162. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Joaquín Larregla Udal Musika Eskolaren barne-araudia. Behin betiko onespena

Irunberriko Joaquín Larregla Udal Musika Eskolaren Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak, 2023ko maiatzaren 3an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Irunberriko Joaquín Larregla Udal Musika Eskolaren barne-araudia.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Irunberrin, 2023ko uztailaren 17an.–Lehendakaria, Rocío Monclús Manjón.

IRUNBERRIKO JOAQUÍN LARREGLA UDAL MUSIKA ESKOLAREN BARNE-ARAUDIA

1. KAPITULUA.–SARRERA

1. artikulua.

Joaquín Larregla Udal Musika Eskola musikako irakaskuntza ez-arautua ematen duen ikastetxea da, udal titulartasunekoa, Nafarroako Gobernuak baimendua. Haur, gazte eta helduei irakasten die musika, aurretiaz ezagutzak izan nahiz ez.

Barne-araudi hau eskolaren antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da: dokumentu juridiko-administratiboa eta barne-arauen multzoa.

Musika eskolaren funtzionamendu egokia eta hezkuntza komunitateko ikasle, guraso, irakasle eta irakaskuntzaz kanpoko langileen arteko bizikidetza elkarrenganako errespetuan oinarrituko dira, guztien artean behar bezalako bizikidetza lortuko bada eta, aldi berean, lanak ahalik eta errendimendurik handiena izanen badu.

2. KAPITULUA.–IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA

2. artikulua.

Joaquín Larregla Udal Musika Eskolako musika irakaskuntzak hiru ziklotan antolatuta daude: HASTAPENA (I eta II), I. ZIKLOA eta II. ZIKLOA.

1.–HASTAPENA:

a) Irakasgaiak: HASTAPENA I.

b) Adinak: 6 eta 7 urte.

c) Eskola denborak eta taldekako banaketa: astean bi saio, 45 minutukoak, gehienez 15 ikaslek eta gutxienez 2 ikaslek osatutako taldeetan.

a) Irakasgaiak: HASTAPENA II.

b) Adinak: 7 eta 8 urte.

c) Eskola denborak eta taldekako banaketa: astean saio bat, 45 minutukoa, gehienez 15 ikaslek eta gutxienez 2 ikaslek osatutako taldeetan. Kurtso honetan aukera dute instrumentu bat ikasten hasteko (ez da nahitaezkoa), astean 30 minutuko banakako saio bat eginez.

Deskribapen pedagogikoa eta musikala:

Hastapena irakasgaiaren helburu nagusia da sei eta zortzi urte bitarteko haurren gaitasun musikalak ernatu eta garatzea. Funtsean jolasaren bidezko metodoa erabiltzen da irakasteko eta ikasteko, musikaren hainbat alderdi landuz, hala nola erritmoa eta horren inprobisazioa, melodia, mugimendua eta gorputz adierazpena (dantza, inprobisazioa eta sormena), eta perkusio txikiko instrumentuak ezagutzen eta erabiltzen dira. Hastapeneko bigarren urtean ekiten zaio hautatutako instrumentuaren bitartez musika ezagutzeari (erritmoa, irakurketa...).

2.–I. ZIKLOA:

a) Adinak: 8/9 urtetik 10/11 urtera bitarte.

b) Irakasgaiak: Instrumentua, Musika Hizkuntza, Instrumentu Taldeak. Nahitaezkoak.

c) Kurtsoak: 3 (1.etik 3.era).

d) Taldekoak: Musika Hizkuntza, eskola denborak eta taldekako banaketa: astean bi saio, 45 minutukoak, gehienez 15 ikaslek eta gutxienez 2 ikaslek osatutako taldeetan.

Instrumentua: banakakoa, 1. eta 2. kurtsoetan 30 minutu eta 3.ean 35 minutu; gainerako taldeak, 45 minutu/ordubete.

3.–II. ZIKLOA:

a) Adinak: 11/12 urtetik 13/14 urtera bitarte.

b) Irakasgaiak: Instrumentua, Musika Hizkuntza, Instrumentu Taldeak. Nahitaezkoak.

c) Kurtsoak: 3 (4.etik 6.era).

d) Taldekoak: Musika Hizkuntza, eskola denborak eta taldekako banaketa: astean bi saio, 45 minutukoak, gehienez 15 ikaslek eta gutxienez 2 ikaslek osatutako taldeetan.

Instrumentua: banakakoa, 4. kurtsoan 35 minutu eta 5.ean eta 6.ean 40 minutu; gainerako taldeak, 45 minutu/ordubete.

