165. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORISOAIN

Ordenantza fiskala, arautzen duena eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Behin betiko onespena

Orisoaingo Udalak, 2023ko maiatzaren 17an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, hasiera batez onestea ordenantza fiskal bat, arautzen duena eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ean, baita Orisoaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orisoainen, 2023ko uztailaren 14an.–Jarduneko alkatea, Alexandre Duró Cazorla.

ORDENANTZA FISKALA, ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, zehazki II. tituluko V. kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Izaera eta zerga-egitatea.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da, eta udal-mugarteko edozein eraikuntza, instalazio edo obra egiteak sortzen du haren zergapeko egitatea, horretarako nahitaezko baldintza bada obra- edo hirigintza-lizentzia edukitzea –lizentzia hori lortua izanik nahiz izan gabe– edota aurkeztea erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa; betiere, zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, hura emateko txostena egitea –Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera–, edo kontrol-jarduera gauzatzea.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan zein ez.

Aurreko lerrokadako ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat joko da haiek egiteak dakartzan gastuak edo kostua bere gain hartzen dituena.

Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Baldin eta eraikuntzak, instalazioak edo obrak gauzatu bitartean zergaren subjektu pasiboak aldatzen edo ordezten badira, bukaerako likidazioa eginen zaio obrak bukatzen diren egunean subjektu pasibo denari.

4. artikulua. Salbuespenak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen bosgarren eta seigarren xedapen gehigarrien eta 168. artikuluaren arabera, ordenantza honen xede den zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira hauek:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

b) Plangintza orokorreko mankomunitateak, eskualdeak eta mankomunitateak, bai eta haiek beren helburuak betetzeko sortutako entitate juridikoak ere.

c) Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea, horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak edo toki entitateak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, portu, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, baita erakunde autonomoek kudeatzen dituzten kasuan ere.

d) Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan eraikuntza, instalazioa edo obra egitea, baldin eta, etxebizitzen jabeak Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak izanik, eta horiek irabazi asmorik gabeko erakundeei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

5. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, hura materialki gauzatzeari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin ez badute berezitasun edo nortasun propiorik lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntzarekiko, instalazioarekiko edo obrarekiko.

Honako hauek ez dira zerga-oinarriaren zati: balio erantsiaren gaineko zerga, araubide bereziko antzeko zergak, tasak, prezio publikoak, tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina, gastu orokorrak, eta segurtasuna eta osasunari, kalitate kontrolari edo hondakinen kudeaketari dagozkien zenbatekoak.

Zerga-oinarria interesdunek aurkeztutako aurrekontuaren arabera zehaztuko da, dagokion elkargo ofizial batek ikus-onetsi badu, hura aginduzko baldintza denean.

Aurrekonturik ez badago edo udal teknikariek aurrekontu hori osatu gabe dagoela edo instalazioaren edo obraren eraikuntzaren benetako kostuarekin bat ez datorrela egiaztatzen badute, eraikuntza, instalazio edo obraren kostu estimatuaren arabera zehazten ahalko dute zerga-oinarria udal teknikariek.

6. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa %2ren eta %5en artekoa izanen da. Udalaren osoko bilkurak erabakiko du tasa zehatza urtero, ehuneko tarte horren barnean.

7. artikulua. Kuota.

Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari Udalak osoko bilkuran urtero onetsitako karga-tasa aplikatu ondokoa.

8. artikulua. Sortzapena.

Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sortuko da, nahiz eta hartarako lizentziarik lortu ez den edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu ez den.

Dagokion lizentzia lortu bada edo dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu bada, eta obra berehala hasi behar ez bada, zergaren ordainketa atzeratzeko eskatzen ahalko da, eraikuntza, instalazioa eta obra hasi arte.

Ez da ordaintzeko betebeharrik egonen, interesdunak bere eskaeran atzera egiten badu lizentzia emateko alkatetza ebazpena eman baino lehen. Ez da ordaindu beharko, baldin obra osteko kontrolerako udal ebazpena eman aurretik adierazten bada obrak gauzatzeari uko egiten zaiola.

Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, interesdunak Udalari ordaindu beharko dio lizentzia emateko egindako kanpo txostenen zenbatekoa, Udalari kostu bat sorrarazi badiote.

9. artikulua. Zergaren kudeaketa.

