165. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

377/2023 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoetarako deialdia egiten baita eta txapelketaren nondik norakoa arautzen duten oinarrizko irizpideak eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza-hitzarmenen testua onesten baitira, baita egin beharreko jarduerari aurre egiteko gastua ere.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.14 artikuluan, erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluan jasotzen da zer helburu dituen Nafarroako administrazio publikoen kirol politikak; horien artean, hauek nabarmentzen dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko kirol-jarduera fisikoetan, kirola modu jarraian egin ahal izateko, atsegin hartuz, jostatuz eta osasuna hobetuz.

b) Begiratzea batez ere adingabeentzat diren edo adingabeek parte hartzekoak diren kirol jardueren helburua izan dadila pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzea, eta jarduera horiek haurraren edo gaztearen egoera fisikora, gaitasunetara eta premietara egokitu daitezela. Gorputz hezkuntza eta kirola bultzatu, ezarri eta garatuko da hezkuntzako maila, gradu eta modalitate guztietan, eta eskola adineko kirola sustatuko da ariketa fisikoa eta kirol jarduera bultzatuz, bai jolas gisakoa, bai lehia gisakoa.

c) Oinarrizko kirola eskola garaitik sustatzea beste edozein kirol jardueraren gainetik, hori baita gakoa Nafarroako kirola maila guztietan gara dadin.

Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g) artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolatze adinean dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea; eta 14.1 artikuluan, berriz, ezartzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatearen betebeharra dela eskola-umeentzako kirola sustatzeko programak egitea, lankidetzan jardunez toki-erakundeekin, Nafarroako kirol entitateekin eta, hala balegokio, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin, hala nola kirol federazioekin.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Kirol Jokoen programa antolatzen eta arautzen du Nafarroako Foru Administrazioak, eskola-umeentzako kirola sustatzeko eta kirol eta kategoria bakoitzean Nafarroako txapeldunak nor izanen diren erabakitzeko, hori baita Nafarroako txapelketa ofizial bakarra adin horietako umeentzat.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak –ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatuak– onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Gobernuari kirol arloan dagozkion eskumenak erakunde autonomo horrek gauzatuko dituela, Kultura eta Kirol Departamentuko titularraren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta babesaren pean, eta estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean dago ondokoa: Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea eskuordetu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

Kirola Sustatzeko Atalaren eginkizunak dira, orobat, Nafarroako Kirol Jokoak bultzatzea, koordinatzea, kudeatzea eta gainbegiratzea, gehienbat eskola-umeentzako kirol programa gisa, kirolaren balio hezitzaileak sustatuz, genero berdintasuna, kirol inklusiboa eta kiroltasuna bereziki, elkarlanean jardunez Nafarroako kirol federazioekin eta toki-erakundeekin, eta, halaber, eskola-umeek kirol jarduerak egin ditzatela sustatu eta bultzatzea.

Azken hogeita hamasei ikasturteetan, "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko kirol programa egin da: Nafarroako eskola-umeei zuzendutako eskaintza bateratua da, non parte-hartze librea bermatu baita beti. Haren antolaketan Nafarroako Kirolaren Institutuarekin elkarlanean aritzen dira Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten modalitateetako Nafarroako kirol federazioak.

Programaren aurrekontu osoa 1.345.000 eurokoa da, eta horietatik 427.000 euro 2023ko aurrekontuari dagozkio: horietatik 110.000 euro autobus garraiorako izanen dira, 305.000 euro kirol federazioen antolaketa gastuetarako eta 12.000 euro Nafarroako Kirol Jokoen istripu-aseguruaren poliza ordaintzeko. Eta 918.000 euro 2024ko aurrekontuari dagozkio: 230.000 euro autobus garraiorako izanen dira, 2.000 euro memoriaren edizio digitalerako, 35.000 euro kirol finalen emankizunetarako, 631.205,62 euro kirol federazioen antolaketa gastuetarako, 3.239,77 euro txapelen hornidurarako eta 16.554,61 euro NKJen dominen eta garaikurren hornidurarako.

2023ko maiatzaren 31n hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari urte anitzeko 1.345.000 euroko gastu-konpromisoa har dezan, Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoen antolamendu orokorraren gastuei aurre egiteko. Zenbateko horretatik, 427.000 euro 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002 A5100 2269 336102 partida ekonomikoaren kargura egotziko dira: horietatik 110.000 euro gordeta daude autobus garraiorako, eta 12.000 euro, berriz, NKJen istripu-aseguruaren poliza ordaintzeko. Eta 305.000 euroko erreserba eskatzen da kirol federazioen antolamendu gastuetarako.

Era berean, 918.000 euro egotziko dira "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002 A5100 2269 336102 partida ekonomikoaren kargura, edo 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den antzeko partidaren edo partiden kargura: horietatik 230.000 euro autobus garraiorako gordeko dira, 35.000 euro kirol-finalak emateko, 3.239,77 euro txapelen hornidurarako, 16.554.61 euro garaikurren eta dominen hornidurarako, eta 631.205,62 euroko erreserba bat sortu behar da kirol federazioen antolamendu gastuetarako eta 2.000 euro JDNen memoriaren edizio digitalerako.

Azaldutakoak kontuan harturik, bidezko da Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoetarako deialdia egitea eta joko horiek arautzeko oinarrizko irizpide orokorrak finkatzea, parte-hartzaileek eskola denboratik kanpo kimu, haur, kadete eta gazte kategorietan oro har egiten dituzten kirol jarduerak batuz eta Nafarroako Foru Komunitateko txapelketa ofizial gisa bateratuz.

Aurreko edizioetan ere halaxe egin da, eta oinarrizko esparrua finkaturik dago dagoeneko. Hala, joko hauetan egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.

Nafarroako Kirol Jokoen deialdia Kultura eta Kirol Departamentuari dagokio, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez, Nafarroako kirol federazioekin eta toki-erakundeekin batera.

Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek izenpetu beharreko akordioen testua onestea.

Horrenbestez, azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenak erabilita (foru dekretu horren bidez Nafarroako Kirolaren Institutuaren Estatutuak onetsi ziren, gero ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatu zirenak),

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoen deialdia onestea, bai eta lehiaketa arautzen duten oinarrizko irizpideak ere, ebazpen honen I. eranskineko araudiaren arabera.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuaren eta Nafarroako kirol federazioen artean sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua onestea, zeina ebazpen honen II. eranskinean jasota baitago.

3. 305.000 euroko gastua baimentzea kirol federazioen antolaketa gastuetarako, Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretako A50002 A5100 2269 336102 partidaren kargura ("Nafarroako Kirol Jokoak").

4. 631.205,62 euroko gastua baimentzea kirol federazioen antolaketa gastuetarako Nafarroako Gobernuaren "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002-A5100-2269-336102 partida ekonomikoan edo Nafarroako Gobernuaren 2024rako aurrekontuetako partida baliokidean edo baliokideetan.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten. Aditzera ematen da ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Ebazpen honek Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak sinatu eta biharamunean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea deusetan galarazi gabe.

6. Ebazpen hau igortzea Kirola Sustatzeko Atalera, Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko ekainaren 30ean.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA.–XXXVII. KIROL JOKOEN ARAUDIA

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoetarako deia egiten du, 2023-2024 ikasturte honetarako.

Oinarrizko irizpide hauek hartuko dira kontuan Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoen programako araudi orokorrean:

1.–Eremua.

Nafarroako Kirol Jokoak (aurrerantzean, "NKJ") Nafarroako txapelketa ofizial bakarra dira erabakitzeko nor diren deialdi honetan sartutako kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak. Adin horietako haurrei Nafarroako kirol federazioetatik beste edozein jarduera eskaintzeko, Nafarroako Kirolaren Institutuaren (aurrerantzean, "NKI") oniritzia beharko da.

NKJen programa Nafarroako Foru Komunitatean eginen da, eta, oro har, larunbat goizetan.

2.–Parte-hartzea.

NKJen programan Nafarroan eskolaturik dauden edo bertan bizi diren kirolariek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirolaren Erregistroan (kirol entitateen atala) inskribatuta dagoen kirol klub bateko kideak badira. Adinaren arabera, kategoria hauetan sailkatuko dira:

–"Ki" Kimua: 11-12 urte. 2012-2013an jaiotakoak.

–"H" Haurra: 13-14 urte. 2010-2011n jaiotakoak.

–"K" Kadetea: 15-16 urte. 2008-2009an jaiotakoak.

–"G" Gaztea: 17-18 urte. 2006-2007an jaiotakoak.

Aipatu adin eta kategoriak kirol modalitateen ezaugarrien eta arauen arabera aldatzen ahal dira, betiere NKIri jakinarazten bazaio eta haren oniritzia jasotzen badu.

Benjamin kategoria gehitzen ahalko da (8, 9 eta 10 urtekoak, 2014, 2015 eta 2016an jaiotakoak), NKIren oniritziarekin, baldin eta aurkezten bada parte-hartzaileen garapen pertsonal eta sozialean oinarritutako kirolean hasteko proiektu bat, NKJen araudiak kategoria honetarako ezartzen dituen helburu espezifikoekin bat etorriz. Kategoria horretako jarduerak eskualdeka antolatuko dira, hurbiltasun geografikoaren arabera. Hortaz, ez da joan-etorrietarako gasturik aurreikusi. Salbuespen gisa, autobusez programatutako joan-etorriak erabil daitezke, baldin eta horrek ez badakar aldaketarik programazioan eta kostua handitzerik ere ez badakar. Kategoria honetan ez da argitaratuko emaitzarik, ezta sailkapenik ere.

Oro har, NKJek ez dute inolako kategoriarik aurreikusten 2016. urteaz geroztik jaiotakoentzat.

Salbuespeneko arrazoiengatik ezin badira programatutako kirol jarduera guztiak egin, lehentasuna emanen zaie haur eta kadete kategorietakoei.

NKIk bere gain har dezake federazioek baimenak edo lizentziak emateko duten eskumena, baldin eta kirol federazioek, beren arautegi teknikoetan oinarriturik, eragozten badute araudi honetan programan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten kirolari eskatzaileek izena ematea.

Araudi orokorrean jaso ez diren alderdietan, kasuan kasuko kirol federazioen arautegi teknikoei jarraituko zaie.

