174. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

311/2023 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez goi mailako arte irakaskuntzak arautu ziren, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak irakaskuntza horien antolamendua ezarri zuen. Bestalde, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen plan berriaren oinarrizko edukia arautu zuen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Nafarroan, Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), diseinuko goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Arte Ikasketen Atalak 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena egin du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, irakaskuntza horiek Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibideak eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 2an.–Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria, Pablo Arriazu Amat (108/2019 Foru Agindua, azaroaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

ERANSKINA.–2023-2024 IKASTURTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DISEINUKO GOI MAILAKO ARTE IRAKASKUNTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXE PUBLIKOEN ANTOLAKETA ETA JARDUNA ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

I.–Urteko programazio orokorra

1. Urteko programazio orokorraren (UPO) edukia.

Arte eta goi mailako diseinu eskolek, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra prestatuko dute; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, eskolaren eskumenak zuzen betetzen direla eta hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela. Urteko programazio orokorra, ahal dela, telematika bidez prestatuko da, eta EDUCA aplikazioan idatzi eta argitaratuko da. Behin onetsirik, aipatutako aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.

Urteko programazio orokor hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (LOE) ezartzen duenari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

1.1. Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

1.2. LOEn araututako diseinuko goi mailako arte irakaskuntzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak kasuan kasuko ikasketa planetarako.

1.3. Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleen prestakuntza plana.

1.4. Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

1.5. Memoria administratiboa.

1.6. Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

1.7. Curriculum-proiektua.

1.8. Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.

1.1. Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ordutegia zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko.

Honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Ikasleen eskola-ordutegia.

b) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu banaketa.

c) Urtarrileko, maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 30a baino lehen, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

d) Irakasleen ordutegi orokorra.

e) Irakasleen banakako ordutegia.

1.2. Irakaskuntza-jarduerak.

Klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, diseinuko goi mailako irakaskuntzen irakaskuntza-jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntza-jardueren programazioa egiteko, ordutegiak prestatzeko erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, eta programazio didaktikoak.

1.3. Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleen prestakuntza plana.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz.

Ildo horretan, arte eta goi mailako diseinu eskolek ikastetxearen prestakuntza plan instituzional bat ezarriko dute, 35 orduko nahitaezko prestakuntza izanen duena.

Ikastetxearen prestakuntza plana zuzendaritza taldeak finkatu eta antolatuko du. Planifikatzen diren prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle talde jakin bati zuzendu ahal izanen zaizkio.

Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

2023-2024 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak 5 orduko prestakuntza ekintzen programa bat ezarriko du, ikaskuntzarako diseinu unibertsala (IDU) ezagutu eta aplikatzeko. Prestakuntza ekintza hori prestakuntza instituzional gisa hartuko da, eta, beraz, irakasle guztiek egin beharko dute nahitaez.

Goian azaldutako prestakuntza hori lehentasunezkoa dela deusetan galarazi gabe, prestakuntza instituzionaltzat hartuko da, orobat, ikastetxeak, zuzendaritza taldeak gidaturik, beste proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko lerroetan parte hartzea Hezkuntza Departamentuak proposaturik, bai eta ikastetxeetako klaustroaren eta irakasle taldearen lanaren ondoriozko prestakuntza beharrei erantzuteko jarduerak ere.

Prestakuntza instituzionala zabalagoa izan daiteke ikastetxeak berak edo, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea boluntarioa izanen da.

35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntza indibidualerako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.

2023-2024 ikasturtean, konpetentzia digitala garatzeko antolatzen diren prestakuntza jarduerak (laborategiak) eta LOMLOE ezagutzeko antolatzen direnak berriz eskuragarri egonen dira berritik sartzen diren irakasleentzat, ikasturte honetan bukatu ez dituzten pertsonentzat eta ikastetxeentzat.

1.4. Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako programatzen diren jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek helburu izanen dute irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzea.