Musika Hizkuntzako kurtsoak amaitutakoan ikasleek jarraitzen ahalko dute instrumentua soilik ikasten, eta banakako eskolak 40 minutu iraunen du.

Instrumentu Taldeak: talde motaren arabera, astean ordubeteko entsegu bakar bat ezartzen ahalko da, edo, bestela, baterako entsegu-jardunaldi gehiago egin. Hori guztia, talde mota, taldekide kopurua, helburu pedagogiko eta artistikoak eta abarrekoak kontuan hartuta.

Kontserbatorio profesionalerako prestakuntza:

Instrumentua irakasgaian eskola denbora 40 minutukoa izanen da, banakako eskoletan.

Musika Hizkuntza, ordu bat astean.

Adinak: 13 urtetik aurrera.

Eskola guztiak aurrez aurrekoak izanen dira.

Beste ikastetxe batzuetatik etorritako ikasleek gaitasun proba eginen dute, zein kurtsotan matrikulatu behar diren erabakitzeko. Kasu horretan, ikaslea zein kurtsotan matrikulatu, eskolan beste hainbeste urte daramatzala joko da.

3. artikulua.

Ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesua banakakoa eta gainerakoez bestelakoa da. Hortaz, irakasgai bakoitzeko irakaslearen iritziaren arabera eta irakasgai bakoitzean ezarritako programazioaren arabera erabakiko da zein kurtsotan kokatu ikasle bakoitza eta zenbat urte beharko dituen hura gainditzeko.

Ikastetxeko talde teknikoak ikasle bakoitzaren inguruabarrak aztertu eta baloratuko ditu.

4. artikulua.

Irakasleek, ikasturte osoan zehar, egunez egun ebaluatuko dituzte ikasleak, haien jarrerari eta errendimenduari erreparatuz, haien eskolak eta lanak baloratuz, eta arreta berezia jarriz ikaskuntzaren bilakaerari.

Etengabeko ebaluazioko sistema horretan, hiru hilean behin informazioa bidaliko zaie gurasoei, inprimaki egokian idatzitako kalifikazioaren bitartez.

Hortaz, hiru hilean behingo ebaluazioa ezartzen da. Etengabeko ebaluazioa denez, hirugarren ebaluazioan ikasturteko kalifikazio orokorra ezarriko da.

5. artikulua. Onartzeko irizpideak eta matrikularen araubidea.

Ikasle berriak onartzeko eskaerak musika eskolan hutsik dauden ikaspostuak baino gehiago izanez gero, lehentasuna izanen dute Irunberrin edo eskolarekin hitzarmena duten udalerrietan erroldatutako ikasleek. Zorrotz errespetatuko da matrikulazio-hurrenkera.

Ez da onartuko ikasleak Instrumentua irakasgaian soilik matrikulatzea, salbuespenezko kasu hauetan izan ezik:

–Matrikulatzen den unean ikasleak dagoeneko musika hizkuntzako ezagutzak baditu. Ezagutza horien egiaztagiria aurkeztu beharko da, edo, horrelakorik ezean, proba bat eginen da ikaslearen maila zehazteko.

–Ikaslea heldua izan eta lanbide-ikasketarik egiteko asmorik ez badu, eta, betiere, irakaslea ados badago.

–Ikasleak frogatzen badu desgaitasun fisikoren batek ikasketa horiek egitea galarazten diola.

6. artikulua. Programazioak.

Irakasgaietako irakasle arduradunek eginen dituzte programak, bakoitzak bere irakasgaiarena, eta eskura jarriko zaizkie kudeaketa organoei (Patronatua), ordezkaritza organoei, ikastetxeko ikasleen gurasoei eta ikasleei berei.

7. artikulua. Sariak eta diplomak.

Ikasle guztiek, musika eskolako ikasketak amaitzen dituztenean, ikasketa horiek egiaztatzeko diploma bana jasoko dute.

3. KAPITULUA.–GOBERNU ORGANOAK

8. artikulua.

Musika eskolako gobernu organoak hauek dira:

–Pertsona bakarreko organoak:

  • Zuzendaria.

–Kide anitzeko organoak:

  • Irakasleen klaustroa.
  • Patronatua.

9. artikulua. Zuzendariaren eskumenak.

Musika eskolako titularrak kargua esleitzen dion langilea arituko da zuzendari, karguan mantentzen duten bitartean soilik. Ezin da finkatu kategoria hori.

Zuzendariak eskolako jarduera guztiak zuzendu, gidatu eta gainbegiratuko ditu. Joaquín Larregla Udal Musika Eskolaren Patronatuko Batzordeak izendatuko du, irakasleen klaustroak proposatuta.

