169. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

473E/2023 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, behar den gastua baimentzen duena langile autonomoei dirulaguntzak emateko negozioak eskualdatzeagatik ordaindutako gastuak estaltzeko, betiere negozio horiek Nafarroako 2.500 biztanletik beherako herrietan kokatuta badaude, eta, horrekin batera, dirulaguntza-deialdi horren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 708754.

Lan Zerbitzuak gehienbat autonomoen ardurapean dauden negozioak ixtea ekidin nahi du; horretarako, Nafarroako Lan Autonomoaren I. Planaren 4.3 ildo estrategikoa garatuz ("Itxiera saihesteko eta erreleboa sustatzeko neurriak"), enpresa ondorengotzarik gabeko negozio poltsa bat sortu zuen.

Aurreko planak irekitako bidetik jarraituz, Nafarroako Lan Autonomoaren II. Planak, "Belaunaldien eta enpresen erreleboa sustatzea" izeneko 4.2 lerro estrategikoan, zenbait neurri eta ekintza jasotzen ditu bideragarritasun ekonomiko eta soziala izan arren ondorengotzarik ez izateagatik desagertzeko arriskuan dauden negozioei eta enpresei eusten laguntzeko.

Negozioen erreleborako poltsari ekonomikoki laguntzeko, 2023an aurrekontu partida bat gorde da belaunaldi erreleboa sustatzeko laguntzen deialdi hau aurrera eramateko, zeinaren helburua baita 2.500 biztanletik beherako herrietan erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioen jarraitutasuna erraztea.

Negozioak eskualdatzeagatik ordaindutako gastuetarako laguntza honen bidez, erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioek aurrera egitea sustatu nahi da. Negozio horiek Nafarroako 2.500 biztanletik beherako herri batean kokatuta egon behar dute, eta negozioen erreleborako poltsaren bidez eskualdatu behar dira.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 19ko Erabakiaren bidez, baimena eman zen dirulaguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Langile autonomoendako dirulaguntzen deialdi bat onestea negozioak eskualdatzeagatik ordaindutako gastuak estaltzen laguntzeko, betiere eskualdatutako negozioa Nafarroako 2.500 biztanletik beherako herri batean kokatuta badago.

2. Dirulaguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 50.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetatik sortutako konpromisoei erantzuteko, 2023ko gastuen aurrekontuko "Autonomoendako laguntzak belaunaldi erreleborako" izeneko 810012 81500 4709 494100 partidaren kargura.

Orobat, 50.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko ekainaren 30ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioei aurrera egiten laguntzea, bai eta 2023an lan autonomoa edo norbere kontura lan egiteko aukera sustatzea eta bultzatzea ere.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen ahalko dira Nafarroako 2.500 biztanletik beherako herrietan kokatutako negozioak eskualdatzeagatik ordaindutako gastuak, baldin eta Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta badaude (www.navarraemprende.com) eta negozioak eskualdatzeko kontratuak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean sinatu badira (bi egunak barne).

Zehazki, diruz lagungarriak izanen dira 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean sortutako eta benetan ordaindutako honako gastu hauek, ezinbestekoak badira eta negozioaren eskualdaketari egozteko modukoak badira:

a) Negozioa eskualdatzeko behar bezala formalizatutako akordioan ezarritako prezioa.

b) Notario eta erregistro gastuak.

c) Aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak.

d) Peritu gastuak.

e) Negozioa eskualdatzearen ondoriozko beste gastu batzuk.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuradun izanen dira norberaren kontura egiten den enpresa jarduera baten titularraren oinordeko diren langile autonomoak, betiere dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Negozioa eskualdatzeko kontratua sinatzen denean Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta egotea.

b) Negozioa benetan eskualdatzeko kontratua 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarte formalizatzea.

c) Jarduera ekonomikoa zer herritan eginen den, bertako ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea.

d) Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da egoera hori.

2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela eta oinarri hauetako 4.1 atalean eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin dakar Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari baimena ematea inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsultatzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharrak egiaztatzeko agiriak.

4. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Eskualdaketaren akordioa indarrean hasten denetik hurrengo hamabi hilabeteetan alta emanda jarraitzea Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoaren mutualitatean.

b) Eskualdaketaren akordioa indarrean hasten denetik hurrengo hamabi hilabeteetan alta emanda jarraitzea, jarduera ekonomikoa zer herritan eginen den, bertako ekonomia-jardueren gaineko zergan.

c) Ematen zaion laguntzaren xede den jarduera ekonomiko berean jardutea hamabi hilabetez gutxienez, negozioa eskualdatzen denetik hasita. Jarduera aldatuz gero, laguntza ematen duen organoari jakinarazi beharko diote, organo horrek baimena eman dezan aldaketa hori egiteko, dirulaguntza honen ondorioetarako.

d) Jasotako laguntzaren publizitatea egitea, hurrengo esaldia webgune korporatiboan sartuz edo enpresan ikusteko moduko toki batean jarriz, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du belaunaldi erreleboa sustatzeko".

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritako betebeharrak betetzea, eta laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzea. Horretarako, jarduketa horien ondorioz eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

2. Betebehar horiek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, dirulaguntza itzuli beharko da, salbu eta onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa nahiz absolutua edo baliaezintasun handia gertatuz gero, betiere foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, goian azaldutako betebeharren bat hein batean ez betetzeak dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea ekar dezake.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarrien %70ekoa izanen da, eta eskualdatutako negozio bakoitzeko, gehienez, 10.000 euroko laguntza emanen da.

Gehieneko zenbateko hori 12.000 eurora igoko da honako kasu hauetan:

a) Emakumeak.

b) Gutxienez %33ko desgaitasun aitortua duten pertsonak.

Bi baldintza horiek betez gero, 12.000 euroko gehieneko zenbatekoa baino ez da aplikatuko.

2. Negozioa pertsona batek baino gehiagok eskuratzen badute, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki banatuko da, bakoitzak negozioan duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

3. 2023. urtean, deialdi honek sortutako betebehar ekonomikoei erantzuteko erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua 50.000 eurokoa da.

Orobat, 50.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Dena dela, zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, eskualdaketak indarra hartu eta hurrengo egunetik hasita, betiere ordurako deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Beraz, 2023ko urriaren 31ra arte benetan egindako eskualdaketetarako eskaerak baino ez dira onartuko, eta eskaerak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 30ean bukatuko da.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontu kreditua egun hori baino lehen bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epea itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Hala xedatzen baitu bere 16.8 eta 66.6 artikuluetan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

3. Eskualdatutako negozio eta/edo pertsona bakoitzeko laguntza-eskaera bat onartuko da bakarrik; beraz, negozioa pertsona batek baino gehiagok eskuratzen badu, laguntzaren zenbatekoa pertsona bakoitzak negozioan duen partaidetzaren araberakoa izanen da.

4. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

a) Eskaera-orria.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzaileak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

c) Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

d) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

e) Laguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, eskatzaile bakoitzak berea.

f) Negozioa eskualdatzeko akordioa, behar bezala formalizatua.

g) Hala badagokio, 2. oinarrian aipatzen diren gastu diruz lagungarriak sortu izanaren eta ordaindu izanaren frogagirien kopia. Eskatzailearen izenean egon beharko dute.

h) Hala badagokio, desgaitasunen bat duen pertsona dela frogatzea, 5.1.b) oinarrian xedatu bezala.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hortaz, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Hala ere, azken negozio baten erosketa partzialki diruz laguntzeko kreditua geratzen bada aurrekontuan, erabilgarri dagoen kreditua adinako dirulaguntza emanen zaio azken eskaera horri.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren ebazpena eta ordainketa.

1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Lan Zerbitzuari dagokio. Zerbitzu horrek ebazpen proposamen bat igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea eta ordaintzea edo ukatzea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena 2 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskaera organo eskudunaren erregistroan aurkezten denetik zenbatzen hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

2. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren aurkezten den dokumentazioa zuzen dagoela eta 6. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen direla, dirulaguntza onartu eta ordainduko da, edo, hala badagokio, ukatuko da.

3. Aurrekontuan krediturik ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

9. oinarria–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza-eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-orrian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

11. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

Nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako "de minimis" araubidearen barruan sartuko dira laguntzak (erregelamendu hori Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Kasu horietan, ezin izanen da laguntzarik eman enpresari emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoak 200.000 euroko gehieneko muga gainditzen badu hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren arrazoiez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta berandutze-interesak ordaindu, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki arte, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Dirulaguntzak itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2310709