Iragarkia
162. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
687E/2023 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana; honen bidez formulatzen da ingurumen inpaktuaren txostena, eguzki jarraitzailez osatutako "Viana Sol" eguzki instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuaziorako Viana TBAra (13,2 kv), Vianako udalerriko El Lecinedo eta Revilalagua parajeetan. Wade Fotovoltaica SL da proiektuaren sustatzailea.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko asmoz, eta egiaztatu ondoren dokumentazioak betetzen dituela nola sektoreko legerian hala Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan ezarritako baldintzak, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegituren eta Meatzeen Zerbitzuak, erakunde eskuduna izanik, 2022ko urriaren 27an, aurkeztu zuen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Wade Fotovoltaica SLk sustatzen duen Viana Sol 4,89 Mw-ko eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektua, eguzki jarraitzaileez osatua.
Proposamena da eguzki energia fotovoltaikotik energia elektrikoa sortzeko parke bat ezartzea, Vianako (Nafarroa) hainbat lurzatitan kokatua, eta haren ebakuazioko azpiegiturak, instalaziotik Redes Eléctricas Inteligentes SAUren jabetzako Viana TBAraino (instalazioaren transformazio estazioak, babes eta neurketa zentroa, instalazio fotovoltaikoaren linea kolektoreak, eta ebakuazioko lur azpiko linea, Tentsio Ertainean (13,2 kV) Viana TBAraino). Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean dago.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko i) apartatuan sartzen da. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
INGURUMEN EBALUAZIO SINPLIFIKATUAREN IZAPIDETZEA
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsultak egin dira erakunde hauekin: Vianako Udala, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Iruñeko Ekologistak Martxan, Ekologistak Martxan, Gurelur Ingurune naturala babesteko Nafarroako Funtsa, Lurraren defentsarako Lurra elkartea, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Erriberako Ekologistak Martxan eta Landazuria. Erantzuna eman dute Lurra elkarteak eta Vianako Udalak. Erantzunen laburpena txosten honen II. eranskinean jaso da.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.
PROIEKTUAREN ANALISIA, 21/2013 LEGEAREN III. ERANSKINEKO IRIZPIDEAK KONTUAN HARTUTA
Proiektuarekin batera ingurumen dokumentu bat aurkeztu da, adierazten duena proiektua bideragarria izan daitekeela ingurumen eraginari dagokionez, baina argitzen du ez dela egiaztatu ea espezie katalogaturik baden han, Administrazioak dituen datuetan oinarrituta.
Ingurumen dokumentuak hainbat neurri jasotzen ditu, inpaktuen prebentziorako lanak egiten diren bitartean, eta neurri zuzentzaileak, esaterako lurzoruaren tratamendua eta landaretza berritzeko ereintza. Horiez gain, proposatzen du landarediaren berezko hazkundea uztea okupatutako partzela guztietan. Fauna babesteko, inpaktuei aurrea hartzeko neurriez gain, beste hainbat neurri proposatzen ditu: kaxa-habiak, kiropteroentzako kaxak/babeslekuak, gaueko nahiz eguneko hegazti harraparientzako pausalekuak, eta baltsa txiki bat egitea anfibioentzat, hesitutako barrutian. Integratzeko neurri zuzentzaileen artean proposatzen da, esaterako, landare-pantaila bat sortzea barrutien mendebaldeko alboan eta sarbidetik hurbilenak diren aldeetan, zuhaitz eta zuhaixka espezieak nahasita.
Ingurumen inpaktuaren azterketa eta txosten hau kontuan hartuta, eta orobat, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinaren b) apartatua –lehendik han dauden edo onartuta dauden beste proiektu batzuekin pilatzea–, hain zuzen ere, pilatze horren ondorioz faunaren habitata murrizteko eraginen diren efektu sinergiko eta pilatuak izanen dira proiektuaren eraikuntzan eta ustiapenean kontuan hartu beharreko inpakturik handienak (2 km-ra mendebaldean bi eguzki parke daude, 8,82 ha eta 20,52 ha-koak, eta hegoaldean beste eguzki instalazio fotovoltaiko bat, Valderrobles II, 9,079 ha-koa, egitearen aldeko txostena eman berri du Biodibertsitate Zerbitzuko zuzendariak, ekainaren 21eko 205/2022 Ebazpenaren bidez). Kontuan hartu behar da izapidetzen ari den parkearen eta aldeko txostena jaso berri duen parkearen azalera osoa, guztiak barne direla, 30 ha-tik gorako ukipen hedadura hartzen duela.
