166. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, Nurembergeko Biofach 2024 azokan parte hartzeko, otsailaren 13tik 16ra, Nafarroa Bio-ren erakustokiaren barruan.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez, lan egiten du Nafarroako Komunitateko eta haren enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko. Plan horren arabera, Alemania lehentasunezko herrialdeetako bat da nekazaritzako elikagaien sektorea nazioartekotzeko ekintzak egiteko, arreta berezia jarriz ekoizpen ekologikoan. Arlo hori hazkunde esponentziala izaten ari da Alemaniako merkatuan, eta, hala, gaur egun Alemania da Europa osoko lehen bio-kontsumitzailea.

Testuinguru horretan, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak 2024ra begira dituen ekintzen artean sartu du Nafarroako Gobernuak eta ekoizpen ekologikoaren arloko Nafarroako enpresa eta entitateek parte hartzea Biofach 2024 nazioarteko azokan. Azoka hori Nurembergen eginen da, otsailaren 13tik 16ra bitarte.

Biofach azoka munduan elikagai organikoen eta nekazaritzaren merkataritza-azokarik handiena da. Urtero egiten da otsailean, Nurembergen, Alemanian. 2023ko otsaileko edizioak 135 herrialde inguruko 2765 erakusketari eta gutxi gorabehera 3.600 bisitari profesional bildu zituen. Azoka hori puntu estrategiko bat da Nafarroako enpresak Alemaniako merkatura zein Europako beste merkatu batzuetara iritsi ahal izateko.

Ekintzaren helburuak:

• Bio elikaduraren esparruan "Nafarroa" marka Alemanian ezagutaraztea, eta kalitatezko produktuekin lotzea.

• Nafarroako enpresek Alemaniako merkatuan bezero potentzialekin harremanak izan ditzaten erraztea, Nafarroa Bio erakustokia eskura jarriz.

• Parte hartzen duten Nafarroako enpresei Alemaniako bio merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea.

Sektorea/segmentua:

• Elikadura ekologikoa.

• Kosmetika ekologikoa

Ekintzaren edukia:

1. "Nafarroa Bio" erakustokia Nafarroako enpresen eskura jartzea, Elikagaien eta Edarien Industrien Espainiako Federazioaren eremuaren barruan.

Hauxe eskaintzen da:

–Enpresa bakoitzeko: modulu 1.

–3 enpresa arteko enpresa-taldeak: modulu 1.

–4-6 enpresa biltzen dituzten enpresa-taldeak: 2 modulu.

–7 enpresa edo gehiago biltzen dituzten enpresa-taldeak: 3 modulu.

2. Azoka izan aurretik, esportatu litekeenaren diagnostiko bat egitea, helburu duena parte hartzen duen enpresa bakoitzak Alemaniako bio merkatuan sartzeko duen prestaketa baloratzea.

3. B2B bilerak antolatzea Nafarroako enpresak sektoreko enpresaburuen elkarteekin eta enpresekin bildu daitezen.

4. Nafarroako entitateen sustapen katalogo bat prestatuko da, azokan banatzeko.

5. Parte hartzen duten erakundeen sustapena eta zabalkundea, "Nafarroa Bio" erakustokiaren barruan.

6. Azokan sartzeko baimenak ematea (1. puntuan ezarritako irizpideen arabera).

Bidaia, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

Parte hartzeko baldintzak:

1. Elikadura edo kosmetika ekologikoaren sektoreko enpresa, enpresa-elkarte edo enpresa-talde bat izatea. Horren ondorioetarako, enpresa-elkartetzat edo enpresa-taldetzat hartuko dira haien artean elkartzeko akordio baten bidez lotuta daudenak.

2. Egoitza, egoitza soziala edo ekoizpen-zentroa Nafarroan izatea.

3. Ekoizpen ekologikoaren zigilua izatea.

4. Web-orria ingelesez izatea.

5. Kontakturako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, Biofach azokaren aurretik, azoka bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

6. Erakusgai jarriko diren produktu guztien indarreko ziurtagiri ekologikoa eta inskripzioa bidaltzea.

Azoka honetan elkarte edo talde baten bitartez parte hartu behar duten enpresek 2.etik 6.era bitarteko baldintzak bete behar dituzte, eta ezin izanen dute aldi berean eskaera indibidualik aurkeztu. Eskaera bakarra aurkeztuko dute, ekintza komertzial honetan parte hartzen duten enpresa guztien datuekin.

Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2023ko irailaren 22ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/convocatoria-para-participar-en-la-feria-biofach-2024-en-nurenberg-alemania.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Informazio interesgarria:

BIOFACH azokako ekintza honetan 10 modulu daude eskuragarri. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, erakunde parte-hartzailea behartua egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, ez parte hartzea erabakiz gero, azoka hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez aurkeztu beharko da uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko da.

Enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

–Ekintzan parte hartzeko eskabidean agertzen diren datuak ematea.

–Azokako egun guztietan artatzea erakustokia.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 1ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2311318