1.5. Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bertan, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua sartuko da.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkion inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

1.6. Hezkuntza proiektua zehaztea.

Jarduketa-planean programazio didaktikoak prestatu eta berrikusiko dira.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak indarrean dagoen araudiari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du, eta modu egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

1.7. Curriculum-proiektua.

Ikastetxeak ikasketa planari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu diseinuko goi mailako irakaskuntzak. Agiri horietan, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan araututakoa zehaztuko da (foru agindu horren bidez diseinuko goi mailako irakaskuntzen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko).

Curriculum-proiektuak, ikasketa planeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die. Gainera, irakasleen jarduketa guztiak koherenteak direla ziurtatu behar du. Curriculum-proiektuak hezkuntza proiektua du abiapuntu.

Curriculum-proiektuan honako hauek sartuko dira:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Diseinuko goi mailako ikasketen konpetentziak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum-materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakaslana, baita curriculum-proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berrikusteko irizpideak.

2.–Tutoretza planaren ezarpena.

3.–Curriculum-proiektuak irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

Koordinazio pedagogikorako batzordeak curriculum-proiektuaren prestaketa-lana koordinatuko du, honako hauei jarraikiz: ikasketa-plana, hezkuntza-proiektua, klaustroak ezarritako irizpideak eta departamentuek egindako proposamenak. Proiektuaren erredakzioaren ardura ere izanen du. Curriculum-proiektua prestatzeko aldian Koordinazio pedagogikorako batzordeak irakasleen parte-hartzea sustatuko du.

Curriculum-proiektua klaustroak ebaluatu eta onetsiko du, eta jendaurrean jarriko. Irakasleek curriculum-proiektuaren garapena eta programazioak ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Programazio didaktikoak curriculum-proiektua garatzeko baliabideak dira, eta departamentuei dagokie horiek prestatzea.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera programatuko dute irakaskuntza jarduera. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko programazio bateratuan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

Ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza horietarako indarra duen araudira egokituko dira. Bertan honako hauek jasoko dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera modu objektiboan har daitezkeen eta neurtzeko modukoak diren ebaluazio irizpideak eta prozedurak.

e) Kalifikazio irizpideak.

f) Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu, eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du zentrora edo departamentu bakoitzera.

1.8. Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.

2022-2023 ikasturtean zehar, autoebaluazioaren esparruan, baterako hausnarketako prozesu bat egin da, eta horren ondorioz, haien jarduna hobetzeko zenbait arlo detektatu dira. Ondoren, eta hautemandako beharrei erantzunez, EDUCA plataforman erregistratu diren hobekuntza planak egin dira (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Hobekuntza plana).

Plan horiek prestatu ondoren, bai ikastetxearen hobekuntza orokorreko plana, bai departamentuetako hobekuntza planak, 2023-2026 aldian jarriko dira abian, eta haien jarraipena eta ebaluazioa eginen da.

Horretarako, ikastetxeak urteko programazio orokorraren planen bidez erantzun beharko die hobekuntza planetan jasotako beharrei. Hau da, alde batetik, ikastetxeko zuzendaritzak, 2023-2024 ikasturteko urteko programazio orokorrean ikastetxearen urteko planaren urteko helburuak ezartzeko garaian, hobekuntza orokorreko planean ezarritako helburuak hartuko ditu kontuan, besteak beste. Bestalde, urteko programazio orokorrean sartutako departamentuen urteko planetan, taldeek jaso beharko dituzte, helburuak zehaztean, autoebaluazio-prozesutik eratorritako zikloen hobekuntza planen helburuak.

Gaineratu behar da hobekuntza orokorreko planen eta departamentuen ebaluazioa eginen dela 2023-2026 aldiko ikasturte bakoitzaren amaieran, 2024., 2025. eta 2026. urteetan. Hau da, baloratuko da noraino lortu diren helburuak nahiz noraino gauzatu diren planteatutako ekintzak, eta hobetzeko proposamenak eginen dira. Ebaluazio hori EDUCAn erregistratuko da, horretarako diseinatutako txantiloi digitaleko ataletan (ebaluazioa, balorazioa eta hobekuntzak).

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2023-2024 ikasturtean gainbegiratuko du ikastetxearen urteko planak eta departamentuen planek jasotzen dituztela hobekuntza planean ikasturterako adostutako helburuak.

