162. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

190/2023 EBAZPENA, uztailaren 12koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko deialdiari dagokion praktikaldia. Deialdia Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 31ko 130/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 31ko 130/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko deialdia.

Deialdiaren hamaikagarren oinarrian xedatutakoaren arabera, praktiken helburua da egiaztatzea hautatutako izangaiek hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoari esleitutako eginkizunak betetzeko duten prestakuntza. Praktikaldian, ikuskatzaile lanaren jarduera profesionalaz gainera, prestakuntza jarduera batzuk ere eginen dira. Praktikaldiak hiru hilabete baino gehiago iraunen du, eta ikasturte bat baino gutxiago.

Praktikaldia hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko kideen tutoretzapean eginen da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak praktikaldia arautzeko emanen duen ebazpenean ezartzen denari jarraikiz.

Praktikaldia arautzeko ebazpenean ezartzen diren irizpideekin bat, azken ebaluazioan "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioa agertuko da.

Beraz, lehiaketa- eta oposizio-faseak amaituta, behin probaren zati guztiak gainditu dituzten eta, oposizio- eta lehiaketa-faseetako puntuazio globalaren arabera ordenatuta, hizkuntza bakoitzean deitutako lanpostuen guztizko kopuruaren ordena-zenbaki bera edo txikiagoa duten izangaiak hautatu ondoren, bidezkoa da Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena onestea, praktikaldia arautzen duena.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko deialdiaren praktikaldia arautzea. Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 31ko 130/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen aipatu deialdia.

2. Ebazpen hau, haren oinarriak eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta interesdunei adieraztea ezen ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dela Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Ebazpen hau, haren oinarriak eta eranskina igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Hautatze Prozeduren Atalera eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko uztailaren 12an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

OINARRIAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUKO HEZKUNTZAKO IKUSKATZAILEEN KIDEGOAN SARTZEKO HAUTAPEN PROZEDURAKO PRAKTIKALDIRAKO. HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO IRAKASLEAK HAUTATZEKO ETA LANPOSTUAK BETETZEKO ZERBITZUKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 31KO 130/2022 EBAZPENAREN BIDEZ ONETSI ZEN

Lehenbizikoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko deialdiari dagokion praktikaldiaren xedea izanen da egiaztatzea hautatzen diren izangaiek nolako prestakuntza duten hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoari dagozkion eginkizunak betetzeko, eta ebazpen honetan ezarritako prozeduraren arabera garatuko da. Aipatutako deialdia Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 31ko 130/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Bigarrena.–Kalifikazio batzordea.

1. Ebazpen honetan aipatzen den praktikaldirako kalifikazio batzorde bakarrak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeko burua: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

–Batzordeko kidea: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko ikuskatzaile bat.

–Batzordeko kide-idazkaria: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko ikuskatzaile bat.

2. Kalifikazio batzorde bakarra 2023ko irailaren 30a baino lehen eratu beharko da. Batzordearen eraketak balioa izateko, nahitaezkoa izanen da kide guztiak bertan izatea, salbu arrazoi justifikatuak daudenean; halakoetan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak baloratuko ditu arrazoi horiek. Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari dagokio batzordeko kideak ordezteko baimena ematea, baldin kide horiek batzordea uzteko arrazoi justifikatuak edo ezinbestekoak badituzte.

Ebazpen honetan berariaz aurreikusiak ez dauden kontu guztietan, Administrazio Publikoko kide anitzeko organoen funtzionamendurako araudi orokorrari lotuko zaio kalifikazio batzorde bakarra.

Batzordeak ezin izanen du idatzi kalifikazioak ("gai" eta "ez gai") jasotzen dituen behin betiko akta baldin eta bertan gutxienez ere burua eta idazkaria ez badaude.

3. Kalifikazio batzorde bakarrak izendatuko ditu prozesua amaitu arte izangaien tutore izanen diren ikuskatzaileak.

Tutore horiek Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari atxikitako hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko langileen artean izendatuko dira.

Haien eginkizunak izanen dira praktiketako funtzionarioei aholkuak eta informazioa ematea, ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak hezkuntzako ikuskapenari esleitutako eginkizunak betetzeko. Aipatutako foru dekretu horren bidez arautu ziren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua.

Praktikaldiaren bukaeran, ikuskatzaile-tutoreek txosten bat eginen dute, non beren balorazioa emanen baitute kalifikazio batzorde bakarrak zehazten dituen alderdiei buruz; horretaz gain, interesgarritzat jotzen dituzten beste datu batzuk ere emanen dituzte. Kalifikazio batzorde bakarrari igorriko diote txostena.

Halaber, praktiketan dagoen izangaia zer eskualdetara egon den atxikia, eskualde horretako koordinatzaileek izangaiari buruzko balorazio txosten bat bidaliko diote kalifikazio batzorde bakarrari.

Hirugarrena.–Iraupena.

Praktikaldia 2023ko irailaren 4an hasiko da, eta 2024ko apirilaren 30ean bukatuko.