Ikastetxearen tamainak hala eskatzen badu, etorkizunean beste kategoria funtzional batzuk ezartzen ahalko dira, hala nola ikasketaburua edo idazkaria.

Zuzendariak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Musika eskolaren ordezkaritza eramatea, Patronatua ordezkatzea eta hari ailegaraztea hezkuntza komunitatearen ikusmoldeak, xedeak eta premiak.

2. Ikastetxeko langile guztien buru izatea, arduratzea lan baldintza egokiak izan daitezen, arauak behar bezala bete daitezen eta lana eraginkortasunez eta efizientziaz antola dadin, eta kontrolatzea langileen asistentzia, ordutegien betetzea eta errendimendua.

3. Ikastetxearen jarduera guztiak zuzendu eta koordinatzea, ezertan galarazi gabe irakasleen klaustroari edo gainerako organoei esleitutako eskumenak.

4. Zuzendaritza pedagogikoa eramatea, hezkuntzaren berrikuntza bulkatzea eta plan pedagogikoan biltzen diren helburuak erdiesteko planak sustatzea.

5. Legeak eta indarra duten gainerako xedapenak betetzen direla bermatzea.

6. Ekitaldi akademiko guztietarako eta ikastetxeko organoen bilkuretarako deia egitea eta haien buru izatea.

7. Ikastetxearen jarduerarekin zerikusia duten espediente eta dokumentuen gaineko txostenak edo ikus-onespenak ematea.

8. Ikastetxearen irakaskuntzekin zerikusia duten ikerketa eta zabalkunde jarduerak koordinatzea.

9. Hezkuntza komunitateko kideek aurkezten dituzten arazo eta eskaerei erantzutea ikastetxeko bizikidetzaren alde eginez.

10. Ikastetxearen barne ebaluazioak bulkatzea eta kanpo ebaluazioei eta irakasleen ebaluazioei lankidetza ematea. Ebaluatzea zenbateraino betetzen diren ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta ikastetxearen urteko programazio orokorrean ezarritako helburuak, eta horiek garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak proposatzea.

11. Kontratazioak aitzina eramatea, Udalak bere aurrekontuan musika eskolari atxikitzen dizkion aurrekontu-partidekin bat.

12. Udalari zuzendaritza taldeko kideen izendapena eta kargu uztea proposatzea, irakasleen klaustroari eta gainerako gobernu organoei aitzinetik horren berri emanda.

13. Ikastetxearen urteko programazio orokorra eta urteko memoria egitea.

10. artikulua. Irakasleen klaustroa.

Irakasleen klaustroa irakasleek ikastetxeko gobernuan parte hartzeko duten berezko organoa da. Irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu eta koordinatzen ditu, horren berri ematen eta, hala behar badu, baita erabakiak hartzen ere.

Zuzendaria izanen da klaustroko burua, eta ikastetxean zerbitzu egiten duten irakasle guztiek osatuko dute.

Klaustroaren ohiko bilera hiru hilean behin eginen da, baita ikasturtearen hasieran eta amaieran ere, eta bilera berezia eginen da ikastetxeko zuzendaritzak eskatzen duenean edo klaustroko kideen herenek, gutxienez, zuzendaritzari idatziz hala eskatzen diotenean.

Ohiko bilerarako deialdia 15 egun lehenago egin behar da, gutxienez. Bilera berezietarako deialdia 48 ordu aurretik egiten ahalko da. Kide guztiak behartuta daude klaustroaren bilkuretan parte hartzera. Bilkurara ez agertzea behar bezala justifikatu beharko da.

Klaustroaren bilkura bakoitzaren akta eginen da. Hurrengo bilkuran irakurri eginen da eta bildutako pertsonen onespenpean jarriko da.

Zuzendariak gonbidatzen ahalko ditu hezkuntza gaietako adituak, bilera horietan aholkulari gisa parte har dezaten.

11. artikulua. Irakasleen klaustroaren eskumenak.

1. Musika eskolako zuzendaritzari proposamenak egitea ikastetxearen proiektuak prestatzeko.

2. Curriculum proiektuak eta irakaskuntza gaiak onetsi eta ebaluatzea, hezkuntza proiektuaren arabera.

3. Ekimenak sustatzea esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta musika eskolako irakasleen prestakuntzarenean.

4. Ikasleen orientazioarekin, tutoretzarekin, ebaluazioarekin eta errekuperazioarekin zerikusia duten eginkizunak koordinatzea.

5. Hezkuntza administrazioak musika eskolari buruz egiten duen ebaluazioaren emaitzak aztertzea eta baloratzea, baita musika eskolaren ibilerari buruzko beste edozein txosten ere.

