Iragarkia
165. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR
Aldaketa, Udalaren kirol-instalazioen kudeaketa eta erabilera arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Zizur Zendeako Udalak, 2023ko maiatzaren 2an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Zizur Zendeako Udalaren titulartasuneko kirol-instalazioen kudeaketa eta erabilera arautzen dituen ordenantzan.
Iragarkia argitaratu zen 2023ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 23an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere. Horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.
Jarraian testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Gazolatzen, 2023ko uztailaren 19an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.
ORDENANTZA, ZIZUR ZENDEAKO UDALAREN KIROL-INSTALAZIOEN KUDEAKETA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Ordenantza hau Zizur Zendeako Udalaren kirol-instalazioen araubide juridikoa, kudeaketa eta erabilera arautzeko egin da, ondoko xedapen hauetan udalei ematen zaizkien eskumenak erabiliz: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.a), 22., 25.2.m), 26.1.c) eta 49. artikuluak; Toki Araubidearen arloko xedapen indardunen testu bategina onesten duen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 55. artikulua; eta Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 50.3 artikulua.
Ordenantza hau Udalaren kirol-instalazio guztietan aplikatuko da, hirugarren artikuluan aipatzen diren horietan, hain zuzen.
2. artikulua.
Ordenantza honen ondorioetarako, kirol-instalaziotzat joko dira kirol-, kultur eta gizarte-jarduerak egiteko balio izanda, sartzeko kontrola duten instalazio guztiak.
3. artikulua.
Aurreko artikuluan definitutako kirol-instalazioei Udalaren kirol-instalazioak deituko zaie haien titularra Zizur Zendeako Udala den kasuetan.
Edozein titulu juridikoren bidez Zizur Zendeako Udalari kudeatzeko edo ustiatzeko lagatakoak ere Udalaren kirol-instalaziotzat jotzen ahalko dira. Instalazio horiek ordenantza honen bidez arautuko dira, lagapen tresnan ez bada berariazko araubiderik ezartzen haiek kudeatzeko edo ustiatzeko.
4. artikulua.
Toki entitateen ondasunei buruzko araudian ezarritakoarekin bat, Udalaren kirol-instalazioak jabari publikoko ondasunak dira, erabilera publikoari edo kirol-zerbitzu publikoari lotuak.
Halakoak dira Udalaren kirol-instalazioren bati modu iraunkorrean lotutako ondasun higigarriak ere, bai kirolean aritzeko erabiltzen direnak, bai instalazioen eta ekipamenduen mantentze-lanetarako direnak.
Udalaren kirol-instalazio guztiek bete beharko dituzte hirigintzako arauak, segurtasun eta higienekoak, ingurumen arlokoak, irisgarritasunari buruzkoak eta urritasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzako egokitzapenari buruzkoak, baita kirol-instalazioen oinarrizko araudia ere, kirol-instalazio eta ekipamenduen eraikuntza, erabilera eta mantentze-lanak direla eta.
Lehiaketa ofizialak egiten direnean, Udalaren kirol-instalazioak kirol-modalitate bakoitzeko federazioaren erregelamenduaren arabera egokitu ahal izanen dira.
5. artikulua.
Ordenantza hau aplikatzeko eta nola betetzen den kontrolatzeko ardura Zizur Zendeako Udaleko langileei dagokie, kasuan kasuko jarduketa administratiboaren arabera, eta bereziki Kultura eta Kirol Arloko langileei, deusetan ukatu gabe Udalak bere kirol-zerbitzu publikoa emateko ezarritako moduaren ondorioz izan daitezkeen berezitasunak.
6. artikulua.
Ordenantza honetan aurreikusi bezala, Udalaren kirol-instalazioak jarduera fisikorako, kirolerako eta kultur jardueretarako erabiliko dira, dela astialdian, dela irakaskuntzan, entrenamenduetan, lehiaketetan edo kirol-erakustaldietan, instalazio bakoitzaren diseinuari dagokion modalitatean edo beste batzuetan, beren ezaugarriengatik harekin bateragarriak badira (aldez aurretik Zizur Zendeako Udalaren baimena beharko da).
Alkatearen baimena dela medio, Udalaren kirol-instalazioetan bestelako kirol-ekitaldiak ere egin ahalko dira aurreko apartatuan aipatutakoez gain, bai eta kultur edo gizarte-jarduerak ere.
Baimen hori nahierara emanen da, kasu bakoitzean egin nahi den jardueraren arloko arau espezifikoari loturik.
7. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak kudeatzeko modua edozein izanda ere, herritar guztiek erabili ahalko dituzte inolako mugarik gabe, salbu eta legeetan edo ordenantza honetan ezarritako mugak, instalazio bakoitzaren erabilerari dagozkionak eta kasuan kasuko jarduerarako indarra duen prezio publikoa ordaindu beharra.
Beraz, instalazioak zabalik egonen dira herritarrak kirolean aritzeko, aisiarako, kiroleko sustapen, hastapen, entrenamendu edo lehiaketa programak garatzeko, Udalarenak izan edo ez, eta 6. artikuluan aipatzen diren beste ekitaldietarako. Federazio, klub eta gainerako kirol-elkarteek, ikastetxeek eta, oro har, pertsona fisiko edo juridikoek beti izanen dituzte eskuragarri, ordenantza honetan araututako baldintzak betetzen badituzte haietan sartzeko edo haien erabilera hitzartzeko.
Udalak instalazioak ireki eta ixteko onetsitako ordutegiak ikusgai jarriko dira instalazioetan, erabiltzaile guztien informaziorako. Ahalik eta ordutegi zabalena ezarriko da beti, instalazioen errentagarritasunik handiena lortzeko kirol- eta gizarte-jardueretan.
8. artikulua.
Udalaren kirol-instalazio guztietan, jendeak erraz ikusi eta irakurtzeko moduko toki nagusi batean, Zizur Zendeako Udalean indarra duen araudiari jarraituz egindako kartela egonen da ikusgai, argibide hauek emateko:
–Instalazioaren izena.
–Udala dela instalazioaren titularra eta, hala denean, ustiapenarena.
–Gehieneko edukiera.
–Instalazioak erabiltzeko ordutegiak, jardueren eta jendearentzako arretaren irekiera eta itxiera orduak.
–Indarra duten tarifak.
–Erabilera eta funtzionamendu arauak.
9. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetan, barnealdeko nahiz kanpoaldeko seinale guztiek bete beharko dituzte dagokien udal araudia eta Udalak ezartzen dituen gidalerroak.
Betiere, seinale horietan agertu beharko du Udalari dagokiola instalazioaren titulartasuna.
10. artikulua.
Udalaren kirol-instalazio bakoitzak bere ezaugarrien araberako larrialdi eta ebakuazio plana eta suteen aurkako babes plana izanen ditu. Plan horiek instalazioaren erabilera arrunta kontuan hartuz eginen dira. Erabilera bereziek, berriz, berariazko planak beharko dituzte, eta ekintza antolatzen duen entitateak egin beharko ditu.
11. artikulua.
Elementu teknikoekin zein naturalekin egindako publizitate elementu iraunkorrak edo behin-behinekoak, mugikorrak edo egonkorrak, Udalaren kirol-instalazioetako mugen barnean erakusteak sortzen dituen eskubide ekonomiko guztiak titulartasun publikokoak dira oro har, salbu eta kontratuetan besterik zehazten denean, eta kontratuok ez dute salbuetsiko Zizur Zendeako Udalak ezarritako tributu edo prezio publikoak ordaindu beharretik.
Iragarkiak jartzen ahalko dira antolatzaileak aurretiaz eskatu badu, eta hala baimentzen badu Udaleko organo eskudunak indarrean dauden xedapenei jarraikiz. Iragarkiak denbora jakin baterako jarriko dira, unean uneko kirol-jarduerak antolatzen direnean. Baimena jasoz gero, dagozkion tributu edo prezio publikoak ordaindu beharko dira.
