1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
686E/2023 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez ingurumen inpaktuaren txostena ematen da "Hondakinen kudeaketarako instalazioa Vianan" proiekturako. Iregua Exca Rioja SL da sustatzailea.
2022ko abenduaren 22an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera bidali du Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldean, e) epigrafean, sartzen da.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaien arloko oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Izapide horretan Hondakinen Atalari egin zaio kontsulta, eta hark erantzun du proiektuak ez duela eragozpenik erakusten, Nafarroako Hondakinen Planari dagokionez. Kontsulta egin zaio, orobat, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Nafarroako altxonbideen babesaren arduraduna baita bera, proiektuaren lurzatiak muga egiten duelako Ebroko Iraganbide Nagusia errege altxonbidearekin. Ingurumen ebaluazio honetarako, aintzat hartu da, halaber, Vianako Udalak emandako aldeko txostena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten honetan ezarritako baldintzetan.
Jardueraren deskribapen zehatzago bat jaso da txosten honen I. eranskinean, eta II. eranskinean jaso da aurkeztutako ingurumen dokumentuaren laburpena.
Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuak, lurzoru industrialean kokatzen denez, ez du zuzeneko eraginik estalki naturala duten eremuetan, laborantzetan, baso masetan, bazkaleku eta sasitzetan, ez eta ur-ibilgu eta ertz naturaletan ere.
Ingurumen inpaktuaren azterketa eta ingurumen ebaluazio hau berrikusita, ondorioztatzen ahal da, baliabideen kontsumoarekin eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitate kontrolarekin lotutako eraginez gain (eragin horiek ingurumen baimen bateratuaren espedientean zehaztu eta baloratzen dira), ondoren zehazten diren hauek direla eragin nagusiak.
Ezartzen ahal diren kontrol eta kudeaketa neurrietan jaso beharko dira tratamendu ahalmenaren gainetiko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sarrera galarazteko sistemak, haien gehiegizko metaketa saihesteko, eta hala ez bada, agregakin gehiegi biltzea eta haiei irtenbiderik ezin eman izatea saihesteko. Helburua da aurreikusi gabeko ikusizko inpaktua saihestea.
Proiektuaren lurzatiak eta hegoaldeko itxiturak Ebroko Iraganbide Nagusia errege altxonbidearekin egiten dute muga, (Vianako 17. poligonoko 264. lurzatia), lurzoru industrialaren barneko zati batean. Itxitura horren eta erabilera desberdinen kokapenak, instalazioen barnean, hegoaldean, Nafarroako Altxonbideen babesari buruz indarrean dagoen legedia bete behar du.
Nolanahi ere, hegoalde horretan, altxonbidearen erabilera soziala errazteko, jarduera bistatik ezkutatuz altxonbidearen tartean, hazkunde trinkoko zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen landaketa misto lineal bat egin behar da, eta ureztaketa sistema batez hornitu behar da, instalazioen bizialdi baliagarri osoan. Instalazio horien kokapenak, gainera, altxonbideen inguruan Nafarroan indarra duen legedian ezarritako zortasunak eta babes zerrendak errespetatu beharko ditu.
Instalazioen hornidura elektrikoa egiten da jardueraren lurzatian kokatutako deribazio bukaerako euskarri batetik; instalazioaren titularraren jabetzakoa da. Euskarri hori portiko erakoa da, kanpo transformadore bat du gainaldean, eta handik abiatzen da lurpeko behe tentsioko linea bat. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, egiaztatzen da euskarri horrek elektrokuzio arriskua dakarrela abifaunarentzat.
Linea bukaerako euskarri horretan abifaunarekiko gorabeherarik erregistratuta ez badago ere, industria poligonoa kokatzen den lurralde esparrua kontuan izanik, Ebroko ezker ertzaren ondoko goi terrazetan, inpaktu potentzial hori zuzendu beharko litzateke.
