163. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

522/2023 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, onesten dituena Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren operadoreek derrigorrez egin beharreko kontrol neurrien kostuetarako dirulaguntzaren oinarri arautzaileak, 2023-2027 aldirako. DDBN identifikazioa: 709145.

Nekazaritza ekologikoaren sektoreak garapen garrantzitsua izan du, bai Europar Batasunean eta bai estatu kide eta eskualde jakinetan, horien artean Nafarroako Foru Komunitatean, erabilitako azalerari eta erregistratutako ustiategien eta operadore ekologikoen kopuruari dagokionez.

Europar Batasunak ekoizpen eredu horren aldeko apustu irmoa egin du, ez soilik lehen sektorearen ikuspuntutik, baizik eta baita kontsumitzaileei begira ere, produktu ekologikoen kontsumoa sustatzeko eta horien eskaria handitzeko.

Batzordearen 2010eko martxoaren 3ko komunikazioak, "Europa 2020: hazkunde adimentsu, iraunkor eta integratzaile baterako estrategia" izenekoak, lehentasuntzat dauka karbono jaulkipen txikiko ekonomia baterako trantsizioa laguntzea, baliabideak eraginkorki erabiltzen dituena; baina zalantzarik gabe, produkzio sistema horren garapenaren gakoa "Europako Itun Berdea" da, garatu zena 2019ko abenduaren 11ko Batzordearen komunikazioan, Europako Parlamentura, Kontseilu Europarrera, Kontseilura, Europako Ekonomia eta Gizarte Komitera eta Eskualdeetako Lantaldera bidali zenean, eta klimaren eta ingurumenaren erronkei erantzuna emateko sortu zena.

Itun horrek hazkunde-estrategia bat finkatzen du, zeinaren helburua baita Europar Batasuna ekonomia modernoa duen gizarte ekitatibo eta aberats bihurtzea, baliabideak eranginkorki erabiltzen dituena eta lehiakorra; halaber, gizarte horren nahia da 2050ean berotegi-efektuko gasen isurketarik ez egotea, eta oinarritzea sektore ekonomiko jakin batzuk –nekazaritza barne– sakonki eraldatzen dituzten politiketan eta gogoetetan.

Alde horretatik, nekazaritza sektorearekin lotuta, Itun Berdean landutako ekimenen artean estrategia hau nabarmentzen da: "Etxaldetik mahaira: elikadura sistema bidezkoa, osasuntsua eta ingurumenarekin errespetagarria". Estrategia horrek ekintzak ezartzen ditu elikadura ekoizpen jasangarria bermatzeko, horien artean hauek: negozio eredu ekologiko berri bat, karbonoa atzematearen bidez; oinarri biologikoko ekonomia zirkularra; pestizida arriskutsuenen erabilera %50 murriztea 2030ean; ongarrien erabilera gutxienez %20 murriztea 2030ean; antimikrobianoen aurkako erresistentzia; animalien ongizatea; hazien segurtasuna eta aniztasuna; eta, nola ez, nekazaritza ekologikoa.

Nekazaritza ekologikoari dagokionez, garrantzitsua da azpimarratzea, ekoizpen jasangarria bermatzeko ekintza gisa, Europar Batasunak helburutzat finkatu duela gutxienez EBko nekazaritza-lurren %25 nekazaritza ekologikoan erabiltzea 2030ean.

Nekazaritza-politika berriek, emaitzetara bideratutako ereduan oinarrituta, nekazariei lagundu nahi diete ingurumen eta klima errendimendua hobetzen. Estatu kideek plan estrategikoak prestatu behar dituzte nekazaritza-politika berri hauetan planteatzen diren helburuak lortzeko; horrez gain, ingurumen eta klima baldintzetan oinarritutako "ingurumen arkitektura" bat prestatu behar dute, baina baita nekazaritza ekologikoa ezarri eta finkatzea sustatuko duten esku hartzeak ere. Jarduera eredu hori jasangarria izanen da ikuspuntu teknikotik eta bideragarria ekonomikotik.