Betiere, Europar Batasuneko araudia beteko da alkoholaren eta tabakoaren erabilerari dagokionez.
12. artikulua.
Instalazioa bera edo hartan ematen diren zerbitzuak aipatzen dituen informazio orotan adierazi beharko da Udala dela instalazioaren titularra, eta instalazioaren izen ofiziala erabili beharko da.
13. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetara sartzearekin, bakarka edo taldean, onartu egiten dira ordenantza honetako arauak, baina zilegi da ordenantza hau aurkaratzea zeharbidez, haren aplikazioaren ondoriozko egintzengatik.
Halaber, Udalaren kirol-instalazioetara sartu aurretik prezio publikoak ordaindu behar dira, ordenantzetan aurreikusitako salbuespen, murrizketa eta hobari kasuak salbu.
II. TITULUA.–INSTALAZIOEN ERABILERA-ARAU OROKORRAK
14. artikulua.
Instalazioetan sartzeko, horretarako prestatutako eremuak erabiliko dira. Honako hauen bidez sartzeko aukera dago zerbitzuko langileek hala eskatzen dutenean: aurpegi-ezagutza, txartela, ordainagiria, sarrera, baimena, etab.
Instalazioetara sartzeko, erabiltzaile guztiek honakoak egin beharko dituzte:
–Norberaren nortasuna egiaztatzea.
–Nortasun agiri nazionala aurkeztea kortesiazko sarreretarako.
–Kirol-instalazioak erabiltzeko tasa ordaintzea.
Era berean, udan zehar hamabi urtetik beherakoak adin nagusiko pertsonaren batek lagundu beharko ditu instalazioetara sartu ahal izateko, eta barnean dauden bitartean haien erantzukizuna izanen du. Neguan zehar, kirol-ikastaroetara sartzeko, instalazioen erabiltzaile ez diren guraso edo pertsona arduradunak haurrarekin joaten ahalko dira jarduera gauzatzen den eremuraino, baina ezin izanen dira instalazioan geratu jarduerak iraun bitartean.
Kirol-anitzeko pistetatik, pilotalekuetatik edo antzeko instalazioetatik kanpo ezin izanen da kirol-jarduera edo jokorik egin; izan ere, erabiltzaileak zein jendea igaro eta bertan egoteko eremuak dira.
Erabilera-ordutegiak bete daitezen, bai eskola eta entrenamendu saioetan, bai pisten alokairuan eta, batez ere, hainbat talde, klub edo jarduerak aldi berean izan behar dituzten instalazioetan, ondokoa errespetatu beharko da:
–Aldagela, kantxa, pista, areto, igerileku eta abarretara sartzeko, beti erabiliko dira horretarako seinalatutako sarrera guneak.
–Eguneroko jardueren hasiera eta amaiera orduak errespetatu beharko dira, baita instalazioa ixteko ordua ere.
–Kirol-materiala erabili behar den kasuetan kontuan hartuko da jarduera lehenago amaitu beharko dela materiala biltzeko.
–Instalazioak erabiltzen hasi eta amaitzeko orduak instalazioko erlojuaren bidez egiaztatuko dira.
–Kirol-kontuengatik edo arrazoi teknikoengatik, Udalak zilegi izanen du instalazioak edo zerbitzu batzuk ixtea, garaiz iragarrita. Nolanahi ere, zerbitzuaren ardura duten langileek instalazioak itxi ahal izanen dituzte edozein momentutan, segurtasunagatik, eguraldiagatik, edo pertsonei eta/edo instalazioei kalte egin diezaieketen inguruabarrengatik.
–Jantzitegi zerbitzua armairuen eremuan izanen da bakarrik.
–Ez da inolako gauzarik gordetzeko zerbitzurik (etzaulkiak, baloiak, etab.).
15. artikulua.
Instalazioko toki guztietan portaera egokia izan beharko da eta langileen aginduak bete beharko dira.
Jarduera edo instalazioetatik zuzenean kanporatzeko arrazoi izan daitezke honakoak: ekintza gaitzesgarri eta bandalikoak egitea, langileen aginduei jaramonik ez egitea, edo antzekoak. Kanporatuak bere erabiltzaile eskubideak galduko ditu.
Udalak programatutako jardueretan parte hartu nahi duten guztiek jarduera bakoitzaren baldintzak bete beharko dituzte.
16. artikulua.
Ezin izanen da instalazioetara objekturik sartu (baloiak, irristailuak, patineteak, bizikletak eta abar), berariaz baimenduta jardueretarako erabiliko direnak izan ezik.
Ezin izanen da atera janari edo edari ontzirik, kristalezko ontzirik edo horrelakorik, kafetegian edo berariaz seinalatutako guneetan izan ezik.
Debekaturik dago aldageletan, komunetan eta igerilekuko zabalguneetan kristalezko elementuak edo antzekoak sartzea (botilak, poteak, ispiluak, edalontziak), hausten badira erabiltzaileak zauritzeko arriskua dagoelako.
Halaber, debekatuta dago kirol-instalazioetan erretzea, horretarako prestatutako eremuetan izan ezik.
Erabiltzaileek ezin dute instalazioen tresnarik manipulatu. Edozein arazo sortzen bada, instalazioko langileengana jo behar dute.
Erabiltzaileak egoki jantzi behar dira, kirol-arropa egokiak erabiliz, bereziki oinetakoak, eta higiene eta garbitasunerako ohiko neurriak hartu behar dituzte. Toplessa eta nudismoa debekatuta daude.
Bainu garaia bukatu ondoren Udalaren kirol-instalazioetan geratzen diren hamakak, aulkiak, etzaulkiak, etab. galdutako gauzatzat hartuko dira, eta garbigune batera eramanen dira.
Debekatuta dago kirol-instalazioetan animaliekin sartzea, itsu-txakurrekin izan ezik.
17. artikulua.
Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioen erabilera-arauak ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioengatik. Era berean, Udalak ez du erantzukizunik izanen ekintza arduragabeen ondorioz gerta daitezkeen istripu edo lesioetan, eta ez du bere gain hartuko jarduera bat gauzatu bitartean gerta litezkeen kirol arloko istripu edo lesioengatik beharrezko den arreta medikoa. (15/2001 Foru Legea: Herritarraren kirol-jarduera orokorraren ondoriozko osasun laguntza sektore publikoaren osasun aseguruko araubidearen prestazio arrunta da.
18. artikulua.
Zizur Zendeako Udalak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileek objektu baliotsuren bat edo dirua galtzen badute, eta instalazioetara horrelakorik ez eramatea gomendatzen die. Hala ere, lapurretak eragozteko, ahal den instalazio guztietan doako armairuak egonen dira erabiltzaileentzat.
Udalaren kirol-instalazioetan biltzen diren gauza galduak instalazioetan horretarako berariaz prestatutako eremu batean utziko dira, 15 egunean. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira edo Udaltzaingoari emanen zaizkio 30 egunean.
19. artikulua.
Udalak eskubidea du ordutegi batzuk aldatu ahal izateko, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, oso garrantzitsua edo interes publikokoa den gertakariren baterako behar izanez gero.
Gainera, Udalak instalazio guztia edo haren zati bat aldi baterako ixtea erabakitzen ahalko du horretarako arrazoiak daudenean. Neurri horren norainokoaren berri emanen du aurretiaz, lehenbailehen.
Debekatuta dago honako objektu hauek erakutsi edo erabiltzea Udalaren kirol-instalazioetan:
A) Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idatziak.
B) Armak edo arma gisa erabil daitezkeenak.
C) Bengalak edo su artifizialak.
Instalazioen erabilera-arau espezifikoak
20. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetan abonatu gisa alta emanda egotea baliozkoa izanen da dagoen urteko abenduaren 31ra arte, alta indarrean noiz sartu den aintzat hartu gabe.