1. Konturako behin-behineko likidazioa.

a) Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten obrak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari edo aurretiazko komunikazioari lotutako obrek, autolikidazio sistema bidez ordainduko dute zerga, eta edozein kasutan behin-behinekoa eta konturakoa izanen da.

Adierazpena edo komunikazioarekin batera nahitaez aurkeztu beharko dira honakoak: Orisoaingo Udalak emanen duen autolikidazio dokumentua, behar bezala beteta, eta dagokion zergaren ordainagiria.

Nahitaez aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpena edo kasuan kasuko aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe obrari ekin bazaio, dagokion autolikidazioa egin beharko da, eta edozein kasutan behin-behinekoa eta konturakoa izanen da.

Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua edo xedea aldatzen bada, eta horren aurrekontuak gora egiten badu, subjektu pasiboek zergaren autolikidazio osagarri bat aurkeztu beharko dute, hasierako aurrekontuaren eta aldaketaren ondoriozkoaren artean dagoen aldea dela eta, ordenantza honetan ezarritako epe, betekizun eta ondorioei lotuta.

b) Obra-lizentzia behar duten obrak.

Obra-lizentzia nahitaezko duten obren, edo nahitaezko lizentziarik gabe abiatu edo egindako obren kasuan, Orisoaingo Udalak zergaren tasa likidatuko du, eta edozein kasutan behin-behinekoa eta konturakoa izanen da. Instalazioa, eraikuntza edo obra hastear dagoenean egin beharko da ordainketa.

Lizentzia eman ondoren obra ez bada berehala hasiko, zergaren ordainketa geroratzeko eskatzen ahalko da.

Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua edo xedea aldatzen bada, eta horren aurrekontuak gora egiten badu, subjektu pasiboek zergaren likidazio edo, hala behar denean, autolikidazio osagarri bat aurkeztu beharko dute, hasierako aurrekontuaren eta aldaketaren ondoriozkoaren artean dagoen aldea dela eta, ordenantza honetan ezarritako epe, betekizun eta ondorioei lotuta.

2. Zergaren behin betiko likidazioa.

Behin eraikuntzak, instalazioak eta obrak bururatu eta egiazki egin direnak ikusita, gehienez ere hiru hilabeteko epean haien amaieratik edo behin-behineko onarpenetik aitzina, tributudunak deklarazio bat aurkeztuko du inguruabar hori azalduz eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako eta egiazko kostua adieraziz, eta, deklarazioarekin batera, obraren zuzendari eskudunak haren gainean emandako egiaztagiria, betiere dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, eta, halakorik behar izatera, kostu hori egiaztatzeko fakturak edo bestelako agiriak.

Subjektu pasiboek bukatutako eraikuntzen, instalazioen edo obren benetako kostuaren gaineko adierazpena aurkezteko betebeharra dute, nahiz eta hasierako likidaziorik edo, hala behar denean, autolikidaziorik aurkeztu ez eta Administrazioak kontzeptu hori dela medio aurrez ordaintzeko ez errekeritu.

Izapidetu behar baldin bada jarduera baten abiatzea, edo eraikin edo instalazioen lehen erabilera edo okupazioa, dokumentazio hori aurkezten ahal da behar den lizentziaren eskaerarekin batera, edo, behar denean, dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean.

Eraikuntzen, instalazioen edo obren bukaerako datatzat joko da zuzenbidean onargarri den edozein frogabide erabilita zehazten dena, eta, partikularki, aurreikusitako xederako edo erabilerarako prest dauden unea, hots, ondoren inolako jarduketa materialik egin beharrik gabe.

Behin benetako kostua ezagututa, eta egitekoa den administrazio-egiaztapena eginik, Udalak behin betiko likidazioa eginen du, subjektu pasiboak hasieran autolikidatutako kuotarekin dagoen diferentzia positibo edo negatiboaren gainean, halako eran non, behar izatera, subjektu pasiboari behar den kopurua galdatu edo itzuliko baitzaio.

Udal administrazioak egiaztatuko du likidazioak eta autolikidazioak ordenantza honen arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza direla. Xede horrekin, udal administrazioak kasu guztietan egiaztatuko du jarritako oinarria dela interesdunek kasuan-kasuan aurkeztutako aurrekontuan, fakturetan edo benetako kostua justifikatzen duen ziurtagirietan agertzen den bera.

Udal administrazioa likidazioekin edo autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak eginen ditu, zuzenduta gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak, berandutze-interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu. Era berean, subjektu pasiboak aitortu ez dituen zerga-egitateen likidazioa eginen du.