Halaber, azpimarratu behar da Europako Batzordeak, 2021eko martxoaren 25ean, jakinarazpen bat argitaratu zuela ekoizpen ekologikoa garatzeko ekintza plan bat aurkezteko, produktu ekologikoen ekoizpen eta kontsumoa sustatzeko eta "Etxaldetik mahaira" estrategian zehaztutako helburuak lortzeko gaurtik 2030era bitartean. Planak 23 ekintza ditu, hiru ardatzen inguruan egituratuak: kontsumoa bultzatzea, ekoizpena handitzea eta sektorearen jasangarritasuna hobetzen jarraitzea, haren hazkunde orekatua zaintzeko. Batzordeak deia egiten die estatu kideei ekintza plan ekologiko nazionalak egitera, nekazaritza ekologikoaren ehuneko nazionala handitzeko: hori erkidegoen esku jarriko da.

Testuinguru berri horretan, Nafarroako Gobernuak "Etxaldetik mahaira" estrategian ezarritako helburua lortu nahi du, eta badaki Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean funtsezkoa dela ekoizpen ekologikoari laguntzeko politikak ezartzea, ez soilik ekoizleei emandako laguntzen bidez sustatzeko (hori ere bai), baizik eta operadore berriei nekazaritza-eredu horretan modu bideragarrian sartzeko aukera emanen dien prestakuntza eta aholkularitza teknikoa emateko eta herritarren artean elikagai horien kontsumoa sustatzeko, sektorea gara dadin.

Nafarroako Gobernuak badaki adierazitako helburu guztiak sistema optimo batean oinarritu behar direla, ekoizpen sistema hori zaintzeko, kontsumoa sustatzeko eta ekoizpen ekologikoak kontrolatu eta egiaztatzeko. Horri esker, herritarrek ekoizpen bereiziko eredu horretan jarritako konfiantza indartuko da.

Azaldutako guztiagatik, Nafarroako Gobernuak, ekoizpen ekologikoaren agintaritza eskudun gisa, sistema ziurtatzeko kontrol eta egiaztapen sistemak identifikatu behar ditu, ekoizpen eredu horri dagokion Erkidegoko esparru juridikoan oinarrituta, eta bidezko ikuskapen ofizialak eginen ditu Elikakatearen Kontrol Planeko (EKPN) auditoretzen esparruan. Halaber, zehazten diren baliabide publikoen laguntzak emateko, aipatutako agintaritzaren eskakizunak argi eta garbi bete beharko dira.

Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua indargabetzen duen ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoen etiketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduak (2021eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoa) ekoizpen ekologikoaren oinarriak finkatzen ditu eta ekoizpen horri, egiaztapenari eta ekoizpen ekologikoaren etiketetan eta publizitatean adierazpenak erabiltzeari aplikatu beharreko arauak ezartzen ditu, baita 2017/625 (EB) Erregelamenduan ezarritako kontrol gehigarriei buruzko arauei aplikatu beharrekoak ere.

34. artikuluan adierazten denez, estatu kideetako agintari eskudunek kontrol-agintaritza edo kontrol-erakunde bati baino gehiagori ematen ahalko dizkiete beren erantzukizunak edo kontrol ofizialeko zeregin jakin batzuk, edo beste jarduera ofizial batzuekin lotutako zeregin jakin batzuk.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluaren arabera, Nafarroak, besteak beste, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaietan du eskumen esklusiboa, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera.

Halaber, aipatu 13/1982 Lege Organikoaren 5. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriek eta ordenamenduek ezartzen dutenaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroa barneko jarduera ekonomikoaren plangintzaren eta garapen ekonomikoaren gaineko eskumen esklusiboa.

Otsailaren 22ko 13/2023 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren adierazgarria jartzearen erregulazioa onetsi zen, Nafarroako nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren araudi erregulatzailea ekoizpen-sektorearen errealitatearekin bat etorrarazteko, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduak eta Batzordearen 2021eko uztailaren 15eko 2021/1165 (EB) Betearazpen Erregelamenduak ezartzen dutenera egokitzeko.

12. artikuluaren arabera, Kontseiluak finantzabide hauek izanen ditu: beren enpresarako kontrol araubidea onartu duten operadoreek emandako diru kopuruak, zerbitzu pribatuak emateagatik ezartzen ahal dituen tarifengatik; jasotako dirulaguntza, legatu eta dohaintzak; kalte-ordaintzat jasotzen diren diru kopuruak; bere ondarea osatzen duten ondasunak eta ondare horren emaitza edo errentak; eta beste edozein titulurengatik dagozkion guztiak.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ardura nagusia du nekazaritzako, abeltzaintzako, elikadurako eta landa garapeneko politiketan Nafarroan, bai eta Espainiako eta Europar Batasuneko politiken aplikazioan Foru Komunitatean ere.