Instalazioetako baja abenduaren 31 baino lehenago egin beharko da, salbu eta gimnasioan hiru hileko abonua dutenen kasuan, horiek kasuan kasuko hiruhilekoa bukatu baino hamabost egun lehenago egin beharko baitute baja.
Hala izan ezean, ulertuko da abonatu gisa jarraitu nahi duela hurrengo eperako, eta zuzenean berrituko da, eta, hortaz, kasuan kasuko prezio publikoa kobratuko.
Abonatu kuotaren ordainagiriren bat itzultzen bada, adierazten diren moduan eta epean ordaindu beharko da. Ezarritako epean ordaintzen ez badira, kasuan kasuko txartelei baja emanen zaie zuzenean.
21. artikulua.
Ikastaro edo jarduera batean izena ematean, ikastaro osoaren kuota guztia ordaindu beharko da, Udalak ezarritako zatikapena gorabehera. Ordaintzen ez diren kuotak kasuan kasuko legezko bidetik kobratuko dira.
III. TITULUA.–UDALAREN KIROL-INSTALAZIOAK KUDEATZEA
22. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak zuzenean edo zeharka kudeatu ahal izanen dira, hurrengo artikuluan azaltzen den moduan.
Beste administrazio publiko batek Udalari kirol-instalazio bat lagatzen dionean kudeatzeko edo ustiatzeko, lagapena arautzen duen tresnan hitzartutako moduan kudeatuko da instalazioa, edo, horrelakorik ezean, erregelamendu honetan ezarritakoari jarraituko zaio.
23. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak zuzenean kudeatzen dira erakunde autonomo batek edo Udalak berak egiten badu zerbitzua.
24. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak zeharka ere kudeatzen ahalko dira, toki entitateen zerbitzuei eta Administrazioaren kontratuei buruzko arauei jarraikiz, baita kirol-arloko legeria indardunak onartutako moduetatik edozeinetan ere.
Zeharka kudeatzen diren instalazioetan, Udalak ahalmena izanen du kudeaketaren adjudikaziodunak egiten duen lana gainbegiratu eta kontrolatzeko bere alderdi tekniko eta juridiko guztietan.
Zeharkako kudeaketaren ardura duten pertsona natural edo juridikoek beren akordio edo kontratuetako baldintzetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte. Betiere, honako eskubide eta betebehar hauek izanen dituzte:
A) Eskubideak:
–Instalazioak erabiltzea beren kirol- eta kultur jardueretarako, jardueren ordutegiak eta egutegiak betez, eta, betiere, Udalaren baimenarekin.
–Instalazioa erabiltzeko irizpide partikularrak prestatzea, kontuan hartuz ordenantza honen edukia eta Udalak ezarritako gainerako erabilera-baldintzak.
–Behar diren teknikariak, langile kualifikatuak eta kualifikatu gabeak kontratatzea, beren kontura
–Instalazioa nola erabiliko den zehaztea beste entitate batzuekin, betiere Udalaren baimenaz.
–Beste kirol-jarduera batzuk ezartzea, hasieran aurreikusi gabeak, kudeaketaren xede diren jarduerei kalterik egin gabe.
B) Betebeharrak:
–Instalazioaren publikotasuna eta Udalaren titulartasuna errespetatzea.
–Alkatetzaren eta Udaleko Kultura eta Kirol Informazio Batzordearen aginduak betetzea, ordenantza honetako arauez gainera.
–Udaleko Kultura eta Kirol Informazio Batzordearen orientabideei jarraitzea, eta, udal interesekotzat jotzen badira, hark ezarritako programak betetzea.
–Instalazioa hobetzeko obren onespena eskatzea Udalari eta behar diren lizentziak eskuratzea.
–Instalazioak izan litzakeen kalteak bere gain hartzea Halaber, aseguru poliza ere eginen dute, sute arriskua, lapurretarena, kalteak gertatzeko arriskua eta abarrekoak bermatu eta estaliko dituena, baita jardueren erabiltzaileen erantzukizun zibila ere.
–Inbentario liburuak eguneratuta edukitzea, ondasunak, haien balorazioa eta instalazioaren eta haren ekipamenduen unean uneko erabilera-egoera zehaztuko dituzten idatzoharrekin
–Osasun Departamentuak edo hura ordezten duen erakundeak eskatzen dituen betekizun guztien tramitazioaz arduratzea.
C) Kontratua hutsaltzea.
Kontratua hutsaltzeko arrazoi izanen dira:
–Aurreikusita eta hitzartuta dauden kirol-programei ez ekitea.
–Udalak onetsitako prezio publikoak ez aplikatzea.
–Urteko lehen hiruhilekoan Udaleko Kultura eta Kirol Informazio Batzordeari kirol-kudeaketaren eta kudeaketa ekonomikoaren gaineko memoria ez aurkeztea.
–Baldintza-agirian ezarritako kanona ez ordaintzea.
–Instalazioa mantentzeko eta kontserbatzeko eginkizunak behar bezala ez betetzea.
–Herritar guztiei instalazioa erabiltzen eta kirol-programetan parte hartzen ez uztea, baldintza bakarrak izanik prezioa ordaintzea eta instalazioaren edo programen edukiera ez gainditzea.
25. artikulua.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edo udalerriko lurzoruaren erabilera arautzen duten beste hirigintza-tresna batzuetan kirol-ekipamenduetarako gordetzen diren lurretan kirol-instalazioak eraikitzeko eta kudeatzeko ekimen pribatua sustatu ahal izanen da, antolamendu juridikoak onartzen dituen moduetatik edozeinetan.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa ahalbidetzeko, Udalaren eginkizuna izanen da bitarteko juridiko eta teknikoak proposatu, bultzatu, gainbegiratu eta kontrolatzea.
IV. TITULUA.–KIROL-INSTALAZIOEN ERABILTZAILEAK
26. artikulua.
Ordenantza honi dagokionez, Udalaren kirol-instalazioen erabiltzailetzat joko da haiek erabiltzen dituen pertsona edo entitate oro, antolatutako kirol-programetan parte hartuz edo kirol-eremu horien lagapen-hartzaile gisa.
Pasibotzat joko dira laguntzaileak eta ikusleak, eta ezin izanen dituzte Udalaren kirol-instalazioak eta horiei atxikitako zerbitzuak erabili. Arau hauek aplikatuko zaizkie beren erantzukizunaren arabera instalazioan dauden bitartean.
27. artikulua.
Erabiltzaile mota hauek bereiziko dira:
1. Abonatuak.
2. Abonatu gabeak, Zizur zendean erroldatuak.
3. Abonatu gabeak, Zizur zendean erroldatu gabeak.
4. Tokiko kirol- eta/edo kultur elkarteak.
5. Beste kirol- eta kultur elkarte batzuk.
6. Ikastetxeak, Zizur zendean egoitza soziala dutenak.
7. Beste ikastetxe batzuk.
8. Beste talde batzuk.
28. artikulua.
Abonatuak izan ahalko dira hala eskatu eta onartu eta ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten pertsonak. Beren datu pertsonalak eman beharko dituzte, eta legez ezarritako prezio publikoa ordaindu.
Abonuak hainbat motatakoak izan ahalko dira. Haien onurak, ezaugarriak eta prestazioak berariaz arautuko dira zerga ordenantzetan.
29. artikulua.
Erroldatuek, erretiratuek eta beren egoeragatik kostua murrizteko eskubidea duten guztiek kasu bakoitzean behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte horretarako ezarritako epeetan.
30. artikulua.
Abonatu gabeko erabiltzaileak dira abonatuak izan gabe instalazioak erabili edo programatutako kirol-jardueretan parte hartzen dutenak. Kirol-instalazioak eta bertan eskainitako zerbitzuak erabiltzen ahalko dituzte, ordenantzan kasuan kasuko zerbitzurako ezarritako tasa edo prezio publikoa ordainduz gero.
