1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
262E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Vianako udal mugartean pieza forjatuak egiteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Instalazio horren titularra Forjas de Viana SA da.
Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.3 taldean.
Dena dela, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumenturik, instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak biltzen dituenik. Badaude jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko zenbait ebazpen, eta horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen baldintzak denboran zehar.
Beharrezkotzat jo da eman diren jarduera sailkatuaren udal lizentzia guztiak eta haien aldaketak biltzen dituen dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.
Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.
Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.
Ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 20 egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Eguneratzea Forjas de Viana SAk Vianako udal mugartean pieza forjatuak egiteko daukan instalazioaren ingurumen baimen bateratua. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 5P02251022372004 zenbakiarekin.
Hirugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.
Laugarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, baldin eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.
Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Forjas de Viana SAra, Vianako Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura eta NILSAra.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 1ean.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F2311289