Bestetik, estatuen laguntzei buruz Europar Batasunak duen politikaren helburua da lehia askea bermatzea, baliabideak eraginkortasunez banatzea eta Europako merkatuaren batasuna sendotzea, aldi berean nazioarteko konpromisoak errespetatuz. Nekazaritza sektorean, estatuen laguntza horiek hiru printzipio ezberdin dituzte:

Lehiaren politikaren printzipio orokorrekin bat egiten dute.

Europar Batasunak nekazaritzaren eta landa garapenaren arloan dituen politika bateratuekin koherentzia mantendu behar dute.

Batasunaren nazioarteko konpromisoekin bateragarriak izan behar dira, bereziki Munduko Merkataritza Antolakundearen nekazaritza arloko akordioa.

Nekazaritza sektorean printzipio hauek aplikatzeko tresna juridiko bat dira nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatuko laguntzei 2023-2027 aldian aplikatu beharreko jarraibideak (2022/C 485/01) 2022ko abenduaren 21eko EBAO.

Zuzentarau horietan, Batzordeak baldintzak eta irizpideak adierazten ditu nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako laguntzak barne merkatuarekin bateragarritzat jotzeko. Laguntzen araubideei eta banakako laguntzei aplikatuko zaizkie.

Zuzentarauetan biltzen diren laguntza moten artean, "Nekazaritzako produktuen ekoizleek kalitate araubideetan parte hartzeko laguntzak" daude (1.1.9 atalean). Kalitate araubideei lotutako laguntza horietan, dirulaguntza jaso dezaketen kostuak dira, 272) puntuaren b) apartatuaren arabera, "kalitate araubideei lotutako derrigorrezko kontrol neurriena, zeinak estatu kidearen agintaritza eskudunek edo haien izenean eta Europar Batasunaren edo estatuaren legediarekin bat hartuak baitira". Kalitate araubide horien artean dago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduak ezartzen duena; erregelamendu hori produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzkoa da, eta Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

Jarraibideen 276) puntuaren 1.1.9 neurriak ezartzen duenez, ematen den laguntza diruz lagundutako zerbitzu moduan emanen da, eta kontrol neurrien erantzulea den organismoari ordainduko zaio.

Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) segitzen duenez Kontrol-agintaritza izaten, otsailaren 22ko 13/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak ezartzen duenaren ondorioetarako, eta kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzko 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduak ezartzen duen kontrolaren derrigortasuna, beharrezkoa da laguntza bat ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren operadoreek derrigorrez egin beharreko kontrol neurrien kostuetarako, 2023-2027 aldirako.

Horregatik, Nafarroako Gobernuaren gastuen aurrekontu orokorretan bada aurrekontuko gastu-partida bat horretara dedikatua, banatuko dena Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren bidez (NNPEK) diruz lagundutako zerbitzu moduan. Izan ere, kontseilu hori bere helburuak betetzen ahal dituen eskubide publikoko erakunde bat da, nortasun juridiko propioa duena eta eragiteko gaitasun erabatekoa, helburu horiek betetzeko.

Hitz batez, Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren operadoreek derrigorrez egin beharreko kontrol neurrien kostuetarako laguntza hau, 2023-2027 aldirako, ezartzen da bat etorriz Europar Batasunaren jarraibideekin, nekazaritza eta basozaintzaren estatuko laguntzei aplikatzen ahal zaizkienekin, landa eremuan, 2023tik 2027ra (2022/C 485/01), halako moldez non laguntza araubidea aldez aurretik komunikatu baitzaio Europako Batzordeari, bateragarria dela Merkatu Komunarekin aitor dezan.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Azkenik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 19ko 179/2020 Foru Aginduaren bidez, zeinak onartzen baititu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak, Nekazaritza Zerbitzuari atxikitzen zaio Nekazaritza Ekologikoa Sustatzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoa.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren operadoreek derrigorrez egin beharreko kontrol neurrien kostuetarako dirulaguntzaren oinarri arautzaileak, 2023-2027 aldirako, ebazpen honen I. eranskinean ezartzen den moduan.

