Iragarkia
162. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
110/2023 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2023ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.
Nafarroako Foru Ogasunaren helburu nagusiak dira zergadunari laguntzea, bere zerga betebeharrak boluntarioki bete ditzan, eta iruzur fiskalaren aurkako borroka, horrek kaltetzen duelako ekonomiaren funtzionamendu egokia, lehia distortsionatzen duelako, eta gastu publikoetarako ekarpena guztiok, nork bere ahal ekonomikoaren arabera, egin behar dugula dioen Konstituzioaren agindua urratzen baitu.
Arau eta teknologien eremuak etengabeko eboluzioan ari diren honetan, Foru Ogasunaren unitateek eta arloek urtero ahalegina egiten dute beren eskura dauden baliabide pertsonalak eta materialak optimizatzeko, iruzurra prebenitu, detektatu eta haren aurka ekiteko gogoz, neurri berritzaileak ezarriz eta azken urteetan arrakastatsu agertu diren jarduketak are gehiago landuz.
Bere eginkizunak behar bezala betetzeko, Nafarroako Foru Ogasunak bere jarduketak egituratzen ditu Zerga Kontrolerako Planen bidez, era horretan ezartzen eta koordinatzen ahal dituelako erakundea osatzen duten administrazio organoen lehentasunak, eta halaber, helburuak finkatzen eta lortzen diren emaitzen adierazleak ezartzen ahal dituelako.
Aurrekoarekin bat etorriz, Zergen Kontrolerako 2023ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dira, ebazpen honen bidez. Haietan gidalerro orokorrak ezartzen dira tributuen kudeaketaren, ikuskapenaren eta bilketaren faseetan egiten diren jarduketak koordinatzeko, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Zerga Ikuskaritzaren Araudiaren 10.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz (ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen araudia).
Horiek horrela, eta aipatu xedapenetan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, argitara ematen dira zergen kontrolerako arloak gidatzen dituzten jarduketa ildoak, iruzur fiskala prebenitu eta kontrolatzeko.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Zergen Kontrolerako 2023ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onestea, ondoko jarduketa ildo hauekin:
1.–Zergadunarentzako laguntza eta argibideak.
Zerga betebeharrak norberaren borondatez betetzea sustatzea funtsezko helburua da Nafarroako Foru Ogasunarentzat, eta hori lortzeko laguntza integrala eman behar zaio zergadunari, aurrean dituen karga administratiboak arinduz, ahal bada.
2023an jarraituko dugu laguntza eta informazioa eskaintzeko kanalak eta zerbitzuak sustatzen, teknologia berriak erabiltzen eta aurrez aurreko arretaren baliabide tradizionalari eusten, ondoko jarduketa hauen bitartez:
a) Autolikidazioak eta informazio-aitorpenak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko aplikazioen bilakaera teknologikoan aurrera egiten jarraitzea. Beraz, 2023an inplementatuko dira Ondare Transmisioen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarekin lotutako ereduak, eta funtzionaltasun berriak eskainiko dira aurkezpenak egiteko, aitorpen kopuru handia aurkezten dituztenei begira, esaterako, subjektu pasiboen datuak kudeatzeko aukera, edo aurreko aldian aurkeztutako aitorpenen erreplikak aurkezteko aukera.
b) Zergadunari laguntza eta informazioa emateko tresna berriak ezartzea.
Urtearen lehendabiziko hilabeteetan horietako batzuk ezarri dira:
–Ogasunaren webgunearen bidez, karpeta fiskal bat abian jarri da. Karpeta horretan, zergadun bakoitzak bere betebeharren egutegiari, harremanetarako eta erroldako datuei, aurkeztutako aitorpenei eta beste datu fiskal batzuei buruzko informazio pertsonalizatua kontsultatzen ahalko du.
–Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile birtuala garatu da, han jasoz tramite berriak eta haren ikasketa hobetuz, erabiltzailearen esperientzia hobea izan dadin. Gainera, tresna hori euskaraz ere eskaintzen da dagoeneko.
–2023ko udaberriko Errenta kanpainan, "Telefonozko Errenta" zerbitzua indartu du Foru Ogasunak, 2022an izandako esperientzia positiboa ikusirik, eta aurrera begira ere jarraituko da laguntza sistema hori sustatzen, zergadunari aukera ematen baitio bere izapideak Ogasuneko bulegoetara joan gabe egiteko.
Horiez gain, 2023an honako jarduketa hauek eginen dira:
–Web orriaren garapenaren bigarren fasea, helburua dela Foru Ogasunaren informazio orokorra eskuratzeko bidea erraztea, eta era berean, aitorpen bat aurkeztu ondoren ohikoenak izaten diren izapideak egitea ere bai.
–Dibulgazio materialak prestatzea, eduki digital interaktiboak sortzeko bidea ematen duten tresnak erabiliz.
c) Zerga arloko zorrak ordaintzeko bideak hobetzea, banku transferentzia bidez ordaintzeko sistema ezarriz, eta aukera emanez, orobat, banku helbideratzearen bidez ordaintzeko, zerga-bilketen kudeaketan lankideak ez diren entitateetan irekitako kontuetan.
d) Izapide elektronikoak egiteko sarbideak hobetzen jarraitzea. Cl@ve gakoaren erabilera bultzatzen jarraitzea identifikazio bide gisa, Nafarroako Foru Ogasunean izapideak modu seguru eta arinean egin ahal izateko. 2023ko irailaren 1ean deuseztatuko da IFZ+PIN ziurtagiriaren erabilera Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu guztietan, Errenta Kanpainarekin lotutakoetan izan ezik, eta halaber, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergekin eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergekin lotutakoak. Era berean, Autoriza kodea erabiliko da identifikaziorako, telefono nahiz bideo-deia bidezko edo bulegoetako izapideetan, aukera emanez kodea bidaltzeko aurrez erregistratutako kontaktuari.
e) Arrakala digitala gutxitzen laguntzeko ekintzak egitea, esaterako, ordezkaritza ezartzea zergen arloan, izapide elektronikoak egitea errazteko, ordainketa barne, zergadunek ahaldunari emandako ahalaren bidez, eta halaber, administrazio elektronikoari buruzko prestakuntza ekintzak eginez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin edo Urrutiko Unibertsitatearekin lankidetzan.
f) Desgaitasuna duten pertsonen arretan izaten diren oztopoak gutxitzen joatea, batez ere entzumen urriko pertsonentzat, aurrez aurreko tramiteak haiek beraiek egiteko bidea erraztuz.
2.–Informazioa lortzeko jarduketak eta prebentzio jarduketak.
2.1. Informazioa lortzeko jarduketak.
Informazioa lortzeko jarduketak oinarrizko aurreikuspena dira, Zerga Administrazioak eraginkortasunez bete ahal izan ditzan bere helburuak, hau da, betebeharrak norberaren borondatez betetzea sustatzea eta iruzur fiskalari aurre egitea.
Jarduketa horiek, lehenik eta behin, prebentzio eragina dute; izan ere, herritarrek ezagutzen badute Foru Ogasunak bere esku dituela edo izaten ahal dituela haien jarduera, ondasun eta eskubideen gaineko informazio garrantzitsua zerga aldetik, beharbada, beren kabuz erabaki dezakete beren zerga betebeharrak betetzea bestela iruzurraren hautua egin lezaketen pertsonek, eguneratzeko eta zehapena ezartzeko administrazio jarduketen helburu izateko egiazko arriskua sumatzen badute.
Garrantzitsua da, halaber, gizarteak bidezkotzat joko duen zerga sistema bat diseinatzea, eta borondatez bete dadin erraztea ere bai, laguntza eta informazio egokiaren bidez, zergadunei segurtasuna eta konfiantza emanez, Zerga Administrazioarekiko harremanetan.
Beste alde batetik, zerga aldetik garrantzitsua izaten ahal den informazioa eskuratu, arautu eta aztertuta, aitortutako datuetan arrisku fiskalak eta inkongruentziak detektatzeko eta egiaztatu beharreko zerga betebeharren hautaketa hobetzeko bidea zabaltzen da.
Zergadunek beraiek aurkezten dituzten aitorpenak eta araudiak eskatzen dituen informazio aitorpenak eskuratzeaz gain, zerga arloan garrantzia duen informazio hori lortzea, neurri handi batean, gure inguruko zerga administrazioekin eta hainbat entitate publiko edo pribaturekin aldez aurretik lortutako akordioaren mende dago eta, beraz, funtsezkoa da haiekin lankidetza estua izatea, trukerako hitzarmenak eta akordioak etengabe eguneratu eta haien jarraipena egin ahal izateko.
