173. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Ordenantza, Uharte Arakilgo landa-bide publikoen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Uharte Arakilgo Udalak, 2023ko apirilaren 24ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Uharte Arakilgo landa-bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza. Onespenaren erabakia 2023ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 16an.

Jendaurreko epean ez da erreklamaziorik, eragozpenik edo oharrik aurkeztu, behin betiko onetsitzat joko da ordenantza hori eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Uharte Arakilen, 2023ko abuztuaren 10ean.–Alkatea, Jose Domingo Huarte Baleztena.

UHARTE ARAKILGO LANDA-BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Uharte Arakilgo landa-bide publikoen sarea uhartear guztien ondarearen zati bat da. Elementu garrantzitsua da udalerriko mendiak eta zelaiak kontserbatzeko eta haien aberastasuna eskuratzeko. Ezinbestekoa da bizilagunen arteko komunikaziorako eta bisitariei eta oinezkoei bidea errazteko. Bere kontserbazio egoera onak guztion ongizatea dakar.

Pistak eta bideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, beharrezkoa da horien erabilera arautzea, Uharte Arakilgo natura-ondarearen balioak babesteko; era guztietako erabiltzaileek, batez ere herritarrek, modu harmoniatsuan erabil ditzaten ahalbidetzeko, eta egoera onean mantentzeko.

Uharte Arakilgo Udalak, helburu horrekin, honako ordenantza hau onartu du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da, indarrean dagoen araudiaren arabera, Uharte Arakilgo Udalaren bide sare publikoaren erabilera arautzea: pistak, bidezidorrak eta baso-bideak. Halaber, pistak eta bideak erabiltzeko tasa bat ezarri nahi da horren bidez.

2. artikulua. Uharte Arakilgo baso-bideak.

Ordenantza hau aplikatzeko, landako bide publikoaren kategorian sartuta daudela ulertuko da eta, beraz, ordenantza hau aplikatuko zaie:

1. 1. 2 metro edo gehiagoko zabalera duten bideak.

a) Pista nagusiak, honako eremu hauetara iristeko erabiltzen direnak: Amurgin herrigunera iristeko; Iriburutik Sargaitz industrialdera sartzeko; inguruko herriekin komunikatzeko eta Aralarko San Migel santutegira iristeko, NA7510 errepidearekin lotuz.

b) Lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortu diren pistak eta bideak; harea eta legar trinkotuaz eginak izateaz gain, dagokien planimetrian agertzen direnak eta ustiategietara, mendietara, larreetara, birpopulaketetara, zurezko eta zurezko aprobetxamendu-eremuetara eta finka partikularretara iristeko aukera ematen dutenak.

c) Ateratzeko edo herri-basoan bordetara sartzeko erabiltzen dira, bai eta abereentzako ur-puntuak ere. Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute: oro har, egurra ateratzea edo hermendiko bordetara eta haziendarentzako ur-guneetara iristea.

2. 2 metro baino zabalera txikiagoa duten bideak:

a) Gurdibide zaharrak eta bidezidorrak, erabilera eta funtzio askotakoak, bidezidor eta lasterbide turistikoak, hezkuntzakoak eta kiroletakoak barne.

Ordenantza honi atxikitako II. eranskinean Uharte Arakilgo landa-bide publikoen inbentarioa jasotzen da.

Oharra: kontsultatu lurzatiak bateratzeko planimetria.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Uharte Arakilgo Udalak zainduko du beti egon daitezen erabiltzeko maneran 2. artikuluan zehazten diren baso-bide eta -pista motak.

Era berean, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren interes publikoko bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak...) eta interesguneak (ibilbide markatuak, trikuharriak, zuhaitz monumentalak...), bai eta, hainbat arrazoi direla medio, horretarako sortutako organo eskudunak egokitzat jotzen dituen beste bide batzuk ere.

4. artikulua. Ibilgailu motordunekin zirkulatzeko debeku orokorra.

1. Oro har, debekatuta dago pistetatik kanpo eta ordenantzaren 2.1.b, 2.1.c eta 2.2 artikuluetan zehaztutako pistetatik ibilgailu motordunekin ibiltzea, behar den baimena izan gabe.