Ikastetxearen prestakuntza plana funtsezko elementua da prestakuntza instituzionalerako. Zuzendaritza taldeak ezarriko du haren edukia eta, betiere, hobekuntza planaren ondoriozko premiei erantzun beharko die.

2. UPOa prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du urteko programazio orokorra, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra egoki prestatzeko jarduketa-egutegi bat ezartzea.

Klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, zuzendariak onetsi beharko du; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan, dagozkien adostasun agiriak soilik sartuko dira; ez dira sartuko, beraz, irakasgaien programazio didaktiko osoak. Urteko programazio orokorraren ale bat ikastetxearen idazkaritzan geldituko da irakasleen eta eskola-kontseiluko kideen eskura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta eskola-kontseiluak ebaluatuko dute zenbateraino bete den urteko programazio orokorra. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.–Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen jarduna

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzek Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan jadanik dauden gobernu-organoak eta kide anitzeko organoak partekatuko dituzte.

1. Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailea.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean jadanik dagoen departamentu egituraren barnean sartuko dira. Hala ere, ikasketa horietan behar bezala jarduten dela bermatzeko asmoz, goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen figura sortuko da, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazio didaktikoak prestatzeko lana koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko.

c) Zuzendaritza taldeari eta klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari eta urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

d) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek finkatzen dituzten gidalerroen arabera.

e) Ikasketa planeko irakasgaien programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea, eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

f) Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

g) Ebaluazio eta kalifikaziorako irizpide komunak prestatzea.

Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzaileak bere zuzeneko irakaskuntza eta eskola-ordutegitik astero 2 ordu erabiliko ditu lan horietarako, eta astean zenbatu beharreko multzotik beste 2 ordu.

2. Mugikortasun programen arduraduna.

Mugikortasun programen arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta gauzatzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, ikasketaburuak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

b) Eskolako ikasle eta irakasleek aurreikusiak edo eginak dituzten joan-etorriei buruzko informazioaren berri ematea Hezkuntza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eskolako mugikortasun programen arduradunak bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu emanen ditu bere karguari dagozkion eginkizunetan, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, ordu osagarri bat, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

3. Tutoreak.

3.1. Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

LOEren ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoak arautuko du Nafarroako diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako tutoreen izendapena.

3.2. Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburuak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskola-errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioen etengabeko jarraipena egitea.

4. Zaintzak.

Kontuan harturik Nafarroako diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du ikastetxeak erantzukizuna duela eskola-ordu guztietan irakasleen arretapeko guneak izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, gune horietan beren ikaskuntza prozesuari dagozkion zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako diren eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Hortaz, eskola-ordutegiaren barrenean, zuzendaritza da ikasleen arduraduna; beraz, uneoro, zaintzako irakasleren bat egon beharko da ikastetxean.

III.–Irakaskuntzen ordu banaketa

1. Alderdi orokorrak.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena egokituko zaizkio indarra duen araudian ezarri denari.

IV.–Irakasleak

1. Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori eskola-orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntza-jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira.

2. Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

2.1. Zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola-orduak.

Zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola-orduak izanen dira, oro har, ikasleekin zuzeneko irakaskuntzan emandako orduak.

Astero, Hezkuntza Departamentuak ezartzen eta indarra duen araudian finkatzen diren zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola-orduak beteko dira.

Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan bost irakasgai baino gehiago ematen dituzten irakasleei ordu bat kenduko zaie beren eskola-ordutegitik. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

b) Murrizketa adinaren arabera.

Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko dira.

2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak baturik, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat irakasle taldeko kide bakoitzaren eta goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen arteko koordinazio lanetarako.

c) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek eskola-kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c), d) eta e) apartatuetan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko dizkie:

a) Lankidetza orduak diseinuko urteko jardunaldiak prestatzen laguntzeko, webgunearen mantentze-lanetarako, Facebook, Twitter, etab.

b) Irakasle taldeek ikastetxeak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.

c) Zaintza orduak.

d) Beste batzuk.

