167. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

154E/2023 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2aren urbanizazio-proiektua, Burlatako udal mugartean, Pamplona Distribución SAk sustatua.

Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen AR-2 banaketa-arearen berrantolaketari buruzko Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Pamplona Distribución SA enpresak sustatua.

2023ko otsailaren 10ean, 2023/181187 erregistro-zenbakiarekin, Pamplona Distribución SAk eskaera aurkeztu zuen, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2aren urbanizazio-proiektua tramitatzeko. Proiektuaren helburua da definitzea Erripagañako UGPSaren AR-2 banaketa-arearen urbanizazio-lanak, azpiegiturak eta zerbitzu komunak.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 75E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2aren urbanizazio-proiektua, Burlatako udal mugartean, Pamplona Distribución SAk sustatua. Aipatu ebazpen hori 2023ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18koan, baita Nafarroan 2023ko maiatzaren 18an argitaratu ziren egunkarietan ere, eta batera egin ziren espedientea jendaurrean jartzeko tramitea eta ukitutako udalari entzunaldia ematekoa.

Horretarako ezarritako epean, bi alegazio-idazki aurkeztu dira. Bata Burlatako Udalarena da, eta bestea Ugana XXI SL enpresarena.

2023ko uztailaren 5ean, sustatzaileak bere alegazioen txostena aurkeztu zuen, txosten sektorialei erantzuteko idazki bat eta dokumentazio tekniko berria eta zuzendua, hasierako onespena ematen zuen ebazpenean egindako oharrak kontuan hartuta.

Dokumentazio hori aztertu eta gero, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak errekerimendu bat egin zuen, 2023ko uztailaren 19an, zeinean eskatzen baitzen urbanizazio-proiektua osorik aurkeztea, orokorrean koherentea eta zuzendua, txosten horretan aipatzen diren gorabeherak kontuan hartuta.

Horri erantzunez, 2023ko uztailaren 21ean, enpresa sustatzaileak dokumentazio tekniko zuzendu berria aurkeztu zuen, errekerimendua kontuan hartuta. Sustatzaileak berriz zuzendu du dokumentazio hori 2023ko uztailaren 27an.

Aplikatzekoak diren araudi sektorialen xedapenekin bat etorriz, ondoren aipatzen diren organoek edo entitateek, urbanizazio-proiektuari buruzko txostenak, aldekoak edo oharrekin, egin dituzte: Ingurumen Eraginaren Atalak, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak, Iruñerriko Mankomunitateak, Iruñerriko Mankomunitateak (garraioak), Iberdrolak eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak.

Beste alde batetik, eremu eta espazio guztiak zortasun aeronautikoek eraginda daudenez, edozein eraikin, instalazio edo landaketa egiteko, beharrezkoa da, aldez aurretik, Aire Segurtasunaren Espainiako Agentziak (AESA) aldeko erabakia hartzea, 584/1972 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluek ezartzen duten moduan. Horregatik, 2023ko martxoaren 24an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak dagokion eskaera egin zion AESAri. Aire Segurtasunaren Espainiako Agentziak, 2023ko maiatzaren 12an, erabaki zuen baimena ematea haur parkearen pergola eta kale-argiak eraiki eta instalatzeko, eta baliabide lagungarriak erabiltzeko, baldintza batzuekin.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko uztailaren 27ko txostena ikusirik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) bat etorriz, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak tramitaziorako onartzea eta ebazpen honen eranskinean adierazitako moduan ebaztea.

2. Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 banaketa-arearen urbanizazio-proiektua behin betiko onestea, Burlatako udal mugartean, Pamplona Distribución SAk sustatua.

3. Adieraztea obrak hasteko eta bukatzeko egunak garaiz jakinaraziko zaizkiola Burlatako Udalari, azken erakunde hori arduratuko baita urbanizazio obren jarraipena egiteaz eta horiek amaitutakoan hartzeaz.

4. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Bereziki, Aire Segurtasunaren Espainiako Agentziaren 2023ko maiatzaren 12ko baimenak dioena hartuko da kontuan.

5. Sustatzaileak txosten sektorialek diotena hartuko duela kontuan adieraztea.

Bereziki, txosten hauek diotena: Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko ekainaren 12ko eta 2023ko uztailaren 6ko txostenek; Iruñerriko Mankomunitatearen 2023ko ekainaren 11ko eta 2023ko uztailaren 11ko txostenek; eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren 2023ko apirilaren 13ko txostenak.

6. Aipatu behar da obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen duela horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau ondoko hauei jakinaraztea, bere ondorioak sor ditzan: alegatzaileei, Burlatako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Iberdrolari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta espedientearen sustatzaileari.

9. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasiko dira kontatzen, edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iruñean, 2023ko uztailaren 28an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

1. ERANSKINA.–ALEGAZIOEN EBAZPENA

C1. Ugana XXI SL.

Alegazioa: Eskatzen du urbanizazio-proiektuan sartzea A+B+C eta G+H+I lurzatietako garaje mankomunatuetara sartzeko arrapalak.

Alde batetik, A+B+C lurzatietako garaje mankomunatuetara sartzeko eta ateratzeko arrapala bakarra proposatzen da, Erripagaña etorbidearen eta Berlin kalearen arteko bidegurutzeko errotondarekin zentratua, eta beraz, ardatzean A eta B lurzatien artean. Honako hau justifikatzen du:

-"Lehenik, multzoaren baldintza urbanistikoengatik, bideraezina egiten baitute edozein garaje-arrapala jartzea bolumen eraikigarriaren barruan, A, B edo C lurzatietako beheko solairuetan. Solairu horiek oinezkoentzako bi arkupe dauzkate alboetan, baita bilketa pneumatikoaren hartuneak ere Erripagaña etorbidearen aurrean. Hori horrela, garaje-arrapala jartzea ez da bateragarria etxebizitzetako komunikazio-nukleoekin (atariak, igogailuak eta eskailerak).

–Bigarrenik, proposatzen den kokalekua ezin hobeki egokitzen baitzaio errepideko zirkulazioari, eta ez baitu inolako eraginik aurreikusten den urbanizazioan (autobus geltokiak, oinezkoentzako pasabideak edo aparkaleku-plazak)".

Eta beste alde batetik, garaje mankomunatura sartzeko arrapalen kokalekua proposatzen da G-H eta H-I lurzatien arteko aparkatzeko eremuetan (erabilera publikorako espazio pribatua lur gainean). Honako hau justifikatzen du:

"G-H-I lurzatien beheko solairuko ordenamenduak arkupe bat perimetro osoan aurreikusten duenez, ematen du arrapaletarako kokaleku egokia proposatzen dena dela.

Kokaleku horrek ez die eragiten oinezkoen joan-etorriei, espero izatekoa den ibilgailuen zirkulaziorako egokia da eta larrialdietako ibilgailuak sartzeko modukoa da.

Garaje mankomunatuaren proiektuaren barruan sartuko da G-H-I lurzatien fitxa urbanistikoak ezartzen duen aparkaleku-plazen kopuru minimoa, eta sotoan konpentsatuko dira UGPSarekin konparatuz lur-gainean "galtzen" diren aparkaleku-plazak".

Erantzuna: Alegazioa egin duen enpresak esaten duenez, Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren Aldaketaren (UGPSA) 116.3 artikuluak, AR-2ko eremurako, ezartzen du "AR-2ko eremuan aplikatzekoak izanen dira 60. artikuluak "sartzeko arrapalak" eta 103.3 artikuluak "determinazioak garajeei eta sartzeko arrapalei buruz" esaten dutena, arrapala horiek, indarreko UGPSaren araudiaren arabera, lur gaineko erabilera publikoko zortasuna duten lurzati pribatuan daudenean".

Horrela, aipatutako 103.3 artikuluaren arabera (behean idatzia), alegatzaileak proposatzen du A, B eta C lurzatietako garaje mankomunatuetara sartzeko arrapalen kokalekua espazio publikoan izatea, eta G, H eta I lurzatietakoa erabilera publikoko espazio pribatuan.

"103. artikulua. Determinazio partikularrak 1. banaketa area osorako. A, B, C, D, E, F, G eta H unitate morfologikoak.

[... ]

3. Garajeei eta sarbide-arrapalei buruzko determinazioak.

Garaje-aparkalekuetako arrapalak egin daitezke A, B, F, G eta H unitate morfologikoetako lur gainean erabilera publikoko zortasuna duten lurzati pribatuetan, ohar hauek betez:

[... ]

Oro har, arrapalak egitean honako irizpide hauek bete behar dira:

a) Lehenengo eraikinean bertan egin behar dira, beheko solairuan etxebizitzarik ez badago.

b) Erabilera pribaturako espazio pribatuetan.

c) Erabilera publikoko espazio pribatuetan, baldin eta arrapalekin batera oinezkoen pasabideak (irisgarritasuna), larrialdiko ibilgailuentzako sarbideak eta abar egin badaitezke.

d) Espazio publikoan, soilik kasu oso berezietan eta behar bezala justifikatzen badira.

[... ]

Erabilera publikoko zortasuna duten espazioetan arrapalak egin nahi badira, urbanizazio-proiektuan ez da aldaketarik tramitatu behar; aitzitik, arrapalen kokaleku zehatza garajeak mankomunatzeko tramitatzen diren espedienteetan (halakorik tramitatu behar denean) eta eraikuntza proiektuetan jaso behar da".

Jarri dugun azken lerroaldea, eta urbanizazio-obran aurreikusten diren exekuzio-faseak ikusirik, ez da beharrezkotzat jotzen urbanizazio-proiektua aldatzea eta dagokien eraikuntza-proiektuetan ezartzen ahalko da arrapalen kokaleku zehatza.