Zerga arloko helburuak betetzeko informazio trukeari dagokionez, aipagarria da Zerga Agentziarekin egiten diren trukeen garrantzia, bai Hitzarmen Ekonomikoari dagokionez, har ezartzen baitu funtsezko printzipioa dela koordinazioa eta lankidetza zerga araubide desberdinen aplikazioan, behar diren informazioak eta laguntzak elkarri eskainiz, bai Zerga Agentziarekin, 2021ean, lotutako Hitzarmenari dagokionez ere, haren bidez arautu baitzen zerga helburuak betetzeko informazio trukea.
Arestian aipatutako administrazio arteko informazio trukeei gehitu behar zaizkie Nafarroako Foru Ogasunak bere jarduketen bidez biltzen ahal dituen informazioak, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 103. eta 104. artikuluei jarraikiz, egoitza Foru Komunitatearen barnean nahiz kanpoan duten zergadunei dagokienez. Zentzu horretan, 2022ko urrian indarra hartu zuen Hitzarmen Ekonomikoaren azken aldaketak; urriaren 19ko 22/2022 Legearen bidez onetsi zen, eta hark ezartzen duenaren arabera, informazioa biltzeko jarduketak, helburua denean Foru Komunitatearen eskumeneko zergak ordainaraztea, haren erakunde eskudunek gauzatuko dituzte, eta horrek ahala ematen dio Foru Ogasunari informazio errekerimenduak egiteko edozein zergadunen aurrean, haren egoitza bere lurralde eremutik kanpo egonik ere, eta horrenbestez, argitu zuen jarduketa mota horien gainean lehen zegoen ziurgabetasun juridikoa.
Beste berrikuntza garrantzitsu bat ere ekarri zion Hitzarmenari aipatutako 22/2022 Legeak, bi Administrazioen arteko koordinazioari dagokionez, alegia, kasuak ebazteko prozedura bat ezarri baitzuen, zergadunen batek bidegabeki kendu dituenean hainbat kuota balio erantsiaren gaineko zergatik (aurrerantzean, BEZ), bidegabeki jasanarazi eta ingresatu zirenak beste Zerga Administrazioan, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak babesten duen erregularizazio osoaren printzipioaren arabera. Prozedura berriaren arabera, Administrazioen arteko kasu horiek ebazten ahalko dira, zergadunari kuotak ordaintzeko eskatu beharrik gabe, kenkari bidegabe haren arrazoi materialak edozein izanda ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Aldundiekiko koordinazioari dagokionez, haietako bakoitzarekin sinatutako truke eta lankidetza Hitzarmenen baitan egiten diren ohiko informazio emateez gain, 2023an formalizatuko da lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren araberako zergak ordaintzen dituzten zergadunen aurrean sinatutako Akta Bakarrak eta Zehapen Espedienteak trukatzeko akordioa, jarduketa horien ondoriozko saldoak konpentsatuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Aldundiekiko eta Zerga Administrazioko Estatuko Agentziarekiko lankidetza, gainera, administrazio horien kudeaketa, ikuskaritza eta bilketa unitateen artean aldian-aldian egiten diren bileretan ere gauzatuko da, haietan partekatzen baitira bakoitzak, bere Zerga Kontrolerako Planak betearaziz, finantza entitateei eta bestelako erakundeei helarazten dizkieten informazio errekerimenduak, eta garrantzia duen informazioa helarazten diote administrazio eskudunari, ondoren egiaztatu ahal izan dezan.
Nazioarteko eremuan, sendotu egin dira Europar Batasunean eta ELGAren (OCDE) eremuan BEPS "Base Erosion and Profit Shifting" (zerga oinarria higatzea eta mozkinak lekualdatzea) proiektuaren esparruan bultzatutako informazio trukeak. Trukatze horietan sartzen dira oso garrantzitsuak diren zenbait iturri, esaterako, Nazioarteko zerga betebeharrak betetzea hobetzeko Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Akordioaren aplikazioa, haren bidez ezarri baitzen Foreign Account Tax Compliance Act delakoa (FATCA - atzerriko kontuen zerga betebeharren gaineko legea); eta halaber, Finantza kontuei buruzko Informazioaren Truke Automatikoaren gaineko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna; Europar Batasunaren eremuan, berriz, Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentaraua (DAC 2 izenez ezaguna); hark aldatu zuen 2011ko otsailaren 15eko Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentaraua, zuzeneko fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzkoa.
Bereziki, Espainiako egoiliarren titulartasunekoak diren atzerriko finantza kontuen gaineko informazio truke automatikoak nabarmen egin du gora azken urteotan. Zerga kontrolerako garrantzi berezia du, halaber, ondasun higiezinen titulartasunari eta errentei, lan errentei, kontseilarien errentei eta pentsioei buruzko informazioak, Europar Batasuneko estatu kideek emandakoak, DAC-1 izenaz ezagutzen den zuzentarauaren esparruan.
Nazioartean sortutako zerga-informazio garrantzitsu horiek guztiak, Zerga Agentziaren bidez jasotakoak, Nafarroako Foru Ogasunaren datu baseetara eraman dira, eta integratu dira zergei buruzko informazio sistemetan, kontuan hartu beharreko beste elementu bat gehituz, arriskuen hautaketarako, eta zergen kudeaketa, ikuskaritza eta bilketarako prozedurak eraginkortasunez aplikatzeko.
Foru Ogasunak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak lankidetzan jarraituko dute 2023an, arrisku eremu komunetan hautemandako gorabeherei buruzko informazioa trukatzeko, bereziki ezkutuko ekonomiaren indize handiak dituzten sektoreetan. Gainera, aztertzeko bidaliko dira Zerga Ikuskatzailetzak edo Lan Ikuskatzailetzak enpresaren eta langilearen arteko merkataritza harremanaren itxura duen lan harreman bat hauteman duten erregularizazio espedienteak.
Beken eta dirulaguntzen arloan eskumena duten Nafarroako Gobernuko departamentuekiko informazio trukeak eginen dira, pertsona fisiko edo juridikoek egindako iruzurrezko eskaerak antzemateko, euren benetako ahalmen ekonomikoa Administrazioaren aurrean aitortutako datuekin bat ez datorren kasuetan. Eskubide Sozialen eta Lurralde Kohesioaren Departamentuetan irisgarritasuna eta mugikortasuna sustatzeko laguntzei buruz dagoen informazioa aztertu eta erabiliko da, eta gauza bera nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek egindako transakzioei buruz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku dagoen informazioa, zergadunek benetan egindako eragiketekin bat datozela egiaztatzeko.
Nafarroako Foru Ogasunaren eta Nafarroako Udalen arteko lankidetzak bere horretan jarraituko du 2023an, zergei buruzko informazio garrantzitsua trukatzeari eta zergen kudeaketa eta ikuskaritzari dagokienez, luzatu baita Nafarroako Foru Ogasunaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren artean lotutako Esparru Hitzarmena, hurrengo lau urteetarako.
Zergadunen jarduera ekonomikoa eta egiazko helbidea egiaztatzeko, Notarioen Indize Bakar Informatizatuak eskaintzen duen informazioa aztertuko da, hark aukera ematen baitu, Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren bidez, eskritura publikoan formalizatutako transakzio ekonomikoen data, lekua, parte-hartzaileak, errealitatea eta edukia egiaztatzeko. Era berean, erregistro publikoetarako sarbideari dagokionez, Benetako Titulartasunen Erregistrorako sarbidea oso erabilgarria da pantaila sozietateen eta sozietate sare opakuen titularrak eta benetako onuradunak ezagutzeko. Izan ere, bertan identifikatzen dira kontuak aurkezten dituzten merkataritza sozietate guztien benetako titularrak.
Hitzarmen Ekonomikoaren testu berriaren arabera, kredituko finantza entitateei berariaz zuzendutako jarduketak eginen dira, jarduera ekonomikoei edo pertsona juridikoei loturik dauden kontuen kargura kreditu edo zordunketa txartelen bitartez kontsumo pribatu adierazgarriak egiten ote diren antzemateko, edo Foru Komunitatearekin lankidetza hitzarmenik ez duten lurralde edo jurisdikzioetan irekitako kontu opakuei lotutakoak. Kreditu entitateei dagokienez, haiek emandako informazioak aztertuko dira; izan ere, araudiak ezartzen die eskudiru mugimenduei, kreditu edo zordunketa txartelei, banku kontuei, txekeei eta finantza-aktiboekin egindako eragiketei buruz informazioa emateko betebeharra.