3.–Helburuak.

a) Aukera ematea Nafarroako herritar guztiei deialdiko kategorietan eta modalitateetan kirola egiteko, eta hezibiderako izaera eta kirolaren balioen sustapena nabarmentzea, zeinak kirol entitateetako babes arloko ordezkariek koordinatuko baitituzte.

b) Kirol jarduera inklusiboa bultzatzea, parte-hartzaileak arrazoi hauengatik diskriminatu gabe: sexua, etnia, ideologia, dibertsitate funtzionala edo kognitiboa, erlijioa, errendimendu maila, sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.

c) Kirol jarduera fisiko anitzak eskaintzea, emakumeen kirola sustatzen dutenak eta berdintasun irizpideekin antolatzen direnak.

d) Gutxi errotutako kirol modalitateak edo izaera ludiko dutenak bultzatzea adin horietan.

e) Txapelketako proba eta kirol jarduera mistoak sustatzea.

f) Joko garbi, errespetu, inklusio, berdintasun, hobekuntza eta lagunartekotasunaren portaerak eta keinuak sustatzea eta saritzea.

Kirol federazioek 8, 9 eta 10 urteko haurrentzako proiektuak, kirolean hastekoak, aurkezten ahalko dituzte, helburu hauek betetzen badira:

–Mugimendu egoera berriei erreparatzea eta mugimendurako oinarrizko trebeziak garatzea.

–Abilezia sozialak eta kirolaren balioak garatzea, hala nola errespetua, zintzotasuna, joko garbia, lagunartekotasuna eta hobetu nahia.

–Kirolaren alderdi ludikoa sustatzea, ahaleginari garrantzi handiagoa emanez emaitzari baino.

Proposatzen diren helburuak kontuan harturik, joko-arauak egokitzea proposatzen da (joko-eremua, denbora, kideen edo aurkarien kopurua, materiala, arauak), eta kirolaren balioak, alderdi ludikoa, berdintasunean parte-hartzea eta ekitatea sustatzeko jarduerak ezartzea. Jardueren garapenak bidea emanen du joko garbiaren eta kiroltasunaren agerraldiak atzemateko.

4.–Antolaketa.

a) Alderdi orokorrak:

Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa NKIri dagokio, eta horrek Nafarroako kirol federazioen esku uzten du antolaketa orokorra.

Salbuespeneko inguruabarrak gertatuz gero, NKJen programa alda daiteke deialdian ezarritako kategoriei dagokienez, egin beharreko modalitateei eta jarduerei dagokienez, txapelketarako hasieran programatutako iraupenari dagokionez, jardunaldi kopuruari dagokionez edo, federazioekin Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoetarako konprometituriko aurrekontu kredituaren arabera, finkatzen diren gastuen beste kontzeptu batzuei dagokienez, NKIri jakinarazi eta horrek baimendu ondoren.

Jardueraren bat bertan behera utzi behar bada, berreskura daiteke NKIren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek, txapelketa hasi baino 15 egun lehenago, garatu beharreko kirol proiektu behin betikoa aurkeztu beharko dute, honako hauek zehazten dituena: programaren helburuak, arautegi teknikoa, txapelketaren araudia, inskripzio prozedurak, txapelketaren edo kirol jardueraren egutegia, hori guztia kirol kategorien edo espezialitateen arabera. Jardunaldi guztiak NKJen XXXVII. edizioari dagokion aldian egin behar dira.

NKIri finalen berri emanen zaio posta elektronikoz, jdn@navarra.es helbidera idatzita. Jakinarazi beharko da jardueraren egutegian, arautegian edo kirol programan egiten den edozein aldaketa, eta NKIren oniritzia izan beharko du.

Kirol federazioek ezarriko dituzte NKJen programan parte hartzeko inskripzio prozedurak, behar den gaikuntzaren bidez. Kirol federazio bakoitzak ezarriko du prozedura. Kirol federazioak inskripzioa egiteko epea ireki baino lehen esan beharko du ezarritako prozedura zein den, eta beharrezkoa izanen da NKIren oniritzia.

Inskripzioen gastuak ez dira izanen NJKen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau honen salbuespenik balego, aldez aurretik eskatu beharko litzateke, eta NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren baimena eskuratu.

Nafarroako Kirol Jokoen kirol modalitate desberdinak zabaldu eta ezagutzera emateko, antolakuntzak, kirol jarduerak egiten diren bitartean, bideo grabaketak edo argazkiak egiteko beharrezkoak diren baliabideak jartzen ahalko ditu, eta ondoren NKIren eta kirol federazio parte-hartzailearen webgunean eta sare sozialetan argitaratzen ahalko dira. Kirol federazioek NKJetan izen-ematean parte-hartzaileei jakinarazi beharko diete irudiak hartu eta zabalduko direla.

NKIrekin lankidetzan NKJetan parte hartzen duten kirol federazioek eta kirol klubek bete beharko dute Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoa.

Kirol ingurune seguruak bermatzeko, honako hauek bete beharko dituzte:

–Aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren eta aisialdiaren esparruan haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa. Protokolo hori Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

–Babes arloko ordezkaria izendatzea.

NKIk indarkeria prebenitzeko prestakuntza espezifikoa eskainiko die teknikariei, entrenatzaileei eta klubeko arduradunei.

Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoarekin bat, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren edozein deliturengatik. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko. Parte hartzen duten kirol federazioek bermatu behar dute federazioetako pertsona guztiek edo haiek kontratatutakoek, NKJen programarekin lotura duten eginkizunak badituzte eta adingabeekin harremana badute, izan behar dutela Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa. Kirol federazioak ez du baimenduko inolako talderen izen-ematea edo parte hartzea, parte hartzen duen klubak betebehar hori betetzen ez duen bitartean.

NKJei buruzko informazio eta jakinarazpen orotan, programaren logotipoak erabiliko dira, eta antolatzaileak eta kolaboratzaileak zein diren adieraziko da.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Kirolaren Institutuak zehaztutako marka erabiltzeko paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitateko euskarrietan eta instalazioetan, Nafarroako Kirol Jokoen programari erreferentzia eginez betiere, batez ere finalak jokatzen direnean.

Parte hartzen duten kirol federazioek desgaitasuna duten kirolarien kirol modalitateen presentzia sustatu beharko dute.

Parte hartzen duten kirol federazioek, eskura dituzten baliabideen arabera, pertsona guztien hizkuntza eskubideak kontuan hartuko dituzte, indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera. Bereziki, idatzizko komunikazioei eta NKJen dokumentazioari dagokienez (inskripzio-orriak eta lehiaketaren araudiak).

Era berean, komunikazio eta kudeaketa guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira. Federazioen NKJen aktak hizkera inklusiboan idatzi beharko dira.

b) Batzordeak:

–Antolaketa batzordea: batzorde bakar bat izanen da kirol guztietarako. Kide hauek izanen ditu:

  • NKIko lau ordezkari: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako 2 pertsona.
  • Kirol federazioen bi ordezkari: bata bakarkako kirolak ordezkatuz, eta bestea taldekako kirolak ordezkatuz. Bi ordezkari horiek kirol federazioek beraiek proposatuko dituzte.
  • Toki-erakundeen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuak.

Besteak beste, eginkizun hauek izanen dituzte:

  • NKJen antolaketa orokorra begiratzea.
  • Jokoen araudia prestatzen laguntzea.
  • NKJen antolamenduaren alderdi orokorrei buruzko erabakiak hartzea.

–Jarraipen batzordea: kirol modalitate bakoitzerako jarraipen batzorde bat eratuko da. Honako hauek egonen dira haietako bakoitzean: NKIko hiru ordezkari (Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako teknikari bat), eta kasuan kasuko kirol federazioaren bi ordezkari.

Besteak beste, ondoko eginkizunak izanen dituzte:

  • Kirol modalitate bakoitzaren antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea, baita lehiatzeko sistema, arautegi teknikoa eta diziplinakoa onestea ere, adinari egokituak eta kirol federazioek proposatuak, eta kiroltasunez jarduten dela eta hura programan aintzat hartzen dela bermatzea.
  • Laguntzaileak izendatzea programa ikuskatu eta jarraipena egiteko, baita hobetzeko proposamenak mahairatu eta argibideak emateko ere. Jarraipen batzordea eta laguntzaileak baimenduak egonen dira, eta gaitasuna izanen dute NKJen helburuak eta kirolaren balioak betetzen direla begiratzeko.
  • Jarduera egitean diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.
  • Joan-etorriak direla-eta, partidak jokaleku neutral batean joka daitezela baimentzea.
  • Sortzen diren arazo nagusiak konpontzea, programa behar bezala eta kalitate hoberenarekin egin dadin.

c) Joan-etorriak:

NKIk sistema bat zehaztuko du kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarri eta inguruabarretara egokitutako joan-etorrietarako, eta horren berri emanen die parte-hartzaileei kirol federazioen bitartez, inskripzioa egiten dutenean. Oro har, NKJetan autobus bidezko garraioa antolatzeaz arduratzen diren pertsonek irizpide hauek izanen dituzte oinarri:

–Gutxienez 30 kirolari bakarkako kiroletarako.

–Gutxienez 3 talde.

–Gutxienez 50 kilometroko joan-etorria egitea, joateko eta itzultzeko bidaia kontuan hartuta.

Oro har, 55 plaza baino gehiagoko autobusen eskaerei erantzuteko, gutxienez 60 kirolariren joan-etorria izan beharko da, eta zerbitzua ematen duen enpresak plaza gehiagoko autobusa izan beharko du. Inplikatutako klubek gainkostua ordaintzeko konpromisoa hartu beharko dute eskaera egitean, 55 plazako edukiera gainditzen ez badute.

Hauek dira joan-etorrietarako arau aipagarrienak:

1) Talde edo klub bakoitzeko, klubak baimendutako adin nagusiko arduradun bat egonen da bederen joan-etorria hasten denetik bukatu arte.

2) Kluba edo taldea behartuta dago, astero, joan-etorrietarako ezarritako planaren berri jasotzera, ezartzen diren baliabideak erabiliz.

3) Parte-hartzaileek bete behar dute ezarritako bidaia plana.

4) Antolakuntzak programatutako garraioa erabili behar ez duten taldeek kasuan kasuko kirol federazioari jakinarazi beharko diote, partida eguna zehaztu baino bost egun lehenago, gutxienez. Antolakuntzak programatutako garraioa izanez gero, taldeek hori erabiliko dute bai joateko bai itzultzeko.

5) Ibilgailu partikularretan egindako joan-etorriengatiko kalte-ordainak kasu hauetan baino ez dira kontuan hartuko: garraio antolatuaren programazio orokorrean sartu ezin diren kasuetan eta joateko eta itzultzeko bidaian 50 km baino gehiago egiten dituzten joan-etorrietan.

6) Alde horretatik, joan-etorriei buruzko araudia betetzen ez duen taldeak eskubidea galduko du antolatutako garraioa erabiltzeko eta ibilgailu partikularretan joateagatik jaso daitekeen kalte-ordaina kobratzeko.

