171. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPE IREKIERA honako honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko: Nafarroako Gobernuak 2023ko azaroaren 22tik 24ra bitarte Parisera joateko –Rungisko merkatua– antolatuko duen enpresa-misioa, nekazaritzako elikagaien sektorearentzat.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du, Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Plan horren arabera, Frantzia da kanpo sustapeneko jarduerak egiteko lehentasunezko herrialdeetako bat, eta bereziki garrantzitsuak dira nekazaritzako elikagaien sektorerako eskaintzen dituen aukerak.

Frantzia Europar Batasuneko herrialde garrantzitsuenetako bat da merkatuari dagokionez, Espainiako elikagaien esportaziorako lehen merkatua baita. Frantziak, Portugalek, Italiak, Alemaniak eta Erresuma Batuak esportazioen %60 baino gehiago biltzen dute.

EKINTZAREN XEDEA.

Frantziako merkatuan kanpo sustapena egiteko ekintza honen helburuak honako hauek dira:

–Negozio aukerak eta balizko bazkide eta bezeroak identifikatzea.

–Frantziako nekazaritzako elikagaien banaketaren sektorea ezagutzea.

–Sektoreko Nafarroako enpresak sustatzea.

EKINTZAREN EDUKIA.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu parte-hartzen duten enpresentzat:

–Enpresentzako ongietorria eta networking topaketa Rungisko zuzendaritzako kideekin.

–Rungisko merkatu osoaren bisita:

  • Arrainaren merkatua.
  • Fruten eta barazkien merkatua.
  • Haragien, hegaztien eta ehizaren merkatua.
  • Gaztaren eta txarkuteriaren pabiloia.
  • Landare eta loreen pabiloia.

–Enpresa-topaketak bezero potentzialekin Rungisko merkatuko administrazio-eraikinean.

–Parisko azalera handiko saltokiak bisitatzea, merkatuarekin ohitzeko.

–Sustapen liburuxka.

–Barneko joan-etorriak taldean.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu agendak egiteko, ekitaldiak antolatzeko, enpresa topaketak egiteko eta bisitak egiteko gastuak.

Hegaldiak, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

ENTITATE PARTE-HARTZAILEEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK.

–Nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa izatea.

–Egoitza, egoitza sozial edo ekoizpen-zentro bat izatea Nafarroan.

ESKAERA AURKEZTEKO EPEA.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2023ko irailaren 22ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/convocatoria-para-participar-en-la-mision-empresarial-que-organiza-el-gobierno-de-navarra-en-paris-mercado-de-rungis-dirigida-al-sector-agroalimentario-en-noviembre-2023

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

GEHIENEZ PARTE HARTZEN AHAL DUTEN ENTITATEEN KOPURUA.

Gehienez ere 12 entitatek parte hartuko dute eta 6 entitate beharko dira gutxienez misioa gauzatzeko.

Inskripzioaren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak. Produktu-tipologia bererako, taldea hiru enpresak osatuko dute gehienez.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie misioa prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, erakunde parte-hartzailea behartua egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, ez parte hartzea erabakiz gero, azoka hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez aurkeztu beharko da uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko da.

Enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

ENTITATE PARTE-HARTZAILEEN BETEBEHARRAK.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Misio komertziala egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den, denbora hori pasatuta, Frantzian egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 9an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2311652