1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
741E/2023 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Corellako HUA moldatzeko proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena. Proiektua Nafarroako Azpiegiturak SAk sustatu du.
2022ko urriaren 25ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 8.b) multzoan.
Izapidetzen ari den proiektua Corellako hondakin uren araztegia (HUA) moldatzean datza, eta bi jarduketa nagusi biltzen ditu. Lehenengo jarduketa araztegira sartzeko hustubide berri bat egitea da, 468 m luze izanen dena, egun dagoenarekiko paraleloan proiektatua, haren hegoaldean; horrekin batera, egungo arazketa-instalazioa aldatuko da, arazte-ahalmena handitzeko. Proiektuaren deskribapena ingurumen inpaktuaren txosten honen I. eranskinean dago.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Zehazki, kontsulta egin zaie Corellako Udalari, Ibai Ingurunearen Atalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta horien guztien erantzunak jaso dira, baina azkena ezarritako epea bukatu ondoren iritsi da.
Corellako Udalak adierazi du proiektua bateragarria dela hirigintza-araudiarekin, eta gaineratu du ahalik eta kalte txikiena eragin beharko zaiola bide eta bidezidorretan ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorri normalari, eta hondakinak behar bezala kudeatu beharko direla.
Ibai Ingurunearen Atalak baldintza bat jarri dio hustubide berria egiteko proiektuari, hots, ibaiertzeko egungo landaredia errespetatzea. Hondakin uren araztegia handitzeari dagokionez, adierazi du ez zaiola kalterik eragin behar han dagoen neurri txikiko zumar zerrenda bati, eta, jarduketaren inguruan dauden Robinia pseudoacacia espezieko aleak kendu ahal izateko, aurretik basozainek baztertu egin behar dutela intereseko fauna dagoenik (pizidoak, kiropteroak...).
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak adierazi du jarduketak bateragarriak direla sistema hidrikoari dagokionez, betiere ingurumen inpaktuaren azterketan jasotako babes neurriak betetzen badira, azaleko urei, isurketen kontrolari eta hondakinen kudeaketari dagokienez. Gainera, adierazi dute behar diren neurri guztiak hartu behar direla jarduketa-eremuko ingurune hidrikoa babesteko, hala lurgainekoa nola lurpekoa.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Ingurumenaren aldetik jarduketa-eremua sentikorrena Alhama ibaiaren ertzean dago, egungo gainezkabidea kendu beharra dagoen eta hustubide berria hasten den lekuan. Ibaiertzeko puntu horretan, hosto estuko lizar bat eta sahats bat bota behar dira, biak tamaina ertainekoak.
Hustubide berria egiteko, hasiera batean, 30 zuhaitz inguru kendu behar ziren (lizarrak, zumarrak eta makalak) lubeta horren ondoan, horietako batzuk tamaina onekoak. Ingurumen Eraginaren Atalak sustatzaileari 2023ko martxoaren 6an igorritako errekerimenduaren ondoren, dokumentazio argigarri gehiago aurkeztu zen 2023ko apirilaren 19an, xeheago definitzen dituena zangaren indusketak eta jarduketaren benetako okupazioa, eta egiaztatzen duena ez zaiola kalterik eragiten Alhama ibaiaren lubetako ezpondako landaredi horri.
Araztegiaren esparrua handitzeko eremuan, proiektatu den gauza bakarra da litekeena dela esparruaren erdialdean tamaina handiko hiru zuhaitz botatzea (makala, lizarra eta bananondoa) eta 700 m²-ko lur eremu bat ukitzea (larre motako belarkiak) landu gabeko zenbait lurzatitan.
Azpimarratu behar da ezen jarduketa-eremuan dauden ureztatze-ubideen sareak, zeina hondakin uren araztegiaren esparruan soilagoa baita, ez duela ura Alhama ibaira husteko leku zehatz bat. Beraz, ziurrenik, ura lurzoruan infiltratuko da.
Handituko den araztegiaren esparrua integratzeko, proiektatu da instalazioaren esparru berriaren perimetroan dauden fruta-arbolak mantentzea. Gainera, proposatzen da pantaila naturala indartzea altuera handiko zuhaitzekin, zurzuria esate baterako, NA-6810 errepidetik dagoen ikuspegia murrizteko; izan ere, NA-6810 errepidea, tarte horretan, araztegiaren kotatik gora doa.
