166. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

816/2023 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasun Sistema Nazionaleko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzea errazteko laguntzak emateko deialdia, 2022ko urritik 2023ko irailera bitarteko aldirako. DDBN identifikazioa: 702418.

Farmaziako prestazioa Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzu erkideen zorroaren parte da, eta biltzen ditu sendagaiak, osasun-produktuak eta erabiltzaileek beren behar klinikoetarako modu egokian jasotzera bideratutako jarduera-multzoa.

Prestazio hau Medikamentuen eta osasun produktuen bermeei eta haien erabilera arrazionalari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege-dekretuak arautzen du. Arau horren 102.2 artikuluaren arabera, farmaziako prestazio anbulatorioa, errezeta mediko ofizialaren bidez edo emateko aginduaren bidez farmazia-bulegoetan ematen dena, erabiltzailearen ekarpenari lotuta egonen da. Hala, oro har, ekarpen hori erabiltzailearen errenta-mailaren araberako ehunekoa aplikatzearen emaitza izanen da.

Mekanismo hori osasun sistema publikoaren iraunkortasuna bermatzeko sortu da, eta, batzuetan, tratamendu farmakologikoei ez atxikitzea eragin dezake, farmaziako prestazioa eskuratzen dutenen baldintza ekonomiko eta sozialen ondorioz.

Pertsona guztiei agindu zaien tratamendu medikoaren jarraitutasuna errazteko helburuarekin, farmaziako prestazioa eskuratzen dutenen egoera ekonomiko eta sozialek eragin ditzaketen desberdintasunak saihestuta, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoari lotuta dauden tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dira.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuaren 2017ko ekainaren 14ko Erabakiaren bidez baimena eman zen laguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean izapidetzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin bat etorriz.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzaren txostena ikusita, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15. artikuluak emandako eskudantziekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasun Sistema Nazionaleko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzea errazteko laguntzak emateko deialdia, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarteko aldirako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 155.000 euroko gastua baimentzea, deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko. Gastu hori 2023ko gastuen aurrekontuko "Farmaziako prestazioak- koordainketa arautzea" izeneko 540005 52831 4809 313103 partidari egotziko zaio.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzura, Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzara eta Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira; eta Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura.

Iruñean, 2023ko uztailaren 28an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, FINANTZAKETA PUBLIKOARI LOTUTA DAUDEN ETA OSASUN SISTEMA NAZIONALEKO LANGILEEK AGINTZEN DITUZTEN TRATAMENDU MEDIKOEI ATXIKITZEN LAGUNTZEKO, 2022KO URRIAREN 1ETIK 2023KO IRAILAREN 30ERA BITARTE LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIKOAK

1.–Xedea eta helburua.

Oinarri arautzaile hauen xedea da arautzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboek edo Osasun Sistema Nazionaleko edozein osasun-zerbitzutakoek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoari lotuta dauden tratamendu medikoek eragindako gastuak ordaintzeko laguntzak emateko araubidea.

Laguntza hauen helburua da agindutako tratamendu medikoari atxikitzen laguntzea, baldintza ekonomikoengatik edo gizarte-bazterketako egoerengatik arriskua dagoenean agindu medikoak modurik onenean ez betetzeko edo bertan behera uzteko, aintzat hartuta Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira finantzaketa publikoari lotuta dauden tratamendu medikoei atxikitzea errazteko laguntzak, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 163E/2023 Foru Aginduak emandako idazketaren arabera.

2.–Aurrekontu zuzkidura.

155.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.

3.–Gastu diruz lagungarriak egiteko epea.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte egindakoak, bi egunak barne.

4.–Onuradunak.

Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren eta gastu diruz lagungarria oinarri hauetan zehaztutako aldian egin duten pertsonek, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren arabera onuradun izateko debekurik ez badute eta aipatutako ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte. Honakoak, alegia:

a) Gizarte Segurantzako aseguratu aktiboak direnak edo parekatutako egoeran daudenak, eta horien onuradunak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako errenta badute eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

b) Urtean 18.000 eurotik beherako errentak dituzten pertsonak, baldin eta erakunde eskudunak aitortu badie farmaziako prestazioa funts publikoen kargura jasotzeko eskubidea, titular edo titularraren onuradun gisa, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

c) MUFACE, MUGEJU eta ISFASeko mutualisten kolektiboa, titularrak edo titularraren onuradunak diren aldetik, a) letran jasotako errenta-baldintzak betetzen badituzte eta osasun-zerbitzuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bidez jasotzea aukeratu badute.