Proiektuaren ukipen eremua da paisaia ireki bat, bi talaiaren gainaldean kokatua, azalera guztiz lauaren gainean, eta beraz, ez da espero lur mugimendu handirik egin behar izaterik, modulu fotovoltaikoak instalatzeko eremuaren prestaketan.
Ingurumen dokumentuaren arabera, landarediari eta florari dagokienez, ez da ukipen adierazgarririk eraginen, instalazio osoa kokatzen delako landaredi unitate gisa interes gutxikoak diren eta, bestalde, inguru hartan oso ugariak diren laborantza eremuen gainean. Proiektuak ukitzen duen kokapenaren azterketa egin ondoren, txostenaren arabera, eguzki parkearen partzela ia guztiak lehorreko labore eta mahastiak izanda, egiaztatu da iparraldeko barrutiaren hegoaldeko muturrean, 4.560 m²-ko azalera batean, berezko landaredia dagoela, isatsa eta sastrakadi mediterraneoko beste hainbat espezierekin (13. poligonoko 259. partzelan), eta habitat hori sartzen ahal dela Europako 6220 kodea duen lehentasunezko intereseko habitatean: bazkaleku mediterraneo xerofitikoak, urterokoak eta bizkorrak. Habitat hori bera aurkitzen da bi barruti fotovoltaikoak kokatzen diren lautaden inguruko ezponden zati batean. Ezponda horien buruko trantsizio eremuan, abaritz eta almendrondo banaka batzuk hazten dira.
Instalazio fotovoltaikoak proiektuaren ingurunean dagoen faunari eragiten dion ukipenari dagokionez, txostenak jasotzen du ukipena dagoela 15 ha inguruko eremu batean, fauna espezie batzuen habitata galtzen delako.
Faunari buruz esan behar da instalazioaren inguruko eremuan jaso direla estepako hegaztien presentzia egiaztatzen duten datuak, Ingurumen Departamentuak populazio horien jarraipenean egiten dituen urteko erroldetan bildutakoak. Gainera, proiektuaren ingurunean egiaztatu da hegazti harraparien ugaltze eta lo egiteko eremuak badirela, tartean ugari direla mirotz zuriaren eta zingira-mirotzaren populazioak (biak ere Babes Bereziko Espezieak), batez ere beren lotarako lekuen inguruko joan-etorrietan. Espezie horien gune ekologikoa laborantza motari eta sasoi hurrenkerari eta lehorreko laborantza sistemen erabilerari estu lotua agertzen da. Espezie horiek kaltebera agertzen dira azpiegituren ezarpena, haien habitataren zatiketa, gizakiaren presentzia ugaria eta nekazaritzako jardunbidearen aldaketa gertatzen direnean.
Nolanahi ere, instalazioak kokatzen diren eremu zehatzean, 2020 eta 2022 bitartean, atalarraren eta mirotz zuriaren (Babes Bereziko Espezieak) presentzia iraunkorra detektatu da, ugaltzeko garaian, eta beraz, ez da espero proiektuak ukipen adierazgarririk eragitea fauna talde horren gainean, are gutxiago, kontuan hartzen bada energiaren ebakuazioko linea lurpetik doala. Hala ere, lehenago beste hainbat paragrafotan adierazi denez, eragin sinergikoak, inguruan eguzki energiako antzeko beste instalazio batzuk izanda, fauna talde horrek erabilgarri duen habitataren murrizketa eragiten du, eta beraz, nahitaez hartu behar dira eragina zuzentzeko neurri gehigarriak, proiektua ingurumen aldetik bateragarria izan dadin, espezien horien biziraupena eta ugalketa bermatzeko behar diren habitaten azalera handituz.
Izapidetzen ari den instalazioaren bi barrutiek, gehi haien ondoan, hegoaldean, kokatuta dagoen parke fotovoltaikoak, faunarentzat eragiten ahal duten konektibitate galerari dagokionez (bi instalazio hesituak iparretik hegora luzatzen dira 1.700 metroko luzera batean), ez oso adierazgarritzat jo behar da, kontuan hartzen bada barruti horiek kokatzen diren erliebe mota, hau da, bi lautada, bien artean erdiko sakan ireki bat dutela, 90 metroko zabalerakoa, handik igarotzen dela Mendabiako Bidea. Hala eta guztiz ere, izapidetzen ari den instalazio fotovoltaikoak habitat horietan eragiten ahal duen zatiketa murrizteko, ingurumen inpaktuaren txosten honetan, hainbat neurri gehigarri proposatzen dira.