Nafarroako Foru Ogasunak lankidetza aktiboa izanen du erakunde judizialekiko, Ogasun Publikoaren aurkako delituengatik edo bestelako delitu publikoengatik irekitako auzibideetan, laguntza eskatzen zaionean. Alde horretatik, Hitzarmen Ekonomikoan egin berri den aldaketak administrazioen arteko koordinazio arauak ezarri ditu delitu fiskalen kasuetarako, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Zigor Kodean ezarritako prozedurarekin bat, eta ezarri du zigor-epaileak eskatutako laguntza judiziala emateko eskuduntza duen administrazioa, eta administrazioen arteko konpentsazioa artikulatu du, delitu fiskalaren ondoriozko erantzukizun zibilean. Justiziarekiko lankidetza ageri da, gainera, beste hainbat esparrutan ere, esaterako, epaitegi eta auzitegiei nahiz ministerio fiskalari informazioa ematearen arloan, edo iruzurraren ondoriozko zerga zorraren kuantifikazioan, epaiaren betearazpenean.
Foruzaingoaren eta gainerako polizia indarren laguntza eskatuko da lekuan lekuko jarduketak burutzeko eta informazioa lortzeko arrisku fiskal bereziko sektoreetan edo ezkutuko ekonomiarekin lotutakoetan.
2.2. Prebentzio jarduketak.
Azken urteetan era berezian bultzatzen ari dira prebentzio jarduketak Nafarroako Foru Ogasunean, haien helburua dela iruzurra jatorrian galaraztea, alegia, gertatu aurretik. Ikerketa eta egiaztapeneko ohiko jarduketen aldean, zaila da neurri hauen eragin ekonomikoa kuantifikatzea, baina zalantzarik gabe, Zerga Administrazioaren lehenengo helburua zerga iruzurra gauzatzea galarazteak behar du izan, kaltea gertatu ondorengo jarduketak, erregularizatu eta kobratzekoak, ahal den gutxien izan daitezen, espedienteak berariaz ireki behar dira izaten direlako, eta beti kostu handiagoa izanen dutelako, bitartekoen kontsumoaren aldetik.
Helburu hori lortzeko, ordea, beharrezkoak dira informazio, araudi, protokolo eta tresna informatiko egokiak izatea, arriskuei garaiz eta eraginkortasunez antzeman ahal izateko.
a) IFZ esleipenen kontrola eta errebokazioa
Iruzurra jatorrian eragozteko lehen neurria IFZ eskaeren esleipenak kontrolatzea da, jakinarazitako datuak benetakoak direla egiaztatuz, alegia, helbidea benetakoa dela, jarduera gauzatzeko giza baliabide eta baliabide material aski badirela, eta araudiak eskatutako gainerako baldintzak betetzen direla ere bai. Horiek betetzen ez badira, esleipena ukatu beharra da.
2023an fokua jarriko da jarduerarik gabeko enpresetan, bereziki hainbat urtez beren zerga aitorpenen betebeharrak inondik inora ere bete ez dituzten enpresetan, hain zuzen ere. Jarduerarik batere ez izatea arrazoi askorengatik gerta daiteke, baina iruzurrezko jardueretarako tresna gisa erabiltzeko arriskua dago, eta, nolanahi ere, asko direnez, zerga kontroleko jarduketak distortsionatu edo baldintzatzen ahal dituzte. Gauzak horrela, IFZ errebokatu eginen da, otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan aurreikusitako kausak gertatzen badira.
b) Arrisku adierazleen trukea eta iruzur antolatuak garaiz detektatzea.
Foru Ogasunak zergadunen arrisku fiskalaren hainbat adierazleren azterketa egiten du, eta haiei gehitu zaie, 2022tik, Zerga Agentziak ematen duen arriskuen zerrenda; horiek erabilita arriskuen mapak prestatzen dira sektore eta eragiketa zehatz batzuetarako, eta arreta berezia jartzen da arrisku konbinatuak bateratzen dituzten zergadunetan eta arrisku elementu komunak dituzten zergadun bat baino gehiago partaide dituzten eragiketetan. 2023an eta hurrengo urteetan, Zerga Agentziarekiko truke horiek joriagoak izanen dira, arriskuen adierazle berriekin, eta etenik gabe eguneratuko dira informazio truke horien xede diren zergadunen zerrendak.
Arrisku elementu bereziki larrien trukea eta jarraipena hagitz baliagarria izaten da Nafarroan BEZ aitorpenari iruzur antolatua egiteko ekimenei aurrea hartzeko. Horiek garaiz detektatzea lehentasunezko helburua da Foru Ogasunarentzat, antolakunde iruzurgile horiek kalte larria eragiten ahal diotelako Zerga Administrazioari denbora epe labur batean, beste iruzur modalitate batzuek baino askoz ere larriagoa.
Antolakunde iruzurgile horiek pantaila-sozietate anitzen bidez funtzionatzen dute, bitartekari batzuen kontrolpean, eta jurisdikzio desberdinetan kokatzen dira, beren eragiketek ukitzen dituzten zerga administrazioek eragiketen argazki osoa izan ez dezaten, horrek zailtzen baitu haiek detektatzea, eta iruzurra galarazteko neurrien ezarpena atzeratzen baitu. Horregatik, funtsezkoa da administrazioen artean informazioa berehala trukatzea, eta edozein neurri eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta foru aldundiekin koordinatuta ezartzea.
c) Europar Batasunaren barneko operadoreen erregistroa.
Entitateei eta haien bazkide edo administratzaileei egozten ahal zaizkien arrisku adierazle objektiboak baliagarriak izanen dira, orobat, Batasunaren barneko Operadoreen Erregistroaren kontrolerako, argi erakutsi baitu funtsezko tresna dela Europako Batasunaren barnean ari diren BEZ iruzurgileen antolamenduak garaiz detektatu eta desartikulatzeko.
Erregistro horretarako sarbidea soilik izanen dute egiazko jarduera ekonomikoa duten eta praktika irregularrik egin ez duten edo haietan parte hartzen ez duten eragileek, eta VIES sisteman erregistratutako komunitate-barneko eragiketak kontrastatuko dira, zergadun nafarrek aitortutako magnitudeekin.
d) Ibilgailuen matrikulazioen eta transakzioen kontrola.
Bigarren eskuko ibilgailuen salerosketaren sektorea da, hain zuzen ere, azken urteetan nazioarteko nahiz estatu mailako antolakunde iruzurgileen jarduera egiaztatu den sektoreetako bat. Hori ikusita, Foru Ogasunean barneko iragazkiak ezarri ziren 576 Ereduaren tramitazioan, haren bidez egiten baita Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziaren autolikidazioa; horien bitartez, informazio gehigarria eskatzen zaio zergadunari, hainbat arrisku batera agertzen direnean, ibilgailua matrikulatu nahi duen pertsonaren aldetik, saltzailearen aldetik edo ibilgailu motaren aldetik, antolakunde mota horiek gama altuko autoekin aritzen baitira, salerosketa horien hartzaileak, maiz, Foru Komunitatean bizi ez diren pertsonak direla.
Aurretiko kontrol horiek trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin koordinazioan egiten dira, eta haien osagarri izaten dira beste hainbat neurri, detektatzeko, besteak beste, egiazko prezioen azpitik egindako transmisioak, Erabilitako Ondasunen Araubide Berezian aplikazio okerra, edo bitarteko sozietaterik erabili den, ondasunen egiazko titulartasuna ezkutatzeko eta hortik sor litezkeen zerga erantzukizunei itzuri egiteko.
e) Zerga Gordailuen Ateratzaileen Erregistroa
BEZaren gaineko iruzurra egiteko antolakundeen jarduera sumatu den beste sektore bat hidrokarburoen sektorea da. Arlo horretan, Europar Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroaren ereduari jarraikiz, 2023an Zerga Gordailuen Ateratzaileen Erregistroa (ZGAE) sortu da. Erregistro horretan inskribatu beharko dira gordailu araubideko ondasunak ateratzeagatik edo abandonatzeagatik sortutako ondasunen inportazioei asimilatutako eragiketetan BEZaren subjektu pasiboak diren entitateak, eta eragiketa horiek egiteko baimenduta daudenak ere bai.
