166. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CÁRCAR

Telelana arautzeko erregelamendua onestea

Carcarko Udalak, 2023ko uztailaren 17ko osoko bilkuran, Carcarko Udalean telelana arautzeko erregelamendua onetsi zuen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta kontuan harturik, orobat, onetsitako arauaren izaera, alde batera uzten da espedientea jendaurrean jartzeko izapidea, eta arau-testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen da, indarra har dezan.

Carcarren, 2023ko uztailaren 20an.–Alkatea, Teresa Insausti Sola.

TELELANA ARAUTZEKO ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

Informazioaren eta komunikazioaren teknologien bilakaerak aurrerapen asko eta handiak ekarri ditu; besteak beste, lanaren antolaketa beste modu batez gauzatu ahal izatea. Modu berri horren arabera, ez da beharrezkoa langilea lantokian egotea. Antolaketa horren oinarria enplegatzailearen eta bere zerbitzuko langileen arteko konfiantza da.

Enpleguaren egungo kudeaketak eta baliabide teknologikoek aukera ematen dute lana beste modu batean antolatzeko, bai eta lanean benetan ematen den denbora malgutasunez banatu ahal izateko ere; hori guztia, gainera, ematen den zerbitzuaren kalitateari kalte egin gabe. Orobat, laguntzen ahal du familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten, eta eskura ditugun baliabideak modu jasangarriagoan kudeatzen, ingurumena babesteko ere balio du eta.

Lanaren ikusmolde tradizionalaren aurrean, antolaketa-modu horrek eskatzen du lanaren balorazioa ulertzea helburuak lortzean oinarritutako ikuspegi batetik. Beraz, beharrezkoa da konfiantza; hots, telelanari ekiten dion pertsonak egoki kudeatuko duela denbora planifikatutako emaitzak lortzeko. Antolaketa-kultura horrek eskatzen du zehatz daitezela epe laburrerako helburuak eta jarraipen-mekanismoak, eta beharrezko egiten du, orobat, aginteak ezarritako eta dagozkion tresnen bidez adostutako ebaluazio-parametroak zehaztea. Konfiantza eta komunikazioa dira telelana arrakastaz ezartzeko oinarri nagusiak.

Finean, administrazio publikoen eta langileen prozesuak kudeatzearekin loturiko antolaketa- eta kultura-aldaketa horren barruan ulertu behar dugu telelana. Neurri horrek lan-denboraren kudeaketa arrazionalizatzea eta, ondorioz, modernizatzea du xede: aipaturiko informazioaren teknologietan oinarrituta, enplegatu publikoek lanaldiaren zati bat beren bizilekutik gauzatu ahal izatea ahalbidetzen du, betiere eskaintzen duten zerbitzu publikoaren kalitateari kalte egin gabe.

Covid-19ak eragindako osasun krisian, telelana ezarri zen, eta hari esker zerbitzu publikoak behar den eraginkortasunarekin ematen jarraitu zen, salbuespenezko egoera baten erdian.

Esperientzia pilotu hori, beraz, aurrekari bat da, eta aurrekari horretan oinarrituta arautuko da langileek nola emanen duten zerbitzua modu ez-presentzialean Carcarko Udalean.

Azken buruan, telelanaren figura aukera ezin hobea da lana antolatzeko moduetan aldaketak txertatzeko, Covid-19ak eragindako koiuntura- eta antolaketa-behar premiazkotik harago; izan ere, aldaketa horiek hainbat hobekuntza ekarriko dituzte zerbitzu publikoen prestaziora, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen ongizatera, 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuetara, eta administrazio irekiago, partizipatiboago, eraginkorrago eta efizienteago bat lortzeko bidera. Orobat, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea ekarriko du, bai eta administrazio digitalaren garapena ere. Eta horrek izanen du abantailarik, bai langileentzat, bai Administrazioarentzat, bai eta, oro har, gizartearentzat ere. Eta hori guztia Konstituzioan jasotako manua betetzeko; hau da, interes orokorrak objektibotasunez zerbitzatzeko eta eraginkortasun-, hierarkia-, deszentralizazio-, deskontzentrazio- eta koordinazio-printzipioen arabera jarduteko, betiere legeari eta zuzenbideari irmo jarraikiz.