Gainera, Erripagañako eremua aztertuta, AR-1ean espazio publikoetan edo lur gaineko erabilera publikoko espazioetan dauden garaje-arrapala asko dago, eta haien kokalekua baloratu da udal lizentzia emateko tramitean. Horregatik, uste da kasu honetan berdin jokatu behar dela, eta arrapalen kokalekua baloratzea udalaren eskumena dela.

Aurrekoa alde batera utzita, A+B+C lurzatietako garaje mankomunaturako proposatzen den arrapalari dagokionez, ohartarazi behar da ezen, nahiz eta UGPSaren araudiak garaje-arrapalak espazio publikoan kokatzeko baimena eman, baldintzak jartzen dituela: baimenduta dago soilik salbuespenezko kasuetan, behar den bezala justifikatuta. Gainera, 103.3 artikulua irakurrita, ikusten da gainerako aukerak ezinezkoak direla justifikatzen bada bakarrik dela onargarria d) aukera.

Alde horretatik, alegazioa egiten duen enpresak egiten duen justifikazioa ez da aski, kontuan hartuta, gainera, berriki onetsi den ordenamendua dela.

Arrapala bolumen eraikigarrian jartzea ez dela bideragarria baieztatzen den arren, baieztapen hori ez da justifikatzen. Ez da aurkezten baztertu den beste aukerarik, eta ez da esaten zer arrazoirengatik aukeratu den aurkezten den irtenbidea. Ez da aski esatea etxebizitzen banaketak ezinezko egiten duela

Ez da baloratu, ezta ere, proposamenak inguruan eragiten duen inpaktua. Aurkakoa esaten den arren, kokalekua ikusita, begi-bistakoa da arrapalak biribilguneko ibilgailuen zirkulazioari eraginen diola, baita AR-2a berrantolatzeko UGPSAk aurreikusten duen berdegunearen erabilerari ere.

Beste alde batetik, G+H+I lurzatietako garaje mankomunatuari sartzeko arrapalei dagokienez, ez dago aski justifikaturik ezta ere, arrapala horiek erabilera publikoko espazioen funtzionaltasunari eragiten diotelako (bereziki koten diferentziagatiko zatiketa eta aparkaleku-plazak kentzea). Aintzat hartu beharko lirateke erabilera publikoko espazioari eragin txikiagoa egiten dioten beste aukera batzuk.

Gainera, ez da arrazoitu zergatik behar diren bi arrapala, eta ez bakar bat, A+B+C lurzatietan bezala.

Azkenik, AR-1ean arrapalak kokatzeko segitu den irizpidea aztertu eta gero, kasu honetan ez da hartu AR-1eko antzeko eraikinetan hartu den irizpidea.

Horrela, 2023ko uztailaren 27an aurkeztu zen urbanizazio-proiektuan A+B+C eta G+H+I lurzatietako garaje mankomunatuetara sartzeko arrapalak kentzen dira, eta koherentziagatik ordenamenduko planoak aldatu ziren.

Proposamena: Alegazioa ezetsi egin da.

C2. Burlatako Udala.

1. Alderdi orokorrak.

A.–Urbanizazioaren faseak.

Alegazioa: Dokumentuak urbanizazioaren faseak plano baten biltzen ditu, idatzizko garapenik gabe edo tramitatzen ari den birpartzelazioa aipatu gabe. Arazo handiak daude planteatzen den fasekako garapenerako, gainera, zeren, esaterako, fase orokorraren barruko perimetro osoko arkupea oinarritzen baita exekutatu beharreko eraikinetan, eta, UGPSaren aldaketan xedatzen den arabera, eraikin hauek ezin dira exekutatu eremuan erabilera nahikoak bermatzen dituen merkataritza-azalera eta hirugarren sektorerako azalera garatzen ez den bitartean.

Eskatzen da proposatzen diren faseen bideragarritasuna argitu dadin dagoeneko onetsita dauden dokumentuek ezartzen dutenaren arabera.

Erantzuna: Proiektuaren memorian 11. atala gaineratu da urbanizazio-fase bakoitzaren mugaketa, eta orobat, exekuzioaren bideragarritasuna azaltzeko eta justifikatzeko. Atal honetan, besteak beste, honako hau azaltzen da:

"Zehatz esateko, hamar urbanizazio-fase aurreikusten dira. Fase horietako hamaika lotuta daude dauden hamaika lurzatiekin, eta haien izen berbera daramate: A, B, C, D, E, F, G, H eta I. Beste fase batek N fasea du izena eta areako erabilera publikorako espazio komunari dagokio. N fasea, beraz, eraikinak –bizitegiak edo hirugarren sektorekoak– eraikiko diren lurzatiekin lotzen diren faseetan sartzen ez den gainerako lurzoruak osatuko luke. Ulertu behar da N fasea atariko fase bat dela, beharrezkoa dena jarduketa bere osotasunean funtzionala izan dadin [... ]

Erregelamenduaren arabera aurkeztu behar diren bermeak aurkeztu ondoren, urbanizazioaren eta eraikinen eraikuntza aldi berean egin daitekeenez, eraikin bakoitzaren autonomia funtzionala bermatzeko, N fase orokorra eta eraikinari berari dagokiona osatuta egon beharko dira. Beraz, etxebizitzen lehen erabilerarako edo lurzati bakoitzean aurreikusitako hirugarren sektoreko jarduerak irekitzeko lizentzia emateko, dagokion eraikinaren faseak eta N fase orokorrak amaituta eta Burlatako Udalak jasota egon beharko dute.

Beste alde batetik, azpimarratu behar da fase bakoitzak daukala, eraikin bakoitzaren inguruan, aski espazio eraikuntza-lanak egiteko (biltegia, garabia instalatzeko tokia eta abar), eta beraz, ez dela beharrezkoa beste fase batzuetako espazioa ukitzea, N fasea barne".

Goian esandakoari buruz, ohartarazi behar da oker bat dagoela: 10 urbanizazio-fase aurreikusten badira ere, hauxe esaten da: "fase horietako hamaika lotuta daude dauden hamaika lurzatiekin, eta haien izen berbera daramate: A, B, C, D, E, F, G, H eta I". Lurzatiekin lotuta dauden eta haien izena daramaten faseak ez dira hamaika, esaten den bezala, bederatzi baizik. Beraz, bidezkoa da oker hori ofizioz zuzentzea.

Arkupe orokorrari buruz egiten den alegazioari dagokionez, sustatzaileak aurkeztu duen alegazioen txostenean hauxe esaten da: "perimetro osoko arkupea kokatzen den lurzorua ondoko eraikinei dagokien faseetan sartu da, erakin horiek altxatzen diren aldi berean arkupea eraiki ahal izateko".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

B.–AP-33ko zerbitzu-erreira sartzeko bide-sarrerak.

Alegazioa: Proposatutako bide-konponbideak ez du aurreikusten ibilgailuentzako itxaroteko tarterik jartzea PA-33 errepideko zerbitzu-erreirako bide-sarrera eta zaku-hondo berrietan. Beraz, pasatzen uzteko seinalean itxarotean, bidegorria eta oinezkoen pasabidea oztopatuko dira.

Eskatzen dena da oztopo horiek azter daitezen, batez ere garaje mankomunatutik irteteko bidea, oztopo horiek minimizatu edo ezabatzeko.

Erantzuna: Alegazioak seinalatzen ditu PA-33 errepideko zerbitzu-erreirako bide-sarrera eta zaku-hondo berrietan sor litezkeen oztopoak bidegorria eta oinezkoen pasabidearekin, eta eskatzen du oztopo horiek aztertzeko, baina hartu den soluzioa hobetzen duen alternatibarik ez du proposatzen.

Hori dela-eta, sustatzaileak aurkeztutako alegazioen txostenak honako hau justifikatzen du:

"5 metroko espazio erabilgarria dago oinezkoentzako pasabideetatik PA-33 errepideko zerbitzu-erreirako sarrera arte, eta hori aski da aipatu erreira sartu baino lehen dagoen pasatzen uzteko seinalean itxaroteko. Beraz, pasatzen uzteko seinaleak ez du oinezkoentzako pasabidea oztopatzen". Hala ere, lehendik dagoen bidegorria oztopatzen du. Bidegorri hau urbanizazio-proiektuaren planteamendu orokorra baino lehenago dagoen azpiegitura da. Beraz, logikoa da bidegorriari eustea eta ez suntsitzea, eta oztopo hau gainditzea oso modu errazean: bide-seinale horizontalak edo bertikalak paratzea, abiadura mugatzea edo pasatzen uzteko seinalea jartzea bidegorrian, intersekzioaren puntuan. Soluzio hau hartu da hiriko beste espazio batzuetan, arazo berdina atzeman izan denean.

Proposamen honi egiten ahal zaion soluzio alternatiboa litzateke bidegorriaren trazadura aldatzea konexio hauetan, oinezkoen eta ziklisten ibilbidea konplikatuz, gune horietan espaloiaren hondoa handiagotuko litzatekeelako eta aparkaleku-plazak galduko liratekeelako. Azaldu dugunarengatik, soluzio honek ez dakar abantaila funtzionalik, ez eta abantaila ekonomikorik ere.

[... ]

Beraz, proposatzen da aurkeztu den soluzioari eustea, seinaleak gaineratuz, ziklisten abiadura mugatzeko".

Gainera, aurrekoarekin bat etorriz, A.03 planoa aldatu da.

Beraz, ulertzen da aipatutako oztopoak eta horiei irtenbidea aurkitzeko neurri zuzentzaileak aztertu direla.

Proposamena: Alegazioa hein batean baietsi da.

C.–Erripagaña etorbideko bide-sekzioa.

Alegazioa: Proposatzen den bide-soluzioak ez du espaziorik aurreikusten aparkalekuen eta bidegorriaren artean; beraz, espaloira sartzeko beharrezkoa da aipatu bidegorria eta berdeguneak zeharkatzea.