31. artikulua.
Kirol-elkarteak eta ikastetxeak erabiltzaile kolektiboak dira, beren jarduerak egiteko Udalaren kirol-instalazioak erabiltzen dituztenean.
Elkarte eta ikastetxe horien artean, honako hauek bereiziko dira:
a) Tokiko kirol-klub eta elkarteak: Zizur Zendeako Udalaren Elkarteen Erregistroan inskribaturik daude, kirolzaleen elkarteak dira, irabazteko asmorik gabekoak, haietako kide eta kirolarien %50, gutxienez, instalazioetako abonatuak dira, eta udalerriaren barnean eta udalerriaren barnerako sustatzen eta egiten dituzte beren kirol-jarduerak.
b) Tokikoak ez diren kirol-klub eta elkarteak: aurreko kasuan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak.
c) Tokiko ikastetxeak.
d) Tokikoak ez diren ikastetxeak.
32. artikulua.
Taldea da deitura baten pean kirol-lehiaketa batean parte hartzen duten pertsonen multzoa.
Tokiko taldea da federazioen, Udalaren edo amateurren kirol-lehiaketa batean deitura baten pean parte hartzen duten pertsonen multzoa. Taldeko kideetatik gutxienez %50ek izan behar dute instalazioetako abonatuak.
33. artikulua.
Erabiltzaileek eskubide hauek dituzte, ezertan ukatu gabe araudi indardunak administrazio publikoekiko harremanetan aitortzen dizkienak:
–Kirol-instalazioetako langileek errespetuz eta adeitasunez hartzea.
–Zizur Zendeako Udalak ematen dituen zerbitzu guztiak erabili eta gozatu ahal izatea, kudeaketa mota edozein dela ere, ezarritako erabilera arauak betez eta prezio publikoa ordaindu ondoren.
–Erabiltzen dituzten instalazio, altzari eta kirol-ekipamenduak erabiltzeko egoera onean egotea.
–Komenigarritzat jotzen dituzten kexa, iradokizun edo erreklamazioak aurkeztu ahal izatea, idatziz, instalazioetan eskura egonen diren orrietan edo Zizur Zendeako Udalaren bulego nagusietan.
–Informazioa jasotzea Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko baldintzei eta haietan eskaintzen diren kirol-programei buruz.
34. artikulua.
Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
–Instalazioak erabiltzean, betetzea ordenantza honen xedapenak eta Udalaren jarraibideak.
–Instalazioak eta haietako ekipamendua behar bezala erabiltzea.
–Funtzionamenduaren anomaliak, hausturak, akatsak edo ordenantza honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak instalazioetako langileei jakinaraztea.
–Beste erabiltzaileen eskubideak errespetatzea, batik bat instalazioetarako erreserbetan eta lagatako gune komunetan.
–Instalazioetan beti gizabidez jokatzea, langileen jarduna eta beste erabiltzaileekiko bizikidetza erraztuz.
–Zizur Zendeako Udalak eskaintzen dituen instalazio eta zerbitzuen truke eskatzen diren prezio publikoak ordaintzea.
–Instalazioetako funtzionamendu ordutegiak errespetatzea, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.
–Indarra duen legerian edo ordenantza honetan ezarritako beste betebehar guztiak.
–18 urtetik beherako adingabeen gurasoak, tutoreak edo haien zaintza dutenak erantzule izanen dira adingabeen instalazioetako erabileraz edo haien portaeraz eta Udalaren kirol-instalazioetan dauden bitartean egiten duten arau-hauste oroz.
–Erabiltzaile adingabeen segurtasuna gurasoen, legezko tutoreen edo haiekin doazen helduen erantzukizuna da, ez beste inorena.
V. TITULUA.–ERABILERA MOTAK
35. artikulua.
Erabilera, jarduera edo egintza arruntak dira:
–Halako batean kirol-instalazio edo eremu bat erabiltzea bere xederako, bakarka edo taldean, prezioa ordaindu eta gero.
–Behin, denboraldi batean zehar edo urte batean zehar, kirol-instalazio edo eremu bat bere xederako erabiltzea, taldean, kirol-instalazioak erabiltzeko prezio publikoei buruzko ordenantzan ezarritako ordainketa-baldintzak betez.
–Kirol-instalazio edo eremu bat erabiltzea, behin, denboraldi batean zehar edo urte batean zehar, bere xedea ez izan arren bateragarria eta baimendua den beste modalitate baterako, ezarritako ordainketa-baldintzak betez.
–Kirol-instalazio edo eremu bat erabiltzea, behin, denboraldi batean zehar edo urte batean zehar, kirola ez izan arren parekoa eta bateragarria den beste jarduera baterako, eskumena duen organoak ezarritako baldintzak betez.
Erabilera, jarduera edo egintza bereziak dira:
–Kirol-instalazio edo eremu bat erabiltzea bakarka edo taldean, behin edo aldi batean zehar, haren xedea ez den eta Zizur Zendeako Udalaren baimena behar duen kirol-jarduera baterako, eta zehazten diren baldintza ekonomikoak betez.
–Kirol-instalazio edo eremu bat erabiltzea, behin edo aldi batean zehar, kirola ez den eta Zizur Zendeako Udalaren baimena behar duen jarduera baterako, eta zehazten diren baldintza ekonomikoak betez.
36. artikulua.
Instalazio bera erabiltzeko bi eskaera edo gehiago aldi berean jasotzen direnean, ondoko irizpideak erabiliko dira, azaltzen diren hurrenkera berean, eskatzaileak ados jarri ezean:
–Kirol-ekitaldiak lehenetsiko dira bestelakoen gainetik.
–Gertakariaren garrantzia.
–Kirol-elkartearen helburu soziala.
–Maila handiagoko lehiaketak, apalagoen gainetik.
–Tokiko kirolariek soilik parte hartzen duten jarduerak, besteen gainetik.
–Eskaera egin den eguna.
37. artikulua.
Instalazio bat, kirolerako edo bestelako jardueretarako, elkarte, entitate, klub edo horrelako bati lagatzeak ez du Zizur Zendeako Udala behartuko inolako asegururik kontratatzera erabiltzaileentzat. Haiek kontratatu beharko dute asegurua, eta egintza edo jardueren ondorioz sor daitekeen erantzukizun osoa erabiltzailearen kontura izanen da.
VI. TITULUA.–TARIFEN ARAUBIDEA
38. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko ordaindu beharrekoak prezio publikoak izanen dira, eta organo eskudunak onetsiko ditu, dagokien arauaren bitartez.
39. artikulua.
Erabiltzaile, klub, entitate, elkarte, kirol-sozietate, ikastetxe, federazio eta abarrekoek Udalaren kirol-instalazioak erabili ahal izateko, Udalak onetsitako prezio publikoak ordaindu beharko dituzte nahitaez.
40. artikulua.
Prezio publikoak unean uneko araudi indardunaren bidez arautuko dira.
41. artikulua.
Kirol-instalazio edo eremu bat erabiltzeko dagozkion prezioak ordainduko dira, dagokion arauan ezarritako moduan.
Udalaren kirol-instalazioak goizez lagatzen ahalko zaizkie Zizur zendeako ikastetxeei. Erabiltzeko lagapen edo baimenak ezarritako epearekin batera amaituko dira. Zizur Zendeako Udalak, hala ere, epea amaitu baino lehen indargabetzen ahalko ditu, ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira.
42. artikulua.
1. Udalaren kirol-instalazioetan egiten diren partidak, lehiaketak eta entrenamenduak ikustera edonor sartu ahal izanen da.
2. Udala izanen da ekitaldi horietarako sarrerak kobratzeko baimena emanen duena, kirol-jarduerak hirugarrenek sustatzen dituztenean.
