176. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

80E/2023 FORU AGINDUA, abuztuaren 7koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeentzat, 2023-2024 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 711964.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunetako bat kirol jarduera sustatzea da, laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Orobat, Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.

–Kirolaren balioak sustatzea.

–Eskola-umeen kirol jarduerak sustatu eta bultzatzea, bai eta kirola sustatzeko programak ere arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren gizataldeentzat.

Horiek helburu, eta Foru Komunitateko eskola-umeen kirol ibilbidean beste bide bat eratzearren, Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) Eskola-umeentzako Kirol Programa gauzatzen jarraitu nahi du 2023-2024 ikasturtean, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuak ematen dituzten ikastetxeetan.

Programa horiek 2023ko urriaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatuko dira.

Deialdi honek 2023-2024 ikasturtea hartzen du. Urte anitzeko gasturako espediente bati dagokio, eta 2024ko aurrekontuari egotziko zaio.

Esan beharra dago 2023an ez dagoela krediturik programen gastuak ordaintzeko urritik abendura bitartean, eta deialdi honek ez luke zentzurik izanen ezin balira gastu horiek estali 2024ko aurrekontuarekin.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabilita,

AGINTZEN DUT:

1. 2023-2024 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

–Aurrekontuko partida: A50002-A5100-4811-336100: Ikastetxeetako kirol proiektuetarako dirulaguntza.

–Ekitaldia: 2024.

–Zenbatekoa: 50.000,00 euro.

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskinak Nafarroako Gobernuaren webgunean egonen dira eskuragarri.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 7an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

1. Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute prozedura bat ezartzea dirulaguntzak emateko Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeei, 2023-2024 ikasturterako.

Programek, dirulaguntza jaso ahal izateko, ikastetxe eskatzailearen titulartasunpekoak izan beharko dute eta egin beharko dira oinarri hauetan eta deialdiaren II. eranskinean (programaren ezaugarriak) ezarritako baldintzei jarraikiz.

2. Deialdiaren helburua.

Dirulaguntzak erabiliko dira hein batean ordaintzeko Eskola-umeentzako Kirol Programak egitean sortutako defizitak, baldin eta titularra ikastetxea bada eta programak 2023-2024 ikasturtean zehar egiten badira.

3. Eskola-umeentzako Kirol Programa: xedeak eta helburuak.

3.1. Eskola-ume nafarren jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak bultzatzea du helburu programak, heziketaren osagaia nagusi izanik, ohitura har dezaten adinean gora egin ahala jarduera horiekin jarraitzeko; horrela, bizimodu osasungarria bultzatuko da eta umeen egoneko bizitza eta obesitatea, besteak beste, galaraziko dira.

3.2. Hauek dira lortu nahi diren helburuak:

3.2.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraia) zein eskola-ordutegitik kanpo jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak egiten dituzten haurren kopurua handitzea, ikastetxearen babesean, hura baita programa oinarritzeko ardatza.

3.2.2. Eskola-ume nafarrek jarduera fisikoetan ematen duten ordu kopurua handitzea.

3.2.3. Eskola-umeentzako Kirol Programaren babesean egiten den jarduera fisikoa gizarteratzeko, ongi izateko eta jostetarako tresna bihurtzea, eta horrela lagungarri izatea pertsonaren prestakuntza eta hezkuntza integralerako eta nortasunaren garapenerako.

3.2.4. Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

3.2.5. Programan genero-ikuspegia zaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita neska-mutikoentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala onuragarria izan dadin osasunaren eta ongizatearen aldetik, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatuz.

Deialdi honetara aurkezten diren kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko programek Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak bete beharko dituzte, aurreko puntuan ezarritakoaren arabera.

4. Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroan kokatutako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeak, baldin eta eskola-umeentzako kirol programa bat garatzen badute 2023-2024 ikasturtean.

4.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira eskola-umeentzako kirol programa hauek:

a) Deialdi berariazkoago batzuen xede direnak edo haien parte direnak.

b) Deialdi honetako I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarrietakoren bat betetzen ez dutenak.

4.3. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden ikastetxeei.

5. Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 50.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida honen kargura: "Ikastetxeetako kirol proiektuetarako dirulaguntza" izeneko A50002-A5110-4811-336100 partida, edo 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen den antzeko partidaren kargura.