Hori guztia aintzat hartuta, gure inguruko botere publikoek hainbat neurri hartu dituzte telelana bultzatzeko. Horien artean, nabarmentzekoa da Telelanari buruzko Europako Esparru Akordioa, 2002ko uztailaren 16an izenpetu zena. Akordio hori funtsezkoa da presentziala ez den lana bultzatzeko garaian. Bere xedea da Europa osorako esparru orokor bat prestatzea, telelanean ari diren langileen lan-baldintzak ezarriko dituena. Esparru horretan, bat etorraraziko dira malgutasuna eta segurtasuna, beharrezkoak baitira bai enpresarientzat bai eta langileentzat ere. Esparru horretan, telelana hainbat printzipioren arabera arautuko da. Printzipio horietako bi hauek dira: lehena, telelana borondatezkoa eta itzulgarria da; bigarrena, telelanean ari diren langileek gainerako langileek dituzten eskubide berberak dituzte.

Otsailaren 7ko 6/2019 Foru Legeak hogeita bigarren xedapen gehigarria gehitu zion Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari. Xedapen horrek ezartzen du ekintza batzuk finkatu behar direla, Nafarroako administrazio publikoen eremuan, lanaren, bizitza pertsonalaren eta familiakoaren uztartze eta erantzukidetasunaren aldeko neurri batzuk jartzeko behar direnak, hain zuzen, eta, neurri horien artean, telelana dago sektore batzuetarako, zeinetan bateragarria baita zerbitzuak ematea eta lantokietan fisikoki egon gabe lanaldia betetzea.

Xedapen gehigarri horretan bide ematen da beharrezko neurriak har daitezen, Nafarroako administrazio publikoetan telelana ezartzeko xedez.

Erregelamendu honen edukia Carcarko Udaleko langileen ordezkari sindikalekin negoziatu da, hala behar du eta.

Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluak izaera orokorrez ezartzen badu ere herritarrek parte hartzea xedapen orokorrak onartzeko prozesuetan, salbuespen bat jasotzen du 4. apartatuan. Haren arabera, «Artikulu honetan aurreikusitako kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egin gabe utz daitezke Estatuaren Administrazio Orokorraren, administrazio autonomikoaren, toki-administrazioaren edo haien mendeko edo haiei lotutako antolakundeen aurrekontuei edo antolaketari buruzko arauetan edo hala justifikatzen duten interes publikoko arrazoi astunak daudenean». Hori horrela den heinean, ez da beharrezkoa izapide hori, antolaketa izaerako erregelamenduzko arau bat da eta.

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Carcarko Udalaren zerbitzura diharduten langileek telelanaren modalitatean aritzeko baldintzak arautzea.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Erregelamendu hau Carcarko Udalean zerbitzuak ematen dituzten langileei aplikatuko zaie –bai administrazio-araubidean ematen dituztenei, bai lan-araubidean dihardutenei–, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, betiere telelan-modalitatean partzialki behintzat gauzatzeko moduko lanpostuak badituzte.

2. Telelanaren bidez osorik edo partzialki bete daitezkeen lanpostutzat hartuko dira modu autonomoan eta ez-presentzialean bete daitezkeenak, bereziki zuzendaritzako lanpostuak eta izapidetze administratiboarekin eta bulegotika-ekipamenduen erabilerarekin loturikoak.

3. Haien ezaugarriak direla eta, honako lanpostu hauek ez dira telelanerako egokiak:

a) Herritarrei arreta eta informazioa emateko lanpostuak eta erregistro-bulegoetakoak.

b) Dituzten eginkizunak direla eta, nahitaez modu presentzialean aritzea eskatzen duten lanpostuak. Zerbitzu presentzialak dira, zerbitzua benetan egiten dela erabat bermatzeko, langilearen presentzia fisikoa behar-beharrezkoa dutenak.

c) Zerbitzu anitzetako langileek ezin izanen dute telelana egin.

4. Behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik, ez dira sartzen ahalko telelan-modalitatean beste lanpostu edo jarduera batekin bateragarritasuna onartu zaien udal-langileak.

3. artikulua. Telelanaren kontzeptua eta xedea.

1. Telelana urrutiko zerbitzu-ematearen modalitatea da. Haren bidez, Carcarko Udalaren zerbitzuko langileek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak betetzen dituzte Administrazioaren egoitzetatik kanpo, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiliz.