7) Programaren kudeatzaileek neurri gehigarriak ezartzen ahalko dituzte zerbitzuak behar bezala funtziona dezan.

Joan-etorrietako araudia honako hauetan ez dela bete ulertuko da:

–Bidaien programazioaren ondoren jakinaraztea norbaitek garraioa ez duela erabiliko, bidezko arrazoiren bat izan ezean.

–Joateko autobusa erabiltzea, baina itzultzekoa ez.

–Programatutako bidaian autobusa ez erabiltzea, bidaien programazioa baino lehen jakinarazi gabe.

–Kalteak egitea edo errespeturik gabe jokatzea zerbitzuan.

Salbuespenez, joan-etorrien araudiaren urraketa dela-eta alegatzen diren arrazoiak baloratzen ahal ditu jarraipen batzordeak.

Ibilgailu partikularretan egiten diren joan-etorrien kasuan, 0,12 euro ordainduko dira kilometroko, joan-etorria 30 kilometro baino luzeagoa bada, eta, bakar-bakarrik, baimentzen diren kirol modalitateetarako.

Ez dira sartzen arbitroen eta teknikarien edo kirol federazioko kargudunen joan-etorrietako gastuak. NKIk antolatutako garraio zerbitzua erabiltzen ahalko dute aurrez eskatuta, tokia baldin badago.

d) Instalazioak:

Kirol instalazioek kasuan kasuko kirol modalitatea egiteko behar diren ezaugarriak izan beharko dituzte eta osasun agintarien eta NKIkoen arauetan xedatutakoa bete beharko dute.

Parte hartzen duten erakunde guztiek lagunduko dute programan, hura garatzeko behar diren instalazioen erabilera erraztuz.

Parte hartzen duten taldeen eta kirolarien erantzukizuna izanen da instalazioak behar bezala erabiltzea.

e) Osasun laguntza eta aseguruak:

NKJetako kirol modalitate guztietako parte-hartzaileek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, norberak duen osasun asegurura jo beharko du, oro har.

Gizarte segurantzakoak diren kirolariek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen die (maiatzaren 15eko 64/2003 FA).

Aseguru erregimen bereziren batekoak (MUFACE, MUGEJU, ISFAS eta beste batzuk) diren kirolarien osasun laguntzari dagokionez, parte-hartzaileek egiaztatu beharko dute beren polizak osasun laguntza emanen diela kirol arloko istripuren bat edukitzen badute. Beren polizak ez badu osasun laguntzarik ematen, kontratatu beharko dute egokien iruditzen zaien moduan.

NKJak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoen parte-hartzea estaltzen dute bakarrik. NKJetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, parte-hartzaileek osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

Kirol federazioek eta klub parte-hartzaileek osasun laguntzako prozeduraren berri eman beharko diete parte hartzen duten familiei.

–Osasun laguntzarako metodologia.

Ospitaleetako arreta zerbitzuen aurre-fakturazioak saihesteko, honako arau hauek bete beharko dira:

1. Kirol praktikaren ondorioz ospitale zerbitzuak erabiltzen dituzten parte-hartzaileek, osasun-zentrora iristen direnean, frogatu beharko dute NKJetako parte-hartzaile direla, inskripzio-orria edo kirol federazioak parte hartzeko aurkeztu duen gaikuntza erakutsiz.

2. Kirol federazioek lauki bat jarriko dute inskripzio-orrian, kirolariaren aseguru mota adierazi ahal izateko (Gizarte Segurantza, MUFACE, etab.).

3. Kirol federazioek zuzeneko sarbide bat izanen dute beren webgunearen hasierako pantailan, NKJetako osasun laguntzaren berri emateko. Toki horretan argi eta garbi adieraziko da NKJetako parte-hartzaileek zer egin behar duten istripua izanez gero.

4. Kirol federazioek araudi honetan biltzen den osasun laguntzaren prozeduraren berri emanen diete klubei, eta klubek familia parte-hartzaileei.

NKIk istripuetarako aseguru poliza izanen du kontratatua, istripuaren ondoriozko heriotza eta/edo galera anatomikoak zein funtzionalak estaltzeko. Programatutako jardueraren ondoriozko erantzukizun zibila sartuta dago Nafarroako Gobernuak ezarritako erantzukizun zibilaren estaldura orokorrean (Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 67. artikulua).

Ez da nahitaezkoa izanen osasun azterketa egitea NKJetan parte hartzen duten kirolariei, non ez duen kirol federazioak hala eskatzen; halakoetan, federazioaren batzar nagusiak onetsi beharko du, eta NKIk oniritzia eman.

f) Garaikurrak, dominak, txapelak eta aitortzak:

NKIk proposatuko du zenbat eta nolako garaikur, domina, txapel eta aitortza emanen diren NKJetako finaletan, baita protokoloa eta haien berariazko dekorazioa ere. Kirol federazioek zenbat behar dituzten eskatuko diote NKIri posta elektroniko bidez (jdn@navarra.es) eta ezarritako ereduari jarraituz, haiek eman baino 20 egun lehenago gutxienez.

Oro har, taldekako modalitateetan/espezialitateetan lehenbiziko kategoriako lehenbiziko hiru talde sailkatuei emanen zaizkie garaikurrak eta dominak. Salbuespen kasuetan, NKIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako taldeei ere ematen ahalko zaizkie garaikurrak eta dominak. Banakako modalitateetan/espezialitateetan, kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenbiziko hiru kirolari sailkatuei emanen zaizkie dominak. Salbuespen kasuetan, NKIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako kirolariei ere ematen ahalko zaizkie garaikurrak eta dominak. Orobat, kontuan hartuko da kirol modalitate batzuetan, hau da, pilotan, txirrindularitzan, herri kiroletan eta beste batzuetan, irabazleei aurrekoak ez bezalako berariazko jantziak ematen zaizkiela (txapelak, adibidez).

Aurreikusitako kirol programa bukatu ezean, dominak ematea eska daiteke, hau guztia aurkeztu ondoan: txosten bat, zehaztuko duena zenbat jardunaldi egin diren programan aurreikusitako guztietatik, podiuma zehazteko araudia, parte hartu duten kluben eta NKIren oniritzia.

g) Kirol diziplina:

Programaren izaera hezigarria kontuan hartuta, kirol federazio bakoitzeko diziplina batzordeek irizpide hezigarriak eta prebentziokoak aplikatuz ezarriko dituzte zehapenak. Horrez gain, kontuan hartu beharko dira araua urratu duen kirolariak ordain gisa egiten ahalko lituzkeen ekintza posibleak. Ahal dela saihestu eginen dira lehiaketatik behin betiko kanporatzea lekarketen zehapenak.

Zehapenak ez dira inoiz ekonomikoak izanen, salbu eta aztertutako hutsegite edo arau-hausteak eragindako gastuak konpentsatu behar direnean, kasu horretan zehapenaren dirua sortutako kalteak ordaintzeko bideratuko baita.

Partiden aktetan tarte bat izanen da, ikusleen, teknikarien eta jokalarien portaerari buruzko oharrak jasotzeko, bai eta eredugarriak hartzen diren kirol keinuak jasotzeko ere.

Kirol federazio parte-hartzaileen joko-araudiek jaso beharko dute partidak/jardunaldiak gelditzeko edo eteteko aukera egonen dela kirola errespetuz eta segurtasunez egiteko baldintza egokiak betetzen ez direnean.

h) Kirol programa:

Modalitateak/Espezialitateak:

1. Urpeko jarduerak (igeriketa hegalekin).

2. Xakea.

3. Atletismoa (krosa eta pista).

4. Automobilismoa (kartinga)

5. Badmintona.

6. Saskibaloia.

7. Eskubaloia.

8. Beisbola (beisbola eta sofbola).

9. Txirrindularitza (BTT, errepidea eta pista).

10. Kirol egokituak.

11. Neguko kirolak (iraupen-eskia).

12. Mendiko kirolak eta eskalada (orientazioa, martxa arautuak, eskalada eta mendiko lasterketak).

13. Eskrima (floretea, ezpata).

14. Futbola (zelaiko futbola, aretoko futbola).

15. Gimnastika (NGA, GGA, GE).

16. Golfa (pitch and putt-a eta zelaia).

17. Halterofilia.

18. Herri kirolak (proba konbinatua, sokatira eta trontza).

19. Hipika (heziera klasikoa eta jauziak).

20. Judoa eta gisako kirolak.

21. Karatea (kumitea eta kata).

22. Kick-boxing-a (kick-light-a).

23. Borroka.

24. Igeriketa (igeriketa, waterpoloa eta igeriketa sinkronizatua).

25. Padela.

26. Irristaketa (abiadura, artistikoa eta hockeya).

27. Pilota (esku-pilota, zesta, erremontea, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza, trinketea, frontballa eta frontenisa).

28. Arrantza (COUP erako arrantza, hondoko arrantza).

29. Piraguismoa (kayaka eta kanoa).

30. Arrauna (iola eta arraun olinpikoa).

31. Errugbia.

32. Taekwondoa (borroka eta poomsae teknika).

33. Tenisa.

34. Mahai-tenisa.

35. Arku-tiroa (aretoa, aire zabala eta zelaia).

36. Triatloia (triatloia, duatloia, akuatloia).

37. Bela (optimist-a eta windsurfa).

38. Boleibola.

Kirol modalitateak alda daitezke inguruabarrak direla-eta Beharrezkoa izanen da aldez aurretik eskatzea, eta NKIko Kirolaren Zuzendariordetzak baimentzea.

Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoen jarduerak 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitartean eginen dira, betiere egutegia kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.

Modalitate edo kategoria berriren bat gehitzen ahalko da, zehaztuko den moduan, Kirolaren Zuzendariordetzak oniritzia ematen badu.

i) Izen-emateak:

Klubek eginen dituzte inskripzioak, bakoitzak bere kirol federazioan, horretarako ezarritako prozedurak kontuan hartuta, xede horretarako prestatutako inprimakien datu guztiak beteta eta kirol federazioei NKJetan parte hartzeko gaikuntzak lortzeko diru-kopurua ordainduta. NKJetan izena emateak gaikuntza emanen du programan parte hartu ahal izateko kirolari, ordezkari, entrenatzaile edo arbitro gisa, eta, beraz, ezinbestekoa izanen da klub bakoitzak dagozkion datuak sartzea inskripzio-orrian.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu datuen isilpeko tratamendua bermatzeko.