2.3. Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroaren bileretara joatea.

b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldearen bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan emandako orduak.

d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.

3. Ordutegiak egin, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, klaustroak ezartzen dituen irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.

Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen kopuruaren berri emanen die departamentuei, eta irakas-karga banatuko du.

Plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.

Zuzendaritzak onetsiko du ikastetxeko ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Irakasle bakoitzaren ordutegiak eta lantokia (bai eskola-orduei dagokienez bai tutoretza-orduei, zaintzei, departamentuko bilerei eta abarri dagokienez) jasotzen dituen informazioa iragarki-taulako eta ikasketaburuaren bulegoko toki ikusgarri batean eta sarbide guztietan erakutsi beharko da denbora guztian.

4. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean lan araubideko kontratudunak.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasun egoeran dauden MUFACEko langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Hurrengo berrespen parteak hamabostean behin edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak zer erabakitzen duen. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.

MUFACEko langileen jatorrizko parteak Hezkuntza Departamentura helarazteko, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez bidal daitezke, aurrez aurre aurkeztu Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialeko edozein bulegotan, edo posta arruntaren bidez bidali.

Era berean, lantokian kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ahalik eta azkarren, bertan zehaztasunez jakin dezaten langilea zein egunetan faltako den, bajaren garapena edota bukaera, eta, halaber, ordezkapena eskatu ahal izateko.

Alta agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Ukitutako irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.

Parteak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.

Gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezintasuna duten Gizarte Segurantzako langileek jakinarazi behar dute zer iraupen duen baja-parteak lanera joaten ez diren lehen egunetik. Baja berresteko parteak medikuak erabaki bezain maiz jakinarazi beharko dira. Era berean, baja amaitutzat emateko eta langilea bere lanpostura itzultzeko, ezinbestekoa da alta medikoaren partea jakinaraztea lantokiari egun berean.

Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak jakinarazteaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa bost eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.

Ordezkapen-egoeretan, ordezkoa ez bada bere lanpostura itzultzen, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak mezu elektroniko bat igorriko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, lanpostua berriz eskain dadin.

V.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak

1. Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2. Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikastetxeko bizikidetza erregelamenduan zehaztuko da zer den eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horrek zer ondorio duen.

3. Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea konpetentziak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

Halaber, ikasleek eskubidea izanen dute beren ebaluazioaren prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera.

Ikastetxeak zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak...) arautu beharko du bere plangintza instituzionaleko agirietan.

VI.–Ikasleak onartu eta matrikulatzeko araubidea

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII.–Beste jarraibide batzuk

1. Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.

Informazio akademikoa EDUCA aplikazioarekin kudeatuko da. Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazioko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.

Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Zuzendaritza taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeatzailetza eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.

Ikastetxeetan EDUCAren koordinatzaile lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak EDUCAren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "EDUCA koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.

Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeen ardura da eguneratuak edukitzea ikastetxean irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen diren langileen eta ikasleen datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, posta elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.

Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, lehenik, ikasleek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei erantzunen die; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.

Oso komenigarria da ikastetxeko langileek EDUCAk gaituta dituen funtzionalitate guztiak erabiltzen ohitzea.

EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, helbide elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > IkasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Posta-kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Google-ko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.

EDUCA Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Gomendatzen da ikastetxeak aplikazioaren erabilera sustatzea ikasleen artean.

3. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.

Kobrantzak eta ordainketak horretarako gaitutako kudeaketako kontu korrontearen bidez eginen dira.

Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuekin lotura duten eragiketek frogagiria izanen dute beti. Fakturak zentroaren izenean eginen dira.

4. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiez bezainbatean, hala dagokionean, goi mailako ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeek aplikatuko dute Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 2ko 207/2023 Ebazpenaren II. eranskineko 10. puntuan jasotakoa. Ebazpen horren bidez, jarraibideak onetsi ziren 2023-2024 ikasturtean arautzearren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Hezkuntza Berezia ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua.

5. Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendaritzaren berariazko baimena beharko da.

6. Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolez kanpoko pertsonak sartzea.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen artean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

7. Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F2311546