Kontuan hartuko den urteko errenta izanen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean adierazitakoa, 2021eko ekitaldiari dagokiona, eta Foru Ogasunean dauden datuen arabera (farmaziako prestaziorako ekarpenaren ehunekoa zehazteko, Gizarte Segurantzari informazioa emateko erabilitako irizpide berberekin).

Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Ogasun Publikoari eska diezaion errenta-baldintza betetzen den egiaztatzeko informazioa, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituen egiaztatzekoa ere.

5.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.

5.1. Laguntzen eskaera II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera eginen da. Eredu hori osasun karpeta pertsonalean, Nafarroako osasun etxeetan eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahalko da.

5.2. Honakoek aurkezten ahalko dituzte eskaerak:

Aseguratuek edo farmaziako prestaziorako eskubidearen titularrek, kasuaren arabera, beren izenean edo/eta onuradunen izenean.

Aseguratuen edo farmaziako prestaziorako eskubidearen titularren (kasuaren arabera) eta/edo onuradunen ordezkari direla behar bezala egiaztatzen duten pertsonek.

5.3. Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da, eta 2023ko irailaren 30ean bukatuko.

5.4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, ahal dela, "Osasun Karpeta Pertsonala" baliatuz, eta, halakorik ezean, osasun etxeetan eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan.

Posta bulegoetan posta administratiboaren bidez aurkezten diren eskabideei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adierazteko. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

5.5. Eskabideak ez baditu betetzen adierazitako baldintzak, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio zuzendu dezan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.6. Laguntzetarako eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarriak onartzea eta eskatzaileak baimena ematea prestazioen arloko eskumena duen organoari, horrek dagokion erakundean automatikoki egiazta dezan onuradunaren izaera ematen duten baldintzak betetzen dituen eta farmazia eta osasun-produktuetan zer gastu egin duen.

6.–Prozedura instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak eta ebazpena emateko gehieneko epea.

6.1. Prestazioen arloko eskumena duen organoari dagozkio dirulaguntza hauek emateko prozeduren antolaketa eta instrukzioa.

6.2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez ebatziko dira eskaerak, aurkezpen-dataren hurrenkerari jarraituz, eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

6.3. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta, hala badagokio, laguntzen zenbatekoa adieraziko zaie, gehienez ere 3 hilabeteko epean, izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, jakinarazpenik egin ez bada, eskaerak isilbidez ezetsitzat joko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta foru agindu horren 7.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko betebeharra izatea.

7.–Laguntzen zenbatekoa eta ordainketa.

7.1. Eman beharreko laguntzen zenbatekoa Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoa izanen da.

a) Urtean 6.000 euro edo gutxiagoko errentak dituzten onuradunentzat, farmaziako prestazio gisa hilero benetan ordaindutako zenbatekoari 2,60 euro kentzetik ateratzen dena.

b) Urtean 6.000 eurotik gorako errentak dituzten onuradunentzat, farmaziako prestazio gisa hilero benetan ordaindutako zenbatekoari 8,23 euro kentzetik ateratzen dena.

7.2. Emandako laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera.

Aurrekontu-ekitaldi batean horretako deialdiaren eta aurrekontu-kredituen babesean erabat bete ezin diren eskaerak badaude, hurrengo ekitaldiko deialdiaren eta aurrekontu-kredituen kontura egozten ahalko dira, eskaera berriro aurkeztu beharrik izan gabe, baldin eta eskaera horiek deialdi honetan laguntza eskuratzeko ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

8.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritako betebeharrak, honakoak alegia:

a) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin batera lan egitea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

b) Laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko eskatzen zaien informazio guztia ematea.

c) Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga arloko betebeharrak egunean izatea.

9.–Dirua itzultzea.

Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoa betetzen ez bada, edo emandako datuak faltsuak badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, dirulaguntza itzuli beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, laguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

10.–Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira administrazio honek edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek jarduera bera finantzatzeko emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Beste laguntza batzuk eskuratzen badira, guztien batura ez da izanen adierazi bezala agindu den tratamendu farmakologikoari atxikitzearen ondoriozko kostua baino handiagoa.

Eskuratutako laguntza eta dirulaguntza guztien baturaren zenbateko osoa onuradunak agindu zaion tratamenduari atxikitzeko egiten duen ekarpen ekonomikoa baino handiagoa bada (aipatutako foru aginduaren 3. artikuluan ezarritako mugak errespetatuta), eman beharreko laguntza murriztuko da, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.

11.–Publizitatea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jakinaraziko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. eta 26. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Emandako dirulaguntzen argitalpenak ez du inola ere izanen onuradunen datu pertsonalik.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

II. ERANSKINA.–Finantzatutako tratamendu medikoei atxikitzea errazteko laguntzen eskabidea.

Deskargatu eskabidea (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2311234