166. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

177/2023 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Santakarako udal mugartean (Nafarroa) dagoen Santakarako gurutzea izeneko monumentuaren babes-eremua behin-behinekoz mugatu, eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

"Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak planteatu du Santakarako gurutzea izeneko monumentuaren babes-eremua mugatzea; Santakara herrian dagoen monumentu hori martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago (martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

Santakarako gurutzeak herri-artearen eitekoa da eta garai ezezagunekoa. Hirigunean dago, herriko irteeran, Pitillasera doan errepidearen ondoko parterre batean. Hauek dira UTM koordenatuak: x: 619.196, y: 4.692.815.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatzea eta zehatz-mehatz mugatzea.

Honako hau da Santakarako gurutzearen babes-eremuaren mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena:

–Santakarako gurutzearen babes-eremua kokatuta dagoen Las Balsas kaleko parterre triangeluarraren eremuak eta bi bide perimetraletako espaloien zerrendek definitzen dute, horiek guztiak Santakarako udalerrikoak. Erantsitako planoan jasotzen da ingurunearen mugaketa grafikoa.

Hau da ukituen zerrenda:

–Santakarako Udala.

Eremua mugatu da, batetik, monumentua zaintzeko, eta bestetik, bere kokalekuko lurralde eremuaren ezaugarriak eta baldintzak gordetzeko eta ikusten den panoramika babesteko.

Eremu horretarako honako babes neurriak proposatzen dira:

1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da babes eremuan ez dela eraikin berririk jarriko.

Beraz, proposatzen da Santakarako gurutzearen babes eremua behin-behinekoz mugatzea eta haren tramitazioa hastea".

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Santakarako udal mugartean (Nafarroa) dagoen Santakarako gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatzea, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen zatiko hitzez hitzeko deskripzioarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.

2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.

3. Ebazpen hau Santakarako Udalari jakinaraztea. Eta aditzera ematen da bertan behera utzi behar direla ukituriko eremuetarako udal partzelazio-lizentziak eta bertan eraiki edo eraistekoak, bai eta jadanik emanak daudenen ondorioak ere, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedatutakoarekin bat. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko uztailaren 31n.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Santakarako gurutzearen eremua jasotzen duen planoa jaitsi (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2311278