Iragarkia
174. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
532/2023 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira laguntzak emateko bertako arrazekin lan egiten duten haragitarako behor abeltegiei, eta 2023. urteko laguntzen deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 710648.
Behor ustiategiek lurraldeko baliabide naturalak eraginkortasunez aprobetxatzen dituzte, eta beren ingurune naturaleko faktore mugatzaile eta ekologikoetara egokitu dira. Funtsean, kokatuta daude muga naturalak (klima, topografia, maldak...) dituzten eremuetan, eta benetako alternatibak dira belar eta zuhaixka larreak zentzuz aprobetxatzeko laborantzarako oso egokiak ez diren eremuetan. Era berean, bateragarriak dira natura ingurunearen eta haren biodibertsitatearen kontserbazioarekin. Horrez gain, funtsezkoak dira suteak prebenitzeko. Gainera, landa eremuetan jarduera ekonomikoari eusten laguntzen dute, biztanleria sendotuz, belaunaldi erreleboa bultzatuz eta udalerri txikiak jasaten ari diren despopulazioa geldiaraziz.
2022ko udaberriaz geroztik Nafarroan izandako ezohiko tenperatura altuek (2023an ere gertatzen ari dira) bazka kargaren beherakada handia eragin dute bazkalekuetan eta larreetan; ondorioz, espero da ekoizpena % 30 jaistea aurreko kanpainekin alderatuta. Egoera horrek, Ukrainako gerrak merkatuan eragin duen aleen garestitzeak eta kostuen igoera orokorrak lehen sektorearen egoera biziki larriagotu dute.
Hori guztia dela eta, abeltzaintzako ustiategiak gero eta egoera okerragoan daude. Ustiategi estentsiboek, bereziki, animaliak elikatzen jarraitu behar dute, baina bazka eta pentsuen erosketek gora egin dute, ohi baino askoz ere gehiago, prezioak oso altuak direlako.
Nafarroako zaldikoa, Auritz eta pottoka arrazak Nafarroako Abere Autoktonoetako Arrazen Katalogoan sartuta daude, eta halakotzat sailkatuta daude Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emandako 2003ko maiatzaren 26ko Foru Aginduarekin bat etorrita (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abuztuaren 29ko 309/2014 Foru Aginduak aldatu zuen agindu hori). Arraza horiek Nafarroako zati handi batean daude, baina desagertzeko arriskuan daude. Benetako ondare genetikoa dira, eta azken urteotan hautapen lerroei ekin zaie haiek kontserbatzeko eta haien produktuak hobetzeko.
Haragitarako behorren sektorearen barruan oso garrantzitsua da arraza autoktono horiek gordetzea, ingurumen lan handia egiten baitute, paisaia zaintzen baitute bai eta suteei aurre egiten lagundu ere. Behor abeltegiak moxalen gizentze sistemetan espezializatzen ari dira, eta beren jarduera haragitarako gaitasunera bideratzen hasi dira.
Egoera larri horren aurrean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du bertako arrazekin lan egiten duten haragitarako behor abeltegien titularrei konpentsazio ekonomikoa ematea, kasuan kasuko liburu genealogikoetan inskribatuta badaude.
Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen mendean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa; erregelamendu hori Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen).
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea oinarri arautzaileak, "de minimis" erregimenari atxikitako eta bertako arrazekin lan egiten duten haragitarako behor abeltegiei 2023rako laguntzak emateko, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta bederatzigarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.
3. Onestea "de minimis" erregimenari atxikitako eta bertako arrazekin lan egiten duten haragitarako behor abeltegiei laguntzak emateko 2023ko deialdia.
4. Ebazpen honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 115.000 euroko gastua baimentzen da, 2023ko Aurrekontu Orokorretako "Haragitarako behorren abeltzaintza sektorerako laguntza" izeneko 710004-71300-4700-412203 partidaren kargura.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2023ko uztailaren 27an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–"DE MINIMIS" ERREGIMENARI ATXIKITAKO ETA BERTAKO ARRAZEKIN LAN EGITEN DUTEN HARAGITARAKO BEHOR ABELTEGIEI LAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK, 2023. URTERAKO
Lehena.–Xedea eta helburua.