Las Cañas Urtegia KBE (ES0000134) eguzki parkearen hego-mendebaldean kokatzen da, 4,4 km-ra. Ez da uste instalazio fotovoltaikoak ukipenik eraginen duenik aipatu den gune babestuaren gainean.
Ebakuazioko linea han dauden bideen mugen gainetik eramaten da, eta ibilbidean ubide bat zeharkatzen da, urak Valdearas errekara isurtzen dituena. Linea horrek, gainera, Pasada izeneko 18. abelbidea zeharkatzen du; haren trazadurak bat egiten du NA-6320 errepidearekin, eta beraz, Nafarroako abelbideei buruzko 19/1997 Foru Legean xedatutakoa bete behar da.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, ebatzi du, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, eguzki jarraitzaileez osatutako Viana Sol izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa egiteko Wade Fotovoltaica SLk sustatutako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak, proiektuak beharrezkoa duen baimenean ere jasoko direnak, betetzen badira, ukatu gabe indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortu behar izatea.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Eguzki jarraitzailez osatutako Viana Sol izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoak, Wade Fotovoltaica SL sustatzen duenak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:
–Zuinketa egiten den bitartean, zerrenda eta marka ikusgarriz balizatuko dira obrek ukitutako eremu guztiak. Balizatua soilik laborantza lurren barnean eginen da, inola ere ukitu gabe berezko landaredia (13. poligonoko 259. partzelako eta bi talaien ezpondetako bazkalekuak eta ezponda horien gaineko zuhaitzak eta zuhaixkak). Obrako bide lagungarriak lehendik daudenak soilik izanen dira, edo balizatutako inpaktu-perimetroaren barruan egiten direnak.
–Ingurumeneko, Lurralde Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Agindua betez, haren bidez arautzen baitira lurzoru urbanizaezinean eguzki energia aprobetxatzeko instalazioak egiteko ingurumen eta hirigintza irizpideak eta baldintzak, kendu eginen dira, edo kasua bada, kokapen berri batean jarriko dira, 13. poligonoko 259. partzelako modulu fotovoltaikoak, kokapen horrek bat egiten duelako zuhaixka-bazkaleku batekin, eta haren osaera sartzen delako 6220 lehentasunezko habitatarekin, ‘Bazkaleku mediterraneo xerofitiko urterokoak eta bizkorrak’.
–Gutxienez 15 metroko aldea gordeko da instalazioaren inguruko hesiaren eta erliebe nabarmenen artean, eta han ez da modulurik jarriko, eta inongo jarduketarik ere ez da eginen. Horren helburua da lurzorua higatzeko arriskuak eta magalean lurrak isurtzea saihestea, eta paisaiaren gaineko eragina murriztea, 64/2006 Foru Aginduaren 5.b) artikuluko seigarren puntua betez. Era berean, ezponda horien gaineko eraginak saihesteko, obraren sarbide osagarrietan gutxienez 5 metroko zerrenda gordeko da ezponden gainarekiko.
–Hesia atzeraemanen da Vianako 13. poligonoko 253. partzelaren hegoaldeko mugaraino, itxituratik kanpo utziz 254., 255., 258. eta 259. partzelak, lehenengo hirurek %15eko malda baitute, eta proiektuan ez baita haien gainean modulu fotovoltaikorik ezartzerik planteatzen. Era horretan, barrutien arteko 200 metroko zabalerako korridore bat lortzen da.
–Gainera, beste korridore bat sortzea proposatzen da, izapidetzen ari den Viana Sol parke fotovoltaikoaren eta lehendik han dagoen Valderrobles II parkearen artean. Kasu honetan, itxituraren muga izanen da mutur horretan igarotzen den zerbitzu bidearen kanpo muga. Gutxienez 15 metroko zabalerako pasabidea bermatzeko, 14. poligonoko 89. partzelaren hegoaldeko zenbait modulu fotovoltaiko kendu edo kokapen berrian ezarri beharko dira.