2. Zerbitzuak telelan-modalitatean ematearen helburua da langileek familia-etxebizitzatik edo hark askatasunez aukeratutako lekutik egin ahal izatea lanpostuari lotutako zereginak eta funtzioak; horrek lan-eraginkortasun handiagoa ekarriko du, lan horiek gogobetetze-maila handiagoarekin eginen baitituzte –izan ere, norberaren eta familiaren bizitza lan-bizitzarekin kontziliatzeko aukera ematen die, lana hobeki antolatzeari eta helburuen araberako kudeaketari esker–.

4. artikulua. Zerbitzu-ematearen araubidea telelanaren modalitatean.

1. Zerbitzu-ematearen modalitate hau borondatezkoa izanen da modalitatearen aplikazio-eremuko langileentzat. Laneko arriskuen prebentzioan, pribatutasunean eta datuen babesa eta konfidentzialtasunean exijitzen diren baldintzak bermatuko dira. Telelana itzulgarria da, eta langileak edozein unetan eskatzen ahal du modalitate presentzialera itzultzea.

Telelanak lana hobeki antolatzen lagundu beharko du; ildo horretan, helburuak identifikatuko dira eta aldian-aldian ebaluatuko da ea helburuok betetzen diren.

Udal-zerbitzuak saiatuko dira beharrezko baliabide teknologikoak ematen modalitate horretan lan egiten duten pertsonei, betiere udal-zerbitzuon baliabide tekniko eta aurrekontu-baliabideen barruan.

2. Beren eginkizunak telelanaren modalitatean garatzen dituzten Carcarko Udalaren zerbitzuko langileek, erregelamendu honek ezartzen duen bezala, administrazioaren zerbitzuko gainerako langileek dituzten eskubide eta betebehar berberak edukiko dituzte. Bereziki, lan-karga eta jardueraren emaitza neurtzeko irizpideak kasuan kasuko unitatean era presentzialean lan egiten duten langileen berberak izanen dira.

Hauek dira telelanean ari diren langileek dauzkaten eskubide berariazkoak:

a) Intimitaterako eta gailu digitalak erabiltzeko eskubidea lan eremuan. Horretarako, administrazioak ezarriko ditu gailu digitalak erabiltzeko irizpideak intimitatea babesteko estandarrak zainduz, erabilera sozialarekin eta Konstituzioak zein legeek aitortzen dituzten eskubideekin bat.

b) Deskonexio digitalerako eskubidea, lan eremuan.

c) Intimitaterako eskubidea irudia eta soinua grabatzeko gailuen erabileraren aurrean, lantokian.

d) Intimitaterako eskubidea geolokalizazio-sistemen aurrean lan eremuan.

e) Telelanari buruzko prestakuntza jasotzeko eskubidea.

f) Atsedenerako eta ezarritako lanaldia ez gainditzeko eskubidea.

Era berean, hauek dira telelanean ari diren langileek dauzkaten betebehar berariazkoak:

a) Administrazioak ematen dituen gailuak, halakorik denean, egoki erabiltzea.

b) Proposatutako helburuak betetzea eta ezarritako emaitzak lortzea. Posible ez bada ezartzea helburuen araberako ebaluazio-sistema bat, telelanean ematen den denbora modu presentzialean ematen denaren berdina izan beharko da.

c) Agindutako lana egoki eta arduraz egitea.

d) Lanaldian zehar aurkitzeko moduan egotea, telematikoki edo telefonoaren bidez.

e) Nahitaezkotzat jotzen diren prestakuntza-ikastaroak, presentzialak edo on-line emandakoak, gainditzea.

f) Lan osasuna eta segurtasunaren alorrean indarrean dagoen araudia betetzea, eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak gomendatzen dituen prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak hartzea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia eta datu horien konfidentzialtasuna betetzea.

3. Zerbitzua telelanaren modalitatean ematen duten langileek ez dute aldaketarik izanen beren ordainsarietan, eta ez dituzte ukiturik ikusiko beren promozio profesionalerako edo prestakuntzarako aukerak, ez eta gainerako langileek aitortuta daukaten beste edozein eskubide ere.

4. Telelangilearen izaerak irauten du zerbitzu-ematea telelanaren modalitatean egiteko eman den aldi osoan, eta langileak bere lanpostua modalitate horretan betetzen duen bitartean.

5. artikulua. Eskatzeko baldintzak.

