171. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPE IREKIERA honako honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko: enpresa-topaketa, Nafarroara 2023ko irailaren 25ean eta 26an bisitan etorriko diren Indiako automozioaren sektoreko enpresekin.

India lehentasunezko herrialdeetako bat da Nafarroako Gobernuak egin duen Nazioarteko Planaren barnean, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Automozioaren sektorea da merkatu horretan aukera gehien dituenetako bat.

Gaur egun, India da munduko automozio merkatuen artean potentzial handiena dutenetako bat. Munduan traktore gehien fabrikatzen dituen herrialdea da, bigarrena bi gurpileko ibilgailuetan, bigarrena autobusetan, bosgarrena kamioi astunetan eta seigarrena automobiletan.

Azken urteetan Indian automozioaren industriak gora egin du nabarmen, bai salmentetan, bai ekoizpenean eta bai esportazioetan. Urtean batez beste 25 milioi ibilgailu inguru ekoizten ditu eta 29 milioi pertsona baino gehiagorentzako enplegua sortzen da (zuzeneko eta zeharkako enplegua).

Indiako Gobernua neurriak hartzen ari da ibilgailuen emisio kutsatzaileak nabarmen murrizteko. Horretarako, asko sustatzen ari da ibilgailu elektrikoranzko trantsizioa, Fast Adoption of Electrical Mobility planaren bidez, 2030ean ibilgailuen %30 elektrikoak izatea lortzeko helburuarekin. Indiak teknologian eta ekoizpenean liderra izan nahi du segmentu horretan.

Egoera horrek aukera sorta zabala jartzen du Nafarroako eta Indiako enpresen eskura, abaguneaz baliatzen ahal baitira elkarlanean aritzeko eta baterako nahiz banakako ekintzak konpartitu eta garatzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak, ACMArekin elkarlanean (Automotive Component Manufacturers Association of India), merkataritzako misio inbertso bat antolatu du, zeinaren baitan Indiako automozioaren sektoreko enpresak bisitan etorriko baitira Foru Komunitatera. Misioa 2023ko irailaren 25ean eta 26an eginen da.

Automozioaren sektorearen balio-kateko enpresa nafarrak gonbidatuta daude parte hartzera Indiako automozioaren sektoreko enpresekin eginen den topaketa horretan.

Sektorea.

–Automozioa.

Ekintzaren helburua, Nafarroan automozioaren sektorea bultzatzeaz gain, topaketak erraztea da, automobilgintzako osagaien eremuan eta zehazki honako alor hauetan ari diren Nafarroako eta Indiako enpresen artean (fabrikatzaileak eta ingeniaritzakoak), harreman komertzialak eta/edo lankidetza teknologikoa sustatzeko:

  • Mugikortasun elektrikoa.
  • Mekatronika.
  • Osagai elektronikoak.
  • Bibrazioaren kontrako sistemak.
  • Esekidura eta direkzioa.
  • Ingeniaritza.
  • Start-up-ak.

Helburua da aztertzea zer aukera dauden produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, teknologia transferitzeko akordioak egiteko, lankidetzarako aliantzak sortzeko, ezagutza trukeak egiteko, etab.

Ekintzaren edukia.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Indiako automozioaren sektoreko aukerak aurkeztea.

–Nafarroako automozioaren sektorearen gaitasunak aurkeztea.

–Nafarroako eta Indiako enpresen arteko banakako enpresa-topaketak.

–Nafarroako enpresa parte-hartzaileen katalogoa egitea.

–Indiako enpresa parte-hartzaileen katalogoa egitea.

Elkarrizketak esleituko dira Indiako enpresekin beraiekin koordinatuta eta bai Nafarroako bai Indiako enpresen interesen eta lan-arloen arabera.

Erakunde parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

–Automozioaren sektoreko balio-kateko faseren bateko enpresa edo zentro teknologikoa izatea.

–Nafarroan izatea egoitza edo helbide soziala eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita irailaren 8ko 14:00etara bitarte, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-el-encuentro-empresarial-con-empresas-del-sector-de-automocion-que-visitaran-navarra-los-dias-25-y-26-de-septiembre-de-2023

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

Gehienez ere 25 enpresak parte har dezakete. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie misioa prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, ez parte hartzea erabakiz gero, misioa hasi baino hilabete lehenago gutxienez aurkeztu beharko da ukoa. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko da.

Enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 8an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2311601