–Lurra berdintzeko lanik egin behar bada, ez dute sortuko 2 metro baino gehiagoko lur erauzketarik edo lubetarik. Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilak izanen dira, eta lubeta ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da.
–Lurra mugitu edo hondeatu behar den lekuetan, aurretiaz gainazaleko landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko geruza bat (azalera horiek behin-behinean nahiz betiko okupatzekoak izanda ere). Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 2,0 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago zaharberritze lanetan berrerabiltze aldera.
–Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.
–Ebakuazioko linea lurperatua hango bideen trazaduratik eginen da, ondoko landaredia naturalaren gaineko eragina saihestuz. Berezko ur-emaria zeharkatzeko lanak udako agorraldian eginen dira, zangaren zabalera ahal den gehiena mugatuz.
–Proiektatu beharreko drainatzeei dagokienez, halakorik behar bada, diseinuak bermatu beharko du dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen aldatuko, eta eremuko jariatze ura isurbide naturaleko puntuetara bideratuko dela. Era berean, drainatzearen diseinuan kontuan hartu beharko da modulu fotovoltaikoak ezartzeak lurzorua iragazgaitz bihurtzen duela hein batean, eta horrek areagotu eginen duela nekazaritza edo landa ingurunean ur isuriek kalteak eragiteko arriskua, prezipitazio handiko uneetan.
–Jarraitzaileen euskarriko egitura lurrean zuzenean tinkatuko da, finkatzeko hormigoirik erabili gabe.
–Obrak ukituko dituen eremuak lehengoratu eta neurri zuzentzaileak aplikatzeari dagokienez, jakinarazten da obrak hasi aitzinetik ingurumen integrazioko proiektua aurkeztu beharko dela, Biodibertsitatearen Zerbitzuak gainbegiratu eta oniritzia eman dezan.
–Proiektuen ingurumen integrazioko neurrien artean, obrek ukitzen dituzten eremu guztietan lur begetalezko geruza mantentzeaz gain, eta bereziki, jarraitzaileen artean, lurra harrotu eta ereintzarako prestatuko da, eta ereintza edo hidroereintza eginen da, malda handi samarreko lekuetan, eremuan berezkoak diren espezieen hazien nahasketa bat erabiliz.
–Konpentsazioko neurri gisa, eguzki parkearen eraikuntzak ukitzen duen eremuaren konektibitatea hobetzeko, landaretza berritzeko landaketa eginen da, eguzki parkearen eta Valderrobles II instalazioaren arteko korridore ekologikoan. Horretarako, zuhaitz eta zuhaixka ildo bikoitza landatuko da itxituraren bi aldeetan, eta haren kanpo aldean, basoko zuhaitz landareak jarriko dira. Espezie hauek erabiliko dira: Quercus coccifera, Retama sphaerocarpa, Rhamnus lycioides, Jasminun fruticans, Genista scorpius, Rosmarinus officinalis, Lavandula latifolia edo Thymus vulgaris.
Beste korridore ekologikoa, hau da, izapidetzen ari den parkearen bi barrutien artean eratzen dena, egokitzeko, lehenagoko apartatu batean ezarri baita nahitaezko baldintza dela itxitura kentzea (ipar barrutia, 13. poligonoko 254., 255. eta 258. partzeletan), bilakaera naturala proposatzen da, inguru hartako berezko landaredi potentziala, alegia, "karraskaren edo Quercus rotundifoliaren serie meso-supramediterraneo basofiloa, gaztela-aragoiarra, lehorra" hazten uzteko modu progresiboan.
–Estepako abifaunari laguntzeko konpentsazio neurri gisa, parkearen bizitza baliagarri osoan, nekazaritza eta ingurumen arloko neurrien kudeaketa ezarriko da, azkenean baimentzen den eguzki instalazioaren azalera bereko eremu batean, parkea ezarriko den eremuaren inguruko estepa esparruetan. Azalera hori banatuko da ale laboreen lehorreko laborantzarako partzeletan, habitat ezin egokiagoa baita estepako hegaztientzat. Azalera, ahal dela, 2-3 hektarea inguruko eremuetan banatuko da, eta hura aukeratzeko eta kudeatzeko modua zehazteko, Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuari kontsultatzen ahalko zaio, eta hari aurkeztu beharko zaio azkenean horretarako erabiliko diren lursailen zerrenda, baliozkotu dezan. Lurzati horiek erabiltzeko eskubidearen erabilgarritasuna egiaztatu egin beharko da, bai eta lursailen jabeekin eta/edo nekazariekin hitzartutako akordioak ere. Lanei ekin aurretik aurkeztu beharreko jarraipen eta zaintza planean zehaztu beharko da lurzati horien kudeaketa; hona hemen aukera posibleetako batzuk: lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azarorik otsailera gainazaleko laboratze lan bat eginez, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta laboratze lanak ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo eginez. Ez dira erabiltzen ahalko energia berriztagarrietarako beste proiektu batzuengatiko konpentsazio neurri gisa ezarritako nekazaritza eta ingurumen arloko neurriak dituzten lurzatiak.
