2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MIRANDA ARGA
Ordenantza, instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duena autokontsumoko instalazioetarako. Behin betiko onespena
Miranda Argako Udalak, 2023ko otsailaren 23an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "Ordenantza, arautzen duena autokontsumoko instalazioetarako instalazio fotovoltaikoen ezarpena Miranda Argako udal-mugartean". 2023ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 14an, hasierako onespenaren erabakia argitaratuta, ez da alegaziorik aurkeztu.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako erabakia behin betikoa bilakatu da.
Miranda Argako Udalak, 2023ko uztailaren 27ko osoko bilkuran, erabaki du behin betiko onetsitako ordenantza honen testu osoa argitaratzea, dagozkion ondorioetarako: "Ordenantza, arautzen duena autokontsumoko instalazioetarako instalazio fotovoltaikoen ezarpena Miranda Argako udal-mugartean".
Miranda Argan, 2023ko uztailaren 31n.–Alkatea, Maria Pilar Ibero Pérez.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA AUTOKONTSUMOKO INSTALAZIOETARAKO INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOEN EZARPENA MIRANDA ARGAKO
UDAL-MUGARTEAN
ZIOEN AZALPENA
1.–Isuriak 2030erako murrizteko helburuak 2014ko urriko Kontseilu Europarraren Ondorioetan daude jasorik. Ondorio horietan, 2021-2030 aldiko Energia eta Klima Aldaketari buruzko Politika Esparrua onartu zen ("2030 Esparrua"), Energiaren eta Klima Aldaketaren Europako Paketeari jarraipena ematearren. Hona hemen 2030 Esparruaren helburu nagusiak:
–Berotegi efektuko gasen isuriak %40 murriztea, 1990eko mailen aldean.
–Jatorri berriztagarria %27ra iristea energia kontsumoan.
–Energia efizientzia %27 hobetzea.
2.–Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Autokontsumoa izapidetzeko gidan adierazten duenaren arabera, toki administrazioak zeregin erabakigarria betetzen du autokontsumorako instalazioak izapidetzeko garaian; horregatik, gomendatzen dute udalek sinplifika ditzatela beren eskumeneko baimenak emateko izapideak, hori eginez gero, erraztu eginen baitute haien udalerrietan autokontsumorako instalazioak jartzea.
Beraz, ordenantza eredu honek udal erregulazio bat ezartzen du, zeinak errazten baitu autokontsumorako instalazioak ezartzea toki eremuan. Eta hori, helburu horretarako hirigintza lizentziak izapidetzeko beharrezkoak diren eskakizunetan argitasuna eskainiz.
3.–Ordenantza honen xeda da udalaren esku-hartze araubidea ezartzea, autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazioak sustatzeari dagokionez, erantzukizunpeko adierazpenen araubidearen pean jarrita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192.1.b) eta e) artikuluan xedatutakoaren babesean (II. titulua).
Eguzki-energia fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta udalerri honetan sustatu nahi da, benetako alternatiba delako eta etorkizunerako proiekzioa duelako, ingurumen-inpaktu txikia duelako, instalatu ondoren mantentze-kostu handirik ez duelako eta modu eraginkorrean laguntzen duelako berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, betiere modu jasangarrian proiektatzen bada.
Miranda Argako Udalak erregulazio bat ezarri asmo du, eguzki-energia garatzearen alde egitea bateragarria izan dadin bi premia hauekin: ziurtatzea lurraldean ezarpen antolatua duela; eta bermatzea natura eta hiri balio garrantzitsuenen kontserbazioa, bai eta, maila guztietan, irudia eta paisaia ere.
Hori dela eta, eguzki-energia biltzeko instalazioak ingurumenerako onuragarriak badira ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.
I. KAPITULUA
Xedea, aplikazio-eremua eta definizioak
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea teknologia fotovoltaikoaren bidez eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko, autokontsumorako, Miranda Argako udal-mugarteko ondasun higiezinetan, instalaziook sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan, eta instalazioen potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa izanik, betiere.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Ordenantza honen aplikazio eremua Miranda Argako udal-mugarte osoa da, bai hiri-lurzoruan (finkatua eta finkatu gabea), bai lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean. Hiri-lurzoruaren barruan ez da bereizketarik eginen eremu homogeneoen artean.
3. artikulua. Definizioak.
Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, hona zer diren:
–Autokontsumoa: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumitzea kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazio batzuetatik datorren energia elektrikoa. (244/2019 ED, 3. artikulua).
–Sarera konektatutako instalazioa: kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako sorkuntza instalazio bat, kontsumitzaile batekin sarera konektatzeko azpiegiturak partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bidez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere hartuko da sarera konektatutako sorkuntza instalaziotzat. (244/2019 ED, 3. artikulua).
–Instalazio isolatua: inoiz ez duena ahalmen fisikorik garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko, ez zuzenean, ez zeharka, norberaren edo besteren instalazio baten bidez. Etengailuen edo gisako gailuen bidez saretik deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu hau aplikatzearen ondorioetarako. (244/2019 ED, 3. artikulua).
–Soberakinak dituen autokontsumo modalitatea: modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek, autokontsumorako energiaz hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. (244/2019 ED, 4. artikulua).
–Potentzia nominala: inbertsorearen gehieneko potentzia izanen da, edo, bestela, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.
–Eguzki-energia biltzeko elementuei panelak eta plakak deituko zaie ordenantza honetan.
II. KAPITULUA
Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian
4. artikulua. Instalazioen xedea.
Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, autokontsumorako elektrizitatea sortzeko (eguzki-instalazio fotovoltaikoak), indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Baimenduko da eguzki-panelak jartzea eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:
a) Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta plano eta orientazio bera mantenduta. Panelek sortutako planoa egonen da teknikoki ahal den hurbilena estalkiak sortutako planotik, eta harekiko paraleloan.
b) Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat edo gehiago.
c) Okupatutako gehieneko eremua gutxienez 0,60 metro bereiziko da teilatu hegalen eta mehelinen ertzetik, eta inoiz ere ez dituzte gainditzen ahalko isurialdeen planoak.
d) Kalerako estalkiaren eta/edo fatxaden gainean ez da inolako elementu osagarririk instalatuko eta/edo ikusgai geratuko, hala nola metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barruan dela barruko fatxadan.
2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:
i) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; karelen bidez ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere.
ii) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.
3. Hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.
4. Hiri-lurzoru finkatugabean edo urbanizagarrian ordenazio/eraikuntza tresna egokien bidez egindako hirigunearen handitzeen gaineko etorkizuneko eraikuntzetan, salbuespen moduan, konponbideak proposatzen ahalko dira eraikuntza berrian eguzki-panelak ezartzeko konfigurazio edo kokapen bereziekin, behar bezala txertatuta gera daitezen eraikin multzoaren arkitekturan. Hirigintza zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.
5. Hirigintza ondorioetarako, eguzki-energiako instalazioak eraikineko edo eraikuntzako instalaziotzat hartuko dira, eta, beraz, ez dira konputatuko eraikigarritasun ondorioetarako.
6. Eguzki-panelak jartzeko eskaera eraikin katalogatu bati badagokio, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundera bidaliko da, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.
Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarriko dira.
–Soil-soilik baimenduko da instalazioa eraikin kontsumitzaileak badaude, edo aldi berean ematen bada haietarako obren lizentzia eta instalazio horiek partzela berean badaude, hiri-lurzorua izan, edo urbanizaezina.
–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.
–Panelen euskarriak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen dira 1,50 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.
–Ikusizko inpaktua eta paisaia-inpaktua zuzentzeko behar diren neurriak hartuko dira, herrigunearen irudi urbanoa zaintzeko.
–Okupaturiko gehieneko eremua %40koa izanen da, eta gehienez ere 40 metro koadrokoa.
7. artikulua. Instalazioak, zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.
1. Beren inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko helburua duten autokontsumorako eguzki-instalazioak baimenduko dira, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
2. Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua egon daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuaren infografiak ere.
III. KAPITULUA
Instalazioak lurzoru urbanizaezinean
8. artikulua. Aurretiazko baimenak.
1. Lurzoru urbanizaezinean eguzki-energiatik energia elektrikoa lortzeko instalazioak (eguzki-parkeak) ezartzeak une bakoitzean indarrean dagoen araudi sektorial autonomikoa beteko du, eta Lurralde Antolamenduko 4. Plana (4. LAP) - Erdialdeko Eremuak eta Hirigintzako Udal Planeko hirigintza araudia ere bai.
2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
3. Lehendik dauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, legezko egoeran egon beharko dute. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du lehendik dauden erabileren eta jarduketa eta eraikuntzen legeztatzea.
9. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
Eguzki-panelak eraikinetako estalki inklinatuetan jartzen ahal dira, horietako planoen gainean bermatuta. Hartutako gainazala gutxienez 0,60 metro bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik. Estalkiaren azaleraren %80 okupa daiteke gehienez, proiekzio horizontalean neurtuta.
Irizpide berari jarraikiko zaio instalazioak baimentzeko aisialdirako etxoletan, nekazaritzako eraikin eta instalazioetan, nekazaritza edo abeltzaintzako biltegietan, baratzezaintzarako eraikuntza lagungarrietan eta abarretan. (Dena den, ez da instalaziorik jartzen ahalko metalezko obra-etxola prefabrikatuetan).
2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean jartzea, mugarik jarri gabe azaleran, inklinazioan nahiz orientazioan.
3. Ezin da jarri fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.
10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.
Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraiki beharra badakar, sare orokorrarekin lotzen den punturaino garraiatzeko energia, beharrezkoa izanen da linearen ingurumen ukipenetarako baimen espedientea tramitatzea (26/2022 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko erregelamendua). Hura baimendu arte ezin izanen da lizentzia eman eguzki-panelak jartzeko. Linea elektrikoak lurpekoa izan beharko du.
IV. KAPITULUA
Izapidetzea
11. artikulua. Obra-lizentzia izapidetzea eta erantzukizunpeko adierazpena.
1. Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Miranda Argako Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, kasua zein den, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.
2. Betiere, obretarako udal lizentzia beharko dute instalazioek, baldin behar badituzte beste administrazio publiko batzuen aldez aurretiko hirigintza baimenak edo bestelakoak, aplikatzekoa den legediari jarraituz. Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.
3. Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, indarrean dagoen Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeak edo horrekin zerikusia duen edo hori ordezten duen araudian hala xedatutako obrak egiteko.
4. Gainerako kasuetan, memoria tekniko bat aurkeztu beharko da, instalazioaren ezaugarri zehatzak azalduta: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta okupatutako azalerak, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua. Instalazioak paratu nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izanen dela eusteko estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari.
5. Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.
12. artikulua. Ikuskapena, kontrola eta zehapena.
Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz Miranda Argako Udalak dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.
Miranda Argako Udalak ikuskapenak egiten edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, instalazioa egoera onean dagoela eta ongi funtzionatzen duela bermatzeko.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoaren arabera, Miranda Argako Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.– Ordenantza honetan arauturiko gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, baztertu gabe ordenantza geroago egokitzea behar den orotan. Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (EITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoetan nola Nafarroako Foru Komunitatekoetan– aldaketaren bat eginez gero, ordenantza honi eragiten diona, ukitutako artikuluak eguneratu beharko dira, araudi horretara egokitu daitezen.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.
Iragarkiaren kodea: L2311327