174. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2023rako

Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburuak, 2020ko abenduaren 20an, 499/2022 Ebazpena eman zuen. Hona hemen haren testua:

Jarraikiz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari (haren bidez aldatu zen ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea, hizpide duena presako zenbait neurri hartzea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan, eta urteko lanaldia ezarri zen Nafarroako administrazio publikoetako enplegatu batzuentzat, zehazki, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen direnentzat), eta jarraikiz, orobat, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 3ko 323/2022 Ebazpenari (haren bidez ezarri zen 2023ko egutegi ofiziala, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren jaiegunetarako), eta hori dena loturik egonik Udalak langileekin sinatutako lan-hitzarmenarekin, zeina luzatzea eskatu baitute langileek, eta espedientean dauden agiriekin bat.

Erabiliz Alkatetzari ematen zaizkion eskudantziak, hots, apirilaren 4ko 7/1985 Legearen 21.1-h) artikuluak Alkatetzari ematen dizkion eskudantziak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea),

EBAZTEN DUT:

Lehena.–2023rako luzatzea "Zizur Zendeako Udala enpresaren lan hitzarmena (lan-kontratudunak)", indarra duena 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, Udalak ez baitu salatu haren indarraldia amaitzeko eguna (2022ko abenduaren 31n) baino bi hilabete lehenago.

Bigarrena.–Onestea Zizur Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen 2023. urteko jaiegunen lan-egutegia, zeina honako hau izanen baita:

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 6a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 7a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 10a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 6a, 7a,10a eta 11: Sanferminak.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren ondoko astelehena.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Halaber, epeak zenbatzeari dagokionez, baliogabeak deklaratzen dira Udalaren langileendako jaieguntzat eman direnak.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1592 ordukoa izanen da Zizur Zendeako Udaleko Administrazioan, eta honela banatuko da:

1. Eguneroko lanaldia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, 7 ordu eta 30 minutukoa orokorrean, eta nahitaez lanpostuan egon beharra izanen da 9:00etatik 14:30erako tartean. Langileek malgutasunez eginen dituzte laneko gainerako 120 minutuak, haiek nahi dutenean, betiere 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 16:50era.

2. Uztailaren 24a, abuztuaren 14a eta urriaren 13a ez dira lanegunak izanen, lanaldi soberakinagatik. 2023rako onetsitako lan-egutegian, 5 ordu eta 30 minutu gelditzen dira soberan, eta Udaleko langileek hautatuko dute noiz hartu ordu horiek.

3. Artikulu honetako aurreko apartatuetan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzuaren beharrak direla-eta lanaldi berezia duten langileei, ezta ordu konpentsazioren bat dutenei ere (txandakako lana, gauekoa etab.), horiek lan-egutegi berariazkoa izanen baitute.

Halakoetan, urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarri ez bezalako sistema baitute, lan-egutegi berezi hori indarrean dagoen sistemari lotuko zaio (betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz), bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du ukatzen beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako sistemak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek halakorik komenigarri egiten badute.

4. Zizur Zendeako Udaleko Erregistro Orokorra 09:00etatik 14:00ak arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Udaletxeko iragarki-taulan paratzea.

6. Ebazpen hau Udaleko Langileria Departamentura igortzea.

Aditzera ematen da, denek jakin dezaten, eta bereziki ohartarazten da errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara, ebazpen honen aurka, bakoitzean aipatzen diren epeetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita: berraztertzeko errekurtsoa, alkatetza honi zuzendua, edo gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Gazolatzen, 2023ko uztailaren 30ean.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

Iragarkiaren kodea: L2311647