Foru Ogasunak ZGAEan inskribatutako operadoreen kontrola eginen du erregistroan sartu aurretik, eta ondorengo jarraipena ere eginen du. Era berean, gordailu fiskalen titularrak kontrol horretan inplikatzeko, ondasunak gordailu horietatik ateratzeari dagokion zerga zorraren gaineko erantzukizun subsidiarioko kasu berri bat sortu da, zeina aplikatuko baitzaie ateratzailea edo hark baimendutako pertsona ZGAEan sartuta ez dagoenean.
f) Software seguruaren ezarpena.
Nafarroako Foru Ogasunaren helburuetako bat da diru-sarrerak ezkutatzeko jarduerak eta kontabilitatea manipulatzeko "erabilera bikoitzeko softwarea" baliatzeko jarduerak prebenitzea, fokua jarrita Informazioa Berehala Emateko betebeharrik ez duten eta diru kopuru handiak erabiltzen dituzten txikizkako sektoreetan.
Helburu horrekin, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean jaso zen fakturazioko sistema informatikoetan nahitaez bete behar zirela aurrez ezarritako hainbat baldintza tekniko, erregistroen osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna, irisgarritasuna eta irakurgarritasuna bermatzeko, eta horrekin batera, zehapen araubide espezifiko bat erantsi zen, ziurtagiririk gabeko sistema informatikoen ekoizleei eta sistema horien erabilera iruzurtia egiten dutenei aplikatzekoa. Horrenbestez, Foru Ogasuna gaituta dago zehapena ezartzeko software iruzurtia banatu duten enpresei, eta horrez gain, era berezian zainduko da haien bezeroek beren zerga betebeharrak betetzen dituzten, eta horretarako lekuan lekuko egiaztapenak eginen ditu, behar denean.
Hurrengo hilabeteetan landuko da horiek garatzeko araudia, eta hartan zehaztuko dira fakturazio sistemek bete behar dituzten baldintza teknikoak, haien artean, fakturazioaren erregistroak telematika bidez administrazioari helarazteko aukera, modu automatikoan eta berehala. Digitalizazio eta modernizazio prozesu hori batera eginen da Estatu osoan.
g) Moneta birtualei buruzko informazioa.
Moneta birtualen publizitatean esan ohi da ordainketa modu anonimo eta segurua direla, deszentralizatua eta finantza sistematik independente, baina egiaz, gaur-gaurkoz, praktikan, beste finantza-aktibo bat dira, eta beraz, borondatezko betetzearen ondorioetarako, garrantzitsua da azpimarratzea kriptodiruekin egindako eragiketaren bidez lortutako etekinak, irabaziak edo ondare galerak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aitortu behar direla, eta aktibo horiek edukitzea ere kontuan hartu behar dela, ondarearen gaineko zerga aurkezteko betebeharra dagoen ala ez zehazteko orduan.
Beste finantza-aktibo batzuen jabe izatea eta haiekiko eragiketak 189 eta 198 Ereduetan jakinarazten dira, eta aktibo mota berri honen kasuan ere, informazio zehatza behar du zerga administrazioak, arrisku altuko profila duten pertsonek opakutasunaren bila baliatzeko joera izaten ahal dutelako. 2023an informazioa helarazteko hainbat Eredu berri onetsi dira, atzerrian kokatutako moneta birtualen titularrek eta moneta birtualen truke zerbitzuak edo moneta-gordailu elektronikoak zaintzeko zerbitzuak eskaintzen dituztenek aurkeztu behar dituztenak. Hain zuzen ere, 721 Eredua, informazio adierazpena egiteko atzerrian kokatutako moneta birtualei buruzkoa, 172 Eredua, moneta birtualen saldoei buruzkoa, eta 173 Eredua, moneta birtualekin egindako eragiketei buruzkoa.
Aurreko urteetan bezala, Zerga Agentziarekin koordinatuta, Nafarroako zergadunek moneta birtualekin egindako eragiketak ezagutzeko behar diren informazio jarduketak egiten jarraituko da, eta egiaztatuko dira, bai lortutako ondasun etekinak egiaz aitortu diren, bai adierazitako galeren kuantifikazioa ere.
Europako esparruan, 2022ko abenduan Batzordeak formalizatu zuen Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentaraua (DAC-8 izenez ezaguna) berrikusteko zazpigarren proposamena; ordainketak eta inbertsioak egiteko kriptoaktiboak bezalako bitarteko alternatiboen inguruko informazio trukeari buruzkoa da, eta praktikan jarri beharko litzateke 2026ko urtarrilaren 1erako.
h) Informazioa ematea plataforma digitalak eta lankidetza ekonomia.
2023an aldatuko da Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra, eraginkortasunez gauzatzeko Kontseiluaren martxoaren 22ko 2021/514 Zuzentarauaren transposizioa; DAC-7 izenez ezaguna da, eta haren helburua da Europar Batasuneko kide diren estatuen artean plataforma digitaletako eragileen bidez lortzen den informazioa trukatzea; horrez gain, ezarriko ditu ELGAren "Finantza kontuei buruzko Informazioaren Truke Automatikoaren gaineko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna" eta "Lankidetza ekonomiaren eta aldian aldiko laneko ekonomiaren esparruko saltzaileen gainean plataformen eragileek ematen duten informazioa komunikatzeko Arauen Eredua".
DAC-7ren transposizioak ekarriko du, gainera, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren aldaketa, bermatzeko Nafarroako Foru Ogasunak parte hartzen duela Europa mailako "ikuskaritza bateratuak" deitzen diren jarduketetan, egiaztapenaren xede diren zergadunen ikuskaritza Foru Ogasunaren eskumena denean.
DAC-7 arauaren arabera, informazioa eman behar da ondasun higiezinen eta garraio baliabideen errentamendu eta alde baterako lagapen jarduerei buruz, zerbitzu pertsonalei buruz eta ondasun salmentari buruz. Horrenbestez, informazioa emateko betebehar zabala ezartzen da plataforma digitalen gainean, eta hark xurgatuko du egungo 179 Eredua, ‘Etxebizitza turismorako erabiltzeko lagapenari buruzko informazio adierazpena’, etxebizitza turismo helbururako lagatzen dutenen eta hartzaileen arteko bitartekaritza egiten duten plataformek aurkeztu beharrekoa, Nafarroan lehenengo aldiz aurkeztu behar zena 2022an.
Plataforma digitaletatik aldian-aldian egindako komunikazioen bidez nahiz Zerga Agentziarekiko egindako informazio trukeen bidez lortutako informazioaz gain, informazioa lortzeko jarduketa zehatzak egiten jarraituko da, esparru digitalean aritzen diren pertsona edo entitateei begira.
Apartamendu turistikoen esparruan, gainera, Foru Ogasunak lankidetza mantenduko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiarekin, esperientziak erakutsi baitu Turismoak ezarritako erregistro betebeharrak ez betetzeak zerga arloko ez-betetzeak ekarri ohi dituela, baita alderantziz ere.
Horrez gain, informazio gutunak helaraziko zaizkie lankidetza ekonomiaren edo aldian aldiko lanaren esparruan aritzen diren kolektibo profesional zehatz batzuei, kasu guztietan bete behar dituzten betebeharrak gogorarazteko.
i) Hezkuntza zibiko-tributarioa.
Prebentzio neurri eraginkorrenetako bat herritarren kontzientzia fiskala indartzea da, horrek, zalantzarik gabe, betebehar fiskalak borondatez betetzea sustatzen duelako, zergadunek modu positiboan baloratzen badituzte zergen arrazionaltasuna eta progresibotasuna, eta balioesten badute haiei esker sostengatzen direla kalitateko zerbitzu publikoak.
Horretarako, Foru Ogasunak, hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan, herritar guztien eskura jartzen du Ikasgela Fiskala Nafarroa web-orria, unitate didaktiko egokituak eskainiz Lehen Hezkuntza, DBH, Batxiler eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, eta Foru Komunitateko unibertsitateekin lankidetzan eskaintzen ditu prestakuntzarako ekintzak, hitzaldiak eta beste hainbat ekimen, bere eginkizuna ezagutarazteko.
j) Prebentzioko beste neurri batzuk.
Borondatezko aitorpenen mailaren jarraipena eginen da, Nafarroako Foru Ogasunak ikuskapenetan egindako erregularizazioen ondoren, jarduketa horiek, praktikan, aldaketa ekarri behar bailukete borondatezko aitorpenaren mailetan, egiaztatu diren ekitaldien ondorengo ekitaldietan, haien jarduera ekonomikoaren inguruabar ekonomiko eta objektiboek beren horretan jarraitzen duten neurrian. Horregatik, zergadunak ikuskapenaren xede izatera eraman zituzten zerga portaerak errepikatzen badira, berriz ere haien gaineko jarduketak gauzatuko dira, desbideratzeak zuzentzeko asmoz, eta beharrezkoa balitz, zehapenak ezarriko lirateke, bidegabeko jokabideak errepikatzeagatik.