Proposatzen da bidegorria eta berdeguneak hegoalderantz mugitzea, espaloia sortuz aparkalekuen eta bidegorriaren artean.

Espaloi sortu berri hori toki ona izan daiteke ibilgailuetarako bideen argiztapen-farolak jartzeko [... ].

Erantzuna: Sustatzaileak proposatzen du "landare-parterreak 1,80 metroko distantziara eramatea hegoalderantz, oinezkoentzako espazio berri bat sortuz aparkaleku-bandaren eta bidegorriaren artean eta proiektatutako espaloiaren zabalera murriztuz." Eta hala islatzen da proiektuaren planoetan, behin betiko onespenerako aurkeztu direnetan.

Farolei dagokienez, IAL planoan baieztatzen da alegazioa egin duen udalak iradokitzen duen lekuan jarri direla.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

D.–Haurrentzako parkea.

Alegazioa: Planteatzen den egiturak ez dauka euriaren aurkako babesik. Hori horrela, oso litekeena da udalak etorkizunean estali behar izatea; horrek zailtasunak ekar ditzake, horretarako pentsatuta ez dagoen egitura bat estali beharko delako.

Haur jokoen oinplano-banaketarik ez da aurkeztu [... ], eta gainera, proposatu direnak gutxi dira, kontuan hartuta etxebizitza kopuruaren gehikuntza.

Eremu horretarako proposatzen diren altzariak aulki-multzoak dira, zeinetan ez baita planteatzen itzala egotea. Ez da ulertzen, harremanetarako espazioak izanik, bankurik jartzea ez planteatzea, kontuan hartuta haurrentzako parke bat denez, gutxienez bi pertsonak erabiliko dutela.

Hau da eskatzen dena: estaldura aldatzeko eta jolasen kopurua handitzeko [... ], aulkien ordez bankuak jartzeko, eta haurrentzako parkearen inguruan esertzeko altzari-elementuren bat gutxienez itzalean egoteko.

Erantzuna: Estalkiari dagokionez, sustatzaileak honako hau justifikatu du: "Planteatutako egituraren helburua da euritik babestea, eta aldi berean argi iragazia eta itzal bermatua dituen eremu atsegin bat proposatzea. Estaltze-profilak erreten txikiak dira, euri-ura erdiko erretenera bideratzen dutenak, ezarritako maldei jarraikiz; euritik behar besteko babesa ematen dute, eta aldi berean, guztiz opakua den estalki-soluzioak baino hobeto argiztatutako eremu bat osatzen dute.

Proposatutako estalkia z erako profilez egina dago, haien artean 5 cm-ko tartea utzita. Profil horiek bertikalean bat datoz, ura biltzen dute eta erretena egiten dute".

Gainera, hauxe ere gaineratzen du: "Pergola hori erraz estali daiteke, xafla profilatuz egindako estalki arin eta aurrelakatu baten bidez".

Haurrentzako jolasei dagokienez, proposatutako jolasen posizioa eta mota zehatzago definitzen dira. A05.2-Hiri-altzariak izeneko plano berri bat gaineratu da, planteatutako jolasen oinplanoko banaketa eta segurtasun-eremua zehaztuz.

Jolas kopuruari dagokionez, aurkeztu den alegazioen txostenak hau justifikatzen du, besteak beste: "proiektuan aurreikusten den elementuen kopurua Erripagañako gainerako bizitegi-arean (AR-1) ezarritako elementuen bikoitza baino handiagoa da, area bakoitzean dagoen etxebizitzen kopuruaren proportzioan. Hala ere, proiektuan gaineratu dira jolaserako lau elementu berri".

Beste alde batetik, bankuen kokalekua zuzentzea proposatzen da, banakako elementuren batekin txandakatuz, jolas-espazioaren inguruko egonaldia aprobetxatzeko moduan nolabaiteko aniztasuna ekar dezaten.

Altzari-elementuak itzalean egoteko eskaerari dagokionez, honako hau esaten da:

"Arkupe perimetralaren hasierako irtenbideari dagokionez, hondoa murriztu denez, zuhaitz-lerrokadura berri bat proposatzen da, jolas eremuko pergolaren inguruan itzal handiagoa egon dadin, proposamenaren planteamendu geometrikoa aldatu gabe. Horrela, proposamenak eusten dio aniztasun-helburuari, eta horrela toki batzuk itzalean eta beste batzuk eguteran egonen dira".

Proposamena: Alegazioa hein batean baietsi da.

E.–Arkupea.

Alegazioa: Proiektuak ez du definitzen [... ] eraikuntza mailan planteatu den arkupea, eta ezin da baloratu planteatutako egituraren eta berdegunearen arteko erlazioa (beraz, zaila da baloratzea berdegunea mantentzeko zailtasuna zutabe-lerroarekin elkartzen den perimetroan), eta ezin da baloratu arkupe horren argiztapena mantentzea. Halaber, eraikuntza-elementu horrek segurtasun-soka bat izan beharko du mantentze orokorrerako.

Egiturarako proposatzen den [... ] soluzioa planteatu behar da halako moldez non ez baita sortuko asentu diferentzialik, egitura edo zimendu desberdinetan bermatzea edo eustea saihestuz, eta exekuzio-faseen arabera denboran gauzatzearen arazoa konpondu beharko da, ahalik eta modu bateratuenean gauzatzeko.

Horregatik eskatzen dugu proiektuaren elementu eta elkargune guztien definizio grafikoa.

Oso positibotzat joko litzateke arkupearen hondoa murriztea, zeren eta, UGPSaren aldaketari egin zitzaion alegazioan adierazi zen bezala, arrisku-eremua izaten ahal baita. Berriz ohartarazten da espazio hori genero-ikuspegiarekin diseinatu behar dela, eta horrek barnean hartzen ditu hondoa murrizteko proposamena eta urbanizazio-proiektuan argiztapena aztertu eta diseinatzea, puntu itsurik ez dagoela bermatzeko.

Diseinua berrikus dadin eskatzen da.

Erantzuna: Urbanizazio-proiektuaren A.08 planoan arkupearen eta berdegunearen arteko elkargunea zehazten da. Sustatzaileak hauxe azaltzen du:

"25 cm-ko zabalerako granitozko zintarria jarri da, arkupeko zutabeen oinarritik, berdegunea babesteko eta mantendu ahal izateko. Horrela, mozteko makinek eman litzaketen kolpeetatik babesten dira.

Arkupeko argiztapenerako, sekzio zirkularreko profil jarraitu bat dago, zutabe bakoitzari lotuta eta 350 cm inguruko altueran. Bertan argiztapen-lerro jarraitu eta uniforme bat dago, eta plataforma mekaniko txiki baten bidez edo eskuzko eskailera baten bidez konpondu edo mantentzen ahalko dena, egin beharreko lanen arabera, foku puntualen beste edozein soluzioren antzera. Beraz, soluzio horrek ez du zailtasun berezirik sortzen. Segurtasun-soka bat gehitu da mantentze-lanak ziurtatzeko".

Egiturari dagokionez, sustatzaileak aurkeztutako alegazioen txostenak honako hau azaltzen du:

"Arkupearen egitura bertikal guztia bermatzen da berdegunearekiko habe perimetral jarraitu batean, ez daukana egiturazko harremanik ondoko erakinekin, ez eta arkupeko zolatarekin ere, zeinak lan-juntura independenteak izan beharko baititu. Soluzio monolitiko horrek ez du kalterik eragin behar asentu diferentzialen ondorioz.

Era berean, independentzia horrek ahalik eta modurik bateratuenean exekutatzea erraztuko du, eta zimendu jarraitu guztia aldi bakar batez exekutatzen ahalko da, zutabeen ainguraketa-plakak zain utzita, eta egitura altxatuz eraikina exekutatu arau.

Denboran zehar exekuzioak izanen duen garapena lotuta geratuko zaio lehen aipatu diren faseen mugaketari. Urbanizazio-proiektuan arkupeko ezaugarri guztiak (diseinu formala, materiala eta egitura) definituta egoteak bermatzen du arkupearen beraren izaera bateratua".

Goian eman diren azalpenei dagokienez, argitu behar da ezen sustatzaileak baieztatzen duenean ondoko erakinekiko egiturazko harremanik ez dagoela, zimenduaz ari dela, asentu diferentzialen ondorioz kalterik ez duela sortzen justifikatzen ari baita.

Hala ere, E plano-multzoa ikusita, euskarri bertikalak eraikinen zimenduekiko independenteak badira ere, arkupeko estalkiaren ertzeko garlanda eraikinen egituran oinarritzen da, emandako xehetasunek adierazten duten bezala.

Aurrekoa gorabehera, sustatzaileak hauxe defendatzen du: "Arkupearen zati bakoitza eraikitzea dagokion eraikina eraikitzearekin loturik dagoenez, zimenduen exekuzioan eta arkupearen egituran ez da koordinazio arazorik sortuko".

Beste alde batetik, alegazioen txostenak hauxe baieztatzen du: "Egitura-planoetan erabat eta xehetasunez definitzen da arkupearen eraikuntzaren eta egituraren definizioa".

Azkenik, "Arkupearen alboen hondoa metro bat murriztea proposatzen da, eta hondo hori iparraldeko eta ekialdeko hegaletan berdintzea, arkupe osoak lau metroko hondoa izan dezan. Arkupeak, beraz, ez du eremu ezkuturik izanen, euskarri bertikalek, oso arinak direnek, 10 x 10 cm-ko sekzioa edukiko baitute. Horrek galarazten du ezkutatzea eta espazioaren erabateko gardentasuna errazten du. Argiztapena jarraitua eta uniformea da perimetro osoan".

Proposamena: Alegazioa hein batean baietsi da.

F.–Udal zuzkidura-lurzatia.