2. Pista eta bideetara sartzen diren ibilgailuek (dagokion baimenarekin) modu ordenatuan aparkatu ahal izango dute bide ertzetan, pista ibilgailuarekin inbaditu gabe, betiere zirkulazioa oztopatzen ez bada eta/edo gune horretara sartzen diren ibilgailuen eta pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen ez bada.

5. artikulua. Pistak eta bideak erabiltzeko araubide orokorra.

1. 2. artikuluan aipatutako pista eta bideak sortu ziren xederako erabiliko dira, betiere nolakoak diren eta zer ingurunetan dauden kontuan izanda. Oro har, debekatuta dago:

a) Pertsonen, ganaduen eta ibilgailuen joan-etorri askea oztopatzea, osorik edo zati batean.

b) Basogintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea.

c) Traktoreekin edo abeltzaintzako eta nekazaritzako bestelako ibilgailuekin pistetan barna ibiltzea, salbu eta sutarako egur-loteak ateratzeko bada (betiere lotea edo egurra esleituta edukiz gero) edo larre edo finka partikularretara sartzeko bada.

d) 3,5 tonatik gorako BGM duten ibilgailuekin zirkulatzea, betiere udalerriarekin zerikusirik ez duten jarduerak egiten badituzte, hala nola udalerri mugakideen artean eta/edo Uharte Arakilen erregistratu gabeko ustiategien artean salgaiak (egurra, ganadua, eraikuntza-materialak etab.) garraiatzea. Horretarako, 2.1.a. artikuluan zehaztutako pistaren bat erabili beharko da. Udalari baimen berezia eskatu eta dagokion tasa ordaindu ahal izango du.

e) Bide, areka edo ubideetan lurra, harriak, hondakinak eta/edo nekazaritzako edo basogintzako produktuak uztea eta botatzea.

f) Uharte Arakilgo bide eta pistetan eta bertako aparkalekuetan nekazaritzako eta basogintzako produktuak erretzea.

g) Pisten zoladuran eta/edo inguruko faunan eta floran kalteak eragin ditzaketen turismo-jarduerak.

h) Lehiaketak, lasterketak, quaden ibilia edota gidatzeko beste modalitate batzuk, baldin eta oinezkoak eta txirrindulariak arriskuan jarri eta inguruko faunan eta floran kalteak eragin baditzakete.. Salbuespen gisara, alkatetzak baimena ematen ahalko du taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

i) Zuhaitzak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik 3 metroko zortasun-eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluan jasotzen den gisara.

j) Nekazaritzako lanak egitea (goldatzea, etab.) bidearen ertzak eta ubideak errespetatu gabe.

k) Lursailera sartzea edo nekazaritzako makineriarekin bidera irtetea lursailak lantzen diren bitartean, horretarako sarbidea ez den beste leku batetik.

l) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

m) Finketarako sarbideak eraikitzea Udalaren baimenik gabe.

n) Bideetako ezpondetako landare-masak suntsitzea eta likidoak edo solidoak isurtzea lurzorua, natura edo akuiferoak kutsa ditzaketen bide, areka edo ubideetara.

o) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

p) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

2. Salbuespenez, Udalak aurreko paragrafoan debekatutako jarduerak baimendu ahal izango ditu, baldin eta hori justifikatzen duten interes publikoko arrazoiak badaude eta espedientean jasota badaude.

3. Uharte Arakilgo herritarrek etxeko sutarako egurra ateratzen duten urteko denboraldian, Etxarriko pistetan barna ibili ahalko da traktoreekin edo antzeko ibilgailuekin, horretarako baimenik izan gabe.

Turismoek, berriz, baimena izan beharko dute beti lan horiek egiteko.

6. artikulua. Pisu-mugak.

1. Gorabehera klimatiko berezirik egon ezean, 2. artikuluan definitutako pistetan barna ibiltzen diren ibilgailuek jarraian adierazten diren pisu-mugak bete beharko dituzte:

a) 2.1.a) artikuluan zehaztutako pistak: pista horietan ezin da inolaz ere 40 tona gordineko karga gainditu (ibilgailua gehi karga guztira).

b) 2.1.b) artikuluan zehaztutako pistak: pista horietan ezin da inolaz ere 30 tona gordineko karga gainditu (ibilgailua gehi karga guztira).

c) 2.1.c artikuluan zehaztutako pistak: 25 tona, baldin eta zoru naturala guztiz lehor badago, eta 20 tona, zorua bustirik dagoenean, betiere lur-giroa badago eta euririk egiten ez badu.