Jarduketa-eremuan bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba arrunta (Lutra lutra) egon daitezke, eta, beraz, haiek babesteko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, batez ere ibaitik hurbilen dagoen jarduketa-tartean, kendu behar den gainezkabidearen ondoan.
Ukitutako lurzatien (iparraldean) eta ibaiaren ibilguaren (hegoaldean) artean dagoen lubeta-bideak hesi bat eratzen du bi espazioen artean, eta, hortaz, euste-neurri bat izanen da obra- edo ustiapen-fasean gerta litezkeen ustekabeko isurketen aurrean. Lubeta horretan eta haren ertzetan, ibaiertzeko zuhaitz- eta zuhaixka-landaredia dago, lurrari eusteko ingurumen interesa duena. Beraz, beharrezko neurriak hartu beharko dira landaredi hori babesteko.
Lubeta-bide hori "Alhama ibaiaren ibilbide osasungarri eta kultural" gisa katalogatuta dago, eta hori motibazio gehigarria izan beharko litzateke ezker-eskuin dagoen zuhaitz- eta zuhaixka-landaredia kontserbatzen saiatzeko.
Proiektuaren jarduketa-eremutik kanpo bada ere, aipatu behar da araztegitik gertu Estankako urtegia dagoela (600 metrora iparraldean).
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
Kontsulten emaitzak ikusita eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso diren determinazioak, proiektuaren baimen substantiboan integratuko direnak. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Corellako HUA moldatzeko proiektuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk sustatuak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrik, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Materialak biltzeko eta makinak aparkatzeko eremua ur-ibilgu guztietatik urrun ezarriko da, dagoen landarediari kalterik eragin gabe.
–Lur mugimenduak euri garaietatik kanpo eginen dira. Solidoak edo beste substantzia batzuk ureztatze-ubideetara edo Alhama ibaira herrestatuak izatea saihesteko asmoz, behar diren euste-neurriak hartuko dira. Arreta berezia jarriko da substantzia kutsatzaileak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibaiaren ibilgura botaz gero, fauna piszikola berehala hilko da.
–Jarduketa-eremua bisoi europarraren eta igaraba arruntaren eremu potentziala da. Beraz, ibai-ibilguaren ondoan ahalik eta jarduketa eta makinen mugimendu gutxien eginen dira, ezinbestekoak baino ez. Espezie horiek ugaltzeko aldia ez oztopatzeko, egungo gainezkabidea kentzeko eta Alhama ibaiaren ezpondaren gaineko hustubidearen lehen zatia egiteko lanak iraila eta martxoa bitartean eginen dira.
–Gaur egungo gainezkabidea kentzeko eta Alhama ibaiaren ezpondaren gaineko hustubidearen lehenengo zatia egiteko, makina txikiak erabiliko dira. Aurretik, jarduketa-eremua mugatu beharko da lurraren gainean, baina ahalik eta gutxien markatuz, eta obren ondoko zuhaitzen enborrak babestuko dira. Kaltetutako eremuak lehengoratzeko, bertako zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak landatuko dira, eta belarkiak erein, kaltetutako jatorrizko landaredia birsortzen saiatuz.
–Hustubide berria 2023ko apirilaren 19ko txostenean jasotako jarraibideen, planoen eta ondorioen arabera eginen da. Jarduketaren benetako okupazioan zehazten denaren arabera, ez zaio kalterik eraginen lubetako ezpondako landarediari. Hustubidearen zangan, tarteka, arrapalak jarriko dira, bertara istripuz erortzen den fauna askatzeko. Zanga estali aurretik, berrikusiko da eta, hala badagokio, barruan dagoen fauna askatuko da.
–Zuhaitz-aleak mantenduko dira, bereziki HUAren esparruaren hegoaldean ibai-lubetaren gainean dauden zumarren eta zuhaixken ilara, aurkeztu den ingurumen inpaktuaren azterketaren 8.1.6 puntuan eta 8.2 puntuko 11. irudian berdez adierazten den bezala. Beharrezkoa izanez gero, instalazio berriak behar beste eramanen dira atzera, baldintza hori betetzeko.