Erregelamendu horren 13. artikuluaren arabera, inskripzio-orrietan oinarrizko informazioa jaso beharko da datuen babesari buruz, eta adierazi datu pertsonalen arduraduna NKIko zuzendari kudeatzailea dela, eta horien tratamenduaren arduraduna, berriz, kasuan kasuko federazioa. Horretaz gain, honako hau ere jaso behar da: datu-bilketaren helburua, legitimazioa, hartzaileak, eskubideak eta informazio gehigarria kontsultatzeko esteka bat, II. eranskineko hamazazpigarren klausulan ezarritakoari jarraikiz.

Talde mistoek parte hartzen ahalko dute, hala komeni bada. Gazte kategorian, beharrezkoa izanen da NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren eskaera eta oniritzia, aurrez NKJen antolaketa batzordearen balorazioa jasota.

Era berean, desgaitasunen bat duten eskola-umeek aukera izanen dute adinez dagokien kategoria baino beheragoko batean parte hartzeko, baldin eta horrek dena delako txapelketara egokitzen eta hartan parte hartzen laguntzen badu; horretarako, aurrez eskaera egin beharko da, antolaketa batzordeak balorazioa egin beharko du eta NKIk baimena eman beharko du.

Filialtasun hitzarmenak dituzten klubek aukera izanen dute beren taldeekin kategoria/talde berean parte hartzeko eta elkarren aurka jokatzeko, baldin eta eremu geografiko bereko kategorian talde bat baino gehiago ez badago. Hala ere, gertatuko balitz talde/kategoria berean egotea, jokoan modu independentean funtzionatuko dute, eta, hortaz, klub babesleak ezin izanen ditu klub filialeko jokalariak bere taldeko zerrendan sartu txapelketan zehar. Dagokion kirol federazioak horren berri emanen dio NKIri, eta bi taldeetako jokalarien zerrendak kontrolatuko ditu: talde filialekoa eta talde babeslekoa.

NKIk NKJetan izena emateko baldintzak betetzen ez dituzten kirolariek parte hartzea baimentzen ahalko du, baldin eta horien klubak, Nafarroakoak izanda ere, beste autonomia erkidego batzuekiko eskualde mugakideetan badaude eta, horrela, horiek parte hartzen laguntzen bada. Nafarroan bizi ez diren eta Nafarroan eskolatuta ez dauden kirolariek NKJen programan parte hartzen ahalko dute, baldin eta Nafarroako errendimendu, teknifikazio edo selekzio programaren batean sartuta badaude. Batean zein bestean, dagokion federazioak egoera horretan dauden kirolarien zerrenda eta kirolari horien osasun laguntzaren eta istripuen asegurua jakinarazi beharko dizkio NKIri.

Parte-hartzaileei dagozkien kategorian eta adinean emanen da izena NKJetan. Kirol maila bikaina duten taldeek urte bat zaharragoak diren parte-hartzaileen lehiaketa talde batean izena ematea eskatzen ahalko dute, baldin eta aurreko denboraldiari dagokion txapelketan lehenbiziko hiru sailkatuen artean egon badira. Eskaera dagokion federazioari eginen zaio, NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritziarekin.

Kimu, haur eta kadete kategorietan, kirolariek izena ematen ahalko dute adinaren arabera dagokien kategoria ez den batean, beraiek baino urte bat zaharragoak direnen kategorian, hain zuzen, baldin eta klubak ezin baditu kirolari horiek sartu haien adinari dagokion talde batean. Klubaren eskaerarekin batera, idazki sinatu bat aurkeztu beharko da, taldeak edozein sailkapenetan sartzeari berariaz uko egiten diola adierazten duena. Kimuen F8ko eta haurren futbol 11ko kategorietan, joko-eremuan ezin izanen dute aldi berean elkartu dagokiona baino urte bat zaharragoak diren 3 kirolarik baino gehiagok. Kadeteen futbol 11ko kategorian, joko-eremuan ezin izanen dute aldi berean elkartu kategoriari dagokion adina baino urte bat zaharragoak diren 2 jokalarik baino gehiagok.

Aretoko futboleko, saskibaloiko, eskubaloiko modalitateetan, eta irizpide horri jarraituz taldekako beste kirol batzuetan ere, ezin izanen dute joko-eremuan aldi berean elkartu kategoriari dagokiona baino urte bat zaharragoak diren 2 jokalarik baino gehiagok. Klubak jokalari horiek aurreko edizioan klubean zeudela frogatu beharko du. Urte bat zaharragoak diren jokalariek ezin izanen dute partida osoan egon joko-eremuan, non eta ez den gertatzen kategoriari dagokion adineko jokalari nahikorik ez dagoela haiek ordezkatzeko.

Lehiaketa hasi ondoren, kirolari batek kluba aldatzen ahalko du salbuespenezko inguruabarrak gertatzen badira, eta izena emateko epea irekita badago eta talde hartzailea kirol maila berekoa bada.

Kirol Jokoetan parte hartuko dutenen entrenatzaileek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan behar dute. Programan parte hartzen duten klubek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiria eta kasuan kasuko kirol federazioari jakinarazi beharko diote, inskripzioa egiten den une berean. Ez da onartuko taldeak izena ematea, betekizun hori bete ezean.

Kirol klubek erakundearen babes arloko ordezkari bat izan beharko dute, eta "Haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa" onetsi beharko dute. Parte hartzen duten kirol klubek protokoloa onetsi dutela jakinarazi beharko diote dagokion kirol federazioari, bai eta babes arloko ordezkari izendatutako pertsonaren datuak ere.

j) Tasak eta gordailuak:

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ondorioetarako, Nafarroako kirol federazioak elkarte gisa antolatutako entitate pribatuak dira, irabazi-asmorik gabekoak, haiei berez dagozkien eginkizunak izateaz gainera, eskuordetzaren ondorioz, Nafarroako txapelketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko lizentziak edo gaikuntzak emateaz ere arduratzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioarekin koordinatuta eta haren babespean. Kontuan harturik NKJak direla deialdi honetan agertzen diren kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak erabakitzeko Nafarroako txapelketa ofizial bakarrak, eta haietan parte hartzeko beharrezkoa dela NKJetan kasuan kasuko lizentzia edo gaikuntza edukitzea, gaikuntza hori emateko tasak kirol federazioei ordaindu beharko dizkiete parte-hartzaileek (behin baizik ez).

Kirolari bakoitzak 5 euro ordainduko du NKJetan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasen kontzeptu gisa, 3 kirol jardunaldi edo gutxiago eskaintzen duten modalitateen kasuan, eta 7 euro, hiru kirol jardunaldi baino gehiago eskaintzen duten modalitateen kasuan. Tasa honek NKJetan parte hartzeko bidea ematen du, eta beste edozein kirol jarduera federatu alde batera geratuko da. Behin txapelketa hasita, kirol programa bertan behera uzten bada edo aldatzen bada, tasak ez zaizkie parte-hartzaileei itzuliko.

Arbitroek eta entrenatzaileek NKJetan izena emateak ez du ekarriko tasa ordaintzeko betebeharrik.

Inskripzioen gastuak ez dira izanen NJKen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau honen salbuespenik balego, aldez aurretik eskatu beharko litzateke, eta NKIren Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritzia izan.

NKIk eta parte hartzen duen federazio bakoitzak sinatutako hitzarmenetan, tarifa batzuk ezartzen dira arbitraje kontzeptuengatik. NKJetako arbitrajea kasuan kasuko federazioko arbitroen batzordeko arbitro ofizialek egiten dutenean eta kostuak hitzarmenean ezarritako tarifa baino handiagoak direnean, federazioak kostuaren diferentzia kobratzen ahal die klubei, zati berdinetan, federazioaren batzar nagusiak hala onetsi badu.

Modalitate bakoitzerako inskripzio epea bukaturik, NKJen programan parte hartzen duten kirol federazioek ziurtagiri bat bidali beharko dute NKIra, kirol bakoitzaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: guztira zenbat kirolarik hartzen duten parte, eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindu duten diru-zenbateko guztia.

Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek, jarduera bukatutakoan, prozedura bera jarraituko dute NKJen araudia ez betetzeagatiko zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerekin, halakorik balitz.

Klubek ordaindu beharreko gordailuen zenbatekoak erantsi den taulan ezarritakoak dira, non ez dituen NKIk aldatzen.

KIROL MODALITATEAK

GORDAILUA

Saskibaloia 5x5

100 euro; 200 euro 3 talde edo gehiago

Eskubaloia

90 euro; 180 euro 3 talde edo gehiago

Futbola (aretoan)

90 euro

Futbola (zelaian)

90 euro

Emakumezkoen 8ko futbola

90 euro

Herri kirolak

90 euro

Gordailuak bakar-bakarrik ezarriko dira denboraldi osorako txapelketa egutegi bat osatzen duten taldeen kirol modalitateetarako eta txapelketa-koadroak deiturikoen bidez antolatzen diren modalitateetarako. Gordailuen helburua bikoitza da: txapelketa behar bezala egiten dela bermatzea eta talde batek behar baino lehenago txapelketa abandonatuta txapelketa bera aldatu eta faltsutzeko bidea saihestea; eta parte-hartzaileen erantzukizunei aurre egitea. Klub batek bi talde baino gehiago baldin baditu modalitate berean, ezarritakoa halako bi ordaindu beharko du.

Arauzko zehapenen ondorioz gordailua osorik galduz gero, berehala berritu beharko da zehatutako taldeak txapelketan jarraitu ahal izateko. Txapelketa amaiturik, kirol federazioek itzulketa egitea erabaki eta gordailua itzuliko diete klubei, araudiari jarraituz erabakitzen diren kopuruak deskontatu ondoren.

k) Partidak:

Ez da partidarik jokatu gabe geldituko. Bi taldeak aurkezten badira eta instalazioek arauzko baldintzak eta segurtasunekoak betetzen badituzte, taldeek ezin dute ezer alegatu partida ez jokatzeko. Talderen batek partida jokatzeari uko eginez gero, ez agertutzat jotzen ahalko da. Partida bakoitza hurrengoa hasteko ezarritako orduan bukatuko da, baldin eta gero beste talde batek erabili beharreko kirol eremu berean jokatzen bada.

Kirol federazioak aurreikusita izanen du partidak bertan behera uzteko aukera eta haien tratamendua, kirol antolaketaren eta sailkapenaren ondorioetarako, inguruabar bereziak daudenean.

l) Atzeratzea:

Partida bat atzeratzeko, idatziz eskatu beharko da hura jokatu baino sei egun lehenago gutxienez. Bi kluben adostasun idatzia beharko da, ordezko data, tokia, ordua eta instalazioa zehaztuta, eta kirol federazioko organo eskudunak onartu beharko du. NKIk programatutako jardunaldi bat bertan behera utz dezake, guztiz edo zati batean, ezinbesteko arrazoiak direla eta. Halakoetan, parte-hartzaileei jakinarazi beharko die dagozkien kirol federazioen bitartez.

