2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLTZA ZENDEA
Alkatetzaren eskuordetzea, informazio batzorde iraunkorretarako
Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak 381/2023 Ebazpena eman du 2023ko uztailaren 20an. Hona hemen haren testu osoa:
Jose María Cuende Vallejo jaunak, Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak,
Ikusirik Oltza Zendeako Udalak 2023ko uztailaren 5ean egin osoko bilkura berezian hartutako erabakia, haren ondorioz sortu baitira informazio batzorde iraunkorrak, hori guztia bat etorriz Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 38. artikuluan xedatuarekin.
Jarraikiz Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 125. artikuluari, honako hau xedatzen baitu:
"Informazio batzordeak sortzeko erabakian zehaztuko da haien osaera zehatza, honako arau hauek kontuan harturik:
a) Alkate edo udalburua da, berez, guztietako burua; halarik ere, burutzan egiazki aritzeko, edozein zinegotziri egiten ahalko dio eskuordetza, betiere batzordeak berak hala proposaturik eta batzordean berean egin hautespenaren ondotik.
(...)".
Kontuan harturik 2023ko uztailaren 20an informazio batzorde iraunkorrek bilkura egin dutela beren eraketarako eta, hala behar badu, Alkatetzak eskuordetuta beren egiazko burutza izanen duen hautagaia hautatzeko.
Aintzat harturik informazio batzorde iraunkorren egiazko burutzetarako eskuordetzea egiteko proposamenak, erabiliz Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 125. artikuluan emandako ahalmenak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeren 36. artikuluaren babesean, honela baitio: "izaera bereko egintza bat baino gehiago eman behar denean –hala nola izendapenak, emakidak eta lizentziak– denak egintza bakarrera biltzea erabaki dezake eskumena duen organoak. Egintza bakar horretan zehaztuko dira pertsonak edo bestelako zer-nolakoak, interesdun bakoitzari egintzak zein ondorio dakarzkion zehazteko".
EBAZTEN DUT:
Lehena: Ebazpen honen datatik aitzina eta informazio batzordeek egindako proposamenekin bat, ondotik ematen diren zinegotziei eskuordetzea informazio batzorde iraunkorretako burutza, haietako kide baitira:
–Kiroleko, Kultur Jardueretako eta Euskarako informazio batzordea: Félix Luis Otamendi Echauri jauna.
–Berdintasuneko informazio batzordea: María José Garayoa Elizalde andrea.
–Gizarte Zerbitzuetako, Osasuneko eta Hezkuntzako informazio batzordea: Daniel Beunza Hernández jauna.
–Hirigintzako, Garapen Ekonomikoko eta Ingurumeneko informazio batzordea: Luis Jesús Paternain Arbizu jauna.
Bigarrena: Eskuordetza hau denbora mugarik gabe egiten da eta, AFEren 114. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan xedatuarekin bat, eskuordetza baliogabetu edo aldatu ahal izateko, emateko eskatzen diren formalitate berak beharko dira. Eskudantzien eskuordetza, eraginkorra izateko, eskuordetzaren hartzaileak onartu beharko du. Dena dela, eskuordetza hori isilbidez onartutzat joko da, baldin eta hiru egun balioduneko epean, erabakia jakinarazten denetik, eskuordetzaren hartzaile den kideak ez badio organo eskuordetzaileari berariaz adierazten ez duela eskuordetza onartzen.
Hirugarrena: Ondoko udal enplegatuak izanen dira informazio batzorde iraunkorretako idazkariak eta haien bilkuren aktak idatzi beharko dituzte:
–Antolaketako, Ogasuneko eta Giza Baliabideetako informazio batzordea: Raquel Albeniz Martínez de Lizarrondo andrea.
–Kiroleko, Kultur Jardueretako eta Euskarako informazio batzordea: Jon Karlos Castañares Larrea jauna.
–Berdintasuneko informazio batzordea: María Guadalupe Josune Ibarra Sanchotena andrea.
–Gizarte Zerbitzuetako, Osasuneko eta Hezkuntzako informazio batzordea: Amaya Satrustegui Echarri andrea.
–Hirigintzako, Garapen Ekonomikoko eta Ingurumeneko informazio batzordea: Maria Liernia Garmendia Ariztimuño andrea.
Beste langile bat ari bada izendaturiko udal langilea ordezkatzen, ulertuko da batzordeko idazkaritzaren esleipena haren ordezkoari egina dela.
Betiere, Udaleko idazkari Jon Ander Mendinueta Ochotorena enplegatu guztien ordez aritzen ahalko da batzordeko idazkari lanetan, bidezkotzat jotzen bada.
Laugarrena: Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena: Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea eta haren berri ematea Osoko Bilkurari, egiten duen hurrengo ohiko bilkuran.
Jakinarazten dut, ondorioak izan ditzan, eta ohartarazten dut erabaki honen aurka errekurtso hauetariko bat aurkez daitekeela: berraztertzeko errekurtsoa egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Oltza zendean, 2023ko uztailaren 28an.–Alkatea, José María Cuende Vallejo.
Iragarkiaren kodea: L2311286