Alegazioa: Behar diren azpiegitura guztiak (elektrizitatea, gasa...) kontuan hartuko dira, esleitutako transformazio zentroa orain ezarriz.

Erantzuna: Proposatzen da behar diren azpiegitura guztien harguneak zuzkidura-lurzatiari gehitzea.

Energia elektrikoaren hornidurari dagokionez, transformazio zentro berri bat (TZ-2) lekualdatu da, M lurzatiak hornidura eduki dezan aipatu TZ horretatik.

IE, IER eta IGN plano-multzoetan dagozkien aldaketak sartu dira.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

G.–Oinezkoen konexioak.

Alegazioa: [... ] uste da aurreikusten ahal diren oinezkoen komunikazioek, hala nola garraio publikoko geralekukoak eta eskola-zuzkiduretara doazenek, ez dutela oinezkoentzako ibilbiderik komunikazio horiek izanen diren norabidean, hau da, hego-mendebaldetik ipar-ekialdera doan diagonalean.

Erantzuna: Sustatzaileak hauxe justifikatzen du:

"Plazak eta barruko parkeak oinezko ibilbide nahikoak dituzte aurreikus daitezkeen ibilbide guztietarako.

[... ]

Planteatzen den ibilbidea ongi konponduta geratzen da bi ibilbide-aukeraren bidez: lehena, perimetroko arkupetik zehar, eguzkitik eta euritik babestuta dagoen ibilbide bati esker; eta bigarrena, parkea iparretik hegoalderako norabidean zeharkatzen duten pasealekuen bidez. [... ]

Diagonal berriak, [... ] horretarako beharrik gabe, azalera kentzen dio berdeguneari, zeinak irudi berde eta naturala ematen baitu, zolatutako plazaren osagarri".

Proposamena: Alegazioa ezetsi egin da.

H.–Plaza gogorra.

Alegazioa: Ez da aurreikusten itzala izatea zuzkidura-lurzatiaren ondoko itxaron-bankuetan. Beharrekoa dela jotzen da.

Erantzuna: Sustatzaileak hauxe justifikatzen du: "Proiektuan banku batzuk itzalean jarri dira, eta beste batzuk eguteran. Alabaina, zuzkidura-lurzatiaren ondoko eguteran dagoen tokiko hiru banku ordezkatu nahi dira, haien ordez alde horretan bertan beste zazpi banku jarriz, parterre zuhaiztunen ondoan. Eguteran dagoen aldeko banku denak ezin dira kendu, ez bailitzateke beteko atseden-guneen artean gutxienez 50 metroko distantzia egotea eskatzen duen araua".

Proposamena: Alegazioa hein batean baietsi da.

Alegazioa: Eskatzen da, halaber, urbanizazio-proiektuak aintzat har ditzan udal-karpetako ainguratzeak, geroago zoladura-obran esku hartu behar ez izateko.

Erantzuna: Alegazioen txostenak adierazten du udal-karpetarako ainguratzeak izanen direla, baina horri buruzko datu teknikoak ematen ez direnez, proiektuaren aurrekontuan sartuko dela honenbesteko prezioko partida bat, obran justifikatu beharrekoa, ainguratze obrak egiteko, exekuzioa udalak planteatzen dituen beharren arabera izan dadin.

Egiaztatu da aurkeztu den aurrekontuan honako partida hau dagoela AR2N N Fasea kapituluaren barruan:

UAR2B1001

UD

AURREIKUSPEN EKONOMIKOA KARPETAKO AINGURATZERAKO PLAKAK

Karpak aldi baterako instalatzeko ainguratze-plaka metalikoak hornitzeko aurreikuspen ekonomikoa, zehaztu beharreko diseinu eta neurrien arabera, obran definitzen diren beharrak kontuan hartuta, hormigoizko oinarrien zati proportzionala barne.

Bitarteko osagarriak eta eskulana. Hori guztia obran justifikatu behar da.

1

1,00

1,00

1.250,00

1.250,00

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Eskatzen da aintzat hartzea oztopo-zutoinen sistema bat ezartzea elementu tertziarioetara sartzeko bidearen bihurgunean, eta oztopo-zutoin barneragarri automatiko batzuk edo oztopo-zutoin ateragarri batzuk sarrera hartan.

Erantzuna: Jendaurrean jarritako proiektuan bazegoen oztopo-zutoin finkoak ezartzeko aurreikuspena, ibilgailuak eraikin tertziarioko (J lurzatia) aurrealdera pasa ez daitezen, eta oztopo-zutoin ateragarriak larrialdietako edo zerbitzuko ibilgailuak plazara modu kontrolatuan sartzeko. Orain aurkeztu den proiektuan oztopo-zutoinen kokalekua aldatu da pixka bat, galtzadatik espaloira aldatuz, eta kopurua emendatuz, hiru izatetik sei izatera.

A.06.8 planoan ikusten ahal dira oztopo-zutoinok. Edonola delarik ere, alegazioen txostenak esaten du "proiektuaren aurrekontuan sartuko dela honenbesteko prezioko partida bat, obran justifikatu beharrekoa, oztopo-zutoinen obrak egiteko, haren exekuzioa udalak planteatzen dituen beharren arabera izan dadin."

Egiaztatu da aurkeztu den aurrekontuan honako partida hau dagoela AR2N N Fasea kapituluaren barruan:

AR2N13 AZPIKAPITULUA HIRI EKIPAMENDUA ETA ALTZARIAK

UAL2118

UD

HOSPITALET INOX FUND BENITO ZUTOINA

Zutoina hornitzea eta jartzea, erreferentzia honekin: FUND. BENITO HOSPITALET INOX. Mod 1000XØ95, H-214, edo antzekoa, burdinaz fabrikatua, altzairu herdoilgaitzezko eraztunarekin, herdoilaren aurkako pintura beltzarekiko bukatuarekin, lurrean sartzeko oinarria eta hagaxkak.

Muntatzea, ezartzea eta lurrera lotzea, zoladura-erremateak eta garbiketa

10

10,00

10,00

60,60

606,00

UZN21404

UD

HOSPITALET INOX FUND. BENITO ZUTOIN DESMUNTAGARRIA

Zutoina hornitzea eta jartzea, erreferentzia honekin: FUND. BENITO HOSPITALET INOX. mod. DESMUNTAGARRIA 1000XØ95, H-214, edo antzekoa, burdinaz fabrikatua, altzairu herdoilgaitzezko eraztunarekin, herdoilaren aurkako pintura beltzarekiko bukatuarekin, lurrean sartzeko oinarria eta hagaxkak.

Muntatzea, ezartzea eta lurrera lotzea, zoladura-erremateak eta garbiketa.

3

3,00

3,00

72,25

225,75

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Gogorarazten da mantenu eta garbiketa ibilgailu pisuak ibiltzen direla, eta plazako zoladurak horri eutsi behar diola; hori dela-eta, zoladurak sekzio nahikoa eduki behar du, erabilera normalak asentamenduak edo hausturak sor ez ditzan.

Erantzuna: Sustatzaileak honako hau azaltzen du: "8 cm-ko granitozko lauzen azpian 20 cm-ko hormigoizko zola bat egitea aurreikusten da zabor-legar trinkotuen gainean. Egitura horrek ibilgailu pisuen zirkulazioari eusten diola ongi kontrastatuta dago".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da, baina alegatutakoa onartzetik ez da ondorioztatzen diseinu-aldaketarik.

I–Mantendu eta ezabatu beharreko elementuak.

Alegazioa: Honi buruzko dokumentazioa berraztertu beharko da, zeren, esaterako J.01 planoan, ez dagoen zuhaiztia ezabatzea aurreikusten baita.

Erantzuna: Aurkeztu den dokumentuan J0.1 planoa aldatu egin da, esandakoa kontuan hartuz.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

J.–Zoladurak.

Alegazioa: Ez da ikusten legenda eta zoladuren planoa bat datozenik, bai ordea plano hori eta eraikuntza-xehetasunak, hala nola A.08an.

Eskatzen da zoladurari buruzko dokumentazioa eta xehetasunak berrikus daitezen.

Erantzuna: Dagokion planoa berrikusi eta aldatu egin da, eraikuntzako xehetasunen planoekiko koherentzian.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Plazak 80 x 40ko granitozko baldosa eramatea proposatzen da, baldosaren kalitatea eta lodiera zehaztu gabe. 5.000 kg-ko erraztagailuaren pisuari eta seguruenik 20 t-ko baldeaketa kamioiaren pisuari eutsi behar dio, baita karpa eta agertokiak muntatzea eta abar.

Erantzuna: Sustatzaileak azaltzen du "Gredos granitozko baldosak jartzea aurreikusten da, 8 cm-ko lodierakoak. Zabor-legar trinkotuaren gainean jarritako 20 cm-ko hormigoizko lauzarekin batera, aurreikusitako gainkargak jasateko adinako egitura osatzen dute."

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da, baina alegatutakoa onartzetik ez da ondorioztatzen diseinu-aldaketarik.

Alegazioa: Pasabideetan 15 x 15eko baldosa proposatzen da. Proposatzen da 30 x 30eko baldosa hidraulikoa jartzea, gainerakoarekin bat eginez.

Erantzuna: A.09 planoan pasabidearen xehetasuna aldatu da, 30 x 30eko baldosa jarriz.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

K–Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak urbanizatutako espazio publikoetara sartzeko eta horiek erabiltzeko.

Alegazioa: [... ] 75E/2023 Ebazpenaren D.1 eta D.2 apartatuetan ezarritakoa errepikatzen da [... ] Proiektua ez dator bat TMA/851/2021 Aginduan ezartzen diren determinazio batzuekin, eta ez du haren isla grafikorik.