1. Oro har, zerbitzua urrutitik eta telelanaren modalitatean ematen ahalko dute Carcarko Udalaren zerbitzuko langileek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Zerbitzuak benetan eta etengabe ematearen administrazio edo lan egoeran egotea.

b) Dagokion unitateko lanpostuaren edukia eta funtzionamendua ezagutzea. Horretarako, exijitzen ahalko da lanpostuaren funtzioak benetan egin izana denen artean gutxienez hamabi hilabeterainoko iraupena izan duten aldietan, eta hori azken bost urteen barruan.

c) Telelanaren bidez betetzen ahal den lanpostu batean aritzea edo lanpostu horren titularra izatea. Ondorio horietarako, oro har, modalitate horretan betetzen ahal diren lanpostuak ondoren aipatzen diren funtzioak dituztenak izanen dira:

1.–Txostengintza eta aholkularitza teknikoa edo juridikoa.

2.–Bitarteko informatikoen bidezko kudeaketa administratiboa.

3.–Dokumentuen idazketa, zuzenketa edo tratamendua.

4.–Memoriak, txostenak, azterlanak, planak edo proiektuak idaztea edo prestatzea, baita horiek berrikustea, berraztertzea eta analizatzea ere.

5.–Arauzko xedapenen edo administrazio-egintza orokorren proiektuen zirriborroak prestatzea.

6.–Erregistro informatizatuak gaurkotzea.

7.–Informazio eta komunikazio sistemak analizatzea, diseinatzea, programatzea edo kudeatzea.

8.–Datuen tratamendu informatikoa.

9.–Era autonomoan eta ez-presentzialean betetzen ahal den edo administrazio izaerako lan arrunta den beste edozein funtzio.

Ezaugarria hauek dituzten lanpostuak betetzen dituzten langileen eskaerak ez dira baimenduko:

1.–Jendaurreko zuzeneko arreta presentzialaren funtzioa esleituta duten lanpostuak, zerbitzuak ematen dituzten ordutegian.

2.–Beren funtzioak betetzeko tresna informatikorik behar ez duten lanpostuak.

3.–Oro har, funtzioak emateko langilearen presentzia fisikoa lantokian beharrezkoa duten lanpostuak.

d) Dagokion lanpostuaren funtzioak telelanaren modalitatean garatzeko beharrezkoak diren ezagutza informatiko eta telematikoak edukitzea.

e) Eskura izatea sistema informatiko egokiak, definitzen diren ezaugarriekin, zerbitzu-ematea modalitate horretan hasten den egunean.

Ildo horretan, Udala, bere baliabide teknikoen eta aurrekontu-baliabideen barnean, saiatuko da honako bitarteko hauek ematen telelanean ari diren langileei:

–Ordenagailu pertsonal eramangarria bat.

–Telelanaren modalitatean lanpostuaren funtzioak betetzeko beharrezkoak diren tresna ofimatikoak eta zibersegurtasunekoak.

–Sarbidea Carcarko Udalean erabiltzen diren aplikazioetara.

Bitarteko horiek ezin izanen dira erabili zerbitzu-ematetik eratorritakoak ez diren helburuetarako.

Edonola ere, telelanean ari den pertsonak bere borondatez erabiltzen ahalko du ekipamendu informatiko pertsonala, eta uko egiten ahalko dio Udalak eskain diezaiokeenari, informatika arloak ekipamenduaren egokitasunari eta segurtasun-baldintzen betetzeari buruzko aldeko txostena eman ondoren. Kasu horretan, telelanean ari den pertsonak ordaindu beharko ditu ekipo hori erabiltzeak, mantentzeak, konpontzeak eta ordezteak eragindako gastu guztiak.

f) Interneterako sarbide egonkorra edukitzea, Udalaren sistema informatikora urrunetik sartzeko.

g) Telelana eginen den tokian laneko segurtasunari eta osasunari buruz indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoa hartzea.

h) Zerbitzua behar bezala emanen dela bermatzea.

6. artikulua. Baimentzeko prozedura.

1. Telelanean aritzeko baimena eskuratzeko eskaera Alkatetzari igorri beharko zaio, horretarako erabilita eskabide-eredu normalizatua.