1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea "de minimis" erregimenari atxikitako eta bertako arrazekin lan egiten duten haragitarako behor abeltegiei laguntzak emateko, baldin eta Nafarroako Abere Autoktonoetako Arrazen Katalogoan sartuta badaude, eta 2023. urteko deialdia onestea, "de minimis" araubidearen mende (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa; erregelamendu hori Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen).
2. Ukrainako gerraren ondorioz lehorteak eta lehengaien kostuen hazkundeak eragin duten egoeran, neurriaren helburua da Nafarroako bertako behor arrazekin lan egiten duten haragitarako abeltegien bideragarritasun ekonomikoari laguntzea, abandonatzeko arriskuan dauden tokiko arrazak mantentzearen eta tradizioz modu estentsiboan maneiatzearen ondoriozko kostu gehigarriak eta diru-sarreren galerak neurri batean estalita.
Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzaren zenbatekoa 2023ko urtarrilaren 1ean ustiategian dauden eta Nafarroako arraza autoktonoen liburu genealogikoetan inskribatuta dauden 24 hilabetetik gorako behorren arabera zehaztuko da, eta 100 euroko prima izanen da abere hautagarri bakoitzeko.
2. Laguntza hauek "de minimis" araubidearen mendean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa; erregelamendu hori Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen).
3. Edozein onuraduni gehienez ere 20.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko aldian, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori, eta Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen.
Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.
1. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izan ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategi baten titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroako Abere Autoktonoetako Arrazen Katalogoa onesten duen 2003ko maiatzaren 26ko Foru Aginduan eta katalogo horren ondorengo aldaketan zehaztutako bertako behor arrazetako abeltegi baten titularra izatea, eta Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.
b) Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean zooteknikoki sailkatuta egotea "haragia ekoizteko ugalketarako" ustiategi gisa.
c) 24 hilabetetik gorako emeen % 50, gutxienez, Nafarroako arraza autoktonoen genealogia liburuetan inskribatuta egotea 2023ko urtarrilaren 1ean.
d) Gutxienez 24 hilabetetik gorako 3 abere hautagarri inskribatuta egotea dagokien liburu genealogikoan.
2. Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak.
3. Ez dute laguntzarik eskuratzen ahalko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate edo pertsona eskatzaileek.
4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradunak izan ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legearen 14.2.a) artikuluaren arabera, pertsona juridikoek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura bidaliko dituzte eskabideak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko Zerbitzuen Katalogoan horretarako ezarritako ereduan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), eta ziurtagiri digitala eduki beharko dute, identifikatzeko. Hala ere, eskatzailea pertsona fisikoa bada, eskaera fisikoki ere aurkeztu ahalko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.
3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten eskatzaileak direnean.
b) Aitorpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, non adieraziko baitira aurreko bi zerga ekitaldietan eta uneko zerga ekitaldian erregelamendu honi edo "de minimis" araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan ez dagoela dioen adierazpena.
d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .................... jaunak/andreak, nire izenean/........................ ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Nafarroako ....................(r)i laguntzak emateko deialdiaren izapideak egiteko prozeduran egiazta dezan ................(e)ko ekitaldian nik neuk edo ordezkatzen dudan erakundeak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete ditudala/dituela".
e) Interesduna d) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.
f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimen espresua eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
g) Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztu beharko du ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru muga gainditzen badute, laguntzak lau taldetan sailkatuko dira, lehentasun ordena honen arabera:
–Lehena: bertan behera uztear dauden behor arrazetarako laguntza eskatu zuten eta 2022ko kanpainan eman ez zitzaien titularrei dagozkien eskabideak, ogibide nagusia nekazaritza badute, pertsona fisikoen kasuan, eta lehentasunezko ustiategiak badira, pertsona juridikoen kasuan.
–Bigarrena: bertan behera uztear dauden behor arrazetarako laguntza eskatu zuten eta 2022ko kanpainan eman ez zitzaien titularrei dagozkien eskabideak, ogibide nagusia nekazaritza ez badute, pertsona fisikoen kasuan, eta lehentasunezko ustiategiak ez badira, pertsona juridikoen kasuan.