5.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak 3.500 euro bitarte bideratzen ahalko du programa bakoitza finantzatzeko, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirol Institutuaren 2024ko ekitaldirako aurrekontuan horretarako kreditu aski egoteak baldintzapetuko ditu.

5.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, deialdiko III. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

Kreditu erabilgarria ez bada agortzen, geratzen den saldoa lehentasun-hurrenkeran puntuaziorik altuenak lortu dituzten entitateen artean banatuko da, kreditu erabilgarriaren honako ehuneko hauek aplikatuz: lehenengo dagoen entitateari, %40; bigarrenari, %30; hirugarrenari, %20, eta laugarrenari; %10. Kasu horietan soilik, entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntza guztira 3.500 eurotik gorakoa izaten ahalko da programa bakoitzeko. Hala ere, ezin izanen da inola ere gainditu aurkeztutako defizita, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 ere.

6. Parte hartzeko eskaerak.

Nafarroako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxeek aurkezten ahalko dute parte hartzeko eskaera.

7. Noiz eta non aurkeztu.

7.1. Dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, eta amaituko da 2023ko azaroaren 3an, egun hori barne.

7.2. Dirulaguntzen eskabideak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin, pertsona juridikoak beharturik egonen dira baliabide elektronikoak erabiltzera administrazio publikoekiko harremanetan, edozein administrazio-prozedura tramitatzeko. Beraz, jakinarazpenak nahitaez baliabide telematikoen bidez eginen dira, eta ikastetxeek ezin izanen dute erabaki jakinarazpenak paperean bakarrik egitea. 41.1 artikuluaren arabera, jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira beti, interesdunak jakinarazpenak bide horretatik jaso behar dituenean.

7.3. Dirulaguntzen eskabidea eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

8. Hasierako dokumentazioa.

Eskaerak aurkezteko, deialdi honetako IV. eranskinean ezarritako eskabide eredua erabiliko da.

Eskabide ereduarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

A) V. eranskina. Programa eta aurrekontua.

1.–Programaren titulua.

2.–Programaren irakasle arduraduna.

3.–Eragin-esparrua: esku hartzen duten eragileak eta haien funtzioak.

4.–Ikastetxearen kokalekua eta tipologia.

5.–Zer hezkuntza mailatarako den. (Programako zuzeneko parte-hartzeen hezkuntza maila zehaztu behar da. Ez da adierazi behar ikasle laguntzaileen maila).

6.–Iraupena: programaren hasiera- eta amaiera-datak.

7.–Programa mota. II. eranskinaren arabera. 2. puntua.

7.–Edukiak: jarduera motaren deskribapena (kirol hastapenekoa, jolas eta josteta jardueretakoa, prestakuntzakoa), zehatz adierazita eskola-egutegiaren barruan zein ordutegitan eta zein hiruhileko, hilabete edo astetan eginen diren.

9.–Monitoreen zerrenda, titulazioa eta eskarmentua adierazita (irakasle ez diren ikastetxeko langileak).

Puntu honetan zehaztuko dira eskainitako jarduerak zuzentzen dituzten monitoreak. Erantsi behar da ematen duten jarduerarekin lotutako titulazioa eta lehen sorospenetako titulazioa.

Zerrendako monitoreek apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren lanbide-kualifikazioak eduki behar dituzte (Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko Foru Legea). Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol-lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena.

10.–Edukiak, tenporalizazioa eta ordutegiak.

11.–Kirol material suntsigarria: programatutako jarduera guztiak gauzatzeko, ikasturtean beharko den kirol material suntsikorraren zerrenda.

12.–Jarraipena eta ebaluazioa: programaren jarraipen eta ebaluaziorako erabiltzen diren baliabideen deskripzioa (hilekoa, hiru hilekoa, urtekoa...).

13.–Aurrekontua: programaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

B) *Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, ziurtatzen duena Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan egunean dagoela.

C) *Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, ziurtatzen duena egunean dagoela zerga-betebeharretan.

Ziurtagiriak ez dira aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren Institutuak zuzenean egiaztapen hori egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian (IV. eranskina. Eskabidea).

* Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoarekn bat, ikastetxe publikoek ez dituzte B) eta C) apartatuei dagozkien ziurtagiriak aurkeztu beharko.

