2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Ordenantza, Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen hornidura elektrikoa arautzen duena. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2023ko maiatzaren 2an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordenantza, Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen hornidura elektrikoa arautzen duena (argitaratu zen 2023ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 6an).
Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa, eta aldatu egin zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).
Berriobeitin, 2023ko uztailaren 24an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.
ORDENANTZA, IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZUTOINEN HORNIDURA ELEKTRIKOA ARAUTZEN DUENA
Oinarria eta araubidea
1. artikulua.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11-15 eta 28-35 bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz, Berriobeitiko Udalak udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua arautu du, eta erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezarri ditu.
Zerbitzua ematea
2. artikulua.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua horretarako prestatutako instalazioaren bidez eskainiko da. Instalazioak honako aparkaleku publiko hauetan egonen dira:
–Garbikundearen Andre Mariaren kalea 1, Berriobeiti.
–Andrelopa kalea, 19. zenbakiaren aurrean, Berriobeiti.
–Larragetako errepidea z.g., Añezkar.
–Ezkaba Mendia kalea 1, Aitzoain.
–Auzalor kalea, Artika.
–Leonor Akitaniakoaren kalea 4, Artika.
–Monkamier kalea, Artika.
–Plaza de Mayoko amen kalea 7, Artika.
–Plaza de Mayoko amen kalea 25, Artika.
Berriobeitiko Udalak etorkizunean beste instalazio batzuk ezartzen ahalko ditu Berriobeitin.
Ordaindu beharraren sorrera
3. artikulua.
Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua erabiltzen badute, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Berriobeitiko Udalari.
Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzuaren prestazioa edo jarduera hasten denean; Berriobeitiko Udalak, ordea, eska dezake aldez aurretik ordaintzea haren zenbateko osoa edo zati bat, jarraikiz martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 34. artikuluko 1. apartatuari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Ordaintzera behartuak
4. artikulua.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.
Ibilgailu bakoitza egunean gehienez ere 3 orduz kargatzen ahalko da.
Zenbatekoa
5. artikulua.
Prezio publikoagatik jaso beharreko eskubideen zenbatekoa izanen da ordenantza honen tarifen eranskinean ezarritakoa.
Berriobeitiko Udalak eranskin hori eguneratzen ahalko du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedura betez.
Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.
Kobrantza
6. artikulua.
Zerbitzua ematen hasten den une berean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.
Zerbitzua ematen ez bada, prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko edo juridikoari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik, ordaindutako zenbatekoa itzuli eginen da.
Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.
Kobratzeko prozedura
7. artikulua.
Udalak kobratzeko lehentasunezko sistema bat ezarriko du, berariazko aplikazio informatiko baten edo batzuen bidez, eraginkortzat jotzen baditu; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agenteek emandakoak.
Sistema horiek erabiltzeak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori, gehienez ere, kargaren zenbatekoaren %5 izanen da, eta 0,1 euroko kostu finkoa karga bakoitzeko.
AZKEN XEDAPENA
Berriobeitiko Udalak 2023ko maiatzaren 2an egin osoko bilkuran onetsi zuen hasiera batez udal zerbitzu hau emateko eta prezio publikoa ezartzeko erabakia, bai eta dagokien ordenantza onestekoa ere.
Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onetsitakoan eta testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta Berriobeitiko Udalak erabaki arte indargabetzea edo berariaz aldatzea.
TARIFEN ERANSKINA
Ibilgailu elektrikoen karga erdilasterraren zerbitzua emateko tasak
Ibilgailu elektrikoen karga lasterraren zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik kargatze puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energia elektrikoaren unitateko prezioa.
Unitateko prezioa (BEZa barne), ibilgailu elektrikoen bide publikoko karga "erdilasterraren" zerbitzurako:
Karga "erdilasterreko" zerbitzua (potentzia ≤ 22 kW): Erroldatu gabekoentzat, 0,35 euro kilowatt-orduko; erroldatutakoentzat, 0,30 euro kilowatt-orduko.
KARGATZEKO ZUTOINAK OKUPATZEA | DENBORA-TARTEA | TARIFA (EUROAK MINUTUKO) |
Karga amaitu ondoren | 1 eta 15 minutu bitartean | 0,00 |
Karga amaitu ondoren | 16 eta 30 minutu bitartean | 0,15 |
Karga amaitu ondoren | 31 eta 60 minutu bitartean | 0,20 |
Karga amaitu ondoren | 60 minutu baino gehiago | 0,30 |
Iragarkiaren kodea: L2311045