2. Eskaera jaso eta gero, egiaztatuko da ea eskatzaileak betetzen dituen erregelamendu honetan eskatzen diren baldintza guztiak, eta txosten bat eginen da 20 egun balioduneko epean. Txostenean aintzat hartuko dira zerbitzuaren beharrak betetzea, errendimendua neurtzeko erabiliko diren irizpideak, eskatzailearen lanpostuan erabiltzen diren tresna informatikoak, eta lanak telelanaren modalitatean betetzeak daukan zailtasuna; halaber, baieztatuko da telefonoaren bidezko arreta eta, beharrezkoa bada, arreta presentziala ere behar bezala bermaturik gelditzen direla. Parametro horiek zehazteko, lanpostuak modalitate presentzialean dituen funtzioak hartuko dira aintzat, eta eskatzaileak egiten duen lanaldi-mota.

3. Baldin eta dagokion unitateko pertsona batzuek betetzen badituzte beren funtzioak telelanaren modalitatearen bidez, edo hala egitea eskatzen badute, zehaztuko da lanaldi presentzialaren eta telelanari dagokion lanaldiaren banaketa, eta beharrezko jotzen diren txandakatzeak egiten ahalko dira, zerbitzu publikoa modu eraginkorrean emanen dela bermatzeko.

4. Horiek guztiak kontuan hartuta, alkateak dagokion ebazpena emanen du, aurkeztutako eskaera baietsi edo ezeztatzeko, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio.

5. Baimena emateko ebazpenean honako alderdi hauek jasoko dira: telelanen hasteko eguna eta telelanak zenbat iraunen duen; asteko zer egunetan arituko den telelanean; erabili beharreko metodologia edo bete nahi diren helburuak eta kasu zehatz bakoitzerako ezinbestekotzat jotzen diren telelanaren erregimenaren inguruko beste alderdi guztiak.

6. Baimena ukatzen duen ebazpenak behar bezala arrazoitua egon beharko du, eta erregelamendu honen 8. artikuluan biltzen diren ukatzeko arrazoietako bat aipatu beharko du.

7. Aurreko apartatuetan aipatzen den ebazpena egintza araututzat hartuko da, eta, beraz, ez da ukatzen ahalko modu diskrezionalean, baldin eta enplegatuak objektiboki betetzen baditu lan-modalitate horretan aritzeko eska daitezkeen baldintza funtzional, juridiko eta tekniko guztiak.

8. Eskatzaileak lehen ere zerbitzuak eman baditu telelanaren modalitatean, eskaerarekin batera eransten diren txostenek lehen aipatutako prozeduran eman direnak berretsiko dituzte, ez bada aldaketak gertatu direla zerbitzuaren beharrak estaltzeari edo baliabide telematikoei dagokienez.

7. artikulua. Baimena emateko irizpideak.

Lan unitate bereko langile batzuek batera eskatzen badute zerbitzua ematea telelanaren modalitatearen bidez, eta administrazioaren antolaketarengatik ezinezkoa bada guztiei ematea eskatzen dituzten lan ez-presentzialeko egunak, txandak egiteko aukerak eta ukitutako langileen eta administrazioaren artean adostasunera iristeko aukerak agortu badira, zozketa-sistema bat ezarriko da, urtero errepikatu beharko dena, adostasunik ez dagoen artean.

8. artikulua. Ukatzeko arrazoiak.

1. Zerbitzua telelanaren modalitatearen bidez emateko baimen-eskaerak ukatzeko, ondoan aipatzen diren arrazoietakoren batek gertatu behar du:

a) Erregelamendu honen 5. artikuluan biltzen diren baldintzak ez betetzea.

b) Eskatzaileak ez aurkeztea erregelamendu honen 6. artikuluan ezartzen den dokumentazioa.

c) Zerbitzuaren beharrak behar bezala beteta ez gelditzea, baldin eta espedientean hori arrazoitzen bada.

d) Behar diren azpiegitura teknologikoaren mugak edo euren falta, edo telelana eginen den tokian konexioa ezin bermatzea.

e) Lanpostuaz edo atxikipen-unitateaz aldatzea telelana eskatu eta gero eta baimena jaso baino arinago.

f) Langileak bete ez izana telelanaren aurreko aldian ezarri ziren helburuak, zeinek lotuta egon beharko baitute erregelamendu honen 6.2 artikuluan ezartzen diren errendimendua neurtzeko irizpideekin, betiere espedientean ongi arrazoituta geldituz gero.

g) Enplegatu publikoak ez hartzea Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak gomendatzen dituen prebentzio neurriak.

h) Zerbitzua telelanaren modalitatean emateko baimena atzera bota izana telelanaren modalitatean zerbitzua emateko beste aldi bat eskatzen den urtea baino lehenagokoan, erregelamendu honen 10. artikuluaren d), e), g) eta h) letretan ezartzen diren arrazoietakoren bat gertatzen delako.

i) Behar den bezala justifikatzen den beste edozein arrazoirengatik.