Kontsulten emaitzak ikusita eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso diren zehaztapenak, eta horiez gain, hondakinen kudeatzailearen baimena emateko ebazpenean zehazten ahal direnak, hor jasoko baitira funtzionamenduak behar dituen baldintza guztiak, eta integratuko dira proiektuak behar duen baimenean; betiere, ukatu gabe indarreko legeen arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. "Hondakinen kudeaketarako instalazioa Vianan" proiektuak, Iregua Exca Rioja SL enpresak sustatzen duenak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezartzen den ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta.
2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:
–Instalazioak jarduera mota horretan ohikoak eta egokiak diren teknikak eta neurriak hartu behar ditu, jarduera berriak behar duen baimenean jasoko diren isurketen (zarata, hautsa, kiratsak, kutsadura, etab.) ondoriozko inpaktuak saihestu edo minimizatzeko.
–Handik ebakuatutako euri-urak isurtzen diren lur eremuetan higadura eragitea saihestuko da, ur-isuri naturaletara bideratzen baitira.
–Kontrol eta jarraipen plan bati ere jarraitu behar zaio, instalazioan ez pilatzeko tratatu beharreko hondakin eta azpiproduktu gehiegi eta handik ateratzeko dauden agregakin birziklatu gehiegi.
–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:
–Argi puntuek igorritako goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak %5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi emisioen mugak).
–Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argien kasua, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurruneko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar (argi zuri-horia), edo 440 nm-tik beherako uhin luzeren erradiazioa iragaztea. Konponbide horiek ezinezkoak direnean, kanpoko argiztapena erabiliko da behar den lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.
–Jardueraren ikusizko inpaktua minimizatzeko, hazkunde trinkoko zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen landaketa lineal bat eginen da, eta ureztaketaz hornituko da, instalazioen bizialdi baliagarri osoan. Zuhaitzak ilaran jarriko dira, 4 metroko tartea utziz, eta bi zuhaitzen artean zuhaixka bat, haietatik 2na metrora. Industria poligonoaren kokapenagatik, proposatzen diren zuhaitz motak dira Tamarix canariensis edo T. africana, eta zuhaixketarako, berriz, isats horia, Retama sphaerocarpa.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraiki, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Vianako Udalari, Basozaintzari (9. barrutia, "Lizarra Hegoa") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko uztailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
Instalazioaren kokalekua Vianako "La Peña" industria poligonoaren zati bat den 17. poligonoko 305. lurzatia da. Lurzatia inguruan itxitura duen lurzoru industrialean dago, eta zati handi bat urbanizatua dago (inguruko bidea du, zabaldegi zolatua mendebaldean eta zati batean zolatutako zabaldegia hegoaldean eta hego-ekialdean), eta hiru nabe ditu eraikiak.
Instalazioan eginen diren prozesuak (harrera, bereizketa, tratamendua, bitarteko biltegiratzea eta produzitutako agregakinen azken biltegiratzea) han dauden zabaldegietan eginen dira, eta hango bi nabetan. Proiektuko instalazioaren sarbidea, "La Peña" poligonoaren barnean, NA-134 errepidetik egiten da, hark zeharkatzen baitu industriagunea, zati batean urbanizatua, jardueraren lurzatiaren iparraldean.
Jardueraren nabe nagusia (1. nabea), oinplano laukizuzenekoa da, 2.504 m²-koa, alde luzea ipar-hego ardatzean duela, errepide horren perpendikularra. Nabearen beheko aldean espazio ireki handi bat du, 1.665 m²-koa, eta haren ondoan, nabearen beste zati bat, bi solairukoa, bulegoak, komunak, aldagelak eta bestelako espazioak hartzen dituena.
Beste bi nabeak elkarri atxikiak dira, eta 1. nabearen hegoaldean ezarrita daude, ekialde-mendebalde ardatzean. Haietako bat (2. nabea) nabe irekia da, oinplano ia karratukoa eta 1.099 m²-koa, eta 3. nabea, berriz, laukizuzena da eta 422 m²-koa.
Zabaldegi zolatua 1. nabearen mendebaldean dago, hari atxikia paraleloan, oinplano laukizuzenekoa da, eta 1. nabearen parekoa (3.000 m² inguru). 2. eta 3. nabeen hegoaldean, 2. nabearen ekialdea okupatuz, beste zabaldegi bat dago, 3.300 m² ingurukoa, ekialdeko zati batean bakarrik zolatua (900 m² inguru).