Kalifikazio batzorde bakarrak 2024ko maiatzaren 31 baino lehen prestatu beharko du azken akta. Beharrezkotzat jotzen badu, bere jarduketaren gaineko txosten osagarri bat prestatzen ahalko du.

Praktikaldiko ikuskatzailea aldi baterako ezintasun egoeran badago, edo kalifikazio batzorde bakarrak onartutako aparteko beste egoera batean, eta horrek galarazten badio praktikaldia normaltasunez egitea, kalifikazio batzorde bakarrari eskatzen ahalko dio praktikaldia luza diezaiotela, behar den ebaluazioa egin diezaioten.

Kalifikazio batzorde bakarrak praktikaldia luzatzeko baimena emanen du baldin eta izangaiak 2024ko ekainaren 30a baino lehen bukatzerik badu ebazpen honetan praktikak egiteko exijitzen den aldia.

Laugarrena.–Hasierako prestakuntza.

Praktiketako ikuskatzaileek egin beharreko hasierako prestakuntzako jarduera berariazkoek gutxienez ere 35 ordu iraunen dute, eta nahitaezkoak izanen dira "gai" kalifikazioa lortzeko.

Jarduera horiek egiteko, "Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren 2023-2024 ikasturterako prestakuntza instituzionaleko planeko" modalitate eta ikastaroen artean aukeratu beharko da; betiere, beharrezkoa izanen da plan horretan ikuskatzaile guztientzat nahitaezkoak diren ikastaroak gainditu direla frogatzea.

Orobat, kalifikazio batzorde bakarraren aurrean frogatu beharko dute lehen aipatutako jarduerak egin dituztela praktikaldia bukatzeko eguna baino lehen, Hezkuntza Departamentuak emandako ziurtagiri baten bidez, edo prestakuntza ikastaroak antolatzen dituen entitateak emandakoaren bidez.

Azkenik, autoebaluazioko memoria bat aurkeztu beharko diote kalifikazio batzorde bakarrari, gutxienez honako atal hauek izanen dituena:

–Tutoreekin eta eskualdeko koordinatzaileekin izandako bilera eta elkarrizketen datak.

–Landutakoaren azalpen laburra.

–Autoebaluazioaren emaitzak: jardunaren puntuazioa, ebazpen honen eranskinean emandako ereduaren arabera.

–Indarguneak eta hobetu beharreko arloak.

–Hobekuntzarako prestakuntza plana.

Praktikaldia bukatutakoan izangaiak kalifikazio batzorde bakarrari emanen dio aipatutako memoria.

Bosgarrena.–Ebaluazioa.

1. Kalifikazio batzorde bakarrak ebaluatuko du izangaia, oinarri harturik tutoreek eta eskualdeko koordinatzaileek (zer eskualdetara egon den atxikia, eskualde horretako koordinatzaileek) egindako txostenak eta autoebaluazioko memoria.

2. Kalifikazio batzorde bakarrak ezarritako ereduen araberakoak izanen dira ikuskatzaile-tutorearen eta eskualdeko koordinatzaileen txostenak, "Egokia" edo "Ez egokia" adieraziko dute, eta gutxienez ere honako informazio hau izanen dute:

a) Tutoreentzat:

–Honako hauen datak: tutoretzapekoarekin izandako bilera, ikastetxeetara egindako bisitak eta jarduna kudeatzeari buruzko elkarrizketa.

–Bileraren eta bisiten edukien azalpen laburra.

–Jarduna kudeatzeari buruzko elkarrizketaren ondorioak, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren arabera.

–Izangaiaren balorazioa.

b) Eskualdeko koordinatzaileentzat:

–Bileren eta jarduna kudeatzeari buruzko elkarrizketaren datak.

–Bileren edukiak, labur azalduta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Jarduketa Planaren zer eginkizun gainbegiratu diren, arazoak eta planteatu diren konponbideak.

–Jarduna kudeatzeari buruzko elkarrizketaren ondorioak, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren arabera.

–Izangaiaren balorazioa.

3. Kalifikazio batzorde bakarrak eskualdeko koordinatzaileari eskatzen ahalko dio txosten osagarri bat izangaiari buruz, nahi dituen alderdien gainean (zer eskualdetara egon den atxikia, eskualde horretako koordinatzaileari).

4. Kalifikazio batzorde bakarraren epaia "gai" edo "ez gai" izanen da.

Kalifikazio batzorde bakarrak praktiketako funtzionarioen zerrenda eta lortu dituzten kalifikazioak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari igorriko dizkio.

5. Praktikaldian, praktiketako funtzionarioei osasun azterketa bat eginen zaie, hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoari esleitutako eginkizunak egoki betetzeko behar den egoera fisiko eta psikikoa duten egiaztatzeko.

Osasun azterketa hori gainditzen ez dutenek hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario gisa izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

ERANSKINA.–Ikuskatzaileen gaitasunen ebaluazioa eta autoebaluazioa (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2310553