6. Musika eskolan programatzen diren jarduera osagarrien berri ematea Patronatuari.

12. artikulua. Patronatua.

Patronatua da musika eskolaren kudeaketa organoa. Patronatuaren xedea da Joaquín Larregla Udal Musika Eskola sustatu, bultzatu eta kudeatzea.

Irunberriko Udalaren, gurasoen, ikasleen eta irakasleen ordezkariek osatuko dute Patronatua. Haren estatutu indardunak 2017ko maiatzaren 24an egindako bilkuran onetsi ziren (2017ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 1ekoa).

4. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

13. artikulua. Irakasleen eskubideak.

Irakasleek katedra askatasuna dute, betiere hezkuntza helburuak betetzera bideratua. Eskolako zuzendaritzarekin batera, hezkuntza arloko araudi indarduna betearaziko dute.

Musika eskolako irakasleei eskubide hauek aitortzen zaizkie:

1. Irunberriko Udalak 2008an onetsitako itun kolektiboarekin bat etorriz musika eskolako irakasleei aitortutako lan arloko eskubideak.

2. Irakasleen klaustroan modu eraginkorrean parte hartzea eta haren deialdia eskatzea, betiere eskaera irakasleen herenek egiten badute.

3. Hezkuntza komunitateko kide guztien begirunea izatea, eta orobat begiratuak izatea haien kontzientzia askatasuna, sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak, eta haien intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala.

4. Katedra askatasuna, berariazko curriculuma koordinaturik, zenbait irakasleren artean ematen diren irakasgaietan.

5. Ikastetxean eskolarik eman gabe lanean aritzeko astean zenbait denbora izatea, eskolak prestatzeko, material didaktikoak prestatzeko, beste irakasleekin edo zuzendaritza taldearekin koordinatzeko bilerak izateko, klaustroan parte hartzeko, ikasleen aita-amei eta/edo tutoreei harrera egiteko, ebaluazioak egiteko, eta kalitate profesionala hobetzen duten ekintza guztietarako.

6. Gobernu organoei komenigarri iruditzen zaizkien iradokizun, ideia, goiti-beheiti eta arazoak adieraztea.

7. Ikastetxeko instalazio eta materialak erabiltzea, ezarritako ordutegiak eta arauak begiratuta.

8. Ikasleen aita-amekin eta/edo tutoreekin harremanak izatea eta komenigarri iruditzen zaionean tutoretzetara deitzea, zuzendaritza taldeari horren berri emanda.

9. Nahi gabeko istripuen aitzinean erantzukizun zibil guztiengatik babesturik egotea.

10. Adierazpen ofizialen eta musika eskolari dagozkion guztien berri izatea.

11. Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako eskubide guztiak.

14. artikulua. Irakasleen betebeharrak.

1. Arau etikoak zorrozki betetzea, hezkuntza eginkizunak baitituzte.

2. Beren hobekuntza musikal, tekniko eta pedagogikoa etengabe bermatzea. Irakasleek eskola-ordutegitik kanpo egiten dituzten lanorduen zati bat hobekuntza horretarako eta birziklatze ikastaroak egiteko erabiliko dute.

3. Zuzendaritzari laguntzea ikastetxeko bizikidetza akademikoaren alde.

4. Eskolaz kanpoko ekintzetan laguntzea.

5. Irakasleek (betiere zuzendaritzaren baimenarekin) aldatu behar izan dituzten eskolak errekuperatzea, eskolaren funtzionamendu arrunta eragotzi gabe.

6. Begirunez eta adeitasunez tratatzea gurasoak, ikasleak eta irakaskuntzaz kanpoko langileak.

7. Esleitu zaizkien eskolak egokiro eta puntualtasunez ematea.

8. Ikasgelan ordena errespetatzea eta zaintzea, erabiltzen dituzten materialak akatsik gabe kontserbatzea (erabileraren ondoriozko higadura salbu), eta edozein gorabehera edo kalte zuzendaritzari jakinaraztea.

9. Ikasleen eskubideak errespetatzea, haien osotasun fisiko eta psikikoa zorrotz zaintzea, eta haiengan ohiturak sortzea ordenaz, lanaz eta beren prestakuntza osoa lortzeko konfiantzaz den bezainbatean.

10. Gurasoen eta ikasleen kontsultei erantzutea horretarako ezarritako ordutegian, arauei jarraikiz.

11. Ikastetxetik kanpo ikasleekin jarduerak egiteko asmoa zuzendaritzari jakinaraztea, oniritzia eman dezan, bidezkoa bada.