Aurreikusten diren zerga betebeharren kobrantza bermatzeko prebentzio jarduketa gisa, Tributuei buruzko Foru Legearen 118. artikuluarekin bat, kudeaketa edo ikuskapen prozedurak aurrera eramaten ari direnean, sumatzen bada zorraren kobrantza galarazi edo modu larrian eragotziko litzatekeela, modu arrazoituan eskatuko da behin-behineko kautelazko neurri egokiak hartzea, betiere proportzionaltasun printzipioa gordez.
Era berean, azken urteetan egindako zerga erregularizazioen arrazoien azterketa xehea eginen da, egiaztapen eta ikerketa jarduketa horiek eragin zituzten arrazoiekin alderatzeko helburuarekin, horrek etengabeko hobekuntza ekarriko baitu, arriskuak hautatzeko eta jarduketen plangintza egiteko prozeduretan. Helburu hori betetzeko, espedienteen kudeaketarako tresnen funtzionaltasun berriak garatzeko lan eginen da, datu horiek era automatizatuan lortzeko bidea eratu ahal izateko.
3.–Zerga-iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jarduketak.
Zerga iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jarduketen helburu nagusiak izanen dira ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka, enpresa eta ondare handien kontrola, nazioarteko fiskalitatea eta kontrolak gauzatzea eragiketa edo sektore zehatz batzuen gainean.
3.1. Enpresa handien kontrola.
Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketak eskumen zabalagoa eman dio Foru Ogasunari enpresa handien gaineko ikuskapenari dagokionez, haren esku uzten baitu egoitza Nafarroatik kanpo duten eta 10 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena duten entitateen sozietateen gaineko zergaren eta BEZaren arloko eskumena, aurreko ekitaldian beren eragiketen %75etik gora Foru Komunitatean egin badute, era horretan ezabatuz ordura arte Estatuaren alde gertatzen zen asimetria.
Horrekin batera, Nafarroako Foru Ogasunaren ikuskapen eskumenetik kanpo dauden enpresa handien gaineko eskumenak ere zabaldu dira, berariaz ezartzen baita informazioa eskuratzeko jarduketak gauzatzeko aukera duela, eragiketen bolumenaren proportzioa kalkulatzeko eragina izaten ahal duten eragiketei dagokienez, ustez eragiketa horiek egin diren lekua edozein dela ere.
Eragiketak bi lurraldeetan egiten dituzten enpresa handien zergen kobrantzari dagokionez, Nafarroari, Hitzarmen Ekonomikoaren konexio puntuak aplikatuz, egiaz dagozkion zergen diru-sarrerak esleitzeko helburuarekin, lurralde bakoitzean egindako eragiketengatik sozietateen gaineko zergaren eta BEZaren kontzeptuetan aitortutako zergen portzentajeak era egokian aplikatu diren egiaztatuko da, Arbitraje Batzordearen Ebazpenetan eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian ezarritako irizpideak betez.
2023an, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean aurreikusitako bat-egite, banantze, aktibo ekarpen eta balio trukeen araubide berezian enpresak berregituratzeko eragiketak onartzeko eskatzen diren betebehar materialak eta formalak betetzen direla kontrolatzeko jarduketak eginen dira. Arrazoi ekonomiko onargarriak badirela egiaztatuko da, itxuraz jarduerarik gabeko sozietateen bat-egiteen kasuan, konpentsatu gabe dituztenean zerga oinarri handiak, eta dibidenduen onuradun diren holding entitateen eraketarako egiten diren ekarpen ez-diruzkoak aztertuko dira, eta ez da aplikatuko araubide berezia, egiaztatzen bada eragiketak egin direla abantaila fiskala lortzeko helburu hutsarekin. Era berean, eskuratutako ondasunen balorazio fiskala egiaztatuko da, geroko eskualdatzeetan lortzen diren gainbalioen aitorpen zuzena egiaztatzeko.
Oro har, ezarritako mugak bete diren egiaztatuko da, sozietateen gaineko zergan finantza gastuak kentzeari dagokionez. Aztertuko da, orobat, merkataritza talde bereko entitateekiko zorretatik eratorritako finantza gastuei kenkariren bat aplikatzeko aukera, detektatu ahal izateko plangintza fiskal erasokorrak, taldearen tributazio globala gutxitzea beste helbururik gabe egiten direnak, arreta bereziz zainduz talde bereko entitateen kapitala edo funtsa propioen partaidetzak erostea helburu duten zorretatik eratorritako finantza gastuak.
Modu gehigarrian egiaztatuko dira transakzio handietan sortutako gainbalioak edo minusbalioak, sozietateen gaineko zergaren kontabilitate emaitzan kontzeptu desberdinengatik egindako doikuntzak, eta onura fiskalak aplikatzeko baldintzak betetzen ote diren. BEZari dagokionez, arreta bereziz aztertuko dira merkataritza talde bereko entitateen arteko eragiketak, behin eta berriz eragiten dituztenean itzultzeko eskaerak.
3.2. Nazioarteko fiskalitatea.
Egiaztatze lanak eginen dira detektatzeko Europar Batasunaren esparruan dibidenduak banatzeko ez-egoiliarrei buruzko araudian aurreikusitako salbuespenaren aplikazioan abusua egiten ote duten Nafarroan ezarritako multinazionalek, bai eta transferentzia prezioen arloan, oro har, tributazioa saihesteko helburua duten jarduerak ere, bereziki zainduz talde barreneko zerbitzuen eta finantzaketaren tributazioa egokia izatea eta balio handiko immaterialekin egindako eragiketak.
Transferentzia prezioen gaian, Zerga Agentziarekiko koordinazioan lan eginen da, orobat, zerga administrazioen arteko gatazkak ebazteko ezartzen ahal diren adiskidetasun prozeduretan, eta baloraziorako aurretiko akordioen prestaketan ere bai, Foru Komunitatean lan egiten duten multinazionalei esparru juridiko egonkorra eskaintzeko helburuz. Nazioarteko trukeen xede izanen dira mugaz haraindiko eragina duten aurretiko akordioak eta transferentzia prezioei buruzko aurretiko akordioak (DAC3-ETR, Tax Rulings,) eta 750 milioi eurotik gorako negozio zifraren zenbateko garbia duten talde multinazionalei dagozkien herrialdekako jarduera txostenak ere bai (DAC4, Country by country) ere bai. Txosten horiei esker, zerga administrazioek jakin dezakete zein den errenten, ordaindutako zergen eta jarduera ekonomikoa non kokatzen den erakusten duten gainerako adierazleen munduko banaketa talde handi horiek jarduten duten zerga jurisdikzioen artean. Informazio hori oso baliagarria da ebaluazioa egin ahal izateko errentak sortu diren lurraldetik tributazio txikiagoa duten lurraldeetara etekinak deslokalizatzeari buruz.
Egiaztapen jarduketak eginen dira, Zerga Agentziarekiko koordinazioan, talde multinazionalek eragiketak egiten dituztenean ikuskapen eskumen desberdinak dituzten entitateekin, taldearen barnean egindako eragiketen erregularizazio osoa bermatzeko.
Begiratuko da aplikazio okerrik ez egitea Nafarroako zergadunen aldetik Zergapetze Bikoitza saihesteko Hitzarmenen eta Europar Batasuneko araudiaren inguruan, hortik zerga saihestea ondorioztatzen bada, Nafarroa barneko arau jakin batzuekiko interakzioak eragiten ahal dituelako zergapetzerik gabeko egoerak. Zentzu horretan, Hitzarmenekin lotutako neurriak aplikatzeko eta zerga oinarrien higadura eta etekinen lekualdatzea prebenitzeko ELGAk eratutako Hitzarmen Aldeaniztuna, ezagunagoa MLI ("Multilateral Instrument") izenez, indarrean sartu izanak urrats handi bat ekarri du Zergapetze Bikoitzeko Hitzarmenak eguneratzeko bidean, eta jurisdikzioei aukera emateko BEPS Proiektuaren emaitzak jaso ditzaten haien hitzarmen indardunetan, bi aldetako negoziazioen beharrik gabe. MLIn jasotako neurri nagusien helburuak hauek dira: Hitzarmenen abusua, establezimendu iraunkorren sorrera bidegabea saihesteko estrategiak, dibidenduen gaineko kargen ezarpena, edo zergapetze bikoitzak deuseztatzea, multinazionalei eragozteko zergei itzuri egiteko aukerak.