Kirol federazioak parte hartzen duten klubei jakinaraziko die zein den, eguraldi txarra bada, segituko den protokoloa.

Kirol federazioak aurreikusita izanen du partidak bertan behera uzteko aukera, salbuespenezko inguruabarren ondorioz, bai eta haien tratamendua ere, kirol antolaketaren eta sailkapenaren ondorioetarako.

m) Emaitzen eta gorabeheren jakinarazpena:

NKJen arautegi teknikoan arauturik ez badago, etxean jokatzen duen taldeak kasuan kasuko kirol federazioari jakinaraziko dio partidaren emaitza, jokatzen denetik gehienez ere 48 orduko epean. Epe horretan akta igorriko da, arbitro federaturik ez badago. Ez betetzeak zehapena ekarriko du, araudi hauen "g" apartatuan (Kirol diziplina) kirol modalitate bakoitzerako ezarritakoarekin bat; errepikatzen bada, txapelketatik kanporatzea ere ekar dezake.

Klubeko babes arloko ordezkariak jaso behar ditu bai gorabeherak edo gatazkak, bai kiroltasunaren keinu eredugarriak; ondoren horiek posta elektronikoz jakinarazi behar zaizkio NKIko Kirol Jokoen Bulegoari: jdn@navarra.es.

Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasunaren aldetik eredugarriak badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.

n) Antolaketa zerbitzuaren fakturazioa:

NKIk jarduera aldien araberako ordainketak eginen ditu. Aldi bakoitzaren zenbatekoa zehazteko ebazpen bat emanen da, bost guztira, denbora tarte hauetarako: urria/abendua, urtarrila/otsaila, martxoa/apirila, maiatza/ekaina eta uztaila/iraila. Kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, kirol federazioek faktura elektronikoak (FAKe) aurkeztu behar dituzte hurrengo hilaren 10a baino lehen, urria-abendua eta maiatza-ekaina aldietan izan ezik, orduan aldiko azken kirol jardunaldia eta berehala aurkeztu beharko delako. Kirol federazioren batek fakturak garaiz eta behar den moduan aurkezten ez baditu, faktura horiek ez dira sartuko aldi horretako gastuen abonurako ebazpenean. Hurrengo gastuen abonurako ebazpenean sartuko dira, programaren aurrekontu ekitaldi eta edizio berekoak baldin badira.

NKIk bere gain hartuko du egin beharreko jardueraren kostua, NKIren eta kirol federazioaren arteko berariazko lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan eta zenbatekoan. Jardueraren bat bertan behera utzi behar bada, berreskura daiteke Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte.

Programa abian jarri eta ohiz kanpoko eta kirol federazioekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik bertan behera utzi beharko balitz, NKIk hitzarmenean, edo partida edo jardunaldi bakoitzeko gastuen xehakapenean ezarritako administrazio eta kudeaketako gastuei dagokien partea ordaintzen ahalko dio federazioari. Ukitutako federazioak Kirolaren Zuzendariordetzari eskatu behar dio, arrazoiak emanez, bertan behera utzitako jardunaldien administrazio eta kudeaketa gastuen konpentsazioa. Programaren kudeatzaileek aurkeztu diren eskaerak eta ordaindu beharreko zenbatekoak baloratuko dituzte.

Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoetan jasotako modalitate guzti-guztietan aurreikusitako programazioa gauzatu ahal izateko, kirol federazio jakin batek aurreikusitako jarduera bukatu badu eta kirol federazio horri hasieran emandako kreditua eta programaren gastu orokorretarako esleitutakoa (garraioa, asegurua, garaikurrak, dominak, txapelak eta aitortzak, memoria) agortu ez badu, beharrezkoa baldin bada, erabili gabeko diru kopurua aplikatzen ahalko da programan parte hartzen duen beste edozein kirol federaziok egindako jardueraren gastuak finantzatzeko, baldin eta kirol federazio horiek egindako gastuak hasiera batean esleitu zitzaizkienak baino handiagoak badira eta federazio horien NKJen programa garatzeko beharrezkoak diren gastuetarako bada, edo, bestela, modalitate jakin bati esleitu ezin zaizkion bestelako gastu orokorretarako. Kasu horretan, NKIk zuzenean ordainduko dizkio zerbitzu emaileari.

Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:

–Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta egiteagatik.

–Finalak antolatu eta egiteagatik.

–Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak).

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuengatik.

–Kirolarien joan-etorriak auto partikularretan egiteagatik (baimendutako kasuetan baino ez, araudiari jarraikiz).

–NKIrekin adostutako proiektuan parte hartzen duten federazioetan balioen arloko ordezkaria izateagatik.

Joko-eremuaren barruko balioen arloko ordezkariaren figura baimendua duten kirol federazioek fakturan txertatu beharko dituzte NKIk edo kirol federazioak berak NKIren oniritziarekin hautatutako joko-eremuaren barruko balioen arloko ordezkari horiek joko-eremuan egoteari dagozkion gastuak.

Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak ordain daitezke, beharrezkoak edo ezinbestekoak badira jarduera egiteko, NKIren oniritziarekin. Eskaera Kirolaren Zuzendariordetzari egin behar zaio erregistro bidez, gastua egin baino lehen.

Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

Garaikur, domina eta txapelen gastua zuzenean ordainduko die NKIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.

NKIk ekarpenak ordainduko ditu, dagokion kirol federazioak kontzeptu ezberdinengatik aldi zehatz batean egindako gastuei dagokien faktura elektronikoa (FAKe) aurkeztu eta gero.

Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:

–Partida edo jardunaldi arruntak antolatu eta egitea: partida edo jardunaldi kopurua, eta partidak non eta noiz jokatu diren, programan parte hartu duten kategorien arabera, kirol federazio bakoitzaren hitzarmenean jasotako gastuei dagokienez.

–Finalak antolatu eta egitea: finalak zein tokitan eta egunetan jokatu diren adierazita.

–Osasun zerbitzua: zerbitzuaren xedea eta egunak, anbulantzien zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, edo jardueran parte hartu duten osasun langileak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuak: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten erakundea edo pertsonak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Kirolariek auto partikularretan egiten dituzten joan-etorriak: Jardunaldi bakoitzean auto partikularretan mugitu diren taldeak, bakoitzak egin duen kilometro kopurua xehaturik.

–Gastuak (apartekoak izan ala ez), honako hauek bildu behar dira: gastuaren xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren edo horniduraren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Nahitaezkoa izanen da NKIren aldez aurreko oniritzia.

Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu kirol federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Agiri horiek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, NKIk kirol federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik hasita, edo, bestela, txapelketaren hurrengo aldiari dagozkion eranskinekin eta fakturarekin batera, salbu eta NKJetako azken faktura denean.

o) Espainiako txapelketetan parte hartzea.

Eskola-umeen selekzio autonomikoek Kirolaren Kontseilu Nagusiak deitzen dituen Espainiako txapelketetan izena eman eta parte hartzeko, kirol federazioek deialdian ezarri bezala jokatu beharko dute, eta NKIren oniritzia izan beharko dute.

Eskola-umeen selekzio autonomikoek txapelketa horietan parte hartzeko hautaketa irizpideak NKJen arautegi teknikoetan jasoko dira, eta NKIren oniritzia izanen dute.

Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketetan parte hartzearen ondoriozko gastuak kirol federazioentzako dirulaguntzen deialdiaren bidez finantzatuko dira.

NKJak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzea estaltzen dute, bakarrik. NKJetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, parte-hartzaileek osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

NKJetan txapelketa antolatzeaz gainera, Nafarroakoa baino eremu handiagoko txapelketetan ere –kirolari gisa, klub gisa edo selekzio gisa– parte hartzen duten federazioek beren arautegietan zehaztu beharko dute zein diren txapelketa horietan parte hartuko duten kirolariak hautatzeko irizpideak, baita txapelketarako egunak aurreikusi ere, kasuan kasuko deialdiaren arabera.

p) NKIren planak:

1.–Kirolaren balioen ekintza-plana: NKIk plan bat du kirolaren balioak sustatzeko: joko garbia, laguntasuna, nork bere mugak gainditzea, inklusioa, berdintasuna eta errespetua. Plan honen barnean, joko-eremuaren barruko balioen arloko ordezkaria jasotzen da. Haren eginkizunen artean daude, besteak beste, ordezkatzen duen kirol modalitateko txapelketa behar bezala garatu dadin laguntzea, eta agente guztien (kirolari, teknikari eta ikusleen) gorabehera eta gatazka nabarmenen berri ematea, bai eta kiroltasun jarrera aipagarrien berri ere. Horren berri NKIri eman behar zaio (Bitartekaritza Bulegoa) esteka honen bidez: https://www.deportenavarra.es/eu/bitartekaritza-bulegoaren-postontzia, posta elektronikoz (mediaciondeportiva@navarra.es) edo telefonoz (848427845).

Parte hartzen duten klubek konpromisoa hartzen dute lankidetzan aritzeko NKIk edo dagokion kirol federazioak bultzatzen dituen balioen sustapenera bideratutako ekintza eta programa orotan.

Kirol agente guztiek (federazioek, klubek, entrenatzaileek, familiek) lankidetzan jardun beharko dute kiroleko balioak sustatzeko eta kiroleko indarkeria prebenitzeko. Kiroltasunaren aurkako jokabideak detektatzen direnean edo kasu errepikatzen direnean, NKIko teknikariekin adostuta, NKIk proposatutako neurriak (prestakuntzakoak, konpontzaileak eta zuzentzaileak) abian jarri beharko dituzte.

Partiden aktetan atal bat jarriko da, ikusleen, teknikarien eta jokalarien portaerari buruzko oharrak jasotzeko.

Kirol federazio parte-hartzaileen joko-araudiek jaso beharko dute partidak/jardunaldiak gelditzeko edo eteteko aukera egonen dela kirola errespetuz eta segurtasunez egiteko baldintza egokiak betetzen ez direnean.

Benjamin, kimu eta haur kategorietako lehiaketa-araudiek neurriak jaso beharko dituzte kirolarien gutxieneko parte-hartzea bermatzeko.

2.–"Emakumea eta Kirola" planaren barruan eginen diren ekintzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

a) Txapelketa egituratzea NKJen kategoria guztietan eta horretarako behar diren baliabideak ematea.

b) Ikasleen artean berdintasuna bermatzen duten eskola-umeentzako kirol jarduerak antolatzea eta/edo haiek antolatzen laguntzea.

