166. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

261E/2023 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita oilo erruleen hegazti-haztegi baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea. Instalazioa Etxarri Aranazko udal mugartean dago, eta San Donato SA da titularra.

Instalazio horrek badu jadanik ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 364E/2019 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 6ko 280E/2020 Ebazpenaren bidez berrikusi zena.

2023ko ekainaren 23an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 200304 EHZ kodea duena, putzu septikoko lohiei dagokiena.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 15 egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Etxarri Aranazko udal mugartean dagoen oilo erruleen hegazti-haztegi baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra San Donato SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, San Donato SAra, Etxarri Aranazko Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora.

Iruñean, 2023ko uztailaren 31n.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2311311