172. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 18a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 10/2023 FORU DEKRETUA, abuztuaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokiola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuak sortu, aldatu, bateratu eta kentzea, eta bakoitzaren izena eta eskumenen esparrua zehaztea.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 29.2 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio departamentuak sortzea, aldatzea, bateratzea edo kentzea, eta finkatzea departamentu bakoitzaren eskumena jarduera administratiboaren zer sektoretara iritsiko den; foru dekretu bidez egin beharko du hori guztia.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 29.2 artikuluan ezarritakoaren babesean,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa departamentu hauetan antolatzen da:

–Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentua.

–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua.

–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentua.

–Ekonomia eta Ogasun Departamentua.

–Hezkuntza Departamentua.

–Osasun Departamentua.

–Lurralde Kohesiorako Departamentua.

–Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua.

–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua.

–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua.

–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentua.

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua.

2. artikulua. Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: lehendakariarentzako laguntza; Parlamentuarekiko eta Foru Komunitateko, autonomia erkidegoetako eta Espainiako beste erakunde batzuekiko harremanak; Nafarroako Gobernuko idazkaritza; gardentasuna, datu irekiak, herritarren parte-hartzea, boluntariotza eta irisgarritasun unibertsala koordinatzea eta sustatzea; herritarren arreta; Nafarroako Aldizkari Ofiziala kudeatzea; aholkularitza juridikoa ematea eta Foru Komunitatea ordezkatzea eta defendatzea epaiketetan; foru zuzenbide zibila sustatzea; hauteskunde-prozesuak kudeatzea; errealitate soziala, aldaketa-prozesuak eta erronka sozialak aztertzea; politika publikoak planifikatzea, koordinatzea eta ebaluatzea; azterlan estrategikoak; lurralde-mailako proiektu estrategikoak ebaluatzea; administrazioa sinplifikatzea; toki-administrazioa digitalizatzen laguntzea; departamentuen arteko politikak koordinatzea; Nafarroa marka, Nafarroako Gobernuaren irudi instituzionala, babestea, garatzea eta bultzatzea, gainerako departamentuekin elkarlanean; informazio-politika koordinatzea; komunikabide sozialekin koordinatzea; Nafarroako Gobernuaren presentzia Interneten eta sare sozialetan; berdintasun politikak, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

3. artikulua. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: hizkuntza politika; euskararen berreskurapena eta garapena; hizkuntza politikaren arloko erakunde eta entitateekiko harremanak; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren hizkuntza planak koordinatzea; bakeari, memoriari, bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko politikak; Europar Batasunaren erakundeetan Foru Komunitatearen interesak ordezkatzea, babestea eta sustatzea; Europar Batasunaren gaineko aferetan eta erakundeetan parte hartzea; Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza Europar Batasunean; mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza; kanpoan bizi diren herritar nafarrekiko harremana eta arreta; Europar Batasunaren 21-27rako Finantza Esparruko proiektuak koordinatzea eta bultzatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

4. artikulua. Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: etxebizitza eskuratzeko bideak sustatzea; eraikuntzen kalitatea kontrolatzea eta sustatzea, eta etxebizitzak egiteko lurzoruaren merkatuan esku hartzea; etxebizitzak birgaitzea; zeharkako politikak garatzea gazteriak gizartean modu aktiboan parte har dezan; politikak sustatzea gazteak elkartzeko eta gazteen sormena eta ekintzailetza bultzatzeko; Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan definitutako politika garatzea eta koordinatzea; herritar migratzaileak integratzea Nafarroan; aniztasun etnikoa eta kulturala kudeatzea eta bultzatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

5. artikulua. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: jarduera ekonomikoaren plangintza eta programazioa; ogasun publikoa; kontrol ekonomiko-finantzarioa egitea, planifikatzea eta aurrekontuak prestatzea; politika finantzarioa eta koordinazio ekonomikoa, Estatuarekin eta gainerako administrazio publikoekin; ondarea; Gobernuaren politika, gai ekonomikoei eta lehiakortasuna hobetzeko erreformei buruzkoa, gauzatzea eta proposamenak egitea; Next Funtsen harira Espainiako Gobernuarekin koordinatzea eta harremanetan egotea; Hitzarmen Ekonomikoa kudeatzea; Enpresa Korporazio Publikoa koordinatzea, departamentu bakoitzari esleitutako enpresa publikoak errespetatuta, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

6. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparrua.

Hezkuntza Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

7. artikulua. Osasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Osasun Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: osasun publikoa; lan osasuna; osasun laguntza; osasuna babesteko eskubideak bermatzea; osasun arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

8. artikulua. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: Nafarroako Toki Administrazioa; despopulazioaren aurkako estrategia kudeatzea; Nafarroako errepide sarearen proiekzioa, exekuzioa, kontserbazioa, ustiapena eta defentsa; geologia eta geoteknia; kartografia; kudeatzea interes orokorreko obra hidraulikoak, trenbideetakoak eta aireportuetakoak edo agintzen zaizkion antzeko obrak; garraioaren arloko politika planifikatzea, koordinatzea eta exekutatzea; mugikortasun jasangarria; lurralde antolamendua, paisaia eta hirigintza; Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Garapen Agentziaren politikak sustatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