12. Ikasleen ibili akademikoaren berri ematea guraso edo legezko ordezkariei, baita ikasleei ere.

13. Ikasleak eskoletara eta jardueretara agertzen direla egiaztatzea eta justifikatu gabeko absentzien berri ematea.

14. Ikasleek arau-hausteren bat egiten dutenean, behar diren zehapenak ezartzea, araudi honetan adierazitakoari jarraikiz; arau-haustea idatziz jakinaraztea guraso edo legezko ordezkariei eta, kasua bada, ikasleei, eta jakitun jartzea ikasketaburua eta zuzendaritza.

15. Klaustroaren bileretara joatea, baita irakaskuntza jarduera dela-eta deitzen diren beste guztietara ere.

16. Ikasleen etengabeko ebaluazioa egitea, kontuan izanda ikasleen ikasgelako jarduna eta lortutako ezagutzaren eta ikasitakoa ulertu eta aplikatzearen gaineko era guztietako egiaztapenen emaitzak, departamentuak ezarritako irizpideei jarraikiz.

17. Ikasturte bakoitzaren amaieran memoria-txosten bat egitea zuzendariak eskatzen duen bezala, eta Patronatuak eskatutako beste edozein txosten egitea.

15. artikulua. Ikasleen eskubideak.

1. Ikasle guztiek oinarrizko eskubide eta betebehar berak dituzte, adinaren eta egiten ari diren ikasketen ondoriozkoak kenduta, bestelako bereizkuntzarik gabe.

2. Ikasleek beren eskubideez baliatzeko, hezkuntza komunitateko kide guztien eskubideak onartu eta errespetatuko dira.

3. Ikasleek beren nortasuna guztiz garatuko duen prestakuntza hartzeko eskubidea dute. Beti xede horri begira eginen da musika eskolaren programazio orokorra, eta ikasleek hura onesten parte hartuko dute, Joaquín Larregla Udal Musika Eskolaren Patronatuko Batzordearen bitartez.

4. Ikasleek eskubidea dute beren kontzientzia askatasuna eta erlijio, moral edo ideologiari buruzko iritziak errespeta diezazkieten, baita beren intimitatea ere, sinesmen edo iritzi horiei dagokienez.

5. Eskolaren funtzionamenduan eta bizitzan, eskola jardueran eta horren kudeaketan parte hartzeko eskubidea dute. Patronatuko Batzordearen bitartez parte hartuko dute, gaiari buruz indarra duten xedapenei jarraituz.

6. Ikasleek eskubidea dute haiek ordezkatzen dituzten pertsonengandik informazioa jasotzeko.

7. Elkartzeko eskubidea dute, hau da, ikasleen elkarteak, federazioak eta konfederazioak sortzeko.

8. Batzartzeko eskubidea dute, indarra duen legeriarekin bat eginez eta eskola jardueren ohiko bilakaera trabatu gabe.

9. Beren eskola errendimendua objektibotasun osoko irizpideen arabera baloratua izateko eskubidea dute. Etengabeko ebaluazioaren prozesua aplika dadin, ikasleek ikasketa planeko irakasgai guztietarako programatutako eskola eta jardueretan erregulartasunez hartu beharko dute parte.

10. Eskola orientazioa zein lanbideei dagokiena hartzeko eskubidea dute, ahalik eta garapen pertsonal, sozial eta profesionalik handiena iristeko, haien gaitasun, gogo edo interesen arabera.

11. Hezkuntza komunitateak behar diren jarduerak antolatuko ditu haiek lortzeko.

16. artikulua. Ikasleen betebeharrak.

Ikastea ikasleen funtsezko eginbeharra da. Zehazki, ikasleek honako betebehar hauek dituzte:

1. Klasera garaiz agertzea eta ikasketa planak garatzeko diren jardueretan parte hartzea.

2. Ikasle adingabeen kasuan, gurasoek ordu-orduan utzi eta hartu behar dituzte, eskolak ez baitu ikasleen ardura ikastorduetatik kanpo.

3. Eskolara ez joatea justifikatzea eta, ahal bada, irakasleari aurretik jakinaraztea.

4. Ikasleak eskolara joaten ez diren kasu horietan eskola ez da berreskuratuko.

5. Ikastetxeko jarduerak garatzeko onetsitako ordutegiak bete eta errespetatzea.

6. Irakasleen orientabideei segitzea, beren ikaskuntzaz den bezainbatean, eta haiei behar bezalako errespetu eta begirunea agertzea.