2023an informazio eta kontrol jarduketak eginen dira jurisdikzio ez lankideen kalifikazioa duten lurraldeetan kokatutako entitateekin erlazioa duten zergadun nafarren gainean, besteak beste, horretarako erabiliz 232 Ereduaren bidez lortutako informazioa, paradisu fiskalen kalifikazioa duten herrialde edo lurraldeekin lotutako eragiketak eta egoerak jasotzen baititu hark, eta horrez gain, mundu mailako irismeneko merkataritza informazioa gordetzen duten datu baseetako informazioa ere.
Informazioa eskuratzeko jarduketak eginen dira, halaber, Foru Komunitatean ezarrita egoten ahal diren eta atzerriko Sozietateek deklaratu gabe dituzten establezimendu iraunkorrak detektatzeko, eta establezimendu iraunkor deklaratuak ere bai, ez badituzte betetzen halakotzat onartuak izateko behar diren baldintzak, eta kasu horretan, haien tributu egoera erregularizatuko da, bai BEZaren bai sozietateen gaieneko zergaren ondorioetarako.
Egiaztapenak eginen dira detektatzeko egoitza atzerrian duten entitateek Foru Komunitateen esparruan lortutako ondare irabaziak, zerga betebeharra badute, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren aitorpenean, Zergapetze Bikoitzeko Hitzarmen aplikagarriarekin.
Aztertuko da, halaber, 296 Ereduaren bidez emandako informazioa, Establezimendu iraunkorrik gabeko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak, detektatu ahal izateko bete diren baina, entitate hartzailearen egoitza egoeraren arabera, atxikipen baten xede izaten ahal diren kanonak, hitzarmen aplikagarriarekin bat.
3.3. Ondare handien kontrola.
Ondare handiek, beren bolumen eta ezaugarriengatik, inbertsioak produktu desberdinetan dibertsifikatzeko joera izaten dute, beren kapitala sozietate egituren bitartez kudeatzekoa, eta kasu askotan, ondasunak, eskubideak eta errentak lurralde desberdinetan kokatzen dituzte; horrek ahalegin berezia eskatzen du, eskura dauden informazio iturri guztiak, estatu nahiz nazioarte mailakoak, kudeatzeko, era egokian esleitzeko gaitasun ekonomiko handiko pertsona fisiko horiei beren mundu mailako errenta eta ondare osoa.
Kolektibo horrekiko lehenengo kontrol neurria haien deslokalizazioa saihestea da. Horretarako, azken urteetan Nafarroatik beste autonomia erkidego edo jurisdikzio batzuetara egindako egoitza aldaketak aztertuko dira, egiazko ohiko egoitza Nafarroan duten pertsonen formazko lekualdatzeak detektatu ahal izateko, haien helburu bakarra izaten baita karga fiskal txikiagoa lortzea, zuzeneko zergei dagokienez. Horretarako, Foru Ogasunaren esku dauden informazioak aztertuko dira, zergapekoek berek eta haiekin harremana duten hirugarrenek aitortutakoak, eta beharrezkoak diren informazio espezifikoak biltzeko eta lekuan bertan egiaztatzeko jarduketak eginen dira.
Kontrol jarduketak eginen dira paradisu fiskaletan helbideratutako entitateetan administratzaile edo bazkide gisa agertzen diren pertsona fisikoen gainean, eta berdin lankidetzarik eskaintzen ez duten jurisdikzioetan kontratatutako finantza produktuak dituzten pertsonen gainean ere. Lurralde horietan ezkutatutako errentak agerrarazteko, era berezian aztertuko dira Nafarroan kreditu edo zordunketa txartelen bidez egindako diru-erretiratzeak, txartel horiek emititu badira finantza entitate egoiliar eta ez-egoiliarretan kanpoan irekitako kontuen kargura.
Berariaz egiaztatuko da entitateetako partaidetzengatik ondareen gaineko zergan aurreikusten den salbuespena, ondare pertsonalaren kudeaketan onura modu bidegabean lortzeko tresna huts gisa baliatzea saihesteko. Onura fiskal horren aplikazioa bidezkoa bada, proportzio egokian aplikatzen den aztertuko da, jarduera enpresariala edo profesionala gauzatzeko beharrezkoak diren aktibo gordinen pisuaren arabera.
Foru Komunitatearen esparruan higiezinekin egindako eragiketa nagusiak aztertuko dira, arreta bereziz zainduz familia multzoen esparruan edo sozietate instrumentalen bidez egindako eskualdatzeak, egiaz sortutako gainbalioak esleitzeko pertsona fisikoei, eta egiaztatzeko erregistratutako minusbalioak egiazkoak diren. Egiaztatuko dira higiezinen eta industria eta merkataritza lokalen errentatzaile finantzarioek sinatutako azpierrenta kontratuak, eta kontratu horietan prezio bidez hirugarrenei egindako posizio lagapenak ere bai, eragiketetan esku hartzen dutenen zuzeneko eta zeharkako tributazioa egiaztatuz.
Sozietatearen eta bazkidearen artean erregistratutako maileguak aztertuko dira, batzuetan, etekinak banatzeko bide bat izaten ahal baitira, mailegu edo aurrerakinen itxurapean. Horretarako, mailegu hartzailearen profila, sinatutako kontratua, haren kontabilizazioa, itzulketen egutegia, interesak, bermeak eta eragiketaren gainerako elementuak aztertuko dira.
Bat-egite, banantze, aktibo ekarpen eta balio trukeen araubide bereziaren baitan egindako eskualdatzeetan edo ekarpenetan agertzen diren ondare hazkundeetan esku hartzen duten pertsona fisikoen egoera erregularizatuko da, egiaztatzen bada zerga araubide hori aplikatzea ez dela bidezkoa, araudian eskatzen diren betebehar formal edo materialen bat betetzen ez delako.
3.4. Ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka.
Iruzur fiskala, oro har, zerga betebeharrak ez betetzea da; ezkutuko ekonomia, berriz, kontzeptu zabalagoa da: legearen arabera beren osoan administrazioari jakinarazi beharreko legezko edo legez kanpoko jarduera ekonomikoak agintarien ezkutuan egitea da, zergak edo gizarte kotizazioak ez ordaintzeko edo erregulazio edo administrazio izapide jakin batzuk saihesteko.
Ezkutuko ekonomiari aurre egiteko erarik eraginkorrena, zalantzarik gabe, lekuan lekuko jarduketak egitea da, bereziki auditoria informatikoak, non Foru Ogasuneko funtzionarioak aldez aurretik abisurik eman gabe agertzen diren zergaduna lanean aritzen den lekuan, dagoen dokumentazioa aztertzeko eta sistema informatikoak kontrolatzeko. Sistema horietan bildutako informazioa eskuratu eta haren kopia eginda, alderatzen da kontabilitate ofizialarekin eta Foru Ogasunean aitortutako magnitudeekin, detektatzeko deklaratu gabeko salmentarik edo ezkutuko jarduerarik ba ote den. Jarduketa mota horiek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin batera eginen dira, haren eskumeneko kontrol esparruarekin lotutako gorabeherak sumatzen direnean.
Auditoria informatikoak, ahal den guztietan, interesdunaren laguntzarekin eginen dira, eta dagokion administrazio edo epailearen baimenarekin, beharrezkoa bada. Administrazioarekiko auzien epaitegiaren baimena beharko da Konstituzioaren babesa duen helbidera sartu behar bada eta iruzurraren arrasto aski baldin badaude, eta orduan, jarduketaren helburua, beharra eta proportzionaltasuna era egokian justifikatu beharko dira. Kasu horietan, Foru Ogasuneko funtzionarioek Foruzainen babesa eta laguntza informatikoa izanen dituzte.
Arrisku fiskal handiko sektore batzuetan, zergapekoaren egoitzan egin beharreko auditoria informatikoko jarduketa horiek aldi berean eginen dira zenbait negozio lokaletan, eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta foru aldundiekin koordinatuta, sinergiak aprobetxatzeko eta jarduketa horietan beharrezkoa den sorpresa faktorea babesteko.
Era berean, enpresa-sorlekuetan eta sozietate bat baino gehiago helbideratuta ageri diren guneetan, horien gaineko jarduketak eginen dira tokian bertan, legez kanpoko helburuekin sortutako egoitza faltsuak eta pantaila-sozietateak aurkitzeko.