43. artikulua.
a) Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko saldutako sarreren edo bestelakoen bidez lortutako diru-sarrerak Zizur Zendeako Udalarentzat izanen dira oso-osorik.
b) Enpresa pribatuek antolatutako ekintzetarako sarreren salmentan biltzen diren diru-sarrerak entitate antolatzailearentzat izanen dira oso-osorik. Aldez aurretik, betiere, entitate horrek instalazioa erabiltzeko prezioa eta behar diren zerga atxikipenak ordainduko dizkio Zizur Zendeako Udalari. Gai horri buruz gaur egun dagoen legeria aplikatu beharko da.
44. artikulua.
Udalak kortesiazko sarrerak ematen ahalko dizkie abonatuei.
Kortesiazko sarrerak eduki ahalko dituzte urteko abonua duten heldu guztiek, baldin eta ordaindu beharrekoak ordainduak badituzte eta eskaera egiten badute, eta kategoria bakoitzerako ezarritako zenbatekoa ordaintzen badute dagokion unean.
Kortesiazko sarrerak Udalaren kirol-instalazioen prezio publikoen araudian ezarritakoaren araberakoak izanen dira.
3 urtetik beherako haurrek, kortesiazko sarrera duten helduekin batera sartzen badira, ez dute sarrera hori beharko.
Kortesiazko sarrera dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.
Abonatu bakoitzak honako hauek egiten ahalko ditu:
–Padel-pista erabiltzea abonatuak ez diren 3 pertsonarekin, gehienez ere.
–Kirol anitzeko pista erabiltzea abonatuak ez diren 10 pertsonarekin, gehienez ere.
VII. TITULUA.–UDALAREN KIROL-INSTALAZIOAK MANTENTZEA
45. artikulua.
Udala arduratuko da Udalaren kirol-instalazioen eta haiei atxikitako materialen kontserbazio eta mantentze egokiez. Hartara, eraikinaren eta tresneriaren bizitza baliagarrian zehar une oro bermatuko da eraiki edo eskuratu zirenean xedetzat ezarri zitzaien zerbitzua eman ahal izatea.
46. artikulua.
Udalak berariazko arau egokiak zehaztu eta emanen ditu, bai instalazioak erabiltzeko bai mantentzeko, eta arau horiek nahitaez bete beharko dira.
47. artikulua.
Instalazio bakoitzak bere mantentze plana izanen du, eta bertan jasoko dira, behar adinako maiztasunarekin, azpiegitura, material, makina eta abarrekoetan egin beharreko lanak, banan-banan; hartara beti ezagutuko da elementu bakoitzaren kontserbazio egoera.
Plan hori denboraldi bakoitzaren hasieran, gutxienez, aurkeztu beharko da.
48. artikulua.
Instalazio bakoitzak izanen du, etengabe eguneratua, berari atxikitako ondasunen inbentario zehatza, gertatzen diren gorabeherekin. Inbentario hori Idazkaritza Nagusiari bidaliko zaio, Udalaren Inbentario Orokorrean sar dezan.
VIII. TITULUA.–UDALAREN KIROL-INSTALAZIOEN ERROLDA
49. artikulua.
Udalak bere gain hartuko du Zizur zendeako udalerriko kirol-instalazioen errolda egiteko eta etengabe eguneratzeko eskumena.
50. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioen erroldari instalazio pribatuena edo beste administrazio batzuenak gehitzeko bideak ezarri beharko dira.
51. artikulua.
Errolda eguneraturik eduki beharko da eta hiru urtean behin argitaratu beharko da.
IX. TITULUA.–INSTALAZIOEN ERABILERA LAGATZEA
52. artikulua.
Entrenamendurako edo lehiaketarako eskaerak eskuragarri dagoen eredu ofizialean eginen dira, eta kirol-elkarte edo klubeko buruak sinatuta aurkeztu beharko dira.
Eskaeran jaso behar da talde eskatzailearen gaineko informazioa, helbidea, telefonoa, arduraduna, garatu beharreko kirol-jarduera, kategoria, erabiltzaile kopurua, ziurtagiriak eta abar. Eskaera hori ez da loteslea. Hura onartzeko baldintza izanen dira udalerriaren beharrak, lehenik, eta demanda, bigarrenik. Hileko abonuak egin nahi dituzten entitateek banku-kontuaren zenbakia eman beharko dute ordainagiria helbideratzeko.
Kirol-denboraldia irailaren 1ean hasi eta hurrengo urteko ekainaren 15ean bukatzen da, eskola ordutegian markatutako opor egunak kenduta. Udalak baimendu beharko ditu denboraldi horretatik kanpoko erabilerak eta luzapenak. Baimen hori behin-behinekoa izanen da, eta ezin du aipatu epea gainditu.
53. artikulua.
Irizpide tekniko hauen arabera emanen dira baimenak:
–Entitate, klub edo taldearen egoitza Zizur zendeako udalerrian egotea.
–Jarduera Udalaren helburu eta xedeekin bat etortzea.
–Udalaren interesen alde lankidetzan aritzea.
–Aldez aurretik ezarritako betebeharrak betetzea (kuotak ordaintzea eta arau eta xedapenak betetzea).
Zizur Zendea kirol-klubak lehentasuna izanen du espazioak behin edo aldi batean zehar erabili edo horietan ekitaldiak antolatzeko. Espazio horiek eskatzen dituzten gainerako taldeak haren atzetik egonen dira.
Erabileraren kontzesioa onartzeko beharrezkoa izanen da entitate eskatzaileak ordaindurik izatea Udalaren edozein kirol-instalazio erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa. Salbuespena izanen dira instalazioak goizetan erabili behar dituzten ikastetxeak.
Talde bakoitzeko (edo kirolari multzo bakoitzeko) inprimaki bat beteko da kirol-instalazioa erabiltzeko.
54. artikulua.
Entitateak izanen dira lehiaketa edo entrenamenduetan ikusleek eta kirolariek egiten dutenaren erantzule, Kirolari buruzko 10/1990 Foru Legearen arabera. Lehiaketa ofizialetan egiten diren kalteak federazioari eta/edo klubari jakinaraziko zaizkie, eta kalteak eragin dituen klubeko kirolariei ez zaie instalazioetan sartzen utziko kalteak ordaindu arte.
55. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetan bere lehiaketak jokatzeko baimena eskatu eta lortzen duen talde orok bere lehiaketa-egutegiaren kopia aurkeztuko du.
56. artikulua.
Talde edo klub batek, edozein arrazoirengatik, erabilera-baldintzak aldatu behar baditu, hala erabakita edo ezinbestez (deuseztapenak barne), Zizur Zendeako Udalaren bulegoetara jo beharko du eta behar den denboraz aldaketa iragarri beharko du idatziz. Aldaketak egiteko, subjektuak bere burua identifikatu beharko du, izen-abizenak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia eta zendeako helbidea zehaztuz.
57. artikulua.
Adiskidantzako partidak, atzeratutakoak eta abar, arrazoi bereziengatik, asteko entrenamenduen ordutegian egin beharra dagoenean, baimena eskatu beharko da behar adina denbora lehenago. Ahal dela, beste jarduera paralelo batzuei traba egiten ez zaien orduan eginen dira, eta taldeak instalazioak eskura dituen orduan. Ez da bermatuko harmailak eskuragarri egotea ikusleentzat.
58. artikulua.
Hitzartutako orduan instalazioa ez erabiltzea, aurrez abisatu gabe, hiru aldiz gertatzen bada, kontzesiorako eskubide guztiak galduko dira, eta jokabide hori kontuan hartuko da geroko kontzesioetarako.
Klub, entitate eta gainerakoek behar beste denbora lehenago jakinarazi beharko dute halako egunetan ez dituztela erabiliko laga zaizkien instalazioak.