7. Ikaskideek ikasteko duten eskubidea errespetatzea.

8. Musika eskolak programatutako jardueretan parte hartzea, irakasleek edo zuzendaritzak hala eskatzen dutenean.

9. Musika eskolak antolatutako kontzertu eta entzunaldietara nahitaez joan behar dute, parte hartzen duten ikasleek ez ezik, baita irakasleek edo zuzendaritzak izendatzen dituzten beste ikasle guztiek ere. Horrelako kasuetan eskola ez da berreskuratzen, eskola bezain pedagogikotzat jotzen delako kontzertu edo entzunaldira joatea, eta hezkuntza prozesuaren parte delako.

10. Ikasleen funtsezko betebeharra da bizikidetzako arauak ikasi eta errespetatzea eskola barrenean.

11. Hezkuntza komunitatea osatzen duten guztien duintasuna, eginbeharrak eta ondasun pertsonalak begiratzea.

12. Eraikina, instalazioak eta altzariak errespetatzea, bai eta ikastetxearen materiala ere.

13. Eskolako barneetan garbitasuna eta ordena mantentzen laguntzea.

14. Gainerakoekin portaera zuzen eta duina izatea betiere.

15. Nahitaezkoa izanen da ikasgelan isilik egotea irakaslearen zain, une baterako alde egin behar badu.

16. Eskolak amaitutakoan ikasleek isilik irten behar dute musika eskolatik, ikaskideak errespetatzeko.

17. Kontzertuetan sarbideak beti egonen dira trabarik gabe, ikasleak entseguetara puntualtasunez iritsiko dira eta une oro errespetatuko dituzte ikaskideak, isilik egonda.

18. Musika eskolako sarrera-irteerak ordenaz eta isilik eginen dituzte, gainerako ikasleen eta irakasleen lana errespetatuz.

19. Ikasleek irakasgai bakoitzeko materialak aldean daramatzatela joan beharko dute eskoletara (liburuak, eskola material egokiaz hornitutako estutxea, instrumentua...).

20. Debekaturik dago telefono mugikorra Interneteko konexioarekin erabiltzea irakasleen baimenik gabe.

5. KAPITULUA.–BIZIKIDETZA- ETA PORTAERA-ARAUAK

17. artikulua.

1. Materiala: guztion betebeharra da musika eskolako materiala, altzariak eta instalazioak zaintzea, eta hura beti ahalik eta hobekien kontserbatu eta erabiltzea.

Ikasgela, komun, korridore eta abarretan hondatuen berri emanen diote ikasleek irakasleari, nahita edo ustekabean hondatu, banakako edo taldeko erantzukizunak argitu daitezen.

Arreta ezagatik edo nahita hondatu bada, egileek ordainduko dute konponketa eta Patronatuko Batzordeak aztertuko du arazoa, zuzendaritzak proposatuz gero.

2. Garbitasuna: arreta handiz zainduko dira garbi ikastetxeko bazter guztiak, ikasgela, korridore, komun eta abar. Hortaz, debeku da pipak, txikleak, ogitartekoak eta horrelakoak jatea. Kasu ez egiteagatik zikinkeriarik eragiten bada, egileek beraiek arduratu beharko dute garbitzeaz.

3. Erretzea: ezin izanen da erre ez eraikinaren barnealdean ez kanpoaldean.

4. Edari alkoholdunak: galarazita dago edari alkoholdunak saltzea edo kontsumitzea.

5. Biltzeko tokiak: galarazita dago korridore, eskailera eta komunetan bilerak egin edo jostetan aritzea.

18. artikulua.

1. Puntualtasuna: eskolak eta beste edozein jarduera bere orduan hasi eta bukatuko dira.

2. Asistentzia: ikasleen huts egiteak beti justifikatu beharko dira idatzizko azalpen baten bidez, legezko tutoreetako batek sinatuta, egunak eta orduak zehaztuta. Aurreikusten ahal direnak aurretiaz jakinaraziko dira, eta ezustekoak, berriz, ikaslea eskolara itzuli eta gero, hiru eskola-egun iragan baino lehen, betiere. Zenbait kasutan, gurasoek edo arduradunek etorri beharko dute ikastetxera.

3. Absentziak: ikasle batek, ustekabean, musika eskolatik alde egin beharra badu, legezko tutoreak idatziz eskatuko dio baimena irakasleari, arrazoia azalduta. Absentzia aurreikusita badago, eskaeran jarriko da zer ordutan irten behar duen ikasleak.

4. Eskola-orduak: ikasleek, eskola-orduetan, ezin izanen dira egon korridore, eskailera, komun eta abarretan. Zerbaitengatik ezin badira ikasgelan egon, berariaz egokitutako tokira joan beharko dute.

6. KAPITULUA.–MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

19. artikulua. Kontzeptua.

