169. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LONGIDA

Udal ordenantza, tasak arautzen dituena garraio zerbitzua emateko. Behin betiko onespena

Longidako Udalak, 2023ko otsailaren 1ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea udal ordenantza bat, tasak arautzen dituena garraio zerbitzua emateko. Iragarkia argitaratu zen 2023ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 4an.

Jendaurrean egoteko epea iragan da, inork aurkeztu gabe alegaziorik, kexarik nahiz oharrik, eta, hala, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitara ematen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; aipatutako artikulua aldatu zen Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez).

Longidan, 2023ko uztailaren 31n.–Alkatea, Roberto Zazpe Bariain.

UDAL ORDENANTZA, TASAK ARAUTZEN DITUENA GARRAIO ZERBITZUA EMATEKO

Atarikoa

Longidako Udaleko herritar zahar batzuek zailtasunak dituzte, ibilgailurik ez izateagatik, Agoizko osasun-zentrora joateko, Agoitzen gestioak egiteko eta Iruñerriko osasun-zentroetara bertaratzeko. Hala, hori konponbidea emateko, Longidako Udalak ekimen berri bat abiarazi du.

Ekimen horrek Longidako herritarren bizi kalitatea hobetuko du, zalantzarik gabe. Garraio zerbitzu publikoa izanen da, eta, hari esker, joan-etorriak egin ahal izanen dituzte Agoizko osasun-etxera, Agoizko botikara, Iruñerriko zerbitzu medikoetara, eta, horretaz gain, gestioak egin ditzakete Agoitzen, ez baitute bitarteko propiorik joan-etorriak egiteko, 90,84 kilometro koadroko udalerri batean, non bai baitira hainbat biztanlegune.

Udalerri honek garraio eskaintza urria du. Honela, garraio publikoaren eskaintza handitzen da udal honetako herrietarako, eta herritarren garraio eskaerari erantzuten zaio, eta arreta ematen zaie bidaiariak garraiatzeko erabilera orokorreko zerbitzurik ez duten ibarreko biztanleguneei. Kontuan izan behar da, orobat, Longidan ez dagoela ez banku bulegorik ez merkataritzako establezimendurik.

Gaur arte, ibarreko herritar askok laguntza eskatu behar izan diete familiakoei eta ezagunei, Agoitza eraman zitzaten, eta, beraz, besteen mendean egon izan dira, joateko Agoizko osasun-etxera, botikara, banku entitateetara edo dendetara.

Zerbitzu honekin, gainera, aukera eman nahi zaie Longidako herritarrei, beren ingurunean jarrai dezaten, nahiz landagunea izan.

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da arautzea garraio zerbitzuko tasak, joateko Agoizko osasun-etxera, botikara, banku entitateetara eta herri horretako beste establezimendu batzuetara, baita Iruñerriko osasun-zentroetara ere. Ordenantza ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerbitzuaren xedeak

2. artikulua. Zerbitzu honen bidez garraiobide bat (taxia) jarri nahi da jendearen eskura, Longidako herritarrek aukera izan dezaten oinarrizko zerbitzuetara joateko, hala nola Agoizko osasun-etxera, botikara, banku entitateetara eta merkataritzako establezimenduetara, eta Iruñerriko osasun-zentroetara.

Zerga-egitatea

3. artikulua. Zerga-egitatea sortuko da erabiltzen direnean Udalak bidaiak egiteko kontratatutako auto-taxiaren zerbitzuak.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Tasa ordaindu beharko dute zerbitzuaren prestazioak jasotzen dituzten horiexek.

Zerbitzua eskatzerakoan Longidako Udalean erroldaturik daudenek bakarrik jaso dezakete zerbitzua.

Tarifak

5. artikulua. Tarifak kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer gastu sortu zaizkion Udalari, taxi ibilgailuaren titularrarekin sinatutako kontratuaren ondorioz.

Udalak urtero berrikusiko du tasa, jarraikiz ordenantza hau aldatzeko behar den izapideari.

6. artikulua. Bi tarifa ezartzen dira, bata 4 eurokoa eta bestea 8 eurokoa:

1. Bidaia: Longida - Agoitz - Longida.

Joateko 2,00 euro ordaindu beharko dira eta beste 2,00 euro itzultzeko.

2. Bidaia: Longida - Iruñea - Longida.

Joateko 4,00 euro ordaindu beharko dira eta beste 4,00 euro itzultzeko.

Tarifen sortzapena eta diru-bilketa

7. artikulua. Tarifak sortuko dira garraio zerbitzuaren prestazioak jasotzen diren unean.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Honela ordainduko dira tarifak. Hilabete bakoitzaren lehen bost egunetan, taxilariak Longidako Udalari emanen dio aurreko hilabeteko erabiltzaileen zerrenda; zerrendan adieraziko da zer egunetan eta zer ordutan atera ziren eta zer ordutan itzuli. Hilabetea bukatutakoan kobratuko dio Udalak erabiltzaileari; egindako bidaien arabera dagokion zenbatekoa kobratu ere.

Udal organo eskudunak ezarriko ditu irteeren ordutegia eta funtzionamenduko gainerako arauak.

Tarifak

9. artikulua. Tarifa bakarra ezarri da, 4 eurokoa. Joateko zenbatekoa 2 euro da, eta bueltakoa ere 2 euro, baldin Agoitza egiten bada joan-etorria, eta 8 euro (4 euro joateko, beste 4 itzultzeko), baldin Iruñerrira egiten bada joan-etorria.

Longidako Udalak dirulaguntza emanen du joan-etorriko zenbatekoetarako, eta taxiak gehienez 2 ordu itxoinen du Agoitzen nahiz Iruñerrian.

Itxaronaldia 2 ordutik gorakoa izanez gero, soberakoa ordaindu beharko dio taxi zerbitzuaren onuradunak Udalari.

Salbuespenak

10. artikulua. Ez dago salbuespenik garraio zerbitzuaren tasari dagokionez.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, jarraituko zaie Ordenantza fiskal orokorrari eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.–Osagarri, aplikatuko da Ordenantza fiskal orokorra eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

Iragarkiaren kodea: L2311276