9. Gastu diruz lagungarriak.

9.1. Diruz lagungarritzat har daitezkeen kontzeptuak hauek izanen dira:

a) Jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

Hezkuntza bereziko ikastetxeek eta azkeneko 7 deialdietatik batean edo gehiagotan (hots, 2016-2017 ikasturtetik 2022-2023 ikasturtera, biak barne) laguntzarik jaso ez duten ikastetxeek esleitzen zaien guztirako diru kopuruaren %100 bideratzen ahalko dute kirol material suntsigarria erosteko.

Azkeneko 7 deialdietatik batean edo gehiagotan (hots, 2016-2017 ikasturtetik 2022-2023 ikasturtera, biak barne) laguntza jaso duten ikastetxeek, ordea, esleitzen zaien guztirako diru kopuruaren gehienez %30 bideratzen ahalko dute kirol material suntsigarria erosteko.

b) Programan sartutako jarduerak ematen dituzten monitoreen gastuak.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da monitore bakoitzaren titulazioa, prestakuntza eta irakasten duen jardueran duen eskarmentua aurkeztea.

c) Prestakuntza gastuak: programan sartuta egonda, jolasgaraian edo eskola ordutegitik kanpo egiten diren jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak ematen dituzten langileen gastuak dira.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da langileen titulazioa eta horiek irakasten duten jardueran duten esperientzia aurkeztea.

d) Hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutako jardueretan egindako joan-etorriak.

9.2. Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak ez dira kontuan hartuko.

9.3. 2023ko urriaren 1a baino lehen eta 2024ko maiatzaren 31ren ondoren egindako jardueretako gastuak ez dira kontuan hartuko.

10. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, ikastetxeari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Akatsak zuzentzeko aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola frogagiriak aurkezteko orduan.

11. Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

12. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

13. Ebazpena.

13.1. Laguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie hiru hilabeteko epearen barruan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

13.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

13.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada (aurrekontu kreditu nahikoa ez egotearen ondoriozkoak barne).

13.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo baliabide batzuekin, horiek administrazio berak nahiz beste administrazio publiko batzuek eman, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

13.5. Ikastetxe onuradunentzako jakinarazpen pertsonala galarazi gabe, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoa betez, deialdi honetan ematen diren laguntzak eta haien onuradun diren ikastetxeen zerrenda nafarroa.eus Interneteko atariaren bidez argitaratuko dira.

14. Dirulaguntzaren ordainketa.

14.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den programa bukatu ondoren eta ikastetxeak behin aurkeztu dituela 15. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.

Ordainketa transferentzia bidez eginen da, ordaintzeko ebazpena argitaratu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

14.2. Hala ere, programa 2023ko urriaren 1ean hasi eta 2024ko maiatzaren 31n bukatzea programatu duten ikastetxeek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute, eta ordainketa horretan esleitutako diru zenbatekoaren %50 ordainduko da gehienez. Konturako ordainketa hori egiteko, kontuan hartuko da diruz lagundutako jardueratik jadanik gauzatu den zatiari dagozkion gastu arrunten eta langileria gastuen zerrenda.

14.3. Konturako ordainketa hori ordaindu ahal izateko, ikastetxeak ordainketa horretarako eskabide bat aurkeztu beharko du erregistroan, 2024ko otsailaren 6tik 10era bitartean, baldin eta programa etenik gabe gauzatu baldin bada 2023ko urriaren 1etik 2024ko otsailaren 3ra arte.

14.4. Konturako ordainketaren eskaerarekin batera, programaren memoria aurkeztuko du, eta bertan adieraziko ditu aldi horretan egindako jarduerak, epeak eta parte-hartzaileen kopurua, sexuaren arabera banatuta. Gainera, eskaera egiten den unera arte izandako gastuen eta diru-sarreren zerrenda bat aurkeztuko da. Ez da ez fakturarik ez ordainagiririk erantsi behar.

14.5. Ezin izanen dute konturako ordainketa jaso 14.2, 14.3, 14.4, 17. eta 18. apartatuetan ezarritakoa betetzen ez duten ikastetxeek.

14.6. Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta azken frogagiriak aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non doituko den aurkeztutako azken frogagiriak baino lehen egindako konturako ordainketa. Kasu horretan, ixteko ebazpenean finkatuko da NKIk ordaindu beharreko zenbatekoa edo ikastetxeak itzuli beharrekoa, ikastetxe bakoitzak aurkeztutako frogagiriak ikusita.