Udal administrazioak subjektu pasiboari errekeritzen ahalko dizkio eraikuntza, instalazio eta obren kostu erreal eta benetakoa jasotzen duten agiriak, hala nola behin betiko aurrekontua, obra ziurtagiriak, exekuzio kontratuak, proiektuari dagokion kontabilitatea, obra berriaren deklarazioa edo kostua zehazteko egokitzat jotzen den beste edozein dokumentu. Eskatutako agiriak aurkeztu ezean, edo osatu gabe aurkezten badira, edo haietatik ezin bada atera kostu erreal eta benetakoa, udal administrazioak zerga-oinarria zehaztuko du jarraikiz abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritako prozedurari (Tributuei buruzko Foru Legea).

Zergaren likidazioaren ondorioetarako, berdin jokatuko da administrazioaren isiltasun positiboz eman diren lizentziekin eta berariaz eman direnekin.

3. Instalazioa, eraikuntza edo obra egiteari uko egitea.

Behar den zerga aldez aurretik likidatu, eta gero obrak egiteari berariaz uko egiten zaiola jakinarazten bada idatziz, itzulketa eskatzen ahalko da, eta, hala badagokio, ordaindutakoa itzuliko da; halaber, egiaztatu egin beharko da obra hori ez dela egin, aldez aurretik Udalak ikuskatuta, eta, hala badagokio, behar den tasa igorriko da, halakorik egonez gero.

Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, interesdunak Udalari ordaindu beharko dio lizentzia emateko egindako kanpo txostenen zenbatekoa, Udalari kostu bat sorrarazi badiote.

4. Instalazio-, eraikuntza- edo obra-lizentzia iraungitzea.

Era berean, lizentzia iraungi ondoren, Orisoaingo Udalak egindako likidazioa deuseztatuko du eta, hala behar denean, itzuliko, non ez duen titularrak lizentzia horren berritzea eskatzen eta Udalak baimentzen.

Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, interesdunak Udalari ordaindu beharko dio lizentzia emateko egindako kanpo txostenen zenbatekoa, Udalari kostu bat sorrarazi badiote.

10. artikulua. Kuotarako hobariak.

Likidatutako zergaren kuotaren %95eko hobaria ezartzen da eguzki-energiaren edo autokontsumorako beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatzeko obretarako, lehendik dauden eraikin edo eraikuntzetan edo obra berri hauetan:

–Lehendik dauden eta eskatzaileen ohiko bizilekua diren eraikin eta eraikuntzetan aplikatuko da soilik.

–Udalerrian aitortutako jarduera ekonomikoei lotutako instalazioetan aplikatuko da soilik.

–Eraikin berrien kasuan, hobaria aplikatu ahal izateko beharrezkoa izanen da eskatzaileak udalerrian gutxienez 4 urtez erroldatzeko konpromisoa hartzea.

Iturri berriztagarrietako energiatzat joko da honakoak iturri dituen energia: haize energia, eguzki energia, aerotermikoa, geotermikoa, hidrotermikoa, ozeanikoa, hidraulikoa, biomasa, zabortegi-gasak, araztegi-gasak eta biogasa. Izan ere, hala definitzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko apirilaren 23ko 2009/28/EE Zuzentarauak.

Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan egotea administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak.

Hobaria eguzki-energiaren edo autokontsumorako beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikoko sistemen kostuari baino ez zaio aplikatuko; edo bestela esanda, sistema horien instalazioa zerga honen zerga egitatea osatzen ahal duten beste kontzeptu batzuk barne hartzen dituen beste obra edo eraikuntza baten parte bada, interesdunak aurrekontu banakatua aurkeztu beharko du, eta argi eta garbi eta obraren gainerakotik bereiz zehaztuko da sistema horien kostua aurrekontu horretan.

Adierazitako hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da interesdunak berariazko eskaera egitea; Alkatetzaren ebazpen bidez erabakiko da dagokion hobaria.

Eskaerak Udalean aurkeztuko dira horretarako ezartzen diren inprimakietan, obra, instalazioa edo eraikuntza amaitu eta zergaren behin betiko likidazioa egin ondoren.

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaeraren inprimakia sinatuta.

b) Administrazio eskudunaren homologazioa, beroa sortzeko instalazioetako kolektoreei dagokiena.

c) Instalazioaren fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin eta Udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskaeran jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2310621