–Hirugarrena: bertan behera uztear dauden behor arrazetarako laguntza eskatu zuten eta 2022an eman zitzaien titularrei dagozkien eskabideak, ogibide nagusia nekazaritza badute, pertsona fisikoen kasuan, eta lehentasunezko ustiategiak badira, pertsona juridikoen kasuan.
–Laugarrena: bertan behera uztear dauden behor arrazetarako laguntza eskatu zuten eta 2022ko kanpainan eman zitzaien titularrei dagozkien eskabideak, ogibide nagusia nekazaritza ez badute, pertsona fisikoen kasuan, eta lehentasunezko ustiategiak ez badira, pertsona juridikoen kasuan.
3. Aurrekontu baliabideak taldeka esleituko dira, 2. puntuan ezarritako lehentasun ordenari jarraituz, eta, lehentasun talderen batean eskaerei erantzuteko nahikoak ez badira, talde horretan jaso beharreko zenbatekoak hainbanatu eginen dira.
Seigarrena.–Ebaluazio organoa.
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da ea hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.
Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.
2. Abeltzaintza Zerbitzuak eskabideak ebaluatu ondoren, laguntza emateko ebazpen proposamena eginen da, eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren.
3. Dirulaguntza eman baino lehen, eskatzaileak adierazpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, eta bertan aipatuko ditu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean jasotako gainerako "de minimis" laguntza guztiak, erregelamendu honi edo "de minimis" araubideko beste erregelamendu batzuei lotutakoak.
4. Erregimen horren araberako laguntzak eman aurretik, egiaztatu beharko da, laguntza hori emanez gero, onuradun bati emandako "de minimis" laguntzen guztizko zenbatekoak ez duela gainditzen Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga (erregelamendu hori Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen), eta erregelamendu horretan aipatutako baldintza guztiak betetzen direla.
5. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak azalduta.
6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.
Zortzigarrena.–Laguntzaren onuradunaren betebeharrak.
1. Laguntzen onuradunek dagokien liburu genealogikoan inskribatuta egon beharko dute, eta laguntza ordaintzeko ebazpena ematen den egunean kontserbaziorako, etekinen kontrolerako eta arrazaren hobekuntzarako programan parte hartu beharko dute. Liburu genealogikoak kudeatzen dituen elkarteak ezartzen du programa hori.
2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
Bederatzigarrena.–Dirulaguntza jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuta daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf
Aurreko apartatuan ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko finantzarioan ageri dena.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):
https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion_cas_eus.pdf
https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas_eus.pdf
Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Onuradunak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuta daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabaki ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamargarrena.–Laguntza ordaintzea.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak zortzigarren oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituela eta laguntzaren onuradunaren gardentasunari buruzko informazio betebeharra betetzen dela.
Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren xedea bete dela justifikatzeko modua.
Laguntzen xedea bete dela justifikatzeko, eta, liburu genealogikoan inskribatutako abere guztietatik, gutxienez ere 24 hilabetetik gorako emeen % 50 inskribatu direla egiaztatzeko, kontrol administratiboak eginen dira, eta Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorraren datu baseetan kontsulta eginen da; hargatik eragotzi gabe lekuan bertan kontrolak eta ikuskapenak egitea.
Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere errespetatzen badira Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak (erregelamendu horrek zehazten du nola aplikatu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei nekazaritza sektorean; Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen).
Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak eta betebeharrak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen kontrola eta publizitatea.
1. Organo kudeatzaileak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren eta erregelamendu hori aldatu zuen Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 (EB) Erregelamenduaren aplikazioari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du. Erregistro horietan, aipatutako erregelamenduaren baldintzak bete direla frogatzeko behar den informazio guztia jaso beharko da. Banakako "de minimis" laguntzei buruzko erregistroak hamar ekitaldi fiskaletan gorde beharko dira, laguntza ematen den egunetik aurrera. "De minimis" laguntzen araubideari dagozkion erregistroak hamar ekitaldi fiskaletan gorde beharko dira, kasuan kasuko araubidearen esparruan banakako azken laguntza ematen den egunetik aurrera.
2. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F2311255
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