Gutunak bidaliko zaizkie Foru Ogasunean egiaztatu diren eta deklaratu gabe dauden eragiketa edo errenten titularrak diren zergadunei, edo zerga araubide bereziren bat bidegabeki aplikatzen dutenei, eta jakinaraziko zaie hasiera batean bidezkoa den erregularizazioa egin behar dutela, eta ohartaraziko zaizkie eskaera ez betetzeak dituen ondorioez. Ondoren, jarduketa horien xede diren zergadunek beren zerga betebeharrak eguneratu dituzten egiaztatuko da, eskura dagoen informazioaren arabera, eta ikerketa edo egiaztapen jarduketak abiaraziko dira, ustezko arau urratze horiek lehengoan jarraitzen dutela ikusten bada.
Gutunak bidaliko zaizkie, orobat, Foru Ogasunean informatu eta deklaratuta dagoen jardueraz gain, aldian behin jarduera profesional bat egiten duten zergadunei, baldin eta ez badituzte inolaz ere betetzen zerga arloan eta bestelako edozein arlotan dituzten betebeharrak.
Nafarroako Foru Ogasunak, gainera, informazioa eskatuko du ondare elementu adierazgarrien erosketan agertzen diren funtsen jatorriari buruz, haien zenbatekoak ez badu lotura argirik erosleak deklaratzen dituen errentekin.
3.5. Kontrolak eragiketen, zergapekoen eta jarduera sektore berariazkoen gainean.
Iraungi gabeko ekitaldien egiaztapenerako, batez ere 2020. eta 2021. urteetarako, COVID-19 pandemiak hainbat sektoretan izaten ahal zuen eragina baloratuko da, eta jarduketak zentratuko dira kontsumo ohituren aldaketengatik edo laguntzeko premia berrien sorreragatik, esaterako, informazioan eta komunikazioan, garraioan, aisian edo osasunean etekina atera ahal izan duten negozioetan. Krisi energetikoaren inpaktua ere aztertuko da, eta horrekin batera, Foru Komunitateko sektore zehatzetan lehengaien prezioek izan duten hazkundea ere bai.
Saltokiko terminalei eta diru ezarpenei edo funtsak eskudirutan erabiltzeari buruz Foru Ogasunaren eskura dagoen informazioa aztertuko da, aitortu gabeko edo gutxiegi deklaratutako ezkutuko jarduerak detektatzeko. Berariaz egiaztatuko dira bezeroen ordainketa eskudirutan bakarrik onartzen duten negozioak, eta gauza bera egiaztatzen bada diru-sarrerak desbideratu direla familiarren izenean irekitako kontu batera, haiek jarduera horretan aritzen ez direlarik. Azken aldian ikusi dugun fenomenoetako bat, pandemiak berak ere bultzatu zuena, zera da, berehala zabaldu dela txartela edo mugikorraren bidezko ordainketa elektronikoa, lehen batez ere eskudirua erabiltzen zuten txikizkako negozioetan, eta horrek errazten du zergadun mota horien gaineko kontrola.
2023an, balio erantsi handiko zerbitzuak ematen dituzten profesionalen gaineko jarduketak eginen dira, bereziki osasunaren eta zerbitzu juridikoen sektoreetan. Horretarako, batera aztertuko dira finantza entitateetatik lortutako informazioak, beste hirugarren batzuek aitortutako egozpenak, hornitzaileei eta azkeneko bezeroei egindako eskaeren bidez lortutako informazioak, eta erregistro publikoetatik zein pribatuetatik lortutako beste batzuk. Beharrezkoa denean, zergadunaren egoitzan jasoko da informazioa, auditoria informatikoko jarduketak eginez.
Era berean, lan eginen da antzemateko ea tarteko sozietaterik erabili den baliabide materialik, giza baliabiderik eta benetako oinarririk ez duten lanbide jarduera guztiz pertsonalak gauzatzeko, sozietate horiek zerbitzuen prestazioan parte hartu gabe. Kasu horietan, pertsona fisikoari egotziko zaizkio bezeroarengandik jasotako errentak, merkatuko balio normalaren arabera, arauan finkatutako baldintzak betetzen badira.
Ondasun komunitateentzat eta nortasun juridikorik gabeko gainerako entitateentzat Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aurreikusitako errenta egozpena egiaztatuko da, zerga oinarriak modu artifizialean bazkideen artean banatzeko helburuz eratutako entitateak detektatu ahal izateko; jarduera ekonomikoa egiaz gauzatzen duten eta, beraz, errendimenduen egozpena modu esklusiboan jasan beharko luketen pertsona fisikoen progresibotasuna murriztea izaten da trikimailu horren helburua.
Fundazioek entitate mota horrentzat ezarritako zerga araubidearen babesean aritzeko behar diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatuko da, eta hala badagokio, erregularizazioa egin beharko da. Zentzu horretan, Tributu Neurriei buruzko abenduaren 28ko 36/2022 Foru Legeak aldatu egin du fundazioei dagokien zerga araubidea arautzen duen Legea, eta kontrol handiagoa ematen die administrazioei, haien eratze prozesuari dagokionez.
Berariazko egiaztapenak eginen dira eraikuntza, fatxadak zaharberritzeko eta higiezinen itxiera eta isolamenduak egiteko lanen sektore osagarrietan. Errentamenduen tributazioa ere zainduko da, bereziki ikasleen aldi baterako alokairuak, bitartekaritza agentzia espezializatuen jarduera eta apartamentu turistikoen ustiapena.
Kenkari eta itzulketa bidegabeak saihesteko, enpresaburuek eta profesionalek aitortutako BEZ jasanaraziaren zenbatekoak aztertuko dira, Nafarroako Foru Ogasunaren datu baseetan ageri diren erosketa eta eskuratzeen egozpenen datuekin bat ez badatoz. Inportazioan jasandako BEZaren zenbatekoak, Nafarroako zergadunek aitortzen dituzten horiek, hain zuzen, alderatuko dira Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren Aduanen Departamentuak inportazioei buruz emandako informazioaren xehetasunekin, eta inkoherentziak antzematen badira, ikertuko dira.
Zergadunak BEZ jasanaraziaren kenkaria aplikatzeko deklaratu duen higiezina etxebizitza gisa alokatzeko edo salbuetsitako bestelako eragiketetarako erabiltzen denean, ondasun horren aurretiko xedea aldatzeari dagokion zergaren kuotak erregularizatuko dira, aplikatu beharreko araudia betez.
Egiaztapen jarduketak eginen dira txatarraren eta hondakin metalikoen sektorean, zuraren sektorean eta bigarren eskuko ibilgailuen merkatuko negozioetan. Eguzki plakekin partikularren artean egindako transmisioak egoki tributatu diren ere egiaztatuko da.
Era berean, subjektu pasiboak inbertsioko arauak betetzen dituen egiaztatzeko jarduketak eginen dira, zerga aplikatzen den lurraldean egoiliar ez direnek edo eragiketan parte hartu ez duten establezimendu iraunkorrek egindako ondasun entregen eta zerbitzu prestazioen kasuetan.
Munta handiko likidazio oinarri negatiboak behin eta berriz deklaratzen dituzten erakundeen gaineko kontrol jarduketak eginen dira, baita aspaldiko aldietan sortu eta aplikatzeko dauden oinarri handiak metatzen dituztenen gainekoak ere, behar bezala egiaztatuta daudela eta etorkizunean aplikatzeko arauan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Sozietateen talde fiskalei dagokienez, aztertuko da ea ongi aplikatzen den zerga-kontsolidazioaren araubidea, kontsolidazio perimetroa, ezabapenak, eransketak eta zerga oinarri negatiboen konpentsazioa zehaztean.
Kotizatu ez duten entitateen balioen transmisioetan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ezarritako zerga-presuntzioa aintzat hartuta, deklaratutako salmenta prezioa kontrastatuko da entitatearen ondare gordinaren arabera dagokionarekin, edo emaitzen kapitalizaziotik sortzen denarekin, gainbalio ezkutuak eta minusbalio justifikatu gabeak detektatzeko. Eragiketa mota horretan egiaztatuko da, orobat, deklaratutako erosketa kostua, bereziki, partaidetzak bat-egite, banantze, aktibo ekarpen eta balio trukeen araubide bereziaren baitan egindako eragiketen xede izan direnean.
Zergapekoek aitortutako jardueren ratioak sektorearen indizeekin alderatuko dira, ezkutuko diru-sarreren ondoriozko inkongruentziak edo desbideratzeak antzemate aldera, batez ere azken kontsumitzaileei salmentak egiten dizkieten eta eskudiru anitz erabiltzen duten txikizkako sektoreetan.