Kontuan izanda NKJak adingabekoei zuzenduta daudela, haien helburu nagusiak hezkuntza eta prestakuntza izanen dira. Inplikatutako agente guztiek (kirol federazioek, kirol klubek, entrenatzaileek, ordezkariek, arbitroek, gurasoek eta ikusleek) kirolaren balioak sustatzen lagundu behar dute.

Parte hartzen duten kirol federazioei dei egiten zaie NKJen programan parte hartzen duten klubekin lan egin dezaten eta gai honekin lotutako lan ekintza zehatzak proposa ditzaten.

q) Kalitatea:

NKJen programaren helburua betetzeko eta pixkanaka bere alderdiak hobetzeko asmoz, zuzeneko edo zeharkako parte-hartzaile guztien laguntza eskatzen da ezarritako arauak betetzeko eta programarekin zerikusia duen edozein iradokizun, salaketa edo ekarpen egiteko, bai jdn@navarra.es helbide elektronikoaren bidez, bai webgune honen bidez: https://www.deportenavarra.es (gaztelaniaz) eta https://www.deportenavarra.es/eu (euskaraz).

r) Hondakinen kudeaketarako araudia:

Begiratuko da, antolatzen diren kirol ekitaldietan, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta hondakinak bereiziko direla bermatzeko ere, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), ekitaldia zer mankomunitatetan gauzatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

Ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

II. ERANSKINA.–LANKIDETZA HITZARMENA, NAFARROAKO GOBERNUKO NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUAREN (NKI) ETA NAFARROAKO …………………………………………………………….… FEDERAZIOAREN ARTEAN NAFARROAKO KIROL JOKOEN (NKJ) XXXVII. EDIZIOA ANTOLATZEKO

Iruñean,...................(e)ko ................aren ..............(e)(a)n

BILDURIK:

Alde batetik, ................................................, Nafarroako Gobernuko NKIko zuzendari kudeatzailea (IFK: Q-31-50025-I).

Eta, bestetik,.................................................. jauna/andrea, Nafarroako ................................ Federazioko lehendakaria (IFK:................................).

Beren karguak ematen dizkien eskumenez baliaturik, eta dokumentu hau formalizatzeko behar adina ahalmen aitorturik elkarri,

ADIERAZTEN DUTE:

1. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirola sustatzearen eta aisialdia egoki erabiltzearen arloetan.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskola mailetatik hasita, beste edozein kirol praktikaren aurretik, funtsezko gunetzat jotzen baita kirolak Nafarroan aurrera eginen badu maila guztietan.

Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolatze adinean dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea.

2. NKIren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak –ekainaren 2ko 45/2021Foru Dekretuaren bidez aldatu ziren estatutu horiek– ezartzen du Nafarroako Gobernuari kirol arloan dagozkion eskumenak erakunde autonomo horrek gauzatuko dituela, Kultura eta Kirol Departamentuko titularraren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta babesaren pean, eta estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Kirolaren Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea eskuordetu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

b) Derrigorrezko eskolatze adina dutenentzako Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea, edo hala badagokio, beste batzuek antolatzeko baimena ematea.

c) Kirol jarduera sustatzea.

Era berean, Kirola Sustatzeko Atalari dagozkion eginkizunen artean, hauek daude:

a) NKJak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta gainbegiratzea, gehienbat eskola-umeentzako kirol programa gisa, kirolaren balio hezitzaileak sustatuz, kiroltasuna bereziki, Nafarroako kirol federazioekin eta toki-erakundeekin elkarlanean.

b) Eskola-umeek kirol jarduerak egin ditzatela sustatu eta bultzatzea.

3. Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoek Foru Komunitatearen esparruan txapelketa ofizial gisa biltzen dituzte joko horietan sarturiko jarduera eta kirolak, kimu, haur, kadete eta gazte kategorietan, eskolatik kanpoko aldian. Aurreko edizioetan halaxe egin da, eta oinarrizko esparrua finkaturik dago dagoeneko. Hala, joko hauetan egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.

NKJen antolaketa Kultura eta Kirol Departamentuari dagokio, NKIren bidez, kirol federazioekin batera, haien esku utzi baita antolaketa orokorra.

Ondorio horietarako, eta azaldutakoarekin bat, honako hitzarmen hau egin dute, klausula hauei jarraikiz:

KLAUSULAK:

LEHENA.–Nafarroako ................................................................ Federazioak oso-osorik onartzen ditu XXXVII. NKJen deialdia eta araudia, NKIko zuzendari kudeatzailearen ............ Ebazpenaren bidez onetsitakoak. NKI hitzarmen honen parte da, eta bere gain hartzen ditu aipatu deialdian programatutako lehiaketak egin ahal izateko beharrezkoak diren lanak.

BIGARRENA.–NKIk bere gain hartuko du egin beharreko jardueraren kostua, NKIren eta kirol federazioaren arteko berariazko lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan eta zenbatekoan. Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:

–Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta egiteagatik, ........................euro, partida edo jardunaldi bakoitzeko/jardunaldi kopurua.

–Finalak antolatu eta egiteagatik, ....................................euro, final bakoitzeko/final kopurua.

Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak), ............................euro, edo zerbitzuaren kostu justifikatua/anbulantzia kopurua.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuagatik, ...................euro edo zerbitzuaren kostu justifikatua/muntatze kopurua.

–Kirolariek auto partikularretan baimendutako joan-etorriak egiteagatik: ..................................... (0,12 zentimo km bakoitzeko eta 50 km-tik aurrera).

NKIrekin adostutako proiektuan parte hartzen duten federazioetan balioen arloko ordezkaria izateagatik.

Gastua egotzita duen kontzeptu bakoitzari aplikatu zaizkion zenbatekoak hitzarmen honi erantsitako dokumentuan justifikatzen dira.

Beste gastu orokor batzuk:

–Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

–Garaikur, domina, txapela eta aitortzen gastua zuzenean ordainduko die NKIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.

–Finaletako emankizunen gastuak zuzenean ordainduko dizkie NKIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

AUTOBUS GARRAIO ANTOLATUA.

NKIren konpromisoak.

1. Parte-hartzaile guztiei bermatzea joan-etorriak garraio antolatuan, NKJen deialdian ezarritako baldintzetan.

2. Astero, astearteetan, 14:00ak baino lehen, kirol federazioei beren modalitateko bidaien plangintza banatzea.

3. Astero, ostegunetan, 14:00ak baino lehen, posta elektroniko bidez ematea aste horretarako aurreikusitako autobusezko joan-etorri guztien behin betiko plangintzaren berri.

Kirol federazioen konpromisoak.

1. Txapelketaren egutegiak prestatzea, joan-etorrietan autobusak nola aprobetxatu kontuan hartuta.

2. Zein astetan egitekoa den jarduera, haren aurreko ostiralean aurkeztea modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden joan-etorrien proposamena.

3. Aurreikusitako joan-etorrien berri ematea talde eta klubei, eta aurreikusitako plangintza federazioaren web-orrian argitaratzea. Jakinarazpen hori jardunaldiaren aurreko osteguneko 14:00ak baino lehen eginen da.

4. NKIrekin eta klubetako arduradunekin lan egitea, autobusez egiten diren joan-etorrietan parte-hartzaileen jarrera egokia izan dadin eta, gorabeherak izanez gero, behar bezala ebatz daitezen, NKIko arduradunei horien berri emanda. Gorabeherak larriak izanez gero, berehala jakinarazi beharko dira.

HIRUGARRENA.–Garaikurren, dominen eta txapelen eskaera posta elektroniko bidez (jdn@navarra.es) eginen zaio NKIri, ezarritako ereduari jarraituz, haiek eman baino 20 egun lehenago gutxienez. Garaikurra edo/eta domina emanen zaizkie kategoria, sexu eta espezialitate bakoitzeko lehen hiru sailkatuei, NKJen deialdian ezarritako baldintzetan, ondoren zehaztu bezala:

KIROL MODALITATEA

ESPEZIALITATEA

KATEGORIAK

GARAIKURRA

DOMINA

POSTUAK

LAUGARRENA.–NKIren diru-ekarpenak ordaintzeko, kirol federazioak aurretik aurkeztu beharko du faktura elektronikoa (FAKe), aurkeztutako gastuen aldian egindako kirol probak adierazita. Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak ordain daitezke, beharrezkoak edo ezinbestekoak badira jarduera egiteko, NKIren oniritziarekin. Eskaera Kirolaren Zuzendariordetzari egin behar zaio erregistro bidez.

Fakturetan argi azalduko da zer kopuru ordaindu behar den kontzeptu bakoitzarengatik, baita zer aldiri dagozkion ere.

Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:

–Partiden edo jardunaldien kopurua, eta zein tokitan eta ordutan jokatu diren, programan parte hartzen duten kategorien arabera.

–Finalak, zein tokitan eta ordutan jokatu diren adierazita.

–Osasun zerbitzuei dagozkien datuak, honako hau jasoz: zerbitzuaren xedea eta egunak, anbulantzien zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, edo jardueran parte hartu duten osasun langileak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Zerbitzua eman duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuei dagozkien datuak, honako hau jasoz: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Zerbitzua eman duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da.

–Jardunaldi bakoitzean auto partikularretan mugitu diren taldeak, bakoitzak egin duen kilometro kopurua xehakaturik.

–NKIrekin adostutako proiektu pilotuan parte hartzen duten federazioetan balioen arloko ordezkaria izateagatik.

–Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak inguruko datuak, honako hau jasoz: gastuaren xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren edo horniduraren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Zerbitzua edo hornidura egin duen entitatearen edo pertsonaren faktura erantsiko da. NKIko Kirolaren Zuzendariordetzaren baimena beharko da gastu horietarako.

–Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu kirol federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Agiri horiek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, NKIk federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik hasita, edo, bestela, txapelketaren hurrengo aldiari dagozkion eranskinekin eta fakturarekin batera.

BOSGARRENA.–Diru-sarrerak.

–Taldekako kiroletan, taldeen zerrenda, izena emanda dauden kirolarien kopurua eta, kirol modalitate horretan izena emateko epea behin bukatuta, programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindutako diru-zenbateko guztia.

–Banakako kiroletan, parte hartzen duten kirolarien kopurua, eta, kirol modalitate horretan izena emateko epea behin bukatuta, programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindutako diru-zenbateko guztia.

–NKJen araudia ez betetzeagatik taldeei edo banakakoei jarritako zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrera guztiak, halakorik balitz, behin jarduera bukatuta.

–Modalitate bakoitzerako inskripzio epea bukaturik, NKJen programan parte hartzen duten kirol federazioek ziurtagiri bat bidali beharko dute NKIra, kirol federazio bakoitzaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: guztira zenbat kirolarik hartzen duten parte eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindu duten diru-zenbateko guztia.