Han kudeatuko diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinek jatorri ezaguna izan behar dute, eta agregakin birziklatu gisa balorizatu ezin diren bestelako hondakinen (metalak, plastikoa, egurra, etab.) %20 edo 30 izan behar dute, gehienez.
Jarduerak izanen ditu harrera gune bat, barne zirkulazioko bideak, zamaketa-lanetarako zabaldegiak, makineria aparkatzeko eremuak, edukiontziak hondakin mota batzuetarako, eta bulegoetarako lokalak. 3. nabeak eta 1. nabeko bulegoetako lokal batzuk ez dira batere erabiliko jarduera berrirako.
Balorizatu beharreko hondakin horiek ekarriko dituzten ibilgailuak harrera gunean aztertuko dira, eta onartuko dira, betiere era horretako hondakinak badira, lehen azaldutakoaren arabera.
Harreraren ondoren, agregakin birziklatu gisa balorizatu ezin diren hondakinak eskuz bereizteko prozesu bat eginen da, sailkapenerako esparruan, bolumen errentagarria osatu arte, bestelako instalazio batzuetara garraiatzeko, han balorizazio materiala eta/edo behin betiko deuseztapena egiteko, baimendutako instalazioetan, baimendutako kudeatzaileen eskutik.
Tratamendu nagusiari dagokionez, instalazioetan hondakinak xehatzea izanen dela azaltzen da.
2. nabean zeramika hondakinak bilduko dira: adreilu eta teila hondakinak. Aire zabalean biltzeko eremuetan harri-antzeko hondakinak (hormigoia, gehiena) eta lurra biltzen dira.
Kanpoko zabaldegiaren zati bat, behar bada, makineria eta ibilgailuak aparkatzeko egokituko da, baina makineria eta ibilgailuak gordetzeko lekua 1. nabearen barnean egokituko da.
Dokumentazioan aurreikusten denaren arabera, urtean kudeatu beharreko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (EEH) bolumena izanen da 1.200 m³ inguru hormigoi, 800 m³ harri-bolo, 500 m³ adreilu-teila eta 200 m³ asfalto. Instalazioaren azken produktuak agregakin mota desberdinak izanen dira, hara sartzen den material (EEH) motaren arabera, eta horiek sailkatu eta biltegiratuko dira.
Aurkeztutako dokumentazioan azaltzen denez, instalazioen hornidura egun duena izanen da, eta nolanahi ere, beti industria poligonoaren gainerakoari lotua izanen da.
II. ERANSKINA.–AURKEZTUTAKO INGURUMEN DOKUMENTUAREN LABURPENA
Aurkeztutako dokumentuaren I. eranskinean ingurumen dokumentu bat atxiki da, izaten ahal diren inpaktuen gaineko balorazio bat jasotzen duena: zarata, kutsadura, ur beltzen edo ontzien isurketak eta makineriaren eta ibilgailuen mantentze-lanak, lurruna, kea, hautsa, kiratsak, etab.; instalazioetako euri-uren isurketa ur-isuri naturalera bideratuko dela adierazten da.
Dokumentu horrek ez du neurri zuzentzailerik zehazten, uren eta lurzoruaren gaineko eraginen prebentzioan aplikatzeko, euri-urek hautsa eta kutsagarriak arrastatu eta isuri naturalera isuriko baitituzte, eta halaber, lurzoruaren kutsaduraren prebentziorako, iragazgaiztu gabeko zolaren gainean biltzen badira tratatu gabeko hondakinak.
Aurkeztutako dokumentazioan ez da jaso jardueraren ondotik igarotzen dela Ebroko Iraganbide Nagusia errege altxonbidea. Ez da baloratzen jarduerak izaten ahal duen ikusizko inpaktua, eta lorategia eratzeko edo landaredia berritzeko planik ere ez da aurkezten.
Iragarkiaren kodea: F2310509