176. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

249E/2023 FORU AGINDUA, abuztuaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoaren osaera.

Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 29an emandako 9/1996 Foru Aginduaren bidez, Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoa sortu zen.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 28ko 552E/2017 Foru Aginduaren bidez ezarri zen Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoaren egungo osaera.

2023ko uztailaren 14an, txostena eman zuen Osasun Zuzendaritza Nagusiak, eta horren bidez proposatu zuen aldaketak egin daitezela batzordearen osaeran. Txostenean esaten da beharrezkoa dela kideen kopurua aldatzea, eguneratzea eta berritzea, kontuan izanik sartu behar direla kide gehiago, esaterako lotura handiena duten sozietate zientifikoak eta Tuterako eta Lizarrako osasun barrutiak; hala, batzordean parte hartuko dute Nafarroako txertaketan inplikatutako erakunde eta organo gehiagok.

Horrenbestez, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, kontsulta eginik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, eta jarraikiz Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluari (foru agindu hori aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeari buruzkoa da),

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoaren osaera, honelakoa izan dadin:

–Osasuneko zuzendari nagusia; burua izanen da.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea; buruordea izanen da.

–Gaixotasun Transmitigarrien eta Txertaketen Ataleko burua (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoa).

–Nafarroako Foru Komunitateak duen ordezkaria Txertaketen Ponentzian, Estatuko Osasun Sistemako Lurraldearteko Batzordean.

–Farmazia Ikuskapenaren Ataleko burua (Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzukoa).

–Farmazia eta Prestazioen zuzendariordea (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoa), edo hark eskuordetza ematen diona.

–Oinarrizko osasun-laguntzako osasun-langile bat, ezagutza eta eskarmentua dituena txertaketetan, zeina izendatuko baitu Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoa).

–Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen zuzendariordea (Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzakoa).

–Medikuntza prebentiboko eta osasun publikoko profesional bat, zeina izendatuko baitu Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak.

–Pediatria Zerbitzuko burua (Nafarroako Ospitalegunekoa), edo hark eskuordetza ematen diona.

–Medikuntzako profesional bat, ezagutza eta eskarmentua dituena txertaketetan, zeina izendatuko baitu Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzaileak.

–Oinarrizko osasun-laguntza erizaintzako profesional bat, ezagutza eta eskarmentua dituena txertaketetan, zeina izendatuko baitu Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzaileak.

–ANPEko (Nafarroako Pediatria Elkartea) sozietate zientifikoko ordezkaria.

–Nafarroako familiako eta komunitateko medikuntzako profesionalen artean gehiengoa duen sozietate zientifikoaren ordezkaria.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2311673