165. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1644/2023 EBAZPENA, 2023ko uztailaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei buruzko politika arautzeko jarraibideak aldatzen dituena".

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, erabaki hau argitaratzeko agindua ematen dut:

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NUPeko IRAKASLEEI BURUZKO POLITIKA ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK ALDATZEN DITUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20. artikuluaren b) apartatuak xedatzen du Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dagoela "jarraibide orokorrak eta horiek aplikatzeko prozedurak onestea, ikasketak, ikerketa, eta giza eta ekonomia baliabideak antolatzeko arloetan".

Gobernu Kontseiluak, 2020ko irailaren 18an egindako bileran, NUPeko Irakasleei buruzko Politika Arautzeko Jarraibideak onetsi zituen. Jarraibide berri horiekin, indargabetuta gelditu ziren aurrekoak, Gobernu Kontseiluak 2016ko ekainaren 15ean onetsiak.

Egungo araudiak elkarren kontrako zenbait interpretazio sortu ditu puntu jakin batzuetan. Horregatik, aldaketa zehatz bat proposatzen da egoera hori argitzeko. Gainera, egungo araudiak kontratupeko irakasle doktoreak aipatzen ditu, eta haiek ez dira agertzen gaur egungo Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoan (LOSU). Hori dela eta, kontratupeko irakasle doktorearen (KD) figuraren ordez lan kontratudun irakasle iraunkorrarena (LKII) erabiliko da.

Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta, eta irakasle eta ikertzaileen mahaiari eta Enpresa Batzordeari entzun ondoren, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaidatu ondoren, 2023ko uztailaren 26an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA

Lehenbizikoa.–Irakasleei buruzko Politika Arautzeko Jarraibideak aldatzea, hiru alderdi zehatz hauetan:

–3.1.2 puntuko ("UT eta KD kategorietako lanpostuak esleitzeko bideak") C apartatua ("Talentua atxikitzea") erabaki honen eranskinean adierazten den bezala idatzita geldituko da.

–Araudi honetan KD figura aipatzen den bakoitzean, LKII jarri behar da haren ordez.

–Ezabatu egiten da 5. puntua, irakaskuntzako ordezko irakasleek aldi baterako lanpostuak betetzeari buruzkoa.

–4. puntuan, ezabatu egiten da laguntzaile postuaren erreferentzia.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.

Laugarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.

Bosgarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Irakasleen Gaietarako errektoreordeari, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari eta sailetako zuzendariei.

Seigarrena.–Erabaki honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita".

Iruñean, 2023ko uztailaren 28an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

1. Aldatu egiten da 3.1.2 puntua, "UT eta KD kategorietako lanpostuak esleitzeko bideak" izenekoa, eta haren C apartatua, "Talentua atxikitzea", honela idatzia gelditzen da:

3.1.2. UT eta LKII kategorietako lanpostuak esleitzeko bideak.

C.–Talentua atxikitzea.

UT kategoriako lanpostuak hornituko dira, promozio irizpideetan oinarrituta, sailei esleitzen zaien eskaera-epea amaitzen den egunean CNEAIk edo ebaluazio nazionalerako organismo eskudunak modu positiboan ebaluatutako ikerketaldi bat gutxienez duten irakasle eta ikertzaile hautagaiak dituzten arloetan. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoan bi urteko antzinatasuna egiaztatu beharko da gutxienez, eta, bestetik, ikerketa-jardueraren azken ebaluazioa ez dela kontrakoa izan.

LKII kategoriako promozio bidezko lanpostuak hornituko dira hau egiaztatzen duten irakasle eta ikertzaile hautagaiak dituzten arloetan: Nafarroako Unibertsitate Publikoan gutxienez ere bi urteko antzinatasuna dutela eta beren irakaskuntza-jardueraren azken ebaluazioa ez dela kontrakoa izan.

Bi kasuetan, irakaskuntzaren beharra justifikatu beharko da, baldin eta promozioak arloko Egiazko Ahalmena handitzea badakar.

Honako hauek izanen dira ordena ezartzeko irizpideak:

a) Antzinatasuna UTrako edo LKIIrako/KDrako akreditazioan. Irizpide honek % 70eko pisua edukiko du. Hura kalkulatzeko, aldi hau zenbatuko da, egunetan adierazia: ANECAk UTaren edo LKIIaren/KDaren akreditazioa emateko ebazpenaren dataren eta sailek promozio irizpideetan oinarritutako lanpostuak esleitzeko eskaerak bidaltzeko epea amaitzen den dataren artean dagoen aldia.

b) Ikerketa-jarduera ebaluatzeko indizea (IJEI), honela kalkulatua:

Non:

CNEAIn lortutako ebaluazio positiboen kopurua: CNEAIk edo ebaluazio nazionalerako beste organismo eskudun batek ikerketa-jarduerari dagokionez egindako ebaluazioen kopurua.

LPEaren urtea: gauzatu beharreko LPEari dagokion urtea (Estatuko Aurrekontuen Lege Orokorraren arabera zein urtetan onartu zen).

Tesiaren urtea: tesia zein urtetan irakurri zen, UISIren datuen arabera.

n: 16 asteko edo gehiagoko baja-aldien kopurua adierazten duen zenbaki oso bat.

Moztu(x) funtzioak x-tik beherako zenbaki osorik handiena itzultzen du (x zenbakiaren parte frakzionarioa ezabatzen du) edo x, hura zenbaki osoa bada.

LKII lanpostuetan, hautagai baten ebaluazioen kopurua 0 bada, haren IJEI indizea 0 dela ulertuko da.

Irizpide honek % 30eko pisua edukiko du.

Aurreko aldagai bakoitzaren baremazioa egiterakoan, puntuazio gorena emanen zaio irizpide bakoitzean kalkulatutako balio handienari, eta gainerakoa dagokion proportzionaltasun arauaren bidez normalizatuko da. Horren emaitza jakintza-arloen eta sailen arabera ordenatutako zerrendak izanen dira.

Irakasle ikertzaile baten baremazioak arlo zehatz batean lanpostu baterako aukera ematen badu baina irakasle edo ikertzaile horrek ez badu lanpostu hori lortzen, bi urtez baztertuko dute promozio irizpideetan oinarritutako kategoria bereko lanpostuak esleitzeko prozesutik. Nolanahi ere, ez bada aurkeztu ezinbesteko kausa justifikaturen bat dela-eta, gabealdiak ez du eraginik izanen. Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak eginen du kausen balorazioa, Unibertsitateko zerbitzu juridikoen iritzia entzun eta gero.

Nolanahi ere, sailak lanpostuak kudeatzeko prozesuan hautagaitzak erretiratu ahal izanen ditu ezinbesteko kausagatik, betiere ukoa dagokion prozedurak zehaztutako epeetan egiten bada.

2. KD lanpostuei buruzko arau-erreferentziak LKII lanpostuenekin ordezten dira.

3. 4. apartatuan, ezabatu egiten da laguntzaile lanpostuen erreferentzia.

4. Ezabatu egiten da 5. apartatu osoa, premia iraunkorrak betetzeko aldi baterako lanpostuei buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: F2311193