Iragarkia
166. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
740E/2023 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena Ameskoabarrena hornitzeko hodi nagusiaren lur gaineko lurperatzeko proiektuari buruz, eta proiektua gauzatzeko baimena ematen duena, Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legea aplikatuz. Proiektuaren sustatzailea Ameskoabarrengo Udala da.
2023ko martxoaren 13an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Azaldutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan jasotako egoeraren barruan dago, Natura 2000 Sareko naturagune babestu bati nabarmen eragin diezaiokeelako, eta, zehazki, "Ega eta Urederra ibaiak" ES2200024 KBEari. Beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, hartan ezarritako baldintzen arabera.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, 11 kontsulta egin dira, administrazio publikoak eta pertsona interesdunak kontatuta. Lau erantzun jaso dira: Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalarena, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalarena, Oihan Plangintzarako eta Laguntzen Atalarena eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena. Espedienteak Estellerriko eta Ameskoabarrengo Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoaren (EEBB) eta Ameskoabarrengo Udalaren aldeko txostenak ditu, jarduketaren hirigintza-bateragarritasunari dagokionez.
Tramite horren emaitzaren laburpena ingurumen txosten honen I. eranskinean jaso da.
Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuaren helburua da deskribatzea eta justifikatzea Ameskoabarrengo hornidura-hodi nagusiaren lur gaineko tartea (90 metro luze) berritzeko eta babesteko obrak, Urederra ibaiaren iturburuan dagoen hargunetik abiatuta eginen direnak.
Ingurumen inpaktuaren txosten honen II. eranskinean proiektuaren laburpena jaso da.
Proiektuari ingurumen agiri bat erantsi zaio, 3. eranskin gisa atxiki dena. Agiri horren edukia nahikotzat jotzen da, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoa betetzen du.
Proiektuak hiru alternatiba planteatzen ditu, batere jarduketarik ez egitea proposatzen duen 0 alternatiba barne. Beste bi alternatiben arteko desberdintasuna materialak hornitzeko moduan datza: helikopteroaren bidez (1. aukera) edo pista berri bat irekiaz (2. aukera). 1. alternatibak inpaktu txikiagoa eraginen du 2. alternatibak baino, eta, beraz, horixe hautatu da.
Zudairitik abiatzen den pista baten bukaeratik sartuko da lan eremura. Bertakoek "El Reventao" izenez ezagutzen dute alde hori, eta garai batean agregakina ateratzeko erabiltzen zen, baina gaur egun belarki erruderalez eta makal kimuez naturalizatuta dago.
Ura hartzeko instalazioetaraino doan bidea (1,3 km luze) zentral elektriko baten hodiarekiko paralelo doan bidezidor bat da, 0,2 eta 3 m arteko zabalera duena, eta bere trazadurak Epipactido helleborines-Fagetum sylvaticae serieko pagadi xerofilo eta basofiloz eta Roso arvensis-Quercetum humilis espezieko ametz ilaunduneko ameztiz osatutako baso misto bat zeharkatzen du. Pagadi hori Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren Europar Batasunaren intereseko habitat honekin bat dator: pagadi basofilo eta xerofilo kantauriarrak (Epipactido helleborines-Fagetum sylvaticae), 9150 kodea duena. Oraingo hodia aldatzeko lanak harkaizti batean eginen dira, non zenbait pago eta haritz hazten diren sakabanaturik. Hala ere, eremu horretan, komunitate nagusia Saxifraga trifurcata serieari dagokiona da (Drabo dededeanae-Saxifragetum trifurcatae), 8210 kodea, landaredi kasmofitikoa duten malda harritsuak, bai eta Adiantum capillus-veneris komunitatea ere, Eucladio verticillati-Adiantetum capilli-veneris 7220* lehentasunezko habitatari dagokiona. Harkaiztiaren oinean hainbat harkaitz daude, gainean dauden azaleratzeetatik eta amilburuetatik askatu direnak. Zaharrenak goroldioz estalita daude.
Iturburutik ateratzen den ur guztia zentralaren kanalak eta egungo horniduraren hoditeriak biltzen du, euri-jasa handiko aldietan izan ezik, non soberakina ibilgutik joaten baita; beraz, ibilgua, normalean, erabat lehor egoten da.
Ingurumen agiriaren arabera, hoditeriaren obrek 450 m²-ko eremu bati eraginen diote, eta, materialak biltzeko, 400 m² okupatuko dira, kareharrizko amilburuaren oinean.