2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta hamargarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

4. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren operadoreek derrigorrez egin beharreko kontrol neurrien kostuetarako dirulaguntza emateko deialdia, 2023. urterako.

5. Laguntza horien ondorioz sortzen diren gastuei aurre egiteko, 240.000 euroko gastua baimendu da 2023ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Ekoizpen Ekologikoa Arautzeko Kontseiluarentzako dirulaguntza. Kontrola eta ziurtapena" izeneko 710000 71200 4459 413104 partidaren kargura.

6. Dirulaguntza eman ahal izateko, Europako Batzordeak aitortu behar du bateragarria dela Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuarekin.

Ebazpen hau eta oinarri arautzaile hauek Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko neurri honetan egin beharreko edozein egokitzapenen mende egonen dira.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko uztailaren 18an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO EKOIZPEN EKOLOGIKOAREN OPERADOREEK DERRIGORREZ EGIN BEHARREKO KONTROL NEURRIEN KOSTUETARAKO DIRULAGUNTZAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, 2023-2027 ALDIRAKO

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea eta aplikazio eremua.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren operadoreek 2023-2027 aldirako derrigorrez hartu beharreko kontrol neurrien kostuei eman dakiekeen finantza-laguntzaren esparrua definitzea. Neurri horiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduan ezarri ziren, ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoen etiketatzeari buruzkoan, eta Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua indargabetzen duenean, ekoizpen ekologikoaren operadoreek derrigorrezko kontrol gastuengatik emandako kuota bat ordainduz lagundu dezaten, kalitate araubide honek ezarritako kontrol neurriei dagokienez.

2. Nafarroako operadore ekologikoentzako laguntza hau 2023-2027 programazio aldian nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan estatuko laguntzei aplikatu beharreko Zuzentarauetan xedatutakoaren arabera ezartzen da. (2022/C 485/01), 2022ko abenduaren 21eko EBAO.

3. Laguntza araubidea indarrean egonen da argitaratzen den egunetik 2027ko abenduaren 31ra arte.

Bigarren oinarria.–Laguntzaren helburua eta justifikazioa.

Laguntza honen helburua Nafarroako operadore ekologikoen eta haien elkarteen parte-hartzea sustatzea da ekoizpen ekologikoaren sisteman, eta derrigorrezko kontrol ofizialaren jardueren kostua finantzatuko du partez, ekoizpen ekologikoaren kalitate araubideari lotua. Europar Batasunaren araudiarekin bat egiten dira jarduera horiek.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak eta kontrol neurrien erakunde arduraduna.

1. Laguntza jasotzen ahalko dute Nafarroako nekazaritza produktu ekologikoen operadore ekologiko aktiboak diren enpresa onuradun guztiek, baldin eta diruz lagundutako zerbitzu gisa jasotzen badute laguntza, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) ETEa izatea, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

b) Ez izatea krisi egoeran dagoen enpresa, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Batzordearen Jarraibideen 2.2 sekzioan ezarritako irizpideekin bat etorriz. (2014ko uztailaren 31ko 249 Batz. Zuz., 1. orria).

c) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateko agintariek konpromisoa hartzen dute enpresa bati edozein laguntza ematea edo ordainketa eteteko, jakinarazitako araubidearen esparruan, enpresak aurretik legez kanpokoa den laguntza bat jaso badu, Batzordearen erabaki baten bidez bateraezin deklaratutakoa (laguntza norbanakoa izan edo laguntza-araubide batekoa izan), harik eta enpresak legez kanpoko laguntza bateraezinaren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak itzuli edo blokeatutako kontu batean sartu arte.

d) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

2. Nafarroako nekazaritzako operadore ekologikoek ezin dute ordainketa zuzenik jaso derrigorrezko kontrol neurriak egiteagatik, kalitate araubide honek ezarritako kontrol neurriei lotuta. Europar Batasunaren araudiarekin bat egiten dira jarduera horiek.

3. Laguntza emanen da diruz lagundutako zerbitzu moduan, banatuko dena Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren bidez (NNPEK), erakunde hori baita Zuzentarauen 272.b) puntuan aipatzen diren kontrol neurriez arduratzen den erantzulea.