–Ingurumen integrazioko proiektuan jasoko dira ingurumen dokumentuan aipatzen diren landaketak, instalazioen pantaila egiteko, itxituraren inguruan, eta bereziki mendebalderantz (Viana aldera), iparralderantz (NA-1110 errepiderantz) eta hegoalderantz (NA-6320 Viana-Recajo), baina haien osaera aldatuz. Kasu guztietan ere, landare pantaila horien ezarpena mugatzen ahalko da, begiratu bat egin ondoren, frogatzen bada instalazioak ezkutatuta geratzen direla inguru hartako erliebean. Ondoko espezie hauek proposatzen dira: Aleppo pinua, almendrondoa eta olibondoa, lehen aipatutako espezieekin batera. Kasu honetan, hesiaren kanpoko perimetroko landaketak zuhaitz eta zuhaixka ilara bikoitzean eginen dira, hiruzuloka jarrita, gutxienez 3 m x 3 m-ko landaketa esparru batean, eta 1,5 metroko gutxieneko altuerako aleak erabiliz.
–Landaketak azarotik otsailera bitartean eginen dira, obrak amaitu ondotik, eta mantentze ureztaketa edo tantakako ureztatze iraunkorra jarriko zaie, eta zainketak eginen dira, ustiapenaren bizitza osoan egoera egokian egonen direla bermatzeko. Horrez gain, babestu eginen dira, ganaduak ez ditzan kimatu (tutu babesleak eta zurkaitzak jarriz).
–Prozesuaren amaieran neurri zuzentzaileen eta konpentsazio neurrien aplikazioa ezarriko den partzelen zerrenda aurkeztu behar da, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren aurrean egiaztatuko dira lurzati horiek erabiltzeko eskubidea edo nekazariekin hitzartutako akordioak.
–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
–Lanak egin bitartean Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
–Ingurumen dokumentuan faunaren gaineko inpaktuak minimizatzeko proposatzen diren konpentsazio neurriak bete behar dira, alegia, kaxa-habiak, kiropteroentzako kaxak/babeslekuak, gaueko nahiz eguneko hegazti harraparientzako pausalekuak, eta baltsa txiki bat egitea anfibioentzat, hesitutako barrutian. Baltsa txikia izanen da, eta panel fotovoltaikoetatik urrun kokatuko da, udako lehorteetan funtzionala izanen dela bermatzen duen toki estrategiko batean. Baltsaren ingurua soilduta egonen da, eta ez da hesitzen ahalko, eta ez da landatzen ahalko ez zuhaitzik, ez zuhaixkarik. Ezponda leunak izanen ditu, 2H/1V-tik beherako maldarekin, eta sare zimurtsua izanen du, nahigabean eroritako faunak ihes egiteko aukera izan dezan. Kokapena eta diseinua hautatzeko, aholkua eskatzen ahal zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, zeinak behin betiko proposamena baliozkotu behar baitu gauzatu baino lehen.
–Hesia zinegetikoa izanen da, iragazkortasunari buruz ingurumen dokumentuan ezarritako jarraibideak beteko ditu, eta itxituraren goiko hariak ez du elementu zorrotzik izanen. Itxiturak zuloak izanen ditu behealdean, fauna errazago igaro dadin. Hesian talken aurkako plakak instalatuko dira.
–Proiektuaren kokapena bat datorrenez espezieek (hala nola mirotz zuria eta urdina) habiak egiteko habitat onuragarriekin, makinak obra eremuan sartu aitzinetik habiak miatuko dira, betiere obrak martxoaren hasieratik uztailaren erdialdera bitartean egiten badira.