9. artikulua. Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: garapen enpresariala kudeatzea; Espezializazio Adimentsuaren Estrategia definitzea, eguneratzea, ezartzea, monitorizatzea eta haren jarraipena egitea; aipatu estrategia horretan definitutako lehentasunak eta trantsizioak bultzatzea; klusterrak sustatzea; industria-jarduera sustatzea; lur industriala sustatzea; bultzatzea, enpresaren arloan, lehiakortasuna, ekintzailetza, enpresa-talentua, kalitatea eta enpresen I+G+b; plangintza eta kontrol energetikoa; industrien eta meategien kontrola; energia berriztagarriak bultzatzea; Nafarroako enpresen nazioartekotzea sustatzea; barne merkataritza eta artisautza antolatzea eta sustatzea; kontsumoa eta arbitrajea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

10. artikulua. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: gizarte gaiak, familia, haur eta nerabeen arreta; pertsonen autonomia sustatzea; adinekoen eta desgaitasunak dituztenen beharrei arreta ematea; gizarte-inklusioa; garapenerako nazioarteko lankidetza eta ekintza humanitarioa; enplegurako politika aktiboak sustatzea eta enplegua lortzeko informazioa, orientazioa, prestakuntza eta laguntza; bitartekaritza, lan eskaintzaren eta lan eskariaren artean; lan-harremanak, ekonomia soziala eta lan autonomoa bultzatzea eta antolatzea; lan arloko bitartekaritza, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

11. artikulua. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: unibertsitateko irakaskuntza; ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntzarako estrategia orokorraren definizioa, gainerako departamentuekin koordinatuta, nork bere eskumen esparruan; lehiakortasun eta kalitaterako estrategia publikoaren definizioa eta koordinazioa; eraldaketa digitalerako planen definizioa, gainerako departamentuekin koordinatuta, nork bere eskumen esparruan; zientzia eta teknologiako planen sustapena; zentro teknologikoen koordinazioa; informazioaren gizartea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera garatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

12. artikulua. Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: segurtasun politikak; trafikoa; polizia; jokoa eta ikuskizunak; babes zibila eta larrialdien kudeaketa; funtzio publikoa; Justizia Administrazioa; delituen biktimei laguntzea; delitugileak birgaitu eta gizarteratzea; oro har, Nafarroako zuzenbidea bultzatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

13. artikulua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: nekazaritza; abeltzaintza; akuikultura; elikadura; nekazaritzako azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta partaidetzazkoa; landa ingurunearen jasangarritasuna sustatzeko proiektuak inplementatzea; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea, eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoak; paisaiaren integrazioa plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioan; baliabide hidrikoak; klima aldaketaren aurkako estrategia zehaztea, baita aldaketa horretara egokitzeko ekimenak eta trantsizio ekologikoa ere; ekonomia zirkularra sustatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

14. artikulua. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren eskumenen esparrua.

Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrek kulturarako irispidea demokratizatzea; arte sorkuntza eta hedapena bultzatu eta sustatzea; kirola sustatzea bizi kalitatea hobetzeko oinarrizko ardatz gisa; kirol azpiegiturak arautu eta hobetzea; Nafarroan turismoaren sektorea antolatzea, sustatzea, haren marketinga egitea, hura nazioartekotzea eta berritzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Arauzko erreferentziak.

Jotzen da ezen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako foru dekretu honetan ezarritako departamentuei dagozkiela indarra duen antolamendu juridikoaren erreferentzia organiko eta funtzionalak , betiere beren gain hartzen dituzten eskumenen esparruen arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lehentasunak.

Nafarroako Foru Komunitateko lehentasunen araubidearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen 1. artikuluan ezarritakoa izanen da departamentuen ordena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Kreditu egozpena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako foru dekretu honek indarra hartzen duenetik 2023ko aurrekontu ekitaldia itxi arte, aurrekontuetako kreditu-konpromisoen egozpen organikoa indarra duen sailkapen organikoaren arabera eginen da, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aginduko ditu beharrezkoak diren egokitzapenak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen bidez sortu edo aldatu diren departamentuen aurrekontu-konpromisoak kasuan kasuko eginkizunak orain arte bete dituzten departamentuetako bidezko kredituei egotziko zaizkie, 2023ko aurrekontu ekitaldia amaitu arte.

Bigarren xedapen iragankorra.–Berregituraketa eta egitura organikoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen 1. artikuluarekin bat sortu diren edo gaur eguneko departamentuen eskumenak beren gain hartu dituzten departamentuen berregituraketa edo behin betiko egituraketa egin bitartean, horien mendeko unitate organikoek eta entitateek eskumenak jaso dituzten departamentuetan jarraituko dute lanean eta bertan beteko dituzte beren eginkizunak.

2. Departamentuak Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera berregituratzen edo behin betiko egituratzen ez diren bitartean, idazkaritza tekniko nagusiek eta horien mendeko unitate organikoek beren eginkizunak beteko dituzte kasuan kasuko eskumenak jaso dituzten departamentuetan, dagozkien arloetan.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Laguntza eta lankidetza.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan adierazten den konfigurazio berriaren araberako departamentuen egiturak onesten ez diren bitartean, bai eta geroko garapenari begira ere, departamentu guztiek laguntza emanen diote elkarri eta behar den sostengua jarriko dute besteen eskura lehenbailehen eta eraginkortasunez ezarri eta lanean has daitezen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen kontrako xedapen guztiak ere, maila berekoak nahiz beheragokoak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Gaikuntza ematen zaie Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentukoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentukoari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 17an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2311897