–Kirol federazioek diru-kopuru osoa sartu beharko dute Nafarroako Foru Ogasunean, betiere NKIko Kirolaren Zuzendariordetzak egiaztatu eta balidatu ondoren. Horretarako, NKIk ordainketa-gutun bat igorriko die, sartu beharreko diru-kopurua adierazia duena.

–Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek, jarduera bukatutakoan, prozedura bera jarraituko dute NKJen araudia ez betetzeagatiko zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerekin, halakorik baldin balitz.

SEIGARRENA.–Kirol programa.

KIROL MODALITATEAK

ESPEZIALITATEA

KATEGORIAK

JAIOTZE URTEA

EGUTEGI OROKORRA

ARAUTEGIA: Hitzarmen honi eranskin gisa gehituko zaion arautegi partikularra aplikatuz gauzatuko da kirol jarduera. Edonola ere, txapelketa hasi baino 20 egun lehenago gutxienez, garatu beharreko kirol proiektua aurkeztu beharko dute, honako hauek zehazten dituela: programaren helburuak, arautegian zehaztuta daudenak; arautegi teknikoa; txapelketaren araudia; inskripzio epeak, eta txapelketaren edo kirol jardueraren egutegia, hori guztia kategoria/adinen eta kirol espezialitateen arabera.

Dokumentazio hori aurkezteko, bai eta amaierako memoria aurkezteko ere, NKIk bi eredu emanen ditu, bat proiekturako eta bestea memoriarako, eta horiek erabiliko dituzte kirol federazioek.

Jardunaldi guztiak NKJen XXXVII. edizioari dagokion aldian egin behar dira.

Nafarroako Kirol Jokoen programa alda daiteke deialdian ezarritako kategoriei dagokienez, egin beharreko modalitateei eta jarduerei dagokienez, txapelketarako hasieran programatutako iraupenari dagokionez, jardunaldi kopuruari dagokionez edo, federazioekin Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoetarako konprometituriko aurrekontu kredituaren arabera, finkatzen diren gastuen beste kontzeptu batzuei dagokienez, NKIri jakinarazi eta horrek baimendu ondoren.

Jardueraren bat bertan behera utzi behar bada, berreskura daiteke NKIren oniritziarekin, baldin eta aurrekontuko urte berean egiten bada, eta 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte.

Betiere, NKIren diru-ekarpenak ez du subrogaziorik ekarriko Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoen ondoriozko inolako betebeharretan.

ZAZPIGARRENA.–NKJetan parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartzen dute NKIak jarritako dirua ezarritako xedeetarako erabiltzeko, eta institutu horrek egin nahi dituen egiaztapenak onartu eta errazteko.

ZORTZIGARRENA.–Oinarri hartuta Nafarroako administrazio publikoetan Nafarroako berezko hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudia eta azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretua, Nafarroako Kirolaren Institutuaren Estatutuak onesten dituena, pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz. Parte hartzen duten kirol federazioak saiatuko dira, eskura dituzten baliabideen arabera, pertsona guztien hizkuntza-eskubideei erantzunen, indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera. Bereziki, idatzizko komunikazioei eta NKJen dokumentazioari dagokienez (inskripzio-orriak eta lehiaketaren araudiak).

Era berean, komunikazio eta izapide guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira. Federazioen NKJen aktak hizkera inklusiboan idatzi beharko dira.

BEDERATZIGARRENA.–Kirol programak sortzen duen informazio guztia hedabideetan publizitate bidez zabaltzeko eskumen osoa NKIri dagokio.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek konpromisoa hartzen dute jardunaldi bakoitzeko txapelketako emaitzei, sailkapenei eta jokatzeko toki-egunei buruzko datuak emateko, ezartzen den prozeduraren bidez eta maiztasunez, bai eta argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak diren gorabeherak ere, NKIk proposatutako euskarri informatikoa erabiliz, jardunaldi bakoitza egin eta ondoko astelehenean, 20:00ak baino lehen, Nafarroako Kirol Jokoek sortzen duten informazioa bideratu ahal izateko.

HAMARGARRENA.–Programan parte hartzen duten kirol federazioek Nafarroako Gobernuaren (4/2016 Foru Dekretua, urtarrilaren 27koa) eta NKIren logo ofizialak eta NKJen programari dagozkionak erabili beharko dituzte paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitate euskarrietan eta instalazioetan. Gainera, NKJen irudian kirol modalitate bakoitza adierazteko dauden diseinu eta marrazkiak erabili nahi izanez gero (dela orokorrak, dela propio egindakoak), baimena eskatu beharko diote NKIri.

Kirol federazioek diseinu horiek erabiltzen badituzte NKIren aurreko baimenik gabe, institutuak ahalmena izanen du hitzarmen hau suntsiarazteko, dagokiokeen kalte-ordaina galarazi gabe.

HAMAIKAGARRENA.–Programan parte hartzen duten kirol federazioek partaidetza inklusiboa ahalbidetu beharko dute, parte-hartzaileak honako arrazoi hauengatik diskriminatu gabe: sexua, etnia, ideologia, dibertsitate funtzionala edo kognitiboa, erlijioa, errendimendu maila, sexu-orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.

Zehazki, eskola-ume guztien parte-hartzea baimendu eta sustatu beharra dago, salbuespenik gabe, eta neurriak aurreikusi desgaitasunen bat duten eskola-umeen integrazioa sustatzeko, egokitzapen bat behar badute edo ez. Modu berean, onar daiteke desgaitasunen bat duten eskola-umeek parte hartzea adinez dagokien kategoria baino txikiagoa den batean, horrela errazten bada txapelketa horretan sartzea, betiere Nafarroako Kirolaren Institutuak baimena eman ondoren.

NKJetan parte hartzen duen kirol federazioak prestatu eta garatu beharreko kirol proiektuak sentikortasun berezia agertuko du kirolaren balioekiko eta emakumeen kirolarekiko, eta genero berdintasunaren irizpideei jarraituz antolatuko da.

HAMABIGARRENA.–Programan parte hartzen duten kirol federazioek hitzarmen honen klausuletan ezarritakoa betetzen ez badute, Nafarroako Kirolaren Institutuak ahalmena izanen du hitzarmena alde bakarretik suntsiarazteko, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

HAMAHIRUGARRENA.–Antolaketa batzorde bakar bat izendatuko da kirol guztietarako. Kide hauek osatuko dute:

–NKIko lau ordezkari: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako 2 teknikari.

–Kirol federazioen bi ordezkari:

  • Bat, banakako kirolen izenean.
  • Beste bat taldekako kirolen izenean. Bi ordezkari horiek kirol federazioek beraiek proposatuko dituzte.

–Toki-erakundeen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik.

EGINKIZUNAK:

–NKJen antolaketa orokorra begiratzea.

–Jokoen araudia prestatzen laguntzea.

–NKJen antolamenduaren alderdi orokorrei buruzko erabakiak hartzea.

HAMALAUGARRENA.–Kirol federazio bakoitzean jarraipen batzorde bat sortuko da, honako kide hauek osatuko dutena:

1.–Nafarroako........................................... Kirol Federazioaren bi ordezkari

–Nafarroako........................................... Kirol Federazioaren idazkari teknikoa

–Nafarroako........................................... Kirol Federazioko Epaileen Batzordeko burua

2.–Nafarroako Kirolaren Institutuko hiru ordezkari:

–Kirola Sustatzeko Ataleko burua.

–Kirol Jokoen Bulegoko burua.

–Kirolaren Zuzendariordetzaren teknikari bat.

EGINKIZUNAK:

–Kirol modalitate bakoitzaren antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea, baita txapelketa sistema, erregelamendu teknikoa eta diziplinakoa onestea ere, adinari egokituak eta kirol federazioek proposatuak, eta kiroltasunez jarduten dela eta hura programan aintzat hartzen dela bermatzea.

–Laguntzaileak izendatzea, programaren garapena gainbegiratu, jarraitu, informatu eta hobekuntzak proposatzeko. Batzordea eta laguntzaileak baimenduak egonen dira, eta gaitasuna izanen dute NKJen helburuak eta kirolaren balioak betetzen diren begiratzeko.

–Jarduera egitean diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.

–Joan-etorriak direla-eta, partidak jokaleku neutral batean joka daitezela baimentzea.

–Programaren garapenean sortzen diren arazoak konpontzea, kalitatea ahalik eta onena izan dadin.

Behar adina aldiz elkartuko da, egoerak eskatzen duenean eta kideetako edozeinek eskatzen duenean.

HAMABOSGARRENA.–Kirol federazioak adierazten du Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa dutela federazioko kideak edo federazioak kontratatutakoak izanik NKJen programarekin lotutako eginkizunak betetzen dituzten eta adingabeekin harremanetan daudenek, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoarekin. Orobat, federazioak konpromisoa hartzen du NKJen programan parte hartzen duten klubei erantzukizunpeko adierazpenak eskatzeko arau hori betetzen dutela ziurtatze aldera, eta ez baimentzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duten kluben izen-ematea eta parte hartzea.

HAMASEIGARRENA.–Kirol federazioak konpromisoa hartzen du parte hartzeko NKIk NKJetarako bultzatzen dituen balioen sustapen programetan. Era berean, federazioak jakinaraziko die eta eskatuko die NKJetan parte hartzen duten klubei parte har dezatela balioak sustatzeko ekintzetan. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, kirol federazioak .................................................................... jn./and. izendatu du federazioko babes arloko ordezkari (helbide elektronikoa: ............................, telefonoa: .............................).

Federazioaren babes arloko ordezkariak konpromisoa hartzen du klubei informazioa emateko eta Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten klubek izendatutako babes arloko ordezkarien zerrenda NKIri jakinarazteko.

Kirol federazioak ezarriko du haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsitakoa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa betez.

HAMAZAZPIGARRENA.–Kirol federazioak konpromisoa hartzen du NKJen programako inskripzioak kudeatzeko, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin; antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu bere datuen isilpeko tratamendua bermatzeko. Nafarroako Kirolaren Institutuak bertan parte hartzen duten kirol federazioen esku uzten du Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa. Hori horrela, Nafarroako .................. Federazioa da NKJen programarekin zerikusia duten datu pertsonalen "TRATAMENDU-ERAGILEA". Nafarroako Kirolaren Institutua erakundea da "TRATAMENDUAREN ARDURADUNA".

1.–Kontratuaren xedea.

Klausula hauen bidez, ezartzen da zer baldintzatan gaitzen den Nafarroako .................................. Federazioa (TRATAMENDU-ERAGILEA), Nafarroako Kirolaren Institutuaren kontura (TRATAMENDUAREN ARDURADUNA), tratamendua egiteko Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoak antolatu eta egitearen ondoriozko datu pertsonalei.