–Ahal den neurrian, handitu beharreko HUAren esparruan dauden tamaina handiko hiru zuhaitzak (makala, lizarra eta bananondoa) mantentzeko ahalegina eginen da.
–NA-6810 errepidearen ekialdetik begiratuta jarduketa honen paisaia-integrazioa errazteko eta, horrela, mantendu behar diren fruta-arbolek eginen duten pantaila-funtzio eskasa indartzeko, proposatzen da ipar-ekialdean, ekialdean eta hego-ekialdeko izkinan pantaila bat sortzea ilaran kokatuko diren altuera handiko zuhaitz-aleak landatuz, betiere eguzki-instalazioaren funtzionamendu onenari kalterik ez eragiteko moduan kokatuak. Hala, 5 metrotik zurzuriak (Populus alba) landatzea proposatzen da, 1,5 metrotik gorako aleak sartuz. Ongi zurkaiztuak egonen dira, mantentze-lan egokiak eginen zaizkie eta, behar izanez gero, behar direnak ordeztuko dira, sartu eta lehenengo hiru urteetan gutxienez.
–Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare-lurreko geruza bat kendu (30 cm gutxienez) eta aparte pilatuko da, hondeaketa-lanen gainerako materialetatik bereiz, irekitzen diren zangen gainazala estaltzeko eta obrek ukitutako eremuak leheneratzeko lanetan erabili ahal izateko, obrak bukatzen direnean. Landare-lur hori zoruan zabaldu eta profilatuko da inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia lortu arte. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.
–Obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako harriak eta lurrak bertatik kenduko dira, eta baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
–Obrak hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez, Ingurumena Zaintzeko Atalari abisatu beharko zaio, zehazki, Tuterako Koordinazio Unitateari (609 904 957, gmatudela@navarra.es), obren zuinketa lanetan egon dadin, bota beharreko zuhaitzak marka ditzaten eta, intereseko fauna dagoela atzemanez gero, hartu beharreko neurri zehatzak adieraz ditzaten.
–Ingurumen inpaktuaren txosten hau egiten da deusetan ukatu gabe sustatzaileak, obrak egin aurretik, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoek eman beharreko baimen guztiak lortu behar izatea.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Corellako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.
Iruñean, 2023ko uztailaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
I. ERANSKINA.–Proiektuaren deskribapena
Corellako hondakin urak tratatzeko instalazioa Corellako 5. poligonoko 1200. lurzatian dago, Corellako hirigunetik 300 metrora baino gutxiagora, ekialdera. Alhama ibaia du hegoaldean (meandroaren ezkerreko ibaiertza), eta NA-6810 errepidea ekialdean, 30 metrora. Proiektuaren jarduketa-eremua Alhama ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen baratze-lurzatien alde bat da, eremu lau batean kokatua, eta bertan ureztatze-ubide zenbait daude. Instalazioan sartzeko, iparraldetik Alhama ibaiarekin paralelo dagoen lubeta baten gainean hormigoiztatutako bide bat dago, zeina NA-6920 errepidean hasten baita, mendebaldean, Corellako hirigunean.
Araztegiak baimena du 8000 biztanlerentzako ahalmena izateko (1996. urtea). Arazte-bolumen hori guztiz eskasa da gaur egun. Bestalde, hustubidearen gainezkabideak (25 metro inguru dituenak), lubetatik hasi eta Alhama ibaiaren hegoaldeko ertzeko ezpondara doanak, arazoak ditu ekaitz aldietan, ibaira isurketa puntualak gertatzen baitira.
Corellako hondakin uren araztegia moldatzea proiektatu da, 38000 biztanlerentzako ahalmenera irits dadin.
Moldaketa-proiektuak bi jarduketa nagusi dakartza berekin: lehenengo jarduketa, araztegira sartzeko hustubide berri bat egitea da, 468 m luze izanen dena, gaur egun dagoenarekiko paraleloan proiektatu dena, hegoaldera. Lubetaren gainean hasiko da, oraingo hustubidearen hormigoizko hodia bukatu eta PVCzko hodia hasten den puntuan. Hustubide berria diseinatuta dago orain arte gainezkabidera isurtzen ziren urak jasotzeko eta araztegian tratatzeko. Hala, gainezkabidearekin lotzen den puntuan hasiko da (gero gainezkabidea kenduko da) eta araztegiraino iritsiko da.