Mota guztietako jarduera arruntetarako erreserbak deuseztatzeko eskaerak idatziz egin beharko dira, behar den denboraz programatutako kirol-gertakari edo ekitaldirako ezarritako eguna baino lehenago.
Erreserba eginez gero, ez da tasa edo prezio publikoaren itzulketarako eskubiderik izanen. Salbuespena izanen dira justifikatutako arrazoiak.
59. artikulua.
Eguraldiagatik edo ezinbesteko arrazoiengatik, instalazioko zuzendaritzak zerikusirik izan gabe, aurretik hitzartutako partida, entrenamendu edo ekitaldiren bat egiterik ez badago, zuzendaritza konponbidea bilatzen saiatuko da, beste egun batean egin ahal izan dadin instalazio berean edo beste batean.
X. TITULUA.–ALDAGELEN ERABILERA-ARAUAK
60. artikulua.
Aldagelak arropa aldatzeko eta norberaren garbiketarako lokalak dira, eta gehienek badituzte armairuak, bertan gordetzeko kaleko arropak, poltsak eta garbitasunerako gauzak. Funtsean hiru gune dituzte: aldagela, dutxak eta komunak.
Higienea dela eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.
Erabiltzaileek zorrotz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.
61. artikulua.
Erabiltzaileek ez dute arropaz aldatzeko eta garbiketarako behar duten denbora baino gehiago eman behar aldageletan.
62. artikulua.
Ezin da inolako jakirik sartu, ezta kristalezko ontzirik edo gainerako erabiltzaileei min egin diezaiekeen beste ezer ere.
Ez da onartuko inolako jolasik, zalapartarik edo besteak gogaitarazten ahal dituen ekintzarik.
Ez da baimentzen bizarra egitea edo depilatzea.
Ez da arropa, bota edo oinetakorik garbitu behar dutxa eta konketetan, ezta oinetakoak hormen edo zoruaren kontra jo ere.
63. artikulua.
Laguntzaileak ez dira inoiz aldageletan sartuko, hamabi urtetik beherako ikasleekin doazenak izan ezik. Jarduerak irauten duen bitartean, itxaroteko eremuan geldituko dira, hura bukatu arte, eta horrez geroztik utziko zaie sartzen.
64. artikulua.
Armairuak hutsik utzi behar dira jarduera bukatutakoan. Instalazioa ixteko ordua baino lehen, zerbitzuaren arduradunek ireki eginen dituzte hutsik utzi ez diren armairuak.
Saunen erabilera-arauak
65. artikulua.
Saunak erabiltzen ahalko dituzte 16 urtetik gorako pertsonek, instalazioetan abonatuak badira.
Ezin da sauna barruan arropa aldatu; aldagelak erabiliko dira horretarako.
Ezin dira sartu kremak, xaboiak eta antzeko produktuak.
Ezin da norberaren garbiketa saunaren gunean egin (depilatzea, bizarra moztea eta abar).
Ezin da libururik, aldizkaririk edo paperik saunaren gunean sartu.
Saunan sartu baino lehen dutxatu eta lehortu behar da, derrigorrez.
Txankletekin sartu behar da saunan.
Bainujantziarekin edo gabe har daiteke sauna saioa. Bainujantzirik gabe hartzen bada, toalla bat erabili behar da nahitaez, bertan eseri edo etzateko.
Padel-pistak eta pilotalekuaren erabilera-arauak
66. artikulua.
Padel-pistak eta pilotalekua erreserbatzeko, honako hauen arabera jardunen da:
–Pista erreserbatzeko horretarako prestatutako aplikazio informatikoa erabiliko da.
–Erreserba kirol-instalazioetan sartzean ordainduko da.
–Erreserbak, urteko hitzarmenak salbu, egunean bertan egin ahalko dira, egun horretako edozein ordutarako edo hurrengo egunerako. –Udalaren kirol-instalazioetan abonatutako erabiltzaileek erreserba egiten ahalko dute hirurogeita hamabi ordu lehenago.
–Erabiltzaile bakoitzak egunean bi orduz alokatzen ahalko du gehienez ere, kirol-klubak eta ikastetxeak salbu, haiekin Udala ariko baita elkarlanean denboraldiaren hasieran urteko erreserben egutegi bat egiteko.
–Erreserbak kontrolatzeko, erreserban bertan erabiltzaile bakoitzak harremanetarako datuak emanen ditu.
–Edozeinek pista erreserbatzen ahalko du beste abonatu batendako, betiere erabiltzaile horren harremanetarako datuak ematen baditu.
–Ezin izanen da laguntzailerik sartu pistetara.
–Ordainketa egoeraren arabera eginen da: abonatua, abonurik gabeko erroldatua eta/edo abonurik gabekoa eta erroldatu gabekoa.
Igerilekuen erabilera-arauak: igeri-ontziak eta ur bazterrak
67. artikulua.
Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu dokumentu honetako arau hauek, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.
–12 urtetik beherako haurren guraso edo legezko tutoreak izanen dira horien arduradun nagusiak, are gehiago ez badakite igeri egiten.
–Sorosleak (eta instalazioko gainerako langileek) aginpidea du kargu hartu eta instalazioetatik botatzeko ekipamenduaren erabilera okerra egiten ari diren erabiltzaileak zein gainerako erabiltzaileen ongizate fisikoa arriskua jartzen dutenak.
–Halaber, instalazioko langileek ahalmena dute jarduteko gainerako erabiltzaileei errespetu faltak egiten dizkieten erabiltzaileei dagokienez.
–Hamabi urte bete arte, adingabeek adin nagusiko batekin egon behar dute, eta horrek hartuko du adingabeen jokabidearen ardura.
–Hamabi urtetik hamazazpi urtera bitarte, bere kabuz sar daitezke, igeri egiten baldin badakite.
Ez da onartuko igerilekuko zabalguneetan edo uretan jatea, erretzea eta isur daitezkeen edariak sartzea, horretarako egokituta eta seinalatuta dauden piknik guneetan izan ezik.
Ezin da mahairik eta horrelako elementurik sartu, aulkiak eta eguzkitakoak salbu.
68. artikulua.
Erabiltzaileek igeriketa librerako erabili ahalko dituzte beste zerbaitetarako (ikastaroak, entrenamenduak etab.) mugatuta ez dauden aldeak soilik, eta ez dira igaroko mugatutako alde horietatik, jardueretan traba ez egiteko.
Ez da onartuko:
–Izena eman ez dutenek kirol-eskolako materialak (oholak, mahukak etab.) erabiltzea.
–Aipatu zonak mugatzen dituzten kortxo-ilaratik zintzilikatzea edo gainera igotzea.
–Igerilekuan beste erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer erabiltzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak, koltxoi puzgarriak, baloiak, pilotak, etab.).
Horren salbuespen dira igeritako betaurrekoak, mahukak, burbuilak eta akats fisikoak edo erredurak estaltzeko elastikoak.
–Ur bazterrean eta igeri-ontzietan gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ez da lasterka ibili behar, ez baloiekin jostetan, ez joko bortitzetan, ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei molestia egin edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.
–Mozkor egonda bainatzea.
–Guztiz debekaturik dago listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea okertzen ahal duen edozein gauza.
–Buruz botatzea.
Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin. Aparteko kasuetan, kaleko oinetakoak plastikozko oinetako babesez estalita sartzen ahalko da. Mantentze-lanetako edo osasun arloko langileek ia beste inork ez du eginen.
Uretan sartu aurretik dutxatik pasatu behar da, eta komeni da bainatu ondoren ere dutxatzea. Komeni da bainu-betaurrekoak eta belarrietako tapoiak erabiltzea.
Debeku da deus botatzea uretara, edo arropa nahiz edozein motatako gauzak sartzea, igeriketari lotuta ez badaude.
69. artikulua.