Inguru horretan, katalogatutako fauna dago; izan ere, Urederraren iturburuko hormak leku garrantzitsuak dira hegazti harkaiztarrek habiak egiteko. Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean sartutakoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: sai arrea (Gyps fulvus), sai zuria (Neophron percnopterus), belatz handia (Falco peregrinus) eta belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax). Horma horiek, gainera, ugatza (Gypaetus barbatus) Nafarroan bizi den lurraldeetatik mendebalekoenean kokatuak daude (Urbasa eta Andia). Horregatik, beharrezkoa da horma horien gaineko ukipenak minimizatzeko prebentzio neurriak hartzea, bereziki espezie horientzako aldi kritikoetan asaldura murriztera zuzendutakoak.
Inguru hori, Lurralde Antolamendurako 4. Planaren arabera, bat dator bere paisaia-balioagatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezin batekin, proiektuaren jarduketa-eremuan sartutako zirkua menderatzen duen kareharrizko haitzaren buru aldean, gutxienez. Hala ere, ez da espero paisaiaren gaineko inpakturik, salbu eta helikopteroak 5 egunetan eginen dituen noizbehinkako hegaldiengatik. Lanak eskuz eginen direnez, zuhaitzen adaburuen azpian, eta lan eremurik ireki beharrik ez dagoenez –horrek deforestazioa eraginen luke–, obra erabat ezkutatua geldituko da bere esparru eszenikoaren barruan.
Ingurumen agiriak behar bezala baloratzen ditu proiektuak Natura 2000 Sareko espazioetan dituen ondorioak, eta ondorioztatzen du ezen, KBEaren kudeaketa-planaren berrikuspena ikusita, "Ega eta Urederra ibaiak" KBEko gako-elementuen gaineko inpakturik handiena "Urederraren iturburua" natura-erreserbako habitaten gainean gertatuko dela: pagadi xerofiloak eta harkaitzak, horietako hegazti-fauna barne. Inpaktu hori oso lokalizatua dago, eta txiki-ertaintzat eta ez-esanguratsutzat jotzen da, baldin eta aplikatzen badira ingurumen agirian ezartzen diren prebentzio eta zuzenketa neurriak, bai eta ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotakoak ere.
Egindako kontsulten emaitza ikusita eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso diren determinazioak. Gainera, zehazten du proiektuak ez duela sumatzeko moduko ondoriorik izanen Natura 2000 Sareko "Ega eta Urederra ibaiak" ES2200024 KBEaren gainean.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ameskoabarrena hornitzeko hodi nagusiaren lur gaineko tartea lurperatzeko proiektuak, zeina Ameskoabarrengo Udalak sustatu baitu, ez du ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarri bezala, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean aurreikusten dena.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek betetzea:
–Inguru horretan dauden espezie harkaiztarrak ugaltzeko eta hazteko aldi kritikoa saihestearren, lanak, materialak helikoptero bidez garraiatzea barne, irailaren 1etik azaroaren 15era bitarte egin beharko dira.
–Aldatu beharreko hoditeriaren lan eremuaren zuinketa lanak egiten direnean eta lan eremua irekitzen denean behinik behin, ingurumen arloko teknikari batek egon beharko du obra-lekuan bertan, lan horiek kontrolatzeko. Teknikariak ingurumen ukipenen prebentziorako hartu behar diren neurriei buruz behar diren jarraibideak emanen dizkie hala obra zuzendaritzari nola langileei beraiei, baldintza sorta honen bukaeran aipatzen den Ingurumena Zaintzeko Planaren kapituluan eskatzen diren txostenak erredaktatuko ditu, gertatzen diren gorabehera guztien berri emanen du gertatu bezain pronto eta hondakinak egoki kudeatzen direla kontrolatuko du.
–Obren ingurumen jarraipenaren arduradunak, obrei ekin aurretik, aldatu beharreko hodiaren trazadura gainbegiratuko du, katalogatutako flora espezieen presentzia baztertzeko, otsailaren 15eko 10/2023 Foru Dekretuari jarraikiz, horren bidez Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrenda sortu baitzen, eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoa ezarri.
–Hodiaren trazaduraren diseinuari gehiegi eragin gabe, obraren zuinketa-lanetan zuhaitzak moztea saihestuko da, eta, hori helburu, han bertan trazaduraren aldaketa txikiak eginen dira ale baliotsuenak salbatzeko.