2. c), f) eta i) letretan aipatzen diren baimena ukatzeko arrazoiak behar bezala egiaztatuko dira eskatzailea atxikia dagoen organoaren txostenaren bidez, eta d) eta g) letretan aipatutakoak zerbitzu informatikoen txostenaren eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren txostenaren bidez, hurrenez hurren.

3. 1. apartatuan aipatzen den arrazoietakoren bat gertatzen dela baieztatuz gero, alkateak, erregelamendu honen 6.6 artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, telelana egiteko baimena ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen du, bi hilabeteko epean.

9. artikulua. Telelanaren baldintzak.

1. Telelanean era jarraituan urtebetez egoten ahal da, baimena ematen duen ebazpenean agertzen den egunetik kontatua. Epealdi hori automatikoki luzagarria izanen da, beste urtebeteko epealdirako. Epealdia ez da luzatuko baldin eta telelanean aritzea eskatu duten unitateko langile guztiei ezin izan bazaie baimena eman. Hori gertatzen bada, adostasun faltak jarraitzen badu, beste zozketa bat eginen da, urtea amaitzean telelanean aritzeko baimena ematen duten ebazpen berriak onetsi ahal izateko, hurrengo urtean izanen diren baldintzetan. Baimena ematen bada txanda egiteko akordio bat egon delako, txandak akordioan ezarri den moduan aplikatuko dira, baimen-akordioaren baldintzak eta ukitutako pertsonak mantentzen badira.

2. Telelanean hasteko eta amaitzeko egunak eta zerbitzua telelanaren modalitatean emanen diren egunak zehaztuko dira zerbitzua modalitate horretan emateko baimena ematen duen ebazpenean, telelanean ariko den langilearen eskaera kontuan hartuta. Hala ere, baldintzak aldatzen ahalko dira, telelanean ari den langilea atxikia dagoen unitateko gainerako langileen bertaratzeak, ez-bertaratzeak edo oporrak kontuan hartuta, bai eta sor litezkeen beste arrazoi batzuengatik ere, behar bezala justifikatu behar direnak.

3. Oro har, asteko lanaldia honela banatuko da: astean hiru egun, gehienez ere, telelanaren modalitatean emanen dira, eta beste bi egun lan presentzialean. Eguneko lanaldia ezin izanen da zatitu bi modalitateetan egiteko.

4. Bat etorriz 4.2 artikuluan xedatutakoarekin, telelanean aritzeko bi modu ezarri dira:

–Helburuen araberako ebaluazioan eta emaitzen lorpenean oinarritutako sistema bat ezartzen bada, malgutasun handiagoa izanen da lanaldian. Hala, langileak bere interes pertsonaletara hobekien egokitzen den ordutegian jarduten ahalko du. Izan ere, nahitaezko lanaldia osatzeko, asteko edozein egunetan egiten ahalko du telelana. Hala ere, lau orduz interkonektatua egon beharko du nahitaez, 10:00etatik 14:00etara, komunikazioa ahalbidetzeko gainerako udal langileekin eta gobernu taldearekin.

Langileak egunero jasoko du egindako lanaren berri, eta lortutako helburuak eta emaitzak hilero ebaluatuko dira.

Nahitaez erabili beharko da Carcarreko Udalean ezarritako sistema ordutegia kontrolatzeko.

Modalitate hau, ahal dela, erabiliko da dedikazio berezia eskatzen duten lanpostuetarako (urteko edozein unetan edo alditan Udalera modu telematikoan sartzea eskatzen duten horietan, hain zuzen); ulertuta horietan errazagoa dela arloak edo ukitutako langileek berek antolatzea beren lana.

–Ez bada ezartzen helburuen araberako ebaluazioan eta emaitzen lorpenean oinarritutako sistemarik, telelaneko lanaldiak eta lanaldi presentzialak iraupen bera izanen dute. Dena den, gerta liteke beste lanaldi bat baimentzea, norberaren bizitza eta familiaren zaintza kontziliatzeari lotutako arrazoiak direla medio. Hala ere, lau orduz interkonektatua egon beharko du nahitaez, 10:00etatik 14:00etara, komunikazioa ahalbidetzeko gainerako udal langileekin eta gobernu taldearekin.