Plisti-plastako igerilekuak 6 urtetik beherakoek erabiliko dituzte soil-soilik. Haiekin adin nagusiko bat egonen da beti. Plisti-plastako igerilekuan flotagailuak, burbuilak eta mahukak erabili ahal dira.
Gazteek eta helduek debeku dute plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, haur txikiak zaintzen ari diren helduak izan ezik. Halakoetan, pertsona heldu horiek igeri-ontzian eta haren inguruan egon behar dute, eta uretara sartuko dira bakar-bakarrik beharrezkoa baldin bada, eta heldu bat baizik ez haur bakoitzeko.
Nahitaezkoa izanen da haurrek, oso txikiak izan arren, bainujantzia eta pixoihala erabiltzea.
Soropilaren erabilera-arauak
70. artikulua.
Soropilean ez da egintzarik edo jarduerarik onartzen jendearen lasaitasuna edo erosotasuna eragozten ahal badu edo gainerako erabiltzaileei arriskua ekartzen ahal badie. Hortaz, ez da onartuko inor kirol bortitzetan edo lasterketetan aritzerik, entzungailurik gabeko musika aparatu partikularrik edo orratzik erabiltzerik, eta, orokorrean gainerako erabiltzaileei traba edo soropilaren kalitateari kalte egiten ahal dien guztia.
Soropilean espresuki debeku da baloika aritzea.
Erretegiak eta askaldegien erabilera-arauak
71. artikulua.
Erretegietan, erabiltzaileek arduratu behar dute bankuak eta mahaiak behar bezain garbi uzteaz, baita hondakinak zabor-poltsetara sartu eta horretarako dauden edukiontzietan uzteaz ere.
Debeku da askaldegian lasaitasuna galaraziko duen edozein ekintza edo jarduera gauzatzea.
Futbol-zelaien erabilera-arauak
72. artikulua.
1. Kirol-oinetako egokiak jantzi beharko dira futbol-zelaia erabiltzeko:
–Belar-zelaian, takoak dituzten futbol oinetakoak.
–Pista edo pilotalekuan, takorik gabeko kirol-oinetakoak.
Erabat debekaturik daude:
–Kaleko oinetakoak eta mendikoak.
Joko-zelaia zapaldu aurretik garbitu ongi oinetakoak, belarra hondatzen duen elementurik ez sartzeko.
Debekaturik dago zelaia zikintzen duen edozer botatzea:
–Pipita eta fruitu lehorren azalak
–Zigarretak eta zigarrokinak
–Paperak
–Txikleak, etab.
2. Baimendutako klubek, entitateek eta abarrek ez dituzte zelaiarekin lotuta ez dauden kirol-instalazioak erabiliko.
Muskulazio gelaren erabilera-arauak
73. artikulua.
Muskulazio gelan sartzeko abonatua izan behar da, 18 urtetik gorakoa edo 16 eta 18 urte bitarteko adingabea (gurasoen edo tutoreen idatzizko adostasunarekin).
Muskulazio gelako monitoreak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.
Muskulazio gelaren erabiltzaileek erabilitako ekipamendua bere lekuan utzi beharko dute, gela ordenan egoteko eta garbitu ahal izateko.
Aitzinetik osasun azterketa egiteko gomendatzen zaio erabiltzaileari.
74. artikulua.
1. Erabiltzaileek kirol-arropa egokiak eta garbiak erabiliko dituzte.
2. Kirol-oinetakoak muskulazio gelarako soilik jantziko dira eta azpiak garbi edukiko dira.
3. Ezin izanen da sartu txankleta, igerilekurako oinetako edo antzekoekin.
4. Erabat debekaturik dago elastikorik gabe entrenatzea.
5. Erabiltzaileei gomendatzen zaie bigarren elastiko bat erabiltzea, jarduera aerobikoak luzaroan eginez gero.
6. Gelan eskuoihala erabili behar da nahitaez.
7. Komeni da eskularruak erabiltzea.
75. artikulua.
Ekipamenduaren erabilera.
1. Bai makinetan bai koltxoietan gorputzak ukitzen duen aldea eskuoihalaz estaliko da.
2. Erabiltzaileen txandak arindu eta erabilera hobetze aldera, arren eskatzen da ez egoteko makinetan hizketan edo atseden hartzen.
3. Makinak ez dira kolpeka eta zakar erabiliko.
4. Ariketa amaitutakoan kirol-materiala bere lekuan utziko da.
5. Musika aparatuak, telebistak, ordenagailua eta abar instalazioko langileek soilik erabiliko dituzte.
6. Ezin da kirol-poltsarik sartu gelan.
7. Gela garbitzeko eta diskoak eta halterak ongi zaindu, kontserbatu eta garbitzeko, ezin dira banku eta aparatuen gainean utzi.
8. Derrigorrezkoa da ekipamendua zentzuz erabiltzea, entrenatzaileen jarraibideak kontuan hartuz, minik ez hartzeko. Makinaren baten funtzionamendua ezagutzen ez denean, galdetu entrenatzaileei.
Erabilera anitzeko gelaren erabilera-arauak
76. artikulua.
Instalazioak Udalaren eta Zizur Zendea kirol-klubaren programa orokorreko jarduera arautuetarako dira soilik. Beraz, ikasle taldeak ez direnek ezin dituzte noiznahi erabili, baizik eta programa orokorreko jarduerarik ez dagoen urte-sasoietan, betiere instalazioa erabiltzeko moduan badago.
Ikastaroetatik kanpo, kirol-eremu hori itxita egonen da.
1. Jarduerarako oinetako egokiak erabili behar dira eta ezin da gelara sartu kaleko oinetakoak jantzita.
2. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol-eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.
3. Arreta berezia jarri behar da materiala behar bezala erabiltzen, alferrikako matxurak eta kalteak saihesteko.
4. Kirol-materiala (koltxonetak, stepak, halterak, etab.) erabili ondoren jaso beharko dira, eta bakoitzari dagokion lekuan utzi.
5. Komeni da eskuoihala erabiltzea koltxonetetan edo lurrean izerdirik ez uzteko.
6. Salbuespenez, Udalak gelak alokatu edo lagatzen ahalko ditu interes sozialeko jardueretarako.
Harmailen erabilera-arauak
77. artikulua.
Ikusleentzako aldea da. Kirol-gertakariak, partidak, kirol-agerraldiak edo emanaldiak eta horrelakoak egiten direnean erabiltzen da.
Kirol-eskolen saio eta entrenamenduen ordutegietan, harmailak itxita egonen dira.
Ez da onartuko:
–Kirol-instalazioetan erretzea.
–Harmailak zikintzea eta haietan hondakinak uztea.
–Beirazko ontziak, latak edo erabiltzaile eta kirolariak zauritu ditzaketen beste objektu batzuk sartzea.
–Korrika, jolasean edo mailaz maila saltoka aritzea, eta beste erabiltzaileak gogaitarazten dituzten gauzak egitea.
–Objektuak jaurtitzea harmailetatik pistara eta alderantziz.
–Palkoak, kabinak edo erreserbatutako guneak baimenik gabe erabiltzea.
XI. TITULUA.–KIROL-IKASTAROAK
78. artikulua.
–Udalak ezarriko ditu kirol-ikastaroetan parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak.
–Kirol-ikastaro guztietan jarduera bakoitzeko gutxieneko eta gehieneko izen-emateak egonen dira, eta eskaerak eskaintza gainditzen duenean, zozketa eginen da.
– Bajak egonez gero, itxaron-zerrendako pertsonei deituko zaie.
–Ikastaroak bertan behera utziko dira ez bada betetzen gutxieneko izen-emateen kopurua.
–Kirol-ikastaro batean izena eman ondoren, ez da inola ere berreskuratzen ahalko (osasun arrazoiengatik izan ezik) ordaindutako diru kopurua, baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada.