Hustubide berria egiteko jarduketa-eremua lubeta-bidearen iparraldean dago, Alhama ibaiaren ibilgutik eta haren ertzaren lerrotik gutxienez 10 metrora eta 4 metrora, hurrenez hurren. Hustubide berriak zenbait ureztatze-ubide gurutzatuko ditu zeharkatzen duen baratze-eremuan, araztegiaren esparrura iritsi aurretik. 700 mm-ko diametroko PVCzko hodien bidez eginen da, eta oinarrian 1,40 m-ko zabalera eta 1,8 eta 4,1 m bitarteko sakonera izanen duen zanga batean sartuta joanen da. Obrak egin ondoren, bi hustubideak erabiliko dira.
Alhama ibaira doan egungo gainezkabidea baliogabetuta geratuko da obrak bukatu ondoren, dauden hegatsak kenduko dira eta hodia lurperatuta utziko da. Inguru horretan, Alhama ibaiaren ertzeko 100 m²-ko eremu bat ukituko da, ezponda txikiaren gainaldean dagoen lur eremu lau batean, non ibaiertzeko landaredi trinkoa baitago.
Bigarren jarduketa nagusia araztegiaren egungo esparrua hego-ekialderantz zabaltzea da, guztira 1,49 ha okupatuz, araztegia moldatzearren, oraingo bakterio-ohantzea IFAS sistema bihur dadin. Egungo bakterio-ohantzea mantendu eginen da, eta, lohiak biltegiratzeko, dauden tangak erabiliko dira. Azken isurketaren hustubidea ere mantenduko da. Dekantagailu primario eta sekundario berriak instalatuko dira, tanga bat baino gehiago izanen dituen erreaktore bat, eta isurketak kontrolatzeko eta fintzeko hiru aintzira. HUAren behe-tentsioko instalazio elektrikoa berregituratuko da (aparteko proiektu batean izapidetzen ari da) eta transformazio zentro bat instalatuko da, potentzia handiagokoa, esparru berriaren ipar-ekialdeko muturrean. Instalazioaren urbanizazio lanen barruan honako hauek daude: zoladura, argiteria, kontrolerako eraikin berria, itxitura, landareztatze-lanak eta edateko uraren sarea.
Araztegiaren esparrua handitzeko jarduketak Alhama ibaiaren ibilgutik eta ibaiertzeko lerrotik 30 eta 20 metrora eginen dira, hurrenez hurren. Araztegiaren esparrua handitzeak berekin ekarriko du handituko den aldea ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen bidearen trazadura aldatzea: esparru berriaren iparraldeko perimetrorantz desbideratuko da.
Aurkeztutako dokumentazioarekin batera, araztegiarentzat prestatu den soberakinik gabeko autokontsumorako eguzki-parke fotovoltaikoaren proiektua erantsi da. Parke horren potentzia instalatua 93,96 kW-ekoa izanen da, eta barneko esparruko ipar-ekialdeko muturrean kokatuko da. 232 modulu fotovoltaiko izanen ditu, batzuk lur gainean kokatuak, 2197 m² okupatuz, eta beste batzuk kontrol-eraikin berriaren estalkiaren gainean. Modulu fotovoltaikoetan sortutako energia 3 inbertsoretara konektatuko da, eta horietatik instalazioaren kaxa elektriko orokorrera eramanen da sortutako energia, araztegi osoan banatzeko.
Guztira, 20556 m³ lur induskatu dira, eta horietatik 2.428 m³ obran bertan berrerabiliko dira. Gainerako lurrei dagokienez (18.128 m³), ahaleginak eginen dira leheneratze-lanetan, bideak konpontzeko lanetan edo alorretako betetze-lanetan berrerabiltzeko, eta, azken aukera gisa, baimendutako lur zabortegi batera eramanen dira.
Iragarkiaren kodea: F2311173