–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondoren, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.
–Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta kolore ez-nabarmenak erabiliz, paisaian integratzea errazten dutenak.
–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
–Obrak hasi aitzinetik, obren eta funtzionamenduaren fasean jarraipena eta zaintza egiteko plan bat entregatu beharko da, eta han jasoko dira, alde batetik, egin beharreko jarduketen metodologiaren proposamena, eta bestetik, eta ingurumen inpaktuaren txosten honetan aipatutako gainerako informazioa. Urtean behin eta eguzki parkeak funtzionatzen duen bitartean, aurreikusitako neurriak betetzen direla egiaztatzeko dokumentu bat aurkeztu beharko da, batez ere estepako abifauna babesteko nekazaritza eta ingurumen arloko neurriei dagokienez.
–Ahal den eperik laburrenean, eta nolanahi ere, ustiapena baimentzeko eskaera baino bi hilabete lehenago, ingurumen inpaktuaren adierazpenean aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu behar da, besteak beste, integrazio neurriak, konpentsazio neurrien ezarpena, ingurumen zaintza, ingurumena leheneratzea, etab. azalduz. Ingurumen Eraginaren Atalaren aldeko txostena jaso beharko da ustiapenaren baimenaren aurretik, eta han egiaztatuko dira alderdi horiek.
–Ingurumen txosten hau prestatu denean ez da kontuan hartu sustatzaileak, obrak egiten hasi aurretik, gaiaren arabera eskudunak diren erakundeen txostenak eta baimenak eskuratu dituen ala ez, horien artean aipagarria, Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuak eman beharrekoa.
–Sustatzaileak abisua eman behar badie Basozainei, inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredi naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitzea, etab.), kontaktua egin behar da Ingurumena Zaintzeko Ataleko Lizarra 2. Koordinazio Unitatearekin (telefonoa: 608 06 26 39; gmaestellasur@navarra.es).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraiki, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau helaraztea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia gmaestellasur@navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko uztailaren 4an.–Zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Eguzki instalazioa Vianatik 3.3 km-ra dago, hego-ekialderantz, 16,68 ha-ko azalera okupatuz bi barrutitan, El Lecinedo eta Revilalagua parajeetan, Vianako udalerrian. Eguzki instalazio fotovoltaikoa osatzen duten bi barrutiek, ipar eta hegoa, lurzati hauek okupatzen dituzte: 13. pol., 185-190, 196, 197, 200, 249, 250, 252-255, 258-260, 268; 14. pol, 89, 95, 97, 231, 230, 258. Proiektuaren kokapena hiru alternatibaren artetik hautatu da, bata bestetik hurbilen dauden bi barruti dituelako, eta Vianako ebakuazioko TAE azpiestaziotik hurbilena delako.
Instalazio fotovoltaikoa 10.360 modulu fotovoltaikoz osatzen da, bi barrutitan banatuak, bien artean 90 metro-ko tarte bat dagoela; han barna igarotzen da Mendabiako Bidea eta hartatik hasita zabalduko dira sarbide berriak, eta ebakuazioko linea bide horri jarraiki eginen da. Moduluak eguzki jarraitzaileen gainean ezarriko dira, 55º-ko bira-angeluarekin, haien artean 6,5 metroko tartea utzita, eta jarraitzaile bakoitzaren gainean 56 edo 112 modulu ezarriko dira. Eguzki jarraitzaile horiek lurrean zuzen tinkatuko dira profil metalikoak erabiliz.
Bi barrutiek inbertsore eta transformazio zentro bana izanen dute, eta beren artean konektatuta egonen dira, eta Babes eta Neurketa Zentroarekin (CPM) ere bai, tentsio ertaineko 13,2 kV-ko linea lurperatu batez. CPM hori 14. poligonoko 97. lurzatian kokatuta dago, bi barrutien arteko bidearen ondoan, eta hartatik abiatuko da 13,2 kV-ko lurpeko ebakuazioko linea, 2.971 metro eginez han dauden bideen ondotik, 13,2 kV-ko linearen posizio berriraino, Viana TBA (13,2 kV) azpiestazioan, Vianako Industria Poligonoan. Zanga batez kanalizatuko da, 90 cm baino gehiagoko sakoneran, eta gurutzatze guneetan 2 metrokoa izanen da. Linea horrek aldian behingo erreka izengabe bat zeharkatzen du.