–Proiektuan jasotakoaren arabera, ez da sarbide berririk irekiko. "El Reventao" aurkintzatik ur-harguneraino dagoen bidezidorra erabiliko da. Ingurumen agirian adierazten den bezala, material-pilaketek ez dute kalterik eraginen landaredi naturalean eta, bereziki, goroldioa duten gainazaletan.
–Materialak pilatzeko aukeratzen den kokalekuak, landaredi natural baliotsuari kalterik ez eragiteaz gain, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren (CHE) 2023ko ekainaren 7ko txostenean jasotako mugak bete beharko ditu, abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuaren 9 bis artikuluan araututako lehentasunezko fluxu-eremuko lurzoruaren erabilerei dagokienez.
–Era berean, eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua eta hurrengoak betez, jabari publiko hidraulikoa kutsa edo degrada dezaketen jarduera guztiek, eta, bereziki, ura kutsa dezaketen uren edo hondakinen isurketek, arroko erakundearen (CHE) berariazko baimena izan beharko dute.
–Ez da harririk isuriko mendi-hegaletan behera. Puskatu edo txikitu beharrik ez duten harriak lan eremuaren alde batean utziko dira, eta ahaleginak eginen dira daukaten landare-estalkiari (goroldioari) kalterik ez eragiteko. Harri horiek, ondoren, hormigoizko garlanda estaltzeko erabiliko dira.
–Ez da beharrezkotzat jotzen goroldioa zotaletan kentzea (ingurumen agirian proposatutako neurria), landare-komunitate hori tamaina txikiko harrien gainean dagoelako eta, horrenbestez, ez delako egokia geruza maneiagarri eta berrerabilgarrietan kentzeko. Ez eta fauna-espezieek erabiltzeko zuloguneak irekitzea ere.
–"El Reventao" aldean, ahalegin guztiak eginen dira ibilgailuen gurpil-arrastorik ez sortzeko eta eremu degradatu hori berez kolonizatzen ari den landaredi naturala duten gainazalak ez okupatzeko. Inpaktu hori saihestea ezinezkoa bada, kaltetutako gainazalak lehengoratuko dira landare-lurra hedatuz, horrelako materialik izanez gero, edo, bestela, lurra destrinkotuz eta 10 makal (Populus nigra), 15 lizar (Fraxinus excelsior) eta 15 astigar (5 Acer pseudoplatanus, 5 Acer campestre eta 5 Acer mosnpessulanum) landatuz. Zuhaitzak ongi zurkaiztuak geldituko dira eta behar diren zainketa-lan guztiak eginen zaizkie behar bezala errotu arte.
–Eraispen-hondakinak, halakorik badago, eta hodien hondarrak, bai eta obretatik sortutako gainerako hondakinak ere, modu egokian kudeatuko dira, hondakinei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.
–Obrak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko, eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.
–Ingurumena Zaintzeko Planak txosten hauek bilduko ditu:
- Obren hasieraren gaineko txostena. Txosten horretan, dokumentazio hau jasoko da gutxienez:
- Segimendurako eta Ingurumena Zaintzeko Planaren arduradunaren identifikazioa.
- Zuhaitzak mozteko administrazio baimena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalak emana, zuhaitzen bat bota behar baldin bada. Botako diren espezieak eta zuhaitz kopurua zehaztuko dira.
- Obraren zuinketari buruzko txostena, dokumentazio grafiko eta guzti, ebazpen honetan ezarritako determinazioak bete direla frogatzen duena. Honako hauei buruzko informazioa emanen da: obren egutegia, lan ordutegiak, helikopterotik materiala uzteko lekuak, langileak eta materiala lantokiaren puntu bakoitzera sartzeko modua, hodiaren trazadura zehatza (batez ere harkaitz-horman), harkaitzean hondeatzeko eta trazatik harriak kentzeko metodoa, zanga irekitzeko eta harria txikitzeko erabili behar den behin betiko metodo operatiboa, eta abar.
- Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenarekin bat, egiaztatuko da kontratistak beharrezko neurriak hartzen dituela solido esekiek, erregaiek, olioek edo beste edozein isurketak ura eta lurzorua kutsa ez dezaten.
- Obra-bukaerako txostena, hartutako neurri zuzentzaileen eraginkortasuna ebaluatzen duena, eta ezarritako neurri gehigarrien deskribapena, atzemanez gero ez direla eraginkorrak izan inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko. Atal bereizi batean, "Ega eta Urederra ibaiak" KBEko gako-elementuen gaineko ukipenak zehaztuko dira, eta haren barruan, jakina, "Urederraren Iturburua" natura-erreserbaren gainekoak ere. Dokumentu horrekin batera, argazki erreportaje bat aurkeztuko da.