14.7. Dirulaguntza emateko ebazpenaren eta gainerako ebazpenen jakinarazpena telematikoki eginen dio NKIk ikastetxe bakoitzari, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan argitaratzearen berri emanen da.

15. Azken frogagiriak.

Azken frogagiriak programa bukatutakoan aurkeztuko dira, 2024ko ekainaren 3ra arte, programa hasten denetik 2024ko maiatzaren 31ra arte egindako gastuengatik, edo kasuan kasuko programa bukatzen den egunera arte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, bere izenarekin behar bezala identifikatutako agirietan:

Dokumentazio teknikoa:

–Programari buruzko memoria (deialdiko VI. eranskina).

–Dokumentazio ekonomikoa:

–JUSTIFIKAZIO-ORRIA (deialdiko VII. eranskina), datu guztiak behar bezala beteta.

  • Fakturak edo beste agiri baliokide batzuk, baita ikastetxeak egindako ordainketen frogagiriak ere.

1.–Fakturen datak programa hasten den egunetik programa amaitzen den egunera artekoak izanen dira.

2.–Ordainketa datak programa hasten denetik 2024ko ekainaren 3ra artekoak izanen dira.

3.–Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZ agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan.

4.–Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan, PFEZaren atxikipena agertu beharko da, bai eta ikastetxeak atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izanaren justifikazioa ere.

16. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren programen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, bisitak eginen ditu proiektua garatu bitartean, eta proiektuen koordinatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute programa ez dela gauzatzen ari programatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, ikastetxeari aldez aurretik jakinarazita.

17. Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

17.1. Dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

17.3. Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

17.4. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betetzeko, ezinbestekoa da eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea, adierazten duena eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko praktikak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik. Adierazpen hori eskabide-orrian erantsi da. (Deialdiko IV. eranskina).

17.5. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

17.6. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

17.7. Ikastetxe onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

17.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

17.9. 18. oinarrian gardentasunari buruz adierazitako betebeharrak betetzea.

18. Gardentasun betebeharrak.

Ikastetxe onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urte batean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten ikastetxe pribatu eta itundu onuradunek aipatu foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, erakundearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. (VIII. eranskina).

19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

19.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematika bidez eginen dira ikastetxe eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

20. Ez-betetzeak.

20.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, datuak faltsutzeak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

20.2. Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, aitzineko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko dirua.

20.3. Ikastetxeren batek ezarri diren epeetan betetzen ez badu aurkeztutako programazioa, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

21. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen IX. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

22. Errekurtsoak.

22.1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

22.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

23. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA–PROGRAMAREN EZAUGARRIAK

1. Programaren ezaugarri orokorrak.

1.1. Ikastetxe bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Alabaina, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen kasuan, onartuko da hezkuntza-etapa bakoitzerako aldaera bereziak biltzen dituen proiektu bat aurkeztea.

1.2. Pandemia-egoerara itzuliz gero, osasun arloko agintariekin bat etorriz, kirol jarduera segurua babesteko beharrezko neurriak eta protokoloak hartuko dira.

1.3. Programa bakoitza prestatzea Gorputz Hezkuntzako departamentuari edo arloari dagokio bakarrik; gainera, hura koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz ere arduratuko da.

Ezinbestekotzat jotzen da programa honen eta Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren edukien arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio-tresnak sortzea. Horrela, irakasgai horren curriculum garapenari lotuko zaio programa.

1.4. Herriko udal kirolaren arduradunekin koordinatu beharko da.

1.5. Bermatu beharko da jardueren eskaintza diseinatzen eta antolatzen dela hezkidetzaren parametroei jarraituz, hau da, eskaintzen neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko dira, horrela ohiko kirol jarduera "femeninoen" eta "maskulinoen" arteko estereotipoak hauts daitezen.

1.6. Aurkezten diren programek, xede eta helburuez gain, oinarri hauetan zehazten diren ezaugarriak ere bete beharko dituzte, programa motei, jarduera motei, langileei, iraupenari eta abarri dagokienez.

2. Programa motak eta iraupena.

2.1. Motak:

2.1.1. Jolasgaraian gauzatzen den programa.

Gutxienez 25 minutuko jolasgarai bakar batean gauzatuko da, eta astean, gutxienez, 3 jolasgaraitan talde bakoitzeko.