Erantzuna: A.06 plano-multzoa aldatu da, TMA/851/2021 Agindua betetzeko. Betetze hori xehetasun handiagoz aztertzen da, proiektua hasierako onespenaren ebazpenari egokitzen zaiola egiaztatzean, honen D atalean.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

2. Elektrizitate-sarea eta argiteria publikoa.

A.–Argiteria publikoa.

Alegazioa: Badirudi posta elektronikoz emandako kalkulu luminoteknikoek ez dituztela errespetatzen legez ezarritako gutxieneko, gehieneko eta uniformetasuneko argiztapen-mailak.

Erantzuna: Sustatzaileak aurkeztu duen alegazioen txostenean honako hau justifikatzen da: "Ekarri diren kalkuluek argiztatu beharreko eremu guztiaren azterketa global bat adierazten dute. Argiteria-eremu osoa irudikatu nahi izan da, bideetako argiteria izan ezik. Horren ondorioz, muturreko puntu batzuetan argiztapenak ez ditu betetzen arauak eskatutako gutxieneko argiztapenak, baina kontuan hartzen ari dira, halaber, arauak eskatutakoarekin bat ez datozen eremuak."

Gainera, behin betiko onesteko aurkeztutako urbanizazio-proiektuan, 4. eranskinean "Azpiegituren memoria" izenekoan, argi-kalkuluen eranskin bat sartu da.

Horrela, alegatzaileak arrazoirik ematen ez duenez kalkulu luminoteknikoek ez dituztela errespetatzen araudiak ezarritako mailak baieztatzeko, sustatzailearen azalpena ontzat ematen da.

Edonola ere, alegazioen txostenak gaineratzen du: "Ondorengo apartatuetan eskatzen da instalatu beharreko luminariak berraztertuko direla, udal osoko argiztapena berritzeko egiten ari den lizitazioa oinarritzat hartuta. Une horretan luminarien definizioa koordinatuko da, eremu bakoitzera egokitzeko eta arauak betetzen diren aztertzeko".

Azken horri dagokionez, uneko lizitazioarekiko koordinazioari buruzko alegazioaren erantzunari lotzen zaio.

Proposamena: Alegazioa ezetsi egin da.

Alegazioa: [... ] oinezkoen ibilbideetako luminarien kolore-tenperatura gehiegizkotzat jotzen da.

Erantzuna: Obrak egin bitartean, lizitazioan hautatutako eskaintzan oinarrituta, ordeztu egin daitezke; hala ere, oinezkoentzako guneetako luminariak aldatu dira, 2.200K-ko kolore-tenperaturakoak izan daitezen. Horrela, azpiegituren memoriaren 5.8.3 apartatuaren arabera (4. eranskina), aurkeztu den urbanizazio-proiektuan ondoko luminaria hauek definitzen dira:

"Oinezkoentzako eremuetan 5 m-ko alturan jarritako luminariak erabiliko dira, 2.200K-ko LED dutenak, eransten diren xehetasunen arabera [... ]

Handiagoak diren bide nagusietako aldeetan 10 m-ko alturan jarritako 2.200K-ko biderako LED luminariak jarriko dira [... ]

Arkupeetan, etxebizitzen ondoan, sostengu-profila duten LED zerrendak jarriko dira, IP67 babes-mailako babes-difusore garden babeslearekin, 2.200K eta 14 W/m-koak, elikadura-ekipo elektronikoarekin".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Proiektuak ez du aurreikusten tamaina handieneko elementuen zimenduen interferentziarik ingurunearekin. Ezta zuhaitzekiko interferentziarik ere. Farolen kokalekua zuhaitzen kokalekuaren tarteetan jartzea proposatzen da.

Erantzuna: Luminarien kokalekua berrantolatu da, inguruko zuhaitzekiko erdibidean paratuz, eta IAL.1 planoa aldatu da, koherentziaz.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Azterketa eta lizitazio fasean dago luminariak energia-eraginkortasuneko irizpide handiagoko beste batzuekin ordeztea, eta eskatzen da proiektuak kontuan har dezala proposatutako luminariak, modeloak zehaztu ondoren, modelo horietara egokituko direla, teknikoki ezinezkoa denean izan ezik.

Erantzuna: Kontratazio Ataria kontsultatuta, egiaztatu ahal izan da une honetan argiteria publikoa berritzeko proiektuaren eta obren zuzendaritzaren lizitazioa egiten ari direla, eta, beraz, une honetan ezin da urbanizazio-proiektua aldatu, marka eta modeloa ezezaguneko luminariak jartzeko. Hala ere, alegazioen txostenak hauxe adierazten du: "Esku-hartze honetarako hautatu diren luminarien markak eta modeloak ezagutzen direnean, AR-2-ko argiztapena aztertuko da, proiektuan sartzen ahal ote diren ikusteko".

Horri dagokionez, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (aurrerakoan LAHFLTB) 134.2 artikuluak ezartzen du urbanizazio-proiektuek egiten ahal dituztela lanen exekuzio materialerako beharrezkoak diren egokitzapenak.

Horrela, lanaren exekuzioan zehar saiakera eginen da, hau posible den heinean, koordinatzeko AR-2an proiektatutako argiztapenaren instalazioa aipatu lizitazioan aukeratzen den eskaintzarekin, ahal den neurrian eta ezintasun teknikorik ez bada, proiektatutako luminariak hautatutako marka eta modeloetakoak izan daitezen.

Eta lehen alegatutakoaren harira, argiztapenaren instalazioa hautatutako marka eta modeloekin koordinatze horrek eskatuko du urbanizazio-proiektuko kalkulu luminoteknikoak egokitzea, bermatzeko betetzen direla legez ezarritako gutxieneko, gehieneko eta uniformetasuneko argiztapen-mailak.

Hala, aurkeztutako urbanizazio-proiektuaren azpiegituren memoriaren 5.8.3 atalean (4. eranskina) horri buruzko iruzkin bat gehitu da:

"Inguruko luminariak eraginkortasun energetikoko errendimendu handiagoko beste batzuekin ordeztea azterketa-lizitazioan dagoenez, esku-hartze honetarako hautatu diren luminarien marka eta modeloak ezagutzen direnean, AR-2ko argiztapenaren azterketari ekinen zaio, proiektuan kontuan hartzeko aukera aztertzeko."

Proposamena: Alegazioa hein batean baietsi da, eta obra exekutatzean koordinatu beharko da AR-2rako proiektatu den argiztapenaren instalazioa aipatu lizitazioan hautatzen den eskaintzarekin.

Alegazioa: Memorian hainbat argi-teknologia aipatzen dira. Dena LED teknologia izatea eskatzen dugu, eta ez sodio-lurruna, memorian agertzen den bezala (4. eranskina, 5.11.), eskakizunak betetzen dituen argiztapen-sistema "sodio-lurruna" dela han esaten baita.

Erantzuna: Alegazioen txostenak esaten du "luminaria guztiak LED teknologiakoak direla. Memoria aldatu egiten da".

Horrela, 4. eranskina - Azpiegituren memoria delakoan definitzen diren luminaria guztiak LED teknologiakoak dira. Halaber, 5.11 apartatuak sodio-lurrunezko lanparei buruz esaten zuena ezabatu egin da.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Instalazioa programatuta dago puntuz puntuko telekudeaketa egiteko. Eskatzen da puntuz puntuko telekudeaketa kentzeko, eta telekudeaketa lerro-mailakoa izateko, koadrotik bertatik. Zerbitzuak homologatu behar ditu koadroak, daudenak homogeneizatzeko eta haien logistikari eusteko. Udalerriko telekudeaketa komuneko sisteman integratu behar dela kontuan hartuta.

Erantzuna: Azpiegituren memoriaren 5.12 apartatua aldatu egin da (urbanizazio-proiektuaren memoriaren 4. eranskina), zeinak hauxe esaten baitu:

"Luminaria guztiek eduki behar dute lerro-mailako erregulazio sistema, kudeaketa sistema zentral bati konektatutako korronte eramaileen teknologiaren bidez komunikatutako koadrotik. Korronte sistema argiztapenaren koadroan dagoen ekipo zentral komunikatu batean eta luminaria bakoitzean kokatutako komunikazio elementuetan oinarritzen da. Burlatako Udalaren mantentze-lanen zerbitzuak homologatu behar ditu koadroak, daudenen logistikari eta homogeneizazioari eusteko".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Instalazioak bete behar duen araudia ez dago eguneratua. Interesgarria da gogoraraztea indarreko BTEEa (Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa) 2002an argitaratu zela, eta 1973koa indargabetu zuela (zeina baita "Baldintzak" dokumentuan aintzat hartzen dena).

Erantzuna: Alegazioen txostenean esaten da: "baldintzen orria aldatu egin da, eta instalazioak indarreko BTEEa hartuko du aintzat."

Gainera, baldintza orrien II.1.2 apartatuan aldatu da Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoari buruzko aipamena: kendu da 1973ko BTEEari buruzko aipamena, eta indarreko 2002koa (2023an aldatua) jarri da.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Eskatzen da kargagailu elektrikoetarako planteatzen den bigarren mailako koadroak bere kontagailua eduki eta nagusia izan dadin. Kargagailu hauek a posteriori edukiko duten kudeaketa ezagutu gabe, ez da komeni argiztapen-koadroari atxikitzea.

Erantzuna: Sustatzaileak adierazten du: "Auto elektrikoak kargatzeko koadro sistema independente bat egonen da. Ez da zintzilikatuko argiztapen orokorreko koadrotik. Banakako kontagailua izanen du, helburu horretarako bakarrik, eta iD redes-en banaketa elektrikoko sareak zuzenean elikatuko du".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Garrantzitsua izanen litzateke plazaren erdiko kutxatilaren eta goiko aldeko paldoaren arteko tartea kanalizatzea, ekitaldietarako edo sarbideetarako.