–Obrak hasi aurretik Lizarrako 1. Koordinazio Unitateko basozainei abisatuko zaie, lan eremuaren balizatzea eta zuinketa-lanak egiten direnean bertan egon daitezen. Bota behar diren zuhaitzak markatzeaz arduratuko dira, eta horretarako, departamentu honetako Oihanak Kudeatzeko Atalak emandako administrazio baimena beharko da.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.
4. Baimena ematea proiektua gauzatzeko, Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 9. artikuluaren ondorioetarako, ebazpen honen 2. atalean adierazitako baldintzekin.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari, Ameskoabarrengo Udalari eta Basozaintzari (Lizarrako barrutia, 1), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko uztailaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
I. ERANSKINA.–UKITURIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT ETA PERTSONA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA-TRAMITEAREN EMAITZA
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, 2023ko maiatzaren 10ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, kontsulta-tramitea hasi zuen ukitutako administrazio publikoentzat eta pertsona interesduntzat. Zehazki, honako hauei egin zaie kontsulta: Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala, Ibai Ingurunearen Atala, Basoak Kudeatzeko Atala, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Iruñeko Ekologistak Martxan, Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa, "Lurra" Lurra Babesteko Elkartea eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.
Erantzun hauek jaso dira:
Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala.
Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak 2023ko uztailaren 3an jakinarazi duenez, kontuan hartuta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak kudeatzen duela parke naturala (erreserba barne), hark emanen du horren gaineko txostena. Hala ere, proiektuaren ingurumen bateragarritasunerako jarraibide batzuk eman dituzte, obra-egutegiari buruzkoak, espazio horretan dauden espezie harkaiztarren ugalketarako eta hazkuntzarako aldi kritikoan interferentziarik ez eragiteko. Era berean, ohartarazi dute obrek uki ditzaketen habitatak egon daitezkeela.
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.
Atal honek, 2023ko maiatzaren 10ean, aldeko txostena eman zuen; izan ere, Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dagoen informazioa aztertu ondoren, proiektuak eragindako eremuan ez dago katalogatutako inolako aztarnategi arkeologikorik.
Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalarena.
2023ko maiatzaren 16an, atal honek jakinarazi du eskaera aztertu ondoren eta Nafarroako Gobernuaren dokumentu-funtsetan dagoen informazioa berrikusi ondoren, eta soilik abelbideei dagokienez, tramitatzen ari den proiektuak ez diola eragiten ezein abelbideri.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena.
Arroko erakundeak proiektuaren eta haren alternatiben deskribapena egin zuen 2023ko ekainaren 7ko txostenean. Gainera, adierazi du proiektuak eragindako ur-masak (2019ko datuak) egoera kuantitatibo ona eta egoera kimiko ona duela eta, beraz, egoera global ona duela.
Proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen agiriaren arabera, ura kentzearen inpaktua orain artekoa bera izanen da: 437.450 m³/urte. Gainera, obrak egiteko, ura hartu beharra dagoela adierazi dute. Horri dagokionez, inpaktua negatiboa eta iraunkorra dela baloratu dute, baina neurri zuzentzaileak hartzeko aukera dagoela erantsi dute.
Neurri zuzentzaile gisa, egokitzat jotzen dituzte ingurumen agirian egindako proposamenak: uren kalitatea kontrolatzea haien maila biologikoak eta Ameskoabarrengo bizilagunen giza osasuna hobetzeko; lurrik eta/edo harririk ez botatzea, ez baso-mazeletan, ez ibai eta erreken ertz edo ibilguetan, ez eta bide edo bidezidorren bazterretan ere. Ohartarazten dute arriskutsua dela obrak egiten diren bitartean oliorik edo koiperik isurtzea edozein eremutan.
Erakunde horrek ondorioztatzen du ezen, bere eskumenei dagokienez (1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Uren Legearen testu bategina onesten duena, eta 849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onesten duena, eta ondorengo aldaketak), aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, proiektuan aurreikus daitezkeen ondorioak bateragarriak direla sistema hidrikoari dagokionez, aurkeztutako ingurumen agirian jasotako neurriak bete behar badira ere, eta jarduketa-eremuko ingurune hidrikoa babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak ere bete beharko direla, bai lur gaineko urak babesteko, bai lurpekoak, bai eta Urederra ibaiaren ur-ibilgua, "Ega eta Urederra ibaiak" KBEa eta "Urederraren iturburua" natura-erreserba ere.