2. Salbuespen gisa, euri-egunetan edo zoladura guztiz lehor ez dagoenean, eta pisten egoerak horretarako aukera ematen badu, Uharte Arakilgo mendi-pistetan barna ibiltzea mugatu ahal izango du Udalak.

Horren berri emango zaie Uharte Arakilgo bizilagunei.

7. artikulua. Baimentzeko prozedura.

1. Uharte Arakilgo pistetan zirkulatzeko baimena Uharte Arakilgo Udaleko Alkatetzaren ebazpen bidez emango da.

2. Aparteko egoeretan, alkatetzak baimendu ahal izango du Uharte Arakilgo pista eta bideetan sartu ahal izatea.

3. Baimen-eskabideak ofizialki ezarritako ereduan edo eskabide orokorrean aurkeztuko ditu ibilgailuaren titularrak; haietan datu pertsonalak, ibilgailuen gainekoak eta eskatzen den baimen motari dagozkionak emango dira.

Uharte Arakilgo Udalaren bide eta pistetara askatasunez sartzeko baimena eskatu ahal izango dute hurrengo ataletan ezarritako baldintzaren bat betetzen duten ibilgailuen titularrek:

3.1) Uharte Arakilen erroldatuta dauden titularrek, euren ibilgailurako (udalerrian erregistratuta badago).

3.2) Mendi-pista sarbide bakarra duten lurzatien kasuan, haien jabeen eta/edo errentarien ibilgailuetarako. Kasu horretan, lurzatirako sarbidea den mendi-pistara mugatuko da baimena.

3.3) Uharte Arakilgo ehiztarien elkarteko bazkidea den eta Uharte Arakilgo ehiza-txartela indarrean duten ibilgailuak. Kasu horretan, ehiza-denboraldirako baino ez da baimenduko.

3.4) Udalaren edo Uharte Arakilgo mugaren barruko ustiategi edo lurzatiren baten mendeko jarduera ekonomikoren bat egiten duten eta inguruan ibiltzea ezinbestekoa duten ibilgailuak. Ezin izango dira sartu Uharte Arakil udalerritik kanpoko jarduera duten ibilgailuak.

4. Behar bezala justifikatutako kasu berezietan, udalak subjektu jakin batzuk salbuetsi ahal izango ditu nahitaezko baimenarekin zirkulatu beharretik.

5. Baimen-eskaerak alkatetzaren ebazpen bidez ebatziko dira.

6. Baimena banakako txartel bat emanez gauzatuko da. Ibilgailu baimenduen erregistroa sortuko da, eta hari dagozkion zergadunen errolda ere bai.

Txartela ibilgailuaren aurreko kristalean jarri beharko da.

7. Aurreko atalean aipatutako erroldako subjektu pasiboek baja eman edo aldaketaren bat egin nahi badute, horrelakoak gertatzen diren egutegiko hiruhileko berean egin beharko dute horien gaineko deklarazioa, eta horiek indarra hartuko dute jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

8. artikulua. Zur-aprobetxamendu pribatuak pista edo bide publikoetatik garraiatzea.

1. Oro har, debeku da basogintzako eta eraikuntzako produktuak 2. artikuluan ezarritako bide eta pistetan barna herrestan eramatea.

2. Egurra ateratzeko aprobetxamendu pribatuak Uharte Arakilgo pista edo bide publikoetan barna garraiatzeko, baldintza teknikoen eta baldintza ekonomiko-administratiboetan ezarritakoa bete beharko da.

3. Mendi pribatuetako zur-aprobetxamenduaren kasuan, jabeak lotearen balioaren % 4ko fidantza jarri beharko du, pistak eta baso-bideak behar bezala mantentzen direla ziurtatzeko.

Jardueraren titularraren ardurakoak izango dira bere jardueraren ondorioz pista eta bideetan eragiten diren kalte eta galerak.