Interes Ekonomikoko Elkarteen bidezko ikerketa eta garapenagatik oinarri likidagarri negatiboen eta kenkarien abusuzko sorrera saihesteko neurriak hartuko dira, ondoren onura fiskalak beren partaide diren bazkideei egozten baitizkiete. Egiaztatuko dira, bai ikerketa eta garapen proiektuak gauzatzeko kontratatutako enpresek egindako gastuak egiaz egin diren eta haien zenbatekoa, bai ondoren Interes Ekonomikoko Elkarteari egiten zaion egozpenean aplikatutako marjinaren justifikazioa eta arrazionaltasuna. Estruktura mota horiek Estatuko lurralde osoan ezarrita daudenez, kontrol jarduketak Zerga Agentziarekin eta EAEko Foru Aldundiekin koordinazioan eginen dira, eta erregularizatuko dira detektatzen diren gorabeherak, bai Interes Ekonomikoko Elkarteetakoak, bai haien bazkideetakoak, askotan izaten baitira baliabide ekonomiko ugariko pertsonak, I+G sektorearekin batere loturarik gabeak.
Zergen autolikidazioa aurkezteko betebeharra izanda hala egin ez duten zergadunen kontrola egiten jarraituko da.
Kontrol jarduketak eginen dira, halaber, atxikipenak eta konturako sarrerak egitera behartuta daudenak kontrolatzeko.
Onura fiskalei dagokienez, autolikidazioak kontrolatzeko jarduketak eginen dira, baldin eta horietan onura fiskalak egiaztatzen badira edo aurreko ekitaldietan egiaztatutako onura fiskalak kontsolidatzeko baldintzak betetzeko epeak amaitzen badira.
Ogasunak bildu duen informazioaren arabera zergen deklarazioetan inkoherentzia nabarmenak aurkezten dituzten zergadunen gaineko kontrola eginen da.
Fabrikak, gordailu fiskalak eta biltegi fiskalak kontrolatzen jarraituko da, fabrikazioko zerga bereziei dagokienez.
4.–Kontrol jarduketak zerga bilketaren fasean.
Diru-bilketa kontrolatzeko jarduketen helburu nagusia da Nafarroako Foru Ogasunak kudeatu behar dituen zorrak benetan kobratzea. Baina zerga iruzurra galarazten ere saiatu behar dute diru-bilketako fasean, eta borondatezko ordainketa sustatzen ere bai.
Zehazki, 2023an jarduketa ildo hauek gauzatuko dira:
a) Diru-bilketaren kontrola eta kudeaketa hobetzeko programa informatiko espezifikoen garapenak jarraituko du. 2023rako aipagarria da ordaintzeko bideen hobekuntza, transferentzia bidezko ordainketa ezarriz eta helbideratzea zabalduz, zergen bilketan Nafarroako Foru Ogasunarekin lankidetza ez duten finantza entitateetan irekitako kontuetan gaitu ahal izateko. 2023an, gainera, NRC online proiektuaren ezarpenerako lanek aurrera eginen dute; entitate lankideen bidez kudeatutako diru-sarrerak erregistratu eta jarraipena egiteko sistema berria da, informazio hori berehala ezagutzeko eta bilketaren jarraipena eta kontrola hobetzeko aukera emanen duena.
b) Ordainketa zatikatzea. Zerga zorrak zatikatzeko baimena ematea arintzeko lanean jarraituko da, eta ordainketak eskaera bakoitzerako ezarritako baldintzen arabera egiten ote diren kontrolatuko da. Era berean, lehentasunezko arreta izanen du zerga zorren ordainketa modu bidegabean geroratzea helburu duten zatikatze eskaeren kontrolak. Zergak zatikatzeko eskaerak sistematikoki ukatuko dira, baldin eta eskatzaileen likidezia eskasiaren egoera iragankorrekin bat heldu ez badira eta zerga zorren ordainketa zatikatuz ohiko jarduera finantzatzen bada.
c) Lankidetza handitzen jarraituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunekin, baita Nafarroako toki entitateekin ere, informazioa trukatzeko Nafarroako Foru Komunitatearekin zorrak dituztenen ondare egoerari eta tributu kredituei buruz, baita betearazpen bidezko diru-bilketan laguntzeko ere; horretarako, eraginkorrago eta bizkorrago jokatzeko modua ematen duten teknologiak erabiliko dira, eta izenpetutako truke hitzarmenetan sartutako diru-bilketaren alderdiak garatuko dira.
d) Enbargoen kudeaketari dagokionez, Foru Ogasunak jarraituko du sistematikoki ustiatzen bere datu baseetan eskura dituen iturri guztiak, era berezian, Berehalako Informazio Horniduraren sistemak jasotako informazioa, eta enbargoa agintzen den unea aurreratuz, zordunentzako kreditu eskubide horiek sortzeari dagokionez. Horrekin batera, bide horretatik jasotako informazio goiztiar eta zehatzari esker, zordunen jokabideak aztertzen ahalko dira, erantzukizuna deribatzeko jarduketak aurreratzeko.
e) Kudeaketa eta ikuskapen arloekiko koordinazioa lehentasunezkoa izanen da egiaztapen jarduketa hasten denetik, diru-bilketarako arriskua goiz antzemanez gero, kautela neurriak eta erantzukizuna deribatzeko prozedurak aurreratzeko, tributuak erregularizatzeko prozeduren ondoriozko tributu zorren kobrantza bermatzearren.
f) Foru Ogasunak kontrol jarduera kualifikatuak egiten jarraituko du diru-bilketako fasean, bereziki konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan:
–Likidatutako zerga zorren kobrantza ziurtatzeko kautelazko neurriak hartzea.
–Ondasun higiezinak erabiltzea debekatzeko erabakiak, partaidetzak edo akzioak enbargatzen direnean eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean horretarako aurreikusitako baldintzak betetzen direnean.
–Erantzukizuna deribatzeko prozedurak. Ikerketa jarduerak bultzatzen jarraituko da, erantzuleei zerga zorrak ordaintzeko eskatzeko legez aurreikusitako egitatezko kasuak gertatzen direla egiaztatzeko.
–Diru-bilketaren arloko funtzionarioen lekuan lekuko jarduketek jarraituko dute, alegia, informazioa lortzeko eta enbargoak gauzatzeko jarduketek, beren egoera erregularizatzeko asmorik erakusten ez duten eta, kasu batzuetan, zorrak murriztu gabe edo are zorrak handituta ere jarduera ekonomikoan jarraitzen duten zordun jakin batzuei dagokienez.
–Gezurrezko kaudimen gabeziak antzemateko bidea ematen duten ondare-ikerketako jarduketak.
–Kaudimen gabezia zigortzeko akzio penalak, jokabide horien salaketak Ogasun Publikoaren eskubideen defentsa hobetzea ekartzen duen neurrian.
g) Era berean, diru-bilketaren kudeaketa areagotuko da zordunen oinordekoen aurrean, eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak pertsona fisikoen ezkutuko oinordekoekin prozedura jarraitzeko eskaintzen dituen aukerak baliatuko dira.
h) Konkurtso prozedurei dagokienez, Foru Ogasunak arlo horretako kreditu publikoa defendatzera bideratuko ditu ahaleginak, eta, ahal den guztietan, konkurtsopekoak izanen dira ordaindu gabeko kredituak kobratzeko tresnarik onenak. Horrela, eutsi egin behar zaie konkurtsopekoari eta haren administratzaileei buruzko kontrol jarduketei, prozedura judizial irekietan Nafarroako Foru Ogasunaren eskubideei kalte egiten ahal dieten jokabideak prebenitzeko eta zigortzeko. Mikroenpresei dagozkien prozesuak dira ugarienak Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan, eta horien kudeaketa telematikoa egiteko bidea zabaltzen du orain indarra duen irailaren 5eko 16/2022 Legeak; horren ondorioz sortzen diren eszenario berrien kudeaketan lan eginen da.
i) Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoarekin lankidetzan, lanean jarraituko da Ogasun Publikoaren eskubidearen defentsan, titulartasun ezagunik ez duten higiezin enbargatuen okupazioa detektatzen den kasuetan, eta, horrela, nabarmen hobetuko da higiezinen besterentzearen emaitzaren gaineko aurreikuspena.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta orok ezagutzeko egokiak diren bide guztiak erabiliz zabal dadin.
Iruñean, 2023ko ekainaren 30ean.–Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.
Iragarkiaren kodea: F2310386
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