Materialak pilatzeko eremua hautatzeko dauden mugapenak gogorarazten dituzte, abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuaren 9 bis artikuluan araututako lehentasunezko fluxu-eremuko lurzoruaren erabilerei dagokienez. Izan ere, errege dekretu horren arabera, ezin da materialik pilatu landa-lurzoru gisa sailkatutako lurretan. Beraz, hori kontuan hartu beharko da materialak pilatzeko eremua hautatzeko orduan, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua (HJHE) aldatzen duen urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretuaren arabera, non fluxu-eremuen kontzeptua sartzen baita.
Azkenik, adierazten dute ezen, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 245. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa bete behar denez, administrazio baimena behar dela jabari publiko hidraulikoa kutsa edo degrada dezaketen jarduera guztietarako; zehazki, urak kutsatu ditzaketen uren edo hondakin-produktuen isurketak egiteko, beharrezkoa izanen da konfederazioaren baimen espresa.
Eranskin bat gehitu dute, jabari publiko hidraulikoan jarduketak baimentzeko irizpide teknikoak jasotzen dituena.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENAREN LABURPENA
Proiektuaren helburua da deskribatzea eta justifikatzea Ameskoabarrengo hornidura-hodi nagusiaren lur gaineko tartea berritzeko eta babesteko obrak, zeinak Urederra ibaiaren iturburuan dagoen hargunetik abiatuko baitira.
Hornidurarako hargunea orburu baten bidez eta uhate-balbula baten bidez egiten da, 1905ean eraikitako galeriaren barruan. Puntu horretatik aurrera, ura Ø 200 mm-ko burdinurtu nodularrezko hoditeriaren bidez bideratzen da, lur gaineko tarteetan, udalerriko erregulazio-biltegiraino. Hodi horrek matxura ugari izaten ditu eguraldi txarragatik eta arrokak etengabe erortzen direlako. Hala, proiektuaren helburua da gaur egun lur gainetik doan hoditeriaren lehenengo 90 metroak lurperatzea, udalerri horretako herrien ur hornidura bermatzeko.
Lurperatze-lanak egiteko zailtasun nagusia da eremura behar den makineria sartzea; izan ere, obrak "Ega eta Urederra ibaiak" KBEan, Urederraren iturburuko natura-erreserban eta Urbasa eta Andia mendietako parke naturalean eginen dira, eta, horrenbestez, bertan ezin da pistarik ireki. Hala, obrak eskuz eta tresna txikiagoekin egin beharko dira. Langileak bertara iristeko, Zudairin hasi eta "El Reventao" zabalgunean bukatzen den pista bat erabiliko da (1,7 km). Bertatik, obra-eremura oinez joan behar da (1,3 km), kanaleko bidetik (ibilgailurik ezin da igaro) eta metro batetik beherako zabalera duen bidezidor batetik.
Proposatzen den konponbidea da arroka batzuk kentzea eta zuloak betetzea, hornidura-hodi berria gaur egungo hodia dagoen hormaren oinean instalatzeko. Tarte berriak 225 mm-ko polietileno elektrosoldagarrizko hoditeria izanen du. Hormigoi armatuzko garlanda bat jarriko zaio, erortzen diren harkaitzetatik babesteko, hodiaren perimetro osoan 20 cm-ko estaldura emanen duena HA-30 hormigoiaren bidez, eta kanpoko neurriak 0,63 x 0,63 m izanen dira. Hoditeria zaharra desmuntatu eta hondakindegi batera eramanen da. Beharrezkoa izanen da arrokak kentzea, arroka handienak puskatzea produktu kimiko hedakorrekin edo mailu elektriko edo pneumatikoarekin, eta zuloguneak zagor artifizialarekin edo hormigoiarekin betetzea. Materiala helikoptero bidez garraiatuko da Bakedaoko "El Reventado" aldetik obra-lekuraino (5 egun).
Materiala pilatzeko eremu bat prestatu beharko da, 400 m²-koa. Eremu horren kokapena "in situ" aztertuko da obraren hasieran, aurkeztutako dokumentazioan azaldu denaren arabera.
Obra osoa bi hilabeteko epean eginen da, zuinketaren egiaztapenaren akta egin eta obrak hasteko baimena ematen den egunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2311190
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