9. artikulua. Eskumena eta baimenaren iraunaldia.

1. Uharte Arakilgo pistetatik zirkulatzeko baimena Uharte Arakilgo Udaleko Alkatetzaren ebazpen bidez emango da, 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Baimenek bost urteko balioa izango dute, baldin eta 7. artikuluan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen badira. Bestela, interesdunak Udalari jakinarazi beharko dio eta baimena itzuli, aipatutako artikuluan jasotzen den bezala.

Udalak interesdunen batek ezarritako baldintzak betetzen ez dituela jakiten badu, baimena itzultzeko eskatu ahal izango dio.

3. Salbuespen kasuetan, betiere ordenantzaren 7.2 artikuluan xedatutakoa betez, Udalak egun bakarrerako baimenak eman ahal izango ditu.

10. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Beren eginkizuna betez pista eta bideetara sartzen diren entitate eta instituzio publikoetako ibilgailuek ez dute inolako baimenik beharko.

11. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Uharte Arakilgo pista guztietan gehieneko zirkulazio-abiadura 25 km/ordua izango da.

Nolanahi ere, istripu-arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo eguraldi txarra egiten duela-eta beharrezkoa bada.

12. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileak izango dira pistetan gertatzen diren kalteen erantzule, ordenantza honetan jasotako arauak aintzat ez hartzeagatik.

Udalak sortzen diren kalte-galeren gaineko erantzukizuna eskatu ahal izango du, aplikagarria den araudian ezarritakoarekin bat.

13. artikulua. Pisten inbentarioa.

Uharte Arakilgo Udalak pista eta kategoria guztien inbentarioa etengabe eguneratuko du.

Udalak kasuan kasuko kartografia digitala izango du, bere web-orriaren bidez kontsultatu ahal izango dena.

14. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-haustetzat joko da ordenantza honetan ezarritakoa urratzea. Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

2. Honako hauek joko dira arau-hauste arintzat:

a) Ordenantzan aurreikusitako betebeharrak haustea dakarren egite eta ez-egite oro, baldin eta hurrengo paragrafoan arau-hauste larritzat kalifikatuta ez badago.

3. Honako hauek joko dira arau-hauste larritzat:

a) Bide baten ezaugarriak aldatzea.

b) Harriak eta eraikuntzako nahiz nekazaritzako hondakinak bide, areka eta ubideetara botatzea.

c) 6. artikuluan ezarritako tona-kopurua gainditzen duten ibilgailuekin zirkulatzea.

d) Lehiaketak edo lasterketak egitea, horretarako baimenik izan gabe.

e) Bi urteko urtean hiru arau-hauste arin pilatzea.

15. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honen hausteak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera zigortuko dira.

a) Isunak, gehienez 150,00 eurokoak, arau-hauste arinak direnean.

b) 150,01 eurotik 300,00 eurora bitarteko isunak, arau-hauste larriak direnean.

Arau-hauste larrien kasuan, baimena sei hilabetez kenduz ere zehatu ahal izango da, ez-betetzearen larritasuna kontuan hartuta.

Isun horiei, gainera, kaltetutako ondasuna konpontzeko edo lehengoratzeko sortutako gastu guztiak gehituko zaizkie.

2. Isunak biltzeko eta eragindako kalte-galeren ordaina jasotzeko, borondatezko ordainketarik egin ezean, premiamenduzko administrazio-bideari jarraituko zaio.

16. artikulua. Zehapen-prozedura.

Arau-haustea izan daitezkeen gertakariak Udaleko Alkatetzari jakinaraziko zaizkio, eta horrek dagokion zehapen-espedientea instruituko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

Prozedura ebazteko eta zigorrak ezartzeko organo eskuduna Uharte Arakilgo Udaleko Alkatetza izango da.

17. artikulua. Eragindako kaltea konpontzea.

Bidezkoak diren zehapen zibil, penal edo bestelakoei kalterik egin gabe, arau-hausleak eragindako kaltea konpondu beharko du. Konponketaren helburua bidea, pista eta abar lehengoratzea izango da, arau-haustea egin baino lehenagokoak baitira, bai eta eragindako kalte-galeren ordaina ere.