Orografia egokitzeko proiektuko instalazioen arabera, eremua berdinduko da, gehienez 40 cm-ko sakonera arte mugituz lurrak, haren barneko aldean, leku batzuetan lur-erauzketak eginez eta beste batzuetan lubetak edo betelanak, guztira 3,2 hektareako eremu batean, 12.861 m³ inguruko lur mugimenduak eraginez. Ez da aurreikusten lur soberakinik sortzea, guztiak ere erabiliko direlako egokitzapen geomorfologikoa egiteko.
Parkerako sarbidea errepidetik egiten da, NA-6320 errepidetik abiatuta Vianako erdigunearen ekialdeko mugan, eta hartatik iristen da bi barrutien arteko kokapen puntura. Puntu horretatik bi bide eginen dira, 3,5 metroko zabalerakoak eta zabor-legarrez eginak, bi barrutiek dituzten inbertsoreetaraino.
Barruti bakoitzak bere itxitura independentea izanen du; 2 metroko altuerako sare zinegetikoa eta lurrean hormigoizko dadoen bitartez tinkatutako metalezko zutoinak jarriko dira. Itxituraren ondoan perimetro guztian, segurtasun zirkuitu bat jarriko da, 4 metroko zutoinen gainean jarritako kamerez hornitua.
Gainera, komunikazio eta ordezko piezetarako bi etxola eginen dira, hego barrutiaren ekialdean.
II. ERANSKINA.–KONTSULTA PROIEKTUAK UKITZEN DITUEN ADMINISTRAZIO PUBLIKOEKIN ETA PERTSONA INTERESDUNEKIN
2022ko azaroaren 30ean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zen, eta kontsultatutako erakundeen eskura jarri ziren ingurumen dokumentua eta proposamenaren planoak.
Hona hemen ukitutako administrazio publikoen eta izapide honetan kontsultatutako pertsona interesdunen zerrenda:
–VIANAKO UDALA.
–VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIA.
–NAFARROAKO EKOLOGISTAK MARTXAN.
–LANDAZURIA - ERRIBERAKO EKOLOGISTAK MARTXAN
–LURRA LURRAREN DEFENTSAREN ALDEKO ELKARTEA
–GURELUR-INGURUNE NATURALA BABESTEKO NAFARROAKO FUNTSA
–SUSTRAI ERAKUNTZA
Abenduaren 9ko 21/2013 Legean izapide honetako erantzunak helarazteko ezarritako epea igaro ondoren (30 egun baliodun), honako erantzun hauek jaso dira:
1. Vianako Udalak, Lizarrerriko Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoaren bidez, ondorioztatu du aurreikusitako instalazioa bateragarria dela udal nahiz eskualde mailan lurzoru urbanizaezinerako eta hiri lurzorurako indarrean dagoen hirigintza araubidearekin; hala ere, ohartarazten du instalazio fotovoltaikoaren iparraldeko zati handi bat eta hegoaldeko zati bat identifikatuta daudela "Kokaguneen paisaia-eremu babestu" gisa, LAPen proposamenez, Kultura ondareari lotutako estrategian. Hiri-begiraleku gisa ere identifikatzen da inguru hori. Lurralde Antolamenduko Planetan paisaia integraziorako emandako gidalerroak aipatzen dituzte, esaterako, elementu nagusiak, nabarmenak eta goi-lur topografikoak errespetatzea, eta hiriguneetatik ikusten den paisaia zabal eta naturala mantentzea. Era berean, sustatzaileak beste hainbat sektoretako legediaren arabera lortu beharreko gainerako baimenak aipatu zituen Udal horrek (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, AESA).
2. Lurra Nafarroa. Lurraren defentsarako elkarteak ondorioztatzen du, bere txostenean, proiektuaren ondorioz Nafarroako ale laboreen ekoizpena murriztuko dela eta inportazioak handitu beharko direla. Horrez gain, instalazio fotovoltaikoak eta energia ebakuatzeko lineak ezinbestekoak dituzten elementuen eraikuntzak izanen dituen kostu energetiko handiak aipatzen ditu. Azkenik, instalazio fotovoltaikoak inguruko faunaren gainean izanen duen eragin kaltegarria aipatuta, proiektua ez dela onargarria esaten dute.
Iragarkiaren kodea: F2310459
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