4. Agintaritza eskudunaren aurrean laguntza eskaera aurkeztu baino lehen operadoreei egiten zaizkien ziurtapen eta kontrol neurriek ezin dute laguntzarik jaso.

Laugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Europar Batasunaren jarraibideen arabera, nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako estatuko laguntzei, 2023tik 2027ra, aplikatzen ahal zaizkien jarraibideen arabera, Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren operadoreek ordaindu beharreko derrigorrezko kontrol neurrien kostuak diruz lagungarriak izanen dira. Kontrol neurri horiek biltzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduan, ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoak etiketatzeari buruzkoan. Kontrol neurriok kontrol-agintaritzak eginen ditu Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Ez da laguntzarik emanen operadoreek egindako kontrolen kostuak konpentsatzeko, ezta ere Europar Batasunaren araudiaren arabera kontrolaren kostuak nekazaritzako produktuen ekoizleek eta haien elkarteek pagatu behar dituztenean, gastuen benetako zenbatekoa zehaztu gabe.

3. Operadoreek Nafarroako nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren araubidean inskribatzeagatik dituzten kostuak ez dira finantzatuko, ez eta araubide horretan parte hartzeagatik dituzten urteko kuotak ere.

Gehiegizko finantzaketa ez dadin gerta, laguntza hauek estaltzen dituzten kostuek aintzat hartu beharko dituzte NPEren Plan Estrategikoan antzeko laguntza bat kalkulatzeko aurreikusten diren kostuak.

4. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) ezin da diruz lagundu, salbu eta ezin bada berreskuratu dagozkion legeekin bat.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Aurrekontu ekitaldi bakoitzean urte horretako dirulaguntzari dagokion gastua baimenduko da, eta kontrol neurrietarako laguntzaren intentsitate portzentajea ezarriko da. Derrigorrez hartutako kontrol neurrien kostuen %100 izan daiteke portzentaje hori.

2. Gehieneko laguntza 240.000 eurokoa izanen da urtean, eta, nolanahi ere, ematen den dirulaguntzak ezin du zenbateko hau gainditu: NNPEK-k egindako kontrol ofizialeko jardueren urteko kontrolen kostua ken ekoizleek kontrol gastuengatik ordaintzen dituzten tasak edo kuotak.

3. Laguntza emateko, ez zaie ordainketa zuzenik eginen ekoizpen ekologikoaren ekoizleei; Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari pagatuko zaio, kontrol neurriaren arduraduna eta zerbitzua ematen duen entitatea den aldetik.

4. Operadoreari dagokion laguntzaren kostua kontrol eta egiaztapenaren agintaritzaren bidez ordainduko da, eta zehaztuko da 1,55eko koefizientea aplikatuz ekoizpen ekologikoaren operadorearen tasa-ordainketari, Batasuneko beste politika batzuetan aplikatzen diren kostu sinplifikatuen aukeren arabera.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntza eskatzea.

Laguntza eskatzeko, NNPEK-k eskaera aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, dagokion aurrekontu ekitaldiko urtarrilaren 1etik aurrera. Eskaerak hauek edukiko ditu:

–NNPEKrekin egiaztapen eta kontrol jarduera egiteko kontratua izenpetua duten operadoreen zerrenda, eta operadore bakoitzak jarduera horregatik ordaindu dituen tasen ziurtapena.

–Laguntzaren xedeko ekintzak osorik edo partez finantzatzeko edozein administraziori zein erakunde publikori edo pribaturi eskatutako edo harengandik jasotako edozein laguntza aitortzea.

–Erantzukizunpeko adierazpena, laguntzaren xedeko gastuen artean ebazpen honen hirugarren oinarriko 1. puntuko baldintzak betetzen dituzten operadoreenak daudela adierazten duena.

–Baimena, Administrazioak egiazta dezan NNPEKren eta Nafarroan nekazaritzako produktu ekologikoen lehen mailako ekoizle aktiboak diren operadoreen zerga arloko betebeharren egoera eta Gizarte Segurantzarekikoena.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio, instrukzio eta ebazpen organoa.

1. Nekazaritza Zerbitzuak ebaluatuko du eskaera, eta baieztatuko du eskatzaileak betetzen dituela eranskin honen hirugarren oinarriaren 1. puntuan ezartzen diren baldintzak. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere 10 eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen-proposamena igorriko du, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren.

4. Laguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.

5. Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.

Zortzigarren oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak betetzen dituela dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra. Horretarako beharrezkoa izanen da operadoreek ordaindutako tasen eta laguntzaren onuradunak gardentasunaren gaineko betebeharra betetzen duela dioen zertifikazioa, NNPEK-k emandakoa.

Bederatzigarren oinarria.–NNPEKren betebeharrak.

1. Oro har, NNPEK Nafarroak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharren mende geratzen da.

2. NNPEK-k kontrolaren kuota murriztuko die hori eskatzen duten ekoizpen ekologikoaren operadore guztiei, baldin eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren erregistroetan inskribaturik badaude.

3. Gutxienez ere 10 urtez gordetzea laguntza honi dagozkion agiri guztiak.

Hamargarren oinarria.–Kontrol neurrien ardura duen erakundearen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion_cas_eus.pdf

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas_eus.pdf

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

1. Nekazaritza Zerbitzuak aztertuko ditu frogagiriak, baita gainerako dokumentazioa aski dela ere.

2. Nolanahi ere, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, NNPEK-k aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, entitateak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.

Hamabigarren oinarria.–Metaketa.

1. Laguntza hauek metatzen ahal dira estatuko beste batzuekin, baldin eta estatuko horien xedea identifikatzen ahal diren beste kostu diruz lagungarri batzuk badira. Diruz lagungarriak diren kostuetarako laguntzak estatuko beste laguntza batzuekin metatzen ahalko dira, diruz lagungarriak diren kostu berberei dagokienez, zati batean edo osorik gainjartzen badira, baldin eta metatze horrek ez badu gainditzen jarraibide hauen esparruan laguntza mota horri aplika dakiokeen laguntzaren gehieneko intentsitatea edo zenbatekoa.

2. Laguntza horiek ezin dira metatu (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 145. eta 146. artikuluetan aipatutako ordainketekin, diruz lagungarriak diren kostu berberei dagokienez, baldin eta horrek berekin badakar jarraibide hauetan ezarritako laguntza-intentsitatea edo laguntza-zenbatekoa gainditzea.

3. Jarraibide hauen arabera baimendutako laguntzak ezin dira kostu berberei dagokien de minimis laguntzekin metatu, baldin eta horrek berekin badakar jarraibide hauetan ezarritako laguntza-intentsitatea edo laguntza-zenbatekoa gainditzea.

Hamahirugarren oinarria.–Murrizketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluei jarraituko zaie.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarren oinarria.–Publizitatea eta gardentasuna.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako estatuko laguntzei, 2023tik 2027ra, aplikatzen ahal zaizkien Europar Batasunaren Jarraibideen I. zatiaren 112. puntuarekin bat etorriz, jarraibide berrien 3.2.4 puntuak aipatzen dituen gardentasun betebeharrak beteko direla bermatzen du, estatuko laguntzei buruzko web-orri orokor batean, eta zehazki, hau argitaratzeko konpromisoa hartzen du:

a) Laguntza araubidearen eta aplikatzeko xedapenen testu osoa, edo banakako laguntzetarako oinarri juridikoa, edo esteka bat haietara jotzeko.

b) Laguntza ematen duen agintaritzaren identitatea.

c) Onuradun bakoitzaren izena, onuradun bakoitzari emandako laguntzen forma eta zenbatekoa, emate-eguna, enpresa mota (ETEa edo enpresa handia), onuraduna zer eskualdetan kokatzen den (NUTS II. mailan), eta onuradunak bere jarduerak garatzen dituen sektore ekonomiko nagusia (NACE taldearen mailan). Baldintza hau ez da eskatuko emandako banakako laguntzetan, 10.000 euroko kopurua gainditzen ez badute, lehen mailako nekazaritza ekoizpenean jarduten duten onuradunentzat.

2. Laguntza emateko erabakia hartu ondoren argitaratuko da informazio hori. Gutxienez 10 urtez gordeko da informazioa, eta murrizketarik gabe jendearen eskura egonen da.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak konpromisoa hartzen du txostenak eta berrikuspenak egiteko, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta jarraibide berrietako landa eremuetarako estatuko laguntzei aplikatu beharreko jarraibideen III. zatiko 2. kapituluan ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2310915