167. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TIRAPU

Ordenantza, bizikidetza eta espazio publikoen erabilera arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tirapuko Udalak, 2023ko maiatzaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Tirapuko Udalaren ordenantza, bizikidetza eta espazio publikoen erabilera arautzen dituena.

Onespenaren erabakia 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Tirapun, 2023ko uztailaren 14an.–Alkate udalburua, Iñaki Lafuente Górriz.

ORDENANTZA, TIRAPUKO UDALEKO BIZIKIDETZA ETA ESPAZIO PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da oinarrizko bizikidetza arauak ezartzea, baita herriko espazio publikoen erabilera arautzea ere.

Ordenantza honen helburu nagusia da espazio publikoa zaintzea bizikidetzarako eta gizalegerako tokia izan dadin, bertan pertsona guztiek askatasunez gauza ditzaten beren jarduerak –hala nola joan-etorri librean ibili, aisialdiko edo jostetako jarduerak egin, edo bertan elkartu–, errespetu osoa erakutsirik besteen duintasunari eta eskubideei, baita herriko eskubide edo interes legitimoak kaltetu ez daitezen ere.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Tiraupko udal-mugarte guztian aplikatuko da.

3. artikulua. Bizikidetza-eskubide eta -betebeharrak.

1. Herritarrek eskubidea dute askatasunez herriko bide, espazio eta ondasun publikoak horien xederako erabiltzeko. Erabiltzaileek ez dute gainerako pertsonen gozamenerako eskubidea kaltetuko, eta, horregatik, honako hauek debekatuta daude: abusuzko, diskriminaziozko edo beldurtzeko ekintzak, eta, oro har, bizikidetza kaltetzen duten portaerak, gainerako pertsonak eragozten dituztenak eta justifikaturik ez daudenak.

2. Higiezin, eraikin, eraikuntza, instalazio, ibilgailu eta bestelako ondasun pribatuen jabe (pertsona zein entitate izan) edo erabiltzaileen betebeharra da haietan gainerako pertsonei eragozpenak sortzen dizkieten jokabideak edo istripuak saihestea, eta bereziki atsedena errespetatzea.

II. KAPITULUA.–PORTAERA ARAUAK

4. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Espazio publikoetan ekitaldiak antolatzen dituztenek Udalaren baimena eskatu eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatu beharko dute. Horretarako, segurtasunerako eta norbera babesteko baldintza orokorrak bete behar dituzte, kasu bakoitzean organo eskudunak zehaztuko baititu.

2. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzulea antolatzailea izanen da, eta Udalak behartzen ahalko du erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera. Errekerimendua bete ezean, Udalak subsidiarioki jarduten ahalko du, eta gauza guztiak jatorrizko egoeran jarri, kalteak sortu dituenaren kontura.

3. Edonola ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute beti, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

5. artikulua. Eremu publikoan aparkatzeko muga.

Plaza zein aisialdirako eremuetatik hurbil dauden oinezko edo ibilgailuen segurtasun, ikusgarritasun eta mugikortasuna zaindu eta eragozpenak ekiditeko, ibilgailu astunak batzuetan soilik egoten ahalko dira aipatu eremuetan, beti ere justifikatutako eta beharrezko arrazoi batengatik.

Edonola ere, ez dago baimenduta abandonatutako ibilgailuak bide publikoan aparkatzea.

6. artikulua. Lorategi, bide eta espazio publikoak.

1. Bizilagunek zaindu eta errespetatu beharko dituzte erabilera komuneko espazioak (orubeak, hesitu gabeko finkak eta iturriak barne), eta debekatuta dago espazio horietan baimendu gabeko edozein jarduera gauzatzea.

2. Zehazki, honako debeku hauek ezartzen dira:

a) Baimenik gabe sua piztea.

b) Edozein bide edo espazio publikotan etxeko animalien eginkariak uztea. Hori eginez gero, arduradunak berehalakoan garbitu beharko du eremua.

c) Edonon uztea birziklatzeko araudi espezifikoa duten nekazaritzako ontzi fitosanitarioak edo beste batzuk.

d) Obra-hondakinak, inausketa hondarrak eta tamaina handiko hondakinak uztea horretarako prestatuta ez dagoen eremu batean, zabor-edukiontzien eremuak barne.

e) Edozein zabor zabor-edukiontzien ondoan uztea edukinotzi horiek beteta ez badaude.

7. artikulua. Kutsadura akustikoa.

Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei eragozpenak sortzen dizkieten jarduerak, batez ere gauez, hala nola:

a) Petardoak eta bengalak eta edozein gai pirotekniko erabiltzea, zarata sortzen badute edo suteak eragiten ahal badituzte, Udalaren baimenik ez badute.

b) Etxebizitza, kanpoko eremu pribatu eta aisialdirako lokal edo etxaneetan ekidin daitekeen beste edozein zarata edo soinu, molestatu edo bizilagunen atsedena urratzen badu, bereziki 22:00etatik 8:00etara bitarteko tartean lanegunetan eta 22:00etatik 10:00etara bitarteko tartean jaiegunetan.

c) Patioetan, terrazetan, etxabeetan, garajeetan, balkoietan edo beste eremu ireki edo itxi batzuetan animaliak uztea, baldin eta beraien soinu, garrasi edo kantuek bizilagunen atsedena larriki urratzen badute.

8. artikulua. Zakurrak.

Txakurrak ezin izanen dira bide publikoan inongo zaintzarik gabe ibili, eta une oro zaintzen dituen pertsonak ikusi beharko ditu.

III. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

9. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1. Arau-hauste arinak dira:

a) Bizikidetza modu arinean kaltetzea, beste pertsona batzuen lasaitasuna kaltetu edo eskubide legitimoak gauzatzea ekiditen duten ekintzekin.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei.

c) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea.

2. Arau-hauste astunak dira:

a) Bizikidetza larriki kaltetzea, beste pertsona batzuen lasaitasuna kaltetu edo eskubide legitimoak gauzatzea ekiditen duten ekintzekin.

b) Larriki trabatzea beste batzuei zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea.

c) Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.

3. Honako hauek arau-hauste oso astunak izanen dira:

a) Bizikidetza oso larriki kaltetzea edo zuzenean, berehalakoan eta modu larrian beste pertsona batzuen lasaitasuna kaltetu edo eskubide legitimoak gauzatzea ekiditen duten ekintza larriak egitea.

b) Trabatzea beste batzuei zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea.

c) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu edo espazio publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.

10. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetako aurreko artikuluari jarraikiz kalifikatutako arau-hausteak honela zehatzen ahalko dira:

1. Arau-hauste arinak, 20 eurotik 50 eurora bitarteko isunarekin.

1. Arau-hauste astunak, 51 eurotik 100 eurora bitarteko isunarekin.

2. Arau hauste oso astunak, 101 eurotik 300 eurora bitarteko isunarekin.

11. artikulua. Prozedura eta eskumena.

1. Zehapen-prozedura estatuaren oinarrizko araudiaren araberakoa izanen da.

2. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen ondorioz zehapen-espedienteak jartzeko konpetentzia dagokio alkatetzak hautatutako zinegotzigoko titularrari. Hautaketa dagokion ebazpenaren bidez eginen da eta titularra izanen da prozedura ebazteko eskuduna.

Iragarkiaren kodea: L2310936