171. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

258E/2023 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmen bat egiteko Irañetako udal mugartean dagoen umetarako zerramen ustiategi batean (titiak kendu bitarteko zerrikumeen haztegia). Instalazioaren titularra Granja Dos Hermanas SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0881/2008 Ebazpenaren bidez emana, eta geroago Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 209E/2021 Ebazpenaren bidez eguneratua, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 242E/2021 Ebazpenaren bidez berrikusia, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 4ko 391E/2022 Ebazpenaren bidez aldatua.

2022ko otsailaren 11n titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, barnealdea eraberritzeko lanak egiteko eta aziendaren banaketa aldatzeko, baimendutako edukiera aldatu gabe.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko otsailaren 23an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko otsailaren 23an emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, handitzeko proiektuak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2022ko uztailaren 19an titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, proiektua gauzatu ahal izateko. Haren xedea da nabe batzuk eraberritzea eta aziendaren banaketa berrantolatzea, animalien ongizateari buruzko gaur eguneko eskakizunetara egokitzen joateko, ustiategiaren egungo zentsua aldatu gabe.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, udalaren eskumenekoa da, eta ez du lurzoru urbanizaezineko jardueraren baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Azken urteotan ingurumen-arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra, eta arau horiek aipatzen ari garen instalazioari eragiten diote. Hauek, esaterako: apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa; 306/2020 Errege Dekretua, otsailaren 11koa, zerri-ustiategi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta zerri-aziendako ustiategi estentsiboen oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena; eta 1051/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, nekazaritza lurzoruen nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen dituena.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 15 egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea aldaketa nabarmen bat egiteko Irañetako udal mugartean dagoen umetarako zerramen ustiategi batean (titiak kendu bitarteko zerrikumeen haztegia), baimendutako edukiera aldatu gabe, barnealdea eraberritzeko lanak egiteko eta aziendaren banaketa aldatzeko proiektua gauzatu dadin. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honetako eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Granja Dos Hermanas SA da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa zenbakiarekin, eta hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa 15P02127090002013 zenbakiarekin. Sortzen ahalko dituen hondakinak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1270010085/2/3 plana eguneratzea. Ebazpen honen II. eranskinean dago.

Laugarrena.–Aldaketa funtzionatzen hasi aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Granja Dos Hermanas SAra, Irañetako Udalera eta Abeltzaintza Zerbitzura.

Iruñean, 2023ko uztailaren 31n.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2311312