Erantzuna: IAL planoa aldatu da, adierazitakoa kontuan hartuta.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: [... ] proposatzen da konektatua uztea kanalizazioen bidez gaurko argiteria publikoaren lerroak urbanizazio berri horretan sortzen direnekin.

Erantzuna: Alegazioen txostenak ezartzen duenez "dagoen instalazioa proposatzen den berriarekin lotuko da, udalerri mailako komunikazioak edo zerbitzuak lotu ahal izateko. Alabaina, obrak egiteko fasean, lehendik dauden kanalizazioak egiaztatu eta haietan zehar gidak pasatuko dira, ahal denetan".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Ez da aurreikusten bidegorria diseinatzen den lurzatiaren ekialdeko lorategian dagoen farola-lerroa aldatzea.

Erantzuna: Sustatzaileak aurkeztu duen alegazioen txostenean hau azaltzen da: "Bidegorri hori eta parkea obraren eremutik at geratzen dira. Aurkeztu dira dagoen dokumentazioaren osagarri moduan. Ez da aurreikusten alde hori aldatzea, eta gaur egun dagoen moduan geratuko da".

Proposamena: Alegazioa ezetsi egin da.

Alegazioa: Aurrekontua/planoak/azterketa luminikoa ez datoz bat:

1) Aurrekontuan sartutako luminariak ez datoz bat planoan jasotakoekin, ezta paldo kopuruarekin ere.

2) Aurrekontuan ageri den kableatua (01.07.6) 25 mm²-koa da, baina eskeman irteera 50 mm²-koa da, eta ez da inongo apartatutan ageri.

3) Aurrekontuan, bi koadroak hiru gorputzekoak dira, eta planoan, aldiz, bi gorputzekoak.

4) Aurrekontuko 01.07.20 beso luzagarriak (1,5) soilik 8 unitate dira; ez da planoan eta memorian agertzen den bezalako 3 m-ko luzagarriririk.

Erantzuna:

1) Luminaria eta paldo kopuruan atzeman diren desadostasunei dagokienez, urbanizazio-proiektuaren memoriaren 1. adendan adierazten denez "aurrekontua azterketa luminikoan eta planoetan definitu denari egokitu zaio".

2) Aurrekontuan kable-partida hau ageri da: 50 mm²-ko kablea.

IEL4X25

Ml Banaketa-linea Cu 4x25 mm²-koa

Ml. Kobrezko haridun banaketa-linea, isolamendu-tentsioa RVK-z1 0,6/1 KV, UNE Hersatene RV-21123 izendapena, 4x25 mm²-eko sekzioa, hodian sartutako lurperatutako banaketan, paldoetako loturak, deribazioak, pieza bereziak, seinaleztapen-zinta jartzea eta terminalak identifikatzea, terminalak konektatzea eta markatzea, eskulana, erabat bukatua, BTEEaren arabera eginda.

Lehengoaren aurrekontuak

56,00

56,00

15,35

859,60

3) Sustatzaileak baieztatzen du "koadroak bi gorputzekoak izanen direla." Horrela, aurrekontuaren partida aldatzen da, eta hiru moduluei buruzko aipamena kentzen da.

4) Sustatzaileak azaldu du "ez dela aurreikusi 3 m-ko besoak erabiltzea. Besoak 1,5 m-koak izanen dira, behar diren kasuetan". Beraz, IAL.4 xehetasun-planoko kota aldatzen da, besoaren egiazko neurria aipatuz, hau da, 1500 mm.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

B.–Sare elektrikoa.

Alegazioa: Lurzati guztien banaketa elektrikoa eta transformazio zentroekin dituzten konexioak osatu beharko dira.

Erantzuna: Alegazioen txostenean honako hau azaltzen da:

"Lurzati guztiek hornidura elektrikoa izanen dute. Lurzatiaren erabilera eta tamaina zein den, hornidura erdi-tentsiokoa edo behe-tentsiokoa izanen da.

Behe-tentsioko hornidura iD redes eléctricas delakoaren jabetzakoa den banaketa-sarearen bidezkoa izanen da, urbanizazioan zehar dituen TZetatik.

Erdi-tentsioko horniduraren kasuan, iD redes eléctricas delakoaren jabetzakoa den erdi-tentsioko saretik izanen da elikadura, eta lurzatiaren barruan dagokion TZ pribatua izanen da.

Bereziki, J lurzatiak eta M lurzatiak erdi-tentsioko hornidura izanen dute. Ekipamenduetarako den M lurzatirako, zehazki, transformazio zentro berri bat (TZ-2) lekualdatu da, beharrezkoa bada TZ horretatik hornidura edukitzeko. K-L lurzatiak, ziurrenik, 3 lursailetarako edo erabilera independentetarako hornidura edukiko duela pentsatu da, bertan hainbat merkataritza-ezarpen egon daitezkeela kontuan hartuta. Hala ere, azkenean merkataritza-establezimendu bakarra jartzen bada, erdi-tentsioko hornidura eska lezake. Kasu horretan, kanalizazio elektrikoen beharra proposatzen dena baino txikiagoa izanen litzateke, eta TZ lurzatiaren barnealdean jarri beharko litzateke, eta urbanizazioaren inongo kanpo-ezaugarririk ez litzateke ukitua izanen."

Behe-tentsioko lineen banaketaren planoa (IE.3) aldatzen da, emandako azalpen hauek kontuak hartuta.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

3. Ureztatze sarea eta euri-urak.

A.–Ureztatze sarea.

Alegazioa: Justifikatu beharko da emaria eta sarearen diseinua aski direla dagoen ureztatzea eta proposatzen dena aldi berean egiteko.

Erantzuna: Iruñerriko Mankomunitatearen txostenari emandako erantzunean, ur-emariaren nahikotasunaren kalkulua eta ureztapenaren aldiberekotasuna bermatzeko sarearen diseinuaren kalkulua sartu ziren. Espedientean dago Iruñerriko Mankomunitatearen horri buruzko aldeko txostena.

Halaber, kalkulua azpiegituren memoriaren 1.12.–"Hornidura-kalkuluen eranskina" apartatuan dago (urbanizazio-proiektuaren 4. zenbakiko eranskina).

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Ureztatze sareak ez ditu bere baitan hartzen proposatutako berdegune guztiak. Berdegune guztiak aintzat hartu behar dira.

Erantzuna: Alegazioen txostenak baieztatzen du "ureztatzeko instalazioa handiagotu eginen dela"

Horri dagokionez, IR.1 eta IR.2 planoak ikusi eta gero, ikusten da kendu egin dela UM-J unitate morfologikotik ekialdeko zuhaiztiari eta haren hegoaldean dagoen berdeguneari dagokien ureztatze sarea, eremu horiek gaur egun ureztatze sarea daukatela argudiatuta. Kentze hori geroagoko ataletan aipatzen den alegazio baten ondorioa da, beraz alegazio horretan ematen den erantzuna ikusi behar da.

Hala ere, alegazioen txostenean adierazten den bezala, 3.2 eta 3.6 sektoreetako zuhaitzen ureztaketa tantakako eraztunekin osatu da, beraz, handiagotu egin dela ulertzen ahal da.

Proposamena: Alegazioa hein batean baietsi da.

Alegazioa: Toro ureztatzeko programatzailea. Eskatzen da RAINBIRD programatzailea, egun instalatua dagoen sistemarekin bateragarria. Programatzaile bakarra da, zentralizatua. Telekudeaketarako Erripagañan dagoeneko instalatua dagoen dekodifikatzailearekin konektatua.

Erantzuna: Alegazioen txostenak adierazten du "dagoen programatzailearen marka eta modeloa aldatuko dela, eta Rainbird jarriko dela. Sistema konektatuko da Erripagañan telekudeaketarako dagoenarekin. Programatzailea integratuko da gaur egun funtzionatzen ari den sisteman".

Horrela, Toro ureztatzeko programatzaileari buruz egindako aipamena ordezkatu da, eta Rainbird programatzailea jarri azpiegituren memoriaren 8.8 apartatuan (urbanizazio-proiektuaren memoriaren 4. eranskina), zeinak esaten baitu:

"Planteatzen dira 34 sektore, RAINBIRD erako programatzaile baten mendekoak, behar diren hedapen-moduluak barne".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Ureztatze koadroaren kokalekua ez da definitzen.

Erantzuna: Sustatzaileak azaltzen du "ureztatze koadroa argiztapen koadroaren ondoan dagoela". IR.2 ureztatze planoa aldatzen da, koadro hori irudikatzeko.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Ixteko giltza eta azkoin birakariak sektore elektrobalbula bakoitzean.

Kutxatila bakoitzeko lau elektrobalbula gehienez.

Erantzuna: Alegazioen txostenak adierazten du "ureztatzeko kutxatilek azkoin birakariak edukiko dituztela sektore elektrobalbula bakoitzean" eta gehienez bakoitzak lau eletrobalbula edukiko dituela. Aurreikusten diren elektrobalbulen kopuruaren arabera, kutxatila bat edo batzuk atxikiak jarriko dira, elektrobalbulak, hau posiblea den heinean, puntu berean kontzentratzeko".

Horrela, IR.2.–"Ureztaketaren xehetasunak I" planoan, 4 elektrobalbula instalatzeko kutxatilen xehetasunak ikusten dira, eta gainera, azpiegituren memoriaren 8.4 apartatuan (urbanizazio-proiektuaren 4. eranskina) kutxatilak antolatzeko moduaz hitz egiten da, honako hau esanez:

"Ureztatzeko kutxatila bakoitzak gehienez 4 elektrobalbula edukiko ditu, halako moldez non elektrobalbulen kopurua handiagoa bada lau baino, kutxatila gehiago jarriko baitira, aipatu ratioa ez gainditzeko".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Dagoen instalazioari eraztunean konektatzea.