Langileak egunero jasoko du egindako lanaren berri.

Nahitaez erabili beharko da Carcarreko Udalean ezarritako sistema ordutegia kontrolatzeko.

5. Behar bezala justifikatutako zerbitzuaren beharrak direla medio, eskatzen ahal zaio telelanean ari den langileari lantokira joateko bere zerbitzuak modalitate presentzialean ematen dituen egunetatik kanpo, 24 orduko aurrerapenarekin, gutxienez.

6. Telelanean ari den langileak eskubidea edukiko du aplikatzekoa den araudiko baimenak izateko, modalitate presentzialean ari diren langileen modu eta baldintza berberetan.

10. artikulua. Baliogabetzea.

1. Zerbitzua telelanaren modalitatean emateko baimena baliorik gabe gelditzen ahal da ondoren aipatzen diren arrazoiengatik:

a) Langileari eragiten dioten eta gerora sortu diren zirkunstantziengatik.

b) Gerora sortutako arrazoiengatik, baimenaren ebazpena arrazoitu zuten baldintzak eta betebeharrak aldatzen badituzte.

c) Lan zehatzak edo ezarritako helburuak ez betetzeagatik.

d) Telelanean ari den langileak ez hartzeagatik Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak gomendatzen dituen prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak.

e) Behar bezala justifikatutako zerbitzuaren beharrengatik.

f) Langileak eman zaion ekipo informatikoa aldatu duelako, dela konfigurazioa aldatuz, dela aplikazioak instalatuz edo elementu periferikoak aldatuz administrazioaren baimenik gabe; edo ekipo informatikoa erabiltzeagatik lanekoak ez diren zereginetan, baita segurtasun informatikoaren eta datu pertsonalen babesaren arloko arauak eta gomendioak ez betetzeagatik ere.

g) Lanaldia ez betetzeagatik.

11. artikulua. Telelana amaitzea eta modalitate presentzialean berriz sartzea.

1. Telelana ondoren aipatzen den gorabeheretakoren bat gertatzen denean amaituko da:

a) Baimena ematen duen ebazpenean jartzen den epea amaitu delako, luzapena egin ez bada.

b) Telelanean ari den langileak lanpostua uzten duelako edo lanpostua aldatzen delako.

c) Zerbitzuak benetan eta etengabe emateko administrazio edo lan egoeran egoteari uzteagatik.

d) Bi alderdiak ados jarrita.

e) Telelanean ari den langileak uko egiten diolako, 7 lanegun lehenago jakinarazi eta gero, gutxienez.

f) Telelanean aritzeko baimena errebokatzeagatik, erregelamendu honen 10. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

2. Zerbitzua telelanaren modalitatean emateko epea amaitu eta gero, telelanean aritu den langilea modalitate presentzialera pasatuko da, inolako etenik gabe.

12. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Telelanean ari den langileak datu pertsonalak babesteari buruzko araudia bete behar du, eta behar den zuhurtzia edukiko du ezagutzen dituen auziei buruz, modalitate presentzialean bere eginkizunak betetzean egiten duen bezala.

13. artikulua. Laneko arriskuen prebentzioa.

1. Telelanean ari denak une oro eta bere erantzukizunpean aplikatu beharko ditu telelanaren arriskuen ebaluazioan identifikatutako prebentzio-neurriak.

2. Horretarako, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak telelanaren arriskuen ebaluazioa emanen dio telelanean ari den langileari, baita segurtasunari eta lan-osasunari buruzko informazioa eta prestakuntza beharrezkoa ere, laneko arriskuak saihesteko eta minimizatzeko. Halaber, dagokion prebentzio zerbitzuak laguntza eta aholkularitza emanen du, langileak eskatzen duenean.

3. Laneko gertakariei dagokienez, laneko istripuen eta gaixotasunen arloan indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Salbuespenezko nahitaezkotasuna.

Zerbitzua telelanaren bidez ematea borondatezkoa dela alde batera utzi gabe, erregelamendu honen 4.1 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, larrialdi-egoeretan edo salbuespenezko egoeretan, aldi jakin batean etxebizitzan egon beharra ezartzen bada, aldi horretan nahitaez telelanean aritu beharra ezartzen ahalko da, zehazten diren baldintzetan.

Azken xedapenetan lehena.–Indarra hartzea.

1. Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2310923