–Zenbatekoa itzuliko da jarduera hasi baino lehen izena emana duen pertsonak bere borondatez eskatzen badu baja ikastaroan. Baja horren arrazoiak justifikatu beharko ditu betiere.
–Kirol- eta kultur ikastaro guztietan bertaratzeen jarraipena eginen da, eta pertsona bati baja emanen zaio inoiz bertaratzen ez denean soilik, aurretiaz jakinarazi ondoren. Neurri hori hala dago jarria, itxaron zerrendan dagoen eskaerari bidea emateko.
–Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol-jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu.
XII. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
Zizur Zendeako Udalari dagokio instalazioetako abonatu edo erabiltzaileendako zehapen neurriak hartzea, ordenantza hau bete dadin, eta instalazio barneko udal ondasunak begiratu beharrez.
79. artikulua.
Hona hemen zehapena ezartzeko prozedura:
–Ordenantza honetako edozein arau ez betetzeak berekin ekar dezake txartela kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.
–Ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak Zizur Zendeako Udaleko idazkariak instruituko ditu.
–Tramitazioa burututa, Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburuak emanen du bidezko ebazpena.
–Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legerian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira.
–Errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.
80. artikulua.
Arau-haustea izanen da ordenantza honetan eta kirol-eremuen berariazko araudiari buruzko eranskinetan jasotako arauak hausten dituen egitate oro, eta ekarriko du apartatu honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzea.
Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
81. artikulua.
Arau-hauste arinak:
–Kirol-eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.
–Kirol-instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.
–Kirol-instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, salbu eta eguneko sarrera edo berariazko baimen puntuala dutenentzat, kirol-ikastaro batean izena emanda daudenentzat edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoak direnentzat.
–Espresuki debekaturiko eremuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.
–Kirol-instalazioen barnean erretzea, horretarako ezarritako aldeetan izan ezik.
–Armairuak modu desegokian erabiltzea edo horiek kirol-instalazioetako ordutegitik kanpo erreserbatzea.
–Instalazioen ardura duten langileen oharrei kasurik ez egitea.
–Bi zehapen-abisu izatea.
Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:
A) Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 15 egunerako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.
B) Kargu hartze publiko edo pribatua.
C) Zehapen-abisua aplikatzea.
D) 50 eurotik 150 eurora bitarteko isuna.
Arau-hauste arinen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.
Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.
82. artikulua.
Arau-hauste astunak dira:
–Liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea, dela instalazioetako langileekin, dela erabiltzaileekin.
–Kirol-instalazioak hondatzen dituzten animaliak eta/edo produktuak sartzea.
–Instalazioak nahita zikintzea edo hondatzea.
–Igerilekuetako uraren kalitatea okertzea.
–Kirol-instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.
–Abonatu txartela modu desegokian erabiltzea.
–Hiru hilabeteko epean 5 arau-hauste arin egitea.
–Abonatu txartela beste edonori uztea instalazioan sartzeko.
–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste arau-hauste oro.
–Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.
–Instalazioetan sartzea mozkor zantzu nabarmenekin edo drogen eraginpean.
–Ez ordaintzea instalazioetako armairuak ordutegitik kanpo erabiltzeagatik ezarritako isuna.
–Ez ordaintzea instalazioetan sortutako kalte eta galeren zenbatekoa.
–Instalazioetara sartzea edo horiek erabiltzea eritasun kutsakorrak edo zauri infekziosoak izaten direnean, gainerako erabiltzaileentzat arriskugarriak izan daitezkeenak edo instalazioetako higiene eta osasun baldintzei eragiten ahal diezaieketenak.
–Instalazioaren barrenean ordena larriki nahasten duen edozer egitea edo ez egitea.
–Arau-hauste larria egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:
A) Kirol-instalazioetatik behin betiko egoztea, eta abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.
B) Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 6 hilabeterako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.
C) 150 eurotik 750 eurora bitarteko isuna.
Arau-hauste larrien ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.
Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.
83. artikulua.
Arau-hauste oso astunak dira:
–Instalazioak eta/edo kirol-materiala hondatzea, ebastea edo lapurtzea.
–Instalazioetako langileei edo gainerako erabiltzaileei gorputzez, hitzez edo psikologikoki eraso egitea.
–Erabiltzaileen nahiz langileen gauzak ebatsi edo lapurtzea.
–Instalazioaren barnean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki okertzen dituzten jarduketak.
–Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.
–Instalazioetara sartzea edozein arma mota aldean eramanik.
–Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.
–Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea
–Urtebetean 3 arau-hauste astun egitea.
–Arau-hauste oso larria egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:
A) Kirol-instalazioetatik behin betiko egoztea, eta abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.
B) Kirol-instalazioetatik denbora baterako bidaltzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, abonuak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.
C) 750 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.
Arau-hauste oso astunen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpen bidetik erreklamatu ere.
Arau-hauste eta zehapen oso astunek 4 urtera preskribatuko dute.
84. artikulua.
Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.
Errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.
85. artikulua.
Zehapen araubideari aplikatzen ahal zaion arautegia honako hauetan ezarritakoaren arabera arautuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/3092 Foru Legearen IX. titulua ("Zehatzeko ahala ") eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua.
86. artikulua. Kalteak konpontzea eta fidantza konfiskatzea.
Instalazioen erabilera pribatiboa dela eta, haietan edo hango altzarietan eta ekipamenduan kalteak egiten direnean, onuradunak bermearekin erantzunen du, eta hortaz, kendu eginen zaio, ezertan ukatu gabe eska dakizkiokeen erantzukizunak.
87. artikulua. Erantzuleak.
Erabiltzaileak, kirolariak, entrenatzaileak, irakasleak, taldeak eta taldeetako kideak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
88. artikulua. Organo eskuduna.
Ikuskapena, zaintza eta kontrola Zizur Zendeako Udaleko langileei dagozkie.
89. artikulua. Zehapen espedienteak tramitatzea.
Salatzen diren ekintzen ondorioz zehapen espedientea irekiko da eta abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako printzipio eta prozeduren arabera tramitatuko da.
Instalaziorako sarbidea galaraziko da bidezko zehapena erabiltzaile arau-hausleari ezartzen zaion bitartean.
90. artikulua. Behin-behineko neurriak.
Zehapen espedientea hasita, noiznahi hartzen ahalko dira behin-behineko neurriak, ezinbestekoak badira prozedura behar bezala bideratzeko, ezar litekeen zehapenaren prozedura bermatzeko edo arau-hauste gehiago egin dadin eragozteko.
91. artikulua. Behin-behineko neurriak.
Egindako arau-hausteen ezaugarrien eta larritasunaren araberakoak izanen dira, eta aurreneurriak ere izan daitezke, bereziki honakoak:
a) Instalazioetara sartzeko debekua.
b) Erabiltzaile txartela, kirol-fitxa, abonuak eta instalazioak erabiltzeko baimena etetea.
c) Hitzarmena etetea.
92. artikulua.
Presako kasuetan, arau-haustea astuntzat edo oso astuntzat jotzen ahal denean, prozedura hasteko eskumena duen organoak edo instrukzio organoak behar diren behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu.
93. artikulua. Ordaina ematea eta kalte-ordaina.
Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Udalari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:
a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.
b) Sortutako kalte eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.
Zehapenak aplikatzeko, irizpide hauei jarraituko zaie horiek zehazterakoan:
1. Intentzionalitatea.
2. Egitatea ezkutatzeko asmoa.
3. Zerbitzuari egin zaion kaltea.
4. Instalazioei eta kirol-materialari egindako kalteak, baita erabiltzaileen gauzei ere.
5. Berrerortzea.
6. Noraino hartu den parte.
7. Arau-haustea egiteak egileari ekarri dizkion onurak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Iragarkiaren kodea: L2310872
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