Erantzuna: Sustatzaileak azaldu du "banaketa-orokorrari zerbitzua emanen zaiola lehendik dauden bi konexio puntutatik, jarduketaren mugan aurreikusitako ureztatzeetarako direnetatik. Bat iparraldean, eta bestea mendebaldean".

Edozein kasutan, IR.1 eta IR.2 planoak aldatu dira, dagoen udal-ureztatze sistemarekiko konexioaren erreferentzia ager dadin.

Aurkeztutako alegazioen idazkian proposatzen den irtenbide zehatza eta proposamena aukeratzeko arrazoiak adierazten ez direnez, onargarritzat jotzen da sustatzaileak hartutako irtenbidea.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: PA33ren erdibitzailean, landare-pantaila jartzeak ureztatzea aldatzea eskatzen du.

Erantzuna: Alegazioen txostenak adierazten duenez "erdibiltzaile horretako ureztatzea aldatuko da, lurrak mugituko direlako landare-pantaila jartzeko, eta lur mugimendu horiei egokitzeko".

Horrela, urbanizazio-proiektua zuzentzen da, ureztatzeko instalazioa PA-33 errepidearen ondoan aurreikusten den landare-pantailara egokitzeko. Zehazki, IR.1 eta IR.2 planoak aldatzen dira, eta erreferentzia berri bat sartzen da: "aspertsoreetako ahoko piezak aurreikusten diren landare espezie berrien geometriara doitzea", eta aldatzen da, halaber, azpiegituren memoriaren 8.4 apartatua (4. eranskina), honako hau esaten baitu:

"PA-33 errepidearen ondoko parterreko ureztatzeko instalazioan beharrezkoa izanen da aspertsoreetako ahoko piezak aurreikusten diren landare espezie berrien geometriara doitzea".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Alegazioa: Kutxatila-akatsak: arren eskatzen dugu zorrotz berrazter dadin, sektore kopuruak instalatu beharreko kutxatila kopurua aldarazten ahal baitu.

A1

1.1 Kendu, lehendik dago

1.2 Kendu, lehendik dago

1.3 Bihurguneko zuhaiztia konektatzea falta

A2

6-7 Elektrobalbulak kutxatila batean, GAIZKI

A3

7 Elektrobalbulak kutxatila batean, GAIZKI

3.2 Zuhaiztia ureztatzeko sistema falta

3.3 Zuhaiztia ureztatzeko sistema falta

3.4 Zuhaiztia ureztatzeko sistema falta

3.5 Zuhaiztia ureztatzeko sistema falta

3.6 Ez da iristen zuhaizti osora

A4

4.12 sektorea errepikatuta dago

12 elektrobalbula bi kutxatilatan, GAIZKI

Erantzuna:

A1: Sustatzaileak, alegazioen txostenean, esaten du 1.1 eta 1.2 sistematik ezabatzen direla "eremu horrek ureztapena duelako eta ez duelako aldaketarik behar". Honako hau ere azaltzen du: "Trazadura berriak aldatzen duen biribilguneko bihurguneko zuhaiztiko ureztatze sistema aldatuko da, bi espaloietako landaketa berrietara egokituz."

A2 eta A3 Azpiegituren memoriaren 8.4 apartatuan (urbanizazio-proiektuaren memoriaren 4. eranskina), berariaz gaineratzen da kutxatilako egon daitezkeen elektrobalbula kopuru maximoari buruzko aipamena:

"Ureztatzeko kutxatila bakoitzak gehienez 4 elektrobalbula edukiko ditu, halako moldez non elektrobalbulen kopurua handiagoa bada lau baino, kutxatila gehiago jarriko baitira, aipatu ratioa ez gainditzeko".

Beste alde batetik, A.3ko 3.2tik 3.6ra bitarteko sektoreei dagokienez, sustatzaileak azaltzen du "zuhaiztiaren ureztaketa tantakako eraztunekin osatu dela". Eta hala ikusten da IR.1 planoan.

A4: Sustatzaileak azaltzen du "ezabatzen dela zirkuitu errepikatua".

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

B.–Euri-uren sarea/drainatzea.

Alegazioa: Aurkezten den dokumentazioan ez da oso argi geratzen drainatze jasangarriko sistemaren funtzionamendua eta irismena.

[... ] garrantzizkoa eta egokia dela planteatzea sortzen den azaleko ur gehiena lurrera iragaz dadin, bai zoladura iragazleen bidez, egokia den eremuetan, bai azaleko ura berriz bideratuz, malda-joko egoki baten bidez, zolatu gabeko berdeguneetara (erdiko lorategi handia, parterre batzuk, zuhaitz-txorko jarraituak...) elkarren artean elkarlotuz drainatze jasangarriko sare baten bidez, zeinak funtzionatu bailezake ur-jauzi baten moduan, solidarioki, haren eraginkortasuna ahalik eta gehien maximizatzeko.

Erantzuna: Alegazioen txostenak honako hau azaltzen du:

"Burlatako Udalak esaten duena kontuan hartuz, eurietako azaleko ura lurrera iragazteko sistema bat eginen da, ur bilketarako. Ez, ordea, eraikinen estalkietako euri-urak biltzeko.

Azterlan hau oinarritzen da lurraren osaeran, izaeran eta lur horrek lurpeko uren jariatzeak inguruko ibilgu naturaletara kanalizatzeko duen jokabidean.

Berdeguneak prestatuta daude ura lurrera iragaz dadin, zuhaitz-erreiak bezala. Inguruko oinezkoentzako espaloi-eremuak ura eremu horietara isurtzeko eta lurrean iragazteko aurreikusita daude.

Iragazpen handiko eremu bat aurreikusi da, hego-mendebaldeko lorategian, legar iragazleen bolumen handiarekin.

Iragazpen eremu guztiak komunikatuta egonen dira hodi porotsuzko drainatze sare batekin, lurraren maldari jarraituz. Sare horrek balio izanen du iragazpen eremu guztiak orekatzeko, eta eremuak urez bete ahala, ura eremu batetik bestera pasatuko da. Azkenean, urbanizazio osoak hustuko du drainatze-ura hego-mendebaldeko parkean, non gainezkabide gisako irteera kontrolatu bat egonen baita, eta Iruñerriko Mankomunitateko euri-urak biltzeko sarera isuriko baita".

Gainera, A.13 planoa gehitzen da, drainatze jasangarriaren sistema erakusten duena. Grafikoki adierazten dira euri-urak errei-zuhaitzetarantz, berdeguneetarantz edo zoladura drainatzaileko eremuetarantz bideratuko dituzten zoladura gogorreko eremuetako malden noranzkoa eta norabidea.

Sistema osatzen da 200 mm-ko diametroa duen ura lurrera iragazteko sistema batekin, zeinak hustubide bat edukiko baitu ura gainez egiten badu, eta hala gertatuz gero euri-uren sarera aterako da. Hori guztia ikusten ahal da A.13 eta ID.1 planoetan.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

4. Lorezaintza.

Alegazioa: Zuzendu beharreko honako hauek azpimarratzen dira:

–Kendu beharreko zuhaiztia ez dator bat errealitatearekin.

–Ez dago hostoiraunkorrik, bat ere ez. Sartu.

–Azken 10 hilabeteetan (lorategian) 10-12ko zuhaitzak air-pot sisteman eta azken 10 hilabeteetan (zuhaitz-txorkoan) 14-16ko zuhaitzak air-pot sisteman eskatzea.

–Burlatako Udalaren landaketa-protokoloa eskatzen dugu.

–Aurrekontuetan, Burlatako udaleko inausketa-hondakinetatik ateratako mulch motako zur birrindua ekartzea, landaketa 6-8 cm estaltzeko. Udalak ez dauka halako materialik. Lorezaintza-enpresak ekarri beharko du.

–Aurrekontu/memoria/planoen arteko desadostasunak.

ZUHAITZ BERRIAK

UNITATEAK

PLANOKO ZENBAKIA

LANDAKETAREN KALIBREA

HELDUAROKO ALTUERA

Quercus robur

20

8

14/16

25-30M

Robinia pseudoacacia ‘Pyramidalis’

18

9

14/16

Zutabe-eitekoak

Liquidambar styraciflua ‘Wordplesdon’

20

10

14/16

12-15M

Betula pendula

19

11

14/16

20-25M

Acer opalus

16

12

14/16

12-15M

Fraxinus angustifolia

11

13

14/16

15-20M

Prunus avium ‘Plena’

9

14

14/16

12-15M

Tilia platyphyllos

17

15

14/16

25-30M

Gingko–biloba

12

23

14-16

15-20M

Acer platanoides

7

24

14/16

15-20M

Acer rubrum

7

25

14/16

15-20M

Alnus glutinosa

7

26

14/16

15-20M

Fagus sylvatica ‘Rohan Obelisk’

12

28

14/16

Zutabe-eitekoak

Tilia cordata

14

29

14/16

20-25M

Fraxinus excelsior

Acer campestre

14

14

33

34

14/16

14/16

15-20M, zuhaitz-erreia proiektuaren eremutik kanpo dago.

[... ]

Eta aldaketak iradokitzen dira, proposatzen diren espezieei eta farolekin egiten dituzten interferentziei dagokienez.

Erantzuna:

–Kendu beharreko zuhaitzen eta errealitatearen arteko desadostasunari dagokionez, J.01 planoa, zuzendua, aurkeztu da.

–Hostoiraunkorren faltari dagokionez, Quercus ilex sartu da.

–Lorezaintza-proiektuko zuhaitzak aldatu dira, alegazioa egin duen udalak dituen kopuruak kontuan hartuta.

–Burlatako Udalaren landaketa-protokoloari gagozkiola, sustatzaileak baieztatzen du "obra gauzatu bitartean eginen dela".

–Aurrekontuan sartu da mulch motako zur birrindua hirugarrenek ekarriko dutelako aurreikuspena.