2.1.2. Eskola-ordutegitik kanpo (jantoki orduetan edo arratsaldez) gauzatzen den programa.

Gutxienez ere 50 minutuko saiotan gauzatuko da, eta astean bitan gutxienez talde bakoitzeko.

2.2. Iraupena:

Programa ikasturtean zehar gauzatuko da, eta gehienez 8 hilabete iraunen du, 2023ko urriaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra arte, edo gutxienez 6 hilabete.

Atal honetan ezarritako gutxienekoetatik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.

3. Programaren edukiak: jarduera motak.

3.1. Ikastetxeak berak finkatuko du programaren barrenean dauden jarduerak egiteko ordutegia.

3.2. Jarduera guztiak ikastetxearen instalazioetan eginen dira, salbu ikastetxeak eskaini bai baina haiek aurrera eramateko berariazko instalaziorik ez badu.

3.3. Ez da programa honen barnean sartuko iraupen-eskia egiteko kanpainan, bela kanpainan edo naturako jardueren kanpainan parte hartzea, ez eta Gorputz Hezkuntza irakasgaian programatzen diren egun bateko txangoetan parte hartzea ere, dela bizikletan ibiltzeko, piraguan ibiltzeko, mendira joateko, abentura parkeetara joateko eta abar.

3.4. Programak bi jarduera mota biltzen ahalko ditu:

Jarduerak eskolako hezkuntza integrala osatzera bideratuko dira, nortasuna harmonikoki garatzera eta baldintza fisiko batzuk eta prestakuntza teoriko bat lortzera, pertsona bakoitzak beharrezko tresnak izan ditzan adinean gora egin ahala, ohitura osasuntsuak eskuratzeko.

A) Gorputz eta kirol jarduerak.

Lehiaketa ofizial arautuei edo lehendik ezarriak dauden beste programa batzuei lotuak ez dauden gorputz eta kirol jarduerak gauzatuko dira, kirol prestakuntzaren osagarri direnak, heziketaren ikuspegitik.

Planteatzen diren jarduera guztiak neskei zein mutikoei eskainiko zaizkie, eta lehentasuna emanen zaie parte-hartze ekitatiboa duten jarduerei.

Jarduera motak:

a.1. Aisiari lotuak.

Bizimodu osasungarriko ohiturak sortzera bideratutako jarduerak izanen dira, parte-hartzaileek egiten dituzten irakaskuntzen curriculuma garatzen laguntzen dutenak, eta batez ere Gorputz Hezkuntzarekin lotuak.

a.2. Lehiaketetakoak.

Kirol-hastapeneko jarduerak egiten ahalko dira.

Ezin izanen dira sartu ikastetxeak ordutegi berean bere kirol klubaren bidez eskaintzen dituen gorputz eta kirol modalitateak.

b) Jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak.

Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak koordinatutako jarduerak dira, eta haien helburua da ikasleen prestakuntza integrala osatzea, horretarako landuz osasunari, ongizateari, ohitura osasuntsuei eta abarri lotutako eduki teorikoak eta praktikoak.

Jarduera horiek jolasgaraian edo eskola-ordutegitik kanpo egin beharko dira.

4. Langileak.

4.1. Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du, eta, horrenbestez, behar diren baliabideak jarriko ditu behar bezala gauza dadin.

4.2. Programa bakoitzean sartzen diren langileek honako profil hau izan beharko dute:

–Arduraduna: ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak bakarrik diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du programa, eta, hortaz, kirol arduradunak edo koordinatzaileak lan horretarako behar den kualifikazioa eta esperientzia izan beharko du Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Zientziei dagokienez.

–Laguntzaileak: programa gauzatzeko, Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak Batxilergoko gainerako irakasleen edo ikasleen laguntza izan beharko du; betiere, arduradunaren oniritzia duela.

–Kirol jarduerak eta jarduera fisikoak zuzentzen dituzten langileak (irakasleak alde batera utzita); betekizun hauek bete beharko dituzte:

1.–Beharrezko prestakuntza izan beharko dute, egin beharreko lanaren arabera. Zer jarduera ematen duten, hari dagokion kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulua izan beharko dute, gutxienez ere, bai eta ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuaren edo arloaren oniritzia ere.