Kirol federazioak tratamendua eginen die, ezinbestekoa den heinean, Nafarroako Kirolaren Institutuaren ardurako datu pertsonalei, hura baita programaren titularra.

Halaber, baldintza hauekin honako hauetan ezarritakoa bete gogo da, TRATAMENDUAREN ARDURADUNAREN eta TRATAMENDU-ERAGILEAREN betebeharrak zehazteko: 28. artikulua Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, zeinaren bidez indargabetzen baita 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, hemendik aurrera DBEO), eta 28. artikulua Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (hemendik aurrera DPBEDBLO).

Tratamenduan programan parte hartzen duten adingabeen datu pertsonalak bildu eta tratatuko dira, lehiaketan izena ematearen eta parte hartzearen inguruko alderdi guztiak kudeatzeko, hura bukatzen den arte.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, tratamenduaren arduraduna den aldetik, enkargatzen dio NKJetan parte hartzen duen kirol federazioari, bere kontura egiteko datu pertsonalen tratamendua, adierazitako zerbitzua emateko beharrezkoa den heinean.

2.–Ukitutako informazioaren identifikazioa eta bermeen aitorpena.

Eskaera honen xedea betetzearen ondoriozko zerbitzuak gauzatzeko, jokoetan parte hartzen duen kirol federazioak programan parte hartzen dutenen datu pertsonalak (adingabe parte-hartzaileak, teknikariak, epaileak, arduradunak, etab.) bildu eta tratatuko ditu, Nafarroako Kirolaren Institutuaren kontura, hura baita tratamenduaren arduraduna.

Kirol federazioak datu pertsonalak, identifikaziokoak, osasun arlokoak edo beste edozein motatakoak tratatuko ditu, ezinbestekoak badira programan izena emateko eta parte hartzeko kudeaketan. Ildo horretan, tratamenduko datuak egokiak, bidezkoak eta behar denera mugatuak izanen dira, adierazitako xedeei dagokienez.

NKJetan parte hartzen duen kirol federazioak adierazten du gaitasuna duela behar adinako bermeak emateko, neurri tekniko eta antolaketako egokiak aplikatuta, datu pertsonalen tratamenduak DBEOren eta DPBEDBLOren betekizunak bete ditzan, eta konpromisoa hartzen du interesdunen eskubideen babesa bermatzeko.

Ez da datuen nazioarteko transferentziarik aurreikusten.

3.–Zerbitzu-emailearen betebeharrak, tratamendu-eragilea den aldetik.

Kirol federazioak konpromisoa hartzen du datuak babesteko Europako eta Espainiako araudian xedatutakoa betetzeko eta honako hau hartzen du bere gain:

3.1. Datuak erabili eta komunikatzeko jarraibideak.

–Kirol federazioak tratamenduaren xedeko datu pertsonalak erabiliko ditu, edo tratamenduan sartzeko biltzen dituenak, enkargu honen xede den helbururako bakarrik (Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoak antolatu eta egitea). Datuak ezin ditu inola ere erabili bere helburuetarako.

–Datuak tratamenduaren arduradunaren jarraibideen arabera tratatzea (Nafarroako Kirolaren Institutua). Tratamendu-eragileak uste badu jarraibideren batek urratzen duela DBEO, DPBEDBLO edo Europar Batasuneko edo estatu kideetako datuen babesaren arloko beste edozein xedapen, tratamenduaren eragileak horren berri emanen dio berehala tratamendu-arduradunari.

–Kirol federazioak konpromisoa hartzen du tratamenduaren arduradunak emandako informazioa ez kopiatzeko ez erreproduzitzeko, non ez den beharrezkoa hura tratatzea enkargu honetan aurreikusitako helburuetarako.

–Nafarroako kirol federazioak ez dizkie datuak hirugarrenei jakinaraziko, izan pertsonak edo entitateak, salbu eta tratamenduaren arduradunaren berariazko baimena dutenei edo legean aurreikusitako kasuetan. Azpikontratatutako hirugarrenei lagatzea agiri honen beste apartatu batean dago araututa.

–Kirol federazioak etengabe eutsiko dio tratamendu honen xedeko datu pertsonalen sekretuari. Betebehar hori konplitzen jarraitu behar da programa antolatu eta gauzatzearren alderdien arteko elkarlana bukatu ondoren ere.

–Kirol federazioak arduradunaren eskura jarriko du behar den informazio guztia DBEOn ezarritako betebehar guztiak konplitzen direla frogatzeko eta arduradunak edo arduradun horrek baimendutako beste auditore batek auditoretzak egiten uzteko eta laguntzeko, ikuskapenak barne. Orobat, eragileak segituan jakinaraziko dio arduradunari, bere iritziz, jarraibide batek urratzen baditu DBEO edo Europan edo Espainian datuak babestearen arloan indarra duten beste xedapen batzuk.

3.2. Tratamendu-eragilearen segurtasun neurriak.

Kirol federazioak segurtasun neurri egokiak hartu ditu informazioaren konfidentzialtasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko, baita tratamendu sistemen erresilientzia egonkorra ere, gorabehera fisiko edo tekniko bat gertatuz gero.

Honako hauek dira gutxieneko neurri etengabeak.

3.2.1. Langileak: Badago zerbitzua emateko informaziora sarbidea dutenen zerrenda eguneratua.

3.2.2. Euskarriak: Badago euskarrietara sarbidea duten arduradunen zerrenda eguneratua.

3.2.3. Euskarrien lekualdaketa: Euskarriak lekualdatzen badira eragilearen eta arduradunaren instalazioen artean edo alderantziz, etiketatu sistema sentikorra, zifratua, enkriptatua edo pasahitz bidez babestua erabiliko da, eta baimenduta ez daudenek ireki, eskuratu edo manipulatzea eragozteko mekanismoak erabiliko dira euskarri mota guztien garraioan.

3.2.4. Informazioa posta elektronikoz edo antzeko bide batez igortzea: Informazioa zifraturik egonen da, eta kodea beste bide batez igorriko da.

3.2.5. Gorabeherak: Datu pertsonalekin gertatutako edozein gorabeheraren berri emanen zaio segituan tratamenduaren arduradunari (Nafarroako Kirolaren Institutua), 24 orduko epean gehienez ere.

3.2.6. Babes kopiak. Kontratatu den zerbitzuagatik datuak parte hartzen duen kirol federazioaren sistemetan bildu behar badira, prozedura arautu baten bidez bermatuko da segurtasun kopiak eginen direla eta haien kalitatea aldian behin egiaztatuko dela mekanismo batzuen bidez.

3.2.7. Kirol federazioak adierazten du baduela sistema bat etengabe egiaztatu, ebaluatu eta berrikusten dituena erakundean hartutako segurtasun neurriak, zerbitzua behar bezala emateko Nafarroako Kirolaren Institutuari.

4.–Komunikazioa beste tratamendu-eragile batzuei/azpikontratatuei.

NKJetan parte hartzen duen kirol federazioak ezin dizkie datuak jakinarazi beste tratamendu-eragile batzuei (hirugarren enpresak edo erakundeak), ez badu tratamenduaren arduradunaren berariazko baimenik.

Halakoetan (baimena ematen bada bigarren tratamendu-eragile baterako), tratamenduaren arduradunaren jarraibideak betez egin beharko da tratamendu hori.

Ez dago baimenduta beste enpresa batzuk azpikontratatzea Nafarroako Kirolaren Institutuaren berariazko baimenik gabe. Beharrezkoa bada, kirol federazioak 3 hilabete lehenago eskatuko du baimen hori.

NKJetan parte hartzen duen kirol federazioak datu pertsonalak hirugarren herrialde batera edo nazioarteko erakunde bati transferitu behar badizkio, federazioak horren berri emanen dio tratamenduaren arduradunari, eta baimena eskatu horretarako.

5.–Interesdunen eskubideak.

NKJetan parte hartzen duen kirol federazioak konpromisoa hartzen du tratamenduaren arduradunari laguntzeko honako eskubide hauei erantzuten:

1.–Datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurka egitea.

2.–Tratamendua mugatzea.

3.–Datuak eramatea.

4.–Banakako erabaki automatizatuen xede ez izatea (profilen prestaketa barne).

Ukitutako pertsonek datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurka egiteko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko eta banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubideak gauzatzen dituztenean dagokion federazioaren aurrean, hark posta elektroniko bidez jakinarazi behar dio Nafarroako Kirolaren Institutuari, segituan eta atzerapenik gabe.

6.–Datuen segurtasunaren urraketen jakinarazpena.

Kirol federazioak, tratamendu-eragilea den aldetik, atzerapenik gabe emanen dio Nafarroako Kirolaren Institutuari tratatutako datuen segurtasunean izandako edozein gorabeheraren berri, DBEOk tratamendu-eragileari emandako gehieneko epea iragan baino lehen.

Kirol federazio parte-hartzaileak garrantzizko informazio guztia aurkeztuko du gorabeheraren dokumentazio eta komunikaziorako, eta sostengua eta laguntza emanen dio Nafarroako Kirolaren Institutuari segurtasun urraketa norainokoa izan den identifikatzen eta ebaluatzen laguntzeko, Nafarroako Kirolaren Institutuak behar den epean eta moduan egin diezazkien komunikazioak Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari eta CCN-CERTi.

7.–Harremana/enkargua amaitzea.

Nafarroako XXXVII. Kirol Jokoak bukatuta, kirol federazio parte-hartzaileak honako hau eginen du, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatuta:

1. Nafarroako Kirolaren Institutuari itzultzea datu pertsonalak eta, bidezkoa bada, horiek jasota dauden euskarriak. Itzultze horrek berekin dakar pare hartu duen federazioak erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu guztiak ezabatzea.

2. Datuak suntsitzea, zerbitzua emandakoan. Suntsitu ondoren, federazio parte-hartzaileak horiek suntsitu dituela egiaztatu behar du idatziz, eta ziurtagiria eman behar dio Nafarroako Kirolaren Institutuari.

3. Dena den, federazio parte-hartzaileak kopia bat gorde dezake, datuak behar bezala blokeatuta dituena, programa antolatu eta gauzatzearen ondoriozko erantzukizunak dauden bitartean.

HEMEZORTZIGARRENA.–NKIko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu hitzarmen hau gauzatzearen ondoriozko gorabehera guztiak eta klausula hauek interpretatzean sortzen diren desadostasunak. NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUKO
ZUZENDARI KUDEATZAILEA

NAFARROAKO .......................................
FEDERAZIOKO BURUA

Iragarkiaren kodea: F2310704