–Alegatzaileak atzeman dituen desadostasunei buruz, ondoren esaten da zein diren, eta alegazioen txostenak eman dituen erantzunak:

1. Aurrekontuetan 12 Zutabe-liriodendron birjartzea (ez dagokio).

Sustatzaileak azaldu duenez "Kopenhage kaleko eremu librean birjarri behar diren zuhaitzak dira."

2. Aurrekontuan 13 Fraxinus angustifolia, planoan 11.

Alegazioen txostenean argitzen da "11 unitate direla. Aurrekontua zuzentzen da. Alabaina, azken aldaketarekin 14 unitatetara emendatu da".

3. Aurrekontuan 14 Fraxinus excelsior, planoan 7.

Sustatzailearen arabera, "kopuru zuzena, aurrekontuan eta planoan, 14 da, biribilgunean zehar, Kopenhage kaleko sarrerara iritsi arte".

4. Aurrekontuan 16 Betula pendula, planoan 12.

Sustatzaileak azaltzen du "kopuru zuzena 16 unitate dela, plazan Ambar piramidal zuhaitzekin batera", eta planoa berrikusi dela azaltzen du.

5. Aurrekontuan 20 Liquidambar styraciflua "Worplesdon", planoan 18.

Sustatzailearen arabera, kopuru zuzena 20 da, aurrekontuan eta planoan".

6. Aurrekontuan 7 Acer platanoides, planoan 2.

Bai aurrekontuan, bai planoan, 6 direla esaten da.

7. Aurrekontuan 7 Acer rubrum, planoan 2.

Bai aurrekontuan, bai planoan, 7 direla esaten da.

8. Aurrekontuan 14 Acer campestre, planoan 7.

Bai aurrekontuan, bai planoan, 12 direla esaten da.

9. Aurrekontuan 7 Alnus glutinosa, planoan 15.

Bai aurrekontuan, bai planoan, 18 "Alnus glutinosa Piramidalis" esaten da, "Algus glutinosa"ren ordez.

10. Aurrekontuan 24 Quercus robur "Fastigiata koster", planoan 17.

Alegazioen txostenaren arabera, eta aurrekontuan begiratu eta gero, "Zuzendu da, aurrekontuan gaizki zegoen".

11. Aurrekontuan 7 Quercus humilis, planoan 0.

Espezie horri zegokion aurrekontuko partida ezabatu da.

12. Aurrekontuan 12 Fagus sylvatica "Rohan obelisk", planoan 7.

Alegazioen txostenaren arabera, "planoa zuzendu da eta 4 unitate gaineratu dira."

13. Aurrekontuan 1015 Lavandula latifolia eta planoan 774.

Alegazioen txostenaren arabera, "zuzendu da. Aurrekontua gaizki zegoen. Bide berrietako sarreretako erreserba ezabatu da, eta azkenean 684 unitate dira. Kopurua osatzeko falta direnak juniperus izanen dira". 2023ko uztailaren 27ko aurrekontua aldatu da, eta Lavandula latifoliaren aurrekontuko partidan 684 unitate sartu dira.

–Azkenik, alegazioak aurkeztu dituen udalak iradokitzen dituen aldaketei dagokienez, alegazioen txostenean laburbiltzen dira alegazioak eta haiei egindako erantzunetako azalpenak:

Erripagaña etorbidea 1 eta 2.

Udalak defenditzen du "10 m-ko bide-farolek, kokalekuaren eta besoaren luzeraren arabera, interferentziak sortuko dituztela", eta proposatzen du "espezieak aldatzea estaldura handiagoa lortzeko". Gainera, lurzoruaren zatia ez dela zehazten gaineratu du.

Sustatzaileak erantzun du azalduz "kokaleku hartan gingkoak daudela, eta 5 m-ko faroletan zutabe-eiteko zuhaitzak daudela". Eta zuhaixka-geruzari dagokionez, honako hau dio: "memoriaren arabera, parterre hauetako lurra kalitate onekoa da".

3: Alegatzaileak proposatzen du "espezieak aldatzea. Burlatan daukagun esperientziarengatik, badakigu hautatu den espezieak (Alnus glutinosa) arazoak ematen dizkigula pitzadurak agertzen direlako, eta zoladura gogorrean garbiketa-arazoak, fruituak eta gerba maskulinoak direla-eta. Estaldura berde handiko espezieak bilatu behar dira".

Alegazioen txostenak azaltzen du planoan dagoen oker bat dela, dagoeneko zuzendu dena, Acer rubrum eta Acer platanoides espezieekin jarraituko delako. Orain aurkeztutako planoetan baieztatu da kokaleku horretan ez dagoela Alnus glutinosa espezierik.

4: Alegazioan esaten da ezen "zuhaitz-erreian egiturazko zorua dagoenez, eta espaloiaren zabalera nahikoa denez, proposatzen da halako farol-errei bat egitea (+/- 50 cm) 10 m-ko bide-faroletarako. N FASEA 01.07.18 eta 01.07.19 partiden aurrekontuen arabera, zimenduak 0,8 x 0,8 x 0,8koak izanen dira..." Beraz, zuhaitz-erreirik (1x1) gabe geratuko gara. Zuhaitz-sekuentzia aldatzea."

Erantzun gisa, sustatzaileak azaldu du farolak zuhaitz-erreitik kanpo kokatuko direla, IAL planoan islatzen den bezala.

5 eta 6: Alegazioa aurkeztu duen udalak ohartarazten du mota guztietako farolekin (5 m eta 10 m) interferentziak sor daitezkeela. Eta proposatzen du espezieak aldatzea, Alnus glutinosa espezieak arazoak ematen baititu.

Sustatzaileak azaltzen du "5 m-ko eta 10 m-ko faroletan zutabe-eitea duten zuhaitzak daudela (Fagus sylvatica ‘Rohan Obelisk’)". Espezieei buruz azaltzen du planoan dagoen oker bat dela, dagoeneko zuzendu dena, Acer rubrum eta Acer platanoides espezieekin jarraituko delako. Orain aurkeztutako planoetan baieztatu da kokaleku horretan ez dagoela Alnus glutinosa espezierik.

Kopenhage kalea.

1 eta 2: Udalak dio "komenigarria litzatekeela zuhaitz guztiak zuhaitz-erreietan egotea. Kasu horretan, komenigarria litzateke, halaber, zuhaitz-erreiak handiagoak izatea, eremu honetan zuhaitzak perpendikular daudelako haize nagusiekiko, eta zuhaitzak iraultzeko arriskua dago."

Zuhaitz-erreiko zuhaitz-txorkoak aldatu dira.

Kopenhage kaleko sarbidea.

1. bidea: Udalak ohartarazten du zuhaitzen eta bide-farolen arteko interferentziak egon daitezkeela, eta A.10 planoa (zoladura, eraikuntza-xehetasunak) ez datorrela bat zuhaitzaren azken dimentsioekin.

Sustatzaileak erantzun du bi gauzak aldatu direla.

Sud-ak Algatzaileak esaten du "pasealekuko farolek (5 m) ez dutela baldintzatzen, baldin eta zutabe-eiteko zuhaitzen (Robinia pseudoacacia "Pyramidalis") artean badaude". Esaten du, halaber, "kontsultatu den dokumentazioan ez dela aurkitu Robinia sud-entzako gomendatzen den espezie bat bezala, eta zalantza egiteko modukoa dela hauek istiltzea ongi jasatea".

Sustatzaileak dio "landaketa-markoa aldatu dela interferentziak saihesteko", eta Robinia espezieari dagokionez, esaten du haren ordez Alnus glutinosa ‘Pyramidalis’ jarriko dela.

Eraikinetarako sarbidea.

1: Alegazioen idazkian esaten da "aurrekontuan agertzen dela Quercus robur "Fastigiata koster" A, B, C eta D faseetan, eta espazio horretan ez dela behar zutabe-eitekorik. Landare estaldura behar da. Espezie hostoiraunkorrak sartzen ahalko lirateke".

Sustatzaileak azaldu du aurrekontuan oker bat zegoela, eta Quercus robur kendu dela, haren ordez Quercus ilex jartzeko.

Sarrigurengo errepidea.

Udalak proposatzen du lavandulak kentzea eta haien ordez juniperoak sartzea, eta 2 zuhaitz jartzea PA33 zerbitzu-bidetik AR-2ra dagoen sarbidean.

Sustatzaileak erantzun du "bide horretan dagoen barietatea mantentzen dela eta juniperoekin aldatzen dela". Aurrekontuan 331 junipero sartu da.

Eta bigarren iradokizunari dagokionez, sustatzaileak adierazten du "PA33 errepidearen zerbitzu-bidetik AR-2ra dagoen sarbidean proposatzen direla Liriodendron tulipiefera ‘Fastigiata’ espeziearen 2 ale (dagoeneko badago)".

Proposamena: Alegazioa hein batean baietsi da.

5. Bideetako seinaleak.

Alegazioa: Xehetasuneko plano bat egitea proposatzen da. Dagoen planoan nahitaezko seinaleen zati bat falta da.

–Bandetan 0,10 eta 0,15 pintura akriliko motak sartzea.

–Nahitaezkoa da S-13 bikoteak (oinezkoentzako pasabidea) pasabide guztietan jartzea. Ez dira kontabilizatu aurrekontuan eta asko dira (22 gutxienez).

–Goragunearen seinaleak P15a izan behar du (titi bat), P15 (bi titi) izan beharrean. Goratutako pasabidea baino 20 m lehenago jarri behar dira, irteteko gezia eskuinerantz duen S-860 txartel batekin.

Erantzuna: Proiektua aldatu da alegazioan proposatutako edukiaren arabera, zehazki, A.03 planoa aldatu da eta dagozkion aurrekontu-partidak aurrekontuan sartu dira.

Proposamena: Alegazioa baietsi egin da.

Iragarkiaren kodea: F2311265