2.–Nafarroan kirol arloko lanbideetan aritzeko lehen sorospenetako hasierako prestakuntza egiaztatzea arautzen duen ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, kirol arloko lanbideren batean dihardutenek (entrenaitzaileak, kirol monitorieak eta boluntarioak barne) dekretu horretan lehen sorospenen arloan eskatzen den gutxieneko prestakuntza dutela egiaztatu behar dute. Egiaztatu ezean, zein izanen dute horretan lan egin edo boluntario gisa aritu.

4.3. Aipatu langileek ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin, zein den ere programan betetzen duten eginkizuna.

4.4. Programaren garapenari loturiko eginkizunen batean edo bestean aritzen diren langile guztiek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin.

Izan ere, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoaren arabera, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere.

5. Parte-hartzaileak.

5.1. Programa ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua, Haur Hezkuntzako ikasleei izan ezik, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetan oinarrituriko murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu sexu, arraza, erlijio, ideologia, desgaitasun, sexu joera eta abar direla-eta, hautapen prozesuak eginez. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

6. Instalazioak.

Ikastetxeak berak programaren eskura paratuko ditu bere instalazioak, programan sartutako jarduerak gauzatzeko.

7. Laguntza teknikoa.

Programak gauzatzeko tenorean, ikastetxeek kanpoko eragileen lankidetza izan dezakete, konparazio batera: toki entitateak, kirol federazioak, kirol elkarteak, kirol kudeaketarako enpresak eta kirol arloko bertze entitate batzuk.

8. Osasun laguntza.

Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe guztiek dagokien eskola asegurua eduki beharko dute.

Jarduera eskola-ordutegitik kanpo egiten denean, parte-hartzailearen aseguru pertsonalaren kontura izanen da osasun laguntza.

III. ERANSKINA.–BAREMOA

Balorazio-irizpideak: 60 puntu gehienez

1. Eragin eremua hezkuntza eremuan: 3 puntu gehienez.

–Gorputz Hezkuntzako irakasleak: 1 puntu.

–Hezkuntza komunitatea: 2 puntu gehienez.

  • Ikasle laguntzaileak: 0,5 puntu.
  • Beste irakasgai batzuetako irakasleak: 0,5 puntu.
  • Irakasleak ez diren langileak: 0,5 puntu.
  • Guraso elkartea: 0,5 puntu.

2. Ikastetxearen kokalekua eta tipologia: 6 puntu.

Hiru inguruabar hauek batera gertatzen diren ikastetxeek 6 puntu jasoko dituzte, eta bat edo bi gertatzen badira, 0 puntu.

a) Landa eremuan kokatutako ikastetxea.

b) Inguruko udalerrietako ikasleen kontzentrazioa.

c) Ikastetxean matrikulatutako ikasleak 100 baino gutxiago izatea.

3. Ekonomikoki egoera ahulean dauden ikasleak dauzkan ikastetxea: 20 puntura arte.

–Hezkuntza Departamentuak bildutako datu estatistikoen arabera baloratua:

  • %60: 10 puntu.
  • %70: 15 puntu.
  • +%80: 20 puntu.

4. Zer hezkuntza mailatarako den programa: 6 puntu gehienez.

Ikastetxe arruntetarako bakarrik: programa zer hezkuntza mailatarako den baloratuko da: 0,5 puntu maila bakoitzeko.

(Mailak: Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak // DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak // Batxilergoko 1. eta 2. mailak).

Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako bakarrik:

–Oinarrizko prestakuntza. (3 puntu).

–Lanbide Heziketa. (3 puntu).

5. Gauzatu beharreko programak: 5 puntu gehienez.

Jolasgaraian egitekoa den programa (1 puntu).

Jantoki orduan egitekoa den programa (2 puntu).

Arratsaldean egitekoa den programa (2 puntu).

6. Aurreikusitako ekintzak: 9 puntu gehienez.

Kirol-hastapeneko jardueren kopurua (gehienez, 3 puntu): 0,3 puntu/jarduera.

Jolas eta aisialdiko jardueren kopurua (gehienez, 3 puntu): 0,3 puntu/jarduera.

Jarduera osagarrien edo prestakuntzako jardueren kopurua (gehienez, 3 puntu): 0,5 puntu/jarduera.

7. Programaren iraupena: 8 puntu gehienez.

6 hilabetera arte: (6 puntu).

7 hilabetera arte: (7 puntu).

8 hilabetera arte: (8 puntu).

Iragarkiaren kodea: F2311630