Arau honen xede den prezio publikoa ezarri da honako hauen babesean: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak.

20. artikulua. Ordaindu beharra.

1. Ordaindu beharra sortzen da kurtso batean izena ematen den unean berean, eta kurtsoetan parte hartzen dutenek ordaindu beharko dute.

2. Irakasgaietako matrikulak bederatzi hilekotan ordainduko dira, hileko guztiak zenbateko berekoak, bankuan helbideratuta.

3. Kurtsoa bukatutakoan kuotaren bat ordaindu gabe geldituz gero, ikasleak berriz matrikulatzeko aukera galduko du.

21. artikulua. Kudeaketako eta diru-bilketako arauak.

1. Matrikulaziorako epeak errespetatu beharko dira, eta matrikula automatikoa izanen da eskolan lehendik dabiltzan ikasleentzat.

2. Matrikularen baja egiteko, udal bulegoetara joan eta irakasgaiaren bajaren eskabidea bete beharko da.

3. Matrikularen zenbatekoa hilero igorriko da ordainketa errazteko. Horri dagokionez, ordainagirien ordainketa banku-kontu batean helbideratu behar da; kontu horren datuak matrikula egitean adieraziko dituzte matrikulatzen direnek.

4. Matrikulatu ondoren eta ikasturtea bukatu baino lehen eskola utzi nahi dutenek udal bulegoetan adierazi beharko dute idazki baten bidez, bajaren arrazoiak aipatuta.

5. Ikasturtea hasi baino lehen ikasleak bere borondatez uzten badu eskola, ez zaio itzuliko lehenbiziko kuotaren zenbatekoa, izan ere, musika eskolak tokiaren erreserba egin baitu, ikasleari espazio bat esleituz irakasle baten irakastorduen barruan, eta ikasleak eskolarekin ikasturte osorako konpromisoa hartu baitu.

6. Ikasturtea hasten den egunetik aurrera, instrumentuetako irakasgaietan, ikasleen borondatezko bajek berekin ekarriko dute ikasturteko kostu osoa ordaintzea, honako salbuespen hauekin:

a) Ikaslearen istripuagatik edo eritasun larriagatik, aldez aurretik aurkeztuta mediku espezialistak emandako txosten medikoa, baldin bere instrumentuak praktikatzea eragozten badu.

b) Ikaslearen heriotzagatik.

c) Larritzat jotzen diren eta ikastarora modu jarraituan joatea eragozten duten beste arrazoi batzuengatik. Arrazoi horiek Patronatuko Batzordeak baloratu eta arrazoituko ditu.

7. Ikasturtea hasten den egunetik aurrera, Musika Hizkuntza irakasgaian, borondatezko bajak hiruhilekotan izapidetuko dira, baja eskatzen den unetik aurrera.

8. Ordaintzen ez diren ordainagiriak premiamendu prozeduraren bidez izapidetuko dira.

7. KAPITULUA.–FALTAK ETA ZEHAPENAK

22. artikulua. Falta oso astunak.

Hauek falta oso astuntzat joko dira:

–Ikaslearen betebeharrak oso modu larrian urratzen duten guztiak, arrisku berezia edo ikastetxearen funtzionamendua larriki nahastea eragiten badute, edo berebiziko ondorio moral edo materialak eta/edo hezkuntza komunitateko edozein kiderentzako kalte fisiko edo psikikoak ekartzen badituzte. Hartara, oso falta astuntzat joko dira, besteak beste, irakasle eta ikasleen kontrako irain eta erasoak egitea edo, behin berriz, eskolak normaltasunez ematea trabatzen edo eragozten duten egintzak egitea edo halabereko portaerak agertzea.

–Musika eskolako instalazio eta elementuak, higigarri nahiz higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean izaniko nahasmenduen ondoriozkoak ez direnean.

–Hiru falta astun egitea ikasturte berean.

–Hezkuntza komunitateko edozein pertsonaren begirunea eta duintasuna urratzea.

–Besteen ondasunak ebastea, lapurtzea edo bortxatzea.

23. artikulua. Falta astunak.

Ikasleen betebeharrak urratzen dituzten guztiak falta astuntzat hartuko dira, hala nola:

–Ikasteko betebeharra ez betetzea, ohikotasunez. Irakasleak jakinaraziko dio ikasleari, idazki arrazoitu baten bidez.

–Nahitaez egin beharreko jardueretarako nagikeria eta interes falta agertzea ohikotasunez.

