketako kalifikazioak argitaratu eta biharamunetik.

6.8. Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da deialdi honen 6. oinarriko bigarren eta lehen ariketetan ateratako puntuazioa (ordena horretan), eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Hautaprobak bukaturik, eta dauden plazak betetzea helburu, epaimahaiak bi zerrendak prestatu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak argitaratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, eta, harekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamena eta espediente osoa.

Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda eratzeko. Izan ere, zerrenda hori erabiliko da, indarrean dagoen bitartean, egitekoak diren kontratazioetarako. Indarraldia, hain zuzen, urtebetekoa izanen da, eta 4 urtez luzatzen ahalko da gehienez.

Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian.

7.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, 30 egun naturaleko epean, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Deialdiaren 2. apartatuan eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

–Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen eritasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik.

–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.

–Zin egin edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

–Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Frogagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

7.3. Epe horren barrenean, eta salbu aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja Alkatetzak, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Alkatetzak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen diren izangaiei eskatu beharko die, eta horiek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko dute.

8. oinarria.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak Castejongo Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezaten.

8.2. Izendapenen ondorioz eta lanpostuaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatuak bilakatuko dira plantillako funtzionario nominadun, eta izanen dituzte indarreko xedapenek Castejongo Udalaren zerbitzuko funtzionarioendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

8.3. Izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

8.4. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duenak galduko ditu Castejongo Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatuz gero, jarraituko zaio deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.1. Izangaien zerrenda bat eratuko da, aldi baterako kontratazioak egiteko, eta zerrenda horretan egonen dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenak; hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari.

9.2. Alkatetzaren ebazpen bidez onetsiko dira gainditu bai baina plazarik gabe gelditu direnen zerrenda eta zerrenda hori kudeatzeko arauak.

9.3. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, jokatuko da jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari; legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

9.4. Kontrataziorako deitutako izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.

9.5. Baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.6. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

9.7. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den moduan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, epemugak eta epeak. Administrazio-egintzen baldintzak, eraginkortasuna eta baliaezintasuna. Administrazio-prozedura erkidea: prozeduraren bermeak, hasiera, antolaketa, instrukzioa, bukaera, izapidetze erraztua eta betearazpena. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta aukerako berraztertzeko errekurtsoa.

2. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena sektore publikoaren araubide juridikoa. Atariko titulua, I. kapitulua, xedapen orokorrak; II. kapitulua, herri-administrazioetako organoei buruzkoa, 1., 2. atala; III. kapitulua, zehatzeko ahalaren printzipioa; IV. kapitulua, herri-administrazioen ondare-erantzukizunei buruzkoa. III. titulua. Administrazioen arteko erlazioak, I. kapitulua, printzipio orokorrak.

3. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua, III. kapitulua. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. 1. eta 3. atalak. IV. kapitulua. Kontratuen kudeaketaren printzipioak eta arauak; V. kapitulua. Publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak; 1., 2., 3., 5., 6. eta 7. atalak; VII. kapitulua, erreklamazioak eta lizitazioak kontrolatzeko beste neurri batzuk; 2. eta 3. atalak; II. titulua. Arau espezifikoak. I. kapitulua, 2. atala, II. kapitulua. IV. kapitulua.

4. 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua, III. titulua eta IV. titulua. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketaren prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola: bereziki, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

5. 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua. II. titulua. Toki-erakundeen beharrezko antolaketa. I. kapitulua, 2. atala, 3. atala, III. titulua, beharrezko organoen funtzionamendua. I. kapitulua. IV. titulua. Antolaketa osagarria. I. kapitulua.

6. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua. I. titulua, xedapen orokorrak eta II. titulua: funtzionarioak.

7. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona. II. titulua, gardentasuna, III. kapitulua. III. titulua, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, II. kapitulua eta III. kapitulua.

8. 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. II. titulua. Datuak babesteko printzipioak. III. titulua, pertsonen eskubideak. V. titulua, tratamenduaren arduraduna eta eragilea. VII. titulua, I. kapitulua. Datuak Babesteko Agentzia. II. kapitulua. Datuak babesteko agintaritza autonomikoak.

9. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. I. titulua, Nafarroako toki ogasunen baliabideak. II. titulua, udal zergak. III. titulua, aurrekontua eta gastu publikoa. IV. kapitulua, kontabilitatea.

10. 12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, hizpide dituena Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa eta Katastroak. Atariko titulua, II. kapitulua, III. kapitulua eta IV. kapitulua. Lehenbiziko titulua, I. kapitulua eta III. eta IV. kapituluak, 2. eta 3. atalak, II. titulua, I. kapitulua eta II. kapitulua.

11. 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua. Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12. 17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak. I. titulua. V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.

13. Udal errolda: biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Izapideak, altak, bajak, aldaketak. 2612/1996 Errege Dekretua, abenduaren 20koa, II. titulua. 2020ko apirilaren 29ko Ebazpena, argitaratu zena 2020ko maiatzaren 2ko 122. Estatuko Aldizkari Ofizialean (31010-31054 orrialdeak), zeinak jarraibide teknikoak ematen baitizkie udalei udal errolda kudeatzeko. Hautesle-errolda.

14. Administrazioaren agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, bandoa, erabakien helarazpena, jakinarazpenak.

15. Sistema eragilea: funtsezko kontzeptuak. Windows 10. Mahaigaina eta haren elementuak; ataza kudeatzailea; Windows-arakatzailea; kontrol-panela; gailuak eta inprimagailuak; hasierako menua; ataza-barra; laguntza eta euskarri teknikoa; sarean lan egitea; erabiltzaile-kontuak.

16. Testu prozesadoreak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word: lan esparrua; idaztea eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatzea eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

17. Kalkulu-orriak: funtsezko kontzeptuak; Microsoft Excel: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

Iragarkiaren kodea: L2311547