Erantzukizuna solidarioa izango da arau-hausleak bat baino gehiago direnean eta horietako bakoitzaren parte-hartze maila zehaztu ezin denean.

Konpontzeko eta kalte-ordainak emateko betebeharra horretarako bideratzen den zehapen-prozeduran edo prozedura independente gisa zehaztu ahal izango da.

Udalak, subsidiarioki, konponketa egin ahal izango du, betiere arau-hauslearen kontura. Nolanahi ere, arau-hausleak eragindako kalte-galeren zenbatekoa ordaindu beharko du, kasuan kasuko ebazpenean ezarritako epean.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarrean dagoen legeria sektoriala aplikatuko dira.

Ordenantzaren aldaketa hau, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

ERANSKINAK

I.–Eskabidea, landa-bide publikoetan ibilgailuz sartzeko txartela eskatzeko (PDFa).

II.–Kartografia: pista eta landa-bide publikoen inbentarioa.

–Iparraldean:

  • 2.1.a. Hori kolorekoak:
    • San Migeleko pista.
    • Iberaseko bidea.
    • Larrubitako bidea.
    • Iberraldeko bidea.
    • Amurgingo bidea.
  • 2.1.b. Urdin kolorekoak:
    • Atako bidea.
    • Pamplonagaineko bidea.
    • Azekipeko bidea.
    • Atetokiko bidea.
    • Alfaroko bidea.
    • Urrutzegiko bidea.
  • 2.1.c. Gorri kolorekoak:
    • Etxabeko bidea.
    • Agiriko bidea.
    • Lizarazuko bidea.
    • Artxuetako lepoko bidea.

–Hegoaldean:

  • 2.1.a. Hori kolorekoak:
    • Iriburuko bidea.
    • Gainberako bidea.
    • Enizko bidea.
    • Telleriako bidea.
  • 2.1.b. Urdin kolorekoak:
    • Berastegiko bidea.
    • Okubeko bidea.
    • Auzeltako bidea.
    • Berroako bidea.
    • Katizanoko bidea.
    • Kaminotxar bidea.
    • Itsasiko bidea.
    • Ganbeltako bidea.
    • Ardantzarretako bidea.
    • San Bartolomeko bidea.
    • Otsarteko bidea.
    • Berroetako bidea.
    • Olabeko bidea.
    • Amorroko bidea.
    • Arpeluko bidea.
    • Sargaitzgo bidea.
    • Artzeletako bidea.

–Pisten eta landa-bideen kategoria eta koloreak mapan:

  • 2.1.a) Kolore horia.
  • 2.1.b) Kolore urdina.
  • 2.1.c) Kolore gorria.

III.–Tasak.

1.–Tasak.

–Baimena izapidetzeko gastuengatiko tasa: 10,00 euro 5 urteko epealdirako.

–Txartela galdu duelako edo lapurtu diotelako, edo Ibilgailua aldatu edo bajan eman eta gero txartela berritu behar duenak 5,00 euro ordaindu beharko du.

–Uharte Arakil udalerritik kanpoko garraiorako eta jardueretarako pistak erabiltzeagatiko tasa: 0,025 euro/ Tn. Km.

2.–Zergapeko egitatea.

Tasaren zergapeko egitatea da, alde batetik, Uharte Arakilgo Udalaren pista eta bide publikoen erabilera eta haien gaineko mantentze, zaintze eta hobetze lanen zerbitzu publikoa egitea.

3.–Salbuespenak.

Tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

–Bere lana burutzen ari diren entitate eta instituzio publikoetako ibilgailuak eta 10. artikuluan aipaturiko beste ibilgailuak.

–Basoan lana burutu behar duten jarduera ekonomikoko titularrak (lanak egurra ateratzeko, bideen hobekuntzarako, edo eta partzeletan dauden eraikin edo instalazioen hobekuntzarako direnean adibidez).

–Udalerrian erregistratutako abeltzaintzako ustiategietara elikagaiez eta abereez hornitzeko salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

Udalak salbuespenak ezarri ditzake kasu berezi eta salbuetsitan, behar bezala justifikaturiko kasu zehatzetarako eta aurreko paragrafoan aipatzen ez direnean.

Iragarkiaren kodea: L2311862