–Instalazio, altzari eta baliabide materialei kalte egitea, baina ez modu larrian. Besteak beste: nolanahiko pintadak egitea musika eskolako instalazio edo altzarietako edozeinetan behar den baimenik gabe, horretarako dauden baliabideetan izan ezik (arbelak...); musika eskolako instalazioetan zaborrak botatzea horretarako dauden tokietatik kanpo (paperontziak...).

–Noizbehinka nahasmenduak piztea.

–Falta arinak behin eta berriz eta modu sistematikoan egitea ikasturte akademiko berean.

24. artikulua. Falta arinak.

Ikasleen betebeharrak modu arinean urratzen dituzten guztiak falta arintzat hartuko dira.

25. artikulua. Falta oso astunen zehapenak.

Falta oso astunek zehapen hauek jaso ditzakete:

–Aldi baterako kanporatzea, gehienez astebeterako.

–Falta oso astunak behin eta berriz eginez gero, ikaslea behin betiko kanporatzen ahalko dute ikastetxetik.

26. artikulua. Falta astunen zehapenak.

Falta astunek zehapen hauek jaso ditzakete:

Zehapena ezartzen denean, kanporatzearen ohartarazpena gehitzen ahalko zaio. Falta astunen zehapena musika eskolatik aldi baterako kanporatzea izan daiteke, gehienez eskola egun baterako.

27. artikulua. Falta arinen zehapenak.

Falta arinek zehapen hauek jaso ditzakete:

–Ohartarazpena.

–Idatzizko kargu hartzea.

28. artikulua. Zehapen prozedura.

–Kasuan kasuko irakasleak zehatuko ditu falta arinak, edo musika eskolaren zerbitzuan ari diren langileek.

–Falta astunak musika eskolako zuzendariak zehatuko ditu. Horretarako, honako hau eginen da:

1. Irakasleak ikaslearen falta jakinaraziko die musika eskolako zuzendaritzari eta ikaslearen guraso edo tutoreei.

2. Musika eskolako zuzendaritzak espedientearen instruktorea izendatuko du eta horrek gertatu direnen gaineko informazioa bilduko du.

3. Gehienez ere zazpi eskola egunean, espedientea instruituko da eta hura jakinaraziko zaie ikasleari eta haren guraso edo legezko tutoreei, dagokion zehapena eta guzti.

4. Musika eskolako zuzendaritzak, tramitatutako espedientearen berri jakinda, guraso edo legezko tutoreak eta ikaslea entzunen ditu eta ebazpena emanen du gehienez ere hamabost eskola eguneko epean, espedientea abiatzen denetik hasita.

–Falta oso astunak Patronatuak zehatuko ditu. Horretarako, honako hau eginen da:

1. Irakasleak ikaslearen falta jakinaraziko die musika eskolako zuzendaritzari eta ikaslearen guraso edo tutoreei.

2. Patronatuak espedientearen instruktorea izendatuko du eta horrek gertatu direnen gaineko informazioa bilduko du.

3. Gehienez ere zazpi eskola egunean, espedientea instruituko da eta hura jakinaraziko zaie ikasleari eta haren guraso edo legezko tutoreei, dagokion zehapena eta guzti.

4. Patronatuak, tramitatutako espedientearen berri jakinda, gurasoak eta ikaslea entzunen ditu, eta ebazpena emanen du gehienez ere hilabeteko epean, espedientea abiatzen denetik hasita.

29. artikulua. Ordaina ematea eta kalte-ordaina.

Aitzineko artikuluei jarraikiz ezartzen diren zehapenak goiti-beheiti, zehatutako jokamoldeek kalte egin badute musika eskolan edo haren instalazio eta/edo altzarietan, musika instrumentuetan eta/edo gainerako ekipamenduetan, edo hezkuntza komunitateko kideei, prozeduraren ebazpenak honako hauek ere deklaratzen ahalko ditu:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

b) Egindako kalte-galeren ordaina.

30. artikulua. Errekurtsoak.

Erregelamendu honetan jasotzen denari jarraikiz aplikaturiko zehapen arin edo astunen kontra, edo irakasleen, klaustroaren edo zuzendaritzaren egintza edo ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Patronatuari zuzendurik, hilabeteko epean jakinarazpena jaso edo kasuan kasuko egintzaren biharamunetik hasita.

Patronatuaren erabakien kontra, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, Patronatuari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabetetako epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

8. KAPITULUA.–AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Erregelamendu honek behin betikoz onesten den egun berean hartuko du indarra.

Artikuluen edozein aldaketa Patronatuko kideen gehiengoak onetsi beharko du.

Erregelamendu honetan jasotzen ez den orotan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan aplikatzen denak balioko du eredutako.

Iragarkiaren kodea: L2310676